literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Etxepareren inguruan

«Bake gizonak, ulertzen ahalegintzen garanok»

 

Juan San Martin

 

«Gogoz, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978

 

        «Bake gizonak, ulertzen ahalegintzen garanok» zion Espriu-k bere poema batean. Ezta gutti. Elkar ulertu ezinezko bakeak erraiak mintzen bai ditu. Eta, hizkuntzak eztu jartzen mugarik borondate onez gogotsu elkar ulertu ahal izateko. Honegatik agertu zuen katalan poeta handi honek: «Diversos són els homes i diverses les parles, i han convingut molts noms a un sol amor».

        Honegatik, gaurko hontan, gure literaturaren sorreraz iritziak eman dituzten atzerritarrak dakarzkigu, Vinson, Dogson, Schuchardt eta Espriu, frantsesa, inglesa, alemana eta katalana, ordena berean. Bake gizonak, ulertzen lagunduko digutenak, gure Etxepareren inguru.

        Vinson, Dogson eta Schuchardt gizon oso ezagunak ditugu euskal literaturaz zerbait arduratu garenontzat. Salvador Espriu-k ere eztu behar gure artean aurkezpenik, zenbait aldiz gure literaturaz eta gure lurrez kezkatu da, baina hala izan ez balitz ere, bere ospea hain handia da. Donostian, nik dakidanik, inoiz eta behin eman den katalanezko teatroa bere Primera história d'Esther izan da, orain hiru edo lau urte dela. Poeta bezala ere oso handia da, handia eta sakona. Sakontasun horren hondarrera heltzea ezta gauza erraza. Poeta landua, poeta pentsalaria, era berritutako hizkuntzaz, gogoaren barrendik murgilduaz doana. Hasera batean nekeza egiten zaigu, baina bere gogoari hurbiltzen garelarik, beregana lotuagoko gaitu, behin eta berriz irakurriaz ere azpergaitz egitera arte. Gure egunotakoa dugu, lehenean sustraiturik geroari begira doana.

        Herria, gizona, hizkuntza, ingurua, kosmosa, sinboluz nahasirik, zori bidez, jardungo zaigu bere lanetan.

        Ez dakit noiztikakoa izango duen gure herriarenganako begiramena, baina bere obrak hainbeste hizkuntzatara itzuliak dituen poeta honek, noizbait gure herriari ere kantatu dio, «Pais Basc» izeneko poema batean. Poema honek hiru zati ditu: Ilargia, Karlos Ospetsuaren hilobia eta Haizea. Jatorriaz, historia etsipenez eta esperantzaz, noski. Euskaratuak «Egan» aldizkarian argitaratu nituen 1967an.

        Egile honen bi poema liburu euskaratu ditut, bata argitaratua eta bestea oraindik argitara gabea, eta hoiek bide, berakin zenbait har-eman izateko aukera ere izan dut; eta jakina, gure eta beren literaturari buruzko solasak maiz erabili ditugu. Bost urte igaro dira Bernat Etxepareren eritziak ere eman zizkidanetik. Aburu jakingarriak gure literaturaren haseretako liburu honi buruzkoak.

        Literatura jakintzaz hain hornitua den Espriu katalanarentzat, gure Etxepare ingles poeta zaharren kidekoa da.

        Etxeparen poemeri, Vinson-ek frantsez forma aurkitzen zien, Dogson-ek eta Schuchardt-ek euskal kutsua, bertako bertsolaritza eta koblakaritzarena, kanta zaharrak lekuko. Batez ere, koblakari zaharragoen antza zuela esan behar. Hala ere, euskaldunok ez gara Europatik aparteko zerbait, eta ingurukoen kulturkidetasuna ezta harritzekoa.

        Dogson-ek ez dakit zer neurritan ezagutuko zuen Inglaterrako Erdi Aroko literatura. Behar bada, ez zitzaion gogoratu konparaketa egiterik ere. Dakiguna da, Provenzal literaturak, poesian bereziki, inluentzia handia izan zuela Frantzian eta Euskal Herrian bertan (Zuberoako kanta zahar asko ditugu lekuko).

        Baina Salvador Espriu-k oso ongi ezagutzen du Provenzal literatura zaharra; eta Etxepareri, inoren antzik aurkitzekotan, esan dugun bezala, Erdi Aroko ingles poetena aurkitzen dio. Jakina, Espriu-k hain ongi ezagutzen ez duena, zera da, Euskal Herriko bertsolaritza eta koblakaritza. Guk geuk ere, egia esan, ez dugu material zaharretik gehiegirik, behar bezalako konparazio azterketak egin ahal izateko, eta konparazioak egiterakoan geroztiko herri kantekin gehiago baliatu beharra dugu, lehengorik urri dugulako.

        Lehendik ditugun eritziez gainera, Espriu-ren hau ere haintzat hartu beharra dugu. Gure Etxepare «Poetagan —poeta handi bat noski, adiarazteko eretan hain lotura borobilak aurkitzen ez badira ere— oraindik Erdi Aroko taxura nabari da, hain zuzen, lehenagoko ingles poeten kidetasuna du, haien pareko izan ez arren; hauxe da, behintzat, nire inpresioa. "Judizio jenerala", "Ezkonduien koplak", "Amorez errekeritzia" eta "Amorosen disputa" poema ikusgarriak dira. Liluragarriak, "Kontrapas" eta "Sautrela"; ikaragarria, "Mosen Bernat Etxepare kantuia"; oso sinpatikoa, "Emazte fabore", hain ongi azertaturiko hamairugarren bertso horrekin».

        Ikusmolde polita benetan. Lehenez gainera argigarri zaiguna. Gainera, oraingo hau, gu bezala herri-minez kezkaturik arituz dabilen bategandik, edo kezka honen indarrez bere herriko literaturagintzan goi mailetara heldu dena. Honako hitz hauek esan zituena:

                Itsu zaharrai galdetzen zion izuak

                bihar nere herririk izango ote nuen.

                Eta ezpainik gabeko ahoak hasi zuen

                inoiz bukatzen ez dan irri-barrezko algara.

 

Juan San Martin

1974-VI-10

 

Bilaketa