Hitzaurrea
Patxi Altuna
«Linguae Vasconum Primitiae 1545-1995»
Bernard Etxepare
Euskaltzaindia, 1995
«En realidad, el parentesco de la obra
de Dechepare con la poesía popular
en espíritu, lenguaje y versificación
salta a la vista» [1].
Ezagutzen dugun lehen euskal liburu inprimatua Bernard Etxeparek argitara zueneko 450. urteurrena «Linguae Vasconum Primitiae». 1545. Bordele hain urte bana-banakoa eta garrantzitsua da euskal hizkuntzaren eta kulturaren historian, non gure Erakundeen, Unibertsitateen eta kultur elkarteen begien aurrean ezin igaro baitzitekeen hauek omenaldi on bat haren gogoangarrian eskaini gabe; eta egin zitekeen omenaldirik onena haren liburuaren edizio faksimile bat prestatzea zela pentsatu zen, testua mendebaldean gaur egun zabalduenak diren bospasei hizkuntzatara itzulirik, hala poetaren gogoa burutan ateratzeko: «zeren ladin publika mundu guzietara berze lengoajiak bezala hain eskribatzeko on dela [2]».
Bereiz dabiltza beren iritzietan Literatur Historiako adituak gure poetari hor zor zaion lekua seinalatzeko orduan. Mitxelena «Rabelais euskalduna» deitu zutenekin ez ezik, Berpizkundeko gizontzat hartu zutenekin ere ez dator bat, inprentaganako sentitu zuen lehia gartsuan bakarrik omen delako garai horretakoa. Bat dator, aldiz, horren eta Hitako Artziprestearen arteko antza aspaldidanik ikusi izan dutenekin, eta honen pasarterik hoberenak bezain ontzat dauzka gure poetaren batzuk [3]. Jon Juaristik bere aldetik «hombre de transición entre la cultura medieval y la renacentista» deitzen du [4].
Berriki agirian jarri du norbaitek gure poetak izan zezakeen harremana Clément Marot (1497-1544), Frantziako poeta handi, Nafarroako erregina Margaritaren hautuarekin. Biak ziren erregeren abokatu Bernard Lehete-ren adiskide eta biak haren eskutik mesede hartzaile: Etxeparek liburua argitaratzeko, Marot-ek kenka eta estualdi larriren batean bizirik ateratzeko. Ez da, bada, harritzeko Etxeparek haren obra ezagutzea bien adiskide Lehete-ren bidez.
Bereiz dabiltza halaber kritikoak Etxepareren obra poesia aldetik balioztateko orduan. Julio Urkixok eta, batez ere, Schuchardtek zinezko poetak behar dituen dohainetatik urrun ikusten duten bitartean, Gil Reicher andrea eta Mitxelena arras beste iritziko dira. Lehenaren hitzak dira hauek: «Ces poésies sont empreintes d'un lyrisme, d'une passion, d'une force, que l'eskuara retrouvera rarement. Et je ne crois pas que ce soit un paradoxe de dire que notre premier poète basque est peut-être le plus grand [5]».
Mitxelenak bere aldetik, poeta izatea ez dela poesi mota honetaz edo hartaz baliatzea esan ondoren eta edozein hautaturik ere igo egin behar dela, «nork eta non ez dakigula ezarria dagoen maila batera igo», eta aldapa hori garaitzen ez duenak poetaren izena ez duela merezi, hau gaineratu zuen: «Nik uste dut, eta zenbat ere gehiago irakurtzen dudan are sendoago uste dut, gure Etxepare igo zela, zegokion neurrian eta begiz jo zuen bidez, diodan maila horretara eta iritzi hori berori dute oraingo gehienek [6]».
Donibane Garazin edo inguruan sorturik, bere euskalki sortaldeko behenafarreraz baliatu zen; herri xeheak erabiltzen zuen bezalaxe baliatu, ordea, fonetikako bere berezitasunak ere euskara batuaren faboretan ez bada, euskara xahutuarenean bederen batere ukitu gabe. «Tampoco puede olvidarse», idatzi zuen Mitxelenak, «el caracter popular, natural por así decirlo, de la lengua de Dechepare» [7].
Haren liburuko kantu guziak lau zatitan banatu ohi dira bere gaiaren arabera: erlijiozko bi, amodiozko hamar, libertatea goratzen duen bat eta euskara goraipatzeko bi azkenak. Zenbaitek Lafonekin uste dute izan zela agian lehenago beste edizio koskorrago bat, erabat galdua; hori pentsarazten baitu beste zantzu gehiagoren artean kantu multzo baten eta bestearen grafia ezberdinak, garai diferenteagatik baizik ezin izan daitekeenak. Dudarik ez duen puntua da izan zela geroago beste edizio bat, 1967. urteaz gero bakarrik ezagutzen duguna, orduan baitzuen Pierre Lafittek argitara eman Arnaut Oihenarteren gutun bat (1665), ordu arte ezezaguna zena, eta han mintzo baita Zuberoako poeta ehun urte geroago-edo Erroanen azalduriko bigarren edizio, «mais fort incorrecte», batez [8].
Liburuak ez dirudi hedadura handia izan zuenik, ikusirik batetik ale bakarra heldu zaigula mirakuloski, hori gabe ez baikenuen Etxepareren obra ezagutuko, eta bestetik ez zutela haren berri izan geroko zenbait idazlek, hala nola Pouvreauk, bai ordea Oihenartek, gainera lehen edizioaz ez ezik bigarrenaz, esan dugun bezala, bai eta Isastik (1625) ere; honen «Compendio» delakoa, ordea, ez baitzen 1850. urte arte argitaratu, lekukotasun hori ez zen barreiatu. Harritzekoago da Larramendik ez ezagutzea, bere Hiztegiko (1745) hitzaurreari sinesten badiogu, zeren han sartzen duen bera baino lehenagoko euskal idazleen zerrendan ez baitu aipatzen, eta Joanes Leizarraga baitauka ahoan XX. kapitulu osoan [9], aurrekoan berak ezagutu omen dituen dozena bat euskal liburu inprimaturen izenak, Etxeparerena ez ordea, eman ondoren. Hainbatez harrigarriago da isiltze hori, zenbatez orduan Azkoitiko mediku zen Sarako Etxeberrik izan baitzuen nahi adina parada Loiolako jesuitari hori jakinarazteko. Ala Sarakoak ere ez zekien Etxepare izan zenik?
Hasierako hedadura txikia izan bazen, ezin daiteke gauza bera esan hurrengo mendeetan izan zuenaz, 1847an Francisque Michelek Brunet jauna mezutu zuenetik Parisko Biblioteka Nazionalean bazela euskal liburu zahar bat, inondik ere ezagutaraztea merezi zuena. «Actes de l'Académie Royale des Sciences» izeneko agerkarian ikusi zuen argia Jean B. Archuren itzulpen frantsesarekin. Hau ere hutsegitez josia, Vinsoni sinetsi behar badiogu, zein horrexegatik lehiatu baitzen edizio berri bat egitera Hovelacque-ren laguntzarekin; errakuntzarik gabe izatea erdietsi gabe, ordea, nahiz biziki nahi izan zuen izan zedin «absolument conforme à la première de 1545».
Etxepareren obra aztertuz orduarte egina zen lan guziaren gaindik nabarmentzea merezi du hizkuntzalari aleman Victor Stempf-en lan erraldoiak. Honek beste edizio orduarteko hoberenaz gain (1893) Glossar edo hiztegi bat ere moldatu zuen, Etxepareren obran agertzen diren hitz guziekin eta bakoitzaren argibide zehatz batekin. Mende honetan izan dituen beste lau argitarapen, honekin bost, horietan guzietan lehena eta hoberena Urkixok 1933an faksimile gisa RIEVen eman zuena, eta Ernst Lewyk eta batez ere René Lafonek, beste ezerk baino gehiago hizkuntzaren antzinatasunak erakarririk, egin zuten ikerlan eskerga kontuan edukirik, esan dezakegu oker aritzeko beldur handirik gabe liburuaren ezagupide filologikoak eta hizkuntzazkoak ez duela izkutuko zirkilurik gaurko hizkuntzalari batentzat.
Ez dirudi, aldiz, gauza bera esan dezakegunik ikerketen egoeraz ikuspuntu literariotik, zeren lehen aipaturiko hizkuntzalariek, Lafon izan ezik, ez baitzioten gogo eman hizkuntzaren atzean estaltzen zen poesiari eta egungo egunean ere ez baitio inork eginbehar horri suharki ekin, behin betiko ikas dezagun ea gure lehen poetak merezi duen, guk uste bezala, zinezko poeten zerrendan agertzea ala ez. Hau egingo duenak, ordea, umetandik euskara edoski duen euskalduna izan beharko du nahitaez, bestek nekez dastatu ahal izango baititu liburuaren bitxi baliotsuak, Van Eys-ek merezi onez azaldu zuen bezala: «Pour ce qui regarde la valeur poétique des poésies de Dechepare, nous la laisserons à l'appréciation des Basques eux-mêmes»; eta bera euskalduna ez izanik behar ez zuen egitekoan sartu zelakoxe, ez zen gai izan haietako poesia dastatzeko, eta hauek bezalako ez esatekoak esan zituen: «on devra admettre, qu'il y a beaucoup de ses poésies qui ne sont ni élevées comme pensée ni correctes grammaticalement parlant [10]».
Euskal lehen obra izanagatik, esan bezala, izan bide zuen poetak herriaren tradizioko erlijio kantuetan iturburu oparoa, non edan. Hori erakusten digute Azkuek Zaraitzun eta aita Donostiak Otxagabian herriaren ahotik jaso zituzten zenbait bertsok, herriak buruz mendeetan zehar gordeak, gure poetaren beste zenbait bertsorekin antz handia dutenak, edota, hobeto esan, hauek haiekin, eta poetak seguruenik harengandik ikasiak.
Eta poetak, hala ere, kontzientzia argia du inoiz izan ez den lan bat egiten ari dela, liburuaren tituluak berak adierazten duenez, Linguae Vasconum Primitiae, ez omen baitu berak baino lehen bestek euskaraz libururik egin, argitaratu ez behintzat. Horrek ez du, haatik, harrokeriaz betetzen, aitzitik bai harriduraz («miraz nago»), dakusalarik ezen, euskaldunen artean «abil, animos eta gentil» askotxo izanagatik, ez dela bat ere entseiatu mundu osoari erakustera euskara beste edozein hizkuntza bezain gai dela idazteko; baina aldi berean esperantzaz ere bai, «jinen direnek gero duten kausa oboro haren abanzatzeko»; horregatik egiten du garraxi, «Heuskara, jalgi adi dantzara!».
Mitxelenak bestek ez bezala jakin zuen sentitzen eta hitz ederrez adierazten euskararen sarrera pozgarri eta dohatsu hau literaturaren munduan, idatzi zuenean: «Hizkuntza gutxik egin dute literaturan euskarak bezain sarrera pozgarria, Etxepare erretoreak dantzarako deia egin zionean. Honek (...) handiagorik egin zuen eta jakinaren gainean zegoen handiagorik egiten ari zela: berak zuela, alegia, euskara munduko plaza zabalera lehenbiziko aldiz agertzen. Eta bertsoei azken umil hura, «debile principium melior fortuna sequatur», ezarri zienean, lehenengo mugarria jartzen zuela uste zuen noski, menderen mende luzatuz joango zen errenka baten lehenengo mugarria [11]».
Buruko neke handiak eman ditu Bonapartez gero Etxepareren hizkuntzak Leizarragarenarekin konparatuz, edo, nahiago bada, honenak harenarekin, arkaismoa dela eta ez dela. Mitxelenak, egia, inoiz ez du bien arteko konparaziorik egiten eta absolutuki mintzo da Leizarragaren hizkuntzaren arkaismoaz. Badirudi halere Bonaparteri jarraituz Beraskoitzekoarenaren arkaismo handiagoaren aldera lerratzen dela, Schuchardten hitz sonatu batzuk aipatzen dituenean, modu diskutigarrian, gure ustez [12].
Izan ere, honek dioenean bere garaiko euskaldunentzat Leizarragaren hizkuntza garai bereko alemanentzat Lutherrena bezain arrotza dela, hori baizik esan nahiko ez balu, batetik gauza arrunta eta bistakoa lioke, Luther eta Leizarraga ia garaikide baitira, ez izanik beren artean 50 urteren aldea besterik; beraz gehiago nahi du esan. Bestetik ordea ez du nahi, gure ustez, Leizarragaren hizkuntzaren arkaikotasuna Etxeparerenaren gaindik goratu, ezpada, nolazpait esateko, bere burua zuritu, prestatzen ari den Testamentu Berria-ren edizio berria ez duelako bere garaiko hizkeraz eta grafiaz argitaratzeko asmoa, irakurle arruntak nahiko lukeen eta Intxauspek urte batzuk lehenago Axularren Gero egin zuen bezala, baizik jatorrizko testua zen bezalaxe ematekoa. Eta asmo honen aldeko arrazoi gisa aipatzen du, gure ustez, Leizarragaren hizkuntzaren antzinatasuna, zein ez baita Axularrena bezain malgua aldakuntzetarako, Lutherrena ere ez den bezalaxe, eta ez bailuke inork horrexegatik Luther argitaratuko hizkera eta grafia berrituz [13].
Dena den, Lafon zartadakoa da gai horretan, Bonaparteren arrazoiak eztabaidatu ondoren, ondoriozkatzen duenean: «Dechepare est aussi archaissant, peut-être même plus, que Liçarrague, et sa langue a beaucoup plus d'unité. Même si l'on ne possédait que les Linguae Vasconum Primitiae, on pourrait se faire, grâce à Dechepare, une idée précise et sûre du système de la langue basque au XVIe siècle [14]».
Bukatu baino lehen bi hitz Etxepareren metrikaz. Zuzen onez dio Lafonek euskal metrikak latinezko Erdi Aroko poesian dituela bere erroak [15].
Liburuak bere baitan dituen hamabost kantuetatik lau izan ezik, gainerako guziak zesurak erdibitzen dituen zortzi eta zazpi silabako bi hemistikioz osaturiko bertso lerroz onduak omen dira, oraintsu arte euskal metrikaz arduratu diren aditu guziek, Oihenarte barne, aitortu duten bezala. Ekar gogora «Tantum ergo sacramentum veneremur cernui» bezalako eliz kantak. Mitxelena izan zen lehena konturatzen bi hemistikioek bazutela bere baitan haustura txiki bana eta hainbestez Etxepareren bertso horien eskema honako beste hau zela: 4/4//4/3. Orain arte gailen zen iritziaren kontra Jon Juaristik defendatu du berriki Etxepareren bertsoak erromantze generokoen pare direla, hortik egiaren antz gutxiko dirudien ondorio hau atereaz, hots, Etxepareren bertso lerro hauek hamasei silabakoak direla, azken silaba azentuduna omen dutelako [16].
Alferrik esango du Oihenartek Etxepareren hamabost silabako bertso lerroak lehen ezezagunak zirela, are latinezko poesian [17]. Hirugarren mendeko «Tantum vini habet nemo quantum fudit sanguinis», eliz kanta bateko «Apparebit repentina dies magna Domini» eta 738. urtean Milango katedrala sagaratu zeneko estrofak, honela hasten direnak, «Rerum cernitur cunctarum inclita speciebus» aski klar mintzo dira beren buruz. Ez zaigu eman, laburki bada ere, bertsogintza honen bereizgarriez hemen mintzatzea, bestalde bertsolaritzaren berberak baitira, salbu hura idatzia izatea eta hau ez, nahiz honek baduen «bertso paperak» direlakoen ordaina ere.
Desira bat agertzea zilegi bada, ailitz omenaldi hau azken urteotan Euskal Filologian lizentziatu diren gure gazteen eta behialako ikertzaile sonatuen lehiakide izan nahiko duten euskalari arrotzen akuilu eta pizgarri, Etxepareren bibliografiak egun duen literatura aldetiko ikerketaren hutsartea bete eta bere bertsoak esaeraz eta atsotitzez zirtakatzen dituen herri poeta handia idoro lezaten!
[1] MICHELENA Luis, Historia de la Literatura Vasca, Madrid, Ed. Minotauro, 1960, 47. or.
[2] Ikus liburuaren hitzaurrea.
[3] MICHELENA Luis, op. cit., pág. 46.
[4] JUARISTI Jon, Literatura Vasca, Madrid, Ed. Taurus, 1987, 33. or
[5] GIL RUCHER, G., Saint-Jean-Pied-de-Port en Navarre, Bordeaux, Ed. Delmas, 1938, 65. or.
[6] MITXELENA Koldo, «Sarrera gisa», Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiak V, 25. zb., Donostia, Euskal Editoreen Elkartea, 1988, 28. or.
[7] MITXELENA Koldo, «Prólogo» a Versificación de Dechepare: métrica y pronunciación de Patxi Altuna, Bilbao, Ed. Mensajero, 1979, 9. or.
[8] OIHENART Arnaud, «L'Art Poétique Basque», in. Gure Herria, Baiona, 1967, 227. or
[9] LARRAMENDI Manuel, Diccionario trilingüe, Donostia, 1745, XX. kap., XXXVI. or.
[10] VAN EYS, W., «Le dialecte de Dechepare», in. EUSKARA, Organ für die Interessen der Baskischen Gesellschaft, 1. Jahrg, N° 1, Berlin, 1886, 2. or.
[11] MITXELENA Koldo, «Euskal literaturaren etorkizuna», Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiak IV, 24. zb., Donostia, Euskal Editoreen Elkartea, 1988, 24. or.
[12] MICHELENA Luis, Historia de la Literatura Vasca, Madrid, Ed. Minotauro, 1960. 50. or.
[13] SCHUCHARDT Hugo, «Ueber die Einrichtung des Neudrucks, insbesondere über die Druckfehler und Varianten bei Leiçarraga», XIII. or. (alemanez), 134. or. (gaztelaniaz), in I. Leiçarragas Baskische Bûcher von 1571, Bilbao (2), Euskaltzaindia, 1990.
[14] LAFON René, Le système du verbe basque au XVIe siècle, Donostia (2), Elkar Ed., 1980, 48. or.
[15] LAFON René, «Sur la versification de Dechepare», in Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, Donostia, 1957, 392. or.
[16] JUARISTI Jon, Arte en el Pais Vasco, Madrid, Ed. Cátedra, 1987, 127. or.
[17] OIHENART Arnaud, «L'art Poètique Basque» in. Gure Herria, Baiona, 1967, 205-229 orr.