literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Aitzin solasa

 

Patxi Altuna

 

«Linguae Vasconum Primitiae (Edizio kritikoa)»

Bernard Etxepare

Mensajero, 1980

 

        Etxepareren bizitzaz eta garaiaz Orella jauna, historilaria, honen aurreko hitzaurrean ohi duen trebetasunez, nahiz eta gaztelaniaz, mintzatu denez gero, Etxepareren liburuaz beraz, eta neronek paratu dudan beste honezaz, zerbait esatea dagokit neri. Ez gauza gehiegirik, noski, liburu hau beste biren hiruzkia bait da eta haien hitzaurreetan, eta batipat lehenaren bi lehen kapituluetan, poetaz eta haren lanaz esana honetan berresateari alfer lana bait deritzat. Berririk edota hirugarren honi bereziki dagokionik, hauexek ditut esateko.

 

* * *

 

        Argitaraldi hau ez da inola ere Etxepareren obraren, berak eginaz gainekoaren, lehena; aitzitik, izan du gidaririk eta aitzindaririk. Ezagutzen dugun (lehen argitaraldiko) ale bakarra 1545ean Bordelen Morpain jaunaren moldiztegian egina delarik [1] eta hori baino lehen beste argitaraldirik izan zen ala ez dudamudazko auzia delarik (ikus ene Versificación de Dechepare: métrica y pronunciación, or. 18-22), handik urte batzuetara beste bat egin zela badakigu, oraintsu ikasi dugunez, Oihenarten L'Art Poétique Basque Lafitte jaunak argitara eman zigunean; hor aitortzen digu Mauleko idazleak Erroanen Adrian Morront jaunak berriro argitara zuela, «mais fort incorrecte» [2]. Hemeretzigarren mende arte ez zen besterik egin. Ezagutu ere, oso gutxik Eagutu zuten mugaz honaindikoen artean Etxepareren idazlana, Larramendik berak, esate baterako, ez bait du bere hiztegian idazle zaharren artean aipatzen; bai Isastik, ordea, bere Compendio historial de Guipúzcoa (1625) deritzan liburuan: «Muchos años ha que M. Echepare, de Navarra la baja, compuso un libro en esta lengua a lo divino...» [3]. Isastirena 1850 arte argitara ez zelarik, ordea, ez zitzaien ondokoei Etxeparerena bazela jakiteko bide izan. 1847an François Michelek jakinerazi zion Brunet jaunari Parisko Bibliothèque Nationale-ko liburuan artean bazela euskarazko liburu zahar bat, argitaratzea merezi zuena, eta «Actes de l'Académie Royale des Sciences» delakoan agertu zuten. Hau ere hutsez betea, Vinsonek dioskunez, eta Archu jaunak frantzesera itzulia. Honen itzulpena ere ez zen Vinsonen gogobetekoa izan; E. Lewy-ri, aldiz, badirudi Archurena, zenbait esapideren itzulpena batez ere, gogoko zitzaiola. Hona zer dioen: «Jaiotzez euskaldun zen Archu-ri bakarrari ez zion esapide honek trabarik egin (Sortu eta..., Utzi eta... eta horien antzekoez ari da), hark bere-bere zuen hizkuntz senaz ezagutzen bait zuen» [4].

        Horiek horrela zirela, Vinsonek berak, Hovelacque lagun zuelarik, argitaraldi berria paratu zuen 1874an: «Nouvelle édition absolument conforme à la première de 1545». Hala nahi izan, noski, baina berau ere aski hutsez josia. Van Eys holandarra ere hasi zen bere aldetik 1887an EUSKARA zeritzan Berlingo Unibertsitateko aldizkarian Etxepareren kantuak apurka ematen, frantzesezko itzulpenaz eta oharrez horniturik, baina laster eten zuen lana, bere oharrek sortu zioten eztabaida eta kontrajarra zirela bide. Victor Stempf alemanak egin zuen lanik handiena Etxepareren obraz, «monje beneditar batek adinakoa», Urkixoren hitzez esateko. Obran barrena ageri diren hitz guztien Glossar edo hiztegiaz gainera, forma bakoitzaren adierazpena eta baita, Vinsonekin elkar harturik, argitaraldi berria ere. Azken hau 1893an egin zuen eta huts egiteko beldurrik eta arriskurik gabe aitor daiteke artean eginiko argitaraldirik hoberena izan zela harena.

        Argitaraldi berririk prestatu ez bazuen ere, mende honetan, eta guztietan, Etxeparez lanik gehien, sakonen eta baliotsuen egin duen hizkuntzalaria René Lafon jauna izan da, dudarik gabe, inork gero egin zezakeen argitaraldi berri batetarako mila argibide eta langai ekartzen zuelarik. Liburu honen beronen bibliografian aurkituko ditu ikasleak lan horietako gehienen izenak. Horietan ditugu azterturik Garaziko poetaren hizkeraren (aditzaren eta morfosintaxia osoaren) nahiz bertsogintzaren alderdi eta xehetasun guztiak. Badakigu Lafoni esker, esate baterako, poeta sortaldeko behe nafarreraz baliatu zela eta euskalki horren bereizgarri eta bereizitasunak ausarki adierazten dizkigu. Badakigu ere haren bertsogintzak latinezko Erdi Aroko poesian zituela sustraiak. Zer esanik ez, neri ere liburu honetarako biziki baliotsu izan zaizkidala lan guztiok. Bat aipatuko dut bereziki, nere lan honekin duen lotura hertsiagoagatik: «Notes pour une édition critique et une traduction française des «Linguae Vasconum Primitiae» de Bernard Dechepare». Lan honek hutsik badu, labur izatea du: guztitara 180 bertsoren, gutxi gorabehera, oharrak baizik ez bait dizkigu eman. Guztiak aldatu ditut neure liburu honetara edota, inoiz iritzi bereko ez baldin banintzen, ene ustez okerra zertan zetzan eman aditzera.

 

* * *

 

        Ez naiz hemen abiatuko Etxeparez hark eta honek eman dituzten, aldeko nahiz kontrako nahiz hola halako, iritziak biltzen; bai esango, ordea, inorenaren aldeko agertzekotan, Gil Reicher emakumearena egingo nukeela neure: «Ces poésies sont empreintes d'un lyrisme, d'une passion, d'une force, que l'euskuara retrouvera rarement. Et je ne crois pas que ce soit un paradoxe de dire que notre premier poète basque est peut-être le plus grand» [5]. Aski da horretarako lehen kantuan ageri den Iudicio generala deritzan zatiaren bertso dardargarriak edota bigarrenean Ama Birjinaren goresmenez ondu dituen bertso gartsuak irakurtzea. Ez dut ere adieraziko zergatik jo duen gure Etxepare zenbait kritikalarik Hitako Artziprestearen irudiko, biak apaiz izan zirela —Trento aurretikakoak, noski—, biak espetxean egon, biek kantagai berak edo beretsuak erabili zituztela gogoan har dezanarentzat elkarren arteko kidetasuna aski nabaria bait da beste gabe. Etxepare, ezer bazen, herri poeta izan zela ere ez dut hemen luzaz agerian ipini beharrik, liburuan barrena nabari denez, hizkeraz, bertsogintzaz eta gogoetez halako nabarmentzen bait zaigu. Aski da jakitea Azkuek Zaraitzun eta Aita Donostiak Otxagabian jaso zituzten zenbait bertso Etxepareren beste batzuen guztiz antzeko direla eta horrek beste edozein arrazoibindek baino hobeki erakusten digu Etxeparek herria izan zuela bere zenbait bertsoren iturri.

        Beste puntu bat nabi nuke hemen hitz gutxiz agertu. Tradizio luze baten ondorengoa da, noski, gure poeta, ez batbatean sortu eta erpina jo duen bertsogintza dotore eta bikainaren fruitua. Lehenagokorik ez dugu ezagutzen, baina izan zuen nahitaez. Horrelako poetarik eta batez ere horrelako bertsogintzarik ez da sortzen, ezin daiteke sor, goizetik gauera. Hori egia. Baina aldi berean Etxepareren ondorengoen artean gure poetak bezalako bertso eder, zailu eta apainik —formaz ari bait naiz—, 4/4//4/3 eskemari harenak bezain hertsiki loturik, aho hizkeraren hitz andanei hark adina begiramen izan dienik, hitz batez esateko, egunoroko euskarari hark bezain bortxa gutxi eragin dionik, nekez aurki daiteke; gauzak diren bezala esateko, nekez aurkitu bakarrik ez; ez da erabat, nik ez dut bederen ezagutzen, gerokoen artean puntu horretan haren kidekorik. Ziburuko Etxeberriri, bakarra aipatzeko, alde izugarria kentzen dio. Eta hau ere tradizio hari baten, luzeagoaren, seme zen, noski. Badu Etxeparek, beraz, lehendik hartuari bere aldetik erantsi dion balio, gaitasun eta dohain franko ere; badu, agian, berari bakarrari, bere etorriari, goi argi edo goi arnasari, dagokion alderdirik ere. Tradizioari asko zor dio haren bertsogintzak, baina hark euskal bertsogintzari ekarria ere ez da inola urri izan.

        Diodan, neure argitaraldi honi nagokiolarik, eskola liburua prestatzeko asmoa izan dudala gehienbat, ez bestelakoa, eta hainbestez diren eta diratekeen euskal ikasleak izan ditudala begien aurrean, nahiz Euskal Filolojia ikasten nahiz Euskaltzaindiaren B titulua ateratzeko beren buruak jazten ari direnak; ez, noski, ikertzaileak eta hizkuntzalariak; lehen mailan ez, bederen. Hauek gehienez ere hiruzki honetako lehen liburura jo bebarko lukete, eskola liburuetan ez bait da lekurik izaten zenbait puntu luzaki eta sakonki ukitzeko, ez esanak frogatzeko. Horrexegatik ere ez dut neure lehen liburua ia inoiz orripeko oharretan aipatu; bai, ordea, neure usteak eta iritziak sendotzeko edota haienak zuzentzeko, E. Lewy, V. Stempf, R. Lafon, Akesolo eta abarrenak, hemen esanen argitasun gehiago nahi izan dezanak beste lehen hartara berez joko duelakoan.

        Edizio Kritikoa izena ezarri diot liburuari mila zalantzaren ondoan, ez berez hala delako, Etxepareren liburuaren argitaraldi bakarreko ale bakarra gorde zaigularik, baizik Lafonek berak beste gehiagoren artean utzi zigun lan bati izen horixe ipini ziolako: «Notes pour une édition critique...» eta hainbestez ongi merezia duela iruditu zaidalako.

        Etxepareren jatorrizko grafia bera dakar liburuak ezkerreko orrialdeetan eta gaurko legeen arabera aldaturikoa eskuinekoetan. Bigarren liburuan, HIZTEGIAn, baliatu nintzen legeez berez baliatu naiz, bidezko denez, honetan ere aldalan horretarako, hango —eta hemengo damurik, agi denean— bizpahiru hutsarte gorabehera. Haren Hitzaurrean ditu adieraziak lege horiek zein diren jakin nahi duenak. Ez dakar honek gaztelaniazko itzulpenik, ordea, zenbait arrazoi dela bide: itzulpena, gaztelaniara nahiz frantzesera, lehendik ere bestek, Akesolok eta Lafonek, egina badugulako [6]; beste hizkuntzetan antzineko idazleen horrelako argitaraldirik egitean, inoren hizkuntzazko, are gutxiago euskarazko, itzulpenik eman ohi ez delako; azkenik eta batipat nik gogoan izan ditudan ikasleek, esan bezala, horrenbeste euskara badakitelako [7].

        Eskerrak ematea gelditzen zait soilik eta gogo onez betetzen dut egiteko hau, euskal esaera zaharrak dioenez hartuak emana omen bait du zapore. Orella jaunari, lehenik, gure poetaren garaiko Nafarroako giroa eta tirabirak lehen hitzaurrean bizierazi dizkigulako; Mitxelena jaunari, gero, autore zaharren hizkerak dituen zenbait katramila konpondu eta moldatzeko ez bait dut kontseilari hoberik aurkitu; Euskaltzaindiari, azkenik, «Lekukoak» deritzan bere saileko bigarren liburu gisa argitaratu nahi izan duelako Etxepareri buruzko nere hirugarren hau.

 

Patxi Altuna, S.J.

 

        [1] Urkixok eman zuen argitara fac-simile gisa: RIEV, XXIV (1933), or. 523-577. Geroztik Etxepareren obraz lan egin duten guztiak (E Lewy ere bai eta bera lehenik, hurrengo urtekoa bait da haren «Zu Dechepare» artikulua eta bereriaz aipatzen bait du Urkixoren fac-similea) honezaz baliatu dira, ez lehenagoko inoren argitaraldiaz; hauek, geroxeago diogun bezala, asko edo gutxi hutsak bait zituzten; fac-simileak, aldiz, Etxeparerena bera, 1545ean argitara zena, zegoen zegoenean eman bait zigun eskuetara.

        [2] OIHENART, A., L'Art Poétique Basque, or. 37.

        [3] ISASTI, Lope de, Compendio historial de Guipúzcoa, kap. XIII, or. 165.

        [4] LEwy, Ernst, «Zu Dechepare», RIEV, XXV (1934), or. 230.

        [5] GIL REICHER, G., Saint-Jean Pied-de-Port en Navarre, or. 65-66.

        [6] Biak liburu berean ditugu, 1545, Bernat Dechepare, Olerkiak deritzanean.

        [7] Hiruzki honen bi lehen liburuetan egin dudan hutsartea bete nahi dut hemen: Etxepareren liburuaren edizioen artean bat itzuri zait: La Gran Enciclopedia Vasca, I, or. 355-370, Aita Akesolok paratua. Aldi berean liburuxka gisa eman zen horko fac-simile hori eta oraintsu berriro argitara dute liburuxka bera.

 

Bilaketa