Itz bi
A.I.
«Garoa»
Domingo Agirre
Arantzazu Argitaldaria, 1956
Itz bi: ala esan oi da, askotan bi baño geiago izanda ere. Bost, amaika, berrogei izanda ere... Itz bi, bada, itzaurre bezela, «Garoa» liburuaren irugarren argitaldi ontan.
Itzaurreak, al danez, motxak izan bear omen dute. Batez ere, liburu eder eta garaienetako baten itzaurreak badira. Bestela irakurlea nekarazten. Liburuko orrietan barna begi-niniak sartu ta bertan murgiltzeko irrikitzen egoten baita...
Baña oraingo ontan, ezin ba ixillik egon. Ezin ba liburua ta, batez ere, liburu-egillea bear bezela goratu gabe gelditu. Liburu ederrenetako eta euskal-idazle ospetsuenetako baten aurrean bait-gaude...
* * *
Txomin Agirre'ri buruz diardugu. Euskerak eman duari nobelagillerik ospetsuena bera. Euskalerriak eman duan euskal-idazlerik onenetakoa bera.
Ona itz gutxitan bere bizitzaren berri. Dakiguntxoa besterik ez, ain apal ta ixilla bait-zan, berak gorde zitun bere bizitzako amaika gorabera.
Ondarroan jaio zan, 1864'garreneko maiatzaren 4'an. Bere gurasoak, Agirre ta Solegi'tar Manuel Bizente ta Badiola. ta Eizagirre'tar Maria Madalen. Kristau zintzoak ziranez, urrengo egunean bataiatu zuten aurtxo jaio-berria ta Domingo izena jarri: Txomin.
Ondarroa, itxas-erria, Kantauri itxas-ertzean tinkatua dagon errixka, euskal-itxasoaren olatuen muin goxoak eta danbada latzak ere artzen dituan erria. Ondarroa, mariñel-erria, beren bizibidea urrutian, itxasoaren ugin aserretuen aurkako lan neketsuan, irabazten duten gizon arrantzaleen erria... Txomin'en aita etzan, alare, arrantzalea, etzan mariñela. Arotza zan, eta bere aroztegian, ol eta egurren artean, zerra ta garlopari jo ta jo, irabazten zun bere eguneroko ogia. Eztu alare Txomin'ek egundo bere bizitza guztian aztuko mariñel-erri bateko semea dala.
Txikia zala, bere erriko eskolan ikasi zitun aurreneko ikaskizunak. Eskolan eta etxean, obeto esan. Norbere-etxea bait-da leen-leengo eskola maitetsua. Ta etxean ikasi zitun, bere amaren magal gozoan, aurreneko itzak, aurreneko gauzak: batez ere, kristau-dotriña ta euskera, bere bizitza guzian biotz-barne-muiñetan gartsu ta tinko eramango zitun bi maitasunak.
Eskolatik irtenda, mutil koskortu zaneko, bere aitarekin asi zan lanean, aroztegian. Artean indar askorik ez-ta, lan errexak izango ziran noski berak egiten zitunak.
Amazazpi-emezortzi arte zitualarik, Bilbora joan man, bertako Arzipreste jaun zan Pedro Lorenzo de Castañares apaiz-buruak eramanda: Meza ematen eta idazlaritzan laguntzalle izateko eraman ere. Ta orduntxe edo lendik asi zitzaion biotzean apaizgintzarako gogoa ernetzen. Ta latiña ta beste bearrezko gauzak ikasteari ekin zion Bilbon bertan. 1884'garrenean berriz Gazteiz'era joan zan, bertako Apaiz-Ikastetxean Filosofia ta Teolojia ikastera. Berandutxo asi zalako ta buru onekoa zalako noski, lau urtean bukatu zitun bere ikaslanak. Ta 1888'garreneko maiatzaren 26'an egin zan apaiz.
Orra Txomin Agirre, ogei ta lau urte zitula, apaiz eginda. Orra bere bizitzako sasoirik ederrenean Kristo berberaren almen aundi ta izugarriekin apainduta, Kristo berri bat eginda!
Txomin'en bizitza osoa, Txomin'en ibillera ta jardukera guzia itz bitan bilduta jarri bear banu, itz auetxek esango nituke: Txomin Agirre, Apaiz on ta euskalzale gartsu. Itz gutxi oietan sartu leike bere bizitzan zear egin zuan guztia. Orixe ta orixe bene-benetan eta bete-betean izan zan.
* * *
Apaiz on: Kristoren Biotzaren diñezko apaiz on eta santua izan zan lendabizi ta beste guzien aurretik. Kristoren serbitzari ta ordezkari apal eta zuzen. Animen zuzendari zintzo ta leial. Kristau-siñestearen ereilari sutsu.
Eztakit nik zergatik, baña Txomin Agirre gogoratzean, beste euskaldun ospetsu bat datorkit beti burura; bera bezelako ta bena bezin ez jakin au ziur, naoki apaiz on eta ertilari fin izan zan beste euskaldun bat: Bizente Goikoetxea musikalaria, alegia.
Biak ziran ertilari fiñak; bata musikalari ospetsua, eliz-musikari X'garren Pio Santuaren araura bide berriak urratu zizkion musikalari bikaña. Idazlea bestea, euskerari eta batez ere euskal-nobelari bide berrietan barna bultza egin ziena. Biak ziran euskalzale ta erri-zaleak; batak erriko oitura ta esaerak aztertuko ditu bere liburu ederrak idazteko; besteak gure erri-erriko kanta ta doñu gozo-eztitsuak bildu ta ausnartuko ditu bere musika-lan zoragarriak egiteko. Entzutetsuak bataren lanak, batez ere «Miserere», «Christus factus est» ta «Te Deum» ezin-obeak. Irakurgarriak bestearen liburuak, «Auñemendiko lorea», «Kresala», «Garoa»...
Baña, batez ere, bi-biak ziran apaiz onak, santuak, biotz-betekoak. Batarentzat musika zan Jainkoarenganako bidea; bestearentzat, euskera. Baña bi-biak zijoazen, beren lanen artean, xuxen-xuxen Jainkoagana. Ezagutu zutenak lekuko. Biak ziran umillak, apalak, otzanak biotz-onekoak iñori kalterik egiten etzekitenak, guziei begi ta biotz ona azaltzen zietenak. Bi-biak ziran zintzoak, zuzenak eta, aldi berean, alaiak. Azkue zanak esango zukeanez, bi-biak ziran odol-zurbillezkoak (bera berriz «odol-gorri» omen zan). Alakoxe antza ikusten diet nik et euskal-apaiz ospetsa auei.
Alakoxea zan ba gure Txomin. Alako norberetasuna zun. Baño berez zuan ori, bere bizitza guzian zear, ezi ta azitzen ziardun. Eta alaxe igo zan goi-mailletara.
Bere apaizgintza artu zunekoxe, edo andik laister beintzat, Zumaian ikusten degu, bertako karmeldar monjatxoen kapellau. Ta txoko ori izango da, arrezkeroztik, bere bizileku, bertan iraungo du bere il-arterañoko bizitza guzian zear. 1920'garren ilbeltzaren 14'an il zan bertan. Zumaia du, bada, bere txoko ta bizitoki, Zumaia esango nuke bere bigarren jaio-terri. Zumaia Ondarroa bezela, Kantauri itxas-ertzean etzanda dagoan erri polita, bere illobi ere.
Zumaian egingo du, dagoneko, bere apaiz eta euskal-lan guzia. Bertan izango da animen zuzendari zintzo; bertatik ageriko da euskal-idazle jator eta itrebe. Baña Zumaian une askotan egonda ere ogei ta amar arte egin zitun gutxienez bertan, Euskalerri guzian barrea ibilliko da batetik bestera, an da emen bere liburuentzako bear zitunak biltzen. Ala ibilli bear, nai ta naiez, egin zuan lan betea burutzeko. Norbaitek poliki esan dunez: «Zumaia, etxea zun; baño Euskalerri, baratz». (Norbait ori, irakurle, Txomin'en berri auek emateko geien lagundu didan nere adiskide maite bat dezu; bere ez mintzeko, ez det emen bere izenik aipatuko; baña, dana dala, bijoakio beintzat nere eskerronik beroena).
* * *
Euskalzale gartsu: ori ere batan ba Txomin Agirre apaiza. Jainkoa ta erlijioa izan ezik, euskera gauza guzien gaiñetik maite zuna, euskerari bere bizitza osoa eskeiñi ziona, ta ortarako, euskera ondo ikasi ta errotik ezagun zuna.
Etziran denborak ala-olakoak, etzan garai ura alakoxea. 1889 ta 1876 ezkero, gure Euskalerri zarra auldua ta zearo ajeatua gelditu zan. Gogorrak ikusi zitun izan ere! Zakurrak erbiaren gain, edo obe, miruak eta sapelatsak txori gaxoen gain bezela, erori zitzaizkion alde guzietako etsai maltzurrak. Ta barruan ere gorriña sartu zitzaion... Eskoletan-da, euskeraz egiten zuten umetxoei beatzean alako «eraztuna» jartzeko denborak ziran... Etzan errez euskeraz, itzez eta idaztez, ari izatea. Biotzak eta gogoak piztu ta pizkortu bear ziran aurretik. Ta lan orrixe ekin zion Azkue zanak bere «Euskalzale» aldizkariaren bitartez. Ta bere laguntzallerik onenetakoa Txomin Agirre izan zun.
Biotz beteaz maite zun euskera. Aurrena, geure-geurea degulako; euskaldun geralako maite ere. Ezin zuan iñolaz ere amaren magalean ikasitako izkera alde batera utzi; bere izakeraren sustraietan tinkatua bait-zegon. Bere izaerari uko egin bearko zion euskera alde batera utzi ezkero. Etzan Agirre izango ordun... Beiñola XIII'garren Leon, Aita Santuak Boemiako Obispoai enana izango zun noski gogo-biotzean sartuta: «Insitum enim natura est acceptam a proavis linguam amare tuerique velle: norbere-izaeran tinkatua dagola, alegia, gurasoengandik ikasitako izkera maite ta gorde nai izatea. Ta onelaxe zion alako batean, Zestuan ospatutako euskal-jaietan: «Ni euskalduna naiz, lau aldeetatik euskalduna, euskalduna biotz ta arimatik, euskeraren maitasunean becte bati goragoko mallan jartzen utziko eztiotan euskalduna... Neretzat euskera, egaztientzat aizea bezela da, gizonarentzat arnasa bezela». Alakoxe maitasun beroa zion.
Baña maite zun euskera, baita ere, apaiza zalako, animen zerura zuzendari gartsu zalako. Bazekin euskal animak zeruratzeko bear-bearrezkoa dala euskera. Bazekin Paulo Apostoluak ziona: Omnibus omnia factus sum: gizakume guziakin alakoxea egin bear dala, alegia, judeotarrekin judioa, jentillekin beste ainbeste, euskaldunekin euskaldun... Orixe da apaiz izatea, orixe benetako apostolu izatea. Ta alaxe izan zan Txomin. Alaxe azalduko da bere bizitza guzian zear. Ona Manterola'tar Gabirel apaizak berari buruz diona: «Bere euskalzaletasunak, bein baño geiagotan esan eban lez, gorago be sustraiak izan zituan. Eleiz gizona zanez, be, euskera maite-maite eban, euskereaz anaitasunik ederrenean, kistar ziñestea, izketa garbia eta euskaldun jatorren ekandu garbiak ikusten zitualako».
Ta maitasun ori erruz ikusten da bere bizitzako ibillera guzian. Sermolari ta izlari bezela, an ibilli zan batetik bestera euskeraz itzegiten. Gogoan artu Zestuako euskal-joietan, Bilboko «Campos Eliseos» deritzaion aretoan-eta egin zitun itzaldiak, Ondarruko Antigua deritzalon elizatxo politean eta Begoñan bertako Ama Birjiña koroatua izan zaneko bederatziurrenean-eta egin zitun sermoiak. Eta abar...
Euskalari bezela, or ikusten degu Txomin iñungo euskal-bazkunetan. Lendik ere esan degu Azkue zanak «Euskalzale» aldizkaria sortu zuanean, Txomin izan zula bere laguntzaillerik bikaiñenetakoa. Bizkaiko Apaiz euskalzaleak beren «Jaungoiko-zale» bazkuna sortu zutenean, kristau-dotriña euskaldunei euskeraz zabaltzeko sortu ere, aiekin zan Txomin beren arteko leiatsuenetakoa bezela. Urkixo zanak, bere RIEV argitaratzen asi zanean, antxe izan zun Txomin Agirre langille purrukatuaren laguntza zintzoa. Ain zuzen ere, RIEV ortan bertan eman zun aurrenekoz «Garoa» bere liburu eder au... Donostian euskeraren eta euskal-gauzen zabalkunderako «Euskal-Esnalea» ta «Euskalerriaren alde» agertzen asi ziranean, ordun ere antxe izan zan Txomin bere euskerarenganako maitasunak eraginda; euskal-bazkun oien zuzendaritzan izan ere.
Eta batipat Euskaltzaindia sortu ta eratzean, antxe ikusten degu Txomin guzien aurrelari bezela. Amaika istillu ta gorabera ibilli zituzten Euskaltzaindia sortzeko, amaika alegin egin ziran sortu aurretik. Ez noa guzia zeatz-meatz esatera. Jakin nai dunak, ikusi bitza aldi artako aldizkari ta egunezokoak. 1886'garren urtean, Durangoko euskal-jaietan Aristides Artiñano ospetsuak egin zuan deiatik asita, Manterola'ren «Euskal-Erria» ta geroagoko «Euskal-Esnalea» aldizkarien deadarretatik pasata, Euskaltzaindia sortzeraiño... itz eta esamesa pranko izan zan. Dana dala, Oñatiko Euskal-Batzar gogoangarriak eman zion asmoari azkenengo bultzada; 1918'an, Arantzazuko Ama Gipuzkoako Zaindari izendatua izan zala-ta, bere amenez eta zaindaripean ospatu zan Euskal-Ikaste-Batzar aundi arek. Batzar orren ikaste-saillen artean, bazan bat euskerari buruzkoa. Ta ain zuzen, sail orren zuzendari gure Txomin izan genun. Lan txalogarria berea noski! Aurki agertu zan Euskaltzaindia sortu ta eraturik. Euskaltzainburu Azkue zana aukeratu zuten, eta beste euskalzaiñen artean Txomin Agirre ere bai. Merezi zun benetan, merezi zunez, euskalzain-izendatze ori! Bere euskal-lan aundien ordainketa izan zan... Baña, tamalez, etzan denbora askoan euskalzain izan, andik gutxira il bait-zan gizajoa. Azkue zanak dionez, zortzi bat batzarretara bakarrik joan al izan zun. Lendik zegon auldua, lendik gaixorik, bere lan aundiak eta bere betiko auleriak zanpatua. Oñatiko Batzarrean bertan naiko ajeatua amen zegon; lan asko egin arek alare...
* * *
Baña batez ere euskeraz idazteari atxiki zitzaion gure Txomin bere bizitza guzien zear. Ta fruturik aski eman ere bai. Euskal-idazle bezela degu baitipat ezaguna. Ta ez nolanaiko idazle, garaienetakoa baizik.
Gazterik ekin zion, ai danez, euskeraz idazteari. Eztio arrezkero bere bizitzan lumari bertanbera pa-kean utziko. Jardun da jardun, ekin eta ekin, ibilliko da beti, lan bat bukatu orduko besteari asiera emanaz.
Olerkiari eman zion aurrena. Ta poliki eman ere. Bazun ortarako almen, bazun iradimen, bazun biotzondo... Bazekin bere barruko gogo ta sentierak itz neurtu txukun eta egokietan azaltzen. Ta ala, euskal-sariketa batean aurreneko saria izan zun «Zer pakea?» bere olerkiak.
Baña laister utzi zion olerkiak egiteari. Ta euskal-nobelak idazten murgildu zan buru-biotz. Eta bat, eta b i, ta iru azaldu ziran bata bestearen atzetik; irurak ederrak, irurak zoragarriak, euskaltasunarekin batera erlijio-zaletasuna barne-barnean dutelarik. Laugarrenari ere asiera eman zion, baña eriotzak aurrea artu tamalez.
«Auñemendiko lorea» izan zan aurrena, 1897. Zarren artean Azkue zanaren «Euskalzale» aldizkariak eratutako norgeiagokan saritua eta urrengo urtean Bilbon «Euskalzale» beraren moldagintzan argitaratua. Bizkaieraz egiña.
«Kresala» urrena, bizkaieraz idatzita au ere ta: bizkaieraz egindako libururik ederrena-edo, Mogel'en «Peru Abarka»rekin batean. Iru argitaldi izan ditu: lenengoa «Euskal-Erria» aldizkarian, bigarrena Durangon Florentino Elosu'ren etxean 1906'garren urtean, eta irugarrena oraindik orain Zarautzen Itxaropena Argitaldariaren «Kuliska Sorta»n, (1954), Aita Onaindia karmeldarren itzaurre eder bat dualarik.
«Garoa» dator ondoren, onako liburu zoragarri auxe izan ere. Gipuzkeraz egiña, ta gipuzkeraz idatzitako libururik ederrenetakoa benetan. Iru argitaldi izan ditu onek ere, edota nai izan ezkero, lau: aurrena, esan degunez, RIEV aldizkarian (aldizkari goren au asi zanekoxetik irten zan bertan, ain zuzen, «Garoa» liburua), bigarrena Durangon Florentino Elosu'renean 1912'garren urtean, irugarrena Tolosan Lopez Mendizabal'enean (1934), eta laugarrena... begi-aurrean dezun onako auxe. Baña guk oni irugarrena deitzen diogu, Florentino Elosu'ren etxean egindako argitaldia aurrenekoa bezela atera bait-zan.
Laugarrena ere asia zula esan det lentzeago. Bai, egia de. «Euskal-Esnalea» aldizkarian argitaratzen asi zan atalka ta pitinga, zenbaki bakoitzean atal bana, alegia, 1917'garren urtean. «Ni ta ni» eman zion izena ta euskal Erdi-Aroko Oñaz ta Ganboatarren arteko gudaz ziardun bertan. Baña etzun bukatzerik izan.
Lan ederra benetan Txomin Agirre'k burutu zuna. Ederra ta txalogarria, goragarria ta gogo-beteko lana. Ta lan aundi guzi ori erdi-gaixorik egiña; aul xamarra omen zan berez Txomin, xotilla, ez indar eta sasoi aundiduna. Ta bere ajeen artean egin zun lana.
* * *
Ta nolako idazlea genun Txomin? Nolako nobelagillea?...
Idazle garaia nolanai ere. Nobelagille trebea. Ain maite zun euskera ta txikitatik ikasita iñoiz ere aztu etzun gure izkera maitagarria, urteetan zear gero ta geiago bereganatzen zijoan. Errotik zun ezagun. Eta Bizkaikoa izanda ere, beste euskalkiak ondo ezagutzen zituala argi ikusten da bere lanetan. Batez ere gipuzkera. Ta ala, naiz-ta bere liburuak izkelgi batean idatziak izan (batzuk bizkaieraz, bestea gipuzkeraz, esan detanez), beste euskalkietako itzak eta esaerak sartzen ditu bertan. Txomin'ek, bada, berak antolatutako «euskera osotu» batean idazten zula esan diteke. Bestaldez, berberak agertzen du asmo orixe «Kresala»ren itzaurrean: norbere-erriko izkera, an da emengo itzak eta esaerak artuaz, aberastu egin bear dala, alegia; goierrikoak beterrikoekin, auek berriz aiekin; ta ez probintzi-barruan bakarrik, beste probintzietakoekin ere beste orrenbeste egin bear dala. Alare, Txomin'en liburu bakoitza bere euskalkian idatzia dago ta euskalki ortan bakarrik; «Kresala»ren izkera, bizkaiera bizi-bizia da; «Garoa»rena, berriz, gipuzkera garbi leun eta aberatsa. Baña onek eztu len esandakoa galtzen.
Idaz-tankeran berriz erdira jo zun Txomin'ek. erdi-bidera. Etzan euskera mordollo zale, erdal-itz itxusiz betetako euskera-zale. Ezta itz-berri geiegien zale ere. Berak bi bide oiek ondo ezagutu zitun baldin bait ere: bata lengo gizaldiko idazle geienena, bestea oraingo gizaldiaren asieran azaldu ziran batzuena. Ezta joango ez batakin, ez besteakin. Erdi-bidea aukeratuko du. Ta erdi-bide ori, auxe: erri-erriarekin joango da, bere euskera erriarengan ondo sustraitua ta tinkatua egongo da. Nunbait entzuna degu bizkaitarrak ertzetik ertzera dabiltzala beti. Txomin beintzat ez; berak aukeratutako erdi-bidetik joko du. Berberak dio: «Euskerea aberatsa da, baña bere aberastasunak toki batean esiturik eztagoz, Euskalerri guztian zabaldurik daukaz». Ta aberastasun oiek bereganatzeari emango dio ta oiekintxe edertuko du bere euskera zoragarria. Txomin'ek, bada, erdi-bidetik jo zan. Geroago, Euskaltzaindiak berak, autetsiko zun erdi-bidetik eta gizaldi ontako euskal-idazlerik onenak berea egingo zuten bide bertatik. Ontan ere, latiñezko esaera aro egia noski: In medio consistit virtus; erdian dagola egia, ziur. Ez ertzetan.
Txomin Agirre idazle izateko jaioa zala esan genezake. Ta ez nolanaiko idazle, nobelagille izateko ain zuzen. Nobelagilleari bagagozkio, bada, nere iritziz auxe esan bear: euskerak eztula orain arte bera aiñako nobelagillerik eman. Bera aurrena, bera txapeldun. Ortarako almen eta doai berez ak zitun.
Nobelagille ona izateko iru gauza bear omen dira: luma bizi ta bizkorra, nobela-lagunak aukeratu ta beren izaera borobiltzeko psikologi berezia ta besteen biotzak ukitzeko sen eta doaia. Irurak zitun Txomin'ek. Ta irurai esker egin zitun bere iru nobela ederrak. Ala agiri zaigu ain txairo ta aberats, ain txukun ta ugoritsu, ain sentikor ta barne-eragikor. Bazekin esan bear zunari bizitasuna ematen; gogora «Kresala»ren «Zer esanak» atala, «Garoa»ren aizkora-jokua ta abar. Bazekin personak aukeratu ta begi-aurrean bizi-bizi jartzen. Ta ortarako etzion irudimenari geiegi bultza bearrik izaten; ikusi egiten zun, ikusi ta aztertu an da emen, au ta ori ta beste ura; ikusi ta aztertu nolakoxeak ziran, barne-barnera sartzeraño. Berberak dio «Kresala»ren itzaurrean: «Bertan agertuko diran gizon ta emakumeak eztira neure irudimenak asmau dituanak: oso itsua ezpanago ta amesetan ezpanabil, bizi-biziak dira, Arranondo'ko sardiñak legez; neuk ikusi ditut Arranondo'n eta edonok edozein itxaserritan ikusi daikez». Nork ez ditu gure euskal itxas-errietan «Kitolis»en antzeko amaika arrantzale ikusi? Ta nork ez ditu gure euskal-baserrietan Ana Josepa'ren antzeko amona xarrak ezagutu? Ta Joanes artzaiaren pareko aitona beneragarriak?... Biotzak ukitzeko doaia ere bazun Txomin'ek; nor ez da biotz-ukitzen «Garoa» liburuko Malentxo ta Joxe'ren arteko goraberak irakurtzean? edo-ta «Kresala»ko Kitolis'en istorioa ezagutzean?... Ta alako beste amaika ta amaika.
Baditeke Txomin'en nobelak orain-aldiko gustorako astun eta neketsu xamarrak izatea. Gaur-egungo nobela-tankera bestelakoxea da, biziagoa, esaera laburragokoa, txuzenagoa, azkarragoa. Txomin Agirre'ri gauzak borobiltzea atsegin zaio, berdintasunak bata bestearen atzetik mara-mara jaulkitzea, gauzei alde guzietatik, goitik eta betik, esker-eskubitik begiratzea. Ezta alakoa oraingo nobela-tankera. Bere aldiko semea izan gure Txomin. Atzo-goizekoa dala esan genezake. Baña atomika-aldi auetan atzo-goizetik gaur gauera asko ibiltzen da bat. Eta nobelak mundu osoan aurrerapen aundia izan du. Dana dala, nobelak egiten mutilla zan gero gure Txomin. Gogoz ta ain gogoz! irakurtzen zaio.
Baditeke munduko beste izkeratako nobelagilleen Parean jarrita, bajutxo gelditzea. Batez ere prantzes, ingles ta rusoen pare ipiñita. Baña nik auxe esango dizut: Txomin Agirre bere «Kresala» liburuagatik Pereda nobelagillearen pareko jarria izan dala, ta «Garoa»gatik berriz René Bazin prantzesaren berdiñeko. Ta badakigu Pereda ta Bazin Españi ta Prantziko nobelagillerik onenetakoen artean daudela, naiz-ta aiek ere beren aldiko semeak izan...
Iru liburu idatzi zitun Txomin'ek. Irurak ederrak. Baña batez ere «Kresala» ta «Garoa». Eta auetako bat aukeratu bearrean arkitu izan ezkero, «Garoa» aukeratuko nuke. «Kresala»ren izkera biziagoa dala? Alare «Garoa»rena aberatsagoa, beteagoa da; nobela-tankeran «Garoa» obea da, personak obeto tajutuak, beren ibillerak eta zertzeladak obeto antolatu ta margoztuak. Nere ustez beintzat. Baña bi-biak dira gogo-betekoak. Bi-biak azaltzen dute argi ta garbi euskal-arima. Eta ontan biak osotzen dirala esango nuke. Bakoitzak euskaldun izaeraren zati bana agertzen bait-du: «Kresala»k gure itxas-ertzeko arrantzaleen izkera, «Garoa»k berriz gure lur-barruko baserritarrena.
Aita Pierre Lhande jesulagun euskalzaiñak, Txomin Agirreri buruz egindako lan eder batean, auxe dio: aren lan guzien aurrean Aita Larramendik bere euskal gramatikaren titulutzat jarritako uraxe jarri bear litzakela: «El imposible vencido»: eziña egiña, alegia.
* * *
Ona, bada, emen «Garoa» liburuaren irugarren argitaldia. Au egitean, bigarrena izan degu begien aurrean, bigarrenari atxiki gatzaio, Lekuona Apaiz euskalzaiñak moldatu ta Lopez Mendizabal'dar Ixakak argitara eman zunekoari, alegia. Badakigu bigarren argitaldi ori, azaldu zanean, naiko maxiatua, ta gaizki ikusia izan zala. Ez gera gu ortan sartu... Egia da, kritikoen begietatik ikusi nai izan ezkero, obe zala aurreneko argitaldiari jarraitzea. Baña guk eztegu edizio kritiko oietakorik egin izan nai; ezta ori gure asmoa izan. Erriaren begietatik ikusi nai izan degu; ta orregatik aukeratu degu bigarren argitaldia, erriak ezagunagoa ta irakurriagea zulako, errian zabalduagoa zegolako.
Zarauzko «Itxaropena Argitaldaria»n ateratzen da irugarren au. «ltxaropena»k euskal-liburuak argitaratzen eta zabaltzen egiten ari dan lan goragarria bein da berriz txalotzea, bidezkoa ta bearrezkoa derizkiogu. Apaingarriak, Arantzazuko praille prantziskotar gazte ta ertilari trebe dan Iriondo'renak dituzu.
Ta... besterik ez. Itz bi esan det eta askotxo irten. Barka, irakurle. Bidezkoa zan, nere ustez, Txomin Agirre'ri buruz zertxobait baño geiago esatea. Zoaz, zoaz lenbaitlen liburu zoragarri onen orrialdetan barna. Nik askotan irakurri izan det eta ez naiz bein ere nekatu. Zuk ere beste orrenbeste izango, al dezu. Zoaz Joanes artzaiak, Ana Josepa'k, Malentxo'k egiten dutena ikustera...