literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.161 idazlan
7.840 esteka / 6.385 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Kresalaren laugarren agerraldia

 

Luis Villasante

 

«Kresala»

Domingo Agirre

Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria, 1967

 

        Orrialdetxo bi besterik ez deuste emon inprentan. Ezin ba, nik gura neukean giñoan, itzaurre egoki ta mamintsu bat Kresalari eskeiñi. Eta merezi dau, orraitiño.

        Igaz, Garoa argitara zanean, bertan jarri genduzan zenbait albiste Domingo Agirreri eta beronen lanei buruz; zerbait esan genduan, baita be, bera bizi izaniko aroaz eta orduko literatur giroaz. Ez dogu ba gauza areik emen barriro esaten asi bearrik.

        Kresala barrutik aztertzen eta arakatzen asteko be tokirik ez dogun ezkero, auxe esan daigun beintzat: ondasuntegi amaibagea dogula Kresala, erri euskerea ezagutzeko. Batez bere alkar izketeak, zein bizi, jator ta euskaldunki eroaten dituen! Erriaren berbetea, erriko izketearen arimea zein ederto jaso ta beretakotu daben Txomin Agirrek! Eta izkuntzaz gaiñera, etnologia eta folklore aldetik be, gure itxas errietako oitura eta bizimoduaren barri jakiteko be, liburu apartekoa da Kresala.

        Nobela onetan agertzen diran lagunak, barriz, bizi biziak dira, «Arranondoko sardiñak legez», egilleak berak diñoskun bezela. Zenbat irudi bizi dagozan egunaroko goraberaetatik artuak; egunaroko bizitza arruntetik aldatu eta liburura ekarriak dirudienak! Esate baterako, Tramana eta Brix, aste santuko prozesiñoak, Indianoa, eskolara barik ondartzan olgetan dabiltzan umeak eta eskolatik datorrenagaz daukien berbetea, zalpurdikoak errikoakgaitik eta oneik angoakgaitik diñoena, arrain saltzaille astodunak lur barruko errietan egin oi dabien sarrerea, ta abar. Jakiña, Domingo Agirrek ezagutu eban Ondarroa eta oraingoa be ez dira bardiñak. Aldatu ederra artu dau bizimoduak ordutik ona. Baiña ain zuzen be orrexegaitik, gero ta balio andiagoa irabaziaz joango da, nire ustez, euskaldunentzat liburu au. Eta Kitolisen kapituluaz, zer esan? Ondarruko Lore-Jokuetan Jose Artetxe jaunak esan ebana: mundu guztiko literaturearen orrialderik onenak liburu batean batuko balira, antxe sartu bearko litzatekezala kapitulu ortakoak.

        Bizimodu gogorra, latza, arrigarri neketsua arrantzaleek orduan eroaten ebana (oraingoari ezer kendu barik): beti itxasoagaz burrukan, eta makiña bat bider itxasoan aurkitzen eban ondamena. Domingo Agirrek monumentu illezkor au jaso nai izan eban gure euskal errietako arrantzaleen ohoretan.

        Zein da obea, Kresala ala Garoa? Eztabaideak izan dira eta dira orretan, eta ni ez naz asiko auzi ori erabagi naiean. Anai bikiak ditugu, duda bage. Bata itxasertzekoa, bestea legorrekoa. Bata bizkaitarra, bestea gipuzkoarra. Biak gure Domingo Agirreren frutu bikain, umo eta iraunkorrak.

        Kresalaren agerraldiak.— Laugarren agerraldia deitu deutsagu gure oraingoari. Izan bere, irugarrena Zarautzen, Kuliska Sortan, 1954 gn. urtean egin zan, Aita Onaindia karmeldarraren ardurapean. Bigarrena, barriz, 1906 gn. urtean, Durangon, Florentino Elosurenean, egillea bera bizi zala. Eta lenengoak, Euskal Erria aldizkariaren orrietan urten eban atalka ta zatika, 1901 eta urrengo urteetan.

        Gure agerraldia.— Bigarrenari jarraitu deutsagu guk orpoz orpo oraingo au egitean; Elosurenean agertu zanari, alegia. Izan be, Arantzazuko liburutegian ba dago ediziño orren ale bat egillearen beraren dedikatoria ta guzti, gure komunidadearentzat.

        Bakar bakarrik aldaketa onetxek egin izan ditugu:

        1) Ortografia oraingo erara jarri.

        2) «z» eta «s»-tan dagoen nastea zuzendu. Adibidez, «esagutu», «gaste» ta olakoen ordez, «ezagutu», «gazte» ta abar ipiñiaz.

        3) Laburpen batzuk kendu ta ilzak osorik jarri. Esate baterako, aditza eta laguntzaillea batera jarri oi ditu sarritan Txomin Agirrek: «urteban», «esaban», «izateban», ta abar. Guk, barriz, «urten eban», «esan eban», «izaten eban» jarri dogu. Eta baita bere «guraña»: «gura aña», «bieban»: «biar eban».

        Ganerakoan, egillearen lana dagoen dagoenean itzi nai izan dogu.

 

Bilaketa