literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Domingo Agirre Badiola (1864-1920)

 

Luis Villasante

 

«Garoa»

Domingo Agirre

EFA, 1966

 

        Ondarruak —eta arekin batean Euskalerri osoak— aundikiro ospatu du Domingo Agirreren jaiotzako eungarren urtea. Jaialdi eder aien oiartzuna ez da oraindik itzali.

        Izan ere, aparteko tokia irabazi du Domingo Agirrek euskal literaturan. Erriak baiezko osoa eman die aren liburuei. Eta auxe izan epairik onena. Propagandaotsa ixiltzen denean zutik gelditzen dena, ark du bere baitako balioa.

        Joan-mendeko azken urteetan, eta gure onen asieran, zerbait berri nabari da gure literaturan. Pizkundea deritzaion abiadura aundi hori orduan asi zan. Aro terri bat, muga terri bat. Muga ortaz andiko eta emengo euskal idazleek alako leize batek bereizten eta bitaratzen ditu.

        Gure Txomin Agirre, aro berriko idazleen artean sartu bearra dago, zalantza gabe. Eta aro berriko idazleen artean garaienetakoa dugu, garaiena ezpada. Or gelditu dira aren liburuak aro terrien bandera bezala.

        Bai, Domingo Agirreren lanek garaitia lortu dute. Bera, ordea, pixka bat baztertuxea daukagu. Aren bizitzaz, aren nortasunaz, ta abar, zein gutxi idatzi den! Urteak igaroan dijoaz, eta gure artean ez da iñor jarri aren bizitza idaztera, aren gizantza ta gizirudia nolakoa zen arakatzera, eta aren idazlanen azterketa sakon bat egitera. Orrenbeste merezi, zuen, ba, jaun bakezko eta amoltsu ark, apaizen ispillu eta eredu genuen ark. Gure literatura mailla obeago batera jasotzeagatik ainbeste lanbide beregain artu zituen ark. Bai, Euskalerria zorretan terri labur oek.

        Bitartean, bijoaz an emen idoro eta bildu ditugun berri labur oek.

 

 

I

BIZI-XEHETASUNAK

Domingo Agirre, gizaki aldetik

 

        Ondarruan 1864-ko maiatzaren 4-an jaio eta urrengo egunean bataiatua izan zan. Bataioan Domingo Ascensión izena ipiñi zioten. Aitari Manuel Vicente zeritzaion: Motrikuko semea zan, eta ofizioz arotza. Ama ondarrutarra zuen; izenez, Maria Magdalena. Andik egun gutxira artu zuen aurrak konfirmazioko sakramentua, maiatzaren 10-ean, D. Diego Maria Alguacil apezpikuaren eskuetatik. Gero, apaiz egindakoan, Ondarrukoek Txartxako abadia deitzen zioten gure Txomiñi. Txartxa, Motriku aldeko baserri bat da. Andik zeukan jatorria.

        Goiko-Kaleko 26 garrena duzu Domingo Agirreren jaiotetxea. Andik ikusten zuen bere aurtzaroan itxaso aserrea eta Ondarruko itxas-sarrera gaiztoa. Txikitatik bere begiekin ikusi zuen arrantzaleek eramaten zuten bizimodu latz neketsua. Eguneroko ogia irabazteko pasa bear izaten zituzten arriskuak. Aren aita, ordea, esan dugunez, ez zan arrantzalea, arotza baizik.

        Txikitatik alaber nabaitu zuen Txomiñek apaiz izateko ametsa, deta. Baiña gurasoak pobreak izan. Semearen ikastaroak ezin aiek pagatu. Baiña mutilla zerbait koskortu zenean eta aitari bere arotz-lanetan laguntzen asia zenean, ustegabeko egokiera on bat azaldu zitzaion. Bilboko Arzipreste jaun, D. Mariano Ibarguengottia, mutillaz kupiturik, berakin artu eta Bilbora eraman zuen, an bere laguntzaille edo morroi izan zedin, eta bide batez apaiz ikasteak egiteko modua zabaldu zion. D. Domingok beti gorde zuen eskerronezko sentimendu bat bere ongille arentzat.

        Bilbon bertan egin zituen latin ikasteak. Ba dakigu irakaslearen izena: D. Silverio F. de Echevarria, apaiza. Bai jaun onek eta bai D. Martanok, bi biak, ao batez esaten digute nolakoa zan gure mutilla: on utsa, akats gabea («conducta ejemplarísima», «conducta irreprensible», ta abar).

        Ogei urteko zela, 1884-an alegia, Gazteizko Seminatiorako eskatzen du: Filosofiako kurso bat egiten utzi dezatotela, alegia (Seminario Conciliar de S. Prudencio y S. Ignacio). Erretoreak (D. Fco. S. de Frutos) mutillaren informe onak ikusirik eta latiña bere kontura edo partikularki ikasi duela jakiñik, Filosofiako lehen-kursorako artzen du.

        Filosofiako kurso bakar hori egin ondoren, Teologiako beste bi kurso egin zituen, Gazteizen bertan (1885-1887); lehenbizikoan «benemeritus» atera zuen, eta bigarrenean «meritissimus». Azkeneko kurso au «kanpoko» bezela egin zuen (externo).

        Eta iru urte auek (Filosofiako bat, eta Teologiako bi) izandu ziran Seminarioan egin zituen urte guztiak. Gazteizko Seminario ontan ezagutu zituen Txomiñek bi ikaslagun, bere adiñekoak, eta gero bizi guztian adiskide mami izango zituenak: Resurrección María de Azkue eta Francisco Iturribarría. Txomin Agirre il zenean, Azkuek itzaldi bat egin zuen aren omenez, eta bertan kontatzen dizkigu Seminarioko denboretako gertaera eta oroigarri batzuk. Itzaldi ortan «odol-zurbil» deitzen dio Azkuek gure Agirreri; esan nai du, mutil maratza, esanekoa, paketsua, guztiz zuzena zela gure Txomin. Bera, berriz, «odol-garri» omen zan, biurri, urduri eta ezin-egona. Txomiñek aginduak beti txintxo betetzen zituen. Orregatik, besteek belauniko edo kastigatuta egon bear izaten zuten bitartean, gure Txomin ez zan sekula egon belauniko, Jainkoaren aurrean, elizan, izan ezik.

        Ona emen Domingo Agirre ordendu zeneko urte-egunak.

                Tonsura: 17-4-1886

                Menores ta Subdiakosno: 1887, iraillean

                Diakono: 19-12-1887

                Apaiz: 26-5-1888

        D. Mariano Miguel Gómez apezpikuaren eskutik artu zuen apaiztasuna.

        Eta esango al dut? Eta zergatik ez? Domingo Agirre karrera motxeko apaiza izan genduen. Azkuek ondo jakin bear zuen au, baiña aren karreraz ez digu gauza garbirik esaten; bildur zan, nunbait, hori salatzeak ez ote zion aren ospeari mesede baiño kalte geiago egingo. Baiña, gaur, nere ustez, ez dago arrazoirik hori ixillean eukitzeko. Lotsagarri barik, goragarri baita Domingo Agirrerentzat ain karrera urriarekin ain gora igo izena.

        Garai artan maiztxo gertatzen zan au. Apaizgat batzuk, diru-faltaz, karrera motx batekin ordendu oi ziran, eta gero, jakiña, ematen zitzaizkien karguak ere alakoak izan oi ziran: ots, bigarren edo irugarren maillakoak. Ortik bereizkuntza edo desberdintasun usai txarreko bat sortzen zan apaizen artzen. Batzuk beti zokoan egon bear.

        Domingo Agirre familia pobre bateko semea zan, eta ongille baten laguntasuna izanarren, karrera motx batekin etsi bear izan zuen. Azkuek, berriz, askoz karrera obea egin zuen, eta tituluz ornituago atera zitzaigun, etxe obeko semea zelako, noski.

        Azkuek berak kontatzen digu nola hein, Ondarrun zeudela biak, Agirrek erdi lotsaz esan zion: «Ik, nerea lango etxe tutu batean eztek sartu nai izango»... Eta eraskin au jartzen dio Azkuek bere lagunaren ateraldiari: «Gizonak: Conderen semetzat artu ninduen nere adiskide maiteak; ori gero lau urtetan elkarren barruko giñala»...

        Urkiolan eman zuen bere meza berria. Andik gutxi, Karranza aldeko errixka baterako artu bear izan zuen bere lehenbiziko izendapena. Baiña an illatete batzuk bakarrik egin zituen. Nolanai ere, laster eman zioten Zumaiako mojen kapeillautza. Karidadeko Karmeldarren kapeillau izandu zan, ba, Txomin Agirre bere bizi guztian. Emen bota zituen urteak 11 arte; eta txoko ontatik egin zuen bere euskal lana. Ba zuten moja aek neskaen kolejio edo aztetxe bat. Erri askotatik etortzen ziran familia on-samarreko alabak aziera eta eskola an ikastera, eta «barruko» (internas) bezala bizitzen ziran kolejioan. Gure D. Domingo zan, bai komentu eta bai kolejioko kapeillau.

        Esan dugunez, emen iraun zuen D. Domingok il arte. Eta ez dut uste bere txoko artatik asko ateratzen zenik. 1892 urtean joan-etorri bat egin zuen Erromara, erromes talde batean, San Luis Gonzagaren irureungarren urtea zela-ta. Urteko-urtero, uda-garaian, mojak pagatuta, Izarrako baiñu-etxe batera joan oi zan egun batzuk pasatzera (beti osasun gutxikoa izandu baitzan). Iñoiz Doniane Loitzunera ere joan zan, D. Tirso Olazabalen jauregi batera. Noizik bein euskerazko sermoitxo batzuk egitera ere ateratzen zan: ala predikatu zuen Zestuako euskal festetan (1898), Begoñako Amaren koroazioko egunean (1900), eta beste zenbait sermoi or-emen, batez ere Urola baillarako errixka batzuetan.

        Baiña apaiz bezala erabat lotua zegoen bere kapeillautzako eginbide santuei. Hura ezagutu zuten denek aitortzen dute ba zuela apaiz ark zerbait, arrunt ez dena: alako santu usai bat, prestu usai bat, aitonen seme aire bat, pin, apain, dotore edo zerbait berezi beintzat. Naikoa zan Domingo Agirrek gauzarik arruntena egitea edo irakurtzea: adibidez, Ama Birjiñari edo Jesusen Biotzari konsagrazioa: ark irakurri ezkero, beste gauza bat zan. Alako jauntasun edo bikaiaitasun bat zerion aren presuna osoari. Urteko Ejerzizioak Zumaiako mojek beti berarekin egin nai izaten zituzten: orrek ere askotxo esan nai du. Eta Jose Antonio Loidi, Tolosako frantziskotarren atezai zaharrak, auxe kontatu dit: bein Zumaian eskean zebillela, Parroku jaunaren etxean lo egin ondoren, goizean meza entzutera mojen kapillara joan zela. D. Domingo zan meza emale. Gizon santu hura aldarean ikusteak egin zion inpresioa ez omen zaio berari sekula ahaztu. Gizona ez, baiña aingerua ematen zuela: ala dio berak.

        Azkuek bere adiskidearen omenez egindako itzaldian, arimako doai eta birtute auek (beste batzuen artean) gogoratzen ditu: egonarri aundikoa zela, eta esku-zabala pobreekin. Naiz ta bere etxekoak oso pobre izan, pobreen artean banatzen zituen bere diru apurrak. Beragana laguntza eske etortzen zirenak, ala-olako jendea izaten zan, mozkorrak eta abar. Batek baiño geiago esan izan zion D. Domingori: Zertarako eman dirua oiei, diru hori ardo biurtzen baitute? Baiña berak erantzuten zuen: Karidadea Jainkoagatik egin bear dela, nori ematen zaion begiratu gabe.

        Naiz ta gizon gozoa ta otxana izan, ba zekian aurpegia Jainkoaren eskubideen alde ateratzen. Bein, gaixorik eta oean zegoela, baten batek birao bat bota zuen kalean. D. Domingok, oetik altxa eta leiotik demanda egin zion. Zillegi bekit, berriz ere, Azkueren beste itz auek aldatzea: «Kapellau etxetxo artako ikusguak (miradorak) izketan baleki, amaika gertari eder, Agirre bereterra nor zan yakin-arazteko, edatsiko lituke!».

        Bein baiño geiagotan jo zuen Azkuek Agirregana burubide eta aolku eske. Eta beragan aurkitu zuen denok bizitzako une samiñetan bear izaten dugun abea eta igeslekua. Batez ere (Olaizola jaunak dionez), Urlo opera Bilbon eman ondoren, zorrak ordaindu ezinda aurkitu omen zan, etsipenean sartuta, zer egin ez zekiala, eta dena bertanbera laga ta jesuita sartzeko asmoakin joan omen zitzaion Zumaiara. Agirrek bere itz gozoekin lasatu zuen gizona, eta gero, poliki poliki dena konpondu zan.

 

* * *

 

        Eta emendik, Zumaiako txoko ontatik egin zuen bere euskal lana. Biotzean zekarren, Seminariotik nunbait, euskeraganako sua ta zaletasuna. Aren euskal lanik zaharrenak 1890 koak dira.

        Olaizola Bilboko jaun kanoniguak (Zumaiarra da bera) kontatu digu nola Agirrek agertu zion bein apezpikuari barruan zeraman kezka. Euskera-gauzetan denbora ematea ia ez ote zen bere apaiz eginbideen kontra izango? Jaiaikoak naiko ote zuen hori? Auxe zan kezka. Apezpikuak, naiz ta erdalduna izan (Eijo y Garay uste dut zela), bide ortatik jotzeko esan zion. Eta aurra zapata berriekin baiño pozago atera omen zan D. Domingo apezpikuaren ikustetik. Negar ere egin omen zuen pozaren pozez.

        Garai artako aldizkarietan («Euskal Erria», «Euskalzale», «Revista Internacional», «Euskal Esnalea»...) maiz ikusten ditugu aren lanak, naiz olerkiak, naiz itz lauzko artikuluak. «Jaungoiko-Zale» apaiz lagunarteari izena emanda zegoen. Adiskide zituen garai artako euskaltzale ta euskalari ospetsuenak: Azkue, Etxegarai (Karmelo), Urkijo, Lhande, Kanpion, Gerra (Juan Karlos), Muxika (Serapio), ta abar. Zuloaga pintoreak eta Ortega y Gasset-ek ere ezagutzen omen zuten, Zumaian udaldia pasatzen zutelako.

        1918 gn. urtean gaude. Eusko Ikaskuntzak (Sociedad de Estudios Vascos) bere lehenbiziko Batzar ospetsua antolatzen du Oñatin, eta Batzar orretan artzen dute Euskaltzaindia sortzeko erabakia. Emen izan genduen Domingo Agirre batzarkide bezala. Bera izan zan, gaiñera, euskera sailleko taldearen zuzendari, buru ta lokarri. Ona emen lehenbiziko lau euskaltzaiñen izenak: Azkue, Kanpion, Eleizalde eta Urkijo. Gaiñerako zortzirak geroxeago, 1919-ko urriaren bostean izan ziran autatuak, eta oietatik bat, gure Agirre (Ikus Primer Congreso de Estudios Vascos, 483 orriald.; Euskera, I urtea, I zenbakia, 42, 47-48 orriald.).

        Euskaltzain autatua gelditu zan, ba, Agirre Euskal Akademiaren asiera asieratik. Egia esan, iñoizko maxkalen azaltzen omen zan Oñatiko batzar-egunetan. Eta ez zuen luze iraun.

        Domingo Agirreren izena Euskaltzaindi sortu berriaren lehenbiziko zortzi batzarraldietan bakarrik ikusten du. Geiago joaterik ez zuen izan. 1920-ko ilbeltzaren 14-an il baitzan Zumaiako kapeillau etxean.

        Olaizola jauna izan zuen bere ondoan une artan. Aren azken itza «Ama» izan omen zan. Aspalditxotik nola zebillen osasunean oso kraskatua, Olaizola jaunari deitu zion (artean au Oñatin zan), kapeillau-lanetan lagundu zezaion. Askotan ateratzen zan berakin. Berri jakingarri asko jaso zituen Olaizola jaunak aren aotik.

        Azkue, Lhande, Etxegarai, Julian Elorza ta abar egon ziran aren eorzketa eta illeta egunean.

        Euskaltzaindi sortu berriak izandu zuen lehen utsunea Agirrerena izandu zan. Eta utsune hori betetzeko, Altube tar Seber jauna euskaltzaindu zuten.

 

* * *

 

        Izan ote zuen iñoiz D. Dorningok artu emanik Angeles Sorazu, Zumaiako moja argiarekin? Ez dakigu. Angeles Sorazu, nexka, txiki zenean, moja oen eskolan ibillia zan bera ere; baiña gure D. Domingo ango kapeillau izatera etorri zenerako, hura Valladolidko komentu batean zegoen. Erriko parrokuari (D. Manuel Beobideri) eta bere ahaide batzuek iñoiz idazten ziela jakin dugu, baiño besterik ez.

 

* * *

 

        Zumaiako mojek urte askotan (fa oraintsura arte) gorde izan dute D. Domingoren lan-gela, aren liburutegi ta guzti, ark utzi bezalaxe. Aren liburutegiko liburuak sail auetakoak ziran geienbat: Kondaira, Teologia, Literatura, eta Euskalerriari ta Euskerari zegozkionak. Ikas zalea ta estudiora emana izandu zan beti. Euskera gauzetan batez ere, egunetik egunera egiten ziren azterketa eta lan berrien jakiñean zegoen.

 

 

II

KARLISTEN GERRATE-ONDOKO EUSKAL GIROA JOERA BERRIAK

 

        Domingo Agirrek bere aurtzaroan ezagutu zuen karlisten azken gerratea. Gerra hura bukatutakoan, fueroak kendu edo moztu egin zizkiguten. Eta ain zuzen, orduan sumatzen da euskal bazterretan alako kezka, dardara eta urduritasun bat euskeraren alde, ordura arte iñoiz sumatu ez zen bezalakoa. Euskera salbatu nai da. Fueroak galdu ditugun ezkero, izkuntza beintzat ez dezagula gal. Arrese Beitiak saria irabazten du bere olerki famatu arekin: «Ama Euskeriari azken agurrak» (1879). Manterolak Euskal Kantutegia (Cancionero Vasco) ateratzen du, eta gero «Euskalerria» deritzaion aldizkaria sortzen. Kanpionek bere Euskal Gramatika gotorra ematen du argitara (1884). Errietan euskal festak antolatzen dira. Euskalerriari eta euskerari buruzko aspaldiko obra galantak bigarren edo lehen aldiz orain argitaratzen dira: Henao, Moret, Novia de Salcedo, Aizkibel, Mogel, Astarloa. Iparragirrek bere «Gernikako Arbola» asmatu, eta bereala euskaldunen kantua biurtzen da.

        Ba da kezka bat bizi bizia. Euskera salbatu nai da. Baiña nola?...

        Domingo Agirre kezka eta asmo oien erdian azi ta koskortu zan. Eta giza-nortasuna mamitzen den urte oetan, an biotz-barruan kokatuta aurkitu zuen euskeraganako su hori. Nola? Nork daki? Norberak ere ez, geienetan. Nolanai ere, apaiztu ta beriala ikusten dugu Domingo Agirre euskerari lotua, euskeraz idazten, euskera lantzen. Eta bere bokazioa ez zuen iñoiz ukatu.

        Pixka bat geroxeago, joan den mende ondarrean eta gure onen asieran, alako izpiritu berri bat nabari da euskal literaturaren alorrean. Astindu bortitz batek joak ari dira euskaltzaleak, eta abiadura aundi bat sortzen dute. Euskera nai dute datzan egoera tristetik atera, daukan erdoia ta gorrina garbitu, itz batean, gure mintzaira txukundu, apaindu, landu, mailla goi batera jaso. Ez gaitezen esker txarrekoak izan, gu ere abiadura eta bultzada artatik bizi gera ta. Baiña onako au ere esan bearra dago: ereboluzio guztietan bezala, geiegikeriak gertatu zirela. Ordura arte egin zen guztia txartzat jotzen zan, ez zuen ezer balio. Oiñarritik asi bear zan etxea berriz egiten. Eta, jakiña, erroak mozturik, aurrekoen laguntza gabe, gure aldetik ola abiatzea ez ote zan erokeri aundia, eta arriskuz beteriko benturan benturatzea? Dena bear zan berritu: ortografia, itzak, aditzak, joskera edo sintaxis. Ezertxo ere ez zan zutik gelditzen. Eta euakaltzale berriak beren artean iritzi bateko balira, gaitz-erdi baiño ez: bakoitzak ba zioten bere legeak, bere arauak, bere iritziak eta bere idazte moldea. Alde batetik zebillen Arana, Azkue bestetik. Arriandiaga, Soloeta-Dima, Eleizalde, Olabide... Ba ziran, noski, tradizio zaharrari eta erriko-izkuntzari begirune geiago gorde nai ziotenak ere, eta oei eskerrak garaituko zan azkenik kenka larri au.

        Ba da liburuxka bat, Tolosan 1906 urtean aterea: «Observaciones para hablar y escribir tolerablemente en nuestro idioma eúskaro». Egille izenik gabe azaldu zan, baiña Patrizio Orkaiztegi jaunarena izan bear du. Orduko giroa ta usteak jakiteko ez da txarra. Euskerazko liburu zahar guztiak txartzat jotzen ditu. Zenbat eta zaharrago, orduan eta txarrekoak, gaiñera. Comteren eskolakoa dirudi jaun onek...

        Denek ikusten dute gure izkuntza erdalkeriak joa, eta eritasun ortatik nai dute sendatu. Erdalkeria hori batek ikusten du emen, besteak an, eta egin nai lioteke izkuntzari ez dakit nik zenbat operazio. Orixek idatzi duena datorkit gogora: «Euskera gaixoak operazio asko dauzka egin bearrak, eta guziak batean egin ezkero, il liteke» (Urte guziko Meza-Bezperak, Bi Itz, X or.).

 

* * *

 

        Guri orduan gertatu zitzaiguna argitzeko, eun-zango deritzaion zomorroaren (ciempiés) ipuia entzun izan dut. Galdetu omen zioten bein zomorro oni: —I nola maneatzen aiz orrenbeste zangokin ibiltzeko? Nola botatzen dituk pausoak? Zein oin mobitzen duk aurrena, eta zein urrengo, ta irugarrengo...? Ta nola ez aiz nahasien ainbeste zango erabiltzean?

        Gure zomorrotxoak ordura arte ba zekian ibiltzen, aguro gaiñera, ta txairo ta arin asko. Baiña galdera hori egin ziotenean, asi zan gogoeta egiten, bere buruari begiratzen eta neurriak artzen, zein zango ta nola mobitu bear zuen pentsatzen, ta orduantxe nahastu zan. Orduantxe ahaztu zitzaion ibiltzen, ordura arte ain eroso ta erraz ibiltzen zekianari.

        Orrelako zerbait gertatzeko arriskuan egondu giñan gu ere. Zorionean, aurreko garaiekin lokarriak ez ziran erabat eten, eta Pizkunde abiadura onen zituak, gora-behera ta geiegikeria ta akats guztiekin, onak izan direla ez da dudarik. Euskeraren kezka beintzat sartu du biotzetan. Eta geiegikeria ta akats oetatik zentzatuaz goazela dirudi.

        Olatu guzti oen erdi erdian murgildurik bizitzea tokatu zitzaion gure Txomiñi. Aro berrien muga-mugan kokatua aurkitzen dugu bera. Garai artan dogma bezala zabaltzen eta aizatzen ziren teoria eta uste batzuen marka nabari da aren idazlanetan (nola ez?).

        Kresalaren itzaurrean ara zer idatzi zuen berak: «Askori entzun deutsat, eta milla aldiz bai, oso neketsua dala guk egiten ditugun gauzak irakurtea, errezago ipiñi bearream, dana ipiñi dogula geroago ta gatxago, ta ortik datorrela euskerazko libururik iñok ez ikusi gura izatea». Dena dela, eta oro ar, azte edo anditze krisis bat izandu zan hura. Uts eta zulo guztiekin ere, euskera mailla obe batera jasotzeko izandu zan. Txomin Agirre, berriz, mobimendu onek ekarri duen fruiturik bikaiñenetakoa dugu. Izan ere, teoria eta sistema guztien gaiñetik, ba da Txomin Agirregan alako sen bat, zentzu bat, neurriaren sentidu bat eta ederraren intuizio bat. Aren lan guztiak arduraz eta patxadaz egiñak izan dira. Izkera pin, apain eta autatua darabil beti. Erri izkeraren gozoa ta guna bereganatu du eta bere lan guztietara ixurtzen asmatu du.

 

 

III

DOMINGO AGIRREREN OBRAK, ETA BEREZIKI «GAROA»

 

        Ez goaz emen aren lumatik atera ziren lan guztien zerrenda osoa egitera. Aren idazlan motxak garai artako aldizkarietan sakabanaturik daude. Bilduma bat naiko ugaria, naiz ta osoa ez izan, Aita Onaindiak eman digu, «Ondarrak» izeneko liburuan. Txomin Agirrek ba ditu olerkiak, ba ditu itz lauzko idazlanak, ipuiak, sermoiak ta abar. Aren semoirik geienak oraindik argitara gabe daude.

        Lan oetatik batzuk aipatu nai izan ezkero, aipa ditzagun «Joan-etorri bat Erromara», «Rita Larramendiren bizitzaren berri laburra», Bizenta Mogelen Ipui Onak liburuari egin zion itzaurrea (1912 ko edizioari, alegia). Kondaira eta biografi-gaiak gustatzen zitzaizkion gure idazleari, eta ala egin zigun «Iziarko Amaren Kondaira laburtxoa», «Etxeberria tar Silberio Franzisko Jauna» (au da Txomiñi berari latiña irakatsi zion apaiza), «On Pedro Noblia Salzedokuaren jaiotzako lenengo eunkidan», ta abar. (Ikus «Ondarroa Boga boga» izeneko aldizkarian Bitañok emandako idazlanen zerrenda, 1964 Mayatz-Garagarrilleko zenbakian). Jakin dugunez, Jon Bilbao jaunak aurki agertu bear du euskal bibliografi osoa. Erraz izango zaigu orduan gure idazlearen obra aundi eta txiki guztien berri jakitea.

        Nolanai ere, eleberri edo nobelak dira Txomin Agirreren obrarik aundienak, eta ari fama guztia eman diotenak. Iru nobela idatzi zituen: 1 Auñamendiko Lorea (1898); 2 Kresala (1906: au da liburu bezala agertu zeneko urtea, baiña «Euskalerria» aldizkarian atalka agertu zan aurreko urteetan); 3 Garoa. Eta laugarren nobela egiten ari zan, «Ni ta ni», eriotza eldu zitzaionean.

        Kresala ta Garoa izan dira arrakasta eta estimazio geiena izan dutenak. Hura bizkaieraz eta au gipuzkeraz, hura itxastarra eta au menditarra, biak dira anai bizkiak. Euskaldunaren bizikera ta oiturak dute gaitzat. Gure erriaren irudia ematen ain ederki asmatu duelako, ortixik eldu zaio (besteak beste) gure idazleari fama ta aomena. Fausto Arozena jaunak idatzi du Kresala ta Garoak Peredaren beste bi inobela gogoarazten dizkigutela: Sotileza ta Peñas Arriba, alegia. Izan ere, Sotilezak itxasoko bizikera kontatzen digu, eta Peñas Arribak mendikoa: hura 1885 urtean atera zan, eta au 1894 an. Seguru asko Txomin Agirrek ezagutuko zituen Pereda jaunaren nobela oek, eta bearbada oek emango zioten beste auek asmatzeko aitzaki (nik ezin erabaki nezake puntu au). Baiña hori ala balitz ere, orrek ez du ezer esan nai gure bi nobela auen jatortasunaren kontra. Domingo Agirrek euskaldunen bizitza artu zuen ispillu ta eredutzat. Bere inguruan zeukan erria gogoz ta maitekiro miatu du, eta Euskalerriaren irudi maitagarri bat ematen asmatu du. Bai mamiz ta bai azalez ere gure-gureak dira Kresala ta Garoa.

        «Garoa», bada, lehenbizi Revista Internacional de Estudios Vascos-en atalka agertuaz joan zan, 1907-tik 1912ratio; baiña aldizkari ontan ez zan osorik azaldu (azkenengo lau kapituluak ez, beste guztia). Eta azken urte ontan, 1912-an alegia, liburu bezala azaldu zan Durangon, Florentino Elosuren etxean. Au dugu, ba, lehenbiziko edizioa.

        1934 gn. urtean egin zan bigarrena, Tolosan, Lopez-Mendizabalen etxean. 1956-gnean. irugarrena, Zarautzen, Itxaropena etxearen inprentan.

        Beraz, gure au laugarrena dugu.

        Laugarren edizio au egiteko, 1912 koari jarraitu gatzaizkio, au baita egilleak bere eskuekin zaindu zuena. Bakarrik ortografiako uskeria batzuetan aldatu dugu, oraingo erara jartzeagatik. Artean ezpaitzan Euskaltzaindirik, eta euskal ortografia finkatu gabe aurkitzen zan. Aldaketa oiek gutxi izan dira. Ona emen: «x» ta «tx» jarri, ark «s» ta «ts» gangardunak jarri oi dituen lekuetan. Itzen bukaeran ark «ñ» ta «ll» jartzen duanian, guk «n» ta «l» jarri izan dugu; adibidez, mutill = mutil, oraiñ = orain. Arridura eta galdera adierazteko ziñuak esaldiaren azkenean bakarrik jarri ditugu, eta ez, ark bezala, asieran ta azkenean. Eta gero, makiña bat itzetan zedak eta eseak zuzendu bear izan ditugu, 1912 ko edizioan nahaste aundia baitago puntu ontan. Inprentako uts agiriak ere zuzendu dira. Baiña gure zalantzak izan ditugu, ezpaita beti jakiten gauza bat inprentako utsa ote den ala apropos jarrita ote dagoen. Bearbada beti ez dugu asmatu.

 

* * *

 

        Txomin Agirrek zergatik autatu ote zuen Oñati nobela onen joka-lekutzat? Ona emen nere buruari beti egin diodan galdera bat. Oiaizola jaunak dionez, Zuloaga pintoreak agitz abonatzen zuen erri au: «la Toledo vasca» ta abar, deitzen omen zion. Izan ere, ba du plaza bat pare. gabea, Unibersidadea, jauregi ta monasterio zaharrak, eta bere inguruan lur zelaiak eta mendi zoragarriak. Lur-barruko erri apaiña da Oñati, baserriz eta auzoz ondo ornitua. Arantzazuko Amaren Santuarioa duen erria. Zuloagari entzundako abonu oek eta gero erria bere begiz ezagutzeak ortaratuko zuten. 1902 urtean euskal festak ospatu ziran Oñatin, eta bearbada berton egongo zan orduan Txomin Agirre. Gero ba dakigu beste zerbait ere: Zumaiako mojetan ba zan «pensionista» bezala emakume oñatiar bat: Eustaquia Urreta, eta arengandik jakiten omen zituen Oñatiko berri batzuk. Nolanai ere, inguru auen berri zerbait ba dakiala bistan da. Uribarri inguruko baserri batzuen izenak, jatorrak dira, egiazkoak. Oñatiko izkeran datozen elkar izketa edo esaldiak ere, jatorrak dira, zeatz aldatuak. Urbia eta Aitzkorriko parajeak ez zituen bere begiz ikusi eta zeaztasun gutxitxorekin daude ango gauzak. Urbiako zelaiak Parzonerikoak dira, eta Oñati ez da sartzen Parzoneri ortan; beraz, Uribarriko baserritar bat Urbian artzai izatea, ango legearen kontra da. Berberak ere esaten omen zuen: «Nik egin dut egitekoa. Goi aietan sekula egon gabe, ango ikuspegiaz ta abar mintzatu»...

        Zabaleta baserria ez da egiazkoa. Esan nai dut, Uribarriko auzoan ez dago izen onekin baserririk. Baiña Gogordo bal, izen jatorra da. Eta Txomin Agirrek dionez, Zabaleta Gogordopeko zelaitxo batean, bene benetako patxadan dago. Ain zuzen ere, toki ortan Zabaleta ez, baiña Baltzategi dago kokatua, Ama Birjifia Araintzazukoa aurkitu men artzaitxoaren etxea. Nere susmoa auxe da: Zabaleta izen orren azpian gordeta, Txomin Agirrek Baltzategi eman nai izan digula. Errodrigo Baltzategiren etxea autatu zuela gure idazleak bere nobelako protagonisten bizilekutzat.

 

* * *

 

        Eta zer moduzko nobela da, ba, Garoa? Azken bolara ontan Garoa maxiatzea moda bezala biurtu da. Aiako erromantiko kutsua artzen omen zaio. Nobela ortako lagun batzuei errealismu gutxitxo aurkitzen zaiela. Idaztankera bera eta gauzak adierazteko moldea, astuntxoa, gaur maite dugun baiño patxada geiagorekin kontatua... Bai. Urteak ez dira alperrik joaten. Gaurko gizaldia eta ordukoa ere ez dira berberak. Gustoak eta modak eta bizikera bera ere izugarri aldatu dira. Gaur gauzak motx eta artez esanak nai izaten ditugu. Trinko eta labur. Itz berdintsuen ugaritasun hori askotan aspergarri iruditzen zaigu.

        Dena dela, Garoak ere ba ditu personaje batzuk oso errealak eta bizi biziak, gure erriko arrobitik artuak: Ana Joxepa ta, Patxiko sendatzaillea, Peru Odolki, Moxolo Potolo ta, erriko zalduntxoak ta... Txomin Agirre berak aitortzen zuen (Olaizola jaunak dionez), Garoako lagun batzuk eguneroko bizitzatik artu zituela, berak bere inguruan ezagutu zituenak zirela, ez Oñatin, baiña bai Zumaian ezagutu zituenak. Joanes, Malen ta Iturraldeko Jose ere ez nuke esango guztiz idealak direnik.

        Nobela bezala baliteke Kresala obea izatea. Ala dio batek baño geiagok. Jakiña, itxastarren bizitza urbillagotik ezagutzen men egilleak, nobela-lagunek ba dute an beste bizitasun bat. Baiña obra baten balioa neurtzeko, aitzin-gibel askori begiratu bear zaio, eta Garoa pixka bat maxiatua izan den ezkero, beronen doaiak aipatzea ez da gaizki etorriko. Arimako barne-giroak zein egoki dauden azalduak; esate baterako, Iturraldeko Joseren zalantzak eta gogoetak Malentxoganako amodioa piztu zitzaionean. Liburu guztia arduraz ta arretaz izan da landua ta konpondua. Zenbat esaera ta esaldi jator, euskaldunki tajutuak! Kapituluen asierak ta bukaerak batez ere, zeiñen ederki ta maisuki borobilduak! «Mutillaren burubidea! Nora ta Burgos aidera!» «Au gauza guztien amatu bearra. BadijoaMgu... Etxea beteko gizona!...». Eta, gero Euskalerri zaharreko oituren ispillu bezala ez du parerik: arrio-erakuste ta ezkontzak, bataioak, Mondragoiko azoka ta aizkora apustua, karobi erretzea, Urkiolako pesta eguneko ikusgarriak, eta zenbat eta zenbat beste olako irudi ezin obeto artuak eta kontatuak! Eta gero onako au ere ez dugu ahaztu bear: Garoa izan dela irakurlearen aldetik arrakasta geiena izan duena. Edizioen kopuruari begiratu besterik ez dago. Garoak izango ditu, bai, bere garaiko aztarnak eta markak, baiña balio trinko eta iraunkorra irabazitako obra bezala geldituko da gure literaturan.

        Baiña ez duzu neri siñistu bearrik. Eskuetan duzun ezkero, dasta ezazu zerorrek. Tolle, lege.

 

        BIBLIOGRAFI-APURRA

        Aita Onaindia, «Ondarrak. Txomin Agarre»; Bilbao 1964. Ondárroa. «Boga boga» (Mayo-Junio de 1964), aldizkaria.

        Villasante, «Histaria de la Literatura Vasca», Bilbao 1961.

        Michelena, (Luis), «Historia de la Literatura Vasca», Madrid, 1960.

        A. I. (Aita Iturria), «Itz bi» (1956-ko edizioaren itzaurrea).

        Manterola'tar Gabirel, «Agirre Euskeltzale», Yakintza aldizkarian (1934), 323-334.

        Lhande (Pierre), «Domingo de Aguirre», RIEV, XI, 148-160. Azkue, «Agirre beretergoan».

        Etxegarai (Karmelo); «Agirre olerkaria».

        Lhande (Pierre), «Agirre irakurgaikiña».

        (Azkeneko iru lan auek Itzaldiak azeneko libunuxkan datoz, Euskal Esnaleak 1923 urtean Donostian agertu zuan artan: Itzaldiak, II-gn. sailla).

 

Bilaketa