Kresala: oarkera batzuk itzaurrea legez
Domingo Agirre
«Kresala»
1906
Bizkaiko euskeran da itxasaldeko ekandu edo oiturak gogoan ditudala, ipuintxu bat esaten edo lan urri ezkeltxu bat egiten asten naz, irakurlea; ta zu, goierritarra bazara, txorierrian edo lurbarruan jaio ta bizi zareana, ezteustazu ezer ulertuko, ta bear bada nire euskerea eztala euskerea esaten jardungo dozu.
Baña ori ezta egia izango. Goierrian esaten eztozuezan itz asko daukez beterrikoak, eta itxasondoan ostera zuek egunero aoan daukazuezan itz eder asko, garbi garbiak eta guztiok ondo gorde bear gendukezanak, aspaldietan azturik dagoz.
Batzuk eta besteak gogoratu ta ikasi bear ditugu, ta ez urruindu ta bazterrera bota, geureak eztiralata beste barik. Itxasondoko errietan esaten diran itzak bakarrik baleukaz euskereak, euskerea ondo arlotea legoke; goierrikoen aoan entzuten diranak bakarrik baleukaz, elitzake oso aberatsa izango. Euskerea aberatsa da, baña bere aberastasunak toki batean esiturik eztagoz, Euskalerri guztian zabaldurik daukaz: batzuk baso zugaztitsuen barruan, beste batzuk mendien egaletan, beste batzuk Kantauriko itxasoaren ertzean; Bizkaian legez Gipuzkoan, Gipuzkoan legez Naparroan, Naparroan legez Franziako anaien artean. Alderdi guztietan dagoz oraindiño euskerearen sustrai onak eta landara mardulak bere bai. Gorriñea kendu ta sustrai onetik datozen landarak lur batetik bestera aldatu, ori da guk egin bear doguna. Eztogu erderazko itzik aotan erabilli bear, esan gura doguna euskerazko itzakaz esan daikegunean.
Barriak dirala nik dakardazan itzak esango deustazu, irakurlea? Ez naz barri zalea, ta itz barri asko eztot esango: jatorri oneko itz zarrak izango dira geienak, zuk lenago entzun ezarren; bada Euskalerriko itz guztiak dakizan euskaldunik eztago, nire ustez, Gaztelerriko danak dakizan gaztelarrik eztagoan antzera. Baña zer, barriak izanda be? Eztabiltz egunero Gaztelako izkuntzan itz barriak ikasten? Da zegaitik ikasi bear eztira geureak? Ainbeste euskaldun zintzori ezteutsegu geuk buruetan sartu zer esan gura daben excelentea, admirablea, infinitamente poderosoa, sabioa, principioa, fiña ta beste olango erderakada ta mordollokeri askok? Eta euskerea erakustearren erderea baserritarren buruan sartzeko aña lan eztogu egingo? Ona dago beraz gure erri zaletasuna!
Nik geure euskera maite-maitea dan baño be geiagoan bigun da irakurgarri egin gura neuke, ta orregaitik kendu nai neuskioz Bizkaikoari beren laztasun, koska ta aoa zabalik egoteak, aa bi edo ee bi alkarregaz datozenean gertetan dan legez. Bizkaiko erri batzuk, iñok erakutsi barik eta guztiz ederto dakie esakera batzuen laztasuna gozatuten: nunbaiten, aa bi edo ee bi alkarregaz etorriarren, beti bat bakarra esan daroe. Durangoarrak uste dot dirala dabee esateko dabie ta ezteutseez-en ordez ezteutsiez esan oi daroenak. Ondarroatarrak oneek esan bearrean oneik diñoe beti, ta olan beste itz asko beste erri batzuetan.
Olango errietatik artuko ditut itz gogorrak bigunduteko egokizko era batzuk, norbaiteri txarto irudituko ete jakon bildurrez bada be. Eztaukat aztuta, izkerako gauzetan, erri bateko legeak eztirala danentzat ipiñi bear, baña bigungarriak diran ezkero ta esakera batzuk bigundutea ondo datorkigunean, ontzat artu bear ditugula deitzot; bada, nire iritxiz, gure liburutxoak iñok irakurriko baditu, zerbait geiago orrazturik eta aldan guztia leunduta argitaratu bearko dira. Eztakit ondo egingo dotan edo ez; iñok erakusten badeust lanbide gaiztoa darabiltala, itxiko dot laster neure arloa. Ez neuskio neure usteari eutsi nai, neurea dala ta beste barik.
Eta jakin daiela irakurle guztiak: Bizkaiko euskerearen laztasunak aitatutean eztot esan gura Gipuzkoakoa edo beste lurralde batekoa bardiñagoa, samurragoa edo akats gitxiagokoa bada edo ezpada. Gaur, bizkaitarrez lantxo au egitean, Bizkaiko akatsak idoro ditut; biar, gipuzkoarrez zerbait egiten badot, badakit Gipuzkoako izkuntzearen utsuneak billatuko ditudana. Euskerea, aberatsa dan legez da ederra ta egokia, ta obetoago edo txartoago, guztiz antziñetatik dabil gizonen auan; baña liburuen orrietan oraindaño atzo goizekoa da ta izkiratzallien lumeak ikutu, palagu, txera ta leunketa gitxi egin dautsa gaur artean. Ezkabiltz bada asieratik urrin, da ezta mirarituteko gauzea edozeñek eta Euskalerriko lurralde guztietan leundu bearreko esakera bat edo beste idorotea. Urrea urre da beti, baña alan da guztiz be leundu bearrak izaten ditu urreak berak.
Egin daigun lan aspertu barik. Iñorenagaz aberasturiko izkuntz asko dakusguz arro ta lerden, alderdi guztietan euren buru apainduak erakusten; atera daiguzan guk be geure etxe barruko aberastasunak, apaindu daigun aldogun añan euskerea ta erakutsi daiegun erbesteko arerio ta erritar erbestetuai eztala ilteko zorian bizi ta eztala gañera eurak uste daben legez ilgarria. Nik eztaukat asti andirik eta lanbide onetarako bear litzatekean argi ta indarrik bez, baña danon artean asko egin daikegu. KRESALA da nik euskerearen alde gaur dakartan ondar aletxoa.
Oraindiño oar batzuk egin bearrean nago. Igaroriko urtietan, iru, lau edo bost eratara izkiratu dogu euskaldunak. Askori entzun deutsat, eta milla aldiz bai, oso neketsua dala guk egiten ditugun gauzak irakurtea, errezago ipiñi bearrean, dana ipiñi dogula geroago ta gatxago, ta ortik datorrela euskerazko libururik iñok ez ikusi gura izatea.
Autortuten dot, begien aurrean daukagun egia data, danok era batean izkiratutea askozaz dala garbi, obe ta errezagoa, ta orren bearrean gagozala; baña nik badakit irakurleak eurak daukezela erru andiak, (parkatu, baña olango egia edozeñi esan bear jako) irakurlerik geienak erbesteko izkira-legeai lotuegiak dagozala, euren nagitasunak eta ezer ikasteko gogorik ezak ekarri eutsezala illuntasunik, nasterik eta okerrik andienak; bada euskeraz oitu izan diran izkirakinde edo izkiralege [2] guztiak ordu erdi baten ikasi leikez edozeñek, gura izan ezkero. Laster eukiko dogu danontzat lege bat, aldanik errezena, garbiena ta onena, ta orduan ikusiko da irakurlien esate ori euren alperreria estalduteko akiakula bat zan edo ez. Bitartean Euskal-Erria-k antziñatik darabillen izkirakindea aukeratu dot KRESALA-rentzat, Euskal-Errian agertu bear daben ezkero.
Euskaldun guztiak euskerazko gauzen irakurzaleak egin gura nituke, ta gauza astunak ain gogoz irakurten eztiralako, zerbait errezago ta gogotsuago irakurri daien artu dot ipuin bat egiteko lanbide ta asmoa.
Ara emen nire KRESALA. Ikusi egizue gura dozuenok. Bertan agertuko diran gizon da emakumeak eztira neure irudimenak asmau dituanak: oso itsua ezpanago ta amesetan ezpanabil, bizi-biziak dira, Arranondoko sardiñak legez; neuk ikusi ditut Arranondon eta edonok edozein itxaserritan ikusi daikez. Euren alkarren arteko jarduna be guztiz da egiazkoa, gatzgarau andiak kenduko deutsadaz baña. Nai ta naiezkoa da, zerren Tramanak eta Brixek oituten daben izketea bapere gozatu barik ipiñi ezkero, irudi obeak egingo nituke bear bada, baña gaziegiak, eta gauza gaziegiak eztagoz bein bere ondo.
Beste gauza bat. Danok dakigu iru eratako izketea egiten deutsagula euskaldunok alkarri: i-gaz esaten dana lenengoa, zu-gaz esaten dana bigarrena ta irugarrena berori-gazkoa. Lenengoaren zalea naz, zarrena dalako, ta opa dot bere bizitza luzea; baña antziña il zan Arranondon da orregaitik ezta emen agertuko izketa zar ori.
* * *
Auxe niñoian KRESALA-ren lenengo agerraldian. Baña gaur, bigarrena gertau nairik, neure lantxoa osorik irakurri dotanean, garbiro dakust uste neban baño be askozaz arloteagoa urten dala.
Eznau egundo neuk egin dotan gauza batek ase, ta ainbat gitxiago irakurgei onek.
Nire irudimenak sortu ebanean, eznerabillen eder-amesik, neure indargetasuna badakit eta; banekian mamin gitxikoa ta erkiña izango zala, alako gurasoa eban da; baña ez onenbesteraño erkiña ta mamin bagea. Izan be, jaioera txarra izan dau, atalga ta zatika, erdi gaixorik eta ainbeste zeregiñez beterik nengoan bitartean.
Zetarako dakartzu ba zelaira? esango dau norbaitek.
Nik eztakart; neure lagun batzuk daroe, barriro ikusi gura leukielata.
Or konpon. Gura dabenak irakurriko dau, ta gura eztabenak eztaiola begiratu.
[1] Kresala esaten deutsagu Bizkaian ur gaziari. Badakit obeto legokela Gesala esatea, baña parkatuko aldeustie euskerazale jakintsuak arrantzalien aotik artu dotan lez ipinten badot izen ori liburutxu onen buruaurrean.
[2] Gaztelarren ortografía