literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Bilintx (III)

Juan San Martin

 

«Gogoz, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978

 

        Bilintx, bere bizitzan zoritxarreko izan zen. Berak aitortu zuenez: «Bizitzak makillazoka erabilli nau, asto bihurri baten gisa». Eta nork esango zuen heriotza tristeagoak eramango zuenik? Dohakabea!

        Indalezio Bizkarrondo «Bilintx», Donostian jaioa zen 1831ko apirilaren 30ean. Eta Donostian bertan hil zen 1876ko uztailaren 22an. Auspoak argitaratu zuen liburuaren hitzaurrean ongi dion bezala, Madriden euskal fueroak kentzeko agindua firmatu zen egun berean.

        1976ko urtarrilaren 20an, San Sebastian egunaren arratsaldean, karlisten tropak Donostia inguraturik zuten tokitik artilleriaz bota zituzten granadetako batek jo zuen eta hil zorian jaso zuten Bilintx gizajoa. Oraindik sei hilabete bizi izan zen, ohean etsipenez, minez eta oinazez. Zauriturik erori zen goiz berean Diario de San Sebastian-en argitaratu omen zuen bere azken bertsoa:

 

                Nik hau pentsatu nuen

                behin zu ikusita,

                hori bai dala guztiz

                neskatxa polita;

                nahi balu nere izan

                gaude ezkongai ta,

                maiteko nuke nola

                ama eta aita,

                nere bizia baiño

                gehiago're baita.

 

        Bilintxen esku-izkribuetan, Auspoaren argitalpenak 143. orrialdean dionez, bertso honek J. Manterolaren oharra omen zuen, Bilintxen azken bertsoa hau dela esanez, baina Auspoaren ohargileak bere zalantzak jartzen ditu. Egia esan, gaztaroan idatzia dirudi eta behar bada Manterolaren esan nahia azkenen argitaratua izango zen. Manterolaren esan nahiakin bat bai dator Curros Enríquez gailego poetak kontatu zuena.

        Manuel Curros Enríquez poetak «La canción de Vilinch» izeneko poema bat egin zuen, eta bada bertan poetak berekiko hartzen dituzten lizentzia horietakorik Bilintxen heriotza adiarazteko. Honegatik, Karmelo Etxegaraik 1911ko Neurtitzak eta neurri gabeko itzak liburuari egin zion hitzaurre hartan uste zuen Curros Enríquez-ek ez zekiela Bilintxen heriotzaren berri askorik. Puntu hau neronek argitu nuen «Egan» aldizkariko lantxo batean (ikus, «Egan», 1970eko 1-3 zenbakiaren 100garren orrialdean), eta ongi dagit orduan esanak berriztatzea. Gailego poeta Euskal Herrian ibili zen Madrideko «El Imparcial» —eko kronista eta San Sebastian biharamunean idatzi zuen kronikan adiarazi zuen Bilintxi gertatua, goizean «Diario de San Sebastián»en poesia hura eman zuena arratsaldean hil zorian erori zela, eta bertso bera ere osorik argitaratu zuen bere kronikan (euskaraz ez jakitzearen huts bat edo beste nabari badira ere). Kronika horretan laudoriorik aski egiten dio Bilintxi, eta Cirilo Latierro adiskideak lagunduta bizitatu omen zuen bere etxean, Portu kaleko bosgarrenean.

        Anka biak zeharo puskatuta gelditu omen zen, sufrimendu bizian heriotzara arte. Lehen, haurtzaroan erorita aurpegia itxuragabetua zuenez eta neskak baztertzen zutelako hainbeste sufritu bazuen ere, beste askoren artean honako bertso honek argi dion bezala:

 

                Triste bizi naiz eta

                hilko banintz hobe,

                badauzkat bihotzian

                zenbait atsekabe;

                dama bat maitatzen det

                baiñan... haren jabe

                sekulan izateko

                esperantza gabe.

 

        Sufrimendu handiagorik ezagutu zuen azken txar hartan. Txarragoa izan zen gainera hainbeste desio zuen emakumezkoagandiko maitasuna ezagutu eta maitasun horren ondorioz hiru frutu izatetik laster hil beharra.

        Behar bada emazte izatera heldu zenari kantatuak ziren bertso honekin hasten zirenak (heriotza ondorean argitaratuak bai dira):

 

                Loriak udan intza bezala

                maite det dama gazte bat,

                hari hainbeste nahi diotanik

                ez da munduan beste bat,

                iñoiz edo behin pasatzen badet

                ikusi gabe aste bat,

                bihotz guztira banatutzen zait

                halako gauza triste bat.

 

        1869. urte inguruan ezkondu zen bera baino hamabosten bat urte gazteagoa zen Nikolasa Erkizia izeneko azkoitiar batekin. Bost urte soilik eramango zituen ezkonduta eta bi seme eta alaba bat utzi zituen. Bere ogibidez arotza zen. Teatro zaharreko konserje egin zuten baina ez zuen utzi arozgintza eta horrez gainera, emaztearekin, dendatxo bat ere jarri omen zuen. Badirudi maiteminezko penak garaitu zituela eta bizimodu hobe batean sartua zela, eta hara hor berrogeta bost urtekin era horretan hil beharra.

        Berak bere poesia baliozkotzat ez bazuen ere, inguruan izan zuen bestelako ustea zuenik ere. Curros Enríquez-ek euskararik ez zuen jakingo, baina jasoak zituen iritziak ezin hobeagoak ziren. Manterola bera ere konturatua zen Bilintxen poeta nortasunez eta 1870 ean edo 1871 an hasi omen zitzaion eskeka, bere Cancionero Vasco-n dionez, eta eskerrak honi salbatu ziren bertso asko ta asko. Gure egunotan Auspoak mesede ederra egin zigun Bertso ta lan guziak bilduma batean agertzeaz.

 

Bilaketa