Bilintx (II)
Juan San Martin
«Gogoz, gure herriko gauzak»
Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978
Bertsolarien eraz hainbeste kanta polit idatzi zituen Bilintx, bat bateko bertsoak egiteko gauza ote zen? Benito Jamar jaunari ber berak aitortu omen zion: «Ni ez nazu maixua. Bertsoak antolatzen ditut udazkeneko arratsaldetan kupelako lehenengo zizarrarekin kantatzeko modukoak».
Hala ere, guk, puntu honetan, gure zalantzak ditugu. «Aspaldian Joxepa» izeneko bertsoetan berak bestelakorik ere aitortzen bai du:
Ni bertsolaria naiz
bainan det aditu,
ez nintzaizula zuri
hala iruritu,
zuk horla pentsatzia
ez da zer harritu,
nere jakinduririk
ez nuen argitu,
zergatikan ez nintzan
premian arkitu.
Baina, Joxepa zelako hau Hondarribiako emakume bertsolari ospetsua zenez, sail honetako lehen eta bigarren bertsoen adiarazpenez, Bilintxek bertsolariari bizita egin ziola dirudi; hala ere, Joxepak bere duda-mudak agertu zituen nonbait. Auspoa Liburutegiak 1962an argitaratu zuen liburuaren hitzaurrean, baietz dio. Domingo Kanpañari botatakoa, Dunixi zenaren artikulu bat eta «Aspaldian Joxepa» bertsoak lekuko, baiezkoan dago; bigarren hontan Bilintxen desafioa agertzen denez. Baina, baita ere Pepe Artolak kontatu zuenez Bilintx igande arratsalde batean Hernanin bertsolari batekin aritu zelako eta bereala benderatu zuelako. Bestalde, Antonio Peña y Goñi zenak ere hala kontatua. Dena dela, ez dut uste bat batekoan hain habila izango zenik. Domingo Kanpaña zena berakin lankide zenez, behar bada maiz ikusia zuen mando gainean eta aldez aurretik pentsaturik izan zitekean, bestela bat batekoan ere bertsolari bikaina izan behar zuen eta ospe handiagoa edo entzute handiagoa helduko zen gure garaira bertsolari eskolaren bidez. Hala gertatu bai zen Xenpelarrekin.
Domingo Kanpañari bota zion bertso honek ez du ez hutsik eta ez betegarririk:
Mando baten gaiñian
Domingo Kanpaña,
ez dijoa hutsikan
asto horren gaiña;
azpian dijoana
mandua da, baiña,
gaiñekua ere bada
azpikua haiña:
Mando baten gaiñian
bestia, halajaiña!
Jose Mari kalegarbitzailearen zaldiari egindakoak, bertsolari eskolan egokituak dira, Domingo Kanpañari egin zion ziri-bertsoa hainakoa noski, eta gainera bederatzi puntuko neurrian eginak. Honako bi bertso hauek jartzen ditugu «Zaldi baten bizitza»ren adibidez:
Horra sei bertso kale-
garbitzailleari,
zeiña bere izenez
dan Jose Mari:
erreza lezazkike
hiru Ave-Mari,
indarra etortzeko
zaldi zuriari,
animali hori
urriki zait neri,
falta du ugari
egoteko guri,
kartoiakin egiña
dala diruri.
* * *
Lan sobra du baiñan
janaria falta,
urrikigarria da
dakarren planta;
gaixoak ez lezake
luzaro aguanta,
flakiarekin ezin
mugitu du anka,
pentzu gutxi jan ta
kalean jiraka,
gaizki bizi da ta
indarrik ez daka,
ezin karriatu du
karro bat kaka.
Humorezko bertso ederrik aipatzean ezin ahaztua da «Potajiarena», Oiartzunera pilota partidua ikustera joan zen baten gertatu zitzaionari buruzkoak. Partidu ondorean ostatura joan bazkaltzera eta aurren zerbitzen zen apaiz batek sakia bere esku zuenez, bazkariaren partidua bere alde atera omen zuen, eta ondoko urteetan ez omen zuen ahaztutzeko.
Adiarazpenez, pare bat bertso ekarriko ditugu. Baina lehen bertsoa bera ere merezi du, bertsolarien ohitura zaharrezko klixez egina dagoenez:
Egunaren izena
ez dakit nola zan,
baiña seiñalagarri
partidu bat bazan
pelotan jokatzeko
Oihartzungo plazan,
nahi det nere orduko
gertaera esan,
urrengoan beste bat
eskarmenta dezan.
* * *
Nere ditxa guziak
badute ajia,
noski naiz Jaungoikoak
ahaztutzat lagia;
goseak egin nuen
hango biajia
kulpa zuenarentzat
dakat korajia,
apaiz batek jan zuen
nere potajia.
* * *
Geroztik ostatuan
sartu ordurako,
galdea egin gabe
ez det nik faltako;
egun hartan apaizik
ea dan harako,
ez apaiz jaun guziak
igualak diralako,
baizik batek beldurra
sartu ziralako.
lzatez, ateraldi onekoa zen gure Bilintx. Arestian aipatu dugun Auspoa Liburutegiak egin zion atarikoan bada exenplu politik, bere bizitzako gora beherak kontazen dituen partean.
Gizon fiña zen nolabait ere eta adarra joaz egin zituen bertsoak ere, beren humore jarioan, zakarkeriarik gabekoak dira. Behar bada maiteminetan uxatua izan zen gaztearen barne tristurak eman zion gizatasunaren araberaz. Bere barne-gogoaren sentipenean ikutua izan zen gaztaroaren eraginezkoa.
Jamar zenari agertu zion bezala, ez zien baliorik ematen bere bertsoeri eta hortik etorri da bere lan asko zokoratzea eta galtzea. Baina, herriak nonbait ez zuen izan iritsi berdina eta beregandik irten ziren bertsoak, liburuetan ez ezik ehundakak bertso-paper argitalpenetan agertuak izan dira. Paperetan argitaratuak eta ahoz aho kantatuak, egileak berak espero ez zuen neurrian.
Juan San Martin
1976-IV-19