literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Bilintx (I)

Juan San Martin

 

«Gogoz, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978

 

        Gure poeta erromantikoetatik herriaren aurrean arrakastarik handiena        izan dutenak Iparraguirre eta Bilintx ditugu. Mende baten ondotik ere, oraindik herriak gogotik kantatzen ditu hoiek egin zituzten kantak. Iparragirre herri-minezkoetan bezala, Bilintx maite-minezkoetan maisu genuen.

        Aurtengo uztailaren 22an etorriko dira ehun urte Bilintx hil zenetik. Donostian sortu eta Donostian hil zen berrogetabost urte besterik ez zituela. Aditzea dugunez, omenaldi handi bat gertatzekotan dira eta merezimendurik badu Bilintxek inork merezi baldin badu. Ekintzen arteko bat bere idazlanak osorik argitaratzea izango omen da. Betor ordu onean!

        Bere merituak handiagoak dira ordurarte ezer apenaz egoala konturatzen bagara. Karmelo Etxegaraik ongi esan zuen bezala, ifarraldeko euskaldunak belaunik belaun bazituzten, garai hartan, beren maisuak, baina alde hontan holakorik ez zen. Hauek ziren Etxegarairen hitzak: «Gizaldi zaharretatik zetorren han euskeraz neurtitzetan idazteko ohitura. Hemen bersolariak besterik etziranean, han baziran Etxepare ta Oihenart, Argia darizanari neurtitz samur bigungarriak jarri zizkion gizon jakintsua. Bilintxek etzuen aurrekorik: Solferinoko itsua-ren egile Salaberrik bai. Bilintxek erbestekoetatik ikasi izan behar zuen zekiena, batez ere gaztelaniaz idazten zutenetatik».

        Hemen Etxegaraik diona, argi gelditu bedi, gaztelaniazkoetatik poesiagintzaren forma edo funtsa zela, zeren bertso egitura bertako bertsolarien eskolatikakoa bai zuen. Egia esan, Bilintx, garai hartarako, bertsolari berri bat zen, bertsolaritza eraberritu zuena. Baina aitortu beharra dugu garai hartakoa zela Xenpelar, bertsolaritzaren mailan jatorragotzat jo genezakeana.

        Karlisten gerratea eta foruak galzorian zeudelarik, giro honek kondizionatu edo bultzatu zuen Iparragirre kanta haiek egitera. Garaiko prolemen eragina. Baina Bilintx berak ere bazituen bere barne prolemak maite-minezko bertsoen bultzagarri. Haurtzaroan izan zuen ezbehar batek arpegia oso itxusi utzi zion eta hemendik zetorkion «Moko» goitizena eta neskatxak despreziaturik bizitzea:

 

                Beti nik damari

                loriak ugari!

                batez ere zerbait

                maite nauenari;

                damak berriz neri,

                gezurra dirudi!,

                osinez pagatu

                lorezko zor hori.

 

        Despreziatze horri maite-min handiagoz erantzuten zekien Bilintxek, bere maitasuna ase ezinezko egarrira erori arte. Bata bestearen ondorean hartu zituen amoriozko ukapenak, baina ez zuen lotsarik galdu ukapenezko gertakizunok bertsoz jartzeko. Behar bada poesiagintza zuen bere gogoaren irtenbide. Holako ezezko ukapen horietatik politenetako bat «Behin batian Loiolan»ekin hasten diren bertso saila da, hara bukaera:

 

                — Dama polita zera,

                polita guztiz, ai!

                baina halare zaude

                oraindik ezkon gai;

                ezkon gaitezen biok!

                esan zaidazu bai!

                — Ni zurekin ezkondu?

                ni zurekin? Ja jai!

 

        Irakurria zen, eta irakurtzeak asko lagundu zion nonbait maite-minezko poemak era egokiz eta hain biribil egiteko. Heine, Bécquer, Campoamor, Aguilera eta beste zenbaiten lanak ezagutzen zituen. Honegatik, ezta harritzekoa holako poesiagintza landuaz jabetzea. Eta ez zen beti jardun amorio galduei edo ukapenezkoei buruz, ez; bestelakorik ere egin zuen. Maiz, ezinak bultzaturik ari bazen ere, maitasunaren idealizazio batean gorderik jardungo zen, ondore bezala. Orduan, «Joana Bixenta Olabe» edo «Juramentua» bezalakoak idatziko ditu.

        Bigarren honen hasiera zein polita den ikusteko, hara hemen lehen bertsoa:

 

                Begi urdiñak dituzu eta

                arpegi zuri gorria,

                nere biotzak maite zaituen

                aingeru zoragarria;

                zumia bezin biguna eta

                miia da zure gerria,

                estutu gabe hartu liteke

                bi eskuekin neurria.

 

        Era honetako bertsoetarako etorri ederra zuen. Amorearen nahi horrek jarri zion lehen baldintza argi dator «Kontzezirentzat» egin zituen bertsoen hasieran:

 

                Kantatutzera indar haundiko

                desio batek narama,

 

        Bere indar handiko desio hortatik irten ziren holako maite-minezko poesia polit hauek:

 

                Dama gazte polit bat

                bada Donostian,

                berdinik ez duena

                zeruan azpian,

                biotza mugitzen zait

                modu txit eztian,

                nere pensamentura

                datorren guztian.

 

        Itxusitasunagatik despreziatzeak maite-minezko poesia sentikorretara behartu zuen, herriko bertsolarietan oinarrituarren, herbesteetako poetegandik ere ikasbiderik jaso zuen. Bere garai haren inguruan hasi zen, hain zuzen, euskaltzale mugimendu garrantzitsu bat eta inguru girotu hartatik burutu zuen Jose Manterolak bere ekintza emankorra.

        Indalezio Bizkarrondo, «Bilintx» bezala ezagunagoa dugun donostiarra maite-minezko poesian euskal literaturan beti betiko toki berezi bat izango duena da. Manterolak «Cancionero Vasco»n 1878an argitaratu zituen kanta eta poemen ondotik Euskal-Esnaleak, K. Etxegarairen hitzaurrez, bilduma polit bat eratu zuen 1911. urtean, geroago Errenderiako Makazagak beste bat, baina bere bertso eta hitz-lauzkoak osorik ez ziren ikusiko Auspoa liburutegiak 1962an Bertso ta lan guziak izeneko liburu hura agertu arte.

        Maite-minezkoak ez-ezik irri-bertsoak ere badu eta urrengo artikuluan emango dugu hauen berri.

Juan San Martin

1976-IV-12

 

Bilaketa