literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Bigarren argitalpenaren aitzin-solasa

 

Juan San Martin

Eibar, 1968-ko abenduak 19

 

«Herri eta Herri»

Gabriel Aresti

Kriselu, 1968

 

        Bost urte datoz liburu honi ene aintzin-solas hura egin niola. Mezu egin nezan herabe nintzela orduan. Hau da, gauzak esateko beldurrez, zeren oraindik erromantikuen ugarlea zirudian gure literaturaren inguruak, edo hobeto esan, haiek zeuden gailen, etorkizunari baino joandako munduari gehiago begiratzen zioten motako erromantikuak, eta hitzak, ondo neurtu beharra egoan. Bestalde, literaturaren giharrari baino azken mende erdian formatu ziran hizkuntzarekiko iritzi estueri askoz gehiago begiratuaz. Eta, honetan ere aurretiko idazle zaharrak eta egungo herria aintzat hartu gabe. Beraz, gauzak horrela zeudelarik, bide hortatik ez zan posible sorkunderik.

        Gaur, lasaiago mintza gindezke liburu honi buruz, eta ez «Iparragirre» izeneko saria irabazi duelako bakarrik, baizik bertatiko frutuak heltzen ikusi ditugulako. Hala ere, liburuari soilki dagokiona utziko dut, bere ondorenari itsatsirik, zeren lehengo aintzin-solasetik ez dut ez ezer kentzerik eta ez gehitzerik. Esanak esan, beude, zeuden bezala. Norma berriko ortografia jartzea besterik ez dut. Hau da: H-ak ezarri.

        Orduko Harri eta Herri-k era berria sortu zion gure poesia alorrari, eta ez gutxi euskal literatura guziari. Jo-muga bat irikiko zuen muga bat markatuaz, gure aurrerapen mugimentu honetan, zeren berakin sortu eta gorpuztu zen euskal poesiaren era berria, X. Lete-ren Egunetik egunera orduen gurpillean poema liburuaren hitzaurrean esaten nuen bezala.

        Hau da garaia bere poemak euskal literaturan ondo sustraituak gelditu direla esan genezakeana. Behar bada, gaur, bere liburu hau euskerazko poesia libururik onena dala esatea, askotxo izango da, baina ukatu ezinezkoa zaigu, Aresti-ren liburuak, hoberena izatea bera baino doain bobea duela: era berri bat sortu duen liburua izatea. Gazteen artean jarraitzaileak arkitu zituen, Xabier Lete bera aurrenengo dala, eta gure protestadun kanta berrieri iturburuetariko bat sortu zion. Hau ikusiaz, hau aitortuaz, «Iparragirre» sariko mahai burukoak oso ongi hautatzen jakin dutela esan geneza.

        Gaur, gure literaturak beste aurpegi batekin begiratzen du ibaiak ura bezala dakarren etorkizuna.

        Hizkuntza bera arkitzen dan larritasun estuak ere lagundu du, bai berari eta bai bere lanari, noski, egon-ezinez, mugimentu berriaren eragile. Nork esan imprimatzaileak nekez argitara zuen liburu hura laister aituko zanik? Zenbait arpidedun kaxka-gogorrek baja emanarren, emaitzak ez zituzten eten, eta emaitza horren ondorean etorri da uzta.

        Ezin uka poeta honek, bere barnean, bazekarrela profetarena ere zerbait. Eta ez poesia soilaren aldetik bakarrik, baizik euskeraren aldetik ere bai. Lebendabiziko edizionea ezagutzen dutenak errez konturatuko dira aintzin-solas hartan H-ak soil, mugazandian bakarrik erabiltzen diren hitz batzuetan bakarrik erabiltzen nituela, eta Arestik orobat bere idazkeran. Kontu izan idazkerako bere erabaki hori Baionako Biltzarraren (1964-eko agorrila) aurretikoa dela, gutxienez bere «Maldan Behera» poema luze 1959-garrenekotikoa. Hune honetan, egia esan, ukatu ezinezkoa da euskera orokor batean arduratzen zelarik, mugazandiko influentzia ere bazuela, eta batez ere Mirande eta Iratzeder poeta handi biak irakurtzen zituela, alde onetako beste poeta gazte askoren gisa.

        Baina Aresti bost urtean aurreratu zitzaigun geroago Baionan Euskal Idazkaritzak antolaturik egin ziren batzarretan hartuko ziren erabakieri (erabakirik gehientan beintzat). Haiek, mugazandikoak, laurehun urteko tradizioa autsiaz hemendiko ortografia ontzat eman zuten, guk h-ak erabiltzeko kondizionearekin. Orduan hartu zuten hemendiko idazle gazteak bide hori; batez ere poetak eta «Jakin» kultura aldizkariaren babespean biltzen zirenak. Arestik aspaldi harturik zuen bidea. Geroago, aurtengo udaran, Ermuan Gerediaga alkarteak eraturik egin ziran euskal idazleen biltzarretan eta azkenik, udazkenean, Euskaltzaindiak Arantzatzun antolatuak, bidea erdi gertatua aurkitu zuten idazle gazteen ekintza gaitik, eta iritziak alde horretara gailendu ziren.

        Beraz, literatura euskeraren batasun bideak, beste zenbait idazle eta batez ere poeta gazteekin batera, asko zor dio Arestiri. Eta ez gutxiago euskera liberaturik uzteari; hizkuntzari molde funtzionala itzuliaz, euskal kanta zaharretan bezala. Izan ere, adierazgarria da Mikel Lasa         poeta bikainak orduan ikusten zuena, Egan aldizkarian idatzi zuenez (1964, 16-163 orrialdeak), gure hizkuntza gaurko izpirituaren moldera bihurtzeko alegina eta egina. Beraz, Lasa eta Sarasola Aresti-gandik zeharo desberdinak direlarik ere, Arestiren eskua ikusi dute irikitzaile. Hau egiztatua gelditzen da Sarasolaren «Euskal poesia gaur» lanean (Jakin, 44-gna. 12-19 or., eta 26-gana. 33-38 or., 1967).

        Molde zaharren puskatzaile bezala, lebenago ere aipatua zuen. A. Arruek 1963-an «Cuatro poetas vascos actuales» izenez erderaz eman zuen hitzaldian (Euskera aldizkarian argitaratu zen, VIII-IX, 179-198 or., 1963-1964). Lan hau ez nuen ezagutzen nere hitzaurre hura egin nuenean. Eta ordutikako iritziok hor daude azterketa sakonago bati begira. Baina, bitartean, hobea gertatu da, herriak eta poeta gazteak jarraitu diotela: herriak Egun da Santi Mamina, Apurtu dezagun katea eta gainerakoak; poeta gazteak molde berrietara irikiaz.

        Gainera, Aresti berak eten gabeko lanean jarraitu du, bai teatroan eta bai poesian, eta oraindik frutu berri xamar dugu bere Euskal Harria izeneko liburua. Gaur, euskal poetetatik, kanpora begira zabalen jarri zaiguna da, eta, trukean, kanpoak guri begira jartzen gehien egin duena. Nabaitzen dudanez, oraindik goraka datorrena da eta eman dezake fruturik aski.

 

Bilaketa