literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Aintzin-solasa

 

J. San Martin

Eibar, Otsalla, 1964

 

«Harri eta Herri»

Gabriel Aresti

Itxaropena, Kuliska Sorta, 1964

 

        Badirudi euskal literaturan liburueri itzaurrreak egitera kondenatua nagola. Batzuetan premiak bearturik eta urrengoan argiratzalleak bultzaturik. Baña, ara oraingo onetan, egillearen eskariz. Edonola ese, ohore aundiegia iduritzen zait Harri eta Herri poemaren aintzin-solasa; ohore aundiegia eta, bear bada, arrisku aundiegia.

        Zoritxarrez, gure irakurleen artean gutxik ezagutuko dituzte gaurko poesiaren mugak. Bestetik, guziak ez dira izango kontent. Orrelakoa baita bertako poesiaren muina. Baña, ala ere, irakurle, ausartu naiz eta aleginduko natzaizu biozki bezin bortizki neronek ditudan errazioak adierazten, esan bear labur onetan dituan arimazko arterio balioak ikusi zezazkean.

        Aresti oso ezaguna da gure artean, ta bere poesiaren erak, maiz agotan erabilli ditugunak, iritzi guziak ez dituzte beren alde, eta naikoa zer esan eman dute. Baña esango dut, era ori, era berria dala. Bere gaztaroaren jabe dalarik, aize berriak dakarzki euskal poesiaren erresumara, arnasa berriak izkuntza zarrari. Ta, zenbat dira beste orrenbeste ematen dutenak?

        Gure gaurko olerkaririk geienak, uskeritik uskerira, utsean dabiltza; ta, ezta batere arritzekoa geien-geienak Arestirekin bat ez etortzea

        Izan ere, gaur, eskuetako beatzakin kontatuko nituzke egiazko poeta euskaldunak. Berengandik amiltegi sakon batek bereizten ditu olerkari ustean ari diran bertsogilleak. Bertsogille oiek, Lizardi, Orixe eta Lauxetaren bideeri jarraritu naian dijoaz, moldekaitzez antzemanaz, beren egiazko arteari urrik emateke. Landutako lurra goldeatzen.

        Garai bakoitzak berea eskatzen du. Aiek beren denborako arloa landu zuten, ta oraigoa, legez, gaurkoaren bearrez da.

        Nai ta naiezkoa da lengoak ezagutu bearra, ta baita gaurko poesiaren arterioa nundik nora dabillen ere, zergaitik, eboluzio ori ezagutzeke ezta sorkunde egokirik.

        Nun ari geran jakiñean zintzoki jokatzeko, Lizardik ongi ekian bezela:

 

                «Baña nik, izkuntza larrekoa,

                nai aunat ere noranaikoa:

                yakite-egoek igoa;

                soña zaar, berri gogoa;

                azal orizta, muin betirakoa».

 

        «Berri gogoa», garai giroari jaramon egiñaz. Ala bear ere. Norperana betikoa balitz bezela. A. Machadoren agotik esango genukean eran: «Gaur oraindik beti da».

        Idea zaarrak iraun dezazke, obeak edo eguneko giroak menderaturik baztertzen ez dituan artean. Ta aldakuntza ere, sarri, lenari esker. Zaarrak beti du zer irakatsi eta gazteak zer ikasi. Baña teoria zaarrak baztertzen dira errazoi berrien indarrez.

        Mundua aurrera dijoa. Aurrerapenak, gizartearen gai guziak eta malla guziak lotzen ditu bere mugimentu korrontaren biran. Ta garai guziak dituzte beren giro bereziak. Ori gabe, ez legoke eboluziorik, ta, eboluziorik ezak sorketa ukatzen du. Ta, sorketa ukatzea, gizonaren doairik aipagarriena dan artea ukatzea litzake.

        Gaia sakontzeko iñoiz ezta zergaitikan palta. Ori Arestik ongi erakusten digu. Errazoiari bere balorea ematen zaion egun auetan, egia da idea asko naasturik dabiltzala. Gizartearen kezka nagusia dugu etorkizuna: munduan eta eriotzaren ondorean.

        Ta, orrelako zerbaitek larritzen du Aresti, eskariz bezela dionean:

 

                Laugarren bertutea,

                zerbaitean sinisteko,

                zerbaitetik igurikitzeko,

                zerbait maitatzeko

                borondatea.

                Borondatea:

                Fede, esperantza eta

                karitatearen ostean

                datorren

                laugarren

                bertutea.

 

        Kezkak esan eragiten dizkio orrelakoak. Argia ez omen da ikusten. Baña, munduko neke ta larritasunak, ikusi ez-ezik, sentitu egiten bai dira. Au da gaurko egoera. Zalantzak eta ezbearrak sortu dute larri-miña gizonaren ezur muinetaraño.

        Lengoak etzituzten uste eta prolema berdiñak. Eta, gaurko prolema auek ez ote dute kanturik merezi? Lengoak beren kezkak azaldu zizkiguten, berek sortutako arterio batean. Eta oraingoak zergaitik ez, gaurko kezka, molde berrian? Mendeen lege bat da gizonaren izakeran. Gañera, beste izkuntza batzuetan zintzoki dijoaz kanta ots berriekin. Eta gu zergaitik ez?

        Dana dala, Arestik aize berriak dakarzki euskal literatura. Arnas berriak euskera zaarrarentzat. Ta, ori naikoa ez bada, euskera gutxi ornitu dugun alde batetik dijoa gañera: ezkerrekotik. Baña, badakit, ori gora-bera apaiz zintzo bat baño geiago pozik egongo dirana.

        Era berrien eragille bikaña izan dugu Zelaya (Rafael Mujika) ernaniarra; Espainiako poesia sinbolismu utsetik ateratzen geien alegindu dana, mundu orduaren ritmoan jartzeko [1]. Urte askoan jardun zuten esanaz berea etzala poesia, ta berak tinko jarraitu zuan bere bidetik errikoi tajurara, bere pero él siguió impasible su ruta, hacia las formas «razón narrativa» teori aldetik. Antzerakoa derizkiot Arestiri, dionean:

 

                Esku beteka biltzen dut egia

                aldamenean dauden gauzetatikan.

 

        Ta aurrerago ere, idea berdintsuari jarraituaz, dio:

       

                Nire poesia oso merkea da,

                herriaren ahotik hartu nuen

                debalde,

                eta debalde ematen diot

                herriaren belarriari.

 

        Gure erritarrak beti azaldu dute errealismurako griña erdel literaturan, Barojak bezela, gauzeri zuzenki deituaz, ideak argi dizdiraz emanaz, beti ojetibista munduko jokeren zantzoari erantzunaz; ta gu, euskaldun idazleok, paradoja bada ere, oraindik erromantiku kutsua ezin astinduaz.

        Gaur iñork eztu ukatzen Gabriel Zelayaren poesia. Geiago da, bere bideetara jo dute poeta gazte guziak, eta zaarrak ere ez gutxik.

        Gauzak zuzenki esanez gañera, bada beste zera ere, gaurko ideen korrontean ibiltzea; eta, aurrean esan dedan bezela, gaurko ideen barnean geuri agiri zaiguna da gizartea, bere bizitzaren prolema nagusiekin. Justizia deritxogunak oraindik eztu lortu lege berezirik gizartearen gordegarri: errementariaren etxean, zurezko ganibeta. Au da XX-garren mende ontan munduaren buru-bidea.

        Arestik, azken bolara onetan, bertso librea aukeratu du. Ta, bere bertso neurtuak ukatzeke, lasaiago dabillela dirudi, bere poesi jario ugariaren muina argiago azaltzen duelarik. Euskaldunok belarria oitua dugu bertsolari doñura eta, bear bada, ez gaude orren gertuak neurri ta puntu gabeko poesiara, baña ona dala dudarik eztago. Orrela gutxiago galtzen bai du gaiaren muinak. Ori ongi erakutsi zigun León Felipe-k bere Antología rota-n.

        Arestiren era berri onek, bere barnetikako solasean ari dalarik, badu gaietan Nerudaren Canto general-en aidetasun bat; moldez ere egille beraren Odas-en kidetssun bat; baita ere Oteroren Pido la paz ya la palabra eta En castellano-rena. Senidetasuna duten ideak ere arkitu genezazke; adibidez, Oterok eskuak betean gosea, eta Arestik dio, eskuak betean egia. Ezta arritzekoa influentzia ori, bere poeta maitea izanik.

        Arestirentzat, poesia, mallua da, eta Zelayarentzat, mallua, pakea. Orrela gurutzatzen bai dira beren izjokoak.

        Iturburuak, noski, oiengandik finkatuak ditu, baña Arestik bere-bereak ditu Harri eta Herri-ko poesiak. Eztu besterik egin, aiek markatutako bidean gaurkotasunez jardun baizik. Gaurko poesia gazteak daraman ritmoa da. Gañera, euskaldun onak bezela, lastoa baztertuz dijoa muinera zuzenki. Nerudak baño apaingarri gutxiagorekin.

        Gutxien uste danean zortzikoaren neurriz ateratzen da, ta, orduan iduritzen zait, mugazandiko errikantak dion bezelatsu:

 

                «Aire zahar batean

                kantari berria».

 

Bere poesia urduriari etzaio palta eztenkadarik. Seriotasun geiago bear dala? Zaleak gera klasikoak eredu jartzen. Ta, Quevedo ez al zan klasikoa? Derioko illobian idatzitakoak Quevedo-ren oroitza dakar. Arek bai ditu anitz epitafio bere poesian.

        Ezta ez, guziz serioa. Gure zentzuan sarrerarik ez duten arinkeriak, mamirik ez badute, berak aitortzen du:

 

                Poeta naizen ezkero,

                eztut zerurik ezpero

                Bederatzi kopla ditut,

                lau zuhur eta bost ero.

 

        Maiz, orrialdeak barna, arkituko ditugu zenbait idea azkatu zentzu gabeko idurituko zaizkigunak, baña batean irakurriak bestekoekin jozkera dute, geienetan. Poema guziak du lokarrizko zer ikusia. Era berriko tajureri erantsirik bai daude.

        Irudimen aberatsa du. Euskera errikoia darabil, erreza. Ta akatzik badu, —nik ezetz uste, garrantzizkorik beintzat—, oso txikiak izango dira eta parkamena merezi du. Euskaldun berria da, eta idazle diran euskaldun berrien artean onenetakoa, noski. Lan onetan eskeintzak egiten dituan bezela, Altube eta Barandiaran izan ditu bere maixurik onenak. Bata Erderismos gaitik eta bestea Eusko-Folklore orriegaitik [2]. Ta, nere aburuz, izan ditu beste maixu batzuk ere, auek lirake gure idazle zaarrak, Axular, Leizarraga eta Etxeberri buru dirala. Ta bere errikoitasunari, erri bat ezin diogu aukeratu, ezta euskaldi bat ere; erriengandik beste bai du idazle zaar oietatik. Orotarik jantzitako izkuntza du. Euskera amagandik dakigunori, sarri, etzaigu bere doñua egokia iduritzen. Jatortasunezko esaeretan badu orrelako biur une bat. Badirudi, Zelayarena bestaldera gertatu zaionaren erako zerbait [3]. Bakarrik ori, Zeleyari erderaz gertatzen zaio, gure zoritxarrerako. Zergaitik, euskeltzaleok oso pozik artuko genuke bera bezelako poeta bat.

        Alde onetatik, eskertu bearrezkoa da Arestiren kemena. Ala ere, ez degu eskertuko bear aña, euskeraren alderako duan kemen ori, ta bear bada, ezta berak gure literaturara ixuri duan poesiagaitik, batez ere, poesi aurreratu onegaitik:

 

                Halaxen da mundua,

                eta gaur egunean

                iñor ezta profeta bere mendean.

 

        Baña emen geldituko dira izena eta izana. Geroak esan beza:

 

                Hemen dago gizona, Paper

                honetan dago. Nago.

 

        Gai giartsu onek daraman euskera, borondate oneko euskaldunak konprenitu ditzaten, Axularrek Gero-ren itzaurrean diona jarriko nuke: «Euskararen mintzatzeko eta eskiribatzeko moldeak eta diferentziak utzirik —zeren hek azala eta lorea bezela baitira— ar ezazu liburutto hunen fruitua, barreneko mamia...».

        Esan ditudanak naikoa ez balira, aipatu nitzazke, 1959-an, Bedoñan «Loramendi»ren omenez egin zan poesia sariketan lenbiziko gelditu zala Maldan behera lanarekin [4]. Orrez gañera, 1961-ean, Euskaltzaindiak eratutako «Torobio Alzaga» teatru saria irabazi zuan Mugaldeko herrian eginikako toberarekin [5]. Ta, azkenez, igaz, Harri eta Herri onekin, aurrekaldean dion bezela, «Orixe»-ren omenezko poesia sariketan lenengo atera zuan, Tolosan.

        Nai dana esango da, baña euskal literaturari orrelako gatza ematen zaion artean, lasaiago esan genezake:

 

                baina nire aitaren etxeak

                iraunen du

                zutik.

 

        [1] Ikusi J. M. Castellet-en Veinte años de poesía española (1939-1959). Editorial Seix Barral, S. A. Barcelona, 1962. Euskal poetak ere badute zer ikasi líburu onetan.

        [2] Lan oiek, El mundo en la mente popular vasca izenarekin, Donostiako «Colección Auñamendi»-k bildu ditu iru liburutan. Siniste, ipui eta kontu dira, erriz-erri bilduak, bakoitza bere euskalkian eta erderazko itzulpenez emanak. Egokia euskeraz ikasi nai dutenentzat.

        [3] Ikusi Hablando en castellano Zelayaren Pequeña antología poética, 89-garren orrialdean. «Colección La Cigarra». Santander, 1957. Eta, Sin lengua, bere Rapsodia euskara, ll-gn. o. Biblioteca Vascongada de los Amigos del País. San Sebastián, 1961.

        [4] Euskaltzaindiaren «Euskera» aldizkarian argitaratua. Tomo V, 189/234 orrialdeak. Bilbao, 1960.

        [5] Julio Urkijo Mintegiaren «Egan» aldizkarian argitaratua. 1961-eko 4-6 zenbakian, 262/289 o. Donostia.

 

Bilaketa