Hitzaurrea
Ibon Sarasola
«Gabriel Aresti - Poemak»
Gabriel Aresti
Kriselu, 1976
LEHEN PARTEA: TESTOINGURUA
1. LORE-JOKOAK: BIZKUNDE PROBLEMATSU BATEN PROBLEMAK
1.1. 1879 urtea har daiteke euskal poesia modernoaren hasiera-fetxatzat. Urte honetan ospatzen dira lehen aldiz mugaz honaindian 1853az gero beste aldean D'Abaddie jaunak urteoro muntatzen zituen lore jokoak [1]. Hautatu dugun urtea, bere konbentzionaltasunean, adierazgarria da: lehendabiziko aldiz sariketen historian probintzi guztietako bertsogileak presentatzen dira. Eta, are inportanteagoa dena, urte hartan irabazten duen poemak, Arrese Beitia otxandiotar santuginearen «Ama euskeraren azken agurrak«, haro berriaren ezagugarri nabarmenetatik bat izango dena azaltzen du: foruen galerak suposatzen zuen ondamendi politikoak jota, hil zorian aurkitzen uste zen euskaldungoari buruzko kezka eta ardura bizi bat [2].
«Literatura» hitza bere zentzu hertsian hartzen badugu, euskal literatura orduan hasten dela esan daiteke. Teatro modernoaren lehen komediak orain ematen dira, eta halaber nobelagintzan egiten diren lehen saioak. Kazetalaritzaren hasiera ere egun hauetakoa da, batez ere Iparraldeko EUSKALDUNA eta Hegoko EUSKAL ERRIA aldizkarien bidez. Poesiari dagokionez aurrerabide koantitatibo (eta zenbait kasutan are koalitatibo) bat gertatzen da ordudanik [3]. Oso noizean behingo poemagintza batetik, produkzio etengabe eta gonbarazioz ugari batera pasatzen gara, liburuez bestalde, lehen aipatu ditugun aldizkarien bitartez.
Euskal literaturaren eta bereziki poesiaren bizkunde hau, aurremugaketaz, oztopoz ibilbidea behaztopatzen eta kondizionatzen duen egoera hau, guztiz elkarloturik eta kontraesanez beterik aurkitzen da hasieratik bertatik. Euskal poemagintzaren gertatzen diren era askotako faktorek tankeraturik agertzen da. Horrela, kausa eta ondorioen arteko hierarkizazio bat establitzeaz etsirik, ezinbestean, faktoreon zenbait alde ohargarrieren azpimarkatze soilaz konformatu beharko gara hemen.
1.2. Lore-jokoen planteamolde kulturala ez zen izan euskalpoemagintzarentzat oso egokia. Beharbada halabeharrez, gure poemagintzari ez zitzaion jaialdi haietan eta haiek girotzen zuten egoeran balio folkloriko bat baizik aitortu. Euskal lore jokoak ez ziren izan, Catalunyakoak izan ziren bezala, literatur gertakari bat. Euskal lorejokoak gertakari folkloriko bat izan, eta euskal kulturak planteamolde oker honen ondorio guztiak pairatu behar izan zituen. Poemak eta bertsoak txistera-partidekin, laisterketekin, ganadu-xapelketa eta irrintzilariekin nahasten ziren D'Abaddieren sariketetan. Manifestazio folkloriko hauetan, gainera, literatur aldeak ez zeraman, ez, parterik hoberena. Hau egiaztatzeko nahikoa da sarien dirua nola banatzen zen ikustea: 1869ko sariketan banatu ziren 830 liberetatik soilik 80 izan ziren bertsogileentzat eta beste horrenbeste bertsolarientzat. Pilotarientzako lehen saria, berriz, 400 liberakoa zen, bigarrena 80koa zelarik. Gainerako dirua ganadu-xapelketarako zen [4]. Halaber Markinan 1833an: poesiarik hoberenarentzat 320 erreal; xistera-partida irabazlearentzat 1.600 erreal eta bigarrenarentzat 320; andre-laisterketetan (buruan ontzi bat bete ureraman behar zutelarik egiten zirenak) 240 erreal irabazlearentzat eta 160 bigarrenarentzat; behi-esne hoberenarentzat, 400; andre irrintzilari hoberenarentzat, 320 [5].
Planteamolde honen ondorioz gertatzen zen hizkuntzaren erredukzio funtzionalari (zeinaren arabera giza espresabide izan behar lukeen tresna bere funtzioan murriztua gertatzen baita folklorearen elementu bat gehiago bihurturik), ez zitzaion laudatzailerik falta izan, eta ez zaio gaur egun ere, joera horrek euskaldungoari ekarri dion kalteaz ohartzeko sobera arrazoi dagoenean, falta. Hor ditugu lekuko Bernardo Estornes Lasaren hitzak:
Entre ambas instituciones, catalanas y vascas, hay de por medio diferencias notables que ya en 1789 las destacaba Don Carmelo de Echegaray. D'Abaddie miraba sirnultaneamente por la fortaleza física y moral del pueblo vasco. Sus fiestas Euskaras fueron, desde un comienzo, completas, verdaderas fiestas. La poesía euskérica y la lengua misma debían de florecer simultaneamente en los juegos y deportes viriles, con las bellas canciones tradicionales, los usos y costumbres sancionados por los siglos, y las notas pintorescas del folklore... Además, pues de certámenes literarios, las fiestas Euskaras eran algo íntegro dirigido en todo su frente a la supervivencia y desarrollo de la civilización étnica de los vascos [6].
1.3. Lore jokoek aurkitu zituzten aurremugaketen artean hizkuntzaren egoera izan zen larrienetako bat. Euskal literatura beranta da ingurukoei buruz, eta ez du ezagutzen gailegoak eta batez ere katalanak Erdi haroan iritsi zuten hizkuntz normalizazioa. Alde honetatik gure artean egiten den lehen saioa Leizarraga eta haren itzultzaile-ekipoarena da, XVI. mendearen azken aldean. Saio hau lapurtar euskalkiaren gain eratu zen, eta honen dialektokeria guztiak baztertuz literatur hizkuntza guztiz kulto eta standarizatu bat lortu izan zen. Ahalegin honetan guztiz garrantzitsua izan bide zen, Jose Azurmendik azpimarkatu duen bezala [7], Joana de Albret erregina nafarraren gorte kalvinistak jokatu zuen papera. Dena dela, euskara kultur hizkuntza bihurtzeko lehen eginahal honek erreka jo zuen protestantismoa eta hura sostengatzen zuen politik erakundea Euskal Herritik desagertuak izan zirenean.
XVII. mendean Axularren ingurura biltzen den apaiz-multzoaren lanak, euskara kultur hizkuntza bihurtzeko bigarren bide bat prestatzen du, hau ere lapurtarraren gain eratua. Bigarren saio hau uste den baino areago baliatzen da aurrekoaren soluziobideez, baina problemari irtenbide populistago bat ematen dio. Horrela, Sarako Eskolakoen hizkuntza herrikoiagoa da eta dialektokeriaz kutsatuagoa, hots, «jatorragoa» baina mailaz apalagoa eta literatur diskurtsoa bera ñabardura guztietan adierazteko ahulagoa, Axular bat bere GERO-ko latin itzulpenetan perifrasisaz noraino baliatu behar den ikustean ohartzen garen bezala [8]. Dena dela, eta dialektokeriaren ondorioz gertatzen den dispertsio (hitzaren zentzu estadistikoan) linguistikoaren gainetik, taldeko bakoitzak batasun ardura eta are zentzu argi bat azaltzen du. Mezuaren aldetik, Axular eta Etxeberri Ziburukoaren kasutan batez ere, goratasun nabari eta aipagarri bat iristen da, erabiltzen dituzten gai gehien bat erlijiosoak tratatzean. Haien eskuetan gauza da oraindik euskara garaiko kultur mundua aise eta are dotoreki adierazteko. Horrela, euskal literatura bere urre arora heltzen da Ipar Euskal Herrian.
XVIII. mendean, oraintsu arte gure literatura markatu duen fenomeno bikoitz bat bortizki nabaritzen hasten da. Alde batetik edizioen numeroa ugarituz doa: XVI. mendeko 36 edizioen ondoan XVII.koak 137 dira eta 411 1800-1879 epekoak [9]. Baina honekin batera, hizkuntza idatziaren batasuna hautsiz doa, lapurtarraren ondotik lehenik zuberotarra, ondoren gipuzkera eta azkenik bizkaiera literatur euskalki bihurtzen direlarik. Euskara idatzia dialektokeriaz eta xokokeriaz etengabe beteaz doa, eta honekin elkarloturik, mezuaren maila apalduz eta pobretuz. Produkzioaren gehiena herri arruntenaren erlijio-irakaskintzarako sermoe eta debozio liburuez osatzen da. Kontua ez da euskal liburugintzaren nagusigoa garai hartan inguruko literatura handien ezagugarri jakin bat baita [10], baizik ba dirudiela euskara kondenatzen dela hizkuntza hori besterik ez dakien herri xehea erlijio-gaietan eskolatzeko funtzio soil eta bakarrera.
Adierazten ari garen erredukzio funtzional hau, lehen aipatu dugun erredukzio folklorikoaren kausa halabeharrezkoa gertatzen da. Hildo berean, XIX. mendean euskaraz nahiz erdaraz diharduten euskal idazleak bilingueak baino areago, diglosikoak dira: kulturmailarik apalena gainditzen duten lanak, edo euskal produkzioak ohizko zituen gai erlijioso edo literariotik irteten diren izkribuak, erdaraz, gaztelaniaz batez ere, moldatzen dira. Euskal hizkuntzaren paregabetasunak, abantailak eta prestutasunak paperean geratzen ziren, apologisten erdal liburuetako plametan hain zuzen. Errealitate gorrian euskarak ez zuen balio zenbait baserritar eta nekazari ezjakini erlijio-irakaskintza hastapenezkoena emateko baizik. Aipatu berri dugun literatur euskararen dialektotze-prozesoa, egoera honen ondorio zuzena da, erraz ikus daitekeen bezala.
1.4. Guzti honen ondorioz espero zitekeen bezala, lore jokoak eragin zuten mugimenduaren ingurua bildu ziren idazleen kultur maila guztiz apala zen. Arrese Beitia santuginea izan zen, Iraola tipografoa, Ramon Artola linterneroa eta pintorea zen, bere seme Pepe bezala. Soroa, nahiz Valladolid-en lege-estudioak egin zituen, gimnasi irakasle izan zen ogibidez. Beste aldekoei dagokionez, Berges artzaia izan zen, Harluz nekazaria, Dibarrart zapatagilea, «Oxalde» abarketagilea. Salbuespen aipagarri bakarra Larralde medikoa litzateke. A. Zavalak Bilintxez dionenak hauentzat ere balio du:
«... ezagutu zitun Campoamor olerkariaren DOLORAS izendatutako itz-neurtuak. Izugarri gustatu ta alakorik asmatu nai izan zun, bañan ezin...
»Benito Jamarrek irakurri zizkion ordun Becker'en RIMAS ta Aguilera'ren ELEGIAS. Bilintxek entzun omen zitun arrituta, bere anima olerkariaren animarekin zearo bat eginda.
»Beste bein, kayeko taberna batean; Benito Jamar onek irakurri zizkion erderara itzulitako Heine'ren zenbait bertso. Bilintxek entzun zitun biotza saltoka ari zitzayola: ¡Ederrrraa!... esaten zun, edo bestela txapela eramaten zun malkoz bustitako bere begietara...
»Erdera poliki xamar zekien, bañan etzun izan bear eskola aundirikan. Arratsalde batean esaten omen zun: "Iya ez baidakit irakurtzen. Bañan irakurri egiten det irakurri bear dana"» [11].
1.5. Bestalde, irakurlegoaren problema aurreragoko utzirik, gainestruktur mailako behaztopak ere ez dira falta. Garaiko euskal kulturaren gidaritza noren eskuetan zegoen kontuan argi apur bat egin nahirik, Ithurry apaizaren GRAMMAIRE BASQUEan (1895) agertzen den suskribidore zerrenda aztertu dugu, Ipar aldeko eragile euskaltzaleen egituraren adierazgarri gertatu datekeen ustetan. 225 suskribidoretatik 177, hots, o/o 79a elizgizonak dira, 24 estudio berezirik gabeko laikoak, eta gainerako 24ak laiko tituludunak [12]. Hego aldean ez bide zen egoera askoz hobea. Gauzak horrela, euskal literaturak ez zuen eguneratzeko, laikotzeko eta kultura mailaz egokitzeko pozibilitate handirik.
Halabeharrez, lore jokoetatik sortzen den poesia, etorkiz eta formaz, bertsolaritzaren seme da. XVII. mendeko poesia landua, Etxeberri Ziburukoarena eta batez ere Oihenartena, adierazi ditugun arrazoiak gatik praktikan ezagutezina gertatzen zitzaiela, lorejokoetako bertsogileak bertsolaritzaren gai, teknika eta baliabide formal berak erabiltzen dituzte. Haren eta honen artean, kaso askotan guztiz baztergarria gertatzen den tonu-diferentzia bat baizik ez da nabaritzen. Landutasun bat ia inoiz iritsi gabe, garaiko poesia, eta areago literaturaren gainerako alorrak, ez dute, ezinbestean, maila folklorikoa gainditzen.
2. EUSKAL ABERTZALETASUNAREN ARGIAK ETA ITZALAK: OLERKARIAK
2.1. Poesiari dagokion egoera ez da XX. mendearen bigarren hamarkadaren bukaera arte funtsean hobetzen. Bitarte horretan, Hegoan batez ere, nazionalismoak euskaldungoan izan zuen eragin dezisiboa azpimarkatu behar da. Teoriaren mailan, garbizaletasuna, idea funtsean burgesa, guztiz onuragarria gerta zitekeen euskaldungoaren egoera hartan, hizkuntzaren prestutzea eta trebatzea, erdarekiko kultur azpirazio sekulakoaren suntsidura eta populismoaren gaindiketa suposa zezakeen aldetik. Baina zoritxarrez, euskaldungoaren gidaritza ez zegoen osorik euskal burgesiaren eskuetan, eta honek ezin izan zuen bete puntu honetan zegokion eginkizuna.
Euskal nazionalismo politikoa guztiz burgesa izan ez bazen [13], are gutiago izan zen burgesa euskal abertzaletasun kulturala hizkuntza nazionalari zegokion alorrean. Alde honetatik, gerra aurreko kultur mugimendu abertzalean pisu andiegia zuten, ikusi dugunez, sektore klerikal eta nekazariak, hots, mugimenduaren indar konserbakor eta intelektualki prestatugabeenak, eta giro gaizto honek okerturik eragin guztiz positibo bat izan behar zukeena, joera kontraesaleren nahaste zenbait aldetatik guztiz eragozgarria bilakatu zen. Eraberritzea, haren zentzu sakona endelega ezin zezaketen talderen eskuetan, karikaturan eta anekdotan geratu eta ahitu zen. Euskara euskaldunen kultur hizkuntza bilakatzeko eginkizunari zegokion lehentasun nagusia ematen beharrean, indarrik baliotsuenak hizkuntzatik erdal kutsuko hitz eta joskera guztiak zentzugabeki baztertzen eta haien ordez asmaketa eta xokokeria itxuragabeenak ezartzen hondatu ziren.
2.2. Praktikan garbizalekeria bihurtu zen garbizaletasun horretan dena ez zela arbuiagarria, haren kontresanen ondorio zuzen eta jatorra den olerkarien mugimenduak demostratzen du. Beren burua izendatzeko erabiltzen zuten hitzaz baliatuz, «Olerkariak» izenez 1930 inguruan «Euskaltzaleak» taldearen eraginpera biltzen diren poetak deitzen ditugu. Olerkarien obraz, euskal poesia anartean inoiz ezagutu ez zuen maila batetara altxatzen da. Lore jokoetako ihardukiaz euskal poesia bide itsu batetan sartu zen, bertsolaritzaren ezein abantaila eta ia behaztopa guztiak beregana baitzituen. D. Intzak Jaurtarkolen BIOZKADAKen (1929) hitzaurrean seinalatzen duen bezala, poemagintza hark ez zuen inoiz bertsolaritzaren freskotasun eta espontaneotasuna izan, eta, bestalde, ez zuen asmatu (beharbada ez zen hortan saiatu ere) mundu poetiko berezi bat eta honi legokiokeen hizkuntza autonomoa taxutzen. Mundo poetiko eta hizkuntza berezi hori eraikitzea, hots, egiaz landu eta bertsolaritzari buruz autonomo bat lortzea izan zen hain zuzen ere, olerkariek euskal poesiara ekarri zuten berrikuntzarik interesgarriena.
Arestik berak Lizardiz mintzatzean aipatzen zuen anarkia formalaren kontuan argi egin nahirik gerraurreko poeta gorenaren poemagintzaren alde metrikoak aztertzen hasi ginenean, berehala konturatu ginen erabiltzen zituen neurtze-sistema eta lotura-legeak lore-jokoetako poetenez bestelakoak zirela. Ikerketei jarraikiz, ohartu ginen lege horiek ez zirela Lizardiren poemagintzaren ezagugarri pertsonal bat, baizik eta, hain zuzen, olerkarien taldea talde bezala definitzeko erabil zitekeen tasunik eroso eta objektiboena: Loramendi, adibidez, olerkarien taldeari lotzen zaionean aldatzen da sistemaz [14]
Olerkariek ezartzen duten sistema honi buruz azpimarkatu behar da Sabino Aranak bere LECCIONES DE ORTOGRAFIA DEL EUSKERA BIZKAINOko «La fonética en el metro del verso»an proposatzen duena dela, eta haren lehen erabilerak, Jauregi eta Orixeren eskuz, 1918an gertatzen direla, hots, euskal metrikari buruzko ikerketa-giro nabari batek markatzen duen garai batetan. Arazo teorikoei buruzko ardura ohartu honek olerkarien ekintzaren ezagugarri beharbada funtsezkoenera garama: lehen aldiz euskal 1iteraturgintza hartzen dute lanbide nagusitzat, eta jakinaren gainean egin duten aukera hori gauzatzen aurkitzen dituzten era guztietako behaztopa eta eragozpenei erantzun taxusko bat ematen ahalegintzen dira.
Olerkarien mugimendua osatzen duten lagunen literatur kontzientzi maila ez da, noski, berdina, eta alde honetatik, taldearen eragile eta bide-erakusle gertatzen den «Aitzol» apaizaren gidaritzaren garrantzia neurriz gainekoa bilakatu zen. Aurrerago aipatuko ditugun mugaketa anbiental eta pertsonal guztiak gora behera, «Aitzol», bere eraginaren eta lan kritikoaren zentzuak argi adierazten digunez [15], belaunaldi berri baten bozemaile eta aintzindari bezala agertzen zaigu: euskal hizkuntza kulturbidetan sartzeko eta literatura egiazko bat tankeratzeko egiten duen ahaleginak gatik aro foklorikoa gainditzeko zorian jartzen den belaunaldiarena, hain zuzen.
2.3. Gainditzeko zorian, pauso ez bait zen inoiz eman. Lore jokoez hitzegitean adierazi ditugun behaztopa gainestrukturalak bere hartan zirauten funtsean, eta euskarari historikoki ezarri zitzaion funtzio folklorikoak, bere ondorio guztiekin, pisu larregia zuen, teorian ez bazen, bai bederen praktikan. Horrela, Errepublika garaian ere, euskarak herri xehearen hizkeratzat hartua izaten segitu zuen praktikan, eta orduko abertzaletasunaren hizkuntz politika, begi motzeko ikuspegi horrek tankeraturik aurkitzen da. Ez da, adibidez, sortuz doazen euskaldun hiritarren kultur beharkizunei euskararen bidez erantzun egoki bat ematen inolako ahalegin esplizito eta oharturik egiten. Garaiko euskal aldizkariak diglosikoak izaten segitzen dute: kultur mailarik apalena gainditzen duten izkribu guztiak erdarazkoak dira.
Euskaldungo ofizialean, euskalduntasuna euskaraz jakitera mugatzen da: hortik aurrera, ahozko eta batez ere izkribuzko espresabidetzat erdararen erabilketa justifikatzeko eta zilegiztatzeko aitzekiarik banalena onargarria gertatzen da. Hildo berean garaiko euskal kazetalaritzaren emaitza espektakularrena, ARGIA astekaria, baserritar aldizkari folkloriko bat da, asmoz eta zentzuz: ezin daiteke, adibidez, haren orrietan ezein euskal libururen aipu edo kritikarik irakur. Azkenik, giro objektiboa oraingoa baino askoz erosoagoa zen garai haietan ikastolen mugimenduak izan zuen harrera desesperanteki hotzak, aski argi adierazten digu zein ilun eta nahasturik zeuden, praktikan, euskaltzale gehienengan, euskal problemari buruzko ideiak. Euskaldungoaren harreman eta kultur hizkuntza serioa, axola guztiz urriko zenbait salbuespen anekdotiko mimetiko eta inkoherente kanpo, erdera da derrigorrean. Olerkarien eraginak berak, euskara gauza erraz eta jatorrekin identifikatzen duen giro general honek hartaraturik amore eman behar du azkenean: azken urtetako Olerki-egunerako deietan, euskara eta gai «errazak» erabil ditzaten gomendatzen zaie biziki sariketetan parte hartu nahi duten olerkariei. Lizardi handiaren literatur ekintzak eta zenbait artikuluk suposatzen zuten euskaldungoaren problemari buruzko ikusmolde ia iraulariaren garaia pasa da, urte askotarako.
2.4. Adierazten saiatu garen joera kontraesale horiek sortu zuten egoera problematsu baina etorkizunari buruz hain esperantzatsua gerrak suntsitu eta deuseztu zuen. Gertakari honen ondorioz euskal literaturak eta, oro har, euskaldungoak, bere historiako larrialdirik gaitzenetako bat ezagutzen du. Egoera bi aldeetatik da larria. Batetik, heriotzaren eta erbesteratzearen ondoriozko baxak erabakikorrak dira, eta sobrebizitzen direnak, barnean nahiz atzerrian, ez dira gauza egoera berriarí taxuz buru emateko. Bestetik, sobrebizitzaileok, hizkuntzaren erabilera (lehen mementuetan are pribatua) galerazten eta behaztopatzen delarik, beren espresabideaz basatiki gabetuak aurkitzen dira. Heriotze-psikosis bat nagusitzen zaio euskaldungoari, eta «desagertzera doan herri bat»en tema bilakatzen da gerraondoko aurren poemagintzaren ezagugarri nagusienetako bat [16], batez ere garaiko poetarik inportanteena eta egoerari lotuena agertzen den Salbatore Mitxelenarengan.
Dena dela, gerraondoko aurren literaturgintzaren tasunik nagusiena ihes-nahia da. Jokaera hau Euskal Herrian bertan ahalegintzen zirenen artean halabeharrezkoa gertatzen bazen, deserriratuei dagokionez sintomatikoa da. Literatura hori, guztiz ahuldurik eta desbidaturik aurkitzen diren, baina halere jarraiki egin behar dela intuitzen duten zenbait idazle sakabanaturen lan heroikoa da. Literatura hori, batez ere poemagintzara mugaturik, zabalkunde problematsuko liburu eta aldizkari ezinbestean ia ezezagunetan ezkutaturik, gerraurreko ahaleginen errepikazio eta imitazio alferrera kondenaturik, bere historiako une ilunetatik bat ezagutzera bultzatua aurkitzen da. Baina inguruko pesimismo general eta giro ezin gaiztoago horren aurrean etsi ez zuen belaunaldia euskal literaturako garrantzitsuenetatik bat gertatzen da, mementu hartan beharrezkoen zuena eman bait zion hari: segida bat. Haren literaturgintza, era guztietako faktorek hartaraturik, kalitate apalekoa eta garaiari buruz gerraurrekoa baino are anakronikoagoa izango zen, baina zen, hori ezin zen ukatu, eta hori zen, hain zuzen, benetan garrantzitsuena egoera hartan [17].
3. IRAKURLEGO MARGENERATU BATEN IBILBITEA
3.1. 1960-1970 hamarkadan euskal literaturan gertatzen den iraulkazioa ezin daiteke taxuz esplika, orain arte nahikoa azpimarkatu ez dugun faktore baten ibilbide historikoaren zentzua adierazi gabe: Euskaldungoari zentzu eta oinarri nahitaezkoa ematen dion euskaldun populuarena, hain zuzen.
Euskaldungoaren historiaren konstante ezagugarrizkoenetatik bat euskaldun multzoak menderen zehar pairatu behar izan duten politik eta kultur margenerazioa da. Euskalduna, euskaldun bezala, botere eta kultur zentroetatik bazterturik aurkitu da beti danik: horietara heltzeak, mundu horretan parte hartzeak deseuskalduntzea zekarren praktikan. Hildo berean, bizimodu eta harreman-mueta hiritarrek, gertatuz doazen eran, erdera suposatzen dute. Hitz batez, mundu nekazaria da euskararena; hura uzteak erderatzea dakar. Berez, zirkulu biziotsu baten aurrean gaude: euskara, hizkuntza basati eta ezlandu bat delarik, ezin daiteke mundu nekazaritik kanpo erabil, eta horrela hizkuntza basati eta ezlandu bat izaten jarraikitzen da.
Euskal klase gidariak (hutsegiten erantzunkizuna nola eta nortzuen artean banatu behar den hauzian sartu gabe) belaunaldiz belaunaldi mantentzen zuten jokaera guztiz bidegabe honen ondorioz, XX. mendearen hasieran, abertzaletasuna euskaldungoaren ibilbideari zentzu berri bat ematera zihoanean, hizkuntzaren egoera zeharo gaiztoturik aurkitzen zen. Kontuan hartzen badugu euskal gizartea egitura nekazaritik hiritarrera pasatzen ari zelarik, eta aldatze horrekin batera hizkuntz aldatze bat gertatzen ari zela, ulergarria dirudi jadanik ehun urte euskaldungoaz jabetzen hasi zen euskararen heriotze lasterraren sentimendua.
3.2. Testoinguru honetan gauzatu behar izan zuen gerraurreko abertzaletasunak hizkuntza nazionalari buruzko eginbidea. Eta testoinguru honek mugatu eta kondizionatu zuen haren ikuspegia, teorian nahiz praktikan.
Euskal nazionalismoa, sortzez, mugimendu hiritar bat da, eta horrela, espresabide ohizko eta nagusitzat erdera duten euskaldun eta euskotarrez osatzen da: jakina denez, garaiko euskaldun hiritarrak, are abertzaleak, zenbait salbuespen kanpo, erderaz mintzatzeko ohitura zuten are euskaldunekin ari zirenean, giro familiarrean (haurrekin batez ere) ari ez baziren. Talde abertzale hauek praktikan «nahiko berea» ez zen hizkuntza baten alde joka zezaketen paperak teorikoa izan behar zuen ezinbestean.
Eta ezinbestean halaber erdara hartu zuten talde hauek kultur eta harreman hizkuntzaz. Espresabide bezala berez arrotz gertatzen zitzaien hizkera bereganatzen eta hizkuntza landu bihurtzen ez ziren saiatu: praktikan, eta garaiko giroak hartaraturik, ez bide zitzaien alternatiba hau posiblea ere iruditu. Inork erreparo taxuzkorik jartzen ez zuelarik [18], kultur hizkuntzatzat erdararen erabilera sekulakoa mantendu zuten. Nazionalismoaren praxian, lehen aipatu dugun zirkulu biziotsuak bere hartan dirau funtsean: euskara kultur hizkuntza bat ez delarik, ezin daiteke erabil gizakomunikabideetan (sinbolikoki bai, eta erabilia izan zen hala, baina ez operatiboki), eta gizakomunikabideetan erabiltzen ez delarik ezin daiteke kultur hizkuntza bilaka.
Nazionalismoaren beraren praxiatik bazterturik eta margeneraturik, euskal hizkuntza eta literaturgintzaren arazoa egoera problematsu batetan jarraiki zen. Euskal idazlegoa, gehien bat, apaizek eta kultur maila urriko eta izpiritu nekazariko gizonek osatzen dute. Hauen produkzioa, olerkarien mugimenduaren lehen saioak salbu, herri xeheari zuzentzen da, hots, oraindik euskaldungoaren gehiengoa suposatzen zuten multzo baserritarrei. Gauzak horrela, erraz da ulertzen literaturgintza haren ahulezia eta frakaso editoriala (irakurtzeko premiarik inoiz sentitu ez duen multzo bati zuzentzen bait zen), eta anakronismoa inguratzen zuen gizarteari buruz. Hain zuzen, gerraurreko abertzaletasunaren hizkuntz politikoaren hutsegiterik larriena, osatuz zihoan giro urbanoan euskaldun zirauten minorien inportantzia neurriz gainekoaz ez jabetzea eta haien kultur beharkizunei ez erantzutea izango zen.
3.3. Gerraondoak dakarren industriatze-prozesoaren hedadura nabariaren ondorioz euskaldunak masiboki doaz giro nekazaritik hiritarrera iraganez: 1970 urtetarako, euskaldunen artean soilik o/o 35,5ak dirau baserrian; gainerako o/o 64.5a giro kaletar batetan bizi da. Eta 5.000 biztanletik gorako populazio-multzoetan bizi direlarik guztiz urbanoak kontsidera daitezken euskaldunak totalaren o/o 49a suposatzen dute. Hau sorterrian bertan bizi direnei dagokionez, atzerrian bizi direnek ere kontuan hartzen baditugu portzentaia 51era heltzen baita, euskaldungoaren gehiengoa hiritarra da giroz eta bizimoldez.
Gerraondoaren ezagugarri nagusia izan den hiriratze-prozeso honek, eta berarekin batera eman den irakaskintzaren demokratizazioak, euskal literatura moderno batek behar zuen irakurlego hiritar eta kultoa sortzen du. Baína, aipatu dugun bezala, garaiko euskal literaturgintzak ezinbestean presentatzen duen itxura gerraurreko inguratzen duen errealitateari buruz hain desfasatuak, galerazi egiten dio hari irakurtzeko premia sentitzen duten multzo hauen beharkizunetara etortzea eta makurtzea. Horrela euskal irakurlego berri hori erderara jo beharrean aurkitzen da premia horiek beteko baditu.
Dena dela, euskal irakurlego hiritarraren erderaratzearen faktore nagusia beste bat izan da eta da; idazlegoaren eta irakurlegoaren arteko harremanen normalizazioa eragotzi duten eta oraindik eragozten duten behaztopa gainestrukturalak, euskaldunei gizakomunikabideen erabilkuntza eta euskaraz haztea eta heztea bidegabeki galeratzen dietenak. Hala ere, eta horregatik ez dugu funtsezko arazo hau berez eskatzen duen indarraz azpimarkatzen, irakurlego berriak suposatzen duen egoerak hartaraturik, euskal literaturgintzak lortu du azkenean aipatu dugun desfase hori gainditzeko bidetik abiatzea, eguneratze hori, halabeharrez, erraz uler daitekenez, problematsua eta mugakeraz betea aurkitzen bada ere. Prozeso honetan, mugarri bat bezala bidagurutzezkoa izan den liburu bat seinalatu behar da, eraberritze radikal horren bandera eta euskal irakurlego berriaren parte garrantzitsu batek ezagutu duen lehen euskal obra gertatu baita: 1964. ean argia ikusten duen Gabriel Arestiren «Harri eta Herri» poema liburua.
ERDIBIDEAN: TESTOINGURUAZ ETA LITERATUR BALIOAZ
Gizalan oro bezala, Arestiren literaturgintza leku eta denbora baten seme, hots, tradizio eta testoinguru baten seme da. Tradizio eta testoinguru horiek markatzen, kondizionatzen eta mugatzen dute. Baina, esker oneko ordainez, tradizio eta testoinguru horiek ematen diote bere funtsa eta balio egiazkoa. Horrela soilik, gizarte konkreto batetan hezurmamiturik, kolektibitate baten ibilbide historikoan itsasirik, hartzen du zilegiztasun eta zentzu gizatiarra.
Hau azpimarkatzea beharrezkoa iruditu zaigu, zeren Arestiren kasoan, Lizardirenean bezala, erdal itzulpenaren irakurketa abstraktoak, haren obraren zentzu eta balio egizkoaren desitxuratze bat bait dakarke. Eta ez gara ari literatur obra baten itzultze-problema jakinez. Obra artikulatzen duen kultur mundua, egituraz, problematikaz eta ibilbidez hain desberdina, da kasu honetan itzulezina. Orri hauetan, itzulezintasun hori nola erabait gainditzeko argibideak ematen saiatzen ari gara, hain zuzen.
Orain arte adierazi ditugunak dira, gure ustez, Aresti euskaldunberri gazteak literaturgintza bideetatik abiatzera zihoanean aurkitu zuen hizkuntz eta literatur testoinguruaren ezagugarri nagusiak. Bere lana egoera horretan gauzatu zen, eta egoera horri erantzun zion. Baina ez zen izan bakarti baten ahalegin indibidualaren fruitua. Horrela, berez, aipatu berri dugun «Harri eta Herri» liburua, hamarren bat urteko saio eta errealizazio partzialak biltzen eta azken ondorioetaraino ausartiki eramaten dituen bozemaile jeinutsu baten sintesi lana da. Prozeso honen lehen epea adieraztea da lan honen bigarren partearen asmoa.
BIGARREN PARTEA:
GABRIEL ARESTIREN POEMAGINTZAZ
1. LEHEN POEMAK
1.1. 1954ean, Arestik bere lehen poemak argitaratzen dituenean, gerraurreko presuposaketen jarraitzale konsideratzen den poemagintza batek domeinatzen du euskal literaturaren panorama. Orixe, Zaitegi, Erkiaga eta olerkarien mugimenduaren hondamenditik salbatzen diren gainerakoei, zenbait izen berri batzen zaizkie: Telesforo Monzon-Olaso, Salbatore Mitxelena, Nemesio Etxaniz eta beste. Guztiok talde aski homogeneo bat osatzen dute funtsean, hizkuntz, tankera eta giro kontinuitatearen eraginpean.
Baina linea «ofizial» hortik kanpo beste bat nabari daiteke, gerraurreko esperientzian sustrairik ez hartzea ezagugarritzat duena. Linea honen aintzindaria eta alderik aparatosoena Federico Krutwig getxotarraren poemagintzak osatzen du. Leizarragaren lapurtar preklasikoaren jarraitzaile hizkuntzaz, nihilista (eta, beraz, betidanik euskal literaturaren tasunik mugigaitzena izan den erlijio-ortodoxiatik at) tematikaz, eta guztiz agresiboa tankeraz,
Lanho da oro, mundua elhea
Ezer eztago, eztago Gogorik
Spiritua ezta khimaira baizik [1]
haren obra laburra, 1949-1952 bitartean ematen dena, guztiz arrotza gertatzen da garaiko euskal poesiaren testoinguruan. Bere garaian agiriki arbuiatua eta guztiz kondenatua izan ez bazen [1 bis], euskaldungoak pairatzen zuen egoera ezin larriagoak euskaraz moldatzen zen ezer ere ez baztertzea eskatzen zuelako izan zen.
Krutwigen inportantzia gerraondoko literaturgintzan, bere lan poetiko balio erdipurdikoan baino areago, prosalan eta artikulu teorikoren bitartez eragin zuen literatur hizkuntzaren eraberritzean datza. Batasunaren arazoa, desira hodeitsuen zerutik beharkizun premiatsuenen lur gorrira erakarririk, eta euskara kultur hizkuntz bilakatzeko bidean garbizalekeria kutsatzen zuen zentzu populistak suposatzen duen bide itsua ukatuz, hogei urte geroago taxutuko zen batasun-modeloaren alde funtsezkoenen aintzindari gertatu zen.
1.2. Krutwigen eragina erabakikorra da Jon Miranderen literatur ibilbidean. Miranderen poemagintza 1950ean hasten da, eta jadanik «Zergatik» (1951) eta «Neskutsak» (1951) poemetan euskal literaturan ohizkoa ez zen tematika bat erabiltzen badu ere, hizkuntzaren aldetik garbizaletasunaren orbitan aurkitzen da, tankeraz eta erabiltzen dituen neologismoak gatik. Baina 1952 urtean, Krutwigen ideiak harrera hoberena duten mementoan, lapurtar klasikoa hartzen du poesi hizkuntzatzat, eta getxotarrak proposaturiko bideak berehala ezagutuko duen beheraldia gorabehera, ez du jadanik abandonatuko. Oinarri honen gainean eraikitzen duen hizkuntza poetikoak ez ditu garbizaletasunaren zenbait alde zapuzten, eta lehen sintesis honek hezurmamitzen du euskal literatura osoko ibilaldi poetiko izugarrienetatik bat. Miranderen forma guztiz landuaren influentzia neurgaitza gertatuko da Arestigan eta, nahiz honen bitartez, nahiz zuzenean, haren ondotik etorri direnengan.
Diogun bezala, Miranderen influentzia nonnahi nabari daiteke Arestiren lehen poemetan. Haren itzalean hartzen du, Krutwigen lapurtar klasikoa, abertzaletasun ofizialak ordurako, lehen mementoko bazilazioen ondoren, deliberatuki arbuiatua zuena. Haren eraginaren ondorio da, halaber, bere lehen saio hauen formalismo hermetikoa, non poema ariketa formal baten desarroilo huts bezala kontzebitzen baita [2]. Lehen ezagugarriak, erabiltzen duen hizkuntzak halegia, euskal idazlegoaganik urruntzen badu, bigarrena, errealitateari buruzko ihes-nahia, garaiko euskal literatura osoaren tasun bat da, lehenago adierazi dugunez. Gertakari honen arrazoia euskal literaturatik at bilatu behar da: honek pairatu behar zuen errepresio-egoerak ez zuen, azken finean, besterik permititzen, giro berbera pairatu behar zuten gainerako literaturetan fenomeno paraleloak atzemateak egiaztatzen duen bezala.
Baina idazlego ofizialaren eta moldatuz doan berriaren arteko diferentzia azpimarkagarriena, Europako literaturgintza garaikideei buruz batzuek eta besteek hartzen duten jokaera desberdinean datza. Idazlego ofizialak, era askotako aurreiritziren gatik literatura arrotz modernoari buruz betidaniko aktitude errezolotsua mantentzen duen bitartean [3], Arestik eta Mirandek, eta hauen ihardunaren zentzuari lotuz doaztenek, lehen aldiz gure artean, ongi ezagutzen duten literaturgintza moderno horren fruituak onartzeko eta bereganatzeko joera agiri bat erakutsiko dute.
Zaletasun hau guztiz esplizitoki eta are agresiboki manifestatzen da Arestigan bere poemagintzaren lehen etapa honetan, zenbait poemen buruan ezartzen dituen aipuak erakus erazten duten bezala, adibidez. Arestigan aipu hauek ez dute berez dagokien argudio funtzioa. Diogunaren frogabiderik eztabaidagaitzena «Maite gurpila» (1955) sortaren buruan ezartzen duena dateke, zeina J.P. Sartreren HUISCLOSEko pertsonaia baten ezpainetatik hartua baita: «Eh bien, continuons». Perpausa ezin banalago honekin (Arestik berak aitortu zigun aurrerago), orduko euskal idazleek gehien mezpreza zezaketenaren sinboloaren lagunarte definitzailean plazaratzean, haien arbuioa irabaziz haienganik guztiz bereiztea zen bilatzen zuena. Ez da ahaztu behar garaiko euskaldungo ofizialaren ikusmoldea existenzialistei buruz nahiko esplizoki eta bere inozokeria guztiaz adierazia gelditu zela Erkiagaren «Jean Paul Sartre ren ardi galduak» (1951) poema ikusgarrian:
Nortzuk ditugu, gero
«izate-zaleok»?
Arako Epikuro'n
txarriak, barrirok.
Prantzi'tik datorkiguz
Euskalerriraño
barrenarentzat kirats,
begientzat laño
Ai, gizaiso aundiok,
ardi-gabetuok,
illunez ta ustelez ez
al dozue egin ok?...
Soñeko merkez udan
tximiño bezela
ipurdia eta abar
agiri dabela
Utzi urde zikiñen
beira begiratze,
biotzak goratuaz
barrenak loratze...
Adimen-bazka arraitzat
ikus «Aitorpenak»
Agustin andiaren
ondare onenak...
Agur, ba, ene Sartre
akerzai azkarra
irri-karkarez dozu
inpernuko garra !...
ja-ja, ja-ja [4]
1.3. 1950-1960 hamarkadaren azken urtetan, inguratzen duen errealitateari buruzko hurbiltze bat hasten da Arestiren poemagintzan. Alde batetik, hizkuntzaren bizkaieraratze bat gertatzen hasten da, 1958-an publikatzen den XXXI poeman jadanik nabari dena, «ulertan», «gura» eta beste zenbait formek adierazten dutenez. Honekin batera eta poema berean, nahiz zentzu generalak nahiko abstraktoa izaten segitzen duen, zenbait oihartzun detekta daiteke bere ihardukian, doinu-aldaketa bat adierazten dutenak:
«eztugu erdararik enzun gura
hogen tipiak haundienak dira».
Aldaketa honen hildoan, «BIZKAITARRA» (1959-1960) izenburu sugerigarrira biltzen diren hiru poemak, aurreko obra osoaren ukazioa suposatzen dute. Hizkuntzaren aldetik, euskara klasiko (eta beraz, hil) eta guztiz kulto batetik aho-bizkaierarik herrikoienera pasatzen da. Aldakuntza ezin da nabariagoa eta radikalagoa izan. Gauza batek dirau soilik aldaketa aurrean, aldaketan eta aldaketa ondoan: idazlego ofizialaren kritika garratza. Garbizaletasunaren populismoa (zeinarentzat «herrikoi» edo «jator» izateak «ezlandu» eta «ezkulto» izatea bait zekarren ezinbestean) kritikatzen bazuen lehen, orain populismo inozo horren faltsotasuna eta kontraesan funtzeskoa (ezin baita garbizale eta benetan populista izan batera) kritikatzen du Arestik, bere iharduki ezin populistagoaren bitartez. Ondorioak nabarmenak izan ziren: 1960ko euskal literaturgintzan ezin zitekeen imagina tankera honetako bertsook baino ezer subersiboagorik linguistikoki:
Justo Garate jaunak ederto jakiñaz
Eztau bape eskribidu iños euskeraz
Aren libru ederrak egiñik erderaz
Eskribitzeko modu arlote orregaz
gustaduten enas
Egundaño jamas
Izango da kapaz
Egiten andemas
Gure kontrako milla kritika garratz [4 bis]
1.4. Arestiren aldaketa radikal hau ulertzeko gauza bat hartu behar da gogoan. 1960 ingururako, egoera politikoa apur bat bederen gozatzen hasten denean poeta kalera jeits daiteke, eta zenbait poeta kalera jeisten dira. Gertakari honen ondorio bezala, katalanezko, gailegozko eta gaztelaniazko literaturgintzei poesiaren funtzioari buruzko zentzu berri bat nagusitzen zaie, «poesia sozial» izenez deitua izan dena.
Arestiren kasoan, inguratzen duen errealitateari buruzko hurbiltze honek, oraindik dirauen herri biziarekin topaerazten dio, eta hildo honetatik, euskaldungo herrikoiaren fruiturik berezienak liluratzen du bortizki lehenik: bertsolaritzak. Aurrerantzean, bertsolarienganako zaletasun hau Arestiren poemagintzaren konstante bat bilakatuko da. Baina MALDAN BEHERA-az gero, giltz-poema horrek suposatzen duen sintesisera bildurik geratuko bada, «Bizkaitarra» sortan huts-hutsean azalduko zaigu bertsolaritzaren eragin hori, teknikaz, hizkuntzaz eta literatur diskurtsoaren tonuz.
Euskaldungo herrikoiaren eragin hau ez da «Bizkaitarra»n bertsolaritzara mugatzen. Sortako lehen poemaren lehen estrofan,
Orienteko perlea
Nobia neurea
Biotzeko puskea
Melitxu maitea
Non da zure legea
Ta karidadea
Eukizu piedadea
Egin mesedea
esplizitoki parafraseatzen da Arestik berak euskal literaturaren onerako birdeskubritu berri zuen «Acto para la Nochebuena» XVIII. mendeko teatro laneko GRACIOSOaren hura: EUSKERA aldizkariaren V. alean 284 orrialdean irakur daitekena:
Mari gaboncho enea, biozeco puskea, Orienteko perlea
¿Nun da zure legea? ¿Non zure karidadea?
* * *
Echeco-andra maitea eukidazu piedadea
edo bigarren poeman tartekatzen dituen poema herrikoiren zatiak.
Bestalde, sortako hiru poemak bertsotan moldaturik daude, bi lehenak zortziko hadi eta tipiz, eta hirugarrena bederatzi puntuko bertsoz eta zortziko handiaren gain eratutako batez. Hemendik aurrera, esan dugunez, bertsolaritzako elementurik baliagarrienak ez dira desagertuko Arestiren iharduki poetikotik.
2. MALDAN BEHERA
2.1. Maldan behera, «Mirenen eta Joaneren historiaren bukaera», 1958-1959 urteetan konposatua, 1959an Loramendiren gorazarrez Euskaltzaindiak eginiko literatur sariketako poesi sailan lehendabiziko saria irabazi zuen lana, EUSKERA, euskal Akademiaren aldizkarian publikatu zen 1960ean. Obra hau da, gure ustez, Arestiren poemagintzako lan nagusia, literatur balio hutsei dagokionez bederen. Haren ondotik etorri zen HARRI ETA HERRIren fama izugarriak estali eta itzali duen poema zail baina miresgarri honen literatur-tasunak eta zentzua adierazten ahalegintzea nahitezkoa iruditzen zaigu, Arestiren lanaren ikuspegi desitxuratugabe bat emateko gure asmorako.
Hizkuntzaren aldetik, profeta baten gisa, poema honetan gauzatzen du jadanik Arestik ia hamar urte geroago Euskaltzaindiak euskara idatziaren eredutzat proposatuko zuen sintesisa, gure literatur tradizio klasikoaren eta egungo hizkuntza biziaren arteko ekilibrio batetan datzana. Erabiltzen duen ortografia, Arantzazun gomendatuko zenaren hildotik doa puntuz puntu, orobat deklinabidea, aditza eta lexikoari buruzko joera. Hori izan da lapurtar klasikoan hasirik bizkaiera herrikoienetik pasa zen ibilbide linguistikoaren amaiera bidezkoa, bere garaiean hain kritikatua izanagatik, gaur egun euskaldun ohartu guztiek euskararen aurrerabide bakartzat aitortzen dutena.
Duela hamarren bat urte, HARRI ETA HERRIren autorearen gainerako lanak ezagutzeko grinak hartaraturik, MALDAN BEHERA lehen aldiz irakurri genuen. Hari jarraikiz etorri ziren irakurketen bitartez testoari buruzko familiartasun bat lortu bagenuen ere, ez genuen ardietsi haren osotasunaren zentzuaz jabetzea. Dena dela ez genuen etsi gure ahaleginean, eta Juan S. Martinen eskuerakutsiz Jose Ma Castellet-en INICIACION A LA POESIA DE SALVADOR ESPRIU saiakera jakingarria eskuratu genuenean, berehala konturatu ginen katalan kritikalariak erabiltzen zuen metodologia guztiz aproposa eta baliagarria gerta zitekeela Arestiren obran argi egiteko.
Horrela, Castelletek berak bere ikerbidearen oinarritzat aitortzen zuen teknika formalisten estudioa areagotu genuen, Northrop Frye-ren ANATOMY OF CRITICISM-a bereziki aztertuz. Castelleten bideari egoki zatekeen neurrian jarraikiz, MALDAN BEHERA-ren alde formalaren azterketa sakon batetatik hasi ginen, poemaren zentzura heltzeko eskainiko zigun helbidearen balioaz fidaturik. Hau da azterketa horren ondorioen laburpena.
2.2. MALDAN BEHERA osatzen duten 1904 ahapaldiak 222 estrofatara biltzen dira, 222 estrofok 21 poema moldatzen dituztelarik. Egituraz, lana bi partetan eta epilogo batetan berezirik dago. Lehen partea lehen hamaika poemak osatzen dute; bigarrena hurrengo bederatziak, azken poema obraren epilogoa gertatzen delarik.
Lehen partea hiru egitura diferentetako poemez osatzen da. Horietako bat, A izendatuko duguna, 1 eta 11 poemetan erabiltzen da. A egiturako poemak lau estrofakoak dira, lehena lau ahapaldikoa eta gainerako hirurak zortzikoak, lehen estrofako bi azken ahapaldiak beste hiruren bi azkenetan errepikatzen direla. Errepika hauen zentzuak eta poemen lehen parte honetako osotasunean artikulatzeko moldeak, lehen parte honek berez obra oso bat formatzen duela adierazten bide du. Alde metrikoei dagokienez, puntuen eta zesuren nolakotasunak erakusten duenez, zortziko handiaren tradiziorik jatorrenean taxuturiko bertsoren aurrean gaude:
Egun honetan nire gogoak
utzi nai baitu mendia,
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA.
Honera etorri baino leen ongi
ezautu nuen herria;
txiki-denporan eduki nuen
han ene bizitegia.
Ama maiteak emaro niri
ematen zidan ditia:
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA. [5]
B egitura 2, 4, 6, 8, eta 10 poemetan erabiltzen da. B egiturako poemak 23 estrofakoak dira. Sei ahapaldiko 13 ertrofaz hasten dira:
Orain hemen nago, eremu latz honetan
Nire gurariak galdurik, lur hauetan
arbola adar-gabeen parea naiz orain.
Landare zekenak baitaduzka eremuak,
erratzak harean, haitzetan kalamuak,
nire arima dago mirari baten zain. [6]
Haiei jarraikiz hamaika ahapaldiko hiru estrofa, hauetako bakoitzeko bi lehen ahapaldiak bi azkenetan errepikatzen direlarik:
Haritz bedeinkatua
adoratu nuen.
Nire belaunak
lurrean jarri
nituen.
Ordu hartan
nik eznenkien
zerk iharrosi
ninduen.
Haritz bedeinkatua
adoratu nuen [7]
Azkenik, sei ahapaldiko zazpi estrofa:
Horko bidea gaitza dela,
ezta kamino zabala.
Harri zorrotzak daude hortik,
minduko zaitzu oin-zola:
Basamortua,
arantz-ortua,
laga zazu berehala. [8]
Obra osoko egiturarik konplexoenaren aurrean gaude, eta badirudi, horrela, formalki bederen, poemok konstituitzen dutela lehen partearen bizkar-hezur eta ardatz nagusia. Poema hauetan ematen da lehen parteko gai deskribatzaile eta narratzailen osotasuna. Bestalde, poemon izenburuak Haritzia, Lizardia, Iratze ederra, Lore-mendia, Herri-bitartea beren artean dauden lotura hertsien ezagugarri formal bat dira. Prozedura hau obrako gainerako egituretan errepikatzen da.
C egitura 3, 5, 7 eta 9 poemetan erabiltzen da. Sei ahapaldiko zazpi estrofaz osatzen dira, ahapaldiok 8 eta 7 silabako sailetan moldatzen direlarik, hots, K. Mitxelenak dioen bezala, XVI eta XVII mendeetako euskal poesia landu ia guztia taxutzen den moldean:
Animalia ederra,
gizon akabatua.
Lurreko jabe laztana,
zeruek maitatua.
Jaungoiko poteretsuak,
eskuz bedeinkatua. [9]
Poema hauen arteko lotura hertsiaren lehen seinale formala izenburuetan datza: lau poemok «gogoeta eroak» dituzte gaitzat, sendan, estratan, galzadan eta kaminoan eginikako gogoeta eroak hain zuzen. Hildo honetatik, poema hauen arteko harremana areago doa: gerraondoko euskal poesiaren antologiarako materialak estudiatzen ari ginela, «Sendan eginiko gogoeta eroak» eta 1959an OLERTIN publikatu zen «Arratsalde urduri baterako» poemen artean harreman bat nabaritu genuen, eta horrela adierazi genuen, lan hura bildu zuen liburuaren argibidean. Aurrerago, eta beste arrazoiren gatik azken poema hori irakurtzen ari ginela, bigarren estrofako lehen ahapaldia,
Goiko basoan elurra, zuria eta motza da;
beste nonbaitean irakurria iruditu zitzaigun. Uste horrek eraginda MALDAN BEHERAra jo genuen, eta bi poemon konparaketak ikusarazi zigun C egiturako lau poemen hasierak ARRATSALDE URDURI BATERAKOren estrofen berrordenaketa sistematiko baten ondorio zirela. Edo, hobeki, «Arratsalde urduri baterako», lantzen ari zen poema zabalago baten, hots, gero MALDAN BEHERA-n gauzatuko zen obraren zirriborro bat litzatekeela: formaren aldetik denak adierazten bide du Arestik lau poemok batera landu zituela. Hildo berean, poemon batasuna, azaltzen duten karakter diskurtsiboa gatik, B egiturako multzuari oposatzen da.
Orain arte esan dugunaren arabera, lehen parte honen estruktura hau litzateke:
A B C B C B C B C B A
2.3. Bigarren partean estruktura alterno berbera aurkitzen dugu, baina A erako poemak lehen partean ezartzen duten ziklotasuna, eta beraz, hertsitasuna, gabe. Bederatzi poemek osatzen dute, bi egitura diferentez.
D izendatuko dugun egituraz 12, 14, 16, 18, eta 20 poemak tankeratzen dira. Hamairu ahapaldiko hiru estrofa osatzen dira beste ezeinen antz hurbilik somatu ez diogun metrika batez:
Etxean bezala gaude
orain arrokartean.
Adiskideak gara
egintza bakoitzean
Joane eta Miren,
altzipresen artean
usteldu garenean.
Nola diren luze
altzipresak gauean !
Hilotz ustelek elkar
maitatzen dutenean,
ezta diferentziarik
hezurrutsen artean. [10]
Izenburu guztietan azaltzen den «bitartez» hitzak deskantsuaren, arbuioaren, adorazioaren, grinaren, ditxaren bitartez poemon arteko batasuna borobiltzen du.
E egitura 13, 15, 17 eta 19 poemen ezagugarria da. Egitura honetan taxuturiko poemak bigarren partearen ardatz nagusiaren osatzaileak dirudite, lehen parteko B egiturakoak bezala, D egiturakoak baino konplexoagoak bait dira. Hamabost ahapaldiko hamaika estrofa ditu bakoitzak, estrofa oroko lehen bederatzi ahapaldiak bederatzi puntuko bertso bat osatzen dutela. Gainerako seirak, zortziko nagusiaren gain eraturiko subestrofa batez betetzen dira, subestrofan aurretik doakion bederatzi puntuko bertsoaren puntu berbera mantentzen delarik:
Atabute honetan ehortzirik nago.
Nire gainean lauza pisu bat baitago,
ez omen dut bururik kanporajasoko;
izarretako keinu batere ikusiko
airerik hartuko,
musu bat emango.
lorerik moztuko,
haragirik jango.
Eznaiz egon hobeki inun, hemen baino.
Eznaiz inola egundo,
belaunbiko jarriko.
Pozkarioa ezin liteke
jaditsi jada gorago.
Amoriak egun honetan
eztu niretzat balio. [11]
Puntuari dagokionez, Arestik, bertsogintzan duen trebetasun eta maisutasuna berradierazteko bezala, «oraindik zailago» bat eskaintzen digu egitura honetako poemetan. Lau poemetako lehen estrofan puntua O bokala da, bigarrenena E-a, hirugarrenena I-a laugarrenena A-a, eta bosgarrenena U-a. Bokale hutsekin bukatzen duenean, bokale-kontsonante konbinaketekin hasten da, E bokalaren gain seigarren estrofatan, U-ren gain zazpigarrenetan, I-ren gain zortzigarrenetan eta O-ren gain bederatzigarrenetan. Falta den bokalea, A-a, bi azken estrofatarako gordetzen da, azkenurrenean aurrebokale (i, e) baten ondotik doala, eta azken estrofan atzebokale (o, u) baten ondotik, horrela hamaika estrofako egitura osatzen delarik. Desarroilo osoan ez dugu bertsolaritza jatorrenaren legeei buruzko huts bat ere aurkitu. Egitura honetako poemen izenburuei dagokionez, denak partiera, judizioa, mendekantza, azkenengo besarkada egintzaren bat adierazten dute.
Bigarren parte honetako estruktura hau litzateke:
D E D E D E D E D
Epilogoari dagokionez, poema soil batek osatzen du, zeina sei ahapaldiko hamabi estrofatan moldatzen baita:
Zimiorik zaluienak,
utzi ditu zuhatzak.
Hibaiondoko haretan,
markaturik behatzak.
Arrokartean gizonak,
ematen ditu urratsak. [12]
Ikusten dugunez, lehen parteko C egiturakoak bezalako estrofatan eratzen da: horrela dagokie, hauk ere «gogoeta eroak» baitira, nahiz «malda goran» egiten diren.
2.4. Argibide formal hauk onuragarriak gertatu zitzaizkigu poemaren zentzuarekiko hurbilbidean. Hurbiltze honetan, nahiz oraindik gauza asko ilun geratzen zaizkigun, uste dugu (eta horrela adierazi zigun Arestik berak izan genuen elkarrizketa batetan) poemaren zentzuaren linea nagusiak establitu ditugula. Lehen parteari dagokionez bederen.
Obra lau argudioren lagunartean plazaratzen da. Arestiren argudioen funtzio exhibizionistaz ados, lehena alemanez ematen da, latinez bigarrena, hirugarrena ingelesez eta gaztelaniaz azkena. Dena dela, autore-aipurik gabe zetoztelarik, pentsatu genuen argigarria gerta zitekeela haien azterketa gure asmoetarako. Soilik bigarrenaren etorkiaz gainerakoen berri. Lehena F. Nietzsche-ren «Also spracht Zaratustra»-tik aterea zen. Hirugarrena, T. S. Elliot-en «Murder in the Cathedral»-etik hartua. Azkena P. Salinas-ganik, ez zen gogoratzen «La voz a ti debida» edo «Razon de amor»-etik zen. Hauk ziren Arestiren irakurketak poema hau burutzen ari zen garai hartan.
Horrela, Nietzscheren obrari ekin genion. Zaratustra menditik jeisten da bere berri ona aditzera ematera.
Nahiz Zaratustra, nahiz, bigarren argudioaren arabera, berrogei barau-egunen buruan menditik, bera ere, bere berri ona aditzera ematera jeisten den Jesukristo, badirudi Aresti supergizonaren mitoaz baliatu nahi dela obra honetan. Poemako zenbait motibo uste hori indartzera datoz. Bigarren poeman arrano bat eta suge bat azaltzen zaizkio protagonistari: arranoa eta sugea dira, hain zuzen, Zaratustraren lagunak mendiko bakardadean, eta handik jeisten aurkitzen dituenak. Arraina,
«Zilarrezko ezkatak eta buztan apaina» [13].
Kristoren sinbolo ezaguna da, kristautasunaren lehen irudietan.
Kristori buruzko erreferentziak argiak dira, eta Testamendu Berriko eta MALDAN BEHERAko protagonisten identifikaziorantz abiatzen dira. Horrela, Arestiren pertsonaiak diosku zortzigarren poeman:
Odolezko izerdi gorria isuri nuen [14]
Halaber, hamargarrenean adierazten diren gertakariek Jesukristoren nekaldiaren erreferentziz hezurmamituta eratzen dira. Lehenik judizioa:
Agure-biltzarrak mandatari, honera
bidaldu grauzkitzu, zerorri galdetzera
Jainkoaren semea egiaz bazara.
Eztut inoiz ere esan horrelakorik,
baina munduetan gizon gertuagorik
kausituko eztuzue, ez joan aurrera
Apaiza altzatu zen berehala hasarrez.
Birao egin baitu, esanik deiadarrez,
apurtu behar ditut ene soinekoak.
Gero niri esan zidan: Zeruetako
ateak eztira ideki zuretzako.
Zure ugazabak dira jaungoiko faltsoak.
Errege bazara, edo Jaungoikoa,
zure predikua mundu honetakoa
ezpada, orain bertontxe osan behar duzu
zure potereak, gizon-gainditasunak,
eman nork zizkitzun. Eta nire erantzunak
gutxi tardatu zuen: Ez nik, zuk diozu [15]
* * *
Gurutze batetik zintzilik hil artean
josiko zaitugu biharko goizaldean,
mintzatu zen hozenki epai-emalea.
Etzaitezen egon bakarrik tormentuan,
beste aldetikan josiko dugu orduan,
burnizko lokarriez, zure maitalea.
Geiegi duk, Jauna, ene oneritzea,
bildurgarria duk, ezain, heriotzea,
indak indar haundia, ahul duk usoa !
Aingeru guztien, bizitegi erdian,
aitaren aurrean, biharko eguerdian,
izanen naiz betiko zure esposoa. [16]
eta, halaber, protagonistaren heriotzea:
Zutirik dago gurutzea;
hurbildu zaigu hilzea.
Gure oinetan algaraka arinki doa jentea,
gure aurrean
dagoenean
presente heriotzea
Gaurko goizean borreruak
zabaldu ditu zeruak.
Hauk dira nire suin-erranak, nire erreinuko primuak.
On deritzaiet.
Mandatu haiek
lotu zituzten munduak.
Nire juboia ta alkandora,
galtza luzeak ta fraka,
Mirenen gona zetazkoa eta atorra polita:
Ebatsi dute,
oostu digute
gure jantzia barreka.
Apostoluak eztoazi
niregandikan ihesi
nik esandako kantikarik inork ezpaitu ikasi.
Hainbat amore
hainbat fabore,
ezta sekula ikusi [17]
Hatsa zitzaidan aienatu,
hodeiak ziren urratu.
Inor munduko hondarretan ezta hainbeste erratu.
Nire gainean,
nire atzean,
guztia zen akabatu. [18]
2.5. Supergizon honen nortasunaz eta egiten duen bidaiaren zentzuaz ere ez dira ezagupideak falta. Dudarik gabe, bidaia haren etapak markatzen dituzten poemen izenburuak esannahitsuak dira: hiru erdikoak euskal poeta aipagarrienetatik hiruren izengoitiak dira orobat: Lizardia, Iratz ederra, Lore mendia, euskal lirikorik garaienarena, gerraondoko eraberritzean paper berezi bat jokatu zuen iparraldeko beneditarrarena eta sari haren bidez gorazarrea eskaintzen zitzaion poetarena errespektiboki.
Lehena eta azken etapa geratzen dira. Ibilbidearen hasera suposatzen duen Hariztiak, hildo bertatik, Aresti poeta, poemaren egilea, adierazten du. Beraz eta honez gero, badirudi protagonistak egiten duen bidaiak euskal poemagintzaren ibilbidarekin zerikusirik ba duela.
Baina Arestik gauzatzen duen bideak ba du beste zentzu zabalago bat, zeinaren osagarri azken errenkadetan jakinarazten hasi garena baita. Diogunaren ezagupide bat C erako poemak dira. Hauen funtzioa, funtsean, bidaiaren etapen artean bitarte bat sortzea da. Bitarteok osatzen duten gorputz lagungarri honek bide baten forma hartzen du, «zibilizatuz» doan bide batena, hain zuzen.
Bidearen lehen zatia, hariztitik lizardira doana, senda bat da, hots, bide-motarik hertsiena eta basatiena:
Horko bidetik gaitza dela
ezta kamino zabala
Harri zorrotzak daude hortik, minduko zaitzu oin zola:
Basamortua,
arantz-ortua,
laga zazu berehala. [19]
«Senda erpin» horrek, «bide-zihor» horrek eramaten du lizardira. Honen eta iratze ederraren arteko bidea estrata bat da, hots, nahiz «hertsia» izaten segitzen duen, gizonaren eskulanaren ezagugarria adierazten duen bide bat:
Nire aurrean agertu zat
estrata haltu mehar bat.
Derrigorrean hartuko dut estrata hori bidetzat,
patu oneko
garaiz heltzeko
behar nauen haranerat. [20]
Iratze ederretik lore-mendira daraman bidea, galzada bat da, hots, bide harriztatu bat estrata baina zabalagoa. Galtzada honetaz «leguna», «zelaia» eta «luzea» dela esaten zaigu:
Ni banindoan kantaturik
galtzada legun batetik [21]
* * *
galtzada legun batek honera ekarri nau [22]
* * *
Galtzada zelaitik nekaturik nentorren.
Ahatzirik neunkan iratze berde horren
hildoetan pairatu nuen pasioa [23]
* * *
Amaitu zenean galtzada luze hori [24]
Azken bidea, Herribitartera daramana, jadanik kamino bat da, hots, bide klasikoen artean zibilizatuena.
2.6. Zibilizazioarentzako ibilbide baten aurrean gaudeneko susmo hori egiaztatzera, etapaz etapa gertatzen den gizaegoeraren aurrerabidea dator.
Lehen etapa, «eremu latz» batetan jazotzen da. Ez dugu han egiazko bizitzeren arrastorik aurkitzen: soilik arranoaren, sugearen eta zimuaren sinboloak. Eremu honetan sortzen da haritza, hau da, euskaldungoaren hasera-sinboloa, zeinak protagonista bedeinkatzen baitu abiaorduan. Autoreak sortzen duen giroa nahiko sujerigarria gertatzen da:
Arbola bakarreko
haritzi maitea:
Egun oraindik
eztuzu bete
urtea;
indar haundiz
apurtu duzu
lotu ninduen
katea
Arbola bakarreko
haritzi maitea.
Haritzaren adarrak
mugituz biziro,
aita nirea
balitz bezala
emaro,
behar nuen
bendizioa
partitu zidan
luzaro.
Haritzaren adarrak
mugituz biziro. [25]
Bigarren etapan, lizardian, arranoa eta sugea, bale eta bere baretara degradatzen dira. Bestalde, supergizonak zimutzat hartzen dituen zakiak, berez gizon primitiboaren ezagugarri guztiak dituzte:
Giza-itxurako zimu batzuk, haundiak,
ikusi nituen, eta beren geziak
jaurtikitzen zituzten zeruaren kontra.
Aldarri batzukin dantza bat egin zuten.
Zeru goibeletik trumoia zen entzuten;
haren oihartzunean ikusi ninduten.
Halaz ikaratu ziren denak biziro;
haien artetik bat etorri zen astiro,
eta nire aurrean belaunikatu zen. [26]
Egun berriaren argiaren heltzean,
animali batzuk zeuden nire aurrean,
jainkoari bitina eskeiniak ziren. [27]
Auspez belauniko, letariak kantatuz,
egunsentiari intzentsua botatuz,
zimuek ziruditen abere mutuak. [28]
* * *
Espantuarekin zimutxo lotsatiak,
otsoaren larruz zebiltzan basatiak,
alde guztietatik eskapatu ziren. [29]
Testoinguru honetan, protagonista supergizonari dagozkion seinaleaz horniturik agertzen zaie:
Nire hitzarekin erorten zen euria,
adarren artean ere oinasturia:
Ekaitz hamorratua zoan edonundik.
Eta zimist batek piztu zueen laharra;
urek amatu zioten bere garra.
Eguerdian dena zegoen ilunik. [30]
Dudarik gabe, etapa honetan, lehen euskal gizonaren gizartearen literatur birkreazio bat da autoreak aditzera eman uahi diguna.
Hirugarren etapan, «zezen azkarrak zeuden» iratze ederrean, protagonistak aurkitzen dituen artzainak, behortzainak, zerrizainak eta unaiak,
Ardien artean agertu zen artzaina;
zaldiaren zelan zetorren behor-zaina, [31]
* * *
Zerri-zainek ere irain egin zidaten;
unaiak zebiltzan arireguak esaten: [32]
Artzai-zibilizazio batetara heldu garela jakinarazten digute. Laugarrenean, lurra lantzen duen gizarte laborari bat suposatzen da. Loramendian, baratze paradisutiar horretan aurkitzen du protagonistak aurrerantzean bere bidaikide izango den emaztekia:
Baratz honetara atzo nintzen etorri
Kolore guztiak, beilegi, more, gorri,
lilietan zaizkigu agertzen hemendik
Eta baratzainak izena dauka Miren:
bere begietan lore guztiak ziren;
dontzella da garbia, engañu gaberik. [33]
Azken etapan zibilizazio hiritarraren erakundea gauzatzen duten elemenduekin egiten du topo protagonistak:
Herri-bitarteko alkate nagusia
etorri zitzaigun, senideen hauzia
ekarririk: Baneunkan judizio berria.
Berekin zetorzan: arotza igeltserua,
zapataria ta baita erlojerua,
lege-gizona eta errementaria
Bakoitza jezarri zen kadira batean:
Lege-gizona ta alkatea ezkerrean,
apaiza, dendaria, berriz, eskumatik. [34]
2.7. Gure ustez, Arestiren poemak bere lehen partean, gizakolektibitatearen, eta konkretuki euskaldungoaren, ibilbide historikoaren ebokazio sinboliko bat mamitzen eta gorpuzten du, lehen gizonetik gizarte hiritarrera. Poeman gertatzen den gaibide boni kontrajarririk, edo hobeki, hartan kontraispilaturik, euskal poesiaren aurrerabidea adieratzen da. Gaibide honek bigarren mailakoa dirudi besteari buruz, eta lehenengoaren eratze-beharretara makurtzen da. Arrazoi horregatik ematen bide zaigu bigarren linearen arabera logikoagoa litzateken «lore-mendia -» lizardia -» iratz ederra» ordenaren ordez, ardatz nagusiak eskatzen duen «lizardia -» iratze ederra -» lore-mendia» ordena.
Bigarren lineari buruz, eta «Herri-bitartea», Arestik berak inoiz ageriki manifestatu zuen bezala, bere izengoiti bat delarik, hau establitu daiteke: supergizona, Arestiren lehen etapako poemagintza arkaikotik irtenda eta euskal poemagintzaren traiektoria ibili ondoren, Arestiren etapa hiritarrera, Arestiren poesia zibilera heltzen da.
2.8. Supergizon honek, mitoari jarraikiz, berri on bat dakar. Mirenek lore-mendian diotsan bezala:
«Hemen ere entzun duk, zabal, hire berria» [35].
Halaber eta hildo beretik, poemaren protagonistak aurkitzen duen egoerari kontra egin eta deusezteko joera du, bere berri onaren izenean egoera berri bat ezartzeko. Horrela, hariztian, arranoa eta sugea hiltzen ditu:
Eta indarrarekin eman zuen bizia.
Nire sabelean mendekuzko zuzia
izar baten moduan izeki zitzaidan.
Nire etsaiak zeuden lekurantza joan nintzen;
biak nituen hil, eta eguzki-brintzen
edertasun zabala argitu zen nigan. [36]
Halaber lizardian:
Nik hartu nion osotoro
lizardi hari gorroto:
Zuzi batekin erre nuen arboladia dongero:
Gizonak eztu
erraz arteztu
bidegaberik egundo.
* * *
Zimu taldea su-garretan
zen kiskailduko benetan;
Beren hogenak pagatzeko honako mundu honetan,
okasiorik,
edo ziorik,
nik eznien batere man. [37]
Orduan espresatzen du protagonistak, hain zuzen, bere egitatearen zentzua:
Zapaldu nuen lur tristea
datza ondikoz betea.
Nire zapatok darabilte heriotzeko zortea:
Daukate oro,
zuhur ta zoro
hondatzeko birtutea. [38]
Eta ondorioz, iratze ederrean, han aurkitzen dituen artzaien haserretik ihes doanean gogoratzen zaiona:
Zer egin nuen eznenkien, eztut jakin nai ezer nik:
Nire gauzetan,
azioetan,
eztago zuzenbiderik. [39]
Baina mitoari jarraituz, berri ona dakarrenak pertsekuzioa pairatu behar du. Pertsekuzio hau, iratzean aurreirudikatzen dena,
Galtzada zelaitik nekaturik nentorren.
Ahatzirik neunkan iratze berde horren
hildoetan pairatu nuen pasioa.
Odolezko izerdi gorria isuri nuen;
pañol batekin negar-tantak nituen
legortu: Urte beteko arnegazioa... [40]
herri-bitartean, lehenago aipatu ditugun judizio eta heriotzean gorpuzten da.
Arestiren obra honen protagonistagan Aresti bera ikusi nahi dugu: euskaldungoaren historian eta mementuko egoeran itsatzen den Aresti, euskaldungo ohizkoaren aurka burrukatuz hura eraberritzera etorri zen Aresti, eta profetikoki bere egitatearen etorkizun neketsua aurreikusi zuen Aresti.
2.9. Poemaren bigarren parteaz ezer guti dugu esateko. Behar bada lehena baina gutiago eta azalkiroago estudiatu dugulako, ez diogu oraingoz berezko nortasun bat atzematen: lehen partearen imitazio errepikatzaile bat iruditzen zaigu, zentzu nabarmenik gabeko joku baten antzeko zerbait. Dena dela ikerlan sakonago batek egiaztatu ala gezurreztatu beharko du, ezinbestean susmoaren mailan geratzen den iritzi hau.
3. MALDAN BEHERA-Z ONDOKO POEMAGINTZA
3.1. MALDAN BEHERAren «frakasoaren» ondorioz (poema noski ez zen ulertua izan, ez zentzuz, ez literatur balioez), Arestik bere poemagintza birplanteatzen du, bere poesi-produkzioaren lehen etapa hertsiz. Birplanteaketa honen ondorioz, fama gehien eman dioten obrak burutu zituen bigarren etapa batetan, hala nola HARRI ETA HERRI, EUSKAL HARRIA, HARRIZKO HERRI HAU, eta bere azken produkzioa bildu nahi zuen AZKEN HARRIA.
Bi etapen arteko zubi bezala ZUZENBIDE DEBEKATUA geratzen da, formaz MALDAN BEHERAri nahiko hurbil, baina mamiaren aldetik bigarren etaparen ezagugarri izango den tematikan taxuturik. Alde honetatik, gogoan hartu behar da Arestiren poesi itzulpen-lanetan aldakuntza funtsezko bat gertatua zela ordurako: lehen aldiko itzulpenak orbita modernista batetan kokatzen baziren, 1961n EGAN aldizkarian argitaratu zen «Erderazko lau poeta bi gipuzkoar eta beste bi bizkaitar: Angela Figuera, Bladi Otero, Gabriel Celaya eta J. M. Basaldua» sortak haren itzulgintzaren zentzuaren aldakuntza hori markatzen du. Hurrengo urtean aldizkari berean argia ikusi zuen Bladi Oteroren «Majoria Handiarekin» liburuko hautaera hildo beretik doa, ondoren publikatuko dituen gainerakoak bezala.
ZUZENBIDE DEBEKATUAri dagokionez, ez zen obra bezala argitara eman. Eganen 1961ko alean izenburu, honekin argitara zena obra osoaren muestra bat besterik ez da. L.M. (Koldo Mitxelena, noski) biltzaileak oin-ohar batetan jakinarazten duenez, problema nagusiak zentsurarekikoak ziren:
Orrialde oetan eskeintzen dizuguna, irakurle, ezta ZUZENBIDE DEBEKATUA, ZUZENBIDE DEBEKATUA-ren aurkibidea eta ahapaldi banaka batzuek baizik, andik eta emendik alabearrez eskura zitzaizkigun gisa autatuak. (Egia da, bai, autatuetarik bat edo beste baztertu bearrean aurkitu gerala gero, ez ordea bertsoak oker neurtuak zeudelako). Dena den, uste dugu bertso mordoxka bakan onek emango duela aditzera, bere urrian, poemaren mamia eta joera. Eztago esan bearrik, agerian baitago, nondik datorkigun orain aizea.
Aipatu dugun EGANeko alean, lehenik obraren aurkibidea ematen da:
1. Karta jokoa
2. Nire grazia
3. Janjan motzaren erak
a) Ekarrera
b) Jasoera
c) Betiera
4. Zuzenbide Debekatua
5. Joanaren bihotzak
Miren eta Joanaren aurreneko aintzin-solasa
Honi jarraikiz lau argudio ematen dira, bakoitza ebanjelari batena. Argitarazioa zenbait zatiren mostra batekin bukatzen da.
Dena dela, berez ZUZENBIDE DEBEKATUAkoak ziren pasarte asko publikatuak izan ziren. Horrela «Karta-jokoa» osorik argitara zen OLERTI aldizkarian eta Juan San Martini esker, «Zerbait irakurri nuen» izenburuaren pean. Barajako kartak adina bederatzi puntuko bertso ditu, bakoitza literatur pertsonai bati eskainia.
«Nire grazia» sailakoak, hitz horiez hasten diren zortziko handiz osatuak, poema politikoak dira. Saileko 119 bertsoak, EUSKAL HARRIAN eman ziren urriak ezik, publikagabeak diraute.
Obraren parte nagusia hirugarrena zen, «Euskal komedia eta trajedia» MALDAN BEHERAko B egiturako bertsotan moldatua. Zati bat OLERTIN publikatu zen «200 puntu» izenburuaren pean.
Bostgarren partea, bigarrena bezala 119 bertsoz osatzen da, baina kasu honetan zortziko txikitan moldatuak. EUSKAL HARRIAN publikatu zirenak salbu, hauk ere ez dira oraindik argitara eman.
3.2. Ez da sarrera honen asmoa Arestiren bigarren poemagintzaren azterketari ekitea, orain arte esan direnen errepikazioan aritu beharko bait genuke. HARRI ETA HERRI buruzko zenbait ikuspunduren laburpen-gisa egokienetatik bat, Jose Azurmendik Joseba Zulaikaren ADANEN POEMA AMAIGABEAri eman zion hitzatze sujerentziaz betean aurki daiteke. Dena dela ez dugu bukatu nahi Jose Agustin Goytisolo-k bere POETAS CATALANES CONTEMPORANEOS (Barcelona, 1969) antologian katalan poeta gerraondokoei buruz dioena aipatu gabe. Arestiren kasora aplika daiteke, haren bigarren etapako poema-gintzaren arrakasta eta MALDAN BEHERAren arrakasta eza soziologikoki esplikatzen lagunduz:
Todos estos escritores desarrollan su actividad individualmente, sin el apoyo de un programa cultural, de unas publicaciones divulgadoras. Esta es la principal explicacion de la carencia de escuelas y, en consecuencia, de una real influencia literaria. Por otra parte, como ya se ha dicho, una actitud de urgencia valora más la postura cívica que la contribución cultural, es la misma actitud que determina a todo el nuevo realismo castellano, la que hace afirmar a Gabriel Celaya que no tiene tiempo para preocuparse por la perfección del endecasílabo. Espriu, por el contrario mide muy bien sus versos, y su lenguaje es tan cuidadoso como el de Saint John Perse. Pero esto al público le interesa poco, y va directo al contenido como intencionalidad cívica.
Esta postura pública con respecto a las expresiones literarias tiene el defecto de reducir el campo poético de los escritores más jóvenes, pero encierra la virtud de exigir mayor empeño a los nuevos maestros: la esperanza de esa juventud crítica renueva a Pere Quart, hace evolucionar inteligentemente a Espriu y arranca y Vinyoli un libro como REALITATS. Aunque algunos críticos literarios acusen a la poesía catalana de matiz cívico de encerrar extranjerias castellanas, en el fondo se limitan a juzgar a estos escritores atendiendo a su grado de civismo con respecto a la catalanidad. [41]
OHARRAK
LEHEN PARTEA
[1] Halaber, urte berean hasten dira Donostian D'Abaddieren euskal-jaien ordaintzat har daitezken «Itz jostaldiak», Udaletxearen babesaz eta Jose Manterolaren eraginpean. Horrela, Hego Euskal Herriak finkatu egiten du euskal literaturaren mugimenduan jadanik zuen lehentasuna.
[2] Arrese Beitiaren poemak euskal idazleen artean sortu zuen giroaren lekuko, hari erantzuten moldatu ziren bertso-lanak dira. Horrela, Antonio Arzaken «Iltzen bazaigu Ama Euskera Euskaldunak illak gara» eta Arreseren beraren «Bizi da Ama Euskera», Maulen 1880eko jaietara presentatua. «Ama Euskara» topos bezala orduan sortu zen: K. Etxegarairen «Ama Euskerari» (Iruinea, 1884), J.I. Urangaren «Ama Euskera» (Donostia, 1890), «Ama Euskera eta bere umiak» (1893) lanak adierazten dutenez.
[3] Gogoan hartu behar da 1686tik (Gazteluzarren Eguia Catolicac) 1853ra (Hiribarrenen Eskaldunac) ez dela poema-libururik batere publikatzen euskaraz.
[4] Ik. Le Courrière de Bayonne, 1869, III, IX. Guk Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Literatura I, 445. o.tik hartu dugu.
[5] Ik. Euskal-Erria, 1883, I, 516. o.
[6] Ik. Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Literatura I, 519. o.
[7] Ik. Zeruko Argia l971ko Urriaren 24eko zenbakian, 6. o.
[8] Cf. J. Antonio Letamendiaren lizentziatur tesis publikagabea Axular itzulariaz, non, besteak beste, ikuspundu hau kontuan hartzen baita.
[9] Ik. Ibon Sarasolaren Euskal Literatura numerotan liburuaren eraskina, 107. o.
[10] Dena dela, N. Glendinning-ek bere El siglo XVIII (Historia de la literatura española, 4. Ed. Ariel, Barcelona, 1973) liburuan 202. orrialdean ematen dituen datoen arabera, 1730ean Espainian, erlijiozko liburugintzak totalaren o/o 52, 38a suposatzen badu ere, 1760, 1790 eta 1815eko portzentaiek, 28, 48, 26,9 eta 22,42koek errespektiboki, nagusigo hori jadanik XVIII mendearen erdian bukatua zela adierazten dute. Europako zenbait lurraldetan, hala nola Frantzian, portzentaia, G. Juaristik bere lizentziatur tesis publikagabean dionez bederen, goragoa dela dirudi.
[11] Ik. A. Zavalak Bilintxen «Bertso ta lan guztiak» (Zarautz 1962) bildumari egin zion hitzaurrea, 16-17. 0.
[12] Hona suskribidoreen desglosea sailez sail:
Kalonjeak: 3
Apaizak: 167
Erlijiosoak: 6
Seminarioak: 1
Kontseilariak: 3
Funtzionari estatalak: 1
Notariak: 3
Medikuak: 10
Irakasleak: 2
Legegizonak: 3
Liburulariak: 1
Beste laikoak: 19
Emakumeak: 3
Bibliotekak: 1
Clubak: 1
[13] Gauza jakina da euskal aberzaletasunari buruzko monografia serioen gabezia izugarria. Dena dela, agertu berria den Antonio Elorzaren «El primer nacionalismo vasco» artikulua (La Crisis de fin de siglo: ideologia y literatura, (Barcelona, 1975) liburuan) seinalatu nabi dugu, erabiltzen duen metodologiak ohizko klase-analisis bikoitzaren limitazioak gaindituz, euskal nazionalismoaren klase-oinarriaren zentzuaz eta adieraztasunaz eskaintzen duen argia gatik.
[14] Ik. I. Sarasolaren «Lizardiren poemagintzaren alde formalaren estudio baterako» saiakera laster publikatzekoa.
[15] Adibidez, Aitzol izan zuen apurtu zuena, El Dia donostiar egunkariko euskal sailaren zuzendari zelarik, hizkuntza nazionalak «euskal» egunkarietan pairatzen zuen margenerazioa, «euskal orrietan» gauzatzen zena. Berari esker, aipatu egunkarian euskarazko artikuluak zernahi gaitza eta edozein planatan (are lehendabizikoan) agertzen ziren.
[16] Argitaratzen denarena baino areago, moldatzen denarena. Horrela S. Mítxelenaren Arantzazu poema-liburua 1950an publikatu zenean, hirugarren partea gabe publikatu zen. 1953 eta Guatemalan argia ikusi zuen hirugarren parte hau da, hain zuzen, diogunaren adibide agerienetatik bat.
[17] Cf. I. Sarasolaren «Euskal literaturaren historia», 69. o.
[18] Erdarara jotzeko edozein aitzakia ona zen giro honen kontra (begirunez baina kontra) altxatzen den urrienetatik bat Lizardi da, Itz-lauzko «Euskera-aundiri-soñekoz» artikuluak batez ere.
[19] Kalkulaketok, Pedro de Yrizarren «Los dialectos y variedades de la lengua vasca. Estudio linguistico-demográfico» lan bikainean oinarriturik egin ditugu. Artikulua, BRSVAPean, XXIX, 1º, 2º, 3º, 3-78. orrialdeetan ematen da.
BIGARREN PARTEA
[1] «Bulharraren labyrinthua», Euzko gogoa, 1952, 5-6 z., lehen orrialdean.
[1 bis] Dena dela, Aurraitz «Gutun agiria» (Euzko-gogoa, EG, 1954, 11-12 z., 187. o.) artikuluan horrela mintzo da: «...bein, ez dagola gogorik idatzi zun beste kirtenkeri batzuen artean. Euskeldun berriak dira nunbait eurok: euskeldun berriak eta larriak, urrean, «KHIMAIRA», «LABYRINTUA» (sic) eta antzeko itz itxusiekin gure izkuntza naasi gura izateko».
[2] Hildo honetan, erabili du Arestik noizbait Mirandek bere «Nil igitur mors est» (1952) poema esplikatzeko haren ondotik eman zuen «giltza».
[3] Adibidez Jokin Zaitegik, bere Goldaketan poema-liburuan (1946) Baudelairez dioen honetan:
Soñez sendo, lirain eta ederra, adimenez argi ta bizia zan. Baña beraren biotza gaztetandik, lera gaizto, zantar eta itxusiz eundutako sareak lotu zun. Arrezkero, pertzaren ipurdia baño beltzagoa zun gogoa.
Oraingo aldian olerkari txukun, maratz eta mardul onek sapa aundia izan du. Ala ere, aren olerki geienak, beraren bizkera narraz ta baldarraren oñatzak iguingarri biurtzen ditu. Giriñetan gordin, irritzez gañezka, nasaikerietara ta aragikerietara zoli ta makurtua bere burua erakusten baitu. Gorriña ta ugerrak yotako aren biotz barrutik olerki lizun eta ezaiñak atera ziran, artapotsa edo ezkabia artoaren erraietatik bezala.
Bere olerkiak edonon izurri zornatsua sortu ta sartu dute. Biotz-alozen erdian mamorro ixil eta galgarriak atximur egin zion eta aren olerkietan gili-gili oiek ixurri zitun.
«Gaitz-lorak» deritzan olerki-idaztiaren egillea da. Lore-txorta ori zala-ta, olerkaritzat goretsi zuten. Lizunkeri-eztenak ematen dizkion izugarrizko sastadak gordiñegi ageri dira orren olerkietan. Zati-zati ebain-ebain eginda ere ez luke ordainduko bere olerkiz sortu zun izurrite likitsa. (188-189. o.)
[4] Ik. Egan 1951, 2. zenbakia, 21. o. Poema bukaeran jakinarazten denez, 1950ean egina da.
[4 bis] «Bizkaitarra», Egan, XV, Enero-Abril 1960, 12. o.
[5] Maldan Behera 1. poema, 1-2 estrofak. Hemendik aurrera, obra MB laburkuntzaz adieraziko dugu. Lehen numeroak poemarena, bigarrenak estrofarena eta hirugarrenak ahapaldiarena adieraziko dute.
[6] MB, 2, 1.
[7] MB, 2, 14.
[8] MB, 2, 17.
[9] MB, 3, 1,
[10] MB, 12, 1.
[11] MB, 13, 1.
[12] MB, 21, 1.
[13] MB, 2, 10, 2.
[14] MB, 8, 7, 4.
[15] MB, 10, 4-5-6.
[16] MB, 10, 12-13.
[17] MB, 10, 17-18-19-20.
[18] MB, 10, 23.
[19] MB, 2, 17.
[20] MB, 4, 22.
[21] MB, 6, 23, 1-2
[22] MB, 8, 2, 6.
[23] MB, 8, 7, 1-2-3.
[24] MB, 8, 8, 1.
[25] MB, 1, 15-16.
[26] MB, 4, 4-5.
[27] MB, 4, 9, 4-5-6.
[28] MB, 4, 10, 4-5-6.
[29] MB, 4, 13, 4-5-6.
[30] MB, 4, 8.
[31] MB, 6, 3, 1-2.
[32] MB, 6, 4, 1-2.
[33] MB, 8, 6.
[34] MB, 10, 2-3.
[35] MB, 8, 12, 1.
[36] MB, 1, 12.
[37] MB, 4, 17-18.
[38] MB, 4, 21.
[39] MB, 6, 23, 3-4-5-6.
[40] MB, 8, 7.
[41] Gure aipua liburuko 189-190. orrialdetan aurkitzen da.