literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Aitzin solasa

 

Luis Haranburu-Altuna

 

«Zera...»

Kriseilu, 1975

 

        Hemen doazen ipuin, nobela labur, edo beste zerbaiten eskema hauk argitaratzerakoan ez nezake berauetaz gauza handirik esan, forma berrien ikerketan eta entseiaketan eginak izan direla ez bada. Hala ere prologo bat tankeratzen hasten naiz nongo atetik abiatzen naizen oso ondo ez dakidalarik eta bidearen nozio argirik ez dudalarik. Baina idazteko gogoa dut; eta uste dut, idazle batentzat, baldintzetarik errespetagarrienetariko bat dela gogo hori. Eta gogoa diot zeren ez bait naiz ausartzen beharra dudala esatera, nahiz eta isiltasun luze (zenbaitentzat laburregi, baina hori besterik da) baten lepotik gauza asko izan esateko edo eskribatzeko... baina hobeto pentsatzen dut eta jabetzen naiz gauza horik ez direla hainbeste ez eta hain korapilatuak. Izan ere gaur egun eta hemen —gure Herri nekatu honetan— oso gauza gutti gelditzen da esatekorik —bat edo bi, baina guztiz klaroak eta oso xinpleak horik—; zeren eta izan ere hogei eta zenbait urte dugunok zahartzen hasiak garela konturatzen gara eta iruditzen zaigu, jadanik, jira-bira asko eman dugula kasik ezertarako, baina hori bai, ondorio modura gauza bat edo bi oso garbi ikusteko era gure klartasun hori borroka baten bizkarretik irabazitako zenbait ebidentziek osatzen dute.

        Eta honezkero hasi behar dut hitzaurre hau zerbait tajutzen eta bere norabidea mostratzen. Esate batetarako, zenbait ebidentzia horietaz ihardun nezake eta ebidentzia horietako bat honoko konstatazio hau litzateke, alegia, hamar urte hauetan gauza asko aldatu dela euskal literaturaren arloan, eta halabeharrez eman dela aldaketa hori, literarioak —eta gaurkoz literableak— ez diren arrazoiek eraginik.

        Hamar urte hauetan, batipat, bi belaunaldien arteko errelebo baten antzeko zerbait gertatu da, eta guztia esateko, ez dirudi txarrerako izan denik delako errelebo hori. Beste kontu bat litzateke pasadizo hori onik edo txarrik eman den jakitea eta hemen zihur naiz zenbait indarkeria eta bidegabekeria gehiegizko izan denaz. Adibidez, epe honetan balio handiko jendea baztertua izan da nolabait ere eta hori euskal kulturaren kaltetan; baina euskaldunon bizia ez da indarkeriarik gabekoa eta bizi behar eta nahiak mimetismo ezagun batetara eraman gaitu... Egun hauetan irakurri dut (256.go) GOIZ ARGI aldizkarian Zubiaurreko Iker delakoak Euskaltzaindiari jasotzen dion kexa 32 (horietarik 17 apez) izeneko zerrendaren promesa gogoratu araziz eta esanez: «Ba'da ez ba'da ere, Euskaltzaindiari begi-aurrean ipintzen diogu zerrenda au (...) Ala ere, agian, ez dute meriturik «akademiko» izateko». Zerrenda hortakoak eta beste zenbait dira agian aipatzen genuen pasadizoan galduriko idazleak; eta delako galdu hitz hori ez da gauzak esateko manera bat baino, zeren Herrigintzan ez da ezer galtzen; transfomatzen baino. Baina guztitara ere 32 izeneko zerrenda horretan agertzen den zenbaiti gaitza izan zaio denbora berriek agintzen zuten transformazioa, historiak aginduriko presaz bederen, osatzea.

 

* * *

 

        Ibon Sarasolaren azken liburuan garbi agertzen da besteak beste, bi belaunaldien artean euskara batuarekiko hauzia nolatan garbitua izan den, eta ideia bat eman dezake honoko grafiko honek [1] 1972-1973.go epea lekukotzat harturik.

        Hemen ikusten dugunez %71 idazle bereganatuak ditu euskara batuaren proiektoak (hauetarik, gazteak gehienak) eta Euskal Herri berezi baten defendatzaile direnen esku gelditu da euskara batuaren impugnazioa. Gerra aurreko ideologia ezagun baten pean mugitzen direnen esku dago «Herri-bide» eta antzeko moduak euskara batuari kontrajartzen dizkiotenen mugimendua.

        Atzean gelditu da zenbait aurrera egin nahi izan ez duelako (eta jakina da nola askotan nahi izatea ahal izatea den) eta hamar urte hauetako euskal literaturaren gaurkoratzeak zuen presaren baitan gelditu da zenbait marjinaturik. Baina bego berean belaunaldien arteko hauzi hori eta berresan dezagun, soilki, ebita zitekeela, agian, zenbaiten baztertzeratzea, zeren hemen Euskal Herrian denon beharra dugu eta euskal kulturaren baratzean hildo asko da erdi-irekirik laborarien faltan. Uste dut jenerazioen arteko pasadizo bortitz hori gure belaunaldiaren gogorazio autokritiko izan behar lukeela. GOIZ ARGIko idazle beneragarriek diotenez, zubiaren premia dago Euskal Herrian eta agian konstatazio hori frustrazio baten deitura baino ez da, zeren zubirik ba dago baina gertatzen dena zera da: batzuk iragan dugula zubia eta besteek ez —nahi ez edo ta ahal ez dutelako—. Zubia hor dago eta bertatik pasa nahi ez duenak buelta handia eman beharko du ur meheak aurkitzeko eta hori denon kaltetan eta norbait uretan gelditzeko arriskutan. Zubi hori denborazkoa da, hamar urte hauetan euskal kulturak eta Herriak ibili duen bide zidorra handik pasatzen da eta ez daitekeena zera da: gerra aurreko sasoietan jarrita egon zubirik denik ukatuz.

        Baina aitzin-solas hau idazten hasterakoan nahi nuena nobela labur hauen justifikazio gisa bat burutzea zen. Goazik bada hortara, baina hemen «lapsus linguae» horietako bat kometitu dut zeren ez nuen esan behar justifikazio eta bai aurkezpen edo antzeko hitz banal bat; ordea justifikazio eskribatu dut eta halabeharrez eskribatu ere, zeren egungo Euskal Herrian ez dirudi literatura egitea gauza seriosa eta are guttiago propioa denik. Literatura egiten dugunok geure lana justifikatu behar honek ba dirudi gure lanarengan edo lan horren funtzio sozialarengan ez dugula fede handirik edo ta ez garela oso zihur egiten dugun literatur apur hau egin genezakeen gauzetarik aproposena denaz... eta benetan, ba da Euskal Herrian literatura eskribatzen ihardutea baino gauza premiazkoagorik, ordea ez du esan nahi honek literaturgintzaren funtzioa hutsa denik. Eta nik ez nezake esan hemen euskal eskritoreek hortaz pentsatzen dutena, aitzitik naizen eskribau erdi-basati, erdi-tratalari honen eritzi guztiz apal eta guztiz probisionala baino ez nezake esan; eta orduan, pentsatzen dudana paperean jartzen hasiz gero aipatu behar dut neurea ez den pentsamendu bat: «Literaturak, Herriak bere batasunaz duen fikzioa lortzen du» [1]. Delako Haddad pentsalariak hitz hauekin esan nahi duena zera da, alegia, literaturak segurtatea eta konfidantza ematen diola Herri bati, bere burua literaturan ispilaturik ikusten duenean, hots, herri bat Herri sentitzen dela bere burua literaturan alienaturik (beste eginik) ikusten duenean. Eta alienazio gisa horrek ez du besterik esan nahi Herria beste eginik ikusten dela literaturan, hots, distantzia bat hartzen duela bere burua begiratzeko baino. Eta guk, euskaldunok, ba dakigu zein garrantzi aparta duen guretzako gure burua «Herri» bezala ikusteak. (Besterik da hemen, literaturak herri batetaz eman dezakeen imajina hori zer nolakoa den edo ta zein ideologiren baitan tankeratua izan den)

        Ez naiz ni izanen Euskal Herriaren existentzia ukatuko duena, baina denok dakigu Herri hau zein egoeratan bilakatzen ari den. Han-hemenka sarritan entzuten dira «kinka larria» eta antzeko esaerak Euskal Herriaren egoerari atxikirik. Ez du gure Herriak —etorkizunari gagozkiolarik— zalantza eta kezkarik falta eta hontaz jabetuenak euskal Kulturaren arloan zerbait mugitzen garenok gara agian. Literaturak, Herri baten batasunaren fikzioa isladatzen duela esaten dugunean, Euskal Literaturak Euskal Herriaren batasuna —nahiz eta fiktizioa— eskuratzen digula esan nahi dugu. Eta maila honetan, agian, pausa genezake euskal literaturak egun betetzen duen funtzio prinzipalena.

        Euskal texto batek, eta literarioak areago, konnotazio ugariak ditu; konnotazioetarik lehena gure gizarte honetan euskara eta ez erdara erabiltzeak daraman esangura litzateke. Euskara gure eskribuetan erabiltzen dugunok, aukera konsziente bat egin dugu egun eta hemen euskarak duen garrantzi sozio-politikoaz jabeturik eta ez horko zenbaitek ikusi nahi lukeen oportunismo koniuntural bategatik. Euskal Herriarentzat, euskara aurrekondizio ezinbestezkoa da norbera izaten jarraitu nahi badu eta etorkizunean berarengan daramazkin baldintzak osatu nahi baditu. Eskritoreok euskara gure lanabes egin dugu, propioki, euskal herrigintzan iharduteko. Euskararen balioa dugu, beraz, euskal textoak sostengatzen duen konnotazio printzipala; ordea, texto horren esangura zabalagoa da oraino Herri-kontzientziaren piztaile eta ernalgarri ere ba denez.

        Gaur Euskal Herria ez dago baturik, ez dago osaturik... eta bere etorkizuna iluna da; ordea, Euskal Literaturak egiten duena Euskal Herriaren deskribatze bat da; eta deskribatze hori —sorketazkoa denez— gure gogoen era beharren arauz burutzen da, hots, datorkeen Euskal Herri bat proposa dezake Euskal literaturak. Frantzia edo Italia edo beste edonongo literaturak aurretik joan dira osatzen, Herri horien egituratze politikoaren aurretik bain zuzen. Dante batek, adibidez, Italia modernoa baino lehenago baldintzatu zuen —literarioai bederen— bere gaurko egitura era espazioa [1]. Zeren obra literarioak espazio bat sortzen du era espazio hori herri baten aurrekondizio kultural ezin bestezkoa du.

 

«Danteren edade honetan».

 

zioen Arestik [2] bere poema batetan —eta berataz iraganean idatzi beharraren bakardade kontsolagaitza—, eta nirekiko, Danteren aipamen hori kontexto honetan irakurri nahi nuke, oraindik ez dugun Herri batetan eta batetaz eskribatzen dudanean.

        Literaturarik gabeko Herririk ez da (aitzinako Euskal Herriak bere ahozko literatura gardena ba zuen) eta zentzune honetan esan daiteke literaturgintza eta herrigintza paretsu doazela.

        Bestalde, Literaturak Herri ideia bat sortzen duela esan dugu lehen eta noski ideia hori izan daiteke okerra edo zuzena (okerragoa edo zuzenagoa esanen dugu zuhur eta liberalago izan nahiz). Ez dira, halabeharrez, berdinak Orixek sortzen duen Euskal Herriaren ideia edo ta Txillardegi edo Aresti batek sortzen dutena; eta hemen heltzen gara literaturaren ideologiazko seinu desberdinetara. Esan daiteke ordea, Arenaza eta Aresti batek zeregin berbera dutela euskal textoak duen lehen konnotazioari gagozkiolarik, hau da, Arenazak eta Arestik, biek egiten dute aukera berdina euskaraz idazterakoan eta bide batez euskararen indar definitorioa erabiltzean Euskal Herriaren baliagarri izan dadin. Nahiz eta hor euskara batuaren arazoa egon, biek funtzio berdina betetzen dute euskararekiko lehen maila batetan. [3]

        Obra literarioaren maila bi aipatu dugu hemen, hots, euskararen erabiltzeak suposatzen duen Euskal Herriarekiko afirmazioa litzateke lehen maila eta bestea obra literarioak Herri baten ideiaren sortzaile den aldetik suposatzen duen mailan legoke. Bi maila hauek elkarrekin zerikusirik ba dute era nolabait ere elkar determinatuak aurkitzen dira; eta bi maila hauen konstatazioaren ondorioz nekez uler daiteke nolatan erdaraz idatziriko lan literario batek Euskal Herriaren ideia zuzen bat jaso dezakeen. Dudarik gabe, euskal eskritoreok ba dugu maila komun bat eta euskararen erabiltzean lortzen dugu hain zuzen ere maila komun hori, nahiz era askotan ahazten badugu ere gure arteko kidetasun sakona, gauden egoeran ez da hutsa lotzen gaituena gogoratzea bereizten gaituena baino lehen. Halaber, euskal obra literarioak Euskal Herriaren ideia bat sortzen duenez eta ideia hori Euskal Herriaren baliatze bat den aldetik euskal idazleok maila hau ere komuna dugu. Ordea, gure arteko etendurak ideia horren nolakotik datoz, hots, bere tankera ideologikotik datoz gure arteko bereiztasunak eta honoko hau obra literarioaren hirugarren maila bat genuke; baina gaurkoan premiazkoagoa jotzen dut euskaldunok lotzen gaituena gogoratzea bereizten gaituena baino eta obra literarioaren mailaketa neketsu hortara bideratu banaiz bertan aurkitzen diren maila komunak azpimarkatzearren izan da. Euskarak eta euskaraz jaso nahi dugun Herriak lotzen gaitu euskal idazleok eta Herri horren nolakotasunaz mintzatzen hasterakoan bereizten gara; baina egungo Euskal Herriak dituen zeregin urjenteei begiratuz era batipat euskal literaturan nabarmentzen zaizkigun beharrei so eginez elkartu beharra dugu ezer onik ateratzeko. Euskaldunon ezin elkartua egungo gaitzik saminena dugu eta agian balizkoari buruzko eztabaidari hipotekaturik dugu gure etorkizuna. Eta jakina da nola balizko olan burnirik ez den... jaso dezagun ola, burnia eta altzairua egin ahal ditzagun.

        Hargatik hemen, beste zenbait beharren artean, idazleon elkarte baten beharra azpimarkatzera ausartzen naiz. Euskara batuaren (edo bateratzekoaren) hastapenetan idazle elkarteak garrantzi handia izan zuen era gaurko euskara «batuaren» hedaketa dugu haren ondoriorik aipagarriena. Gero, duela hiru urte ez zen posible izan elkarte hura —maximalismo agor baten baitan— berpiztea. Ordea, hartaz gero denbora iragan da era helduak ditugu, agian, orduan landaretan genituen zenbait aurrekondizio, eta ikasi dugu, besteak beste, nola historian aurrera egiteko zimendu sakon eta astunak beharrezkoak diren.

        Elkarte baten beharra, oso argudio ezagunetan oinharri genezake eta batipat euskarak dituen beharrei so eginez, baina areago, elkarte batek idazleari eman diezaiokeen babesa eta laguntza aipatu nahi ditut. Idazlearen bakardadeaz mintzatzea kontresan bat irudi daiteke, eskritoreak irakurlego batetara irekirik lan egiten duenez, baina hala ere hitzegin genezake bakardade horretaz, literaturak gure gizartean jasatzen duen marginazioa argituz, zeren hortik datorke zihurren idazlearen bakardadea. Eta ba dakit, agian, bakardadeaz mintzatze hau kontzientzi-txar pertsonal baten islada izan daitekeela eta literaturaren justifikazio sozialaz mintzatze bera ere kontzientzia horren agerpen izan daitekeela; baina arrisku hori korrituz eta fantasma pertsonalak alderatuz euskal gizartean idazleak duen tokia eta zeregina aditzerat eman nahi dut.

        Hamar urte hauk progresiboak izan dira euskararentzat eta euskarazko kulturarentzat eta hori ez zaio zor, seguruen, euskara edo euskal kulturaren dinamika propioari, euskal gizartearen beste zenbait kondizionamendu materialagoei baino. Egia da hamar urte hauetan iraultza bat jasan duela euskal literaturaren arloak, eta literatur edizioak geometrikoki, kasik, ugaritu direla, baina bilakuntza pozgarri honek ez gintezke optimismo arinegi batetara eraman. Euskal Herriaren behar kulturalak handiak dira oraino —handiegiak— urtean 50 liburu argitaratuz gero lasai gelditzeko, edo ta aldizkari guztien irakurleak bilduz gero 17.000 euskal irakurle direla esanez autobomboari egiteko.

        Bestalde, ba dirudi —gauden egoeran— ahal dugun guztia eta gehiago egiten ari garela gure kulturaren hedaketan; dirudienez, eta lehen aipaturiko liburuan Ibon Sarasola eritzi hortakoa dugu, gure posibilitateen tetxoa jotzen ari gara edo joa dugu liburuen argitarazioari bagagozkio. Adibidez, 1973ko urteak ikus genezake editorialen produkzioan estabilizazio baten antzeko fenomeno bat.

        Liburuen argitarazioa kultura baten osasunaren agerpen izan badaiteke (eta demagun horrela dela kulturaren agerpen formalari gagozkiolarik) ba dirudi nolabaiteko estabilizazio batetara heldu garela eta egoera honetan nekez egin dezakegula areago, lehenik ez baditugu gure aparato kulturalak instituzionalizazio mailan areagotzen, hots, gure kultura honen eskasia determinatzen duten kausak ez baditugu aldatzen. Eta kausa horik politikoak baino ez lirateke, zeren jadanik eta hamar urte hauetan euskal kulturak frogatua du bide zabalagotara irekitzeko gai dela.

        Hamar urte hauetako historiaz barro egon gintezke euskaldunok, baina jadanik 1964 inguruko bultzaldiari beste bultzada sakon eta hedatuago bat erantsi beharrean gara orain arteko lanak bere ondorioak lora ditzan. Azken aldi honetako zenbait triunfalismo alferrek lasaikeriara eraman gintzake denon kaltetan; hasi berria dugun bide hau ibiltzeko generazio bat edo bi beharko dira eta inozokeria litzateke egundaino lortu dugunaz harrotzea indar berriz ez badiogu ekiten euskal kulturaren egokitzeari. Gure egoeran, estabilizatzeak heriotzea esan nahi du. Eta dagoeneko konstata genezake euskal kulturaren beherakada bat markatzen duen zenbait fenomeno: alfabetatze kanpainen indar apalagoa, euskal liburuen argitarazio urriagoa... eta paretsu, euskara beraren depreziazio politiko bat ikus genezake zenbait euskaldunengan, nahiz eta sorte guztietako populistek euskara eta Euskal Herria beren betiko sena bizkorrenetariko batetan dagoela entzun nahi dieten guztiei esan. Egun suma genezakeen euskararen depreziazio honen tankeraz hobeto jabetzeko on derizkiogu hamar urte hauetako gure historia zerbait gogoratzeari.

        1960 urte inguruan euskararen berpiztea dakusagu nahiz eta artean euskararen gaurkoratzea eta egokitzea talde ttipi baten ardura izan. Mirande, Peillen, J. S. Martin, Krutwig, Txillardegi, Arregi, Aresti eta beste zenbaiten izenak orduko euskal kulturaren arlo basatia lantzen hasi ziren langile suhar eta pairakorrenak dira. Produkzio mailan, Txillardegiren nobelak, Arestiren poemak eta Krutwigen liburu ezagun hura gogora genitzake gure jenerazioarengan izan zuten eraginaren lekuko. Aranismoak euskararenganako zuen jarrera deshistoriko eta garbizalea deusezturik gertatu zen uhin berriak zekarren zentzu historiko eta eraginaren benturaz. Gerra ostean lur jorik zegoen euskarazko liburuen produkzioa eta inor gutti fida zitekeen euskararen berpizteaz. Baina politikaren arloan (eta politika ez al da kulturaren gradurik altuena?) urte beraietan sortu ziren kezkek eta bide berriek berehalako oihartzuna ukan zuten euskal kulturaren arloan, eta esan daiteke orduko eta geroxeagoko euskal kultura kezka eta bide berri horien zordun izan zela. (1920 urteetan aranismoaren fenomenoak euskal kulturarentzat suposatu zuen mugimendu positiboa beste kezka eta asmoen zordun izan zen bezala) Politikak —edo ta nahi bada politikaren sostengu diren kontradizioak— eraginik eman zen 1960 urteetako kultur mugimendua.

        Ordea, 1970-1972 urteetan nabari daiteke nola euskal kulturak autonomia propio bat lortu duen, haseran eta globalki politikarekin men zerikusi hertsia galduz. Nolabait esateko, urte horietan, Euskal Kultura editorial, aldizkari, kantari talde, etab.en medioz zatikatu (taldekatu hobe) egiten da Euskal Herrian garai berean nabarmentzen diren talde politikoen arabera eta talde kultural bakoitzak, sarritan, bere politikotasuna ukatzen duelarik... eta taldekatze honen ondorioz Euskal Kulturak bere freskura eta indarra galtzen duelarik. Hala nola urte horietan ZERUKO ARGIA era ANAITASUNA arras bereizten diren; nahiz era bi aldizkariak elizarenak izan bereziki jokatzen dute eta kontrajarririk, askotan. LUR editoriala era bere aurrean sortzen den ETOR editoriala (geroko GERO) bi gauza dira, diferenteak era ezin uzkalduak. EZ DOK AMAIRU eta OSKORRI kantari taldeak ez dira pareko era bai bata bestearen kontrako... era horrela zatika genezake gure historia labur honetan ematen diren beste zenbait agerpen instituzional (urrutirago joan gabe hor dugu KARDABERAZ taldeak kontrakademia bat eraikitzeko egindako entsegua). Baina fenomeno hauk denak atez barrutik gertatzen dira, gero eta hertsiagoa era autonomoagoa den euskal kulturaren atez barrutik; zeren erru bar izan du 1970 gerozko gure kultural prozesoak, hots, kulturaliston gremiora edo kastara reduzitu eta ttipitu dela 1960 urteetan hasi zen mugimendu zabal eta popularra, bertan ematen ziren kontradizio ezantagonikoak pikutaraino eta neurri guztietatik harat eramanaz. Hemen politika egin dugu alfabetoko letra bat dela-ta. Hemen alferrik borrokatu gara Xüberoko tonada zahar baten garrantzi transzendental eta inkonmensurablea bere onetatik ateraz. Herri honetan begiak atera dizkiogu elkarri lapurtar klasiko edo era lapurtar osatuaren arteko aukeratan. Hemen elkar jo dugu egunero islaturik eta bakarrik gelditzen ari ginela konturatu gabe. Krisia bat ekarri dugu Euskal Kulturaren arlora gure egoeraren baldintzak eraginik eta gure jarrera antzuak bultzaturik.

        Baina 1970 urtez gero, gure artean nabari daitezkeen etendurak ez dira euskal kultura beraren baitan sorturiko etendurak izan; aitzitik, politikaren arloan sorturiko etendura eta krisialdiaren agerpen eta islada baino ez dira izan. Sasoi horretan, halaber, sartu zen gure hiztegian «klase» hitza era ez noski lehenago klase borrokarik Euskal Herrian ez zelako edo ta kontzeptu hori gure artean ezezaguna zelako, euskal kontzientziaren hedaketak maila hori ezezaguna edo ebitatua zuelako baino. Urte horietan jaso zen lehenengoz teoria mailara, euskalduntasunaren klase ikuspegia. Eta teoria mailara jasoa izan bazen, praktika mailan jadanik problematsu bezala agertzen zelako izan zen. Askok euskal kontzientziaren krisi sortzaile bezala ikusi du klase kontzeptuaren konstatazioa era herbestezale bezala deituratu du —errealitatearen gordintasuna ez ikusi nahiz eta benerako herbestezaletasunean eroriz, hots, bestekerian (alienazioan)—. Euskal Herriaz ihardutean zenbaitek Euskal Herri utopiko edo mitiko bat besterik ez du bere baitan, zeren klaserik gabeko Euskal Herria ez da atzoko edo herenegungo errealitatea eta bai etzidamuko projektu eragingarria. Euskaldunok klasetan banaturik gaudela ez ikusi nahi izatea edo ahaztea Euskal Herri mitiko batetan murgilduta egotea litzateke, eta hau da, hain zuzen, aberzaletasunaren exklusiba dutela uste dutenen irudipen imaginatiboa.

        Gure arteko idazleetarik inor guttik eraiki du euskal kultur proletario baten agerpen literario bat, ordea kultura proletarioaz kezkaturik agertu zen zenbait 1970-1973 urteetako epean eta kezka honek bizkarreratu zizkion deskomeku era salaketa arloteenak; era arlotekeria guztien buruan gure Herria ez genuela maite eta beronen alde ez ginela esforzatzen esan ziguten, klase era Herri kontzeptuak bata bestearen argitan ikusten ahalegindu ginenoi.

        Herri eta Klase kontzeptuak gogoan eduki beharrezkoak dira biak Euskal Herriaz ideia zuzen bat egin nahi bada eta batipat bere etorriari buruz gagozkiolarik. Oraino, sarritan kontrajarririk ibili dira bi kontzeptu hauk gure artean baina orain ba dirudi praktikan hasiak garela teoria mailan zentzukabeki areegi kontrajarriak izan diren bi kontzeptu hauk elkar moldatzen. Errealitateak eta historiak eskatzen digu egun sintesia hori lortzea, zeren gure artean ugariak izan dira kopetekoak eta konturatu bide da zenbait klase soilaren ikuspegitik bakarrik eginikako gizarte projektu bat, hemen, nekez atera daitekeenaz aurrera. Artifizial kutsu handia dute hemengo zenbait teorizazio politikoek eta beren zientifikotasuna oso urria da, beren praktikotasun ezaren hainakoa guttienez. Euskara beraren depreziazio politikoa zenbait hiperezkertiar arnegaturen obra da, hemen eta gaur herritasunak duen ezinbestekotasunak enbarazu egin dio zenbaiti bere teoria guztiz-garbi era guztiz-sotila moldatzerakoan... eta jakina da nola enbarazu egiten duenaz zein erraz den ernegatzea.

        1970 urte inguruko zenbait abertzalek, Euskal Herriarenganako arbudio orokor baten lepotik bereganatu zuen klase kontzientzia, aurreko beren herrizaletasuna xenofobiatzat salatuz. Noski, zenbait aberzaletasun (1936 aurreko ideologian gakotuak, batipat) kritikagarri dira ezkerretik, baina egin ez daitekeena zera da: problemak likidatu. Likidazio guztien azpian seguritate baten falta aurki daiteke era segurtate eza hori Euskal Herriko ezkerrak bere prozesoan emanikako pauso askotan agertu du.

        Nirekiko, ez dut uste idazleok eta hauetarik LUR editorialaren inguruan ibiltzen ginenok ezer likidatu genuenik, nahiz eta aberzaletasunaren zenbait desitxura era arkaismo gure kritikaren bitartez garbitzen eta desmitologizatzen ahalegindu. Gainera, era norbaiti gogoratu nahi diot, euskaraz burutu genuen gure kritika guztia era hori gogoratzea ez da hutsa gabiltzan sasoi hauetan.

        Egun ba dirudi guztiek onhartzen dutela Euskal Herriaren berezitasuna eta eskubidez dagozkion izaera eta nortasuna. Baina kontsentsu general honetan azken orduko oportunismo baten aztarnak atxeman genitzake eta zenbait talderen jokaera populistatik datozkigu egun Euskal Herriarenganako lausengu interesatuenak. Populismo horren baitan Euskal Herria bereizten duten elementu definitorioak ez lirateke hain urgenteak, esanez, adibidez, euskararen hedaketa era gaurkoratzea ez dela gauza urgente bat eta aurreko gauzak ba ditugula... Herri baten hizkuntza gauza koniuntural eta akzidentala balitz bezala. Ordea, euskara ez baloratzea, funtsez arrotz den teorizazio baten seinua dugu.

        Hemengo zenbait teoriak diskursibo usaina du eta hori arras nabaritzen zaie jendartean eta Herrian duten harrera eskasa ikusirik. Bistan da zenbait elementu irrazional ba dela abertzaleon Euskal Herriarekiko gure zaletasunean, baina horrek ez du esan nahi zenbait datu historiko eta hauen artean «bizitzeko gogoa» eta «nor izateko borondatea» teorizableak ez direnik. Guztitara ere euskaldungoaren batasunak asko irabaziko luke zenbait exegesis bortxatu eta eskematikoak baztertuko balira.

        Azken hamar urte hauetan zehar bere bizitzaren eperik gogorren eta konszientenetariko bat bizitu du Euskal Herriak eta epe hortako gure praktika ez dugu oraino printzipio mailara jaso. Sentimendu indartsu bat bereganatu du Euskal Herriak urte hauetan, baina sentimendu horri bideak eta legeak falta zaizkio datorrenaren ernalgarri izan dadin. Politika zientzia bat da, baina buruarekin eta bihotzarekin eskribatzen dena.

        Baina euskal idazleez mintzatzeko asmoz hasi naiz hitz-aurre akabagaitz hau tankeratzen eta esan beharra dut —laburki eta gaindik— hemen deskribaturiko inguru honetan non duen idazleak bere tokia eta zein toki dagokion egungo euskal herrigintzan.

        Gaur egun eta hemen idazleak duen zereginik klaruena euskarak gaurko eta biharko Euskal Herrian duen papera baliarazte eta rebindikatzean datza; eta hor funtsatzen da euskal eskritorearen inzidentzi lehen eta printzipala. Eta noski inzidentzi kontua aipatuz gero konstatazio bat datorkit burura eta galdera hau paperera: Zein inzidentzi du gaur euskal idazleak gure Herriko kontexto sozio-politiko zabalean? ...uste dut «ezer gutti» erantzun beharrean garela. Gauden egoeran eta ditugun baldintzez idazlearen operatibitate soziala oso mugatua da, baina oinharrizkoa eta ezin-bestezkoa bestalde.

        Euskal idazleak Herrigintzan aurkitzen duen oztoporik nagusiena bere irakurlegoaren ttipitasuna du. Ozta-ozta inportantea da euskaraz egiten dutenen numeroa, baina benetan motza irakurleena. Hala ere euskal literaturak ba du tokirik euskal Herrigintzan Euskal Herriaren afirmazio bat den aldetik; eta afirmaketa horretan aurkitzen du idazleak bere justifikazio soziala.

        Irakurleren batek esanen du, agian, ez nuela hain bide luze eta zidorra egin beharrik, hain ondorio apalera heltzeko; ordea, halako irakurleari konfesatu behar diot nola ondorio hori aurrekondizio beharrezkoa nuen idazten jarraitzeko eta aspaldi batetan eginikako nobela labur, ipuin edo beste zerbaiten eskema diren lan hauk argitaratzeko. Zeren eta bakardadea ez da hain bortitza kontextoaren erreferentzia zehatzik denean.

 

        [1] La litterature dans l'ideologie.— G. Haddad; «La pensée» 151 gn.

        [1] «Espazio» kontu hori Hitler-ek ere erabili zuen nazismoaren expansionismoa justiFkatzeko, baina gure kasoan «espazio» hori hipotekaturik dugun «toki» baten nagusigoa eskuratzea baino ez litzateke.

        [2] Harrixko herri hau.— LUR ed. 138 ORR., 1970, Donostia.

        [3] Hizkuntza batetan eman daitezke «hizkera» desberdinak eta hori ez bakarrik ortografiari gagozkiolarik zeren, adibidez, Arenaza eta Aresti baten euskarak diferenteak dira beren muinaz Herri baten bi «nolakotasun» diferenteak baldintzatzen dituztenez.

 

Bilaketa