Ulibarriren omenez
Juan San Martin
«Gogoz, gure herriko gauzak»
Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978
Yose Paulo Ulibarri Galindez, Arabako Okondo (Okendo) herritxoan sortu zen duela berrehun urte. Sortzez arabarra izanagatik, gaztetatik Bilbon bizi zen, albaiteru eta perratzaile lanetan. Zenbait kargu ere izan zituen Abandoko udaletxean eta Gernikako batzarretan ere parte hartu zuen. Euskaltzale borrokatua zen eta ibili zen toki guzietan agertu zen euskararen alde kementsu.
Euskaltzale ez ezik, euskal idazle ere bagenuen. Egunari euskerazkoa argitaratu zuen 1815ean. Euskarazko lehen egunkaria noski. Leizagarragaren kalendrera beste gisa batekoa zenez gero. Eta, esku-izkribuz, Gutunliburua utzi zigun.
Bere jaiotzako berrehun urteak betetzean, Okendoko herriak, Arabako Diputazioaren eta Euskaltzaindiaren laguntzaz omenaldi berezi bat eskainiko dio datorren igandean (abuztuaren 17an). Hitzaldiak, kantaldiak eta dantzaldiak hornituko dute eskainiko zaion omenaldia. Baina, gainera, egun horretan aurkeztuko da lehen aldiz bere Gutunliburua inprimiturik.
Jose Manterolak aipatzen zuen Ulibarri bere aldizkarian, baina geroztik urte askoan oso isilik eduki zen bere izena, 1915ean Fernando de la Quadra Salcedo eta Julio de Urkixok berriz aipatu arte. Gure garai hontan N. Alzola (Anai Berriotxoa) bizkaitarrak berritu zigun eta ondorean beste bizkaitar batek, Lino Akesolok, bere bizitza eta lanak aztertu.
Yose Paulo Ulibarriren gaztaroan, Okendo, euskaldun hutsa zen, bere bertso batean aitortzen zigunez:
Okondo-ko erria
da euskaldun bere izatia
1831an Anituari idatzi zion gutun batean dionez: «Oraindino ni etorri nintzanian, imini barriya zan ardaotegi bat erri guztirako. Besterik ez eguan. Eta euzkerazko eskola bi, elexa biyetan, eta erderazkoa... erriyan erdian gura dabenentzako». Honegatik zion Yon Etxaide adiskideak, Ukondoko herriak erakuspide eder bat eman ziola aldi hartako Euskal Herriari, elizaren babespean euskal ikastola ipiniaz.
1829. urtean, Gernikako batzarretan, ahalegin guztiak egin zituen euskarari laguntasun ofiziala eman zekion eta Bizkaiko eskoletan aginduzkoa izan zedin bere irakaspena. Gogoan eduki dezagun Yon Etzaidek ongi dion bezala batez ere, bera bakarrik izan zela, aldi hartako euskal giro urrian, ahalegin sutsuak egin zituena euskara ofizialki aitortzeko, euskal-ikastolak ipintzeko, euskal-akademia bati sortzea emateko eta hiztegi ta gramatikak argitaratzeko.
Bere garai hartan, Aita Zabala bezalako euskaltzale bati ere utopia hutsak zerizkion Ulibarriren asmoak. Giro ustelaren kontra jokatu zuen Ulibarrik, soil soilik, eta behar bada bere eraginari esker, 1841ean Bizkaiko batzarrak euskararen alde hartu zituen honako erabaki hauek: eguneko erabagien laburpena euskaraz egin eta urrengo eguneko batzarrean irakurtzea, eta Institutoan euskara irakastea.
Ez hori bakarrik, Ulibarrik Bizkaiko Foru guzia euskaraturik ipini nahi izan zuen.
Gutunliburuan, bere ideiaz, erregezaletasuna agertzen du, Cadiz-ko lege berrien aurkako, eta liberalen politikari «debruziñoa» deitzen dio, batez ere euskaldunen Foruei ikutu ziotelako. 1834an Don Carlos-ek Elizondon eman zuen «dekretoa» bere Gutunliburuan euskaraturik ezarri zuen. Euskararen eta Euskal Herriaren zoriona D. Carlos-en aldetik etorri zezakean ustekoa bai zen.
Erlijio kontuan berriz, biderik zintzoena zeritzanetik jarraitu nahi zuen. Katoliko osoa zen. Bere gutun batean emazteari aitortzen zion: «Nik eguño eztot, ez txantxetan bere, Yainkoen legeen aginduen kontra ezer esan». Eta elkarren arteko har-emanez, senar-emazte kontukoak, nahikoa naturaltasunez idazten ditu.
Gutunliburua, euskal eskutitz sorta bikaina dugu. Gutunez gainera beste gauza jakingarri batzuk ere baditu. Azken orriak bertso-lanez bete zituen, 1823tik hasita. Baina, batez ere, Gutunliburu honek argi adiarazten digu Ulibarrik bere garaiko gizon handi askorekin har-eman handiak zituela, eta, honegatik, bertako izkribu asko XIX. mendearen lehen parteko historiaren agiri baliosak dira
Euskal literaturaz ondo horniturik zuen bere liburutegia. lkusten denez ezagunak zituen Axular, Larramendi, Kardaberaz, Astarloa, Añibarro, Mogel, Fr. Bartolome, lztueta eta abar.
Bilbon 1814tik 1832ra bitartean argitaratu ziren Gabon kantak, anitz Bizenta Mogelenak ziren, baina Ulibarriren eragina eta laguntza nabari dira, L. Akesolok hain ongi uste duenez.
Yose Paulo Ulibarri, Abandon hil zen 1847. urtean.
Gaurko giroan, euskara beherago dagoelarik ere, euskararen alde zituen asmoak ez dirudite bain utopikoak. Foruak kentzetik bertatik sortu bai zen gure herriaren iratzarpena.