«Jovialiter»
L.H.A.
2003ko Abuztuak 31
«Poemak eta kantak»
S. Baroja
Hiria, 2004
Serafin Baroja Zornoza (1840-1912) Donostian jaio zen eta Nafarroako Beran hil zen, barojatarren egoitza izanen zen etxea erosi eta paratu ondoren. Serafin, Pio Baroja inpresore donostiarraren semea zen eta izen bereko nobelagile handiaren aita. Ezaguna da halaber Rikardo bere anaia marrazki eta grabatugile bezala.
Biografia laburra
Donostiako «Casa Baroja» izeneko inprimategiko semea dugu Serafin Baroja eta bere gaztarotik izango letretarako joera bizkorra. Cadizko Konstituzioaren omenezko izena daraman moldiztegiaren inguru ulertu behar dugu Serafin Barojaren jokabide literarioa; inprenta hartan argitara eraman ziren liburu askok pentsaera liberalaren zigilua eramanen dute eta ideologia horretan murgildurik hazi zen Serafin gaztea.
Bere pentsaera markatuko zuen beste ezaupide eraginkorra Pascual Madoz liberal nafarrarena izango da. Pascual Madoz, Diccionario Historico-geográfico sonatuaren koordinatzailea dugu eta bera izango da halaber bigarren desamortizazioaren eragile. Madozek eragin bizkorra izan zuen Serafin gaztearengan, bere gomendioz Madridera joan zenean Mehatzetako Ingeniaritza ikasketak egitera.
Oporraldietan Donostiara itzultzen bazen ere, Madrilen harreman estuak zituen liberal giroko tertulia eta pertsonaiekin. Oso gazterik argitaratu zuen Los Pillos de la Playa (1865) izeneko lehen nobela. Liburuaren kreditu orrialdetan euskaratik itzulia dela esaten badu ere ez dakigu zinez horrela den, ez dugunez euskarazko bertsiorik ezagutzen. Horrela izango balitz, Serafin Baroja izango litzateke, kronologikoki, lehen euskal nobelagilea.
Urte berean kaleratzen du, halaber, Noveluchas y cuentos izeneko liburua ere. Gaztelerazko beste nobela ere argitaratu zituen «entregaka» garaiko usadioaren arabera Entre Madrid y San Sebastián (Amores prosaicos) (1879) eta De Chamberí a Madrid, 100 metros en 25 días, (1895)
Carmen Nessi Goñirekin ezkondu zen eta beronekin bizitu zen Espainiako hainbat hiri eta herrietan ingeniaritza lanak burutzen. Urte askotan bizitu zen Huelvan Rio Tintoko mehategietan lanean, gero Valencia, Madril, Nafarroa, Granada eta Bizkaian izango ditu lanbideak bere ogibidea zuen ofizioz.
Baina ogibidez ingeniaria bazen, bihotzez eta bokazioz idazlea zen batez ere Serafin Baroja. Donostiako eta Madrileko egunkarietan idatzi zuen hainbat kronika eta lan. Bi aldizkari ere sortu zituen Iruinean bata eta Madrilen bestea Bai, Jauna, Bai izenarekin. Berak sorturiko aldizkarietan argitaratu zituen bere lan ugari bai sorkuntzazkoak eta bai itzulpen literarioak ere. Cancionero vasco eta Euskal-Erria, revista vascongadan ere barreiatu zituen bere kolaborazioak.
Sorkuntza lanez kanpo, bere garaikide ziren hainbat poetaren lanak itzuli zituen euskarara eta honek argitzen gaitu, baita ere, bere joera poetiko eta estilistikoaz. Zorrilla, Garcia Gutierrez, Lopez de Ayala, Campoamor, Bécquer eta Alarconen poemak itzuli zituen besteren artean, baina Calderón, Lope de Vega eta Shakespeareren poemak ere jarri zituen euskaraz.
Benetan aipagarria da Serafin Barojak kantuen letragile bezala egin zuen lana. Donostian urtero hain pozik errepikatzen den Donostiako Martxa, berak egina da. Eta ez zen bakarra izan Sarriegi musikariarekin batera konposatu zuen kanta.
Opera arloan ere, Peñafloridak urte batzuk lehenago egin zuen irriki berberaz, Pudente izeneko obra idatzi eta antzeztu zuen J.A. Santestebanen musikarekin..
Euskararen tankerari buruz, Donostiako herriak egiten zuen euskalkian idatzi zuen oso modu malgu eta librean. Garbi utzi zuen berak ez zela garbizaleen joerakoa eta argiro utzi zuen idatzirik: en «Siga el que quiera a Bonaparte, Azkue, Campión, Arana eta Goiri Sabin (sic), yo sigo a Larramendi, Iztueta, Iparragirre siempre». Aipagarria benetan Barojak egiten duen aukera, bere norabideak behin berriro nabarmentzen duenez, euskal letretan betidanik eman den garbizale/herrizale dikotomia penosoan herrizale ageri zaigu Baroja. Ikus genezakeenez apaizak eta haien ahaidetasun ideologikoa dutenak jotzen dute garbizalekeriara, eta aitzitik herriko seme laikoak dira euskara pragmatiko eta malguena erabiltzen dutenak. Andoaingo jesuita salbuespena genuke Cardaberazekin batera, zeren Larramendik ez zuen euskaraz zer askorik idatzi baina euskarekiko bere eredua garbizalekeriaren aurkakoa zen.
Edizio honen prestakuntzan, 1988ko bilduman Patri Urkizuk erabili zituen irizpide ortografikoak erabili ditugu, eta halaber gureganatu dugu poema eta bertsoen sailkapena. Urkizuren bilduman ez zetorren poemaren bat erantsi dugu gerlako bertsoen artean.
Donostiarra eta liberala
Duela hamabost urte, Patri Urkizuk apailatu zuen Serafin Barojaren euskarazko lanen bildumaren atarian, D. Julio Caro Barojak bere aitonaren goratzarrea egiten duenean, poza eta gaztetasuna azpimarratzen ditu bertute nagusi modura.
Gainera, D. Juliok, bere aitonaren garaikideei ere luzatzen die alaitasunaren dohaina. Bilintx bardoa, Sarriegi musikaria eta Zuaznabar euskaltzalea sartuko ditu zaku berean, guztien lema euskaltzaletasuna, «jovialiter», pozik bizi izan zutela adieraziaz.
XIX. gizaldia ez zen inolaz ere euskaldunentzat sasoi alegera izan. Frantsesen aurkakoa lehenik eta bi karlistadak gero, dagoneko krisialdi larriak jota zuen herria, erabat suntsiturik eta penatua utzi zuen. Hargatik, agian, hain erraz hedatu zen Sabino Arana Gorik mendearen amaieran ahoskatu zuen mezu nazionalista. Jakina da, nazionalismoa lurrak hain beharrezkoa duen ongarria baino ez dela. Eta ongarria denek dakigu nondik nora egin, bildu eta barreiatzen den. Ongarria edo simaurra historiaren hondakinekin burutzen da.
Baina etor gaitezen XIX. gizaldiko Donostiako hirira eta ikus dezagun zein testuinguruetan sortzen diren Serafin Baroja eta Indalencio Bizkarrondo «Bilintx» bezalako idazle eta poetak.
Donostia bere ordu txikietan bizi zen Lehen Karlistada pairatu eta jasan ondoren. Merkataritzaren gremioak, apenas ahal zuen arnasarik har Amerikako kolo nien galerak ekarri zuen krisialdian murgildurik. Hamar mila biztanle inguru zituen hiria, suteak eragindako errautsetatik bizkortzen hasia zen. Aduanaren gatazkak kontrajarririk zituen Donostiako hiria eta Gipuzkoako probintzia.
Lehen Karlistadaren irtenbide faltsuak agerian utzi zituen Euskal Herriak zituen benetako kontraesanak eta desafio historikoak. Muñagorriren aldeko bertsopaper anonimo batean esaten den bezala:
«Gerrak ideki ditu
guztion begiak».
Eta garbi datza, askorentzat, euskaldunak liskarrean mantentzen dituen arazoa ez dela soilik, eta batez ere, arazo dinatisko bat, aitzitik euskaldunak elkarren artean bitan zatitzen dituen kausak hareagokoak edo eta nahi bada honantzagokoak direla, bizimolde eta pentsaera desberdinen arteko arrazoiak alegia.
Donostia, Bilbo bezala, liberala da eta probintzia errealista izanen da lehenik eta karlista gero. Liberalismoak ateak ideki nahi dizkio ekonomiari eta espirituari eta karlismoak berriz ez du ezer aldatzerik nahi ez bizimodurik eta are gutxiago betidaniko lau ideiak ematen duten segurantzaren patxada. Nolabait ere, bi erregimen daude kontrajarriak: zaharra (elizkoia, absolutista eta estatikoa) alde batetik eta errejimen berria bestetik (liberala, demokratikoa eta dinamikoa).
Hirugarren gerlaren buruan gauzak argiago ikusiko dituzte euskaldun denek baina anartean badirudi elkar besarkaturik bi boxeolari baldarren joko zikina dela.
Zoritxarrez, euskal letretan ez ziren garbiro gauzatu XIX. gizaldiko gatazken arrazoi eta argudioak. Bertso-paperetara jo beharrean aurkitzen gara errierta ideologiko aren berri jakiteko, baina hori ez da nahikoa. Bertsopaperak, halabeharrez, eskematikoak dira eta ez dute argudioaren kiriboltarik egiten ez dute prentsako artikulu baten fineziarik. Animuen berri ematen da bertsoetan baina ez da argudiatzen biziaren eta heriotzaren konplexitateaz. Baina Serafin Baroja eta Bilintx ez dira bertsogile arruntak, beraien lanabesa ez da bertsopaper arrunta, Baroja inprenta bateko semea eta Bilintxek azkar ukanen du bere poemak argitaratzeko modua. Bien kasuan, beraz, badakite entzunak eta abestuak ez ezik irakurriak ere badirela. Nola nahi ere, bai Bilintx eta bai Baroja garaiko animuaren bozeramaile egokiak ditugu.
Gogoz hartzen dugu geuretzat D. Julio Caro Barojak erabilitako «jovialiter» hitz ezin egokiagoa, zeren ezin hobeto adierazten du Bilintx eta Serafin Barojak, biak zuten biziarekiko jarrera eta animua. Jovialiter, hots, baikor, pozik, gaztetasunaz beteriko ikusmira zuten bai Donostiako hiriari so egitean, bai neska eder bat ikustean eta baita ere Euskal Herri «berriagoa» amestean.
Serafin Barojaren bertso eta poemei darien bizi-poza ez da soilik jarrera hedonista baten ondorioa, aitzitik bere argitasun eta leialtasunetik sortzen den baikortasun jostalaria da. «Pare gabeko jostalaria» deituko dio Jose Artolak bere omenezko bertso batean, eta dakigunez horrelakoa zen Serafin Baroja gizona: alaia, ironikoa, bitalista eta enamoratua. Maitemindua Donostiaz eta inguruan zituen neska ederraz. Bere biziaren amaieran, maiteminduaren etsipenaz idatzi zuen poeman, ezin hobeto islatzen da bere nortasun bero eta, neurri berean, ludikoa.
Larogei urte: berak amasei!
Orren berandu bilatu!
Kanposantura ni nuanian
Ura munduban argitu;
Eta penarik aundiena det
Ez didala begiratu!
Serafin Baroja, antiklerikala omen zen; eta bistan da ez zituela gogoko bere garaiko euskaldun askoren hipokresia eta adimen baldarrak. Ez zuen estimu handirik karlistentzat ondorengo bertsoetan garbiro adieraziko duenez:
Zazpi sakristau, amabi alper,
Ogei basarritar babo,
Jauregi buru, Santa Kruz gero..
Ez da harritzekoa gure literaturaren historiagileak eta kritikoak Serafin Barojaren lana gutxietsi badute. Horietako zenbait, Serafinengan higüina sortzen zutenetakoak izaki. Prentsa txarra izanen dute gure literaturaren historian bai liberalak eta halaber mota guztietako euskaldun heterodoxoak.
Patri Urkizuk 1988 Serafin Barojaren lanak bildu eta argitaratu arte, Serafin Barojaz nagusi zen kontzeptua, zenbait bertso arlote egin zituen donostiar kaskarin batena zen. Espero dezagun aurrerantzean aintzakotakotzat hartua izanen dela, agian, lehen euskal idazle «urbanoa» dugun Serafin Baroja. Izan ere bere eskutik atzeman genezake ohizkoa ez den «beste» euskaltzaletasun mota bat.
Badirudi euskaltzaletasuna gaur egun ere sentimendu eskatologiko eta nekrofiloei loturik dagoela. Euskararen akabera, Euskal herriaren hondamendia eta euskaldunen zorigaitza dira poeta euskaltzale askoren tema errekurrenteak. Ez dute maite Euskal Herri hiritarra eta konplexua. Arrese Beitia edo Orixek bi bakarrik aipatzeko eragiten duten euskaltzaletasunak neurosiaren ondorioa dirudi, eta Barojaren kasuan berriz jarrera laikoan eta baikorrean sustraitzen da.
Pena da Barojak eta Bilintxek ondorengoengan eragin handiagoa ez izatea, zeren 1936ko gerla osteraino itxaron beharko dugu Mirande, Peillen eta Arestiren eskutik antzeko euskaltzaletasun mota baloratzeko. Kalte handiegia eragin diote euskal kulturari, gure hizkuntza eta herrigintzaren inguru antolatu diren gisa guztietako paramentu eta liturgia transzendentalak. Gaur egun ere, euskal kulturaren laikotasuna aldarrikatzea eta bultzatzea halabeharrezko konsigna eragilearen premian gaude. Euskarak lor dezan bere heldutasuna eta euskal gizarteak ukan dezan bere malgutasuna, beharrezkoak ditugu pozaren atsegina eta gaztetasunaren bultzada. Jovialiter behar genuke etorkizuna ikusi eta iragana behingoz absolbitu.