literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Hitzaurre gisa

 

Andolin Eguzkitza

 

«Orhoituz»

Jon Mirande

Kriselu, 1976

 

        0. Hona hemen liburuxka honetan zuberotar jatorriko ëta beharrez Frantziako partean jaiotako idazle zintzo honen lan poetikoa. Aski ezagun da berez Jon Mirande Aiphasorho, dela obraz, dela bizitzea emateko maneraz, haren abertzaletasunaz edo eta berau bezin handi eta berezi zen haren fazismoaz, beraz haren bizitzeari buruzko zertzelada gutti batzuez gure betebeharra burutuko dugu.

 

        1. 1925.eko Hazilaren 12an Pariseko hamalaugarren hauzunean (quatorcième arrondissement) mundura jaio zen. Gurasoak zuberotarrak zituen, Jean Mirande Garindaiñekoa aita, eta Xaho baserrian jaio Mari Aiphasorho ama, Sohüta herrikoa. Biak familia xehe eta pobrekoak, ez dirurik ez eskolarik ez zedukatenak, lan bila joan behar ukan zuten Paris aldera. Gizona ostatuetan gelari eta neskame emakumea, euskaraz hobeto egin zuten frantsesez baino, eta beren artean euskal hizkuntzaz baliatu arren erdaraz egiten zioten Joni. Honek hogei urtetan ikasiko zuen. Katolikoak, aita ez mezazale bereziki. Amaren aldetik euskaltzale, aitaren aldetik ez hain, haatik, beronek euskal kantu asko zekien eta ondu beste batzuk egin zituen. Euskaldun izatearen sendimendu azkarra zuen.

        Batetik etxekoen dirugabezia zela bide, eta gerla bestetik, ez omen zuen ikasteak merezi eta ministergo batetan hasi zen lanean 1944an, hemeretzi urte baizik ez zuelarik. Denbora honetan, gerlaren garaian, bere lehen poema frantsesek idatzi zituen, eta une berean nazi bilakatu zen. Nazismo honi gero euskal eta breiztar abertzaletasunak gehituko zizkion. Jon Etxaidek zioenez bulegoko lana sufrikario gogorra zen harentzat; «Paris-Beuret» deritzon olerkian Mirandek berak horren lekukotasuna ematen digu. Bere lan higuingarri horretara joan baino lehen, goizeko seiretan jaikitzen ohi zela ikasi eta irakurri egiten zuen, hain baitzen izugarri haren jakinmin eta ikasteko grina. Kultura handikoa zelarik ez zuen diplomarik maite, aitzitik, merezimenduak zituen gogoko. Mintzatzen eta idazten hainbeste hizkuntzatan zekien. Horiez gain hizkuntza zahar pillo ere ezagutzen zuen. Haren adiskide mina izan zen Dominique Peillenek irakasle izateko erraten bazion ere, hori «bere burua goraipatu nahi ukatea» zatekeela, nonbait, eta ez zion inoiz jaramonik egin.

        Peillenek diostanez: «aurpegia ez zedukan ederra, oso sudur lodia zuen, bertzenaz ez zen itsusi, oso begi politak zituelarik. Berak esaten zuen sudur zabala zela». Ikasle denboran alkoholiko izan omen zen, gero tartekamarteka edaten zuen bakarrik. Behin «Hôpital de la Piété» delakoan egon zen erremediatze bat egiteko. Irteeran depresioa zela eta txartoago zegoen, eta bere burua hiltzeko saio batzuk egin zituen.

        1948an, Miarritzeko «Euskal Biltzarre»an abertzaleekin harremanetan sartu zen. Hor Piarres lafitte Jaun Kalonjea, Andima Ibiñagabeitia eta beste hanitz ezagutu zituen. Donostian ere hil arteko adiskiderik leialen eta minena Jon Etxaide Itharte edukiko zuen. Horretatik aparte beste lagun asko zedukan. Bere ekandutxo edo «ses habitudes», frantsesez esan ohi den bezala, bazituen ere eduki, hala nola astero ostiraletan Hervé Glemarec-ekin egotea, eta Goulven Pennaod bretoinarekin larunbatetan. Lagun kontserbatzaileak ez zituen onhartzen ideiologiaz ezik eta «Europaren dekadentzia»z oharturik bere barnean sartzen zen. 1968an aita hil zitzaion; ez zen bakarrik bizi horregatio, andre bat zen berarekin. Bakarrik bizi zelakoa mythu hutsa da, Peillenek dioenez. Gogabetua zela bizitzearen parte handi bat lagunek betetzen zioten.

        Bizio bat omen zedukan, «neskagaztezaletasuna». Berak honela erraten ei zuen: «honelako joera bat dadukanak ez du eztitasuna maitasunaren egitean bilatu behar, eskuetan baizik». Hala ere, neska helduak ere maite zituen. Ez zen ordea sekula esposatu. Orain hiruzpalau urte ezagutu zuen hogeitabost urtetako neska batekin ezkondu ahal izan zen, baina lar gazte zela aitxaki eginda, azkenean egin ez; benetako arrazoia haren katolikotasuna, antza. Pariseko andreen artean oso arrakasta handia ei zuen.

        Ez zuen bizitze erosorik eman. Euskal mundu honetan etsipen eta desespero asko ere hartu behar ukan zituela erran behar da ondikotz, eta euskal literatura prestu izaten eta bere musua harro eta tinko erakuts ahal lezan lan egin bazuen ere, jende asko eduki zuen kontra. Bere «Euskaldungoaren etsaiak» artikulua agertu zenean, kristau eta euskaldun zindoaren kezkek sakatua, Aita Mokoroa Pablo Gurpide zen Bilboko apezpikuarengana joan zen mintzatzera, Elizak Euskal Herrian zuen begiramen eta itzalari eutsi nahi bazien euskaldunki gorde zitzan kristautasunaren sustraiak, zeren Miranderen ideiek, eta beste gazte batzuenak ere, zabalkunde gehiago edukiko balute asko gal baitzitekeen. Bapo! Ez zion jaramonik egin.

        Bestalde Euskaltzaindian bereak eta bost jasan zituen. Orain dela urte batzuk, euskaltzain oso batzuek bera ere izendatzeko eskabidea egin zutela, orduko iparraldeko euskaltzain guzien izenean Aita Lafitte-k zemai hau egin zuen, Euskal Akademia utziko zutela denok batera Jon aukeratzen bazen. Ez zen Jon inoiz euskaltzain osoa bilakatu. Berandu xamar bazen ere «Igela»n, Mirandek eta Peillenek ateratako aldizkari xelebrean, erantzun zitzaion:

 

                Ustaritzeko lurretan

                suge batek ausiki du

                aphez bat... zer da gerthatu?

                sugea hil dela bertan.

 

        Amaitzeko, bere bizitzearen azken unean Euskal Herriaz eta bere buruaz zuen ikusmira lazkarria ikusteko, Xabier Kintanari igorri zion gutun hau aldatu dut hona:

 

        «Parisen 1971. eko Urriaren 17an.

        Herritar maitea:

        Eskerrik asko zure eskutitza gatik (sic), eta batez ere Haur besoetakoa nere ipuin berria-z daukazun iritzi ona gatik. Zutzaz bertze nehork —ezagun edo adiskidetarik— ez deraut idatzi esateko liburu hortzaz zer pentsatzen duten. Alpertuta nagoela? Behar bada, bainan otoi gogoan har ezazu zenbat gaitz den Parisen oso bazterturik (bertze euskaldunetarik bazterturik, esan nahi dut) bizi den batentzat euskal-kulturean (sic) 'parte hartzea, eta are dakidalarik ez dudala"gogaiderik (Meinungsgenossen) nere herritarren artean. Bertzalde, azken urte hauietan gaixorik egon naiz, bizpahirur aldiz, eta ere lanbidean ere makurrak ukan ditut. Gainera, ez naiz lehenago bezain gazte. Eta guztien azkenean, idazteko behar da zerbait esateko euki: orai ez dakit euskaldunei zer esan dizaiekeodan. Gero, ez dakit. Dena dela, "faszista" hunen goraintzink hoberenak har itzazu.

Jean Mirande»

 

        Aita hil orduko, legejoku batzuk zirela tartean, hauzo batek haren egoitza erostea lortu zuen, eta berau aldatzean hiru egun lanera gabe emanik, lagun bat ikustera joan zitzaiola lurrean etzanik topatu zuen. Hura ikustean negarretan hasi zen. Lehengo gauzei atxekia zegokien oso. Gero, pasadizu honez gero, atseden eta osasun hartzeko Bretainia eta Euskal Herrian egon zen. 1972.eko Abenduaren 28an hil zen. Bere burua hil bide zuen. [1]

 

        2. Jon Miranderen olerkiak behin argitaratzeko izan ziren, Miangolarra jaunak Caracas-en publikatzeko, hain zuzen; ez dakitzadan arrazoiengatik baina ez zen azkenean egin. Oraingo honetan argitara ematen diren poesiak modu bitara eskuratu dira. Gehienak Jon Mirandek Gabriel Arestiri argitaratzeko igorri kopiez, izan ere, elaberriarekin batera, «Haur besoetakoa»kin, argitaratzekoez, baina Bilboko poeta honen borondatea ez zela partaide, ez eta erabakitzaile, orduan ezin argitaratu izan zirenez. Besteak Jonek idatzi ohi zuen aldizkarietan barrena.

 

        Methodologiaz ez dugu ia deus erran behar. Oinharri bezala Mirandek bidalitako kopia hartu dugu beti, eta egon direnean, besteak, aldizkarietakoak, aldakuntzatzat, behar direnez markatu direlarik. Ordena, datuak eduki ditugunean khronologikoa izan da. Azken zazpiak hor jarri ditugu ezein datarik, ez egitearen ez eta argitaratzearen, eskuratu ez baitugu. Besteak horien arauera jarri ditugu, egitearenari lehentasuna emanez [2]. Aldakuntzak bi zenbakiz seinalatu dira, lehena bertsoarenaz, eta puntuenaz bestea. Inoiz (sic) zeinua erabili bada, dagoen moduan irakurri behar dela, eta horrela Jonek idatzi zuelako marka da, bakan eman arren, edo oker.

 

        [1] Datu hauk biltzen hainbeste lagundu didaten Txomin Peillen eta Jon Etxaideri eskerrik asko, zeren haik gabe ez bainituzkeen batu ahal ukan.

        [2] «Eskuari» izeneko poesia bat ere idatzi zuela badakigu, baina ez dugu lortu ahal ukan.

 

Bilaketa