Hitzaurre gisa
Xabier Kintana
Bilbon, 74-11-21
«Ontsa hiltzeko bidea»
Jean Tartas
EFA, 1975
Juan de Tartas, XVII mendeko apez idazle eta bidegabeki ahantzia, berraurkitua digu orain dela gutti Mon Sarasola adiskideak. Bidezkoa zirudien, beraz, haren obra ezagutzea. Horretarako, R.I.E.V.era jo eta bertan topatu genuen [1].
Goi mailako jaun batzuen eskeptizismoa errespetatuz baina ez geuretuz Sarasolak bere Euskal Literaturaren Historia-n seinalaturiko balioez gainera, beste batzuk ere aurkitu genizkion. Eta, jakituria edo jakituria ustekoa norberegan, harri bitxi eta ezkutu gisa, gordetzeko dela uste ez dugunez gero, maiz esan ditzakegun astakerien erantzunkizuna gogoz leporatuz, zuberotar idazlearen lan hautseztatuari gainetik eskubila pasa eta gaurko mundura berriz ekartzera ausartu gara, deus ez dioten eta beraz eta horregatik sekula oker ezin daudekeen euskaldun jakintsu eta prestuen begi zorrotz eta serioen aurrera. Aurretik inork esan ez duen zerbait hartaz esatea izanen zaiguke, segurenetik, ausartkeriarik barkaezinezkoena.
Maiz pentsatu dut Euskal Literatura, Platonen gogoko mundu zoragarritik landa, Euskal Literaturaren Historietan eta nonbaiteko norbaitzuen liburutegi preziatuetan omen dagoen zerbait dela, irakurle arruntak, oraintsu arte bederen, haren existentziaz bigarren eskuz zertxobait jakiteaz aski zuelarik, inoiz kritikalariek kondatzen zizkioten merituak zein okerrak pertsonalki konprobatzeko erarik gabe.
Eta horren errua guztiok baldin badugu ere, erru hau, halabaina, ez da modu beraz denon artean banatu behar, euskal literatura ezagutzeko bide, modu, asti eta diru franko zutenek, duda gabe, honetan erantzunbehar handiago bat baltukete. Agian, eta beharbada holaxe da, ez zale halakoei ideia hori inoiz burutik pasatu, agian orain arte ikusi ez ditugun beste lan premiatsuago batzuetan zerecinik franko baitzuketen, nahiz eta, hobe ez!, lehen dibisioko euskaltzale karneta sakelean ongi gordeta eduki, edozein sinesgogorri erakusteko prest beti.
Denborak aldatuz joanki, eta aspaldiko ume gorri gaixto eta maliziatioi nolabait ahoa tapatzearren, gauzak pixkat itxuraldatu egin dira, baina, hori bai, euskal kulturari, zor zaion ohore, fama, malla, larruzko azalak eta karatoi urreztatuak emanez, ez irakurleen pozerako eta irakurleen goserako. Eta honela goazelarik, berriz ere egonen zaizkigu euskal kultura burjesek burjesentzat egina dela esanen diguten beste morroi ezagun horik, nola ixil eta boza ez dakigunak.
Klasikoak, gaztelaniaz behintzat, Mitxelenaren definizio zehatzaren arauera, mundu guztiak, opportune et importune, laudatzen dituen autoreak dira, inork irakurriak ez baditu ere. Euskaraz, lehen aipatu dugunaren bidetik, irakurtezintasun hori, ordea, justifikatuxeago dagoela aitortu behar. Guregan, ene irudiko, definizioa honela aldatu behar genuke: «mundu guztiak laudatu arren, ezein editorek argitara eman nahi ez dituenak dira», herriak erosteko moduan behintzat.
Horregatik, euskaldun, irakurle, euskaltzale eta proletari kondizio larregi ez ote? egiazkoen poltsikoetara egokituz, editorial batek, JAKINek, idazle klasiko bat agertzeko prest dagoela dioskun baterako, Axular zaharrak bezala, derragun guk ere «aitzinean duzuino, probetxa zakizkio», eta ez okasioa galtzera utz.
Eta, hainbesteri seguraski gustatu ez, eta beste hainbesteri desegoki iruditu bide zaizkion aurrekontsiderook egin ondoren, fama on famatuak beti zerbaitera obligatzen baikaitu nakien orain bada Tartasen bizitza eta obrari.
Bizitza
Luis Villasantek bere Historia de la Literatura Vasca-n dioenez, gutti da, izan, Juan eta ez, besteak beste, Ivan de Tartasen bizitzaz dakiguna. Zuberoako Sohütako [2] baserritar aberats xamar baten semea izan omen zen, eta Oloroeko elizako prebendatua izan ondoren, Arueko erretoregora heldu zen. Ezezagunak dira, beraz, haren jaiotze eta hiltzegunak, azken hau, noski, ontsa iragan zukeela pentsa dezakegun arren.
Literatur obrak
Tartasek bi liburu eman zituen argitara, Onsa hilceco bidia (Orthez-en, 1666.ean) eta Arima penitentaren occupatione devotaq (Orthez-en, 1672.ean), biak Zuberoako euskaraz, eta, bistakoa denez, erlijioari buruz biak.
Izan, baina, ez zen Tartas euskal letren barrutira salto egin zuen lehen zuberotarra, aurretik Oihenarte herkidea baitzuen. Hala ere, abokatu poeta honek Muniategi ez dago beraz, hain bakarrik Nafarroa Behereko eta Lapardiko euskalkiak erabili zituen, Zuberoakoaren lekuan. Hori dela eta, zinez zor zaio Tartasi herrialde hartako euskaraz egindako lehenbiziko liburua.
Balioak
Jadanik hortik aipatu den funtzionaltasunari segituz ordurarte Etxapare eta Oihenarte baitziren salbuespen bakarrak Tartasek euskara bere artzan lanetarako bide bat-tzat zerabilan, elizaren doktrina zabaltzeko bide huts bat. Baina, kondizionamendu honek alde aurrez jartzen dituen mugetatik landa, Tartasek, Axularrek eta beste askok bezala, mamiaz gainera edo ostera, forman ere halako balio batzuk ditu, haren obra, horregatik, gaur ere estimagarri bihurtzen diguna.
Kritikalarien eritziz haren libururik onena lehenbizikoa izan zen, eta bigarrena ikusteko erarik ez dugun artean holaxe pentsatzen segitu beharko dugu.
Tartasen obraren itxura arraroa eta nahasia, alde batetik serio, jakintsu eta kulturzale, eta bestetik arrunt, trauskil eta barregarri, arras ezaguna da, Villasantek eta Mitxelenak, nork bere obran, datu hori ederki nabarerazten baitute. Neure aldetik, aurrekoei ezer kendu gabe, Tartasen ezagugarri horri argibide gehiago eman nahi nioke.
XV eta XVI mendeetan, predikariek, jendearen atentzioa erakartzeko eta eliztarrak mezatara ongienik bilerazteko, beren sermoietan exenplu anekdotiko barregarriak jartzen zituzten. Sermoietako exenpluak liburuetara ere iragan ziren, eta herri xehearentzako obretan, eta bai letra askorik gabeko predikarien eskribuetan, holako kendu eta irrisolasak oso ugari agertzen dira.
Espainian, esate baterako, hor dago Talaverako artziprestearen Corvacho-a, Hitakoaren obran kide zaharrago bat zuena. Frantziako literaturan, Nafarroako erregina izan zen Margarita de Valoisek Europako Errenaixantzan egon zen emakumerik ilustratuenetakoa bera bere Heptameron-en oso argibide politak dakartza zenbait fraideren predikuez [3].
XVI mendean, Trentoko kontzilioaren ondoren, Elizak holako predikarien kontra neurri gogorrak hariu zituen, arazo sakratuak arinkeriaz tratatuak izan ez zitezen. Baina, Herriaren anekdotazaletasunari nolabait erantzuteko, ez baitzen posible bat-batean ordurarteko ohitura galgarri hura errotik kentzea Bibliatik, autore sakratuetatik eta idazle klasiko profanoen obretako exenpluak ezarri ziren besteen ordainez.
Trentoko erabakien ondorioz goi mailako predikazio bat sorta zen, maiz gehiegizko kultur kutsukoa, Mitxelenak aipatzen duen Nieremberg jesuitaren zenbait lanetan bezalaxe [4]. Autore askorengan, aldiz doktrinaren predikazio eta anekdota argigarrien artean halako oreka bat gordetzen zen, biak elkarren osagarri, irakurleak edo eta entzuleak hobeki uler eta asper ez zitezen. Autore batzuetan, ordea, anekdoten partea gehitu egiten zen, noski, doktrina azalpenen kaltean. Literatur mota hau, populu arruntaren gustukoa zen, baina Elizaren zentsuragatik ez zuen askorik iraun era horretan, erlijioarentzat iraingarri zelakoan.
Alexander A. Parker-ek eta beste zenbait autorek [5] uste dutenez, anekdoten gehiegizko luzapen batek eta guztiak pertsonaia berberaren bentura edo ibilaldiak bezala kondatzeak, elaberri pikareskoari eman zioten hasiera, beste zenbait kausaren artean. Honela, lehenik istorio solte batzuk zirenak, protagonista baten inguruan bildu, korapilatu eta egiazko kondu bat bilakatzen dira; tarteka-marteka, kapitulu edo egitada bakoitzaren ondoren, moralezko konklusioak ateratzen zirelarik.
Izan ere, gisa honetako elaberrietan, eskuharki askok uste dutenaren kontra, pikaroen gorabeherek maiz halako ondorio erlijiosoak ekartzen dituzte, beren aurreko jatorria erabat galdu gabe. Dirudienez, beraz, elaberri pikareskoak sermoi barregarri haietan zukeen bere iturburua, nahiz eta, istorio profanoen luzera demasagatik, laster literatura erlijiosoaren hesparrutik kanpora irten.
Textuinguru honetan, beraz, uler daiteke gure Tartasen lana. Inguruko literaturekiko, mende bat atzeraturik, herri gustu zaharraren tradizioari segituz eta Elizaren arau dotore ofizialekin ez guztiz ados, Ontsa hiltzeko bideak hamar urte inguru behar ukan zituen eliz aprobazioak lortzeko [6]. Guztiongatik, ez da batere estrainio, orduko euskal literaturaz gonbaratuz, zuberotarraren liburua oso desegoki agertzea.
Baina ez dezagun horregatik pentsa bere liburua ezjakinki eta arloteriaz egin zuenik. Egia da, bai, Tartasek bere obran Axularrek ez bezala askoz ere indar gehiago ematen diola istorioari doktrinari baino, eta ez dela harengan inondik ere agertzen Sarako erretorearen oreka zentzuzko hura. Horrek, ordea, ez digu biderik aski ematen Tartasek hori baino gauza hobeagorik egiten ez zekiela pentsatzeko.
Ene ustez, literatur bide ezberdin hauen oinharrian erizpide diferente bana zetzan; hortik bakoitzaren aukera ezberdina.
Juan de Tartas ez zetorren Axularrekin bat, eta hori argiro erakusten digu hitzaurrean. Urdazubitarraren «baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak» hari, Arueko parrokoak hauxe ihardesten dio «... hanko (Arueko) lengajia ezpada aski eder, hanko euskarak dü hogena eta ez euskaldünek».
Esaldiok alkarren kontrast direla ukatzerik ez dago. Tartasek, obraz bederen, Axular ezagutzen zuen, eta bistan dago ez zegoela harekin konforme. Nafarrak, hitzaurrean bestelakorik esan arren, azala eta loreari, mamia eta fruituari bezainbateko garrantzia eman zien bere obra egiterakoan. Aurreko lantzerik eza gora behera, Axularrek hizkuntzari, berez, egoki zeritzon; hortik haren tankera fin, laboratu eta zehatza. Tartasek, ordea, adierazleari ez, baina adieraziari eman zion lehentasuna. Ondorioa haren euskara trauskil, herrestari eta grazia gabea, baina bai halaber berezko, natural eta elkarrizketazkoa.
Tartasek, letragabeen antzera, puntu, koma eta pausuak ahantzi egiten ditu, eta hori ez zen orduan posible, izan, stylo berezi baten bila joan balitz. Kasualitatez irten zitzaiola ere agian gehiegi esatea dateke. Tartasek, horretaz, espontaneismo modernoaren bidea hautatu zuen, egiten zuenaz ongi konturatu ez arren. Eta hau oso balio gaurkoa dukegu.
Dakusagunez, Espainian gisa honetako predikuek elaberri pikareskorantz ukan zuten eboluzioa ez zen Euskal Herrian gertatu. Agian, Frantziak, Utrecht-eko tratatuaren ondoan, Ameriketako bere koloniak galtzean, ipar Euskal Herriko ekonomia XVIII mendearen hasieran hondatu ez balitz, Tartasen obren ondorio pikareskoagorik sor zitekeen. Baina balizko olak eta izan balizkoak are gutiago ez du burdinarik egiten, eta hobe dukegu, beraz, arazo honi buelta gehiago ez ematea.
Eta besterik ez, irakurle sufritua. Hona hemen noraino eraman zaituen zeure zintzotasunak: Tartasenak baino sermoi gogaikarriago bat entzutera. Hurrengorako, ikasazu eta izan zaitez, denbora zaharretako irakurle haien antzera, «zuhur eta diskretago» eta egizu salto hitzaurreen gainetik, beste gabe liburuaren mamia dastatzen hasteko.
On degizula, eta ontsa hiltzeko bide hau hobeki bizitzeko bide izan dakizula. Amen.
[1] R.I.E.V., I, II, III eta V.
[2] Cheraute frantsesez.
[3] Gogora dezagun, xelebreenetako bat aipatzearren, bigarren egunean, XI konduan dakarrena. Frantziskotar batek pulpitutik fraide gaizto batek neskatila bat haurdun utzi zuela kondatu zuen, eta eliztarren artean halako marmar batzuk entzutean, predikalariak hauxe gehitu zien: «A baina, horregatik harritzen al zarete? Ez ote zatekeen harrigarriago neskatilak fraidea haurdun utzi balu ala?».
[4] MICHELENA, Luis: Historia de la Literatura Vasca, Ed. Minotauro, Madrid, 1960, 77. horr.
[5] PARKER, Alexander A.: Los pícaros en la literatura, Ed. Gredos, Madrid, 1971, 55-58. horr.
[6] VILLASANTE, Luis: Historia de la Literatura Vasca, Ed. Sendo, Bilbao, 1961, 92. horr.