literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Ataria

 

Aita Onaindia

Eibar'en, 1956-XII-25'an

 

«Olerkiak»

F. Arrese-Beitia

Euskal Idazleak, 1957

 

        Nainora goazala, gure uri ta erritxo guztiak ditue euren aparteko doai ta berezitasunak. Or daukagu Otzandio guztiz zoragarri, Bizkai ta Araba'ko mugan, zelai lau zabalean, Anboto ta Gorbea begira dabezala. Bertako ola ta gizonak mundu zear ibilliak dira; bertako untzak oso entzutetsuak. Bertako oitura on, ipuin zar ta euskal kantak be txit aberatsak.

        Baiña ba-da Otzandio'n gizon ospetsu bat, santugille ta olerkari bikaiña: Pelipe Arrese ta Beitia. An jaio zan 1841'ko mayatzaren 25'an; bere guraso leial Andres ta Tomasa'k Jainko-bidez ibilten erakutsi eutsoen gaztetatik; erriko eskolan egin ebazan len-ikasketak; amabi urte eukazaneko, bere barren-zaletasunari erantzunik, zurezko gurutze politak egiten ei ebazan. Amairu urteko, Gazteiz'era aldatu ta an ikasi eban dibujoa batez be, Markos Ordozgoiti jaunagaz; maixu onek jarritako sariak, ia geienak, beronek jasoten ebazalako, ikasle lagun batek bein gure Pelipe ondo zigortzeko asmua artu ei eban. Augaitik, bildurrez, etxera biurtu ta Otzandio'n, bere aita arotzaren ondoan, bizitza guztian ekingo eutsan lanari oratu eutsan. Otzandio'n bizi izan zan beti; azkenengo karlatar gerratea, ostera, Donosti'n emon eban 1873'tik 1876'ra.

        Ogeta amar urte inguru ebazala Aramayo'ko Azkuaga erritxoan ezkondu zan orduan an bizi zan Anjela Bengoa'rekin. Sei semealabetatik lau gazterik il yakozan, eta oraindik bi bizi dira, Luzio Otzandio'n eta Puri Bilbao'n.

        Errian Fepile Santugiñe esaten eutsoen. Izan be, irudi ta santu asko dauz bazterretan: Otzandio'ko eleizea ia osorik, zurezko gauzetan beintzat, berak egiña dozu; Durango'n, Oñati'n, Gazteiz'en, ta abar, konta eziñala irudi ta altara. Gazteiz'ko altaragille Erroman Goikoetxeak eta Donosti'ko Isidoro Uribesalgo ospetsuak, Arrese izan eben maixu.

        Oso maitatua zan errian, beti be edozeñi laguntzeko gertu egoalako. Karta bat idatzi, ilburuko bat aurrera atera, ondasunak banatu, mesede bat eskatu, edo beste olako gauzaren bat egin bear zanean, beragana joiazan. 1906'garren urteko urtarrillaren 16'an il zan.

        Ipar zuri baizen artega gara euskaldunok, batez be geure eskubideak jagon ta zaintzekoan. Amaika burruka izan da gurean! Azke-griña bizia daroagu bai errai zokoan, beste erriak baiño tinkoago bear bada; ta onek erasota dogu geienik zolitasun ori. Eta, liskar bai aitu-ezin, berez griña txalogarriak izan ezta be, norbere lege ta eskuko dana zaindu nai izatea, ezta iñundik be griña nabarmena, ona ta berezkoa baiño.

        Arildu kondaira ta ikusi. Igaro gizaldian ba-zan gure artean ezin-aitu naikoa. España'ko barne-arazoak ez joiazan onen egoki, ta pitean bein sortzen ziran eztabaida ta izkilluotsak: karlista ta liberalen artean gordin burrukatu zan. Gure erriak, ostera, iñok baiño gogorrago jokatu eban garai aretan, ta Karlos jaunaren alde jokatu be. Baten batek jausi bear, ta karlatarrak jan eben samin-ogia. Eta, a zelako astiñaldia izan eban Euskalerriak! Ondurako be naiko murriztuta eukazan lege-zar ta eskubidez oso billostu eben: Cánovas de Castillo gobernuko nagusiak —1876-VII-21'an— gure foru ta lege zarren ondar ta puskak osoan suntsi-azo zituan. Karlisten sailleko askok ez eben begi onez ikusi beeratze ta murrizte ori, ta garai artakoak doguz ainbat euskaldun zintzo lege ta eskubide arein alde, bai erderaz bai euskeraz idatzi ta ots garratzez oiu egin ebenak.

        Ta erriaren taupada zain, belarri zoli, egon oi diran bertsolariak, zer? Oneik izan dira, nai-noz ta nun-nai, politikuak eurak baiño geiago, erri loetzanak esnatzeko. Erri guztiak bear dabez, zerbait izatekotan, onelako zuzpertzailleak, txibita ezker-eskuma egoki erabilten dakienak. Gurean be sortu ziran, ta ez gitxi, garai mingots aretan. Or Iparragirre bere ezkongeia —gitarratxoa— lagun, erririk erri Gernika'ko Arbola kantuz. Ordukoek bai ta Uranga, Egaña, Artolatarrak, Ganboa, Etxegarai, Otaegi, Manterola, Otaño, Landart, eta abar. Ordukoa, ta guztion gaiñetikoa, Otzandio'ko santugille Arrese Beitia.

 

* * *

 

        Nok ez daroa biotzean ernemin larri bat? Askotan ezta kezka ta zimiko ori argitara agertzen, baiña barruan darabilgu. Labur: zelan edo alan, guztiok gara eder-zale; jakiña, batzuk geiago, beste batzuk gitxiago; danok es daukaguz, ba, gogo-ondasunak era bardiñean edaturik.

        Eta geugaz daroagun eder-zaletasun au, noz agertuko? Egunero dakusgunez, garai bat, biotz-kilikatze bat, edozer gauza guztiok izan oi dogu geure nortasunaren jit ixil berezi ori zirkindu ta agert-erazteko. Ta orduan jarten da, eguzki-izpi pris baizen islatsu, gure barrua, gure izana. Lora bat, eriotza bat, mendi-gaillur bat, edozein larri-min ez ete dira askotan gure barren-osiña nasi ta biztu-azoteko? Orrela zorroztu oi yako olerkariari adimena, oparo datorkioz irudiak, bizi ta egoki gogaiak, ur-sorburu antzo, ta biotza kilikakor, osto egon-eziña bailitza; or, azkenik, zelan moldatu ta osotzen dauan olerki, poesi bikaiña, zorabio ta lilluraz gaiñezka.

        Lenago be iñoiz esana dot: euskal olerkariak ez dau, Ganges aldera-ta, irudi ta asmakizun billa zetan joanik. Jarri bedi, Iparragirre'n antzera, «zoraturikan, zabal-zabalik begiak»; ta orra-or Euskalerria irudi-leku ezin-bestelakua. Or zek adimena arrotu, or ahapaldi gartsuak zegaz jantzi, lora-pitxiak nun ebagi. Bai, iturri ortara jo eben gure antxiñako bertsolari ixillak; bai ta gaurko bertsolari ta olerki-zale jator ta egizkoak be. Entzun Karmelo Etxegarai jaunari: «Batzuek idazti edo liburuetan ikasten deguna, beste batzuek Jaungoikoak gure begien aurrean ipiñi dizkigun zelai, baso ta txare, ibai ta erreka txistor, arkaitz eta leize-zulo, itsaso zabal, ots-garbi ta lañoetan ikasten dute. Gure jakiteaz ez degu geiegi arrotu bear. Guk, liburuen aurrean urte asko igaro ta gero ere ez dakizkigun gauza asko dakizki goizetik arratsera lurrari aberastasuna atera naian dabillen baserritarrak, bere artaldeen ondoren dabillen artzaiak. Eta baserritar au, artzai au berez buru-azkarra danean, orduan maiz arrituko gera bere ateraldi zorrotzakin». Ikusi Pernando Amezketarra, itzaurrean.

 

* * *

 

        Eusko-mendiak, gaur piñu ezez geienik, baiña lenago —Jainkoak orrela naita— aritz zapal ta tantai eregiz apainduak izan genduzan. Eta guztion arbaso, euskal-sen jatorraren irudi garbala, Gernika'n daukaguna. Onen erakar-indarra ezta edozelako izan, gizaldiak zear. Zugatz santu onen kerizpean ezarri oi ziran gure asabak, erriarentzat lege jatorrak atondu ta oni egokiozan gauzak garbitzeko. Baiña aitatutako garaian sustraietaraño dardaratu eban astiñaldi gogorrak, zorigaiztozko bela tzar itxusiak kua garaillea jorik. Zoritxarra, ostera, geienez beiñik-bein, zuzpergarri izan oi yaku; ta orduko estualdian sortu ta jagitako bertsolariak ugari be ugari dira. Areitan garaiena —Gernika'ko Aritzaren itzalpean ernea gero— Arrese-Beitia dogu, olerkari errez, aberats, izkera gozo ta durundi meeduna. Onek baizen bigun ta sentikor ez ditu iñok kantau Euskal-Erria, Euskera ta Aritz aren atsekabe-lorrak. Arrese askotan urreratu oi zan, biotzak eraginda, antxiñako etxe santu ta batzartegi artara, ta burua billos ta begiak tanka-tanka malkoz, zenbat bider oiu: «O Aretx itzalgarri, o Aretx danetan autua!, o Zugatz agurgarria!, zeruak daki noztik zagozan or erne ta azia; zure gorputz-suster, buru-besanga, abar, kimu ta orriak, bitez aldioro garbi ta zindoak!».

        Gizon nai erri batek, zorigaiztopean bere burua ikusten dauanean, ditun indar guztiak bateratu ta kemen osoz bizi-naia erakutsi daroa. Orrela jazo zan orduan be: ezin etsi iltera, bizi nai oraindik. Eta, Kanpion jaunak dirauskunez euskaldun erriaren bizi-naia ta olerki sena nastu ta dardar batean jarri ziran. Eta gizon batek —Arrese'k noski—, adimen ta biotz uts-utsik, deader zulagarria bota eban munduan zear, lurraren ulu eskerge irudi. Bai, gizon bat jagi zan zoli gartsua erriaren samin gordiña kanta naita; ta gizon ori bere bizitz-une aretan, gizon ta batez be olerkari daikenik zintzo te tinkoen agertu yakun: erri baten nortasun osoa. Asieratik saiatu zan bidegabekeriaren irudi txepela begietatik urrintzen, nai-non agiri zan ezin-ikusi aula, indar lotsabagea, zigor abere taiuzkoa, eskubideen auste mingarria arinduten. Bera jaio zan erriaren antzera biotz-zabal izanik, ez eban ezer biraokatu, ez apentzale ta-aierkor agertu, ezta zeruari ordain-bidez su oiñazgarririk, ezta mendiari erraldoiaren bustin-oiñak auts biurtzen dabezan arkaitz zakarrik eskatu be. Ez eban olakorik egin. Bai, ostera, negar malko garratz ta zizpuru luzez, negar Jeremias'en antzera, Euskera ederraren illetara —erostari talde aundia— izadi osoa erakarririk.

        Irakurri, egiña dan lez, gartsu ta biotzez esku artean daukazun liburu mardul au, ta zeuk esango daustazu, euskaldun jator, nor dogun olerkari aritz-ostoz koroetu au. Ugari jagi ziran, or-emen, olerkari gazteak garai artan Euskera ta lege zarrak biztu-naiean. Urre-arora edo goi-maillara eldu ez, baiña askotxo edertu ta ugaldu zan gure izkuntza, ta batez be olerki edo poesi-sailla. Baiña Arrese`k jakin eban iñok baiño oso ta barneago erriaren samin lorra jaso ta bereganatzen; lurpean ernemin dagoan gal-aziaren jaiouneko otsaz beste iñor baiño lenago konturatu zan; au da euskaldun erriaren biotz azpiko zaratak, onen gogai ta eritxiak berak senti ta jaso ebazan egoki ta giartsuen. Izan be, belarri-zoli egon bear da erriaren muin-barreneko taupada zain, olerkari ona izateko. Ori egin euskun Arrese'k, bere erriaren samin aundia elerti-mamiñez ornidu. Bai ta orrela, naiz-ta len ixilla izan, bere izena ospe-dardaraz mundu zear edatu ta oroitz-ormetan ezilkor untzez josi be.

 

* * *

 

        Azken urteotara arte eztira euskal poesi guduak onen zaratatsuak izan. Beiñola Iruña'ko gotzain Venegas de Figueroa jaunak eratu eben lenengoa 1609'garren urtean, dakigunez. Geroago, 1865'an, Sara'n be egin ebezan bertsuetako saiok, eta eleiz-jai areitan ohorezko sariz omendutako neurtitzak eztira baztertzekoak.

        Andik urte batzuetara, Abbadie lapurditar jaun argiak eta Iruña'ko Asociación Euskara eritxon bazkunak batera, euskal olertia berotu ta goratzearren, poesi-konkursu ta zein geiagokak «iraun bidean jartzea» erabagi eben: Eta onein ardura ta babespean, Elizondo'n atondua izan zan lenengoa, 1879'an. An agertu zan Arrese-Beitia, sugar ta kemenez gaiñezka. Mai-burukoen uste ta aburuz, bere olerki Ama Euskeriari azken agurrak zan, an aurkeztu zireanetatik sarigarrien. Gerora be, or-emen, Euskalerri guztian ugaritu ziran poesi-batzaldi ta gudu orreik, eta otzandiar olerkari bikaiña, amabost-ogei bat bidar beintzat, saritua izan zan. Urre ta zidarrezko esku-muturrez aberastutako makilla zan orduko saria; ta zenbat olako jasoa dogun bera!

        Garai aretan, gazte oraindiñokarren, 38 urte ebazan Arrese'k; ekiñez ta idatziz, geitu ta sendoagotuko yakon nunbait olerki-garra. Eguneango lanaz bizi bearra eban, giza-seme guztiak lez; santugintza bere ogibidea; irudi asko ditu arri ta zurez eleiza ta ermita ta beste toki askotarako berak egiñak. Baiña au, ogia zegaz irabazi bai, zegaz jan ta jantzi zan arren, etzan ezelan be ak barrenean sentitzen eban berezko dei ta joera. Poesi-zale zan sortzetik, amaren sabelean xurgatu ta edoski eban griña indarrez. Erti-lanak egitorduan sarri jo oi dabe antzelariak musaekana, argi-billa nunbait; Arrese'k eztau orren laguntza bearrik, eztau iñoren argirik bear, beekorik batez be; gogo baitan bai daroa naikoa, neurtitz zoragarri ta esaera biziak eratzeko. Egia, ikasiz be asko biztu eban bere irudimena, geien bat Liburu santuak irakurriaz. Osterantzean, bere biotza zan iturri jori ta apartsu. Bein, Iruña'n aurkitzen zala, Kanpion jaunak itandu ei eutsan, gizon ez-jakiñak olako bertso kementsuak egiteaz arrituta antza: «Zelan atera dozu illeta ain eder ori?n «Biotzak eraginda, jauna», erantzun eutsan Arrese'k, bape ikaratu barik.

        Ez, euskal kantari jator onek, Otzandio'ko seme argi onek, eztau iñok emona poesi jario ixurkor ori; berea dau uts-utsik, mendi guenean kantuz diarduan birigarroak kantu oni berea dauan antzera. Ez, ezta iñoren soñekoz dotoretu, barnetikoa dan edertasun, joritasun eta bizitasun guztia; luma-muturretik dariona, bere nortasunaren errota-zokoan eiotako uruna. Itxura ederrez jazten ditu olerkiak, bere nortasunez idaz-tankera berarizkoa, iñorekin nasi-eziña egiñik. Onela Kanpionek: «Nik neuk beintzat, eun olerki irakurriko ba'leuskidez be, ahapaldi bat edo bi naikoa neukez bertatik esateko: Ori Arrese'na dogu».

        Kantu errikoiak idazteko, erriagana makurtu zan entzunmiñetan; aren biotz-pilpira ta sarrastako ixil estuenak, zoli-ernai, entzuteraiño. Bai, naita barriro esan, etengabe bizi izan zan erriakin ukoz-uko, aren larrimiñak jaso-zale; aren oitura, maitasun, griña, eritxi, gurari oker ta abar, lauki zabalean margoztuteko beti prest; eta ortikoak ditugu bere erri-olerkiak, gurean oindiño iñok egin eztabezan lakoxeak. Ezta arrausika dinoguna: Anboto babeseko olerkari aundi onek baizen zintzo ta egoki ez ditu iñok gure erria, gure euskera ta gure gauzak eregi ta aintzaldu, neurtitzez beiñik-bein.

        Bai ta biotzak eraso eutsozan lirika kantak be, guztiak zagai ta sentigarri. Aberkoi neurtitzek eder ditularik, niretzat oneik zelanbait obeak. Barne-kanta oneik sortzeko biotzari ta irudimenari batez be eraso bear, ta Arrese´k ba-ditu bai biotz-ondoa bai irudimena: au kilika gozoz gaiñezka ta a antzirudiz bete-betea, udazkenean sagar-buru aletsua iduri.

        Benetako erti-lanak sortzerakoan, olerkariak oparo izan bear ditu bere doai ta barren-ondasunetan iru onek: adimen zorrotza, irudimen bizia ta biotz kilikagarria. Gai sakonak darabiltz geienbat Arrese'k; esaera zur guntsu txanbeliñak eta buru-muiñean sortzen yakozan gogaiok egoki baiño egokiago apaintzen ditu, irri-jostari noizka, zur ta ben ondoren. Biotza datorkio gero, gar urdiña dariola, izadi nai giza-edertasun orri benetako zoragarri itxura emotera. Ta or poesi lan bikaiña. Ta era ortakoak dituzu Arrese'k egindako danak.

        Barrenago atxurtu nai ezkero, iru iturburu ebazan batez be gure olerkariak, adimena jan-ase, irudimena ixio ta biotz-leza malats ta muxinkor ipinteko: erriak dauan barren-sua, Liburu santuak eta izadia. Izadiak sarri sor-eraso ditu gure artean olerkari mardulak: Lizardi zana Txindoki gaiñera igon oi zun, andik izadiaren, au da, mendi ta zelaien kiñu ta soin-ikarak jasotzera; ta zelako poesi-saila itxi euskun! Otxandioarrak, urteak lenago, askotan egin eban beste ainbeste. Bere euskaldun erriko inguru ta alboetan eukazan zenbat-nai muna ta mendiska, gogo-txarroa poesiz asetzeko; oneitara joaten ei zan sarri sa mar. Ez dozu iñoiz erlerik ikusi, irakurle, erlauntza goiz-goizetik itxi ta burrun-burrun mendi aldera egaz egiten? Lore-gun billa dos, ziurki. Bardin joian Arrese be, ta arek bai eztigai ugari batu ango bazter ta txorrokaietan! Zentzun ta ernabideak oro —begiak margoz, kantuz belarriak, sur-zuloak usainkiz— ezin geiagoan asetzen yakozan, olerki-gaiz ondo beteta etxera biurtzen zala. Gero, luma-muturra paper gaiñean, gertu dago, ta or non datorkiozan dei gozo baten zoragarriz, barreneko ixil-gelan kuku eukazan gogai, antzirudi ta kilika gaztiak, sorgin-zurrunbillo antzera, zein baiño zein ariñago, luma-muturrean zear kanpora. Biotz asetuari berez dario.

        Arrese'ren lenengo olerki liburua argitaratu zanean, Kanpion euskaltzale jakintsuak egin eutsan itzaurrea; ta txalo-zartaka goratu eban. Ona bere itz batzuk: «Olerkari gorengoa dogu Arrese, baiña euskal olerkaria gero, ta aberrimiña kantatzen, nik uste, iñor baiño euskaldunago. Eskuratu bere olerki ederretatik edozein, ta euskal erriaren muin gartsua ta azal islatsua bertan aurkituko dozuez. Foru-zale da Arrese; ta onek emoten euskuezan eskubideak ilda ikustean, eurok negartzen ditu, malko-jario; Jaungoikoa maite du, ta Aregana biotza jasorik, Aren lege jakintsuak goratzen ditu, Aren egiñen osotasuna abestu; gizon ona dozu, siñismen bizikoa, ta erlejiñoko ezkutapen aundiak gogora dakaz, Kristo'ren erosketa zulagarria zur ta sor iragarten dau, Andra Mari'ren omenez goratzarre ta eresiak jo; Auñemendi'z andiko ta emendiko izadi ederra be gogora dakar, ta mendi gaillur laiñoz nasiak, itxas uiñak ondartzak zaplaka, oian-baso zabal urdiñak, baserri zuri mendi malkartsuan tolostuak, nekazarien eskariaz naste zerura digoan sukaldeetako keia, zelako biotz-ondoz abesten dituan! Ta entzun-erazo zer? Ardi-bildotsen bee sentikorra, idi-beien murrusa, ola-erroten zarat otsa, ibai-erreken leiar txintxira, tuntunaren ekin sorra, txirolaren soñu zolia, artzaiñen irrintzi durundutsua». Auxe dozu Arrese'ren olerkia.

 

* * *

 

        Ezta errez gure olerkariaren izantza egoki egitea. Orrialde asko bear neukez, bai ta astia be, bear giñoan egiteko, gizon ertz ugarikoa bai dozu. Garai artan, ots, igaro eunkiaren azkeneruntz, bere izena zan ospetsuen euskal olerkarien artean. Augaitik, urriñeraño eltzen zan artu-emonez be.

        Euskal-Erria, orduko aldizkaririk ederrena. Arrese'k berton argitara ebazan olerki asko ta asko. Aren artezkariaz lagun aundia zun; bai ta Arzak, Soroa, Lopez-Alen, iru Artolak, eta abar be, biotzez maite ebazan: etzan komeni be ordu larri aretan alkarregandik sakabanatuta ibiltea, danak sail baten baturik baiño. Menendez y Pelayo'k be iñoiz eskutitz ederrez agurtu eban; bai ta Pardo Bazan andereño idazleak bere olerki jagiakaitik zoriondu be.

        Baiña Bidasoa'z andik bizi zan gizon euskaltzale jator bat, Davoisin kapitaina, ta onegaz be artu-emon zabala izan eban. Ederto aitzen ziran eskutitzez, ta izan be askotxo dira Kapitainak Arrese'ri egindakoak, eta geienbat oiu latz antzera, orduko euskaldun txepeltxoak biztu zeitezen: «batasun oso bat egin bedi Eskaldun guzien artean», ziñoan sarri, «bihotz bat eta arima bat bear ditugu». Bonaparte jaunari idatzirik esaten eutsanez, uste osoa eukan Otzandio'ko olerkariagan. Berak itzuli ebazan pantzerara Arrese'ren olerki sarituak; ona zer diñotsan eskutitz baten, 1879-VIII-25an: «Guziagatik zure eresia athera da mila kopiatan eta gero «La Semaine» Bayonakoan 1500 kopiatan, frantsesezko biurtzerakin batean». Gero beste izkuntza askotara be itzuli gura izan eban, batez be Ama euskeriari azken agurrak olerkia; ona bere itzak: «Nahi ginduke ezarri elkarri bekoz beko Euskera, Española, Frantsesa eta Angelesa, goan dadin Europa guziko gizon argituetara». Ta gerora, iñun olerki gudurik bazan, beingoan iragarten eutsan, bertarako zerbait idatzi egian, Arrese bizkorturik. 1891'an, Zuburu'n il zan Duvoisin kapitaina, ta Arrese'k, adiskide samur antzo, amalauko gozo bat idatzi eban aren azken-omenez.

        Bilbon be adiskide asko zituan, Azkue, Trueba, Etxegarai, ta abar. Euskal-zale aldizkariak bere bertso asko dakaz.

 

* * *

 

        Arrese'k ez eban, dakigula beintzat, ezer aintzat artzekorik idatzi, bertsoz izan ezik. Eskutitz batzuk ba-ditu, baiña besterik ezer bez itz-lauz. Olerkitan ustu eban bere arima guztia. Ta bere poesi-lan guztiak —adua txeratsu agertu antza— argitaratuak izan dira. Ez, etzan egoki ta eztira egon iñoiz be kantari garai onen bertsoak auts-pean, esku-maite zain, beste askorenen antzera.

        Beraren bertsoetatik lenengo sailla, 1900'an, azaldu zan liburu mardoan: Felipe Arrese ta Beitia'k egiñiko AMA EUSKERIAREN LIBURU KANTARIA eritxon, eta Bilbo'ko Jose Astui'ren moldetegian argitaratu zan. Urte bi geroago, 1902'an, ASTI-ORDUETAKO BERTSOZKO LANAK, Bilbon bertan eta Astui'ren etxean au be. Andik geroago, urte mordoa igaro ondoren, 1933'an, IAUNGOIKO-ZALE bazkunak asmo eder bat artu eban: Arrese-Beitia'ren olerki guztiak argitara emotea, aren seme-alabai atsegin yakenez. Onela Ibargutxi apaiz jaunak OLERKIAK len-liburuari ezarritako sarreran: «Arrese-Beitia'ren olerkiak barriro argitaratzeko asmoa artu dabe aren seme-alabak. Asmo ederra, bein! Urietako zeyetan, giza-gurenen gomutaz jasoten diran irudiak, gomutaki illak izan oi dira. Agoa bai-ta; itzik ez dagie. Lau idaztitan bananduta agertuko dira Otzandioarrik ospetsuenaren olerkiak. I. Uskurtzgayak; II. Ipuñak; III. Aberkoyak; IV. Nasketa. Lau idazti oneik dirauken artean dantzukegu Arrese'ren otsa. Oraitiño, lenengo idaztia baiño etzan argitaratu.

        Gaur, barriz, orduko asmo bardiñez su-garturik, iru liburu aitatuak ale baten dakarguz. Ale errotsua, ziñez, begipean daukazuna. Arnas aundiko tantai arek emoniko ale guztiak —olerkitxoren batzuk, oso gitxi, palta dira oraindik— ementxe daukazuz, zeure esku mendean. Eder-zale ba'zara, emen ito zeinke egarri ori. Euskera-zale ba'zara, emen ikasi zeinke naibeste.

        Bederatzi zatitan banatu ditugu Arrese'ren olerkiak. Ona emen:

        I. Kantu errikoiak.-Ederrenak nunbait, askoren ustez Biotz-muiñetik urtenak bai beintzat. Eta geienak bere lantegian, santu ta irudigintzan eragoiola neurtu ebazan.

        II. Lirika kantuak.— Esku artean ez? Biotzean bai beiñik-bein, Arrese'k ba-erabillen, bere ezkongei deitu geikeon otskin edo liratxoa. Ta onen ariai atzez ikuturik egiñak ditu neurtitz mazalak, txori antzean egalariak. Niretzat onetxek onenak be. Biotsa negarti dogu geienez; Arrese'k negar, egian; ez gero gaurko pilosopu Sartre, Heidegger, Zubiri, Unamuno ta beste askok lez negar larria; ez, etzan Arrese'na il-miñak emoten dauan negar ikarakorra, etsi goiarnasduna baiño. Ikusi Agur, ume, Anjela, Illeta ta antzekoak.

        III. Gora kantuak.— Egoki yaku beti gizaseme gurenak jasotea. Orrelaxe egin eban Horati'k bere oda bikaiñak idaztean; orrelaxe beste askok. Aren lorratzez ibillirik, euskaldun umantak aipatu ebazan gure kantariak be.

        IV. Amalaukoak.— Oneik be estira kazkar, oso txukun egiñak baiño. Ia guztiak, emen batera jartea otu yat. Ba-dira onelako saillak beste izkuntzetan be: Lope de Vega, Quevedo. Shakespeare...

        V. Eliz kantak.— Arrese olerkari ugaria dogu, ta erromantikuen bidetik ibillia. Ia beti, aurretikoen neurri ta kera erabilli arren, iñoizka olerkari arrotz antzera be jokatzen dau; esate baterako, biotzez maite ebazanak eta er-lejiñoko gauzak goratzean, zortzi bertso nausiko ahapaldiak, erderaz octava real deritxona, erabilli eban.

        VI. Alegiak.— Ipuin antzeko oneik antxiñakoak dira nunbait. Kristo'ren jaiotza baiño bost gizaldi lenago bizi izan zan Esopo'k egin ei ebazan lenengoak; gero Fedro erromatarren artean, La Fontaine Prantzian, Samaniego ta Iriarte españeraz izen aundikoak ditugu. Arrese'k be idatzi zituan, eta ez gitxi; baiño ez iñorengandik artuta gero, sail onetan askok egiten daben antzera. Bizkaitar onek, geienak beintzat, bere-bereak ditu azal ta mamin.

        VII. Ipuiñak.— Bere burutik ateratakoak. Errian bazan trakets edo griña txardunen bat, nai gizon nai emakume, santugilleak laster astinduko eban bertso-zigorka. Etorri ugaria dau onetan be; esaera edo egi biribil antzera, biñako gatz-ozpinduak atontzen dauz.

        VIII. Irakurgeiak.— Gai ezbardiña dabe oneik; batzuk erria goratu, beste batzuk ele zar antzera, alkar izketa, uzkurtz aldeko ta ahar. Orraitiño, atseginez irakurten diranak, bai batzuk bai besteak

        IX. Erderatik euskeratuak.— Zorrilla, Herrera, Quintana ta Valbuena eztira errezenak euskerara itzultzeko; Arrese'k, alan be, alegiñak dagiz olerkari españar orrein kantu epikuak euskeraz jazten, eta eztagoz gaizki jantzita. Izkuntza bion joskera ta gaiñerantzekoak eztira bardiñak; baina naikoa txairo azpiratzen ditu eragozpenok. Iñoizka ahapaldi batzuk, egilleak baiño euskeratzailleak egokiago taiutzen dauz.

 

* * *

 

        Jaungikoa bakarrik uts eziña. Gizonok beintzat askotan jausten gara, arrian ez ba'da, orbelen baten oztopo eginda. Arrese'k be, olerkari punterengo izanik, nok esan akatsik ez dauala? Baditu bereak, eta ez bakarrik bere garaiko seme dalako; orrezaz gaiñera be ba-ditu kantu oso puztuak, orduko gaztelar taldekoak egin eroiezan antzera, ta gaur ez togu ori aintzat artzen. Noizik bein zabartxo be agertzen de, neurria ez baitau ondo begiratzen. Iñoiz Duvoisin jaunak au bota eutsan: «Hartzen denean zorziko bat, 10 eta 8'ko kopla, guzietan bardin egon behar, ez aldi batez hola ta bertzean 11 edo 12, eta zortzi behar denean 9 silaba. Poesia ta musika bi ahizpa dira, urhats batean behar direnak ibilin. Esaera ta itz-joskeretan ba-ditu oindiño beste uts batzuk be, ta oneik be ordukoak: zeren, noren, nun ta abar, gure idazle zarrak lez darabiltz. Batzuetan mitologi apur bat sartzen dau, zur ta sor itzalez gaiak jazteko nunbait.

        Onelako ta erderakadaren batzuk kendu ezkero, artez ta egoki egiñak dira Arrese'ren olerkiak. Argi ta bero azaltzen ditu gaiak, sakon ta zaintsu, jakitun baten antzera sarri; artutako ariari dagokionez, bizkor orain, arnas aundiko geroago. Aditza ondo dazau; itzak modu askotara eratzen ditu, ta, banaka batzuk izan ezik, darabiltzan guztiak dira ezagun-ezagunak.

        Euskaldun zintzo: ederrak eder ta akatsak akats, emen daukazu liburu bizi, mamintsu, bete-betea; emen daukazu euskera nun ikasi, dan lez jori errez gozo; emen daukazu, azkenik, biotza nun berotu.

        Goikoak nai dau euskerak burua jasotea. Gurari orrek bizkortuta gogotik diardugu askok eta askok bere alde. Zuk ez dozu ezer egingo? Euskera, gure asaben izkuntza; berau dogu, arein ekandu garbiai iraun-erazteko, biderik onena. Gabiltzan bide ortatik. Ederto Balentin Enbeita´k Arantzazu'ko euskal billeran (1956-IX-20):

 

                Jaso daiguzan gure biotzak

                   Euskeraren alde egiz,

                Eta maitatu ama Euskera

                   Egizko maitasun garbiz.

 

Bilaketa