literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Hitzaurrea

 

Joan Mari Irigoien

Altzan, 2003ko udan

 

«Oilarraren promesa»

Elkar, 2003

 

        Irakurle:

        Oraingo honetan, nik idatzitako lehen nobelaren berrargitalpena eskaini nahi dizut: Oilarraren promesarena, alegia. Azken bolada honetan banituen jarraitzaile batzuk, zirika ari zitzaizkidanak, horren eske, aspaldi agortu baitzen hondar edizioa, eta, hala, egunotan amore ematea erabaki dut.

        Baina egia zor dizut, eta esan dezadan, hasieratik beretik, aurrean duzun liburua ez dela orain hogeita hamar urte argitaratu nuèn hura bera. Ezin bainuen bere horretan publikatu.

        Izan ere, behin baino gehiagotan esan izan dut, hango edo hemengo elkarrizketetan, nik ez nuela neure lehen nobela hau, ezta bigarrena ere —Poliedroaren hostoak— publikatuko, baldin era nazionalitate edo kultura normal bateko kidea izan banintz. Testuak atzera botako zizkidatelako susmoa bainuen, besterik gabe, gutxieneko kalitaterik ezean. Baina euskal mundua beste mundu bat zen sasoi hartan, basamortu bat, eta basamortu hartan bai argitaratzaileek eta bai irakurleek ere aurkitu zieten bi idazki haiei beren lekutxoa. Eta ni, pozik... nahiz eta, beste alde batetik, halako ezinegona sortu zidaten, nik amestu bezain biribilak ez zirelakoan, bai aldiz askoz gehiago landu beharrekoak.

        Baina egia zor dizut, bai, eta ez dakit kontzientzia hori orduantxe piztu zitzaidan, edo bi nobelak argitaratu eta handik gutxira, gauzak erremediorik ez zuenean. Nolanahi ere, kontzientzia hura hartu bezain laster jakin nuen, liburu horiek berrargitaratzekotan, han eta hemen ukitu beharko nituela eta eskua sartu, ezinbestean. Bide horretatik, bigarren nobelarekin bete nuen neure nahia, orain dela une batzuk Erein-en bildumetan azaldu zenean, eta orain lehenengoaren txanda heldu zait.

        Arestian esandakoa ulertzeko, euskarari lotutako garai hartako panorama kulturala ulertu behar da. Gaur, ikastoletatik eta euskal eskoletatik datozkigu gazte asko eta asko, euskaraz alfabetatuak eta ongi jantziak. Eta milatik gora liburu argitaratzen dira urtero, nobelak tartean dexente. Orduan, aldiz, dozena erdi bat eleberri argitaratzen ziren euskaraz urtero, hortxe-hortxe, hortik atera kontuak...!

        Oroitzen dut, nola, Oilarraren promesa baino lehen, Hutsatik esperantzara poema-liburua argitaratu nuen. Orduantxe hartu bainuen euskaraz idazteko erabakia, liburu harekin Irun Hiria saria irabazi ondoren, hain ilusio handia egin zidan. Hala ere, apenas nekien nik artean euskaraz, erdi analfabetoa nintzenez gero. Baina burugogorra ere banaiz, eta euskara ikasteko eta euskaraz idazten trebatzeko, ideia ezin burutsuagoa bururatu zitzaidan: nobela bat idaztea. Nire injenuitatea eta nire ausardia! Ordukoa baitzen, halaber, euskaldun askok zuten kezka, euskal prosari bultzadatxo bat ematekoa, euskal poesiak bereganatu zituèn ustezko gailurren parean jartzeko asmotan. Maila sendoan genuela poesia, alegia, eta prosa lantzea eta garatzea zela gure apustua.

        Euskara ikasteko idatzi nuen, beraz, Oilarraren promesa, ariketa gisa-edo, Venezuelara egindako neure lehen bidaiatik itzuli ondoren. Eta igartzen da, nobela berrirakurri dudanean halako zurruntasuna aurkitu baitiot esaldi askotan, hizkuntzaren ikuspuntutik. Igartzen den bezala, beste ikuspuntu batetik, Latinoamerikako hainbat idazleren eragina: garai hartan «errealismo magiko» deitu izan zenaren inguruan mugitu izan zirenena nagusiki, García Márquezena batez ere.

        Susmo bat banuen, beraz, nobelaren berrirakurketak berretsi zidana: eleberria ezin nuen, zinez, bere horretan argitaratu. Aspertuko bainuke gaurko irakurlea! Aitortu beharra dago, haatik, nobelak bere arrakastatxoa izan zuela urte haietan. Eta horrek ematen dit, aldi berean, guk bizi izan genuen basamortuaren neurririk gabeko neurria: nola liteke, izan ere, nobela hark halako arrakasta izatea? Berrirakurri bezain laster lotsa sentitu baitut. Nola berrargitaratuko nuen, bada, liburua bere horretan? Ez zuen zentzurik. Zentzurik ez zuen bezala gauza guztiz berri bat egiteak ere. Baldintza horietan, erdibide bat bilatu behar nuen, eta erdibide bat bilatzen saiatu naiz. Nobelaren izpiritua eta nobelaren giroa mantendu behar nituen, baita narrazioaren injenuitate puntua ere, epilogoarena tartean, baina testua soildu beharra nuen, aldi berean, eta zaborrontzira bota soberan ikusten nuen guztia. Apaingarri merke gogaikarri asko baitzituen jatorrizko testuak! Era horretan, orri ugari kendu diot. Elkarrizketak, bestalde, biziagoak egiten saiatu naiz, eta eszena batzuk airosagoak. Hitz batean, nobelaren eskeletoari eutsi diot, narrazioa arintze aldera. Horrela, erritmoan behintzat asko irabazi duelakoan nago, ez dakit...

        Ziur nago, bestalde, nobela aspaldi irakurri zuèn edonork nobela bera irakurri duen sentipena izango duela, baldin eta edizio berri hau irakurtzen badu, eta hori oso inportantea iruditzen zait, horrek erakutsiko bailuke ez dizkizudala erroskilen zuloak erroskilen truke saldu, irakurle.

        Aitortu beharra dut, hala eta guztiz ere, gaur nobela hau idatzi izan beharko banu, beste nobela bat idatziko nukeela. Guztiz. Baina hau berrargitalpen bat da, eta parametro batzuen barruan ibili beharra nuen. Eta emaitza ere hor dago, zuk zeuk ondorioak atera ditzazun.

        Bestela, guk gaztaroan ezagutu genuen munduaren fabulazioa duzu Oilarraren promesa. Francoren diktaduraren azkeneko urteetan geunden, Pinochetek jo berria zuen estatu-kolpea Txilen, eta hori nabari egiten da, nobelaren orrietan barna. Nobela politiko bat baita, funtsean, ez nobela psikologiko bat.

        Mundu guztiak badaki orduan bizi izan genuen giroa itogarria izan zela. Ez bakarrik botereak estutzen gintuelako, diktaduraren aurka sortutako taldeen arteko jokabidea eta dinamika —pertsonala nahiz ideologikoa— ezin estuagoak izan zirelako ere bai, salbuespenak salbuespen. Datu edo anekdota bat, honen erakusgarri. Jarrera bat baitut orain gogoan, ustezko iraultzaile harena, zeinak hutsegite larria egozten baitzion beste iraultzaile ustezko bati, zergatik... eta puru bat erretzen ikusi zuelako! Eta ez zion arrazoi ekologikorik aipatu, ez horixe! Hura burgesen burgeskeria omen, errotik kendu beharrekoa, eta kito! Ez naiz asmatzen ari, ezta gutxiago ere: nik ikusia dut hori!

        Eta, bizitza konplexua den arren, nobela ezin xinpleagoa da, ikuspegi etiko batetik. Bai, nik badakit errealitatea ez dela gehienetan zuria edo beltza izaten, ez naiz hain tontoa, grisa baizik, bere gama osoan... baina batzuetan, bai, zuria edo beltza izaten da, eta nabarmen, gainera: galdetu, bestela, Irakeko gerra sufritu berri duten irakiarrei; edo Iraken, Turkiaren eta beste herri batzuen zapalkuntza ikaragarria jasaten duten kurduei; galdetu palestinarrei... edo, hain urrutira jo gabe, Egunkariako aferan torturatuak izan ziren lagunei: esan torturatu bati, polizia torturatzen ari zaion bitartean, errealitatea ez dela zuria ez beltza, eta mila ñabardura aurki daitezkeela zuriaren eta beltzaren artean: antzarak ferratzera bidaliko zaitu une horretan, ez arrazoi gutxirekin! Western bat bezalakoa baita bizitza, oraindik ere sarri askotan, zoritxarrez —teleberri bakar bat ikustea aski da, horretaz ohartzeko—: gizon zuri on zibilizatuak hemen, eta indio gaizto zibilizatu gabeak han...! Nik, ordea, beren lurrak defendatzen dituzten indioak jotzen ditut ontzat, eta besteak —inbaditzaileak— gaiztotzat. Eta kantzer ezin metastasikoagotzat daukat Bushen politika, derradan bide batez. Horretan, Oilarraren promesa idatzi nueneko toki bertsuan jarraitzen baitut, ikuspegi politiko bertsuarekin.

        Diktadurarekin batera, Altzan —nire herrian— izandako hondamena dut kontagai. Edo fabulagai, hobeki. Paradisu bat zena zementuz ito baitzuten, mila etxe eta beste hainbat dorre egiten zituztela, zabortegiak eta autopista, zentro komertzialak eta. harrobiak, modurik antiestetikoenean. Baina oraindik ez dira gelditu, eta beste hiru mila etxe egitekotan dira, ustezko demokrazia ustel honetan, Donostiako udaletxeak horixe baitu, antza, helburu eta lehen asmo. Nik ez dut ukatuko babes ofizialeko etxebizitzak behar direla, baina egin ditzatela beste nonbait! Izan ere, ez al du Altzak bere zementu-tasa, zementu-kupoa, edo dena delakoa, ongi eta sobera bete? Aprobetxa ditzatela, bai, hemen geratzen zaizkigun berdeguneak, baina parkeak egiteko, eta arbolak aldatzeko! Zenbat eta arboletatik —arbolengandik— hurbilago ibili, orduan eta urrunago sentitzen bainaiz gaurko gizaki-eredu harraparitik. Mendi punta batera joan beharko dut bizitzera, apika.

        Luma joan zait, eta barka, irakurle, zuk ez baitituzu ene neurak eta barne-korapiloak jasan behar. Ni Oilarraren promesa-ren berredizioarekin natorkizu, eta orriotan duzu, horretarako gusturik baduzu. Hemendik aurrera, zuk zeuk duzu hitza.

 

Bilaketa