literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

ARNAUT OIHENARTE

Gizona, kondairagilea, eta abertzalea

 

Eugenio Goihenetxe

Uztaritze, 1970-ko Abenduan

 

«Atsotitzak eta neurtitzak»

Oihenarte

Herri Gogoa, 1971

 

        Oihenarte-ren biziera Jaurgain-en izkribu soilei esker ezagutzen dugu; ezen honek aztertu zituen paperak eskuratu ezinak bait zaizkigu gaur guri. Gizona eta haren ekintza konprenitzeko, bestalde, haren garaiko giza-giroaren eta haren izkribuen azterketa guztiz beharrezkoa da. [1]

 

        OIHENARTE-REN BIZIERA

        Maule-n jaio zen Arnaut Oihenarte 1592-ko Abuztuaren 7-an, Pay Adom-enean. Berehala hilko zen Arnaut Oihenarte-ren bigarren semea zen, Legegizon eta Zuberoan Erregeren Ordezkari izana. Joana Etxarte izan zuen amatzat, 1595-an bigarren aldiz Gabriel Etxarte-rekin ezkondua. Etxarte jaun hau Legegizona izan zen, Zuberoan Erregeren Ordezkari, Erregeren Kontseilari gero, eta azkenik Majistratu. Bere oldez heldu zitzaion beraz Oihenarte-ri Dretxoa bizipidetzat hautatzea. 1612-ko irailaren 7-an Dretxo-Lizentzia bat bildu zuen Bordaleko Ikasguan; eta, hartatik sei urtetara, Legegizon-en titulua zeraman. 1623-tik 1629-ra gutxienez Zuberoako Sindiko izan zen; alegia, Zuberoako buruzagi.

        Donapaleu-ko Joana Erdoi-korekin ezkondu zen: 1611-an Nafarroa-ko Zigilozain-orde izandako Jean Lostal-Maucor-en alargunarekin. Idazlea sinistekotan ederra zen, edo hartaz maitemindurik egon zen bederen. Ezkondu ondoren Oihenarte Donapaleun finkatu zen, aberats eta ohoretsu; eta 1647-an bertako «zinegotzi» edo «jurat» hautatu zuten. Hantxe lortu zuen Lukuze-ko Baronengandik (deituraz Montmorency) Behauze-ko erretorgoa Piarres bere semearentzat. Ez zuen halere Zuberoa ahazturik; eta Sindiko gisa eta hiru Besoen Deputatu gisa ekintzan ikusiko dugu geroago. 1653-an poema apainsko batetan bere emaztearen heriotza kantatu zuen. Dirudienez kondaira-azterketek hartu zioten denborarik luzeena bere azkeneko urteetan, baita hauzi batzuek ere. Hauetan Dretxoaren ezagutza bezain baliotsu izaten zitzaion bere jakintza zabala. 1667-ko apirilaren 8-an bere testamentua egin zuen Donapaleun; eta 1668-ko urtarrilaren 14-an hildakotzat eman zuten. Hiru seme utzi zituen: Gabriel, Nafarroako Parlamentoan Legegizon, eta Barkoxe-ko Garazi Sartillon-ekin ezkondua; Piarres, Behauzeko erretorea; eta Jakes, jesuita, Gazteluzar-en «Eguia Catholicac» liburuarentzako zubereraz baimena eman zuen berbera.

        Bizipide ohoretsu eta onuratsua benetan kaletar eta merkatari baten iloba heldu bait zen, Eskubidearen bitartez eta ezkontza baten bidez, aiton-semetasunera.

 

        FAMILIA ETA GIZARTE-GIROA

        Ilun dago beti ere Oihenarte familiaren etorkia. Ohar laburrez osatutako bilduma batetan Oihenartek berak azaltzen duenez, Etxarriko Oihenarte-eneko Pierris etxeko-jaunarengandik dator haren leinua; baina odol-lotkia xeheki azaldu gabe. Ba liteke Oihenarte-ren arbasoak etxe horretako semeren baten ondorengoak izatea [2]Oihenarte-ko Arnaut I-arte etorkia ez da segurua: hau Maule-ko kaletar eta merkatari izana zen, Mouchette-ko jaun, eta 1609-an hila. Honen lehentsemea Piarres izan zen, Louis XIII-ren ganbera-sehia. (Postu horretan, bestalde, Joanes semea jarraitu zitzaion). Maddi Maitie-rekin ezkondu zen Piarres. Arnaut I-aren bigarren semea, Arnaut II, kondairagilearen aita beraz, Legegizona eta Erregeren Prokuradorea izan zen, gorago esan dugunez. Jakes Etxarte Maule-ko kaletar eta Zigilozain izan zen, baita Lixarre-ko Gortean Legegizon eta Grefiera. Eta honetxen alaba zen hain zuzen Arnaut II-aren emaztea. Ezkontza honetatik bi seme sortu ziren: Jakes eta Arnaut III (gure idazlea, alegia). Legegizona izan zen Jakes, Nafarroa-ko Parlamentoan Erregeren Kontseilari, Nafarroa-ko Zenexal; eta batera Nafarroako Buruzagitzako Kontseilari. Labeaga-ko, Agerre-ko eta Behaskane-ko salako jauna zen Piarres Bidarte aiton-semearen Joana alabarekin ezkondu zelako, Jakes Oihenarte Arrueta-ko Oneix eta Elizetxe saletako jaun ere bihurtu zen. Zazpi seme-alaba izan zituen: Frantses, Nafarroako Parlamentoan Legegizon; beste lau seme apezak izan ziren; eta bi alabetatik bata, Legegizon eta Nafarroa-ko Sindiko izan zen Arhetse-ko Feliziano-rekin ezkondu zen, 1690-an bere etxearentzat aiton-semetasuna lortu zuenarekin beraz. Arnaut III-i dagokionez (gure kondairagileaz) haren biziera, loturak eta patua azaldu ditugu hitz laburretan.

        Etorki horren bidez gauza batzuk azaldu nahi izan ditugu: zein erraz pasa zitekean merkatalgotik administraziora, eta honetatik aiton-semetasunera segidan; herriko klase agintariaren barruan, zein hestu ziren familia nagusi hurri haien arteko loturak. Esate baterako Arnaut Santz Ohixe-koa eta Saurine Pemesple-koa ezkontzean, ondoko familia hauekin loturik gelditu zen Oihenarte: Hosta, Arraing, Bela, Ezponda, Sibas, Etxarte, Johanne, Laugar, Boyrie, Bénévent, Vayssière, Luro, Arbide, eta Brosser. Ohar bat gainera: familia horiek guziak ziren administraziokoak eta aiton-seme.

        Ongienik ezagutzen diren bi izan bekizkigu etsenplu eta argigarri [3]. Enekot Ezponda-ko, Mauletar eta Kontseilari, Albret-eko Jeanne-ren Sekretario eta Majistratu, 1580-an aiton-semetua, herronka ezkondu zen Katalin Ohixe-korekin eta Salbata Hosta-korekin. Izan zituzten zazpi seme-alabetatik, alaba bat Legegizon batekin ezkondu zen; bi seme Majistratu izan ziren; beste bat, Endrike, Pamiers-eko Apezpiku eta liburu-biltzaile; eta beste bat, Joanes, Rochelle-ko Jeneral-ordea, baina frantsesez izkiriatu zuen poesiarengatik ezagunago.

        Gexan Bela-koa, Saint Goin-go —(Olororen ondoan)— nekazari-familia baten jatorrikoa zen; geroago Zuberoa-ko Sindiko, eta azkenean Erregeren Prokuradore-orde. Jerardo, honen semea, Zuberoa-ko Bailli izan zen (prefeto edo gobernari, esan dezagun); eta Sorhueta-ko Domec-eko nagusi zelako, Zuberoa-ko «potestat» zen (alegia, aiton-semeen ordezkari). Bi seme izan zituen: Bela-Sorhueta-ko Isaak, Zuberoa-ko aiton-semeen ordezkari 1612-1660-an izana; eta Jakes, Legegizon eta 1622-an Zuberoaren aintzindari edo ordari, baina liburuengatik ezagunago: «Tablettes» deritzaten sei liburuak batetik: hauetan, ohar jakintsu askoren artean, zenbait euskal atsotitz ezagutarazi digu. «Commentaire sur la Coutume de Soule» delakoa, bestetik, euskal gramatikari buruzko bilduma bat, eta Eskubideari buruzko zenbait saiakera. Honen ondorengoetatik bat izan zen Jean-Philippe, «Bela-ko Zalduna» deitua: biziera militar baten buruan, erretiratu egin zen; eta urte horietan idatzi zuen, beste izkriburen artean, Euskaldunen kondaira bat: «Histoire des Basques».

        Gizaro jakintsu eta ikasia, beraz, hura: euskal letrak eta gizatartasuna elkarrekin sortzen, Kondaira eta Dretxoa ere elkarren osatzaile. Aisa konprenitzen da, hortaz, giro hori protestantismoarekiko oso idekia eta emankorra izatea Albret-eko Jeanne-ren eragiña bortitza eta sakona izan zen hartan. Bere erlijio-kideen aurrerapidea erraztutzen zuen Administrazioan: ideia berriak, azkenik, aisa sustraitzen ziren gogoetari jaulkiak ziren izpiritu haietan. Enekot Ezponda-koa, 1594-an Donapaleun katoliko elkartuek («Ligueurs»ek) erana, protestantismoaren martiri bat izan zen. Endrike eta Joanes, honen bi semeak, berandu arte ez ziren katolikutasunera itzuli. Bela-ko Jerardo, Jakes eta Isaak protestanteen alderdiko buruzagi izan ziren, eta beren etxeetan babesten zituzten «Artzainak», etxeak Erreforma-ren bilgu eta eliza bihurturik. «Artzain» bilakatutako zuberotar apaiz batzuk aipatu ditu Belak: Berorize-ko Joanes Etxarte, Sorhueta-ko Joanes Tartas, eta Lakarri-ko Jakes Buztanobi. Ezkondu egin zen hau, eta izan zuen semea Maule-ko «Artzain» izan zen 1663-an, Mounes-ko etxean Jakes Belak eraiki zuen elizan.

        Maule-n bizi ziren, azkenik, familia horietarik gehienak; eta etxeko jaunek han zeukaten beren ogibidea. Maule, ordea, bastida bat zen: alegia, «hiri-berri» edo errege-hiri bat: eta XIII-gn. mendez geroztik ba zuen bere Foru berezia. Administrazioari eta legetasunari dagokionez Zuberoa-tik berex, eta gehienik kanpotarrez osatua, Orda-ko Biltzarra eta Justizia-ko Biltzarra Lixarren egiten ziren horregatik. Etniaz, eskubideaz, gizarteaz, giza-talde hura, hertsi eta batua, herritik at bizi zen. Pentsakerak, ikasketek, interesek, Zuberoa-ko herritik urruntzen zuten —kontra jartzen ez zutelarik— eta, alderantziz, Biarno-ko erregetzara eta klase-nagusietara hurbiltzen. «Matalas»en matxinada ongi ulertzen da: «Herria! Herria!» oihukatzen zuen matxinada hura, herrikoia izan zen osoki, eta hiru etsairi oldartzen zitzaien batera: Erregeren zerbitzariei, protestanteei eta «Maule-ko sorgintzarrei».

        Adierazpen horien argitan, politikari eta idazle izan zen aldetik, nabarmenago agertzen da Oihenarte-ren nortasuna.

 

        ZUBEROA

        1023-an agertu zen kondairan Zuberoa-ko Bizkonderria, bertako errege-etorki batekin [4]. Gaskoina-ko Konderriaren atal bat zen Zuberoa-ko Bizkonderria; eta Nafarroa-ko Errege zen Antso Haundia-rengan bilatu behar da haren jaiotza, Lapurdi-rena bezala.

        Erdiaroan, Menderdian, Inglaterra-ko Erregeri aldiz, eta Gaskoina-ko Dukeari aldiz, egiten zion goratzarre Zuberoa-ko Bizkondeak. Auger Soule-koak Nafarroa-ri egin nahiago, eta galdu egin zuen Zuberoa 1307-an. Harrez gero, Inglaterra-ko errege bera izango zen Zuberoa-ko Bizkondea, Akitania-ko Duke bait zen. Bere instituzio bereziak edo Forua atxiki zituen halere Zuberoak. 1449-an, Foix-eko Gaston IV-ak (Biarno-ko Bizkonde) Fraintzia-ren zerbitzutan hartu zuen Maule-ko gaztelua; eta Charles VII-garrenak eman egin zion. Gero Fraintzia-ren koroara igaro zen, Forua beti ezertan aldatu gabe. 1520-an idatzitako Foruak («Coutume de Soule») askoz ere lehenagotik zetorren erakunde sozial eta politiko bat legetu zuen.

        Zuberoa-ko ekonomia Menderdian artzaingo-kerakoa zen funtsean; artoa sartu artean, nekazaritzak ez zuen inportantzi haundirik hartu. 1327-an zuberotarrek jakinarazi zuten ezen, biziko baziren, ardoa eta garia Nafarroa-tik ekarri behar zutela. Alderantziz, hartaruntz eramaten zituzten zerriak eta gaztak [5]. 1673-an oraindik ere, alea eta ardoa barneratzen zituzten; eta garia eta artoa lantzen, garai hartan giza-hazkurriaren oinharri. Pentzeak, oloa, belarra, urritu egin ziren; ongarria txorroskiloz, garoz eta txilarrez egiten zen; luberriak zirela-ta, sagardoa ematen zuten sagardiak atzera hasiak ziren. Hazkuntza jenerala zen, ez abere bakar batetan berezitua: idi gutxi, esne eta gurin urri; aitzitik, 100 eta 150 bururen artaldeek artile eta gazta legor ematen zizkieten. Eta zerriek, txiki eta oso ugari, urdaiazpiko edo txingarrak ematen zituzten, gero Fraintzia-ko Hego-Mendebaldean eta Españan saltzeko modukoak [6].

        Nekazaritza familiako lurralde txiki~txikitan erabiltzen zen, beti ere leku ordokitan. Ondoko hauzo-lurretan higitzen ziren abere-taldeak (landetan, urdeentzako gaztainagetan); baita goiko mendialdetako pentze eta oinhn jabegabeetara igarotzen.

        Bi oinharri funtsezko horien gerizatzapena izan da Zuberoa-ko Foruaren helburua, bai eskubide pribatuaz bai zabalaz: familiaren lur-langintza eta lur jabegabeak.

        Familia bakar bat babestea eta haztea zen etxearen betekizuna. Etxea gizartearen sustrai-atala zen. Horretatik heldu ziren eskubide ezagun batzuk: etxe-ondasunaz ezin gabetzea, lehen-semetasunaren eskubidea (edo, hobeki esateko, ondorengo bakar bat izendatzeko aita familiakoak zuen eskubidea); bi etxe-jabego elkartzeko debekua, emazte ezkonduaren jabegaitasuna. Ez zen aski, ordea, familia-lurraldea abere taldeak hazteko, ezta familia bera ere aurrera ateratzeko. Horretarakoxe zeuden hauzo-lurrak edo lur «jabegabeak» («communes»). Beretan egurra, ehizea eta arrantza hartzeko eskubidea zuten denek, baita beren artaldeak han bazkarazteko, eta lau urtez lur-zati bat lantzeko («labaki» delakoa). Alderantziz, nekazaritzarako erabiltzen ziren lur jabedunak, hauzoko abere-taldeen zerbitzutan utzi behar ziren uztaren biltzearen ondotixek.

        Oraindik ere orraztuago eta osatuago zegoen mendigoietako bazkalekuen antolakera, herriaren ekonomian oso garrantzitsuak. «Kaiolarren eskubidea»k parte batzuk zituen: leku berezi batetan bolada zehatz batez kabalek bazkatzeko eskubidea, txabolaren eta ondoko lurren jabegoari buruzko eskubidea, eta ondoko basoez baliatzeko eskubidea. Kaiolar bakoitza «kaiolarreko jaun»en sindikato edo elkargo batek zuzendua zen; eta «kaiolarreko jaun»horiek etxerik zaharrenetako nagusiak ziren. Kaiolarren helburua hau zen: elkartasun osoan abereen hazkuntza eta salmenta moldatzea, eta gaztaren prestaketaren gorabeherak antolatzea. «Artzanbide» deritzan artzain-biltzarrak zuzentzen zuen kaiolarra. Arauturik edo legeztaturik zeuden artaldeen joan-etorriak eta legeak ere. Eskubide pribatu honen arabera moldatua zen Eskubide publikoa: zuberotar guziak ziren «franko», hau da, gizon libroak, joputasunik gabeak, eta denak ziren lur jabegabeen jabe, multzo gisa. Etxekojaun guziek zituzten parropia-biltzarretara eta «silviet» delakora joateko bai eskubidea bai betebeharra: Silviet delakoa, Zuberoa-ko herriaren biltzar nagusia zen; eta urtean behin gutxienez Irabarne-ko oihanera bildu ohi zen. XVI-gn. mendez geroztik, ordezkari bat izenda zitekean, baina aginpide osoaz beti. Erabakiak, beraz, behartzaile ziren denentzako. Silviet-aren azter-eremuak ez zuen mugarik: bai zerga kontuak, eta bai administrazio-gorabeherak: baita, hastapenetan zalantzarik gabe, Epaitza edo Justiziari buruzko arazoak. «Sindiko» bat hautatzen zuen Silviet-ak; eta honek, bi Biltzarren artean, erabakiak betearazten eta administrazioa zuzentzen zituen.

        Menderdian, beste instituzio batzuk erantsi zitzaizkion Silviet-ari. Parropiatan, hiru «messagerie»tan eta zazpi «dégairie»tan zatitu zen Zuberoa; horiek Baxenabarreko «haran»en kutsuko zerbait izanik. Parropia bakoitzean, txandaka betetzen zuen «fermance vézalière» delakoa etxeko jaun batek, zergak bilduz eta agintaritzaren aginduak eta gaztiguak helaraziz. «Messager» eta «dégan» delakoek betekizun berbera zuten, baina goragoko mailatan.

        Etxerik aberatsenek eta antzinakoenek osatzen zuten Zuberoa-ko aiton-semeria. Etxe kapare bat erostea aski zen jabe berria aiton-semetzeko: aiton-semetasun txiroan, eta botereak «botois» eta «fivatiers»ei ez besteri mugatua. Sei eliza-gizonekin batera, Gorte Nagusia edo «Grand Corps» delakoa eratzen zuten aiton-semeek, eta beren Sindiko berezia zeukaten. Silviet delakoa herriaren biltzarra zen. XIV-gn. mendez geroztik, Silviet-ak eta «Grand Corps» delakoak elkarturik (nahiz beti zein bere burua) Zuberoa-ko Biltzarra edo «Cour d'Ordre» (euskeraz «Orda») delakoa osatzen zuten.

        Silvietaren sindikoa Zuberoa-ko sindiko bihurtu zen gero. 1730 arte aiton-semeen Biltzarrak ez zuen eskubiderik Sindikoaren hautaketan parte hartzeko. Era berean, betebeharrekoak izan zitezen, aiton-semeen «Grand Corps» delakoaren proposamenduak ontzat eman behar zituen Silvietak.

        Judizio-gorabeherak Lixarre-ko Epaiguak erabakitzen zituen, Lixarre-ko intxaurrondoaren azpira bilduta. Gorte edo Epai-etxe honetan aiton-semeek ez bestek zuten sarrera; eta haiek, honez gain, «fay mi dret» delako eskubidea errespetarazten zuten beren lurraldeetan. Justiziaren eta fiskoaren erabilera hori, errudunen aldeko bahiturek eta legeek mugatzen eta baldintzen zuten.

        Noiz ez dakigularik, instituzioen aintzindari zegoen etorkizko bizkondea. 1307-ez geroztik, Maule-ko Kapitain-Gazteluzainak edo-ta Zuberoa-ko Gobernariak, bere gain zuten lnglaterrako Erregeren ordezkaritza; eta berak hartzen zuen bere buruz, edo «atropa luzeko ordezkari»aren bidez, «Cour d'Ordre-ko eta «Cour de Lixarre=ko lehendakaritza.

        1520-an, Zuberoa-ko Foruaren bilduma idazaraztea Erregek erabaki zuelarik, berak betetzea agindu zuen aurrenik; eta gero ere, Zuberoa-ren eta Fraintzia-ko Erregeren arteko Ituna behin eta berriz izan zen baitetsia segidako erregeen aldetik. Halaz ere, arrazoin fiskal eta politikoengatik batera —hau da: joera erdirakoiengatik— erregetza zergakoiak ez zuen inoiz eten Zuberoa-ko askatasunaren kontrako oldarra. 1733-an ia osoki deseginak ziren instituzioak; eta Eskubide pribatua 1789-ko Iraultzak hil zuen. Zuberoa-ko kondaira helburu bakar batetara bil daiteke: Foruaren-alde herriak egin zuen defentsa neka gaitza, bakanka bakarrik aiton-semeren batek edo majistratu prestu eta abertzale ren batek lagundurik.

        Hauetako bat izan zen Oihenarte: bere herriaren askatasuna defenditu zuelako, gartzela jasan zuen.

 

        OIHENARTE-REN BIZIERA AGIRIA

        ETA POLITIKOA

        Oihenarte-ren garaian bi puntu nagusitan borrokatu behar izan zuen Zuberoak.

        Louis XIII-garrenak 1620-an meneragin zuen Batasun-Itunak bat eta betirako egin zituen Fraintzia-ko erreinua batetik, Biarno eta Nafarroa bestetik (honen Nafarroa Beherea edo Baxenabarre soilik, egia esateko), Errege beraren bitartez, baina bi herri horien Foruei eta askatasunari ezertan kalterik egin gabe. Halere, berariaz honela jokatuz, Paue-ko «Nafarroa-ko Parlamento»ra bildu zituen, baturik, bai Biarno-ko Kontseilu Nagusia, bai Nafarroa-ko Kantzileria (hau ordurarte Donapaleun egona); eta, bestetik, Zuberoa Bordale-ko agintepetik ateraiaz. Paue-ko «Nafarroa-ko Parlamento» hau; bi herenetan, biarnotar legegizon protestanteek osatzen zuten. Biarno-ko inperialismoaren kontra jazartu behar izan zuten zuberotarrek; batez ere, Biarno-ko Bizkondeak Nafarroako Errege ere bilakatu zirenez geroztik, Zuberoa haien eskualdeen artean, geografia-gune bitxi bat zelako. Ikusia dugu Gaston IV-aren harrapaketa-saioa. Albret-eko Jeanne-k agindurik, XVI-gn. mende guzian barrena protestanteek su-ta-garretan erkaztatu zuten Zuberoa. Zuberotarren ustez, beraz, protestantismoa eta biarnotar inperialismoa gauza bera ziren. Halaz ere, protestante bat bidali zuten Paris-a beren ukazio gogorrak azaltzeko. Protestante bat, bai; baina prestua eta ezinago abertzalea. Jakes Bela-k (Maule-ko Bailli) irabazi egin zuen hauzia; eta 1622-ko ekainaren 30-an, berriro ere Bordale-ko Parlamentoaren menpean ezarri zuen Erresumako Kontseiluak. Zuberoa ez zen berriz Paueko Parlamentora bihurtu 1691 arte, eta hau Louis XIV-ak bere buruz hala erabaki zuelako. Ez zen horren zoriontsua izan Baxenabarra. Donapaleura bildu zen Nafarroa-ko Gortea, eta erlijiozko eta hizkuntzazko desberdintasunak baliaraziz, kontra jokatu men; baina ez men luzamendu bat baizik lortu. Eta 1624-an Donapaleu-ko Kantzileria itzaldu zen, dena Paueko, Parlamentora pasatuz.

        Arte horretan, Apezeriaren eta Aiton-semeriaren kontra, Zuberoa-ko Sindiko hautatu zuen Silvietak Oihenarte 1623-ko Apirrilaren 30-an. Aiton-semeen sindikoa Sorhueta-ko Isaak Bela protestanteak erabaki hura oldartu zuen Lixarre-ko Epaietxean, aitzekiatzat hau esanez: betidanik hiru Besoek aukeratzen zutela Sindikoa, Apezeriak eta Aiton-semeriak oso bareziki parte hartuz. Hots, zion Belak, «sei nekazari arlote eta ez-jakinek» aukeratu dute Oihenarte (alegia: agintari herrikoi ziren «dégan» delakoek). Halaz ere, ontzat eman zuen Oihenarte-ren hautaketa Bordale-ko Parlamentoak 1625ko maiatzaren 3-an. Oihenarte Maule-ko Deputatua izana zen ordurako 1618-an, legegizon besterik ez zelarik, Joanes Belzunze-k protestanteei ematen zien babesaren aurka ihardukitzeko.

        Sindikotzat hartuta bi hilabetetara, Paris-a bidali zuen herriak, Elizaren eta Aiton-semeriaren izenean lonbratua izan zen Piarres Beheti-rekin, Erresumako Kontseiluaren bidez protestanteen kontrako ekintza bat hastera. Paue-ko Parlamentoak ordea ez zien bere asmoei utzi; eta, Errege-Txostenen kontra, zuberotarrek aurrerantzean mandatariak obedi zitzatela erabaki zuen, baita Zuberoa-ko majistratuak harraparazi eta zuberotarrek Biarnon zituzten ondasunak kendu eta saldu. 1627-ko otsailetik apirrilera, Oihenartek sei aldiz entzunarazi zituen Lixarre-ko Epaietxean zuberotarren kexuak; eta azkenean Bordale-ko Parlamentotik Txosten bat lortu zuen, zuberotarrek mendeku-gisa jokatzeko eskubidea Erregeri eskatuz. Paue-ko Parlamentoak Oihenarte preso altxatzeko agindua eman zuen; eta hala egin zen, nafarren laguntzarekin Oihenarte Donapaleun arrestatuz. Berriz abiatu zen arazoan barrena Bordale-ko Parlamentoa, eta Oihenarte askatu artean kontrako ordainarazpideak eskatu zituen.

        Munduaren komeriak! Joana Erdoi-korekin 1627-an ezkontzean, Erdoi-ko, Gainzuri-ko eta Zibitze-ko saletako jaun bihurtua zen Oihenarte, eta Nafarroa-ko kaparerian sartu zen hortaz. Eta, infantzon epailari zen aldetik, Amikuze-ko eta Oztibarre-ko Epaietxeetan zuen sarrera. Donapaleun bizi zelarik, Nafarroa-ko Parlamentoan sartu zen legegizon gisa, baita Grammont-eko Dukearen prokuradore bilakatu. Halarik ere, Zuberoa-ko Sindiko zegoen beti; eta, hau dela bide, Lixarre-ko Epaietxe barruan zegoen, «dégan»en eta «messager»en hautaketak obrarazteko, Lixarre-ko eta Orda-ko deputatuen etorrerak neurtzeko; hitz batez, zuberotar demokraziaren jarraitzapenari so egiteko.

        Ba zeukan halere jazarpen larriagorik aurrean gogor egiteko eta, ahalaz, uxarazteko: zuberotar herriaren izana bera zetorren gain behera, eta mehatxuetatik libratu beharra zegoen. Menderditik beretik azaldua zen lur jabegabeen arazoa. Euskaldun Foruaren arabera, herri osoaren jabegoa ziren lur horiek. Aiton-semeen Eskubide feudalaren arabera, berriz, «domaine éminent» delakoa (egiazko jabegoa, alegia) Erregeri zegokion; herriari, aldiz, «domaine utile» delakoa: hau da, lurrak erabiltzeko edo baliatzeko eskubide soila. Zuberotar herriaren eta Kapitain-Gazteluzainaren artean gertatu zen liskarra herriaren alde epaitu zuen Inglaterra-ko Erregek 1358-an eta 1377-an [7]. Erregeren egiazko «jabegoari» ondoko hau zegokion: Maule-ko gaztelua, alogera-tratu batzuen etekina, zenbait oihan eta errota, mahasti bat, kaiolar bat, bide-sariak eta justizia-sariak. Zergak horri erantsi, eta Erregeren urteko diru-bilketa ez zen Zuberoan 7.700 liberatatik goragokoa. Halere, Erregek berak onhartutako Foruaren kontra, Erregeren ofizialek alogera-tratuak ematen hasi ziren jaberik gabeko lurretan. Gehiegikeria bat zen izan; eta legeen izpirituaren hauspen hutsa. Euskal joeraren arabera, lur horiek herriarenak ziren, eta ez Erregerenak.

        1639-ko martxoan agindu baten bidez erreinu guzian jarri ziren salgai Erregeren ondasunak. Arnaud Peyrer, Oloroe-ko merkatari baten seme, aitaren dirua baliatuz kaparetasuna bilatzen zuelarik, Zuberoa-ko Bizkonderria erosi zuen 70.000 liberatan, justizia eta zergak barne. Eta Peyrer-ek zerga berriak erantsik nahi izan zizkien zuberotarrei gauzak erabil ahal izan ditzaten. Iruri eta inguruko hiru herriska bilduz, «Trois-Villes»ko Konderria sortu zuen; eta, Lixarre-ko aspaldiko epailarien ordez, epailari berri bat izendatu zuen, gizarteko eta hilkintzako arazoak garbitzeko; baita Maule-ko gaztelua hartu. Feudalismo xaharkote kutsua zerien ekintza hauei, eta Zuberoa kontra jarri zen. Trois-Villes-en aurka agertua zen Zuberoa, erosi nahiz; baina alferrik. Hau dela-ta, Zuberoa-ko Biltzarrak Paris-a bidali zituen Oihenarte eta Pierre Bonnecase (hirugarren Besoaren izenean hau) salera haren deuseztapena lortzeko. Erresuma-Kontseiluak (1644-ko Apirrilaren 13) gaitzetsi egin zuen eskabidea. Baina Trois-Villes-en gehiegikeriek, eta Mazarin-en aurrean luzaz izan zuen harrera onaren azkenak, aldatu egin zuten azkenik gertaeren isuria. Eta Erresuma-Kontseiluak deuseztatu egin zuen azkenean «domaine royal» delakoaren salera (alegia, Zuberoa-ko lurrena); baina Zuberoa behartuz halere Trois-Villes-ek Erregeri ordaindua zion diruketa ordaintzera! Hitz batez: beren berena zutena birrerosi behar zuten berriz zuberotarrek. Birrerosketa honek, erospenaren fresek, Maule-ko gazteluaren moldaerak, Toulongeon gobernariarentzako sariek, 100.000 liberatatik gorako zorra ekarri zuten zuberotarren lepora. Leher egin zuen herriaren amorroak. Desjabeturik, zapaldurik, askatasunak berriz hartu nahirik, «Matalas», Mitikile-ko erretore zen Goihenetxe-ren matxinada abiatu zen. Hobe izan zitzaketen, Paris-en Oihenarte adituago izan balitz...

        Dirudienez, kondaira-ikertzapenetan igaro zituen Oihenartek bere azkeneko hogei urteak. Halaz ere, hiru aldiz gutxienez, Eskubideaz eta Kondairaz zuen jakintza baliatzekotan deitu zuten. 1660-an muga-istilu bat garbitu zuen —alde batetik Baigorri-ko harana; bestetik Erro-ko, Luzaide-ko eta Baztan-goak. 1662-an, Ezpeletako bizilagunen aurka zeukaten hauzian, Ezpeleta-ko Baroin ziren Nikola eta Barbe jaunak defenditu zituen. Eta, 1665-an, Baiona-ko Apezpikuaren eta Orreaga'ko Nagusiaren arteko ondasun-partekatzea berak erabaki zuen.

        Oihenarte-ren biziera agiria eredu da. Bere gizarotik, bere jakintzatik eta bere gizarte-mailatik libro izan zen, herriak utzitako ahalmenen defentsan, eta zin-egindakoarekiko eta herriarekiko leihal egon zen. Hori dela-ta, gartzelaren jasamenak pairatu behar izan zituen. Bere garaiko herrikideen eskerrona merezi izan zuen, baita gurea ere.

 

        IZKRIBUAK

        Hoberik ere egin zuen etorkizunaren eskerrona eta mirespena merezi izateko: gizonak hil egiten dira, baina izkribuak irauten. Oihenarte-ren izkribuak haren argitasunaren, jakinduriaren eta abertzaletasunaren lekuko dira.

        Nafarroa 1512-an Aragoi-ko Fernando-k harrapatu zuenean, eztabaida bero bat sortu zen, euskaldun erreinuarekiko Albret-ek eta Aragoi-ko etxeak zituzteken eskubideei buruz. Bi liburuskatan hartu zuen parte Oihenartek jatorrizko dinastiaren alde: «Déclaration historique de l'injuste usurpation et rétention de la Navarre par les Espagnols» (1625); eta Navarra injuste rea... sive de Navarrae regno, contra ius fasque occupato. Oihenarte-ren lan nagusiari buruz, hitzaurre baten gisa izan ziren bi lan horiek: Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae, 1637-ko azkenaldian osotua, eta 1638-an agertua. Bigarren aldiz izan zen argitaratua 1656-an, oso orraztua eta emendatua. Euskal herriaren kondaira egiten du «Notitia»k, antzinatik hasi eta Menderdiaren amaia arte. Bi «Vasconia»k hauek dira: batetik, gaur eguneko lau euskal probintziak, eta Nafarroa-tik irtendako kristau erreinuak (Aragoi, Ribagorza, Sobrarbe, eta abar); eta, bestetik, gaurko Gaskoina Ahuñemendi-tik Garona-raino, Ozeano-tik Toulouse-raino. Menderdiko kondaira egiterakoan, ikus kera «frantses» eta «español» guzietatik at jarri zuen bere burua, eta Ahuñemendiko multzo zabal horren batasun funtsezkoa paratu zigun. Bere garaiaren arabera oso aurreratua, bai dokumentoen bilaketan bai irizpidearen zorroztasunean, eskuartean zeukan informazioaren bidez lor zezakean bezain zehazki eman zituen etorkiak; ekintzak eta urte-egunak borobildu egin zituen, euskaldunak eta Kantabroak gauza bera egiten zituzten ipuinak birrinduz; eta baita besterik ere anitz. Gaurko kondairagileen mirespena ekarri ditu bere irizpideak eta bere zuhurtziak. Baina baita zenbait apologilariren oinaztarriak ere, zeren-eta ipuin farragarri batzutan ikusi uste bait dute hainek euskal lorerik ederrena. Hiru mende beranduago, xehetasun batzutan zahartu baldin bada ere, bai kritika-bideak aurreratu direlako, edo izpirituak aldatu; halaz ere ez dago, osoan, arazoa hobeki ikusi duenik; eta, batez beste, Oihenarte-ren aburuak eta ondorioak egiatzat hartu behar dira gaur berton ere.

        Binbitartean, 1657-an, ATSOTITZAK argitara zuen Oihenarte-k. Atsotitz horietan Oihenarte-k folklorelari lana egin zuen; eta Neurtitzetan areago egin bide zuen humanista-lan bat, olerkari bikain baten lana baino; nahiz olerkiek mamia beti izan. Bi aztarna ageri dira Oihenarte-ren euskal izkribuetan: tradizioarena batetik; eta, halere, berrizale den izpiritu jakin-min batena. Aspaldiko hizkuntza oinharri, euskal idazkera edo ortografia moldatzen saiatu zen, eta hitz berriak asmatu zituen (eskuarki bidezkoak hauek). Plegu berekoa haren Art Poétique Basque delakoa, adiskide bati bidalitako gutun baten modura 1667-an emana (garai hartan usu erabiltzen zen literatura-mota hau). Liburuan dauden aipamenak ikusita, gauza agiria da Oihenarte-ren literatura-jakintza eta kondaira-ezaguera maila berekoak zirela, eta euskal literaturaren gorabeherak biziki hurbildik segitzen zituela.

        Oihenarte-ren izkribu inprimatuak gogoangarri izanagatik ere, haien egilearen zientzia-langintzaren ideia ahul bat besterik ez dute idarokitzen Bidaxune-ko dokumentu-tegira iritxi zenean sortu zen noski Oihenarte-rengan ikertzaile-deia; eta Grammont-eko etxeko intendente zelarik prestatu zuen Grammont-arrei buruzko azterketa bat, eta familia honen kondaira bat gertatu. Bizi guzian zehar, edo 1631-tik 1657-arte gutxienez, artxibotegi ugari miatu zuen; Baiona, Pabe, Toulouse, Iruñe, Tarbes, Laskurri (Lescar), Périgueux, Paris, Dijon, Précy-sur-Oise (Lukuztarren artxiboa), eta abar. Bere ikertzapenetan erabiltzen zuen suharraren, eta Fraintzia-ko eta España-ko jakintsuen iritzian zeukan aipamenaren lekuko da haren gutuneria: Marca, Biarno-ko kondairagilea; Moret, Nafarroa-koa; Ablitas-ko Kondea, Martin Burges Elizondo-ko lizentziaduna; Jean Besly, Poitou-ko kondairagilea; Pierre Gaucher, Fraintzia-ko kondairagilea; Landetako Pierre Payen, denak haren laguntzaile izanak.

        1711-an gertatutako haren heriotzaren ondoren, haren paperak ikertzeko egin zuten Donapaleu-rako bidaia Dom Martene eta Dom Durand beneditar jakin tsuek. Hain zen haundia haren ospea, 1726-an lege-pisu berbera zutela Oihenarte-ren kopiek eta jatorrizko dokumentoek [8]. Nafarroa-ko «Comptos-Ganbera»ko artxiboak ikertu nahi izan zituenean, Nafarroa-ko Errege-ordeak baimena ukatu zion; eta hau haren jakinduriari eta argitasunari egindako goratzarre bat da; zeren-eta bildur bait zen Errege-ordea Nafarroa-ko okupazioaren kontralegetasuna ager zezan, edo Nafarroa-ko kateak Tolosa-ko Navas-etan bildutako kateak ote diren istoria honda zizaion. Egia esateko, Euskal Herriaren kondaira zabal bat idazteko asmoa zuen Oihenartek; eta haren lehen urratsa baizik ez zen «Notitia= delakoa. Betegai honetatik eskuzki eta idazki mordo gaitz bat gelditu zaigu. Kondaira-ohar hauetarik gehienak Paris-ko Nazio-Liburutegian atxiki dira, Gers-ko Artxibotegian, eta jaun batzuenean: dokumentoen kopiak, oharrek, etorki-azterketek, eta abar, gaurkoz argitara gaberik, hogei bat mila orrialde osatzen dituzte (¡); eta Gaskoina osoa eta lberiako lurmuturraren Ipar-Mendebaldea ikutzen. Eskualde hauetako kondairagileentzako harrobi bat dago horietan, handik honerako tartean Oihenarte-k kopiatutako dokumentoetatik anitz galdu bait da; eta Oihenarte-ren kopiak, oso zehatzak beti, jatorrizko aleen ordari bait dira.

        Orain dela oso gutxi, kopia horiei esker birmoldatu dugu galdutzat geneukan Bonnefond-eko Apatetxeko Kartularioa; baita Aturri-ko lurraldeko Apatetxe Cister-tarren kondaira berriztua [9]. Ez dago hor apurrak besterik... Askoz gehiago galdu da: Sylvain Pouvreau-ren euskal hiztegiari Oihenartek erantsi zizkion oharrak argitaratuak izan dira. Baina Brancion-andreak Donapaleun zeuzkan artxiboetan Jaurgain-ek aipatu zuen euskal hiztegia eta gainerako paperak, galdu egin dira. Artxibo horietarik amini batzuk gorde ditu Barbaste osagileak, eta ikertzaileen zerbitzutan jarri ditu segidan bihotz zabalez. Funtsezkoena, ordea, Paul Labrouche-rengana igaro zen, eta honen heriotzaren ondoan galdu egin bide da. Oraingoz soilik galdua, agian! Oihenarte hilda hiru mende beranduago, euskaldunen kondaira moldatzen erruz lagun dezake haren lanak. Kemena beharko da, hau bai; ezen iritzi baikor batzuk gora-behera, Oihenarte-ren idazkera ikaragarria da. Gaur arte kondairagileen parte haundi bat gibelatu du zailtasun honek [10]. Esperantza dugu, ordea, kondairagile gazte batek Oihenarte-ren eskuzkiak eta paperak oro bilatzaileen eskuarrean jar ditzan.

        Kondairagile, ikertzaile, humanista, bere garaiko izpiritu gorenen artean aipatzea merezi du Oihenartek. Honen herri-bizieran, honen literatura-lanetan, honen kondairazko eta hizkuntzazko hausnarketetan, bere herrikideekiko maitasuna erakutsi zuen, baita bere iritziei eusteko kemena.

        Beti ere eredutzat har dezateke euskaldun guziek.

 

        [1] J-B-E de JAURGAIN. Arnaud d'Oihenart et sa famille. Paris, 1885, et revue de Béarn, Navarre et Lannes, 1885. C'est l'étude essentielle. La Bibliographie d'Oihenart se trouve dans Luis Villasante, Historia de la Literatura Vasca, Bilbao, 1961, pp. 86-89. Auñamendi, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Cuerpo B, vol. I, Literatura, S. Sebastián, 1969, pp. 183-194. J. Vinson, Essai d'une Bibliographie de la Langue Basque, Paris, 1891-1898, n. 20, 26, 362. — Depuis a paru: P. Lafitte, Une lettre inédite du Père Joseph Moret à Arnaud d'Oihenart (28 février 1667), dans Bulletin du Musée Basque N. 39, 1968, pp. 1-16.

        [2] Carnet de notes manuscrites d'Oihenart. Archives des Hautes-Pyrénées, non coté.

        [3] Sur les Sponde: J.M. Vidal, Henri de Sponde, (Bibliothèque de Saint-Louis des Français à Rome III, Rome-Paris, 1929. — Alain Boase et Fr. Ruchon, Sponde Poésies, Genève, 1949. — Sur les Bela: Gve. Clément-Simon, Jacques de Bela, Paris, 1896, extr. du Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau, 1894-1895. — Michel Etcheverry, Le chevalier de Bela, Bayonne, s. d.

        [4] Sur l'histoire et les institutions de la Soule: Marcel Nussy Saint-Saëns, Le païs de Soule (Essai sur la coutume basque), Bordeaux, 1955 (avec une abondante bibliographie).

        [5] Archivo General de Navarra, Sección de Comptos, Documentos, Ca). 6, 53. (inédit).

        [6] Louis de Froidour, Mémoire du pais de Soule, Bulletin Société Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, 1928, pp. 224-241.

        [7] P. R. O. Gascon Rolls 31 Ed. III, m. 6 et 9; 32 Ed. III, m. 9, 10, 15, 21; 48 Ed. III, m. I; 50 Ed. III, m. 2, 3; 51 Ed. III, m. 4 (inédits).

        [8] Archives départementales des Pyrénées Atlantiques, H 126, Chartes de Lahonce.

        [9] Jacques Romatet, Notes et documents pour servir à l'histoire des Abbayes cisterciennes et prémontrées des gaves et de l'Adour au Moyen-Age. Bordeaux, 1969 (Faculté des Lettres et Sciences Humaines, T. E. R. dactylographié).

        [10] Ch. Higounet. L'écriture de l'érudit Oihenart. Bordeaux, 1967. (Extr. du n° 85 du Bulletin de la Société des Bibliophiles de Guyenne).

 

Bilaketa