literaturaren zubitegia

976 idazle / 4.666 idazlan
7.228 esteka / 5.616 kritika / 1.828 aipamen / 5.231 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Telesforo Monzon

 

Mende berriko gizona

 

Koldo Izagirre

 

«Langosta baten inguruan»

Telesforo Monzon

Elkar, 1995

 

        Telesforo Monzonek artikulu batean kontatzen duen anekdotaren protagonista izan nintekeela uste izan dut beti.

        Hau zen gure Lehendakaria!

        Jose Antonio Agirre neukan begipean, ikusten nuen lehen hildakoa. Kristalari eman nion mun, osabak agindu bezala. Goseak nengoen baina lotsa nintzen, lehen bait lehen irten nahi nuen jende guztia begiak malkotan frantsesez mintzo zen etxe itogarri hartarik, goiko gelan Leizaolak Monzoni esaldi historiko bat botzen ziola jakin gabetanik:

        Orain Euzkadiko lehendakari neu naiz!

 

        Ez dakit Monzonek min hartu zuen lehendakari ez izanaz. Handik urteetara, Euzko Gaztedikoak ez ziren gazteekin lerrotu zelarik, bere PNVrekiko urruntzea min horrek eragina zela ere esan zuten. Leizaolak berak, lagun izanaren poemak zenbateraino laudatu zituen ahantzirik, zoroa eta halakoak egotzi zizkion ez oso estilo ederrean egia esateko. Mitxelenak —bertsolariak ez, besteak— min emateko zeukan ahalmena erakutsi zuen artikulu deitoragarri antologikoan, lehendik «lirismo ederraren jabea» bataiatu zuenaren poemagintza eta politikabidea, lapiko berean egosirik, gaitzetsiz eta mesprezatuz. Interpretazio guztiak dira libre eta egiantzeko, baldin eta pertsonaren nondik norakoa ezagutzen ez baldin bada, edo ezagutzen ez duenari mintzo baldin bazaizkio.

        Monzonek aspaldiskotik zekarren gazteenganako makurdura, edo zehazkiago, egonkeria politikoarekiko hastioa, saiakera literarioak utzarazita Leizaola Lehendakaritzara ekar zezaten baino ongi lehenagoztik. Iparraldea erbeste ez zuen naziolalista zaharretan bakanetakoa zen Monzon, eta horrek, goiz edo berant, urrundu egin behar zuen frantsesez ikasteko ere gauza ez ziren jelkide zaharkitu, gure Iparraldean errotu gabe Francoren baimenaren zain bizi zirenetarik, eta hemendik hara ihesi zihoazen belaunaldi berriekin hitzegitera, biltzera, galdetzera eraman zuen. Mende Berri du izena Jose Antonio Agirreren gorpua hartu zuen etxeak, eta bertan izan zuen egoitza, handik labur, Lagun Artea errefuxiatuen aldeko komiteak. Bere etxearen ezezik bere etxearen izenaren jabe zela nonbait, mende berri bat somatzen zuen Monzonek, bai, Euskal Herrirako. Barne-ikaratan zegoela dakigu orain, nazionalismo zaharraren ezintasunaz. Durduzamenduak pairatu behar noski Monzon bezalako aristokrata desklasatu batek: jatorriz zegokion monarkikotasuna arbuiatuz abertzaletasunean murgildu zen, eta Jaun Goikoa eta Lege Zaharraren jeltasuna Xanti Meabek iragartzen zuen Jan Nahikoa eta Lo Zorroarena bilakatua ikusten zuelarik asko sufritu bide zuen ETA azaldu zitzaion arte ate joka eta sukar emaile. Gero, Herri Batasunako partaidea zelarik, berea izaten zen beti Eusko Gudariak abesterakoan estutzen ez zen ukabil bakarra. Desklasatua zen, baina ez transfuga. Horregatik hartzen zuen min, eta min ematen zionari isiltasunaz erantzuten, ika-mika pertsonaletarik urrun. Iragana ukatu gabe zen abiatua etorkizunerat, ez zuen zer ezkutaturik.

        Lizardiri bezala gertatu izan zaio Monzoni ere neurri batean, poetaren ospeak ezkutuan utzi izan du prosagilearen handia. Biak baitira handi, nire ustez, egundaino egiteke daukagun euskal prosaren historian. Prosan, diot, hitz lauz edo berba laxoan, nagikerian bezala, hilezkortasun asmorik gabe, hurbileko helburuan, hainbat euskal idazlek utzi dizkiguten maisulanen genero labur, zail, zehatzezin eta definigaitz horretan. Uste izan dugu euskal kazetaritza Kirikiño zela eta ezer guti besterik, geureak bere sailak, azpigeneroak eta estiloak ere ez balitu bezala. Gero jakin dugu Larreko bat bazela, Manezaundi bat bagenuela. Iparraldeko kazetaritzaren emaitzak oraino ozta ezagutzen ditugu, pentsatuz eta Hiriart-Urruty batek betetzen ahal duela mende t'erdi... Jean Etxepare etortzen zaigu burura, eta ahazterat uzten ditugu Zerbitzari, Salaberry, Larzabal, Etcheberry, Monzon bera, euskaraz idatzi diren irakurgairik ederrenen egileak, diodan batere espanturik gabe.

 

        —Noraino joan zarete merendatzera orduotan ailegatzeko?

        Tolosaraino, trenez!

        Gezurra zen trenez joan ginelakoa. Banekien Tolosan ez zekitela frantsesez. Erabaki nuen hobe zela etxekoek ez jakitea Agirre euskaldunen lehendakaria ikusia nintzela, hila baina.

 

        Lehorreko eta ola-mendi arteko Bergara zaharrean haziak liluran hartzen du Donibane Lohitzune bezalako itsasbazterreko herri polit, arin eta kosmopolita. Biak dira erreferentzia puntu garrantzitsuak Monzonen artikulugintzan, eta bietako oroitzapen, gertakari eta istorioak erabiliko ditu aitzaki, politikaz jarduteko bezala bizitzaz dibagatzeko ere. Idatzia utzi digu Lohitzunen bizirik Bergara zuela ments, eta Bergaran zegoenetan berriz Lohitzune zuela behar. Izan ote dezake saudaderik batek, bere herrian bertan? Hain urrun ote daude bata bestearen? Hain bestelako ote gara ipar eta hegoaldetarrak? Bai, noski, Euskal Herriak askatasunean bat egiten ez duen artean. Nire iduriko hauxe zen Monzonen bihotzmin sakona, zatiketa horizontal hau beste zatiketa larriago baten ondorio ikusten zuela. Espainiako transizio aroan Monzonek hainbeste ahalegin eskaini zion euskal frontearen ezina aurrikusten zuela esan genezake, berrogei une lehenago, poetek duten hondamendien igartzeko botere misteriotsu eta mingarriarekin. Sentimenduetara zeukan hausnartua euskaldunon zatiketa bertikala, eta honetan ikusten zuen berak gure lurralde naturala ezin osatuaren zergati nagusia. Tafallak eta Ondarroak arrazoia eman diote egun, lehen Bergarak eta Lohitzunek bezala.

        Zatiketa hau batasuna egiten da ordea Monzonek sortzen duen euskara berrian. Mende erdialdiko prosagile hegoaldetarren euskara lehor, bizirik gabe eta aranakerietarik osoro urrunezinaren ondoan, Monzonena harrigarri egungoa eta modernoa egiten zaigu. Bergararra izaki, ez zen erabat gipuzkoar, ez guztiz bizkaitar, bazuen bietarik. Donibandarra izaki, lapurtarra zen mintzoz; liburuzalea izaki, klasikoa zen irakurtzez. Hangoa bezala hemengoa izate honek halako euskara berezi, aberats eta pre-batua lez post-batua ere bataia genezakeen eredua sortarazi zion euskalkien ñabardurak maisuki profitatuz. Hogeita hamar urte geroago, batua finkaturik zegoela, hartara egokitzeak ez zion batere gatzik kendu bere-berea zuen hizkera literario benetan zoragarri hari.

        Lapurdiko lusagarrak eskuan eta Bergarako jaiak gogoan aurkeztu izan digu bere burua, naturarekiko atxikimendua eta alderdi bestazalea adostuz, bere kristautasunak —honetan ere herrikoi, zabal eta patxadatsu— ezin ezkuta zezakeen hedonismo zuhur eta moderno batean. Eta honetan ere Lizardiren ondora dakart Monzon, alderdi formalean hari zor dionaz gain —artikuluaren kentzea, aditz laguntzailea ekiditzea, elementuen eta aroen antropomorfatzea, naturarekiko ekarria— biek ere jakin izan zutelako, Kirikiñok eta Lauaxetak ez bezala adibidez, errealitate eta berehalakotasun politikoari gain hartzen, gizakortu egin zutelako beren jarduna luma laxo utzirik, barneak agintzen zienari bide emanez, noiz norberaren ahuldadeak azaltzeko, noiz aitorpen intimo bat egiteko, idazlearen deabrua nagusitzen zitzaiola bietan politikoaren aingeruari. Eta politikoek hain gorroto duten umoreak, ironia mehe eta inteligentea eginik, halako dimentsio hilezkor bat ematen die bion lerro aunitzi, alderdikeriak baino zabaltasunak gehiago, konsignen fedeak baino biziaren beldurrak bortitzago eragiten zienez.

 

        PNVk alderditik kasatu zuenean, ohar bat idatzi zuen Ramon Saizarbitoriak biok sinatzen genuen Zeruko Argia zaharreko atal batean, 1977 urtea zen. Guti goiti beheiti, eta hitz egokiagoz, alderdiak kalitatezko pertsona asko izanen zituela noski Monzon bezalako gizon bati baja emateko, zioen oharrak. Astebeteren buruan Mende Berrin datatua zetorren gutun bat hartu genuen bion izenean:

        «Zeruko Argian irakurtu ditudan hitzak, zuzen zuzen barrurantz sartu zaizkit. Lehengo ber-bera naiz. Eta gaurko gaztediari atzoko goraintziak ekartzeko zerbait egin ahal badezaket, hemen naukazute. Arbola batek sustraiak behar ditu. Baina osto ferdeak ere bai. Bestela ez da arbolarik. Eta Euskal Herria, neretzat, ez da ez sustrai eta ez osto... arbola osoa baizik».

 

        Euskal Herriaren arbola. Francoren aulkiak. Orga lokatzetan. Arrano beltza. Pitxar hautsia. Kanpai jolea... Fabulaz, parabolaz, alegiaz mintzatzea maite zuen Monzonek. Baliabide metaforikoak ematen zizkion herriari, adibide xingle eta zorrotzak, batasuna, lurraldetasuna, naziotasuna aldarrikatzeko argudio gisa. Honetan ere idazleak larderia handiagoa zuen politikoak baino, KAS alternatibaren puntuak buruz ikasaraztea baino eraginkorrago zeritzon ipuintxo bat kontatzeari, hurbilekoak ezezik urrunagokoak ere bildu nahian. Bazuen gatza, hala ahoz nola idatziz, genero hori lantzeko. Hartuko zizun anekdota xume bat eta adibide orokor bat eginen zizun, hartuko zizun gertakari arrunt bat eta ondorio unibertsalak aterako zizkizun. Honen adibide egokia duzue bilduma honi titulua ematen dion artikulua bera. Manipuladore bat omen zela entzun izan diet haren etsai eta aurkari politiko zenbaiti, mesprezuz. Zer besterik da ordea, literatoa?

        Alegiarako jaidura hau, egia da, egunerokotasunari ihes egitea izan liteke, edo errealitate bihurri eta anabastu bat aztertzeko adina tresna teorikoren jabe ez izanaren ondorioa, edo errealitateari buruz definitu nahi ezarena. Ez zen Telesforo Monzon politikan sartu berriko idazle bat. Ehundaka mitinetan eta Errepublikako legebiltzarrean trebatua zen buruz buruka Calvo Sotelo bezalako arrainekin idazten hasi zenerako, ez zen mutu geldituko argudio dialektikorik ezaz. Eta bestelako politikaz, ezkutuan eta alderdiaren aginduz pertsonalki egin beharrekoetan ere —Franco sendo eta luzerako zegoela Don Juan de Borbonekin mintzatzea, esaterako— bazuen esperientziarik. Marxista ez denak ere errealitatea sakon xamar ezagun dezakeela onartzen baldin dugu behintzat, Monzonek bazuen zenbait kilometroren jirako berri. Eta ez zizkizun galdera gordinenak ere erantzuteke uzten.

        Idazle egina eta aitortua zen, hala antzerkian nola poesian. Emanak zeuzkan barne bulkoak eskatzen zizkion ixuriak. Ez zen beraz literato frustratu bat parabolak idazten zituen politikari hau. Genero honetarako zeukan zaletasunak, nik uste, haren intelektualkeria ezean du oinarri. Jakinduria kultura bilakatu ahal izan dutenen dohain garesti horrekin beti mesprezatu izan zuen pedanteria, eta hainbatetan adierazten digu, hitzokin ez bada ere, ideiak ez direla deus haragirik gabe. Horregatik egiten du antzerkia eta ez saio filosofiko edo historikoak, pertsonaiak ekartzeko geure begietara. Horrek, prosan, tesiak parabolen bidez aurkeztea dakar, mini-esketxak balira bezala. Ezaguna da poesiatik kantagintzara egin zuela bide. Eta ez zen genero hauetara etorria efikazia hutsaren bila, Monzoni berez sortzen zitzaion inguruarekiko eta pertsonekiko atxikimendua. Hala utzi dizkigu, zirriborro guztiz ederretan, gure herriko pertsonaia xehe maitagarri horiek: Beñat Elizanburu, Bordazuriko amatxi, Azkarate koronela, Bergarako Kaximira... Gure historia apalaren protagonista ilunak, bihar oroitzapen literario jatorrak izanen direnak, idatzi zituen literatoaren estiloa bezain biziak eta gustagarriak.

        Adeitsua, arraia, arina dugu Monzonen artikulugintza, irakurle apal eta eskolatu gabeei mintzo balitz bezala. Sekulan liburu bat irakurri gabea dela dirudi: esperientzia pertsonaletarik, berak bizitako gertakarietarik ateratzen ditu beti ondorioak, ez dizkigu proposatzen aurrez ikasitako definizioen hondakin. Naturatik eta gizartetik hartzen du jakinduria Monzon prosagileak. Gizakiaren miseriak baino, nahiago du gizalegea eta elkartasuna adierazten dituzten adibideak proposatu. Ez ditu buru-hausteak sobera maite, irakaspenak zeharbidez eta jostaketan ematen dizkigu. Azken finean, Monzon optimista handi bat genuen, eta baikortasun hori bere herritarrei txertatzen saiatu zen.

        Arina zuen prosa, bai, baina ez sakontasunik gabea. Haurtzaroko oroitzapen batek irakaspen zorrotza ematen dio gerlan dena ikasia behar zukeen gobernariari. Anekdota barregarri batek hausnarketa mingarriak eragiten dizkio jaun errespetagarriari. Neskame baten irtenaldiak gogoetan murgiltzen du, hedonista. Herri xehea miresten duten aristokraten artekoa genuen Telesforo Monzon, burgesiaren gainetik jauzi eginik —eta honek egunero pairatzen duen klase borroka jasan behar izan gabe— nekazariekin eta arrantzaleekin, kontrabandistekin eta morroiekin liluratzen zaigu. Eta hori, aristokrata populista edo herrizalearen irudia, oso ezaguna baldin bada munduan eta historian, ez hainbeste Euskal Herrian. Hain guti euskaraz.

 

        Errenterian gelditu ginen semaforoan, neu gidari, Monzon neramala Donibane Lohitzunera, Bilbon bilera barregarri bat izan ondoren. Ez nenbilen haren txofer, baina ardura hau zutenek beste zeregin batzuk zeuzkaten eta ekialdera nentorrenez ekarri egin nuen. Gaua zen, auto guti zebilen eta gure norabidearen eskuineko karrilean geldituak geunden, espaloiaren ondoan.

        —Klandestino narra zara zu.

        Ni ziur nengoen ez niola inoiz inori esan Agirre lehendakaria ikusi nuela hilik baina ez nekien zer zekien nitaz Monzon jaunak. Baietz erantzutea erabaki nuen beraz, klandestino txarra nintzela, Gobernazio Ministro izandako batek ez du zertan ez jakin sasiko lanetan. Eta txoferretan ni baino jantziago egon behar zuen noski.

        —Orain gure ezkerretik auto bat heldu eta metrailatuta ihes egin dezake lasai... Ezkerrekoan komeni da gelditzea beti semaforoetan.

        Neure artean egin nuen horrelakoak ez zituela gerlan ikasiak, militanteren bati edo militante ohiren bati entzunak baizik. Batzuetan pentsatu gabe etortzen ohi dira erantzunak, eta erraz bota nion:

        —Ez, orain ezkerretik etorriko balira ni hilen nindukete, txoferraren gorputzak babestu behar zaitu beti...

        Isilik gelditu zen segundu batzuk. Gero algara batean lehertu zen, esan behar ziela hori asko zekitela uste zuten batzuei, grazia egin zion, eta non entrenatua ote nintzen ez galdetzeko bezain bihozbera izan zen. Bilera zer iruditu zitzaidan galdetu zidanean egia esan nion, iruditzen zitzaidana alegia. Ados zegoen, eta ados geunden bilera hura barregarri egin zuten arrazoietan. Akatsak ulertzeko eta konprenitzeko zeukan ahalmenak erakutsi zidan, adinak hartara eramanen zuela uste banezakeen ere, ez zela politikari sinesgabe bat. Eta ordukoan eta beste batzuetan, Monzonek pertsonalki frogatu zidan paperetarik banekiena, ironia erabiltzen duen idazlea nekez izaten dela zinikoa.

        Hogei urte lehenago gurasoen isilean osabak ekarri ninduen etxera nekarren nik, klandestino txarrak, bertako nagusia. Eskua eman nion Jose Antonio Agirreri musu baino beroago, eta ateostean ezkutatu zen arte gelditu nintzen beha. Iragan mendeko giltza handi batekin zabaltzen zuen Mende Berriko zurezko ate gorraila.

 

        Nabarmenkeria eman dezake norbera sartzea aurkeztu behar duen pertsonaren bizian. Ez du Telesforo Monzonek nire aurkezpenaren beharrik. Haren lana, haren prosa eskatu didate hautatu eta aurkezteko. Betebehar honen harira dator, eta ez beste ezertara, harekiko bakan batzuk kontatzea. Idazterakoan idazleak mendean hartzen bazuen politikoa, bizitzerakoan idazleari gizatasunak hartzen ziola gain adierazteko. Ez dut idazleak emanen ez lukeen maila haren gizalegearekin bete nahi, ez dut halamoduzko obra bat egilearen jatortasuna dela medio jaso nahi, haren prosa aski gora mintzo da halakorik behar izateko. Oso bestelakoa da adierazi nahi izan dudana, alegia, idazle uste eta idazle bete eta idazle on asko, hau da, artista ez guti, hain daudela hartuak beren lanaz eta talentuaz non ezagutzen dituzularik iduri bailuke jatortasuna eta xumetasuna bateraezinak direla obraren kalitatearekin. Ez zen horietarikoa Monzon, aitzitik. Bazekien entzuten, bazekien isiltzen, bazekien gazteekin liluratzen diplomatiko baten jendetasunaz eta bizitza beteak ematen duen zuhurtziaz. Luma ziztrinagoekin egiten dute kukurruku zenbaitek.

        Inoiz atera izan nion, noraezean bezala, literaturaren gaia. Ez zeukan munta handian idatzi izan zuena. Monzon idazlearen artikuluek dauzkaten bertute berdinak zeuzkan Monzon gizonak: xalotasuna, dotorezia, ironia, detaile xumeekiko ardura. Ezagutu aurretik irakurria nintzen bere lan guztiak. Ederretsi nituenak ez zitzaizkidan txarragoak iruditu egilea ezagutu ondoren.

 

Bilaketa