Lafitte: «bizi, bizi...» eta
beste idazleen biziarazle!
Daniel Landart
Euskal Kultur Erakundeko zuzendariordea
«Nafar lapurtar idazle aipatuenak»
Piarres Lafitte
Elkarlanean, 2001
«Gazte» hilabetekaria agertzetik gelditu zelarik, 1963an, Jean Hiriart-Urruty orduko haren zuzendariak erdietsi zuen orrialde erdi bat «Herria» astekarian, gazteek idazten segi zezaten. Beraz, «Gazteen oihartzunak» deitu txokoa astero guk betetzen genuen, guk... orduan gazte ginenok !
Egun batez, ene artikulua beranduegi idatzirik, nihaurk eraman nuen «Imprimerie des Cordeliers» irakorlara eta han, hain xuxen, atearen ondoan, lehen aldikotz ikusi nuen Piarres Lafitte jaun kalonjea.
Harritu nintzen baina halere aski kalipu ukan nuen ene buruaren hari aurkezteko, eta holaxet, tipust-tapastean, zerbait erran beharrez, galdetu niolarik: «Nola zira Jaun kalonjea?», bere aho gaineko ezpain makurra oraino gehiago makurtuz, erantzun zidan: «Bizi, bizi...», burua trangalatuz, irri karkara batekin eta begiak dirdir.
Geroztik ere, galdera bera egin diodalarik, arrapostutzat hitz berak entzun ditut eta azkenik, 1983ko Bazko astelehenez, Euskal Herriko idazleak Saran elkartu ginelarik, errepikatu zidan: «Bizi, bizi...».
Iruditzen zait Lafitte jaun kalonjearentzat «bizi» hitzaren bi aldiz errateak bazuela bere garrantzia. Bere baitan zeukan bizi-nahiaren adierazpen garbia zela, dudarik ez. Eta bizi-nahi horrek sekulako indarra eman dio Euskal Herriaren eta euskararen alde etengabe bermatzeko.
Jakintsua zen Piarres Lafitte eta langilea ezin asmatzerainokoan. Jakintsua bai, baina ez zen mundutik aparte bizi. Ez batere. Asteartero, Euskal Herriko berri xehetenak ezagutzen zituen, hark baitzituen, pertsonalki, herrietako berri emaileen kopiak irakurtzen, zuzentzen eta inprimitu aurretik azken zuzenketak egiten.
Filosofo ausartenak, idazle korapilatsuenak ezagutzen zituen bezala, bazekien ere Senperen nor sortu zen, Barkoxen nor hil, eta adibidez Baigorrin bi ardi galdu zirela eta Hazparneko merkatuan, arraultzeak zer preziotan saldu ziren !
Hitz batez errateko, oi Lafitte, nolako gizon eta apez...
HARRIGARRIA
Aurten, haren sortzearen 100. urteurrena nolabait ospatu nahiz, Euskal Kultur Erakundeak eta Elkarlanean argitaletxeak liburu baten plazaratzea erabaki dugu. Eta hain xuxen, jadanik elkarrekin hasia dugun «idazle bat beste idazleez mintzo» sailaren segitzeko, ez genezakeen Lafitte baino hoberik aurki...
Alabaina, hari esker argitaratuak izan baitira nafar-lapurtar idazle ainitzen obrak, aldiro egiten zien aitzin-solas edo hitzaurre mamitsuan zernahi argibide ematen zuela.
Aitzin-solasen bilketa lanaren egitea ez zaigu hain zaila izan: hemen aurkituko dituzuen gehienak jadanik argitaratuak izan baitira «Klasikoak» [1] sailean, Patri Urkizu adiskideak paratu «Euskal literaturaz» liburuan.
Hautua nahitara mugatu dugu, XIX. eta XX. mendeetako idazleak ohoretan ezarriz, horietarik bat, Iratzeder, oraino bizi delarik. Haien biziaren gora-beherak eta utzi diguten obraren balioa ezin hobeki ikasiko dituzue Lafitteren luma xorrotx bezain aberatsa preziatuz. Ezartzen dugu ere, Lafittek Euskaltzaindian sartzeko egunean egin zuen mintzaldia, Georges Lacombe goretsiz. Halaber, interesgarria kausitu dugu euskara batua aipatuz frantsesez egin zuen elkarrizketaren euskaratzea.
Artetik derragun, Donostiako Elkarlanean-ek bere aldetik Piarres Lafitteren kazetari lanak argitaratu dituela (89 euskaraz eta 34 frantsesez) Pako Sudupek prestaturik. Eta Euskaltzaindiak aldiz, 2001-09-22an Uztaritzen egin ziren Hitzaldiak argitaratuko dituela «Euskera» sailean eta «Iker» sailean berriz Baionan 2001-09-20 eta 21ean euskal gramatikaz eta literaturaz egin ziren hitzaldiak, bai eta «P. Lafitteren gutundegia» [2].
Ikusiko duzue beraz, gure Ithurralde-ko Eiherazaina [3] beti «Bizi bizi» dugula eta liburu hau dela medio nafar lapurtar idazleak ere biziaraziko dituela !
Has zaitezte, irakurleak, berehala gozatzen...
[1] Piarres Lafitte «Euskal literaturaz» Klasikoak saila, 35. zbk, Euskal Editorialen Elkartea, 1990.
[2] Bestalde, ikus oraino «Hommage à Pierre Lafitte», Bulletin du Musée Basque, 1986, N° 113-114. Eta Euskaltzaindiaren IKER II, 1983.
[3] «Ithurralde» eta «Eiherazaina» izan dira, besteak beste, Lafittek erabili zituen izenordeak.