literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Pierre Narbaitz (1910-1984)

 

Piarres Xarriton Zabaltzagarai

Baionan, 1999ko otsailaren27an

 

«Kattalinen gogoetak»

P. Arradoy

Elkarlanean, 1999

 

        1955ean argitaratu zen Baionan, 106 orrialdeko liburuxka bat, euskaraz idatzia eta, berehala, arrakasta izigarria izan zuena: KATTALINEN GOGOETAK zuen izena liburuak eta orduko baserritar emazte gazte baten arrangurak ezagutaraztea zuen xede. Egileak ordea, Garaziko «Arradoy» mendixkaren izenpean gorde —ala salatu— nahi ote zuen bere burua? Nork jakin? Dena den, egiazko Kattalin, berrogeita bost urteko apez gazte bat zen, Baionako apezpikutegiko bikario jenerala, Pierre Narbaitz jaun kalonjea bera.

        Urte haietan gure Iparraldean ohiko laborari munduak ez zuen oraino egina XX. gizaldi honetako bigarren mende erdian egin duen buruzgaindia edo itzulipurdia. Hegoaldeak bere aldetik, nahiz Iparraldeak ez bezalako historia zeraman aspaldian, ez zuen oraino hain arrotz gure eskualdeko baserritar bizimodua: Horra zergatik menturaz ongi etorria egin zioten baxenabartar apezlagunaren obrari Zaitegi, Lekuona eta Villasante batzuek, «Euzko Gogoa», «Egan» edo «Arantzazu» beren aldizkarietan. Geroxeago, 1966an, Narbaitzek izan zuen ere bere liburua gipuzkeraz itzulirik Arantzazun argitaratua ikusteko atsegina.

        1950 aitzineko une haiek ezagutu ditugunek badakigu zein ezberdinak ziren orduko euskara eta mundua, baina ez gara hasiko aitzin solas honetan zaharrak gazteei abisu emaiten: irakurle bakoitzak, zahar edo gazte, lapurtar edo bizkaitar, nor ere baita, berak ikus beza zer deritzoten gaur, atzoko inguramen eta hizkuntza haiek, jatorriko euskalkian berrogeita bost urteren buruan eskaintzen zaion bigarren argitalpen honetan. Ez gaude bizkitartean zenbait lerro ezarri gabe, irakurle gazteari erraiteko nor zen ote liburu honen idazlea, Pierre Narbaitz kalonjea, guk miretsi eta maitatu dugun gizona.

        1910eko martxoaren 25ean sortua zen, Azkarate Intxauspean, Peoño Narbaitz eta Kotixa Callabaren bigarren haurra eta lehen semea, Pierre bataiatu zutena. Beste lau haur izan ziren belaunaldi beretik Intxauspean: Mari andregeia, Donazaharreko Laurent Bidegainekin etxondoan ezkondu eta familiatu zena; beste bi ahizpa haurrean hil zirenak; eta Claudine ahizpa gazteena, osabak ondoko eginik Luzaideko plazan ezkongabe geldituko dena.

        Pierre ttipiak, etxekoen arabera, ez omen zuen laborantzako tirria handirik, baina eskolan eta katiximan gogotik zebilen eta bakantzetan auzoko lagunak etxera biltzen zituen jostatzeko, berak meza emailearena eginez. Laster, Euskal Herriko haur anitzek eta bere lehenkusi Pattin Narbaitz Ezpilakoak bezala, apezgaitegiko bidea hartu zuen, ez ordea kusia bezala Indietara misionest joaiteko, Euskal Herrian apez gelditzeko baizik.

        Eta hasteko, 1934ean, Klement Mathieu hazpandar apezpikuaren eskutik Baionan apezturik, 24 urtetan Uztaritzeko seminariora igorri zuten irakasle. Ikasle gazteenen begirale zelarik ordea, Uztaritzeko Pierres Lafitte eta irakasle lagun zaharrago batzuek bildu zuten bazterreko lan batzuetara: GURE HERRIAN, 1934an, argitaratu zuen bere lehen artikulua, Baxenabarren «Solbezio» deitzen duten Iraileko Andredena Mariaren bestari buruz idatzia.

        Ondoko urtean, AINTZINA aldizkari berria sortu zelarik, horko musika sailari lotu zitzaion, «Ttunttun» izenordearen gibeletik, musikari gazte bat eta Piarres Lafitten «Eskualdun makila» deitu bertsuak jantzi zituen Ttunttunek, hots Pierre Narbaitzek, doinu berri pollit batekin.

        Bi ohar horiek oroitarazten digute, batetik, Narbaitzek garrantzia handia eman ziela beti eliza besta, beila eta herriko erlisionearen itxura guztiei eta, bestetik, berak dohain aparta bazuela soinu joile, zuzendari ala kantu edo kantika asmatzaile bezala musikarako. Nola ahantz 1951 ko «Charamela» kantu bilduma, 195 7ko «Lurdeko lorea» kantika, 1961 eko Meza-bezperak, 1965ko «Meza laburra», 1966ez geroz GURE HERRIAN Euskal liturgia eta musika berriez berak agertu artikuluak?

        Anartean, beste alorrik landu behar izan zuen ordea Intxauspeko apezak: 1935ean bidali zuten Uztaritzetik Tolosara, filosofia ikasketak egitera eta gero, ikasketa horiek bururatueta, 1938ko agorrilean, Baionako seminariora izendatu zuten, filosofia irakasle. Han genuen guk ere irakasle bezala ezagutu, 1940tik 1946ra, eta aitortu behar dugu, nahiz irakasle parrasta bat badugun ezaguturik gure bizian, argienetan argienetarik iduritu zaigula beti Pierre Narbaitz.

        Zinez urte bereziak izan ziren urte haiek guretzat: Alemanek, Frantzia errautsirik, Ipar Euskal Herria ere beren esku zeukaten urteak baitziren. Nihonek aipatu berri ditut orduko zenbait oroitzapen Eusko Ikaskuntzak gure seminario ohian antolatu biltzarre batean. Erran behar da ez ginela denak aburu bereko politika gaietan, ez frantsesak, ez euskaldunak, ez euskaltzaleak berak ere egun ilun haietan. Maiz ixilik geunden gehienok, bakoitza gurea gogoan, baina gertatzen zitzaigun eztabaida gogorrak izatea, berdin adiskideen artean. Dena dela, ikasle gazte multzo batek AINTZINA aldikariaren bigarren argitaraldia, abiatu genuelarik, Narbaitz eta Larralde gure bi irakasle euskaldunen itzalaz ederki baliatu ginen.

        Orduan ere Baionako apezpikuak deitu zuen gure filosofia irakaslea apezpikutegiko bulegoetara eta horrela, hogoi urte luzez, 1943 tik 1964ra arte, Vansteenberghe, Terrier eta Gouyon, hiru apezpiku zinez ezberdinen eskuin aldetik, Baionako diosesia osoa ez bada, Iparraldeko eliza bederen, gobernatu zuen Pierre Narbaitz kalonjeak.

        35 urtetakotz gora iganik, ez da harritzeko kalonje gaztearen jorratzaileak izatea. Beihalako Suhuskundar zuhurrak ere ez ote zuen erraiten: behar zuela gizonak aipatua izan... onean edo txarrean, baina aipatua? Nola bada ez zen aipatuko bazter quztietan, mintzoan ala idatzian horrelako erraztasuna, harremanetan horrelako artezia, denetan horrelako nortasun aberatsa erakusten zuen gizona?

        Bazoan beraz Narbaitz aitzina beti bereari, batzutan apez guti ikusten zen jendartean sartuz, erroak non zeuzkan ahantzi gabe ordea: Pariseko Jacques Chancel irratilariaren aitzinean agertu ondoan, bazekien bere bulegora itzultzen eta, Baionako bikario jeneral zen bezala, orduko Euskal Herriko elizak eskatzen zituen erabakiak hartzen.

        Zeren ez zitzaion aski «herritar guztiez eta herritar bakoitzaz arduratzea, nahi men ere, eta lehenik, herritar guztien onetan, Herri osoaren ona bilatu, Herria hazi» (Gure Elizetan bi mintzaira, P Arradoy, GURE HERRIA, 1966, 186. orr.).

        Guhaurk erran behar dugu, lekuko izan garen bezala, ez ginuela ikusiko 1950-60eko urte haietan ez Ameriketako euskaldunen apezik, ez Paris eko Euskal Etxerik, ez Baionako euskal mezarik, ez Ziberoako, Amikuzeko, Garaziko ala Lapurdiko laborantza eskolarik, ez Hazparneko nekazari eta teknikari ikastegirik, Baionako bikario jenerala Pierre Narbaitz izan ez balitz, zinezko apez euskalduna.

        Eta horiek oro «zafratu» ondoan, gure kalonjea erretiratuko delarik, edo zuzen errateko baztertuko dutelarik, 1964ean, adin ederrean, Emazte Kristauen, hots, «Liga»ren aholkulari gelditzen den bikario jeneral «ohorezkoari» gogoratzen zaio, zenbait urte geroago, Jean HiriartUrruty zenari, hau ere bikario jeneral kargura heltzean, aitortuko dion gogoeta hau: «Orobat zernahi egin dezazun ez du inporta! Nahi duzuna egizu. Beharrezkoena ez da gauzen egitea, baina bai garen hura izatea».

        «Garen hura izatea dela beharrena»: hitz horiek entzun nituelarik Jean Hiriart-Urruty zenaren ahotik, Azkarateko plazan egin zirelarik gure irakasle maitearen ehortzetak, iduritu zitzaidan «Kattalinen gogoetak» idatzi zituen gizon hura bera zela ari izana aitzineko hogei urtetan bezain segur, baina bestela, bere azken hogei urteak higatzen sorterriaren zerbitzuko. Berriz irakur bedite liturgia berriaren aroan gure elizetan euskarari emaiten edo ukatzen zaion lekuaz bikario jeneral ohiak idatzi zituen solasak: «nago ba ote dugun gure gogo barnean eta gure otoitzean gure Herriaz aski axola, gure Herriaren izaiteaz, izaite horrek gure kristau izaitearekin duen lokarri hertsi barnakoaz» (op. cit. GURE HERRIA, 1966, 187. orr.).

        Nahiz ez dakigun askotan guhaurek zerk dituen xuxen bideratzen gure urratsak, nik ez daukat orai zalantzarik Herriaren axolak zuela Pierre Narbaitz eraman bere azken urteetako idazlanen ontzera: Gure Herriaren historia sakonetik ikertzen hasi zen Iruñe edo Pariseko artxibategietan zoko mian ibiliz, egunak eta gauak euskaraz edo frantsesez idazten erauntsiz. Bazirudien Herriaren iraganean bilatzen zituela gure adiskideak Herriaren geroa berritxuratu behar zuten sakoneko egiturak.

        Bizkaitarrek dioten bezala «lan eskerga» horri zor dizkiogu 1975ez geroz argitaratu zituen San Frantses Jatsukoa, elebiduna; Baionako Katedraleko Albuma, lau hizkuntzetan; frantsesez aldiz: Le Matin Basque, euskaldunen historia lehena; Nabarra, euskal erreinuaren kondaira 9824-1524); Orria, 778ko bataila; Maurice Ravel, euskal musikari handiena.

        Eta azkenik, eskutan darabilt gure irakasle zenak berak 1981 eko urtarrilaren 21ean eskaini zidan azken Gogoeta liburua, «Blas Pascal-en Gogoetak, eskuararat itzuliak». Zergatik ez nezake sala, berak aspaldi lehen hainbat miresten erakatsi zidan obra, nihonek aholkaturik zuela bere «eskuararat itzuli» eta argitaratu? Gogoeta horien guzien artetik hauxe men hartu eredu: «Ezagut-azu beraz, urgulu-zilo, zer bai-ta-eza ziren zuhaurentzat. Umilia zaite, arrazoin herbaila! Ixil ziite, izaite ahula! lkas-azu gizona, milaka eta milaka, gizona baino gehiago dela eta ikas-azu zure Nausiaren ganik zuhaurek ez dakizun zure egiazko izaitea: Beha Jainkoari!» (Gogoetak, n. 434).

        Baina ze aldaketak eta ze iraulketak ez dira gertatu, ordutik hona, 80eko eta 90eko hamarkadetan! Entzuten genuen berriki Aingeru Epaltza, Antton Luku-ren «Botoiletan», ipuin liburua Iruñetik komentatzen, erranez, ez dugula eiki hor hatzemanen «Hegoaldean hain maite zuten Iparralde bukoliko» haren oihartzunik, «natura eta gizarte paisaia krisialdian amilduriko gizarte bati dagokiola» Lukuren luma. (HEGATS, 21 /22, 114. orr.).

        Badut uste «Kattalinen Gogoetak» hurbiletik irakurriko duen irakurlea ohartuko dela ordukotzat zartatzen hasia zela Iparraldeko euskal mundua. Baina Pierre Narbaitzen eta Pierre Narbaitzek berak ongi ezagutu zituen Jean Etxepare Landerretxen eta Daniel Landarten ondotik, Piarres Larzabal eta jean Hiriart-Urruty eta beste zenbait tartean direla, Itxaro Borda eta Antton Lukuren belaunaldi berrietara heldu gara, «antzaldatze bizian abiaturik, molde zaharrak arruntik baztertu ez eta berriak guztiz onartu ez dituen gizarte batean murgildurik» Aingeru Epaltzak ikusten gaituen bezala, beti gatazka bera daramagula. Nondik heldu garen ohartaraziko gaitu halere, nik uste, P Arradoien euskara sotilak.

 

Bilaketa