Gratien Adema
Ales Bengoetxea
Lazkaoko Senperen, 1990eko urria
«Kantikak eta neurtitzak»
Gratien Adema Zalduby
EEE, 1991
1. Zalduby [1]
Gratien Adéma Goyeneche 1828ko apirilaren 14ean sortu zen. Aita Haute-Garonne-tik Senperera etorri eta bertako andere batekin ezkondua zen; hantxe jaioko zen gure Zalduby ere.
Hasieran bertze izen batzu erabili zituen, baina geroago familiak Senperen zuen landa baten izena hartu zuen izengoititzat.
Larresoroko apezgaitegi ttipian Elissambururen ikaskide izan zen; jakina denez, Larresoroko apezgaitegian ez baitziren bakarrik apezgaiak ikasle ibiltzen, noizbait Saratarrak bertze biderik hartu zuen; eta politika kontuetan nahikoa aldenduak ibili baziren ere bata gorria, bertzea xuria bien arteko adiskidantzak beti iraun zuen [2].
Biak bertsozale izaki hona halako batean eskolako bizimodua nola eman zuten bertsotan:
Zoin dohatsu gu hemen, jeunesse fortunée!
Bortz orenak artean la grasse matinée.
Jaiki orduko lana; plus tard le déjeuner...
Hobeki ditakeia commencer la journée?[3]
Erran bezala bi adiskideek bide bereziak hartuko zituzten: Elissamburuk armada eta Adémak apezgoa. Honek Baionako apezgaitegi nagusian burutu zituen ikasketak eta ikasle hauta bezala burutu ere [4]. Apeztu eta urtebete eman zuen Larresoron irakasle, gero Hazparnen apez laguntzaile egon zen 1854-1860 bitartean, ondoren Bidarrain (1860-1872) eta Atharratzen (1872-1890) erretore [5]. Azkenik Baionan Kalonje tituludun 1890etik 1907an hil zen arte. Senpereko sorterrian ehortzirik dago.
Gaizki erran izan da berandu arte ez zela idazten hasi; honela jasoa da behinik behin zenbait literatura historiatan. Gorago ikusi dugunez, gazte-gaztea zelarik, bere letraz idatzi zituen bere lehenbiziko bertsoak, bai bere baitarik atera zituenak, bai Elissambururekin batean ondutakoak, bai eta Camoussarryren banaka batzu ere, eredu bezala bere eskuz kopiatu zituenak [6]. Egunen batean, agian, jakinen dugu zenbat zor dion Adéma gazteak Camoussarry zorigaitzekoari [7]. Kaier horietan agertzen diren olerki guziak kaligrafia eta apaingarri ederrez hornituak dira.
Horiek direla eta jakiten ahal dugu Pilotariak neurtitzaren lehenbiziko bertsioa 1857koa dela, Martin eta Kattalin 1851koa, Hitzuntziak 1857koa eta gehiago ere badira garai hartakoak.
Lore Jokoetara aurkezten zenean, bertsoak ez zituen bere izenez izenpetzen alegiazko izen batez baizik: Hergaraya, Senperetarra, Uxaleguy eta Zalduby Artzain Beltcha izan ziren horietako batzu. Azken hori erabiliz 1873ko Lore Jokoetan garaile atera zen eta ordutik aitzinera izen hori bakarra erabili zuen gai profanoetan.
La Fontaine-ren zenbait alegia euskaratu eta neurtitzetan eman zituen. Honelako bi alegiatxo ziren, hain zuzen, lehen aipatu Sarako Lore Jokoetan irabazle suertatu zirenak.
Harrezkero bere fama hedatzen joan zen Euskalerriko bi alderdietan, bere neurtitzak aldizkari askotan agertzeaz gain, Hiriart-Urrutyk zuzentzen zuen Eskualduna astekarian ere parte hartzen zuen bertze gisako artikuluak idatziz.
1892ko Azpeitiko Euskal Jaietan omenaldia egin zioten eta bertan hasi ziren batipat Azkue eta Hegoaldeko bertze euskalzaleekin harremanak estuagotzen.
Kezka bizia zuen noiz sortuko ote zen Euskal Akademia. Ametsa ere egina zuen D'Abbadiek horretarako dirua emanen zuela; hura hiltzean, gauzak makurtzen zirela ikusirik eta etsipenez beterik idazten zion behin Azkueri [8] Urte batzu geroago, Hondarribiko bilera famatu hartan, bera zen mahaiburua; urteek eta gaisotasunak ezindua, egindakoa baino gehiago nekez egin zezakeen: «Maipurua, Zalduby xahar ohoragarria, arrunt erlastua, eritua, beti bere xilintxa eskuan, hura ezin aski inarrosiz...». Honela deskribatzen digu Jean Etcheparek eskena triste hura [9].
Erran bezala, azken urteetan ahotsa erabat galdua zuen; hau eta bertze zenbait gaitz sendatzeagatik urtero joan-etorri bat egiten zuen Aldudara, Harpeko ur sendagarriek on egiten ziotelakoan. Bertako mirikua Etchepare gaztea zenez, pentsatzekoa da solasaldiak izanen zituztela beren artean [10].
Etcheparek berak ematen digu Zalduby zaharraren deskribapena: «Guti dugu ikusi adin hartako xahar hain lirain xut gorarik, ile xuri nasai batzuek bere begitarte arrai xuhaila eztiagotzen zakotelarik oraino eta iduri gaztetzen. Jauntzitik hiritar emaiten zuen, edo bederen etxeko seme handi. Ibilgunean bazuen Eskualdun menditarrek bakarrik daukaten halako zalhu arinkeriarik gabeko zerbeit. Eskuak hain eder eta gurbil zauzkan non berehala ezagun baitzen zer tresna zerabilaten eta nola. Azken bizpahiru urtetarat bizkitartean adinak urritua zakon urhatsa, burua lurrerat ukurtu gabe hargatik. Gaitz zerbeit zintzurrari lothurik, erlastua ere zen, haren entzutea orozbat goxo eta bitxi baitzitzeien orori.
»Udako goizetan bederatziak artino hozpil baitago oraino, gauaz bezala, gain hotako airea, Harperat bazoan bizpahiru adixkiderekin, plazako gazte andana bat ondotik jarraikitzen zitzaizkola. Ezagutzen zituen hok denak, denentzat bazuen elhe on edo behako ezti bat. Lañoa zelakotz eta xehea ezin gehiago, maite zuten orok.
»Harpeko ur hotx mehe garbitik edan eta, jartzen ohi zen erregebidearen bazterrean dagon kotor ttipi baten gainean. Inguratzen ginuen. Orduan bazuten haren ezpainek zerbeit, zerbeit erraiteko! Batzuetan ezin athertua, xaharra baitzen eta xaharra baino gehiago... koblakaria. Zer nahi bazakien Eskualherriaz...» [11].
2. Adémaren literatur lana
2.1. Zenbaitek, burua sobera nekatu gabe, Lore Jokoen literatur inguruan kokatu du Zalduby, oker gure ustez. Egia da behin baino gehiagotan neurtizlarien guduetara aurkeztu zela, egia ere da bere lanaren zati handi bat Lore Jokoei esker sortu zuela, akuilagarri izan zituela alegia, halere obratxo haiek proiektu zabalago baterako pentsatuak ziren, dudarik gabe.
Bertzetik, sinplifkatze honek kanpoan uzten du apeza, kalonjea, hogeita hamaika guttienez kantiken egilea. Etcheparek hauetako batzu, hain zuzen, jotzen zituen gorentzat [12].
Gai profanoetan, ordea, edukiz bai formaz askatasun gehiagoz jokatzean, erran liteke bere estilo baliabideak nabarmenago direla. Bere asmoa libertitu eta aldi berean irakastea denez, alegietan atxematen du bere neurriko moldea. Alegia hauek bere garaiko gizarteari buruzko gogoetez zipriztintzen ditu bidenabar eta politikan sartzen da bete-betean, ezizenez gerizaturik.
Orduan ere gaizki ikusia izanen zen apezek politikan parte hartzea eta Adéma zailtasun hori gainditzeko Zalduby izenaz baliatzen zen noski. Erran liteke, beraz, Zaldubyren lan mundutiarra politikari lotzen zaiola; alderdi horretatik, hain zuzen, esplikatzen baitira orduko Euskalerriko aldaketa guziak: fedea, ohiturak, euskara bera.
Errepublikaren etsai amorratu dugu, erran gabe doa, eta halere Errepublikazaleen adiskide; fedegabeen astingarri eta aldi berean beren solaskide; pentsamoldeak, bizimoduak gaitzesten ditu, aldiz gizakiak onesten. Honek ematen digu gizon haren neurria eta esplikatzen zergatik elkarrengandik hain berezita zeuden pertsonek Adémaren baitan adiskide amankomuna izan zezaketen eta proiektu bateratu batean esku hartu.
2.2. Lourdesko agerraldiak 1858an gertatu zirenez, pentsatzekoa da Adéma kalonjearen egitekoekin lotura handia izanen zutela eta halaxe da. Euskalerritik zihoazen beiletan Adémak hartzen zuen bere gain antolamendua. Predikuak ez ezik kantikak egin eta gogotik irakatsi ere egiten zituen [13]. Honen inguruan bi liburuxka agertu zituen: 1875ean Jubilau urthe Sainduan Bazco biharamun eta hirugarrenean Lourdesen eta Betharramen Escual herritik pelegrin cirenen orhoitzapena lehenbizikoa eta, bi urte geroago:
Icusirik liburu ttiki horrek izan zuen errekesta, eta hain laster denac emplegatu ondoan galde asco heldu cela oraino bazterretaric, hartu nuen chedea bertce hambertceren eta gehiagoren ere berehala imprimarazteco. Bainan hainbertcenarekin eman nion gogoari, hartaraz geroz hobe nuela aldi huntan, aintcinecoan baino cerbeit gehiagorik eta compliagoric egin... [14].
Horrengatik agertu zuen bigarren gida hau: Eskualdun pelegrinaren bidaltzailea. Liburuxka honetan, santutegi bakoitzaren historiaz gain, zenbait kantika ere eskeintzen zuen, historia eta debozioa tartekatuz.
Bertze zenbait kantika orri solteetan agertu ziren. Hauetan bertso paperen antzeko mekanika segitzen zuen: doinu ezagun bat edo berak asmatutakoa hartu, horren gainean kantika eraiki eta gero inprimarazten zuen, jendeak kanta zezan.
Lore Jokoetan aurkezturiko alegiak bezalako bertsio gehiago argitaratu zuen, beti La Fontaine-ren testua abiapuntutzat harturik. Lan guzi hauek orduko aldizkarietan sakabanatuta daude: Revue des Basses Pyrenées et des Landes, Eskualduna, Euskal Erria, etab.
Neurtitzena ez ezik hitz lauzko lanen egilea dugu. Bere garaian, batez ere, interesa sortzen zuten bi alor landu zituen: etimologia eta hizkuntz erkaketa. Gauden gu eskualdun izeneko eskuzkribuan euskaldunen jatorriaz ari da, Lafittek dioenez, testigantza historikoak gehiegi kontutan hartu gabe. Bertzetik Euskalerri osoko leku izenen bilketa eta interpretazio lana egiten ari zen azken urteetan. Egun ez dakigu non dauden bi idazki hauek.
Semaine de Bayonne delakoan euskara eta japonieraren arteko antz fonetikoei buruzko lan bat eman zuen argitara, baina kasu honetan ere, ezin erran gauza handirik bere egiazko balioaz.
Bere azken hogeitamar urteak biltzen dituen egunkaria, bertzalde, ezagupen iturri gerta liteke aztertuko balitz. Izan ere, Livre de raison horretan xehetasun nimiñoenak ere jasotzen bait zituen, hala nola idatzi eta jasotzen zituen eskutitzak, bisitaldiak, etab.
Azken urteetan bere neurtitz hoberenen argitalpena prestatzen ari zen, tamalez bera hil ondoan baizik ez ziren agertu [15].
2.3. Horiez gain, Lafittek dioskunez, Eskualdun Ona aldizkarian bere ideia estetikoei buruzko artikulu bat idatzi zuen, zoritxarrez ez hark ez guk ezagutzen ez duguna. Lafitte saiatu zen horiek zein ote ziren argitzen. Haren ustez, Zaldubyren ideia nagusia litzateke bertsoa kantatua izan behar dela: testua musikaren euskarri intelektuala da, musikak inspiratu behar gaitu.
Idazterakoan darabiltzan baliabideen artean, Lafittek nabarmentzen dituenak dira: latinetik imitaturiko elisio bortxatuak, XVII mendeko egileen iduriko aldrebeskeria sintaxi mailan eta hoskidetza bitxien bila joatea. Sintesirako joera ere ba omen du, pentsamendu baten osotasuna emateko ahalik eta hitzik guttienak erabiltzen dituelarik, aisa dena zailduz, perpausak irauliz [16].
2.4. Adémaren olerkigintzaren ezaugarri nagusia, hortaz, hitza musikaren morroi izatea da; eta horretarako, testua musikari behar bezala egokitzeko, baliabide nagusitzat forma aniztasuna dauka. Forma aniztasun hau batetik lexiko mailakoa izan daiteke, sinonimoen erabilera alegia; bigarrenik eta maizenik soinu mailan gera daiteke, hitzak laburtuz, batzutan sinalefaren bidez, bertzetan zenbait bokal edo kontsonante ezabatuz, edo hitzak luzatuz, polikiago ikusiko dugunez.
Zalduby bertsolari zehatza da, bertsoak doi-doi neurtuak ematen ditu [17]. Silaben kopuru mugatu hori lortzeko ongi ezagutzen dituen euskalkietara jotzen du hitz bila eta bertzetan, laburtu edo luzatzeaz gain, forma berriak sortu egiten ditu; ikustearikan hitza lekuko; ikusirikan eta ikustean-en arteko hibridoa nonbait.
Bertsoa laburtu behar duenean bokalarteko r (hoi, haitz) eta b (Eguerri, hail) uzten ditu erortzen, edo silaba osoa ezkutatzen da: baikhar (bait dakhar), hauk (hau duk), be haute (behar dute), adibidez. Tinbre bereko bi bokal elkartzen direnean komeni bazaio bokal bakarraz ematen du (umen) edo bertzela biez (mendeen). Hitz betegarrien teknika ere maisuki darabil.
3. Euskalkia eta hizkera
Darabilen euskalkia orohar lapurtera dela erraiten ahal dugu, neurtitz batzutan baxenafarrera edota zubererazko hitz eta egiturak agertzen badira ere.
Ikus ditzagun kasu marka banaka batzuek agertzen dituzten aldaerak: nori plurala: gizoneri, gizonei, gizoner, norentzat: guretako, harentzat, bertzentza; norekin: zurekin, hirekila; noren plurala (erakusleetan): hoien, hoikien; nora: itxurara, itxurarat; norengana: zure gana, zure ganat, nitara, gutarat; noizko/zertako: betiko, gerokotz, (heldu den) aldikotzat; partitiboa: ikusirik, ikusirikan.
Aditzari dagokionez, kasu markez erran dugunak balio du; hemen ere forma aniztasuna da nagusi, baina lehen erran ez bezalakoa. Aditzaren mailako polimorfismoak metrika arrazoiekin ez ezik estilistikarekin zerikusi handia dauka, testuari bizitasuna, arintasuna ematen diolarik.
Euskalkiaren berezitasunei buruz zenbait puntu gogoratuko ditugu:
nor-nori-nork sistemaren erroak hiru dira: daro-, dau- eta di- (azken hau batez ere 3. pertsonari dagozkionak). Lehenbiziko biez ez daiteke erran metrikaren zerbitzutan soilik erabiltzen dituenik, hitz lauz ari denean ere bata zein bertzea baitarabiltza.
nori 3. pertsona pluralaren ezaugarria -ote da. Honela diote = diote, die; zaiote = zaie.
Goinafarreraz eta Iparraldeko bertze euskalkietan antzera -ki atzizkiak aditzari lotua infinitibo-gerundio baten balioa hartzen du; orohar kontrastea markatzeko erabiltzen bada ere, ez da hori bere balio bakarra. Adibidez:
«Plaza bat izaiki'ta
pilotaririk ez;
Asko herritan hortaz
dagode ahalkez...».
(Pilotariak)
Edota:
«Lurreko puxantziek uste zuten eiki
Aise behar zutela Eliza aurdiki,
Berak dire erori!... gero ezin jeiki!
Guziak goaki bainan Eliza egoki...
Hemeretzi menderen berri ja badaki».
(XXVII. kantika)
Ikus bertze hau ere:
«Aingeruak han egoki
Zuri beha erronkan;
Hain baitzagoen goxoki
Haurra zure besotan».
(XX. kantika)
Baldintzazko esaldietako ondorioan *edun, *ezan, *-iro erroen ahalezko formak erabiltzen ditu nor-nork sisteman eta *edin erroarenak nor sisteman, batzutan ahalezko balioa ere atxekitzen dutelarik. Gaur hain hedatua den ahal izan bakar bakarrik infnitibo moduan agertzen da. Protasia, bertzalde, bigarren partizipioaz osa daiteke: maitatzen bazintut adibidez.
nor-nori-nork sistemako aginterazko formak d-z hasten ditu: diezadak, diezadatzu.
Alokutiboa mendeko perpauseko aditzean ere joan daiteke:
«Hila zelakoari,
hartza urrundu'ta,
Laguna heldu zaio:
Errak, to, ez ukha.
Hartza ari baitzuan
hiri mandatuka;
Zer erran daukan, niri
aitorturen duka?».
(VII. alegia)
4. Metrika
Adémaren metrika ez da oraino sakonki aztertu. Lafittek eta Lacombek zerbait egin zuten, azkenak batez ere, Xuriko-ren bertsio ezberdinei buruzko erkaketa lana burutu zuen [18]. Hegoaldeko egileen artean, Orixek hauxe bakarrik aipatzen du: «Berak agitz yaioki egoki zuen Asklepiade-neurtitza gure izkuntzara. Ikus Jesusen azken-afaria» [19]. Luis Mari Mujikak azterketa bat egin zuen bere Historia de la literatura euskérika liburuan eta azkenik Gilermo Etxeberriak eta lñaki Iñurrietak «Amaxo» poemaren azterketa zehatza poliki egina dute [20]. Halere, aitortu beharrean gaude Zaldubyri zor zaion bezalako azterlanik oraindik inork ez duela bere gain hartu eta merezi duela uste dugu zinez.
Hemen ematen ditugun hirurogeita hamaika neurtitzetan barna hogeitabortz molde ezberdin aurkitzen ahal dira. Gehiena erabiltzen duena da zortziko ttikia edo, Iparraldean nahiago dutenez, hamahiru silabatako lauko berdina, zeina hogeitabortz neurtitzetan erabiltzen baitu, hemezortzi alegietan bertzeak bertze.
Kontu honetara etorririk erran behar dugu Zaldubyk proposatzen duen eredu grafikoa ez dugu atzendu behar kaligrafa eta alderdi estetikoari ematen dion garrantzia bi tradizioen zubi bihurtzen dela; Hegoaldekoek bezala zortziko ttikia zortzi lerrotan idazten du, adíbidez:
«Mundu huntako berri
nahiz berak jakin,
Otsoa oihanetik
atera zen behin.
Hiri eder baterat
hurbiltzearekin,
Jarri zen buruz buru
zakur gaitz batekin».
(XIV. alegia)
Bertzetik, Iparraldekoen antzera, bertso hasierako eta puntu ondorengo hitzak letra larriz hasten ditu, beraz nahiz eta zortzi lerrotan idatzi, azpian lau balira bezala bide dauzka. Hemen, ahalaz, Iparraldeko usadioaren arabera jokatu dugu; guziz zuzena ez dela jakinik, modu honetan agertzen ditugu gehiago toki-arrazoiek bulkaturik, konbentzimenduak baino.
Bertze eskema metrikoetan, tradizioaren alboan berrikuntza ere nabaria da; errítmo desorekak, adibidez, oso maiteak ditu. IX. kantikaren eskema hau da:
Gau min huntan: 4a
Argi eder hunek gu: 7b
Nundik argitzen gaitu,: 7b
Orai bet-betan?: 5a
Ez, ez izan: 4a
Beldurrikan,: 4a
Salbatzailea baita sortu gau huntan.: 7+5A
Huna nun den: 4c
Bethelemen: 4c
Haur ttiki bat egina zuentzat hemen: 7+5C
XXIV.ak honako hau du:
Haurrean aingeru, gaztean oi! zein garbi,: 6+6A
Bere lagunekin bethi maitagarri,: 6+6A
Aberats emaile, beharrei urrikari,: 6+7A
Gero bera deus gabe zen jarri.: 4+6ª
Asimetriaren aldeko zaletasun honen froga ere XII. kantikak eskaintzen digu:.
Nor liteke bihotz bat izan eta,: 11 A
Zu maitatu gabe lagokenik?: 10B
Nik zu nola ez maita?: 7a
Ene baithan ez baita: 7a
Zu maitatuz baizen zorionik: 10B
Horiek epaitzekotan literatura ikasiaren eremuan kokatuko genituzke, Europako tradizio nagusian, hain zuzen, eta jadanik erran bezala musika haria delarik ondutako bertsoak dira, kasu honetan dudarik gabe Adémak sortua ez baizik bertze nonbaitetik hartutako doinuz eginak.
Euskal tradizioko bertsoen sailean ere aberastasuna da nagusi. Horien artean aipatzekoak dira: batetik seiko berdina [21], zeinen eredu ezin ederragorik eskeintzen baitigu Oxalde bertsolariaren lankidetzan:
«Mehetegiko xakhurra: 8a
Zangoz, errainez makhurra.: 8a
Berga bat luze muthurra,: 8a
Larrutik hurbil hezurra,: 8a
Urthe guzia barura,: 8a
Zeren zen toki xuhurra».: 8a
(Bertze gisakoak I)
Lauko ttikiaren eredu bat edo bertze ere eskaintzen digu, XIV. kantikan adibidez:
Zuri gaude Maria, : 7a
Oihu-ta nigarrez.: 6b
Jaunaren justizia: 7a
Eztitu beharrez.: 6b
Baina dudarik gabe bere bertsogintzaren jaun eta jabe zortziko ttikia da, molde horretan gustora dago, erlijioa, politika zein umorea darabilelarik eta ederki baliatzen da bertso moeta horren berezkotasunaz. Hona hiru etsenplu, horren erakusgarri:
«Uholde baten pare
orai bekatuak
Gaindiz bazter guziak
ditu hondatuak.
Nun dire fededunak?
nun dire justuak?
Azken eguna hurbil
othe du munduak?».
(XIV. kantika)
«Haritz eder bat bada
gure mendietan,
adarrez dena
zabaltzen airetan,
Frantzian, Espainian,
bi alderdietan:
Hemen hiru'ta han lau,
bat da zazpietan».
(Bertze gisakoak X)
«Ez du urte hanbatik
sor herritik joanik,
Pattin erori zaiku
aberats jadanik,
Agur eta ohore
nahiz denen ganik.
Nor da orai herrian
Pattin bezein jaunik?».
(Bertze gisakoak VII)
Eredu gehiago eskaintzen digu Zaldubyk eta ez garrantzi guttiagokoak, lekua urri izaki irakurleari uzten diogu aberastasun horren bideak bilatzeko eta dastatzeko aukera.
Darabiltzan puntuez deus gutti erranen dugu hemen, edozein moduz, orohar ez doaz, Hegoaldeko egileenen gisa, perfektutasunaren bila, baina zenbaitetan kausi daitezke benetako puntu aberatsak. Adibide gisa, har dezagun XIV. kantikaren zortziko honenak:
Jauna, aitortzen dugu: gutarik hainitzi,
Zuri zer zor dautzugun zitzaikun ahantzi.
Gure Fedea dugu apaltzerat utzi.
Eskualdunaren ganik hori zaitzu gaitzi.
5. Gaiak
Adémarengan aurkitzen ditugun gaiak bai lehenbiziko neurtitzetan bai azkenekoetan bertsuak dira: Deboziozko poemak, alegiak eta politika kontuak. Halere azken gai honetan pentsamolde garapen bat ezagutzen du; hasierako bertsoetan ez da ageri euskaldun guziak biltzen dituen deusik, azken urteetan aldiz Euskalerria batasun politiko bezala ikusten du, egin zituen bi kanta abertzaleetan garbi azaltzen denez. Garapen hori, ordea, ez da politikako bertze alderdi batzutan gertatzen, honela Errepublikak eta berak dakarren laizismoak pairatzen dituzten jipoiak ez dira urteen joanean leuntzen.
Gaien tratamenduaz erran liteke konta poesiatik gertu dabilela zenbaitetan, bertzetan berriz kritika-begi bihurtzen zaigu, gertaerak iragazten dituelarik.
6. Ondorio gisa
Ez da aise Zaldubyren lana behar bezala epaitzen. Erran izan da bere orijinaltasun bakarra politika munduan sartzeak eman ziola eta bere literatur balioa ez dela oso handia. Komeni da, agian, gauzak beren neurrira ekartzea.
Euskal jendea, ongi dakigu, bertsozaleak gara eta hitz hau bi eratara uler daitekeenez, guk ere bi eratara ulertu nahi dugu. Alde batetik bertsoak entzuteko, dastatzeko zaletasuna dago eta bertzetik antzeko hotsak dituzten hitzak elkartzekoa ere bai. Dena den, bigarren talde honen kideak askoz ere guttiago eta aukeratuagoak ditugu.
Eta poetak? Euskal literaturaren eremuan hagitz guttik jaso dezakete honelako izenik. Ez dira gutti, ordea, jakintasunez edota etorkiz, poetatasunaren mugetan aurkitzen direnak, beren lanen baten dohaiengatik sikira.
Zalduby azken hauetako bat dela erranen nuke nik, eta inolaz ere ez nuke guttietsi nahi poeta oso izatera iristen ez diren horiek, are guttiago bakoitzaren arrazoi sakonak aztertu aitzin.
Metrikaz aritzean eskaintzen digun dibertsifikazioa aipatu dugu: erritmo desorekak, estrofa moeta bereziak, etab. Kantiken sailean batez ere ikusi ahal izan dugu hori. Kontutan izan behar dugu Adéma bere konposizioak egiteko ez zela hutsetik abiatzen, baizik doinuak berak sortua ala ez eskatzen zizkion silabak derrigor sartzen zituela.
Argitasun hau emanik eta kontrako eritzirik agertzen ez bada behinik behin, ez dirudi erokeria errateak metrikaren munduan ez zuela bilatzen aparteko orijinaltasunik, baizik bariazio guzi horiek zailtasunari beldurrik ez ziola garbi azaltzen digutela. Areago, zailtasunaren gibeletik ibiltzen zela erran genezake dudarik gabe, horretan hustu egiten zela ahalegin osoan, bertze alderdiak, orijinaltasuna, berrikuntza, etab. urrunago gelditzen zirelarik.
Gainera, ez da atzendu behar norentzat idazten duen Gratien Adémak, herri xehearentzat alegia, ez jende ikasiarentzat eta ez baliabide gabez, zenbaitetan goi literatura ongi ezagutzen duela garbi agertzen badu ere.
Pelegrinen gidetan egiten zuena eredu bezala hartzen badugu, hor ikusten ahal dugu bere testuingurua: herri xeheak, eskola guttiko gizon-emakumeek erraz uler ditzaketen bertsoak, ahalik eta informazio gehiena biltzen dutenak eta gainera beraiek ezagutzen eta maite dituzten moldeetan adierazita.
Horixe da, azken batean, bere xedea: nekeza iritsi eta erraz itxuran eman. Erlijiozko egiak goratzeko, bai belarriz gozatzeko, bertzetik gabe, bai ikaskizunen bat emateko, beti herria gogoan duelarik.
Horiez gain, badu balio berezi eta ukaezina. Aunitzetan entzun dugu La Fontaine-ren alegiak euskaraz eman zituela eta orohar hortxe bukatzen da aipua, sakonago joan gabe. Nik erranen nuke birsortze lan izugarria dagoela horren azpian, ez zela itzulpen soila berak egiten zuena. Batetik bertsoz eman zituen, eta ez nolanahikoetan, baizik zortziko ttiki zehatzetan; egitura dinamikoago baten barruan, elkarrizketak biziago gertatzen direlarik; herriak identifika ditzakeen pertsonaiak sartuz; borobiltasuna emanez (esapideren bat, ondorio bat, etab.) eta azkenik bere bereak dituen baliabideak erabiliz: hitz jokoak, pasadizo umoretsuak etab.
[1] Kapitulu honetarako batipat honako hiru idazki hauetaz baliatu gara: P. Xarritton: «Gratien Adéma-Zalduby-ren bizia ta lanak (1828-1907)», Mundaiz, 29. zb., 1985, 47-53. or. (Orain arte Adémaren gainean idatzi diren artikuluetatik datuak fidelkiena biltzen dituena). J. B. Daranatz: «Le Chanoine Adéma», RIEV, 1908, 121-124. or. P. Lafitte: Parmi les composiurs de cantiques basques. M. le Chanoine Gratien Adéma (1828-1907). M. l'abbé Jean Barbier (1875-1931), La Presse, Baiona, 1933, E-26. or.
[2] Xarrittonen eritziz bien arteko adiskidantza honek sortaraziko zuen bidenabar, Elissamburu hil ondoan, Adémak Elissambururen zenbait lagun gorrirekin Guilbeau, etab] izanen zuen harreman estua, Fédération littéraire basque-n garatuko zena.
[3] P. Lafitte: op. cit. 6. or.
[4] J. B Daranatz: op. cit.
[5] Badira oraindik ere Bidarraiko elizan berak egin haltzari zenbait. Ikus J. Etchepare: Beribilez, Lasserre, Baiona, 9. or. eta P. Xarritton: op. cit. 50. o.
[6] Arrazoi honengatik, apika, Daranatzek eta bertze biografoek, Ziburuko poeta deus edo gutti ezagutzen zutelakoz, bertso guzi horiek Adémarenak zirelako uste osoa zuten.
[7] Egile honen inguruan ikus L. Artola: «Jean Baptiste Camoussarry (1815-1842). Una primera aproximación a su vida y a su obra», ASJU, XXII-2, 391-443. or.
[8] A. Irigoyen: «Del epistolario de Azkue», Euskera, 1957, 335-338. or.
[9] P. Charritton: Jean Etchepare mirikuaren idazlanak, 1, Elkar, Donostia, 1984, 33. or.
[10] P. Xarritton: op. cit. 52. or.
[11] J. Etchepare: Buruchkak, Gure Herria, 1937, XVII, 19. or.
[12] J. Etchepare: bid. 20. or.
[13] «Orhoitzen niz Adéma zena bera ikusirik nihaurek, eta entzunik, orai duela hogoi ta zortzi edo bederatzi urthe, hanchet Lurden, Eskualdun beilari andana batekin aldizkatuz, emaiten kantika eder hori (Uholde baten pare). Zein gogotik eta zein kharrarekin!...». Eskualduna, 1908-1-10, 1083. zkia.
[14] G. Adéma: Escualdun pelegrinaren bidaltzailea, Andre Lamaignére alhargunsaren imprimeria, Baiona, 1877, vi-vii. or. Bi alderdi dira aipagarri, neretzat, pasarte honetan: batetik Adémaren ortografi sistema (zaharra) ezagutzeko bidea ematen digu eta bertzetik bera lanean hasten denean gidatzen duen filosofia: beti hobeago, osatuago egin daitekeelako uste osoa.
[15] «Nik berrogoi eta hamar urthe huntan egin kanta eta neurthiz hoberenak laster argitaratuko ditut Jainko onak bizi eta osagarri ematen badarot». Idazten zion Azkueri 1894ean. (A. Irigoyen: op. cit. 335. or.)
[16] P. Lafitte: op. cit. 14. or.
[17] Honen salbuespena «Eskualdunak» poema litzateke, hartan estrofa bakoitzeko hirugarren lerroko silabak gehienetan 11 badira ere, bertze batzutan 10 eta bertzetan 9 dira. Gure ustez Adémak oraindik bukatu gabetzat joko zuen.
[18] «Vasconiana, Quelques variantes du Churiko de G. Adéma», Eskualduna, 1147 eta 1172. zenbakiak, Xarrittonek aipatua, ikus P. Xarritton: op. cit. 50. or.
[19] N. Ormaetxea: «Euskal-literaturaren atze edo edesti laburra», Euskal Esnalea, 1927, 215. or.
[20] G. Etxeberria / I. Iñurrieta: Euskal literatura. Testu azterketak, EHU-ko Argitalpen zerbitzua, Bilbo, 1985, «Gracian Adéma. Zalduby», «Amaxo» 69-86. or.
[21] Hemen erabiltzen dugun sailkapen eta terminologia Juan Mari Lekuonak ematen dituenak dira. Ikus J. M. Lekuona: Ahozko euskal literatura, Erein, Donostia, 1982, IX. kapitulua, 139-169. or.