Etxeita eta bere nobelagintza
Aitor Etxebarria
«Josetxo»
Jose Manuel Etxeita
Labayru, 1985
«Sutondoan» deritxon bildumaren bigarren liburua dozu eskuartean. Lehenengoan, idazlea, «Kirikiño», oso ezaguna eta goratua izan da edonon eta edonoiz, nahiz eta bilduma honetan argitaratutekoak bere idazlanik ezagunenak ez izan.
Oraingo hau, Jose Manuel Etxeita, batentzat baino gehiagorentzat barria izango da eta ezagutzen badau, behardaba izenez edo aitamen txiki batez ezagutuko dau. Izan ere, Koldo Mitxelenak dinoanez, beharbada «ahaztuegi samar izan dogun lehenengotariko euskal nobelagillea» dogu Jose Manuel. Ahaztuegi samar. Egin diran zenbait euskal literaturatan aitatu barik gelditzen da eta beste batzuetan bere izena, bizi izan zan garaia eta idazlanak baino ez dira aitatzen. Bere sasoiko euskal idazle famatuen artean (Kirikiño, Azkue, Aguirre...) ezkutatuta, estalduta gelditu jaku.
Gu ez goaz orain izarretaraino goratzen, berari zor jakona emotera baino. Eta emon jakona baino gehiago merezi dauala autortu behar.
Ordurarte idazle gitxi ausartu zan lorratzera ausartu zan euskal literaturan: eleberria edo nobelarena (eta gaur egun ere, zoritxarraz, gitxi ausartzen da horretara). Eta ez Bizkaiako euskalkian bakarrik, beste edozein euskalkitan ere oso eleberri gitxi idatzi izan zan ordurarte. Eta Jose Manuelek saio bat, aproba bat egin eban. Horregaitik lehenengotarikoa izateak huts asko parkatzen deutso, eredu eta tradizio barik aurkitzen zan eta.
Eta bizkaieraz idatzi daben idazleen bilduma baten ezinbestekoa da Etxeita ere sartzea: euskal literatura osoan bere aportazioa egin baeban, bizkaierazko alor hestuagoan bere aportazioa handiagoa iruditzen jaku: bera izan genduan bizkaieraz eleberri bat idatzi eban bigarren idazlea (Txomin Agirren ondoren) eta bere ondoren ez dira beste nobelagile bizkaitar asko azaldu (Otxolua, Zubikarai, Erkiaga...).
Alde batetik, bada, Josetxo argitaratuaz, berari zor jakona eskeini nahi deutsogu.
Eta beste alde batetik, irakurgai errez, lagungarri bat eskeini nahi deutsegu honen beharrean dagoan hainbat irakurleri, askok uste dau-ta, Etxeitak darabilen euskera erreza kontutan harturik, bere eleberriak aproposak eta egokiak dirala euskera ikasten dagozanentzat.
Lehenengo helburua, Etxeitari begira, liburu hau argitaratuaz batera betetzen da; bigarrena, irakurleei begira, egitan bete daiten nahiko genduke.
1. BERE BIZITZA
Jose Manuel Etxeita Mundakan jaio jakun 1842ko Abenduaren 13an, Etxeitatarrek ibai ondoan euken etxe eder baten. Txikitatik itsasoan ibilia, txikitako bizimodu hau bere bizitza osokoaren ezaugarri izango da. Bilboko Instituoan Nautikako ikasketak egin eta itsasoan zenbait une emon ondoren, Larrinaga etxeko ontzi-taldeko kapitan izendatu eben eta ondoren itsasontzien ikuslari-kapitana Manilan.
Nautikako ikasketak egiten ziarduala, itxaso-egunak betetzearren hainbat eta hainbat ostera egin eban handik eta hemendik: Habanara, Guayaquil-era, Hornos lurmuturrera... Joan-etorri honeen artean behin Liverpool-etik Habanera egin ebana dogu ezagunena. Inglaterrako uri honetan egoala, ibiltaldi bat egin eban Habanara; eta hemendik bihurtzean sekulako ekaitza izan eben; eta kapitana, osasunez makal ebillela-ta, ez zen ausartu aurrerentz egiten. Orduan, kapitan honen gurariz, Etxeita jarri zan ontziko buru, 20 urte baino ez zitualarik.
Manilan hamasei urtetan iraun eban Larrinaga itsasontzi etxe osoaren buru. Eta Manilako egotaldi honetan hainbat kargu eta ardura eskuratu eban, euren artean Manilako alkatetza (atara kontuak zelakoa izango genduan gure gizona, bertakoek honelako kargu bat kanpotar bati eskeintzeko). Eusebio Erkiagak diñoanez [1] izakeraz atsegina ei zen. Artu-emonetan apala eta maitekorra, bai goikoetzat, bai beekoentzat, guztientzat, bardin antzekoa. Argia, azkarra, langilea.
Juana Abaroagaz ezkondu zan, nahiz eta gurasoen nahia ez izan hau. Eta ezkontza honetatik seme bat izan eban. Filipinastik etorri ezkero, Mundakan bizi izan zan handik aurrerako urte guztietan, astronomia, euskera eta musika sakontzeari ekiten eutsolarik (kanpotik ebilenean ere, ez eban sekula ahaztu bere «jaioterri maitea»). Antza danez, ba, bere idazlan guztiak bere bizitzako azken urteetan idatzi zituen itsasoko zereginek atsedenaldia izateko aukera itxi eutsoenean: nahiz eta bere bizitza osoan landu euskera bere kontura, azken urteetan bakarrik azaldu zen idazle modura.
Hil ere, Mundakan hil zan 1915eko Martxoaren 1ean, aspalditik jasaten eban «bronquitis cronica» bat zala ta.
Bere bizitzako gora-beherek eragin handia izan eben bere idazlanetan: gertaera batzuk (itsasoan zehar ibiltzea, gurasoen gogoz-kontra ezkontzea, hasierako maitasun frustrazioa...) bere idazlanetako konstante bezela agiri dira. Azken baten, bere esperientziak eta jazoera batzuk bere eleberrietako pertsonaien gertaera bihurtzen ditu.
2. BERE ALDIKO GIRO LITERARIOA
Jose Manuel XIX.-XX. mendeen bitartean bizi izan zen (1842-1915). Baina lehenago esan dogunez, bere ezagun egin eben idazlanak bere bizitzako azken urteetan idatzi zituen, behin itsasotik etorri eta Mundakan finkatu zanean, XX. gizaldian dagoneko, mende honen hasieran. Beraz, Sabino Arana agertu zan sasoia edo aldia dogu. Ezaguna jaku Sabinok egindako lana eta berak izandako eragina, bai politika mailan, bai euskeran eta euskal literaturan. Guk aitamen txikitxo bat egingo deutsegu azken bi arlooi.
Garai honetan aldizkari mordo handi bat sortu zan; Sabino Aranak ortografia, hiztegia, izendegia... barriztatu ebazan; hainbat idazle barri sortu zan... Hitz batez, euskereari bultzada gogor bat emon jakon.
Baina euskerearen barriztatze eta bultzatze zeregin honetan okerreko bidea aukeratu eban Sabinok: bere aurretik izan ziran idazle klasikoen bidea eta bere sasoiko herri hizkeraren bidea alde batera itxirik, euskera garbi, logiku bat egiten ahalegindu zan: horrela lortutako laboratoriozko euskera hori, beste hizkuntzetatikako ezelango «kontaminazio» bakoa, oso gatxa eta ulertezina suertatu zan; orduan idatziriko liburu asko, sasoi haretan egindako literatura gehiena gizarteko goi-mailako jakintsu batzuk baino ez eben ulertzen. Kultura eta herriaren artean amildegi edo barranku bat zabaldu zan, orduan egindako euskera-barriztatze hau herria kontutan artu barik egin zan-eta. Honegaz ez dogu lurrera bota nahi, eta mespresatu, Aranak egindako lan handi eta mesedegarria euskera indartzeko, ezkutatuta egoan zokotik ataratzeko; baina berak egindako huts handi hau ere autortu beharra dago.
Baina, halan da guztiz ere, orduko idazle guztiek ez eben bide honetatik jo, Sabinok proposatutako bidetik. Bai, giro honen eraginez eta bultzadaz sortu ziran, giro egokia eta aproposa zan honetareko-eta, baina gero beste bide batetik joan ziran.
Orduan, idazle talde batek Aranak proposatutako bidea jarraitu eban zehatz-zehatz, euren sortzailea baino garbizaleago eta radikalagoak izanik gainera. Beste talde batek bide hau zuzen egin eban eta hasierako idazle klasikoen tradiziotik, eta tradiziotik jo eban euskera errezagoa eta urbilagoa erabiliaz. Eta talde honetan daukaguz, zorionez, aldi haretako idazle nagusiak: Azkue, Kirikiño, Txomin Agirre...
Eta Etxeitak ere, egoera honetan, bigarren bide horretatik jarraitu eban. Lehenago esan dogunez, bere liburuak apropos-aproposak dira euskera ikasten diarduenentzat. Izan ere, bere euskerea, geroago sakonagotik aztertuko dogunez, ulerterreza, urbilla da, alde guztietatik begiratuta. Baina, beste alde batetik, Aranak sortu eban giro aproposean kokatu behar dogu, giro lagungarria eta bultzagarria euskeraz idazteko, eta gehiago oraindik, euskal eleberriak idazteko, ordurarte agertu ziran hain eleberri gitxi kontutan izanik.
Baserri giroa eta klerikalismoa
Beste alde batetik, giro literarioa aitatzen eta aztertzen gagozalarik, bigarren puntu interesgarri bat aitatu behar dogu: sasoi haretan nagusi zan baserri-giroa eta klerikalismoa.
Aldi honetako idazlea beste gizarte bategaz aurkitzen zan: berak lehendik ezagututako gizartea azkar-azkar aldatzen joian: langilegoa geroago eta ugariagoa zan; uriak handitzen joizan; kanpotarrak barra-barra etozan gurera... Eta halan da guztiz ere, idazleek (eta honen ondorioz literaturak berak) entzungor egin eben. Sinistu ezinekoa da orduko literaturako gaiak, argumentoak... aldi haretakoak diranik, desfasea hain handia da-ta. Honetan ere Aranaren eragina handia izan zan (enda edo arraza garbitasuna eban jomuga nagusitzat; eta hau baserrietan bakarrik aurkitu geinkean; uriak kanpotarrez kutsatuta edo kontaminata egozan). Orduko literaturan agertzen dan Euskalerria, baserri garbiak, mendi baketsuak, larra berdeak, kostaldeko arrantzale-herri gozoak... baino ez da izango; pertsonaiak, baserritarrak eta arrantzaleak, ohituren gordailuak...
Eta hau argi agiri da orduko eleberrietan (Kresala, Garoa...), Etxeitarenetan ere bai. Nahiz eta Euskalerrian bertan kokatuta egon ez, bertako giroa hemengoa bakoa da, baina atzerrian kokatua. Uri-gizona izan arren, bere eleberrietan beste giro bat aitatzen eta agertzen dau.
Eta honekin batera, klerikalismoa, hau da, idazlanean argi nabari zan idazlearen pentsaera. Eta erlijino mailan kristautasuna zan gehienbaten. Eta honetaz, idazleek sarritan kristau ohituren defentsan bere pintzeladak eta aitamenak agertzen zituen, bai eredu lez artu eitekezan pertsonaiak aurkeztuaz, bai berak zuzen-zuzenean aitamen morala edo doktrinala eginaz, eritxi bat emonaz pertsonairen baten jokabidea zala-ta. (Eta egia esan, aldi haretan idazlerik gehienak eleiz-gizonak ziran. Hala ere, Etxeita eleiz-gizon etzan euskal idazle apurrenetarikoa dogu).
Orain esandakoa gogortxoa izan bada ere, beste zerbait ere esan behar dogu: idazlanaren edertasuna eta balioa ez dala zapuzten ideologia baten edo interes batzuren atzetik ibilteagaitik (gaineara ebita ezina da interes batzuren atzetik ibiltzea, ideologia edo pentsamolde bat agertzea; nahi ta nahi ez, beti agertzen da idazlearen pentsakera edo ber-berak daukan gizarte-ikuspegia. Arazoa hauxe da: zein interesen atzetik dabilen, edo zein gizarte-ikuspegi agertzen dauan).
Ez dogu, ba, besterik barik baztertu behar idazlan bat honelako arrazoiakaitik, berez, azalez ederra izan daiteke-eta. Eta ederrak izan ziran aldi haretako zenbait idazlan.
3. BERE IDAZLANAK
Ez dakigu noiz hasi zan idazten. Baina antza danez, lan laburrak egiteko zaletasuna ei eukan bere bizitza osoan: gauza errezak, ipuiñak, olerkiak...; batzuk jazorikoak, beste batzuk asmatutakoak... Hau, beharbada, ba, bere bizitza osoko zeregina izango zan; baina hasieran esan dogunez, idazle ezaugarririk ez eban agertu bere bizitzako azken urteetararte, behin Mundakan bizi izateko gelditu zanerarte.
Honelako lan errez eta arinak idatziaz bere garaiko zenbait aldizkaritan lagundu eban: «Euzkadi»n, «Jaungoiko Zale»n, «La Gaceta del Norte»n... baina bitan batez ere: «Euskal Esnalea»n eta «Euskalerriaren alde»n (azken aldizkari honi aparteko begirunea eutson: bertoko arpidedun izan zan eta lehiaketetan irabazitako diru asko aldizkari honi emoten eutson oso-osorik bere arazoetan eta diru premiñetan laguntzearren).
Sariak aitatzen doguzan ezkero, hiru sari handi eskuratu ebazala esan behar: Lehenengoa 1909. urtean «Euskal Esnaleak» antolatutako ipuin-sariketan, bigarren saria lortu eban Mari Jesus eta iru artzañak eritxonagaz; 1912. urteko Zarauzko «Fiestes Euskaras»etan «Euskalerriaren alde»k antolatutakoan ere bigarren saria lortu eban Itxasoa olerkiagaz; eta 1914an «Euskalerriaren alde»k antolatutako Truebaren ipuinen euskerara itzulpen-sariketan lehenengo sari biak eskuratu ebazan.
Ipuiñak egiteko doai nabaria erakusten dauan arren, lan luzeagoak ere egin zituen. Hain zuzen ere, lan luzeokaitik dogu ezagunen Etxeita.
Au, ori eta bestea (Durangon argitaratua, 1913an).
Olerki sorta bat dogu, lehenago «Euskal Esnalea»n argitaratuak. 52 dira guztira, eta euretan gehien ikututen dituen gaiak itsasoa, euskera eta bizitzako jazoerak ditugu.
Lehenago aitatutako musika-zaletasuna hemen ere nabari da, neurriak zuzen-zuzen egiñak dira-ta, hizkera errezean, oztopo barik irakurtekoak, hitzak moztu eta itsusitu barik.
Samurtasuna eta sentimentu bikaiñak argi agertzen dira. Baina olerki minberatsuen ondoan, baditu bertso zirikatzaileak eta alaikorrak; baita kritika zorrotza ere noizean behin.
Olerkiotan, eleberrietan ohi danez, inoiz alkarrizketak agiri jakuz, autuka berton agertzen diran bizidunak.
Prosa munduan sartu ezkero (lan luzeetan), badauka argitaratu barik Memorias deritxon gutun-txorta, itsasoan zehar ibili zaneko hainbat gertaera eta goraberaz ornitua.
Baina Etxeita ezagun, bere bi eleberriakaitik dogu ezagun, batez ere. Eleberri bi idatzi zituen.
Jaioterri maitia (1910. urtean, Durangon, Elosurenean argitaratua).
Aurretiaz eukan idatzita dagoneko Josetxo (1909. urtean argitaratua). Gaia atzerrian kokatua dago. Hemengoak kanpora joango dira eta gero barriro bihurtu. Hala ere, eleberri hau alaiagoa eta ariñagoa dogu; beharbada bihotz-isuri handiagokoa, lilura ugariagoka.
Gaia bukolikoa edo idilikoa da: artzaintza lasaia, goxoa eta leuna; azeri eta otsoekin dituen arazoak eta buruausteak; artzainen arteko amodioak... (Virigilio eta Errenazimenduko artzain-elertiaren kutsua agiri da nonbait).
Argumentoa Mexiko-n kokatzen da: hara doaz neska-mutil euskaldunak artzaintzan ekiteko eta euren artean Agaton Korkotx deritxon pertsonai barregarria nabaritzen jaku. ''Ortografiaren aldetik Mogelek proposatutako idazkera markinarra erabiliko dau (Mogelek eta Añibarrok eztabaidatxo bat eben euren artean hau zala ta: Mogel tokian tokiko idazkera erabiltzearen aldekoa zan; Añibarro, ostera, bizkaiera batu batena).
Josetxo (1909an, hau ere Durangon, Elosurenean argitaratua).
Hauxe dogu lanik luzeena eta hain zuzen ere bilduma honetan argiteratzen doguna.
Mundakatik Bermeorako bidean, baserri baten, senar-emazteak bizi ziran, seme-alaba barik. Behin ijito batzuk igaro ziran handik; mutil bat ekarren. Honek behingoan oratu eutson seme bako andreari «Ama» deituaz.
Mutiko hori erosi egiten dabe, oraindio une bi ez zituela; eta 30 urterarteko bere gorabeherak eta gertaerak kontatzen jakuz eleberrian zehar: baserrian, kalean, arrantzan, itsaso handian (pilotu izatera elduko da eta Mexiko, Argentina eta hainbat tokitatik ibiliko da). Azkenean sorterrira itzuliko da, amaiera baketsu bat izanez (argi ta garbi ikusten da Etxeita beraren bizitzaren eta Josetxorenaren arteko antz handi samarra, hasieran aitatu dogunez). Geroago jakin zanez, Josetxo naparra zan, Etxauriko semea: emakume jitana batek 22 hilabete zituela ohostu eban.
Eleberrian zehar, nagusikeria, harro-usaina, guraso batzuen ankerkeria, gizon doillorrak..., amodioa, hestura, nekea... agertuko jakuz pil-pil eta bizi-bizirik: Etxeita legez, sentimentuz beterik sentimentuon agerzalea.
Sarreran agertzen dauanez, ondo ezagutzen ebazan euskereari buruz egindako lanak (Astarloak, Campionek, Azkuek, Aranak... egindakoak). Aranatarrek ez bezela, aurretik egindakoa kontu-kontutan eukan. Baina ortografiazko batasunik ez egoanez, berak apur bat danetarik artuaz, bere sistema ortografikoa eratu eban. Baina antza denez, itsumustuan ebilen, zihurtasun handirik barik: Jaioterri maitia-n Mogelen bidetik bajoian, Josetxo-n Añibarrok proposatutako bidetik joko dau, hau da, Bizkaia osoari egokion ortografa batu bat erabiliaz.
4. ETXEITAREN NOBELAGINTZA
Berak egindako beste lan guztia gitxitzat artu barik, Etxeita arlo honetan egin eban lanagaitik dogu batez ere ezagun euskal literaturan.
Baina Etxeitak ez eukan bere aurretik nobelagintza tradizio landu eta aberats bat. Literatura idatzia berandu agertu bazan gure hizkuntzan, literatura idatziaren barruan eleberria bera ere oso berandukoa dogu.
Mogelen Peru Abarka nobela bat ete dan ala ez oso eztabaidatua izan da. Mitxelenak diñoenez «zelan edo halan, elkarrizketaren bidez euskal eleberri lehen SAIO bat da».
Baina askoren ustez Daskonagerre-ren Atheka gaitzeko oihartzunak (l870) izango litzateke lehenengo eleberria (eta hau ere lehenago frantsesez idatzitakoaren itzulpen bat besterik ez da azken baten).
XIX. gizaldiaren amaieran hasi zan benetan lantzen eleberria, iñondik itzuli barik, hau da, originala, eta lehenengo eleberri egileak honexek izan ziran: Elissanburu (Piarres Adame idatzi eban), Apaolaza (Patxiko Txerren), Azkue (Bein da betiko) eta Txomin Agirre.
Eta honein ondoren agertzen jaku Etxeita. Ordurarte, bere aurretik 5 eleberri baino ez dira idatzi. Ez da batere arritzekoa itsumustuan, nondik jo ondo jakin barik egotea, ez eukan-eta modelo edo eredu argirik euskera bera eta euskeraren alor hau makalik eta asko landu barik egoan-eta. Berak autortzen deusku egoera hau Josetxo-ren sarreran:
«Landu bako arri txatxar onegaz euskeraren alde eragiten dagoan jauregira...».
(Beste horrexenbeste autortu eben, bai Etxeparek, bai Axularrek, ordurarte zabaldu eta egin barik egoan bide batetik joiazala ikusi ebenean).
Idazterakoan, ba, ez dago batere zihur, erdi bildur da. Hala ere, bere barruan eta inguruan sentitzen dauan indar bero batek eraginda, euskeraz idatzi nahi dau. Indar hau hauxe besterik ez da: lehenago aitaturiko Sabino Aranaren bultzakada.
Baina intentzio, ilusio edo animo hutsa ez da nahikoa. Eredurik ez badauke euskeran bertan, kanpora joan behar dabe eredu bila, hau da, orduko gaztelerazko literaturara eta Europan egiten zan literaturara.
Sasoi honetan (XIX. gizaldiaren bukaeran, XX.aren hasieran) Espainian 1898ko belaunaldia zan nagusi. Baina Jon Kortazarrek diñoanez, [1] gehiago joten dabe belaunaldi hau baino lehenagoko korronte batetara: Errealismora (hau argi ta garbi ilabaritzen da Txomin Agirreren nobelagintzan). Eta Etxeitak ere bide honetatik joko dau: errealistai dagokienez, Austen dauana edo jazo daitekena, horixe berori jartzen dau bere nobelan; historiaren edo orduko jazoeren aitamen bat ere egiten dau; sasoi háretako ohituren ispilu bat dogu eleberria.
Baina, beste alde batetik, tesis baten defendatzaile lez agertzen jaku idazlea (lehen aitaturiko klerikalismoa edo elburu doktrinala): ez da deskripzio hutsean geratzen. Josetxo-n, esate baterako, bere pertsonaia herri berezi eta konkretu baten kokatzen dau, Mundakan; berak aukeratutako pertsonaiak eta bizitza ordu-ordukoak ziran. Gainera, zehaztasunak zuzen eta zuhur emotera ohitua dago (Josetxo-n, Josetxo eta Eladiren urteak behin eta berriz emoten deuskuz; zapladak eta sariak zenbat eta zelakoak ziran; Jaioterri maitia-n Dari-ren gaiso aldietako egunak, irabaziak eta diru-garbitasunak...). Eta hemendik aparte, eleberriak irakaskuntza bat eskintzen deutso irakurleari, kutsu morala artzen dau, idazleak berak pertsonaien jokabidea dala ta, eritxiak emoten ditu: «A zan zorakeria, a zentzunbakoak izatea...».
Errealismoaz gain, beste eragin edo kutsu bat nabari daiteke, Kortazarren haria jarraitzen dogularik, Etxeitaren nobelagintzan, Errealismoarena baizen argia ez, baina eragina azken baten: Barojarena. Zer dabe antzeko Barojaren eleberriek eta Etxeitarenek? Euretan agertzen diran hainbat eta hainbat jazoera eta abentura; pertsonaiak abenturero hutsak dirala. Hau kontutan arturik, Etxeitaren Errealismoa eta Agirrerena ez dira guztiz bardinak. Txominen pertsonaiak leunagoak eta lasaiagoak dira; euretan akzioak noiznai atseden bat artzen dau; Etxeitarenak biziagoak, bizkorragoak ditugu; jazoera bat bestearen ondoren datorkigu, arrapalada baten, atsedenik barik.
Bere asmoa zera zain: akziozko eleberria, abenturazko eleberria eta pertsonaien eleberrien arteko erdiko bide batetik joan. Bere nobelagintzako beste ezaugarri argi bat hauxe da: pertsonaiak egoera hestu baten dagozala, bai maila ekonomikoan, bai afektiboan (atzerrian, amodioa lortu ezinik). Eta zoritxarrak iraun dagian (eta honela eleberria luzatu) sarritan bide artifizial batzuk erabiltzen ditu: kontatzen dauana, sartzen edo asmatzen dituen egoerak jazo ezinak dira (Jaioterri maitia-n Isabel eta Sebasen arteko amorioak; Josetxo-n, Eladiren hiru senargaiak...).
Hala ere, Etxeitak badauka balio handi bat: pertsonaiak, direan bezela agertzen dirala, eurak esaten eta egiten dabenagaitik, eta ez narratzeileak eurak dirala ta esaten dauanagaitik; hau da, akzioan bertan pertsonaien jardueran igartzen da zelakoak diran, kanpotik besteren batek (idazleak) zelakoak diran esan beharrean. Etxeitak noizik behin deskribitzen ditu, baina euren erara jokatzen izten deutse.
Hau alde batetik. Eta bestetik, lehentxoago aitatu dogu pertsonaion bizitasuna eta indarra.
Baina pertsonaiak dirala ta, beste hutsune bat aurkitzen dogu Etxeitaren nobelagintzan: antz handia daukela euren artean: zoritxarrekoak, ondrauak, langile aspergabeak, eta azkenean aberatsak eta zoriontsuak. Hau dala ta, eskema bera jarraitzen, dau eleberri bietan.
Alternantzia eta errepetizioa
Azken ideia honekin loturik, bai eleberri bakoitzean, bai eleberri bien artean, aurkitu geinkez era honetako paralelismo eta errepetizioak.
Eleberri biek, ba, eskema bera jarraitzen dabe: batean pertsonaiak artzainak dira; bestean arrantzaleak; bietan nesken gurasoek ez dabez onartzen mutilak; bietan aldatu behar da egoera ekonomikoa; bietan joan behar dabe kanpora; bietan amaiera zoriontsua da. Zergaitik hau? Txiripaz sortutako bateratasuna ete da?.
Alde batetik bere bizitzako esperientziara jo behar dogu: bera kanpora joan zan, zoriontsu itzuli zait, arazoak euki ebazan ezkontzeko...
Bestalde, Aranak bultzatutako ideia bat zan euskal gizonaren poza aberrian eta Jainkoagan sinisten dauan herrian aurkituko dogula, «gizon onen» herrian («gizon ona», Mogelengandik datorkigun eta orduko literaturan konstante bat dan ideia dogu).
Beste alde batetik, Eladik, Josetxo-n hiru senargai ditu; Jaioterri maitia-n hiru ostera egiten dira Ameriketara. Eta eleberri bakoitzean kasu bakoitza (hau da, senargai-aldi bakoitza, ostera bakoitza) beste biekin konparatuz, antzera sainar amaitzen da. Eta honek astun bihurtzen dau eleberria.
Eta azkenez, Josetxo-n bertan gertatzen dan alternantzia bat aitatzera goaz: Eleberri honetan pertsonai nagusi bi ditugu: Josetxo (nagusiena) eta Eladi. Josetxo Ameriketan dago; Eladi (eta bere gurasoak), Mundakan. Eta Etxeitak txandakatu egiten ditu kapituluak, bata Ameriketan, Josetxogaz kokaturik; hurrengoa Mundakan, Eladigaz. Honela eleberriaren interesa handitzen doa.
5. ETXEITAREN IDAZTANKERA
Sarrera honetan behin baino sarriagotan esan dogunez, Etxeitaren eleberriak errezak dira, euskera ikasten dagozanentzat egokiak. Eta bere idaztankera, izan ere, erreza da: neologismo gitxi darabil, hiztegia inguruan dagoanari lotuta dago; esaldiak, laburrak. Ezagun-ezagun diran hitzak kursibaz jartzen ditu; hitz barriak edo erdi ezezagunak orrialde barrenetan jartzen zituen, gaztelanierazko euren esanahia adierazirik; berba bakar batzuk berak asmaturikoak dira.
Bere hizkera, erreza izatetik aparte, herrikoi-herrikoia bihurtzen da alkarrizketetan (Eusebio Erkiagaren ustez luzeegiak noizbait).
Baina huts bat nabari da, hizkerari lotua: bere euskera erdal joskeraz kutsatuta dago (aditza sarritan esaldiaren hasiera-hasieran jartzen dau). Hala ere, hau sasoi haretako idazle askoren hutsa (?) zan: kontutan hartu behar dogu aldi haretan «hutsok» esakera dotoretzat onartzen zirala eta ez huts bezela. Baina, gainera, hutsak izan ala ez, bere idazkietan esakera jator mordo bat agiri jaku barra-barra («Nor eta zan arako neskatillatxoa, bere begi baltz ederrakaz...?»).
Fonetika-arpegiak edo jantziak arduratan jarri eban Etxeita, hitzen jatorria hainbatean: Añibarroren jokabidea eroan eban hasieran, hau da, bizkaiera batu baten aldekoa («bidea», «soloa», «mendia»...); baina bigarren eleberrian Mogelek proposatutako bidera iragan zan («bidia», «solua», «mendija»...).
Idaztankera honelakoa edo bestalakoa izanik ere, Etxeitak bere idazlanetan bihotz-eragina agertuko deusku. Etxeita bihotz-idazlea da; beragan nabarmenena sentipena da (barruko sentipen arruntak, herri xehearenak) edermena baztertu barik. Ez eroan orduan ardura handirik jakituri edo gizarteko arazoak zirala ta ez zirala (ez genduan uriko nobelagilerik). Jokabideak eta bakotxaren egitadak, zentzunbakoak ala makurrak, horreexek agertzen eben egia eta norberaren izakera.
Sinismen sendoko gizona, zuzena, langilea, samurra eta argia, Etxeita horixe genduan.
[1] Olerti (1962), 107-124 orr.
[2] Fontes Linguae Vasconurn-en, 33 (1979), 551-557 orr.