literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.360 kritika / 1.828 aipamen / 5.570 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Aintzin-solasa

 

Piarres Xarriton Ehulatei

Hazparnetik, 1991-X-19

 

«Jose Mendiague (1845-1937) Haren bizia eta haren kantuak»

Etor, 1992

 

        Aitortu dut lehen ere —ikus ene Euskaltzaindian sartzeko hitzaldia, EUSKERA XXXI, Bilbo, 1986-2, 278. orrialdea— aspaldiko kontuak baditudala xuritzeko Jose Mendiaguekin eta honek 1900.ean, Buenos Airesen argitaratu zuen ZAZPIAK BAT. ESKUALDUN KANTUAK deitu kantu liburuarekin.

        Kantu liburu hori bazen gure etxen, Hazparne Ehulateian —ez dakit nondik etorria— eta neguko arrats luzeetan, liburu horretarik ditugu ikasi amarekin, haurride guziek, supazterrean, gure lehen euskal kantuak. Kantu horietarik hainitzak Jose Mendiaguek sinatzen zituen eta euskaltzaletasuna maiz nabari zitzaien. Horra zergatik haurreko oroitzapen goxoenek sustatzen ninduten aspaldian beihalako kantutegiaren eta haren egilearen berri zehatzagoen bilatzera eta biltzera.

        Lehenik Hazparneko bereko Mendiaguetarrak, Henri, Jean eta Odette hiru anai-arrebak bereziki, adinez hurbil bainituen, horiekin harremanetan jarri nintzen, eta jakin nuen horrela, 1930 irian, Jose Mendiague osaba xaharraren berriak izan zituztela Hazparnen, haren alaba batek Montevideotik ekarririk. Bestalde Guarda-tarrak baitziren Mendiaguetar guziek Hazpandarrentzat, jakin nuen ere, berek erranik, izaitez guarda izana zela Jose Mendiaguen aita, François Mendiague, ziburutarra, Hazparnen kokatu zen familiako lehena.

        Baionako bulegoetan aski aise eskuratu ditut François Mendiague guarda ohiaren paperak, eta horrela berraurkitu haren eta haren familiaren gora-behera eta harat-honat larrienak; bainan Montevideoko berriekin eta berriketariekin lotzeak eman dizkit lanak: Han gaindi bizi den Justo Garate edo hemen diren Jean Haritschelhar, Peio Ospital, Michel Etcheverry eta beste adiskide asko behar ditut eskertu ene ihizi partida honetan partehartu dutelakotz gogo handiz. Eta bihotz guziaz eskerrak emaiten dizkiet denei. Bainan erran behar dut bos-pa-sei urte bederen iraun duela gure ikerketak... debaldetan. Azkenean, 1991eko une hastapenean, Albert Chabagno, nere aspaldiko lagunari esker, harremanetan sartu naiz Martin Ospitaletche, Montevideoko jaun abokat gazte ta jakintsuarekin; harremanetan letraz eta telefonoz; bera buru buru, hemen gaindi, agian laster ikusteko menturan. Geroztik ilunbetarik atera naizela zait iduri; hain aspaldian igurikatzen nituen xehetasunak eta paperak eskuratu ahal izan baititut. Eskerrak Albert Chabagno ri eta Martin Ospitaletcheri!

        Laguntza horiei esker menturatzen naiz oraikoan, ETOR argitaletxearen kondu, Aitzol-ek bere garaian sumatu men bezala (Euzkadi, 1934-XII-11) gure bertsolari handienetarik izan den Jose Mendiaguen bizia eta bertsoak aurkeztera.

 

        I. JOSE MENDIAGUE (1845-1937)

 

                Nere herritik izan ditudan paper batzuek diote...

 

        1912an, Baionako Eskualduna astekariari igorri zizkion Jose Mendiaguek, Ameriketatik, «Gizon zahar baten arrengurak» izeneko bertsoak. Honela hasten ziren:

 

                Nere herritik izan ditudan paper batzuek diote,

                Mundu hontan nik baditudala hiru-hogoi-ta-zazpi urte..

 

        Hortik atera dugu beraz errazki, 1845ean sortu zitekela gure gizona. Bainan non sortu?

        Guarda seme zela, baitzion berak, Baionako guarden artxibategirat jo dugu beraz eta hor hatxeman, François Mendiague guarda zenaren paperak. 1799an, urtarrilaren 22an, Ziburun sortua zela irakur daiteke. Soldadogotik landa Nantes hirian sartu zen guardetan, 1821eko martxoaren 1 ean. Euskal Herrirat itzuli-ta 1824ean eta zenbait urte Ainhoan, Azkainen eta Senperen egon ondoan, Catherine Larregain 24 urteko Aihertar neska gaztearekin ezkondu zen, Aiherran, 1835eko urtarrilaren 2lean. Catherine Larregain Aiherra Manexenean sortua zen, 1812ko maiatzaren 12an.

        Hazparnera izendatu zuten orduan François Mendiague eta Mendiague-Larregain senar-emaztek beren lehen hiru haurrak Hazparnen ukan zituzten, bainan gero Aldudera joaiteko ordena etorri zitzaien.

        Hamar urte luze Aldudeko karrikan bizi izan ziren François Mendiague guarda eta haren laguna. Herri horretan izan zituzten beste zazpi haurren artetik, 1845ko apirilaren 27an, goizeko 8etan sortu zitzaien seme bat, Josep, Ithurburu jaun apezak bataiatu zuena biharamunean. Aitabitxi eta amabitxitako, auzoan hartu zituzten Josep Inda, Perkainenekoa eta Margarita Mocoçain, Etienne Ritou Aldudeko auzapezaren andre beharra.

        1848ko uztailean bada —ez jakin zuzen zergatik— guarda ofizioa utzi zuen François Mendiaguek eta bere familia guziarekin, emaztea eta sei haur, Hazparnen bizitzera joan zen.

 

                Ene herria Hazparne, zurea Bidarri...

 

        Hiru urte doi-doia zituen Josep Mendiaguek, Aldude bere sorterritik Hazparnen bizitzera etorri zelarik, bere etxekoekin. Ez da beraz harritzeko, Otxalde bertsularia joan zitzaiolarik, zenbait urte geroago, Gualeguayko herrira, Entre-Rios-etara, honela agurtu baitzuen Mendiaguek:

 

                Ene herria Hazparne, zurea Bidarri,

                Hurbilekoak gira biak elgarri.

 

        Hazparne herria ordea, herri barraiatua da: Lehen egonaldian (1835-1838) Mendiaguetarrak, Ospitalean, Ospitalegaraian eta Xuhian, hots beti Zelaia deitu auzotegian egonak baziren ere, aldi honetan Hazparne beherean kokatu ziren, eta lehenik aitaren guarda ondo errentaren ontzeko arauz, plaza ondoan zegoen Dukiaineko ostatuan.

        Lehen urteak zinez gogorrak izan zitezkeen Hazparnen. Hala ziren eta urte haiek, bereziki jende xehearentzat, Europa guzian. Orai Afrikan edo gertatzen diren gosete aldi haietarik azkena omen izan zen, 1846-1847 urtekoa. Historialariek kondatu digute zer ondorio izan zuen aldi gaizto horrek, gure eskualdean ere, Mauleraino eta Hazparneraino: Ziberotarrak asaldatu baitziren Mauleko bihi-saltzaleen kontra; Hazparnen aldiz, langileak jan doia ukan zezan, aita Garat-Pikasarri misionesteiko buruzagi sainduak prezioak beheititzea etxeko-jaunen ganik ardietsi baitzuen. Larresoroko seminarioan 18 urteko bi ikasle gaztek, Gratien Adéma eta Jean Baptiste Elissamburuk moldatu zituzten, biek elgarrekin, beren lehen euskal bertsoak, Betiri Santsen ohoretan, goseteak berak gaia emanik.

        Goseteak aldia egin-eta, bos-pa-sei urteen buruko, eta zehazki 1855ean, hona non badatorren beste izurrite ikaragarri bat: Kolera deitu sukar ustela. Gaitz horrekin, urte hartan. 176ra igan zen, bestela 120 inguruan zebilen Hazparne herriko hilen kopurua.

        Ez ditugu aipatu, Frantzia behere hartan, Parise aldean, gertatu ziren politika gora-beherak; ez 1848ko Louis Philippe erregearen erortzea; ez 1852ko Napoleon III. enperadorearen xutitzea; ez baitzuketen gure eskualdetan gibelondo handiegirik izan, jende xehearen baitan.

        Dena dela, pentsu dugu eragin sakonagoa zuketela Mendiaguetarren baitan, etxen berean gertatzen zitzaizkien beste gertakari batzuk, hala nola, hamar bat urte barne, familiak jasan behar izan zituen aldaketa guziek. Lehenik, eta aintzinean izanak zituzten hamar haurren gainera, beste lau sortu zitzaizkien guarda-ondoari eta haren emazteari, Hazparnen: Katixa1850ean, Kattalin 1851an, Anton-Xiprien 1856an, eta Jean Bertrand 1858an. Bainan zorigaitzez, lau heriotze izan zituzten denbora berean: 1849ko abendoaren 1 lan hil zitzaien Jean, bi urteko haurra; 1850eko uztailaren 30ean Katixa, hiru hilabetekoa; 1855ko irailaren l0ean, Janbattitt, 11 urteko seme kozkorra eta 1858ko irailaren 22an, Joana, 17 urteko neska propia.

        Artetik erran behar da bestalde, Mendiaguetarrek maiz aldatu behar zutela egoitzaz, eta menturaz ogibidez; ezen herriko paperen arabera, ostalergoan aurkitzen balin baditugu 1848an Dukiainean, hiru urteen buruko etxezain joanak dira 1851 an Jela-ra eta gero hortik 1858an Mozotei-ra.

        Nornahik bezain barna hartu zituzkeen Josep Mendiaguek haurreko ezinbeste, nahigabe eta dolumin horrek guziek, bainan egundainotik gogo aberatsa izanez, berak zioen bezala «Kantuz igortzen zituen penak oro ihesi».

        Zahartu ondoan bestalde aitortu zion Erramun Darraidou herritar gazteari «ez zela ez handia, hark ukana zuen eskola». Ez zen honetan «biziaren eskolaz» mintzo, baitzuen horretaz nahikoa ikasirik, bainan bai eskoletako irakaslek eman ohi diguten irakaskuntza bereziaz. Eskola poxi hori ere bada, Hazparnen ukana baitzuen, 1850eko hamarkadan, herri horretan ezagutu zituen bi irakasle aparteko bederen behar ditugu aipatu.

        Bat frango idorra, eta bortitza ere aski, Michel Elissamburu, Innocentius anaia, Heletarra (1826-1895) zen. Honen anaiek, 1846an, idekia zuten, Gaineko-karrika buruan, Frereta deitzen zuten eskola berria, eta horren buru ezarria zuten, 23 urtetakotz, euskaldun frera gaztea; 44 urtez, honek Hazpandar hainitzen bihotzetan barna sartu baitzuen, egiazko erligionearen oinarri, «Jainkoaren Beldurra». Jean Baptiste Elissambururen lehenkusia eta hura bezala bertsularia eta euskaltzalea zen Michel Elissamburu. Honen eskuetarik eta eskolatik iragan zirela Mendiague guarda-ondoaren haurrak, egia erran, ez gara fida. Josep Mendiaguen kantuetan ikusten dugu halere, elizagizonetarik aski urrun bazebilen ere haien egilea «Jainko Legearen» jakintsu zela nonbaitik.

        Bigarren irakaslea Gratien Adéma Zalduby (1828-1907) izan zen. 1854tik 1860 arte, sei urtez Hazparnen bikari egon baitzen Saratar apez pilotari, bertsulari maitagarria. Ez da dudarik Josep Mendiaguek hurbiletik ezagutu zuela, ez bakarrik elizan, bainan etxen berean, etxeko bataio, heriotze eta okasionetan. Gure iduripena da, Josep Mendiaguek bere bertsoetan erakusten duen euskal zer guziekilako atxikimenduak asko zor diola Zaldubyri.

        Dena den, Hazparneko gazte lagunek izan zuten, gure ustez, Josep Mendiaguen baitan eraginik handiena. Zenbat aldiz ez da mintzo bere bertsoetan gazte lagun herritarrei edo herritarrez? Hala nola 1889an, Xemartin Harriague Morroxkok Hazparnetik Ameriketako itzulia egin zuelarik, 19 kobla eskaini ornen zizkion honela:

 

                Kantuz hastera doa guardaren semia,

                Hazpandar guzietaz ingurikatuia...;

 

lehen lerroak bere Bibliografian (ikus, Mendiague J. art.) eman dizkigun J. Bilbaok ez ditu zorigaitzez ondotik datozenak bildu.

        Beste behin ordea, Mendiaguek berak bere kantu liburuan argitartu zituen, Buenos Aireseko herritar koblari bati igorri bertsoak:

 

                Orai hasiko dira kantuz bi Hazpandar...,

 

eta ere Casimir Sarrail-ek Hazparnetik bidali letraren ihardespena, edo oraino «Firma gabeko» bere jaukitzaileari idatzi lerro hauek, gure ustez gaztaroko oroitzapenak berpizten dituztenak:

 

                Gostuz egon nindaike...

                Omore onian,

                Trankil bihotzian,

                Bertsularien artian,

                Gorde gabe konpainian,

                Lagunekilan jarririk mahainian,

                Pesta ederragorik ez da munduian....

 

        Bainan jadanik aipatu dugun kantu bat, «Gizon zahar baten arrengurak» izan daiteke Mendiaguentzat bere gazte denbora eta gazte lagunak gogoratzeko parada aproposena: Hona nola hasten ziren 2. 3. eta 4. bertsoak:

 

                Gazte denbora pasatu izan dut, bertze hainitzek bezala,

                Ilusionez dena betia, ustez bertzerik ez zela...

 

                Denbora batez aise eiten nuen kantu ta dantza plazetan...

 

* * *

 

                Soinua non zen adituz geroz, loriatua, dauzika,

                Harat joaiteko beti prest nintzen, laneko tresnak utzi-ta...

 

        Laster iragan ziren bada gazte denborako urte eder horiek eta hura baino lehen edo haren ondotik, Katxo bertsulariak, Martin Mendiague, Kattalin Mendiague anai arrebek eta beste zenbat Hazpandarrek mende hartan egin edo eginen zuten bezala, egin zuen, 18 urtetan, Josep Mendiaguek, Ameriketarako bidea hartu.

 

                Hogoi-ta-hamasei urte badut jinik huna...

 

        1899ko apirilaren 26an idatzi zion Jose Mendiaguek Kadet Oxandabaratzi «Hogoi-ta-hamasei urte» hartan etorria zela Montevideora. Horrek erran nahi du 1863an joan zela, Hazparnetik Ameriketara.

        Gertakari honek bada gogora ekartzen digu berehala, beste gertakari ezagunago bat, hots Jose Maria Iparragirrek bide bera egin zuela, bost urte lehenago, Angela Querejeta, bere andregaiarekin batean, 1858ko abuztuaren 29an, untzia hartu zuenaz geroz, Baionako portuan, Buenos Aires eta Montevideora buruz. 1877an itzuli beharra zen Euskal Herrira, eta beraz, 19 urte eskas iraun zuen haren Ameriketako itzuliak. Itzuli horretaz ordea, 100 orrialdeko ikerlan luze bat eskaini digu Ameriketarik, Zuzen Garate jaunak, Iparragirre liburuan, beste zenbait lanen artetik, Euskaltzaindiak argitaratu duena, 1987an (161-265. orr.). Hor aurki ditzakegu asko xehetasun guziz interesgarriak guretzat, oroitu behar baitugu, 1863tik 1877ra, 14 urte iragan dituztela, elagarretarik hurbil, gure bi bertsolari handiek; eta ez badira ere hanbat kurutzatu —oraino ez dakiguna— badakigu bederen inguramen beretsuan bizi izan direla. Gehiago oraino, bera baino 25 urte zaharrago zen Iparragirren ganik, Mendiaguek asko ikasi zuela uste dugu. Aski da ikustea «Euskaldun Bertsulariak» izeneko kantua moldatzen duenean «Guarda semeak», nola bertso bat oso-osoa, beste bihi bati ez bezala, eskaintzen dion «Urretxuarrari».

 

                Zer gizon jakintsuna zen Iparragirre!

                Hura bezalakorik ez da izan bat ere;

                Hark egin 'tuen obrak handiak dirade;

                Denak admiratuak, heier beha gaude;

                Beti kantatu izan du Euskaldunen alde,

                Gure kontrarioen beldurrikan gabe.

 

        Ohartzen gara bestalde, beste edozein autoreri baino toki gehiago emaiten diola Mendiaguek Iparragirreri bere kantu liburuan. Bere kantu berrientzat, haren obretarik hartzen ditu maiz aireak: Zenbat aldiz ez dugu kausitzen «Ume eder bat»en doinua?

        Oroz gainetik, ikusi behar da Iparragirreren gai beretsuak dituela erabiltzen Mendiaguek, 1863-1876 tartean moldatu dituen bertsoetan. lehenik euskaltzaletasuna, beti iraunen diona, erran gabe doa; bainan gero Amerika alde hartako historia tristea ere.

        Historia hori aipatzean, Zuzen Garatek dio, zinez ongi kausitu zuela Gillermo Hudsonek, Uruguayez ziharduen liburua deitu zuelarik angelesez, «The Purpel Land» (1885), erran nahi baita «Herri Odoltsua». Erresuma horrek alabainan, V. Flores-en 1863ko jazarkundearekin hasi-ta, 1876ko Lorenzo Latorre kolonelaren nagusitzeraino, tartean direla Paraguayko gerla (1865-1870) Timoteo Aparicioren asaldura (1870-1872) eta Pedro Varelaren «urte lazgarria» (1875), ez zuen 15 une luzez bake egiazkorik ezagutu. Ez da beraz mirakuilu Iparragirre ta Mendiague bezalako bi lekukok, Ameriketako gertakari horiez, doinu bereko bertsoak ateratzea: 1900eko kantutegian ziren, lehenagotik, Hazpandarrak idatzi zituen «Montevideoko Berriak», «Montevideoko Manera» eta «Lorenzo Latorre Montevideoko Gobernadoreari». Horiek irakurri-ta laster ikusten da berdin mintzo zitzaiela, handik beretik, Urretxuarra, bere herritarrei:

 

                Bai nere adiskideak bear da pentsatu,

                Zuentzat Amerika nola dan mudatu;

                Inork emen ezin du lanikan bilatu

                Orain datorrenari bear zaio damutu.

                Gainera izan degu emen ere gerra;

                Gure zorionean pakea egin da;

                Baina gerrak ondoren dakar diktadura,

                On Lorenzo Latorre nagusi degula. (Iparragirre, op. cit. 363).

 

        Eta beste aldi batez «Euskalerria eta Amerika» konparatzen zituela, honela zioen:

 

                Ez pentsatu an danak aberats dirala;

                Pobreak ni bezela milaka badira;

                Ara dijoazenak ondasunen bila,

                Gutxi itzultzen dira beren sorterrira. (Ibid. 367. orr.)

 

        Itzultzen ziren bakarretarik izan zela Iparragirre bera, 1877an, ja errana dugu, bainan Mendiague beti han zegoelarik honek beste bertsulari famatu batzu ere ikusi zituen alde haietara hurbiltzen: J.B. Otxalde lehenik eta geroxago Pedro Mari Otaño.

 

                Gualeguayra jin zauku guarda bat, Otxalde...

 

        Iparragirreri esker aski ongi asmatzen badugu zer urte ilunak iragan zituen, harekin batean eta haren ondotik, Montevideo aldean Mendiague gazteak, Otxaldek, 1875-1877 irian, han gaindi egin zukeen itzuliak emaiten digu parada gure «Guarda semeak» zeraman bizimoldeaz xehetasun bat edo beste argitzeko.

        Badauzkagu ezen eskutan bizpahiru kantu, Montevideoko Euskal Errian 1912an agertu zirenak, bainan gure ustez aspaldi lehenago berdin eginak; menturaz egileak berak langileen bizia bizi zuelarik asmatuak: «Labeko peon baten arrengurak» eta «Montevideoko arrain-saltzale baten zaldiaren bizia». Eta hain zuzen Otxalde agurtzen duelarik Mendiaguek:

 

                Gualeguayra jin zauku guarda bat Otxalde...

 

kantatuz, erraiten dio ere 6. bertsuan:

 

                Porto-Ruiz-en bizi naiz, fabrika batian,

                Ikustera jin zaite, nahi duzunian.

                Nahiz okupatua nagoen lanian,

                Eguna galduko dut jiten zirenian.

 

        Berak erranik, jakiten dugu horrela gure bertsularia, «miseriaz betia izanik ere», bere betiko «omore ona» eta alegrantzia beiratuz, Argentinako Entre-Rios-etan dagoen Porto-Ruiz-eko herrirat joan behar izan zela lanera, 1875. urte irian gure karkulen arabera.

        Dena dela ez ziteken Argentinan zahartu gure gizona: Latorre kolonela gelditzen delarik «guzien nagusi», Uruguayra itzulia dela badirudi, hau da 1876an.

        Uruguayen, erran dugu, bainan menturaz ez Montevideon; San Jose de Mayo hirian kokatu zitekeen lehenik Jose Mendiague; ezen San Joseko hirian aurkitzen ditugu han utzi dituen edo handik igorri zituen paperak.

        San Joseko eliza nagusian dauden artxiboetan irakurtzen dugu alabainan 1881ko martxoaren 29an Margarita Gandolla anderearekin ezkondu zela Jose Mendiague eta geroztik izan zituzten bi alaba, Julia eta Maria eta bi seme Martin eta Francisco. Hauen bataio agiriak ere eliza berean dauzkate. Bestalde egunkari bat agertzen baitzen orduan San Jose hirian, El Pueblo deitua, kazeta hori ere kurritua duen Daniel Ramela jaunak jakinerazi digu, 1887an aurkitu duela hor «Euskaldunak-bat» izeneko elkarte baten berri, eta hain zuzen Jose Mendiague elkartearen bigarren idazkari agertzen da, haren anaia Martin burulehen delarik. Kazeta berean ikus dezakegu ondoko urtean, 1888an pilotari hoberenen pilota partida batean partehartzeko on dela oraino gure bertsularia, bere 43 urteekin eta ez gaitu berriak hanbat harritu, baitakigu Hazparnen pilotari eta pilotazale fama izan dutela egundainotik Guardatarrek.

        Azken puntu bat oraino argitu digute San Josetik bildu berriek: Mendiaguek, Margot, bere emaztearekin, jatetxe bat, edo hobeki hotel bat, atxikia zuela San Josen entzunik geunden, bainan oraikoan jakiten dugu 1894ean, Remigio Galdos, deitu Gipuzkoar batekin 25 langileko tabako lantegi berri bat idekitzen duela. Honek adierazten du gure ustez, euskaldun puxanten mailera ez baten ere behinere Porto-Ruiz-eko fabrikako langile ohia heldu izan, «burges tipien lerroan» bederen —batek erran lezakeen bezala— sartu zela halere.

        San Joseko bere lantegiko nagusi alkitik ontzen ditu oraino gai apaleko (?) bertso zenbait, hala nola «San Joseko herrian kaiolatik galdu den xori bati», «Firma gabeko bertsubatzuen arrapostua», «Ezkondua eta donadoa» eta beste, bainan gorago joiten ere badaki; 1894ekoak dira, hain zuzen, «Euskaldun baten kontseiluak Montevideoko Presidentari». Oroz gainetik Mendiaguen omena hedatzen ari dela, urteak joan ahala, ditugu seinale, Ameriketako euskaldunen arteko biltzar eta batasun mota guzien ohoretan moldatzen eta argitaratzen dituen kantuak, hala nola 1895ean Buenos Aireseko «Eskualdun-frantses bilkurako» P.P. Passicot buruzagiari eskainiak; 1898an Vasconia batasunaren ohoretan emanak; 1900. urtean, Eskual Etxeako komisionearen ohoretan eginak; Haitza kazetaren moldatzaileari eskainiak, bai eta ere, urte berean, eta leku berean, hots Buenos Airesen, Pedro Mari Otañorekin kurutzatzen dituzten bertsuak

        Buenos Airesera, eta hiri horretan bizpalau urtez, Euskal Herria lehenik eta Haitza gero izena zuen astekari euskarari igorri zituen bere kantu gehienak, Mendiaguek, 1900 arte, SanJose hiritik ziren heldu. Bainan horiek oro bildu-ta, Haitza-ren moldiztegian bain zuzen, eta Haitza-ren zuzendariaren, J. Sescoasse jaunaren aintzin solasarekin, argitaratzen delarik 1900ean Zazpiak-Bat, Eskualdun Kantuak kantutegi famatua, badugu hor azken kantuetarik bat, «Koblari bati buruz» deitzen dena. Delako koblaria Hazpandarra zen eta Buenos Airesetik ari, beste Hazpandar batek, hots Mendiaguek berak, Montevideotik zion ihardesten.

 

                Halarik ere bizi naizeno beti eginen dut kantu...

 

        1900ean Jose Mendiague joan zen San Jose hiritik Montevideora eta 1900etik 1912ra, Baionako astekari euskaldunetan, Eskualdun Ona, Eskualduna edo Eskual Herria beti Montevideotik heldu dira, Mendiaguen kantuak: lkus «Erramun Darraidouri Hazparnerat Montevidotik» (1903), «Xabier Harriet Aiherrako apezari» (1907), «Buenos Airestarrak Montevideon» (1907) eta «Gizon zahar baten arrengurak» (1912). Bizkitartean horiek oro guti dira, jakiteko zer bizimolde zeraman gure bertsulari zaharrak Uruguayko hiri nagusian mende honen hastapenean, eta geroztik ere, noizbait hil arte. Ezen bau ere aitortu behar dugu ez genekiela, berriki arte, noiz eta non hil zen Jose Mendiague. Hona beraz laburbildurik, zer jakin dugun Martin Ospitaletche Montevideoko ikerle bipilari esker.

        Jose Mendiague eta Margarita Gandolla senar emaztek San Jose hirian izan zituzten lau haurretarik, bi gazterik galdu zituzten: Maria eta Francisco. Beste biak ezkondu zitzaikien: Martin, semea, Berta Baru anderearekin eta ez zuten hauek haurrik izan; Julia alaba, Maruja deitzen zutena, aldiz Leopoldo Tosi arkitektoarekin. Hauek bai izan zituzten hiru haur: seme gehiena, gazterik zendua, arreba gehiena eta seme bigarrena Lionel Tosi. Tosi-Mendiague bi anai-arrebak oraino bizi dira Montevideon, 70 urteak bakotxak iraganak dituela eta haurrean ezagutu duten beren aitaso, Toto deitzen zutenaz, biak ongi oroit dira.

        Etxekoei esker jakin dugu, Montevideon bizi zelarik Jose Mendiague, Leopoldo Tosi bere suhiak etxeño bat eraiki ziola, Punta Carretas deitu auzoko Riachuelo karrikan. Etxe horretan zuten ezagutu bere ilobasoek, pipa handi bat zeukala ahoan eta makila eskuan. Bere paper eta liburuak, kutxa batean zeuzkan gorderik, eta bere alabatxoak, euskara guti jakinagatik, euskarazko irakurketa egiten zion, nekez bazen nekez, ezbaian itsutu zelarik gaixo xaharra. Haurrek bazekiten beren aitonak asko maite zuela politika eta entzuna zuten bonapartista, colorado, batllista zela eta anticlerical furibundo, hau da Napoleon Bonaparten eta Jose Batlle Ordoñez, 1911an Uruguayko presidentaren aldekoa, gorrien alderdizalea eta apeztiarren etsai amorratua.

        Oroit dira Tosi anai-arrebak nola egun batez bularretarik eritu zitzaien aitaso; goiz batez, bere ohizko pipa luzea bazter utzi zuen eta egun berean zendu zen. 1937ko irailaren 12a zen eta arratseko 8ak. Biharamunean jakinerazi zuten herrikoetxean, Riachuelo karrikako 166.ean hila zela beraz, «bronconeumonia» batetarik, Jose Mendiague, frantses herritarra, 95 urte zeuzkana —honetan hiru urte gehitzen zizkioten— Maria Margarita Gandoglia (sic)-rekin ezkondurik bi seme alaba Maria Julia eta Jose Martin zituena. Gero Tosi familiaren hilobian ehortzi zuten beren aitona eta orai ere Montevideon, Buceoko hilerrietan daude haren hezurrak.

        Tositarrek beren etxen badauzkate oraino aitonaren zenbait oroitgarri: haren makila zilarreztatua, haren 1900eko kantu liburu famatua eta F. Juvénal-Martyr-ek, 1899an, Baionan argitaratu zuen Vocabulaire trilingue Français-Espagnol-Basque ezaguna. Hauxe jabeak bere eskuz markatua lehen orrialdean «Jose Mendiague, Montevideo. noviembre 1906». Galdu ziren zorigaitzez kutxa berezi batean zeuden bertsolari xaharraren paperak. Bizkitartean Tosi anderea oroit da Euskal Erria Montevideoko elkartearekin harremanak bazituela aitaso zenak, elkarte horren artxiboetan zerbait berri aurkitzen baita hain zuzen.

        Euskal-Erria delako batasunaren sortzeko berriak, 1912ko martxoaren 30ekoak, biltzen dituzten paperetan ikusten dugu elkartearen lehen egunetik hor zela Jose Mendiague. Beltran Bidegaray beste Hazpandar batekin bulegoan sartu zuten eta bilkura bururatzean errana da, bere kantu hunkigarrienetarik bat emanarazi ziotela bere lagunek. Ez da mirakuilu handik laster, bere zaharrean bota bazuen ere:

 

                Halarik ere, bizi naizeno, beti eginen dut kantu....

 

        Martxoko lehen bilkuratik landa eta elkarte berriak bere araudia antolatu ondoan, ekainaren lean, egin zen bilkura berri bat eta lehen buruzagitako hautatua izan zen, Nikolas Inciarte. Ondoko aboztuaren 4an, argitaratu zen elkartearen izen berarekin, Montevideoko Euskal Erria; igande oroz, hainitz urtez agertu behar zena.

        «Euskal Erria»ren lehen 50 zenbakietan, non nahi eta noiz nahi, ageri da Jose Mendiaguen izena. Lehen zenbakian berean agertzen da haren kantutegiko lehen kantua «Lapurdi eta Baxenabarre». Gero kantutegi beretik harturik, berrargitaratzen dira beste bospasei kantu: «Ezkondua eta donadoa», «Eskualdun bertsulariak», «Gure haitza» eta beste, bainan artetik sartzen dira zenbait obra berri, osoki ezezagunak Europa alde honetan, hala nola: «Euskal Erria-ren komisioneari», Murde Intziart «Gure elgartasuneko Presidentari», «Biba gure arbasoak», «Labeko peon baten arrengurak», «Arrain-saltzale baten zaldiaren bizia», «Ni kantuz zakuan sartuko nauela dioen bati», «Mendiague ohetik», eta «Haitzaren moldatzaileari».

        Azken kantu hori, 1913ko uztailaren 13ko zenbakian agertu zen. Handik hara, Montevideoko euskal astekarian ez da Jose Mendiaguen hatzik aurkitzen, Martin Ospitaletche jaunak erran digunaz. 1912ko azaroaren 3ko zenbakian ezarri zuten —egia erran— «gure astekariaren lankide jarraikia, Jose Mendiague bertsularia gelditurik izan dela, bainan oraingotz osoki sendatu zaigula, jakin dugu». Berri hortarik landa hobeki konprenitzen da nola ondoko otsailaren 9an argitaratzen diren «Mendiague ohetik kantuz» bertso umorez beteak. Geroztik ordea zer gertatu zen ez dugu jakin ahal izan.

        Bizkitartean Jose Mendiaguen fama ez zen berehala itzali Ameriketako euskaldunen artean, ezen 1934eko abenduaren 1lan, «Euzkadi» egunkarian Aitzolek idatzi zuen gaztelaniaz artikulu bat «La emigración vasca y la poesia euskaldun» eta hor lparragirre eta Pedro Mari Otaño aipatu ondoan, lerro hauek eman zituen: «Sin embargo el poeta mas destacado de la emigración me parece ser el ezpeldarra (?) Jose de Mendiague, casi totalmente desconocido aqui como popular entre los vascos de la Argentina de la anterior generación. Poeta de gran fuerza descriptiva y rara originalidad» (J. Aristimuño Aitzol, «ldazlan guziak», 6, Erein, 1987, 126. orr.)

        Hemen ezezaguna bezain Argentinan oraino fama handia zeukala, adineko euskaldunen artean, 1934ean, erran ondoan, Aitzolek goresten zituen bereziki artikulu berean «Buenos Aireseko letxeroak eta ostalerak» deitu bertsuak, geroxago luzakiago oraino «Kantuz» izeneko obra eginen zuen bezala (ikus op. cit. 156. orr., «Euzkadi», 20-1-1935). Orozgainetik Aitzolek bere lehen artikulu hartan kontatzen zuen, halako aldi batez, Nafarroan gaindi zebilela, Arizkun-Bozateko «indiano» batek eskura eman zizkiola Mendiaguen kantuak, eskuz kopiatuak, erranez: «Tori, zure eskuetan nereetan baino hobeki egongo dira».

        Aitzolek seguraski argitaratu nahiko zituen Mendiaguen kantuak. Zorigaitzez zer gertatu zitzaion, handik bi urte gabe, euskalzale handiari, denek badakigu. Mola generalaren soldadoek badakigu tiroz hil zutela eta Hernaniko hilerrietan ehortzi, Jose Aristimuño «Aitzol» apeza, 1936eko urriaren 1718ko gauean.

        Arizkungo paperak ez dizkigu oraino nehork erakutsi, bainan ez zaiku halere itsusi —50 urteen berantarekin, eta hutsarte guziak hutsartegi— Aitzol zenaren ametsa betetzea eta Jose Mendiaguen Euskal Herrietan ezagutarazteko, haren kantuak aurkeztea.

 

Bilaketa