literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Jon Mirande, orhoituz

 

Juan San Martin

 

«Gogoz, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978

 

        Jon Mirande zenaren beste liburu bat plazaratu da. Gazterik joan zitzaigun idazle oroigarri honek sigilu berezia utzi zuen euskal literaturan.

        Kriselu argitaldariak, bere ekintza ederrean berriki eman digu Jon Miranderen poema guziez hornitutako liburua. Orhoituz du izenburutzat, liburuaren bederatzigarren poematik hartua eta galdu genuen poeta paristarrez gogoratu nahirik. Poemok Andolin Eguzkitzak bilduak dira eta bere hitzaurrez aurkezten dizkigu.

        Mirande euskal poesia berriaren gurasoetako bat izanik, liburu honen garrantzia agiri agirian dugu. Bere poemak ezagutu gabe ezinezkoa litzaiguke gerraondoko poesia berria behar bezala ezagutzea.

        Liburu sailik berriena dugun Kriselu argitaldarieren hamaseigarren alea da. Kriselu bere bizitza laburrean hainbeste liburu eman dituelarik ere, harritzekoa izan da Eibarren maiatzaren 29 eta 30ean izan den liburu azokan ale bat bera ere ez agertzea. Honelako hutsuneak ulertu ezinak dira, eta ez dio onik egiten gure literaturaren mugimenduari.

        Jon Mirandek 47 urte zituen hil zenean, 1972ko abenduaren 28an hila aurkitu zuten. Paris-en bertan sortu zen 1925ean, eta garaiko kezkeri loturik, beste zenbait joeren artean, bere gizaldiko esistentziari buruzko pentsakerak ere ikutua zen eta eragin horrek eraman zuen honako poemagintzara:

 

                Bihar edo etzi

                non naiz neu izango?

                (Ai! ez naiz ordongo,

                negar dagit asko,

                gorputz, bihotz-minez,

                gauzetako minez.)

 

        Baina bere poeta nortasuna ez zen esistentziaren aldetikako joera horregatik, baizik, beste zenbait gauzaren artean, bereziki, gerraondoko poeteri mezu berria ekarri zielako. Aspertutako topikoetatik at eta erromantiko atzeratuetatik at, esan nahi berriak ekarri zituen, arnasa irekiagoarentzat haize berriak ekarriz.

        Gogotik estudiatzeari eman zen, baita beti bakardadeetan ibilia eta buruan sartzen zitzaizkion ideiak aski radikalizatzen zituen. Europako egoeraz nazi-fazista politikaren joeretakoa zela jakitzea aski da, bere kasketaldien berri jakiteko. Bere kaxara jardutze honek ez du esan nahi ideietan eta ekintzetan alde onik ez zuenik, ezta gutiagorik ere. Maiz, holako izakerazkoengandik probetxuzko ideiarik asko urten izan du eta Mirandegandik ere ikaskizunik jaso dugu. Batez ere gerraondoko gizaldia literatura berritzera bultzarazi zuenetatik pertsonajerik berezienetako bat zen Jon Mirande.

        Emakumezalea zen eta amoriozko poesiari ere libreki emana zen, hemen garai hartan ohi ez zen bezala. Behar bada Etxeparekoaz geroztik euskal literaturan ez zen aditu berea bezalako poesiarik:

 

                Ez lotsa izan, ene hau, othoi,

                bekhatu del'egiten degun hoi.

                Nurk daki bekhatia zer dene?

                Ez zuk, ez nik!... Zerbait dakit hale

                zirela eder badakit doi-doi.

 

        Honela, lasai agertuko zituen bere usteak inguruko giroan nola hartuko ziren begiratu gabe. Dena dela, zintzotasunik inork ez dio ukatuko.

        Era berean agertu zituen bere ideiak «Euskaldungoaren etsaiak» izeneko lan hartan (Ikus, Gernika aldizkariaren 23. zenbakia, 85/87 orrialdeak. Buenos Aires-en 1953an argitaratua). Horrek ez zuen bere alderako giroa hobetu. Eta Euskaltzaindiak «bereak eta bost jasan» zituela, ez zen izan A. Eguzkitzak liburuaren hitzaurrean dion bezala, laguntzaile zen baina numeroko izateko ezin zuen maioria bereganatu; honen arrazoiak argi daude. Eztabaidarik izan bazen ere, maioria bere alde ez zuenez alperrikoa zen bere izena aurrera eraman nahi izatea. Beraz, gauzak hobe da beretik atera gabe uztea.

        Euskal poemagintzara ekarri zigunik onena, zera zen, hizkuntza poetikoaren indarra, adiarazpenak agertzeko era berezia, esateko ereri neurriari eta puntuari baino garrantzi gehiago emanez, irudimenari bide irekiagoak ematea. Eta bere irudimen paregabearen bidez ongi agertzen zaiguna da. Holako goxotasun eztitsua nabari bait da bere poemetan, hizkuntza erabiltzeko eraz. Har dezagun adibidez Undina-ren lehen bertsoa:

 

                Itsaso hurrunen harmonietan

                Uhinen alhaba jaio zinaden.

                Geroztik zabiltza zure orhoitzan

                uharte gardenak ezin eriden.

 

        Egia esan, Paris-en sortu bazen ere, gurasoak zuberotarrak zituen, eta zuberotarren artean ohi den bezala, herri kantak ongi ezagutzen zituen. Zeren Miranderen poemetan eta gainerako zenbait lanetan argi asko nabari da herri kanten ezagutza hau.

        1970ean, Lur editorialak Miranderen Haur besoetakoa izeneko eleberri laburra argitaratu zuen eta hura izan zen bere bizitzako euskarazko lehen liburua. Artikuluak, ipuiak, saioak eta itzulpenak pilaka argitaratuak dira euskarazko aldizkarietan: Gernika, Eusko-gogoa, Elgar, Egan, eta Igela izenekoetan bereziki. Orain, A. Eguzkitzari esker, lortu dugu bere olerkien bilduma.

        Orhoituz liburu honetan bada poesia politik eta oharretatik ikusiko ditugun urteak gogoan edukitzen baditugu oraindik gogozkoago izango ditugu. Honako hauek politenetakoak noski: Igelak,

Akelarre, Jauregi hotzean, Orhoituz, Neskatxak, Paris-beuret, Zakhur hil bati, Nil igitur mors ets... eta Oianone.

 

1976-VI-7

 

Bilaketa