Jokin Zaitegiren kemena (II)
Juan San Martin
«Bidez, gure herriko gauzak»
Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1981
Euskaldun erara itzetan laburra,
goldean ari naizu lenago bezala:
otadi-okuntzak labakitu-ala
ereingiro daiten arbasoen lurra.
Hamalaudun oparotsu baten bidez eman zion Zaitegik Berriz ere Goldaketan olerkigintzari jarraipena, ekaizpean bizi ondorean ere, bere barne-gogotik laño beltzik igaro ez balitz bezala. Aberri-mina zuen eragile. Liburu honetan, Miarritzen 1961era arte osatu zituen olerkieri urte bete geroago Guatemala-n gehitutakoak ezarri zizkion. Bere kemenaren adigarri, hor dator euskal-ikurriñari eskainitako epika, larogetasei bertsoz hornitua.
Goldaketan (1946) eta Berriz ere Goldaketan (1962) dira olerki bildumen izenak. Berak egin itzulpenetatik aipagarrineak: Longfellow-en Evangeline (1945), Bidalien Egiñak (1955), Sopokel'en Antzerkiak (1946 eta 1958), Euripide-ren Medeia (1963), baina batez ere Platon-en elkarrizketak. Guzietan goretsigarriena azken hau. Atarikotzat atera zuen lehen tomoaz aparte beste hiru liburu dira orainarte argitaratuak eta hauetan sartzen dira: Platon-eneko atarian (1962), sarrera gisa; Platon I (1975), Oturuntza, Protagora, Menon; Platon II (l977), Gorgia; eta Platon III (l978), Eutifron, Sokrate-ren apologia. Hirugarren tomo hau argitara berria da, eta esan beharrean naiz Arrasateko herriaren laguntzari esker ikusi duela argia.
Jokin Zaitegi, esana dugun bezala, Mondradoen jaioa da. Hil honen 26an beteko ditu 72 une.
Bere gaiak Unibertsitaterako euskarak beharrezko dituen tresnak, herri xehearentzat hain ulerterrezak ez izanarren, bere ekintza eredugarri honegatik, bere sorterriaren begiramena irabazi du. Hala dirudi, eta txalogarria deritzagu arrasatearren jokabide honi.
Holako lanak egiteko gizonak urri dira edonon ere, eta holako lanak beharrezkoak izaki euskara Ikastetxe Nagusietara eramango badugu, eta eraman beharra dugu euskarak luzaroan iraungo baldin badu. Iraupen honi begira dago gure herriaren izan edo ez izana.
«Euzko-gogoa» argitaratzen hasi zenean, Unibertsitate mailak zituen gogoan: 1954ko lehen alearen «Ataurrekoa»n hara zer zion: «Gizon ikasiak euskerarenganatu nai ditugu. Ortarako oraindik landu-gabe zeuden gure alorretan ildo berriak urratzen asiak gera. Euskaldun euskerak egin gaitu, beraz, euskera gabeko Euskadi'rik eztugu opa».
Honegatik, Eusko Ikaskuntzaren Batzarra bera ere salatuko men, beren lanak, batzarrak, agiriak eta abar erdaraz egiten zituztelako: «Nola liteke Eusko-Ikaskuntza-Batzarrak antzu gertatzea? Itz gutxitan azalduko dizuegu gure erantzuna. Batzarre orietan, maizenik, gure izatearen erro ta gogo dan euskera, lotsagarriro baztertu oi izan dutelako. Eusko-filologiaz, euskal-edestiaz, euskal-folkloreaz, gure erriaren agerkari guztietaz ekin diete, bañan beti erderaz. Euskerak ez du iñoiz ere batzarre orietan bere arpegi ederra erakutsi; alderantziz, noragabe eta eskale ibili izan da iakitun erdel-zaleen artean zapuztua ta baztertua». Hola aitortu zigun «Euzko-gogoa»-ren atariko batean (ikus, 1954ko 3-4 zenbakian).
Zaitegiren gogoa zen «Asmoz ta jakintzaz»ko lema, baina euskaraz. Honegatik, behin eta berriz errepikatu zigun euskararen alde kementsu agertzea. Atariko berean zion: «Erotuta gaudela esango dute zenbait iakitun erdel-iarioek. Bai, euskerarekin zoratuta gaude, ta euskerak beste euskotar guztiei burutik eragiten ez dieneño galdurik gaude. Ikusi dugu zuen gurbiltasunak, zuen zuhurtziak noraiño eraman dituen gure aberri-izkera eta gure erria. Aski zuurtasunik eta betorkigu euskal-eroaldi betea, gure izkera ederraren oiartzunez, Euskadi'ko muga urrutienak ere beteko dituen euskal zoro-aldia».
Garai haretan, holako hitzez, bere kemenetik gure gogoa iratzartu zuen. Geroago eta zihurrago geuden euskararen zuzpertzetik sortuko genuela gure herriaren berpizkundea.
Zaitegik behin eta berriz esana, ez zen hutsean erori. Gizaldi berrikoentzat ari zen eta hortik zetorren belaunaldi berri bat, idazle eta ikastola sortzaile aurrenengo zirela. Bere ideiak tinkoak ziren eta bere hitzak garbiak bezain argiak. 1955. urteko lehen zenbakiaren atarikoan, hara zen zion: «Ez du inork zertan arritu gure erriaren osagailurik egiazkoena EUSKERA dala badiñogu. Euskerak iraun zun bitartean gure erriak ere erri iraun zun, gogo ta lurraren iabe. Euskeraren ondamendiak aldiz, erriarena ere ekarri digu euskal-gogoarenakin batera. Etzitekean bestela izan ere, izkera baita erriaren arima ta izkera galduz gero erriarenak ere egin du».
Zenbat ziren garai hartan euskaragatik edo euskararen alde zerbait egiteko? Abertzaleen artean bertan ere, zenbat ziren beren haurrei euskaraz egiteko? Gaur besterik da. Egia handia hau ere. Baina, kontuz, eta ez ahaztu orain hemen jasotzen ditudan orduko esanak. Ez ahaztu eta eutsi irakaspen eder hoiei, oraindik ere bide luzea dugunezkero.