literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Jean Barbier

 

Juan San Martin

 

«Gogoz, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978

 

        Aurten ehun urte betetzen dira Jean Barbier zenaren sortzetik. Donibane-Garazin jaioa zen. Euskal literaturaren alorrean lan ederrik egin zuen: poesia, ipuiak, antzerkiak, saiaerak eta eleberri bat ere idatzi zuen. Bere garaian, aldizkarietan anitz izkribatu zuen eta adiskide andana batekin «Gure Herria» aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen. Bere lan asko aldizkari honetan argitaratu ziren.

        Ifar Euskal Herrian oso zaleak dira kanta bildumen liburu eta liburuxkak maiz argitaratzen eta horietan nekez faltatuko da Jean Barbierren kantaren bat, herriz herri bere zenbait kanta arrunt zabalduak bai dira. Gure artean, Mikel Laboa kantari hasi zen garaian, Barbierren «Gure amatxo» izan zuen hastapenetako bat eta oraindik gure egunotan nork ez du ezagutzen plazetan edo radioz entzuna?

 

                Oilarra kukurruka etxean da ari,

                Jadanikan Amatxo otoitzez Jaunari;

                Bi eskuak ikaran, so kurutzeari:

                Jaunak beha diezon egun berriari.

 

        Aspalditik entzun ez dudana zera da, Irrintzina izenekoa, 1898an Senperen lehen saria irabazi zuen hura, musika polit bati erantsita hemengo koruak iñoiz kantatzen zutena, hain eztitsu osatutako lehen bertsoarekin:

 

                Gau eder batek ninduen

                hatzeman mendi gainetan.

                Iguzkia aintzinean

                emeki etzan zitzautan.

                 Azken abereak etxera

                zoazin ene oinetan,

                bazter guziak zituztela

                inharrosten marrumetan.

 

        Bi kanta horien hasierekin jabetuko da irakurlea J. Barbierren nortasunez. Piarres Lafitte dugu bere bizitza onduen aztertu duena eta bere esanen hildoz adiaraziko dugu, laburki, bere bizitzaren berria. Sorterrian, Hazparnen, Larresoron, Baionan eta Tolosan egin zituen eskolak. Teologia dotorgoa bildu-eta, Larresoroko Seminario ttipian erakasle sartu zen. Orotan denek haren lana ezinago estimatua zen. 1913an Senpereko erretorgoa hartzen du, artoski, kartsuki, maiteki gidatzen duela. 1931ko urrian hil zen.

        Euskalduna baitzen errotik, bere aita-amen mintzairari funtsez heldua zegoen. Baxenabartarra ikasia zuen bere etxekoekin, bainan Lapurdin egotearen bortxaz eta lapurtarren liburuak irakurtuaz, mintzaira lerratu zitzaion «nafar-lapurtar» esaten diogun hizkuntzaruntz.

        Haren lumatik atera diren liburuak izan dira: Nere kantak (1910), Ama Birjina Lurden (1920), Supaster xokoan (1926), Ixtorio-mixterio (1930), Légendes du Pays Basque d'apres la tradition (1931). Beste lan asko aldizkarietan argitaratu zituen: Kauserak edo Kruxpetak izeneko antzerkia (1924), Piarres eleberria (1926-1929), bi zatitan, eta abar.

        Lafittek dionez, bertso lanak irtetzen zaizkion bezala hartzen zituen, inolazko konponketarik gabe. Behar bada hobeak izango ziren begiramendu gehiagoz landu balitu, baina dauden bezala, herritasunez beterik daude, bizitasun berezia dariela. Eta honek ere bere alde onak ditu.

        1925ean, Trois legendes sur Axular bilketa lana agertu zuen «Gure Herria» aldizkarian. Geroago, bertan oinnarriturik edo, Axularren itzala izeneko bertsoak egin zituen. Urte batzuk dira J. M. Barandiaranek ere bildu eta aztertu zituela honelako kondairak, Axularren itzalari buruz. Barbierren poemaren bi bertso soilik emango ditugu, itzal merezigarriaren ohorez:

 

                Zuhaitz handiak, lore ttikiak

                berekin dakar itzala,

                nahi bezenbat argitugatik,

                gizon orok hala hala!

                Itzalik gabe, aditua nahiz,

                Aingeruak ditezkela.

                Huna non dioten Axularrez:

                Itzalik gabe bizi zela.

                «Itzalik» gabe, hura bezala,

                nahi girea, anaiak?

                Gure Axular bezenbat garbi

                nahi girea guziak!

                Galtxagorriri, harek bezala,

                utzi erdaldunkeriak,

                aztaparretan utz debruari

                beraren kaskoinkeriak.

 

        Literaturan biltzaile eta sortzaile zenez, aztertzailetarako ere dohain bereziak agertu zituen; honen ondoriozkoak ditu egin zituen saiaera laburrak. Hauen artean, heriotzari buruzkoa, bertsoz ere jarria, azkenaldi hontan euskaraz eta erdaraz gai hau dutenek aprobetxatu gabea da.

        Bere paperen artean, P. Lafittek, argitaratu gabeko lan asko aurkituak ditu, batez ere bertsoak. Baina argitara gabeko hauen artetik berezienetako bat buhamien (ijitoen) bizitza eta ohiturazko lan eder bat, 1971. urtean Lafitte berak argitaratua Antxitxarburu-ko buhamiak izenez. 1895ean idatzia zen. Behar bada gai berarekin frantsezez beste lan bat egina zuelako edo egiteko asmoa zuelako utzi zezakean argitaratu gabe, zeren 1904-1905 urteetan Les Bohémiens d'Antchitcharburu bere irakurtzaileei eskaini bai zien.

        Lerro hautatik bijoaz gure laudorioak J. Barbier zenari bere ehungarren urteburu honetan.

Juan San Martin

1975-IX-1

 

Bilaketa