literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Antonio Arrue Zarauz (1903-1976)

 

Luis Villasante

Arantzazun, 1978, Abenduak 7

 

«Jan-edanak»

Antonio Arrue

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1979

 

        Arrue jaun zenaren euskal lanen lehen alea duzu hemen, irakurle. Aurkezpen gisa hitz batzuk eskatu zaizkit.

        Nik dakidantxoa esango dut. Euskaltzaindiak Arrue jaunari zenbat zor dion, alegia.

        Gerra ondoko urte zailetan Euskaltzaindia doi-doia bizi zen. Adiskide onak behar-orduetan frogatzen direla egia baldin bada, orduan Arrue jauna hoietakoa izan zela aitortu behar. Gure elkargoak laguntzaile fin-askoa aurkitu zuen harengan. Batez ere Euskaltzaindiaren aldeko jestioak egin behar zirenean, baimenak lortu behar zirenean, eta abar.

        1956 urtea zen. Urte hartan egin zuen Euskaltzaindiak bere lehen Biltzar nagusi agerikoa, gure mintzairaren arazoak jend'aurrean astintzeko.

        Ondo gogoan dut nola izan zen Biltzar haren sorrera. Arantzazuko eliza berriaren estrainaldia urte hartan ospatu zen; handikiro eta ozenki ospatu ere. Tartean baziren pisuko arrazoiak. Eliza horren estilo berriak polemika gogorrak sorrarazi zituen. Hainbesteraino, non, Erromako eliz batzorde batek kontrako iritzia ere eman baitzuen. Eztabaida haiek herrian utzitako kutsu mikatza ahantz arazi nahi zen, bada.

        Beste aldetik, Arantzazuko eliza hau herri xeheak emandako opariez egina da. Hortarako fraideak herriz-herri eta etxez-etxe eskean ibili ziren. Arrazoi hoiengatik bidezkoa zirudien herriari egindakoaren kontu ematea.

        Hoiek hola, 1956ko une hura jubileo gisa ospatu zen. Arantzazuko Amaren irudia herriz-herri eraman zuten. Bertso eta olerki sariketak antolatu ziren. Urte hartan Arantzazu zenbait Kongresuren biltoki gertatu zen.

        Orduko Aita Guardianari —Aita Carlos Gastesi— gogoratu zitzaion ongi legokeela euskaltzaleen biltzar bat ere, Euskaltzaindiak antolatua, Arantzazun egitea. Egun batean Aita Gastesi horrek hauxe esan zidan: Proposa zazu Euskaltzaindiko Batzarrean Biltzar bat hemen Arantzazun egitea, tokia eta bestelako erraztasunak guk emango dizkiegula esanez. Baina hau gaineratu zidan: Baimena lortzea, ordea, Euskaltzaindia ren beraren kontu gelditzen da...

        Hala esan nuen nik Batzarrean, eta han ontzat hartu zen. Baina katuari txintxarria zeinek jarri? Baimena zeinek eskuratu? Biltzarrerako prestamen guztiak eginik zeuden eta oraindik ez zegoen baimenik. Azken minutuan, ordea, lortu zen. Zenbaitek lan egin zuelako lortu, jakina. Tartean han ibili zen Arrue jauna —Oduko euskaltzainburu I.M. Etxaiderekin—.

        Biltzar hura hasiera bat besterik ez zen izan. Ondoko urteetan, han eta hemen, beste batzuk antolatu ziren. Euskal kezka pizteko eta bultzatzeko jend'aurreko Biltzar hoiek izan duten eragina beharko da egunen batean neurtu.

        Biltzarrok egiteko, ordea, baimena behar izaten zen. Eta hori lortzeko Arrue jaunagan aurkitu zuen beti Euskaltzaindiak lagun bat inoiz ez gezurtatua.

        Okondo-n (Araba), 1975ko Abuztuan ospakizuna egin zen Ulibarri Galindez-en oroitzapenetan. Han gertatu zen Arrue jauna eta hizlari izan genuen, gainera, baina ordurako gaitzak joa zegoen. Holako festetan azkenengoz han ikusi nuela uste dut.

        1964. urtean Gero-ren edizio berria egin nahi zen, euskeraz eta erderaz. Hortarako Juan Flors argitaratzaileak baldinkizunak jarri zizkigun. Baldinkizunok betetzeko diru mordoa behar, ordea —Euskaltzaindiak ez zutna—. Berriz ere Arruerengana jo genuen. Eta haren jestioei esker zuzendu zen diru hori.

        1969an edo inguru hortan zurrumurru bat zabaldu zen: Euskaltzaindiak ez zuela lege nortasunik, eta, beraz, hari edozein barrabaskeria eginik ere, berdin zela, zeren hark ez baitzuen bere burua defenditzeko biderik. Eta gezurra badirudi ere, indargabezia hortaz baliaturik, tiroak heltzen ziren gutien uste genuen lekutarik. Euskaltzaindia bere lege nortasun hori finkatu beharrean gertatu zen, bada. Eta hortan ere Arrue jaunagan habe sendo-leiala aurkitu zuen.

        Berak ikusi zuen hortarako, lehen urrats bezala, Euskaltzaindiaren Arautegia gaurkotu behar zela, eta lege gizon zen aldetik berriztatze hortan asko lagundu zuen. 1972an Euskaltzaindiak Arautegi berriztatua onartu zuen.

        Gero, berriz, Madrilera joan-etorriak egin behar, Euskaltzaindia legezko Instituzio bezala aitortua eta onartua izan zedin. Arazoa ez zen bat ere erraza. Askotan hitz onak, baina ondoriorik ez.

        Oroit naiz behin Madrilen Ministro batekin egon ondoan pozik atera ginela, dena eginik zegoelakotan. joan ginen ostatu batera bazkaltzera. Arrue jaunak esan zuen: Gaur egun handia da eta, hau ospatzeko har dezagun markako ardoa. Hala egin genuen. Baina orduan ere gure esperantzak ustel atera ziren. Azkenik, 1976. urtean, Juan Carlos errege sartu zenean, lortu zen Onartze Dekreto hori, eta orduan ere Arrue jauna geurekin izan genuen Madrilen (Ikus «Euskaltzaindiaren legezko nortasuna», Euskera (1976, 279).

        Euskaltzaindiaren jend'aurreko ospakizunetan Arrue maiz izan ohi genuen hizlari. Hiztun trebea baitzen, bizia, jario gozokoa. Beste gertaldi askoren artean gogoan dut bat. 1957an Baionan ospaketa batzuk egin ziren Bonaparte Printzipearen oroitzapenetan. Iparraldeko euskaltzainek, harako hizlari bat behar zutela eta, eske etorri ziren. Lafitte jaunak irriño batekin hunela esan zuen: «Gu biziki hotzak gara eta zuk —Arrue— etorri beharko duzu berotzera». Eta eskatu bezala, han ere bere hitzaren emaitza erregalatu zigun. Eta zenbat holako!

        Bada oraindik beste alor bat Arrue jaunak txit gogoko zuena eta berari asko zor diona: bertsolariena. Euskaltzaindiaren barnean bazen —eta bada— bertsolari lehiaketa eta jaialdiak antolatzeko batzordea. Batzorde hortakoa zen Arrue jauna eta sail hortaz aparteko arretaz arduratzen zela badakit. Hor burutu zuen lana, ordea, nik baino hobekiago konta dezakete beste batzuek: adibidez, Aita Antonio Zavala eta Alfontso Irigoienek.

 

* * *

 

        Euskaltzaindiaren eta euskeraren aldeko ardura hoietaz landara, euskal literaturaren baratza ere landu digu Arrue jaunak. Hain zuzen, haren euskal lanak, liburutan bilduak eskeintzen dizkitzugu gaur.

        Bada arlo bat Arrue jaunak bereziki maite eta landu duena: Jan-Edanak. Gastronomiaren eremua Arrue jaunak ondo ezaguna zuen eta Egan aldizkarian makina bat urtez idatzi zuen gai hortaz. Euskaldunok badugu tripazai garelako fama. Hala ere, idatzirik, euskeraz behintzat, gauza guti da. Ongi etorria izango ahal da Arrue jaunaren saioa ia gorritu gabe dugun arloan.

        Hortaz gainera, aspaldiko zenbait euskal idazle aztertuak zituen, eta haietaz ere idatzi du. 1950-1960ra bitartean Gipuzkoako Diputazioaren liburutegian hitzaldi batzuk ematen ziren euskeraz aspaldiko euskal idazleei buruz. Arrue jaunak Asteasuko Agirre eta Gerrikori buruz hitzaldi bana egin eta gero hitzaldiok Egan-en agertu zituen.

        Asteasuko Agirre batez ere oso gogoko zuen. Luzaroan erabili zuen amets bat: haren idaztietarik zati hoberenak hautatu eta antologia moduko zerbait argitaratzea. Inoiz esan zidanez, zein atal aukeratu etab. erabakirik zeukan. Zoritxarrez, bere asmo hau ez zuen burutu.

        1956an Mogel bizkaitarraren Peru Abarka Itxaropena etxeko Kuliska-sortan agertu zen, eta edizio berri huntarako hitzaurrea ere Arrue jaunak egina da.

        Euskeraren batasuna: horra beste hauzi bat Arrue jaunari kezka ematen ziona. Hortaz ere hitzaldia Donostian egin eta gero Euzko Gogoa-n agertu men.

        Euskera Euskaltzaindiaren aldizkarian ere baditu lanak: Loramendi olerkariari buruz hitzaldia. Oraiko lau olerkariri buruz hitzaldia (Iratzeder, Mirande, Gandiaga, Aresti). Azkue-ri buruz hitzaldia. «Calandria-ren euskal izena», etab.

        Zenbait libruri buruz kritika edo txostenak ere baditu. Etab.

        Ez noa guztiak bana-banaka eta izendatuki aipatzera, zeren irakurleak urrengo liburu batean aurkituko baititu denak

        Zer moduzkoa da Arrue jaunaren hizkera eta idazkera? Jatorra oso, bizia, herrikoia. Batez ere bere jaioterri Asteasun egiten den hizkeraren irudi eta ispilu garbia.

        Dohain hoiek bere alde dituen idazleak ba ote du beste pasaporteren beharrik? Nik ez dut uste.

 

* * *

 

        Arrue jauna Asteasun jaioa zen 1903an. Estudioak Lekarotz-en eta Oviedo-ko Unibertsitatean egina. Lege-gizona. Donostiako «Julio de Urquijo euskal Filologi Mintegia»ren sortzaeetakoa. 1954ean euskaltzain oso izendatua. 1976ko Azaroaren 17an hila.

        Kristau zintzoa. Gogoan dut behin gertatua. Elizari zenbait kritika egin zitzaiolako, han hainbeste elizgizon egonarren, berak bakarrik agertu zuen bihozmina.

        Gure herrian kristau sineste eta ohiturek egin duten gain-beheragatik goibeltzen zen. Nola ez, kristautasuna herri batentzat zer den jakinik! Lege-gizon zen aldetik, euskaldun huts-garbi askorekin zuen har-emana, eta bazekien gauza hauen berri.

        Hori gora-behera, ordea, bazuen gogo-osasuna zaintzeko hain beharrezko den umorea —edo berak, herri xeheari jarraikiz, zion bezala: unorea—. Hortaz ere maiz hitz egiten zuen. Eta behin baino gehiagotan izan zuen unore horren beharra bizitzako saminei buru egiteko.

 

Bilaketa