literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Iztueta erromantikoa (I)

 

Juan San Martin

 

«Bidez, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1981

 

 

        Gure herri hontan, gauzak zehatz aztertu baino lehen eritziak agertzen oso zaleak gara. Honegatik, hor nonbait eta noizbait, era berritzeetan beti berandu ibili garela esan dutelako, uste osoa jarri dugu hortan. Berandu kristautu, berandu kulturaz jabetu, berandu hartu estilo berriztatzeak, berandu zibilizatu, berandu iratzartu..., dena berandu. Baina puntu bakoitza aztertzen badugu, ustea erdi ustela bihurtuko zaigu, eta Enziklopediak harpidedun geienak Penintsula aldean non zituen galdetzen baldin badugu: «Hiño! hori bai». Baina horrek bedorren inguruan zekarren Argien edo Argitasunaren mende hura. Beraz, hor beintzat ez hain atzeratuak. Erromantizismoa aztertzean ordea, berriz ere zalantzaz jarriko gara. Izatez, hau ezta Argien garaia, baina oraintsu nere eskuetara erori den liburu batek emango dit argia, Iztuetaren poesiak eskaintzen dizkigunez. Lehen lehenik ere adierazia nuen Iztueta folklore lanez erromantikoen artean aintzindarietan jartzekoa zela, Penintsulan behinik-pehin beste inor baino lehen hortan aritu zenez. Aritu ere, metodologia baten bidez aritu zen eta ezaugarri hori ezta lortzen beste gabe, heldutasunetik baizik.

        Parte bakoitzari bere egia zor diogunez, berriz ere txalotu beharrean aurkitzen naiz Kardaberaz taldeak liburugintzan ematen ari dena. Azken boladako liburuetan Jose Garmendia Arruabarrena-ren «Iztueta'ren olerkiak» deritzana da. Eta olerki hoiek ditugu giputz jatorraren erromantikotasunaren lekuko.

        Duela hamar urte argitara eman zigun Jose Garmendia berak «Obras inéditas de Iztueta» zeritzan liburu polita, Euskal-Herriko erromantizismoaren haserak ezagutzeko lagungarri dena. Txaho, Lapitze, Iparragirre eta Bilintx erromantikoen gailurrean jartzekoak baldin badira ere, ez ahaztu Etxahun zaharra, Barkoxekoa, eta Paulo Astarloa bera ere erromantikoak zirela, Europan zetorren giroak eraginik eta ez askok uste bezain berandu. «Gogoz»-en 244 orrialdean erabiltzen dut gai hau, baina oraindik gehiago sakondu beharra dugu. Dena dela, ohar hauek gogoan hartu beharko ditu gure literaturaren mugimenduak estudiatu nahi dituenak, eta ez arin arin gauzak esan, betiko topiko usteletan eroriaz.

        Herri batek, edozertariko mugimendu bat bideratu eta indartzeko behar beharrezkoak ditu bere instituzio jatorrak edukitzea, zeren hauek elkarretaratzen bai dute gizarte ororen loturazko elkartzea eta eskolaren bidez informatzen zabalkundea. Guri, behar bada, hau falta izan zaigu eta bakoitzak bere aldetik ahal izan duen erara bete izan ditu gizarte harremanok. Euskal kultur munduan, garai bakoitzean, bakoitza bere aldetik ahal bezala ibili dela esan dezakegu. Baina Jose Paulo Ulibarriren «Gutunliburua» irakurtzen baldin badugu, eta beste erromantiko bat dugu hau, laster ohartuko gara orduko euskaltzaleen artean, politiko eta kultur gizonen artean, inork uste baino harreman handiagoa zutela.

        Erromantikoak seinalagarri dute herri poesia baliatzea (hitz-neurtuak esango zuen Iztuetak), aberria eta natura maitatzea, eta maitagarri dituzten gauza hauek kementsu gorestea. Etxahun alde batetik eta Iztueta bestetik, bakoitzak berari zegokion aldetik baliatu zuen bertsolaritza eta ordutikakoak ditugu arlo hontako lehen albisteak. Orduan agertzen zaigu lehen aldiz bertsolaritza aintzakotzat hartzea. Gainera, Iztuetak herri poesi horretatik hartuko zituen bere hitz-neurtuetarako arauak. Hara hemen arau eta idea beraren bidez erromantikotasunaren seinalagarri den bertso, bat adibidez:

 

                Zure hizkuntz gozo ta

                ohitura eztiak,

                gordetzen dizkitzute

                seme jakintiak:

                galtzera utzi gabe

                zearo guztiak,

                hoen beharra badu

                gure probintziak.

 

        Gipuzkoako foruen atsegin leloak deitu bertsoetatik hartua da. J. Garmendiak lan ederra bete du Iztuetaren hitz-neurtu guziak liburu batean biltzeaz. Lehen, hain sakabanaturik ziren olerkiotatik ez bai zen hain erraza behar bezalako abururik ematea.

        «Gipuzkoako probintziaren kondaira edo historia», 1847an argitaratu zen, egile zen Iztueta hil eta handik bi urtera. Hau berau liburu aberkoia dugu; aberkoitasunak eraginez egin bai zituen lehenago argitaratutako dantza eta doinuen liburuak ere. Neurri handi batean probintzian mugatzen du bere abertzaletasun hori, ikuspegi zabalago baten faltaz, eta hau ezta batere harritzekoa gure egun hoietan oraindik askorentzat hola delarik. Euskararen batasuean ezik beste gauza askotan ere nabari zaigu. Honegatik, ez harritu Iztuetak hortan galga estuak baldin bazituen.

        Iztuetagan erromantiko jarrera nabarmen agertzen zaigu, oraindik orain ere gure herrian bertan nabari den erromantikotasuna, ase nahi eta ase ezinezko sentipenen egarriz. Behin baino gehiagotan esana dudan bezala, honegatik dute Iparragirren kantak oraindik ere gaurkotasuna. Iztuetarenak holako entzuterik izan ez badute, behar bada karlisten gerrate haietan erabili zirenak itzalperatu zituztelako da, baina ez guztiz. Bere gogoaren izpiritua, bere herriaganako ideiak, neurri handi batean bizirik daude. Esate baterako, har dezagun «Gipuzkoako dantzak» (1824) liburuaren bukaeraz eta euskararen gorazarrez egin zituen bertso haiek, «Euskerarekin euskaldunen atsegin-leloak» deitua J. Garmendiak 141. orrialdean jasotzen duena eta irakur dezagun Z. Andonegi mutrikuarraren «Aitorren hizkuntz zaharra», gure inguru hauetan hain sentipenez kantatzen dena, eta laster konturatuko gara Andonegik gure garai honetan gertatuak Iztuetaren bertso haietan dituela bere sustraiak. Elkarren parean aztertzen baditugu, ideia ez ezik, esaldi osoak, neurria bera eta poesiaren lotura orokorra Iztuetarenak dira. Hor ikus dezakegu, urteak igaro eta ura bere bidetik. Z. Andonegik, hitzak gaurkotzetik aparte aldakuntza guti egin zituen. Baina, honegatik ez uste Andonegirena plajiotzat har dezakegunik. Lehena gaurkotze hori maiz erabili da edonongo literaturan.

        Erromantikoak dira, bestalde, Iztuetaren amodiozko hitz-neurtuak ere, eta hauetan eredugarri: Kontzeziri eta Amodioa zer dan. Amodioaren sublimatzea, goitiar jartzea, erromantikotasunaren seinaleak dira.

        Jose Garmendiaren liburu honen ederra hor dago, lehen historiaz eta folkloreaz hobeto ezagutzen genuen Iztueta orain poesiagintzan izan zuen dohaina ezagutaraztean.

        Argitara berri den liburu honek Manuel Lekuonaren hitz-aurrea daroa. Hitzaurre jakingarria, arretaz irakurtzea merezi duena, zeren hemen ere Iztuetaren erromantikotasunaren adibideak agertzen bai dira; poesiaren guna, bere eragatik, euskal kantategi zaharrean eta bertsolaritzan ohi zen usario jatorretan oinarritzen baita. Hala erakusten digu Lekuonak.

        Holako liburu batek gure laudoriorik onenak merezi ditu. Gaurko artikulu hontan, liburu honetan oinarriturik, poesia erromantikoaren lekukotasunak soil soilik agertu nahi izan ditut. Honetarako, liburu hau, agiri bikaina denez. Urrengoan Hitz-laxo edo prosazko lekukotasunak agertuko ditugu, literaturan ez ezik dantzen bidezko ekintzan eta bilketan agertu zuenagatik. Eta hortik ikusiko dugu erromantikoen mugimendu hura ez zela hain berandu heldu gure Euskal Herrira.

        Europako kultur mugimenduak gure literaturan izan duten eraginez tratatzen dut Literaturaren inguruan (1980) deritzan liburuaren lehen partean.

 

Bilaketa