literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Seigarren edizioari aitzinsolasa

 

Luis Villasante

Arantzazun, Maiatzak 12, 1976

 

«Gero»

Pedro Axular

Jakin, 1977

 

        I. AXULAR, AXULAR-EN LIBURUA ETA EUSKAL LITERATURA

        Hizkuntza landu denetan egon ohi dira obra buruzagi batzuk, hizkuntza hoietan goia jo dutenak, gorengo maila erdietsi dutenak. Ohorez inguratuak egon ohi dira. Eta hizkuntza hoietako semeek liburu hauk hartzen dituzte errepide bezala, bai mintzaira hura bera sustraitik ikasteko eta bai herriaren un eta arnasaz jabetzeko ere.

        Guk horrelako obrarik izan baldin badugu, Axular-en Gero da, segur baino segurago, hoietako bat. Donek aitortu dute hau dela euskaraz egundaino egin den libururik f amatuena. Azal eta mamiaren arteko ezkontza eta batasun miragarria nabaitzen zaiona. Euskara jator oparoa borborrean dariona. Jakituriaz eta jakitate zabalaz handiroki jantzia. Gure euskal lurraren fruitu umo, ondu eta heldua. Liburu klasikoa, beraz, gure artean klasikorik baldin bada.

        Halarik ere, gure Euskal Herniaren iragana izan den bezalakoa izan delako edo, beste herriek beren klasikoak ohoretan dauzkaten bitartean, guk geureak aski zokoratuak izan ditugu, eta inoiz madarikatuak ere bai.

        Noizbait hoietara begiak itzultzen hasiak gara, ordea. Eta bidezkoa zen bezala, Axular-en Gero da gure klasikoen artean arrakastarik gehiena daukana. Gaur liburu huni buruz azterketak, tesiak, hiztegi lanak, argitaratze berriak eta abar egiten dira sekula egin ez diren bezala. Ez alferrik. Badu liburu hunek gozatasun bat, berezko jario etengabeko bat, behin ere ahitzen eta agortzen ez dena.

        Axular-i zor zaion lehentasuna aitortzean —ia beti gertatzen den bezala— herri xeheak aurrea hartu zigun. Etnologi lanetan trebe den Satrustegi jaunak dioenez, bi sorgin mueta ezagun dira gure herriko folklorean: hots, emakumezkoak eta gizonezkoak. Emakumezkoak alde batera utziz, besteok, gizonezkook, sail edo barruti guztiz berezia osatzen dute. Eta hau da hemen notatzekoa: gizonezko sorgin hoik gizaki historikoak direla, hezur-haragizko gizakiak izanak direla, aiegia. Hor daude basez ere bi, Atarrabio eta Axular, eliz gizonak biak, beren jakitate harrigarriagatik gure ipuinetako izaki bihurtu direnak. Bi izenok elkarrekin nahasturik dabiltza euskal ipuinetan, batari nahiz besteari istorio berberak eransten zaizkiolarik.

        Orai bada, Axular lurgain huntan bizi izandako gizona zela bagenekien, zeren gugandik hurbil xamar baita. Baina eta bestea? Nondik ilkia zen Atarrabio delako hori? Aita Julian Aiustiza izan da hemen erbia eraiki duena [1]. Eta hortarako okasioa eman dio Aita Pío Sagües-ek ateraberri duen edizio kritiko gotor galantak [2].

        XIII. mende hondarrean eta XIV.aren aitzinaldean bizi zen Aita Atarrabia delakoa. Frantziskotarra, Atarrabian, Iruiñe ondoan, jaioa. Itxuren arabera, estudioak Parisen egina, Eskolastiko handia, Juan Duns Eskotoren eskolakoa. Mirestekoa da nola iraun duen izen hunek gaur artio euskal folklorean, jakitateaz harrigarri izan direnen eredu eta iduri bezala. Aita Atarrabia nor eta noizkoa den jakinik, hortik atera dezakegu hartzaz mintzo den ipuinaren zahartasuna.

        Askoz geroago, ordea, bere jakitateaz harrigarritzat joa izan den beste gizon bat azaltzen da gure artean, Pedro de Axular, eliz gizona hau ere, eta hau ere ipuinetako gizona bihurtzen du herriak. Eta handik harat Atarrabi eta Axular, anaia bixkiak bezala, bi-biak nahasiak eta elkartuak daude euskal folklorean.

        Herri xehearen ondotik, euskal literatura zaharraz zerbait arduratu diren guztiak ohartu dira haren liburuaren balioaz eta aparteko dohainez. Beste toki batean egina dut bilduma ttipi bat Axular eta Axular-en liburuari buruz eman diren iritzi eta laudorioena [3]. Han esandakoa ez noa berriz errepikatzera.

        Joanes Etxeberri Sarakoarena aipatuko dut, ordea, zeren hizpidea ematen baitit nahi dudan puntuari lotzeko.

        Sarako Etxeberri midiku jaunak, Azkoitian bizi zenak, XVIII. mende hasieran egin zituen bere idazlanak. Euskararekin gutti bezala zaletua, euskarak mendez-mende izan duen zorte eta patu hitsaz kezkatua azaltzen zaigu. Euskarari etorkizunean bide hobeak zabaldu nahi dizkio. Orai bada, sail eta eremu denetan —berak dioenez— aitzindari, gidari eta buruzagi baten beharra izan ohi da. Euskara, berriz, hor dago bere kasa eta bertan behera utzia, inoren haberik eta jabetasunik gabe «zurtz triste jabegabeen egitekoak, eta untzi Pilota gabe galdu ordean dabiltzanak» ibili ohi diren gisa. «Gure Euskara zurtz jabegabeko, eta hainbertze mendez-mende arrokapean, itsaso, eta uhuinpean galdu ordean bezala dabilan hunentzat, nahi nuke bilatu aitzindari eta buruzagi on bat bakarra» [4]. Zer esanik ez Axular dela Etxeberrik euskararentzat nahi zuen aitzindari buruzagia.

        Etxeberriren hitzok materialki eta hitzez-hitz hartu gabe ere, bada hemen, nik uste, harrotzea merezi duen puntua.

        Joan den mendeko linguistek oso goian jartzen zuten hizkera mintzatua, berez bezala gizonaren ezpainetan sortzen eta loratzen dena. Eta hortik —eta besteak beste— etorri da beharbada gure artean ere euskara mintzatua eta bereziki euskaldun ikasigabearen euskara aparteko modu batean eta alde guztiz abonatzea; ikasiena eta idazleena, berriz, pixka bat gutiestea.

        Egia da hizkuntzak hitz egiteko eta ezpainetan erabiltzeko eginak direla, eta mintzo ez badira, erabiltzen ez badira, orduan ez direla deus ere. Hilak dira, alegia. Egia da halaber euskaldun huts garbiaren hizkera bizitik asko eta asko ikas dezakegula eta ikasi beharra dugula denok.

        Baina hau hauziaren alderdi bat, aurpegi bat baizik ez da.

        Damuz, gizonoi gaitz egiten zaigu hauzi baten aitzingibel guztiak batera gogoan edukitzea. Ezkerrera begiratzen denean eskuinean dagoena ezin ikus. Haatik, alderdi guztiak hartu behar dira kontuan.

        Egunoroko hizkera mintzatua aberats da, jori da, zenbait eremutako gauzak azaltzeko ongi trebatua egon ohi da. Baina dagoen-dagoenean eta beste gabe harturik, gizarte har-eman zabalagoetarako, kultur tresna bezala erabiltzeko, idatzizko zereginetan mintzabide bezala harteko, ez da gai. Hortarako landu beharra dauka. Disziplina baten pean jarri beharra. Zurginaren alkian egon eta argitu eta findu beharra.

        Zurginak ere oianeko egurra hartu, zurgin alkian jarri eta landu ohi du, eta hala egur hari lehen ez zituen balioak eta gaitasunak eransten dizkio. Eta berdin egiten du harginak harrobiko harria landuz, ola gizonak burdinaz, eta abar.

        Alde hori bera da landu gabe den hizkuntza eta landua izan denaren artean. Basatien hizkuntzak ahotan erabiliak dira, aberats eta joriak dira, zenbait gauza adierazteko egoki dira; baina basa itxura eta egotea horretan dauden bitartean, beste gabe, gizarte har-eman zabaletarako, idatzizko zereginetarako, eskola tresna eta kultur tresna izateko, ez dira egokiak. Eta egokituak ez daudelako, hortik datorkie ahulezia, zatikaturik egotea, batasunik eza, gainbehera joatea eta heltzea. Eta amilka joate hori gertatzen zaie bereziki landuak direnen aldamenean daudenean. Landuak landugabea azpiratzen eta irensten du.

        Landutzat jotzen diren hizkuntzen artean hor dugu, adibidez, frantsesa. Gizarte har-emanetarako berebiziko gaitasuna eta egokitasuna erdietsi duen hizkuntza. Baina abantail hoik ez zaizkio berez etorri. Disziplina bat jasan beharra izan du. Zurginaren aulkian luzaz egon beharra.

        XVII. mendean lortzen du frantsesak bere itxura landu eta egoki hori. Axular-en garaian edo pixka bat geroago, hain zuzen. Orduan dugu adinetara heldua. Horrek ez du esan nahi gero ere, eta etengabe aldatuz, egokitasun berriak hartuz joango ez dela. Baina orduan hartu zuen trenpea, egitura eta sasoia ez du gehiago galduko.

        Badakigu, gainera, nola egin zen frantsesaren egokitze hori. Gorteko jende apainak eta gizartean buruz jantzia zenak hartu zuen beregain kargu hau, hots, frantsesa bere ametsen eta premien neurriko tresna bihurtzeko kargua. Jende apain horren areto eta bilkuretan hizkuntz hauziek zuten lehen tokia. Eta aretoetako eztabaida haietarik atera zen frantsesa finkatua eta lege jakin batzuen azpian jarria.

        Jaun eta andere apain haien iritzitan adimendu edo arrazoiak izan behar men gizonaren gidari. Beraz, printzipio huni obeditu behar dio hizkuntzak ere. Eta erregela hunen arabera hiztegia murriztu zuten, hitz desegoki edo alferrikoak kenduaz eta hizkuntzan argitasuna, zehaztasuna eta ordena dohainik beharrezkoenak bezala jarriaz. Ideal huni beroni jarraikiaz etorriko dira gero idazleak, Akademia, gramatikalariak etab. Eta ezaguna eta aitortua da frantsesean gaur artio marka hori.

        Egia da ondoko mendeetan bere gora-beherak izan dituela frantsesak, XVII. mendeko gizon-emakume apain haien hertsikeria eta ikuste laburra gauza askotan gainditua izan dela, baina oro har, frantsesak orduan hartutako bidea eduki du gerorat ere [5].

        Hizkuntza landu guztiak ez dute frantsesaren bide beretik jo, noski. Inglesean edo italianoan idazle handi baten eragina (Shakespeare, Dante) ageri da indar nagusi bezala. Gaztelaniak ere egokitze hortara heltzeko, bere bide berezia izan du [6]. Baina denotan ikusten dugu gauza bera: herri hizkuntza soila ez dela gai idatzizko zereginetan erabilia izateko, eskola bidez zabaldua eta irakatsia izateko, kultur tresna eta mintzabide bezala enplegatua izateko. Hortarako behar du halako plegu berri bat, moldadura eta landura bat hartu.

        Nik esango nuke hizkuntza landuetan ezagun direla bi indar, etengabe elkarrekiko har-emanetan eta borrokan bezala ari direnak, eta bion tirabira hortarik datorkie hizkuntzoi oldarra, iraupena, eta bai aurrerapena ere. Bi indar hoik dira, alde batetik, ideal bezala hartu den erregela, lege edo ereduari leial egotea. Hau da indar estatikoa dei genezakeena, literatur tradizioarena. Bestetik, berriz, bada indar dinamiko bat, aldakuntzak onartzen dituena. Ideia berriek, ikuskera berriek, sentikortasun berriek eta aho-hizkuntzaren aldaketek nahi-eta-nahi-ez hizkuntza eta idaztankeraren aldatzea berekin dakarte. Baina indar hunek besteaz topo egiten du, eta orduan bien tirabiratik dator neurria, hots, alde batetik norberaren identitatea ez galtzea, eta bestetik aitzinatzea, aurrerapen egitea. Beti bat iraun eta haatik berriztatzeari aterik ez hertsi: horra behar dena.

 

* * *

 

        Gure artean euskarari lege bat, disziplina bat emateko egin den saiorik eta ahaleginik handiena joan den mende azkenean eta gurearen aitzinaldean egin da. Denok ditugu gogoan horretan saiatu direnen izenak: Arana, Azkue, Txomin Agirre, Lizardi, Altube, Orixe, eta abar.

        Halako aro berri bat sortzen da orduan euskal literaturan. Lanean ari diren langileok badute gogoan ideal bat, jomuga eta xede bat, eta berek amestutako lege horren arabera lantzen dute euskara. Ez dira idazleak bakarrik. Badira gramatikalariak ere, bada Euskaltzaindia, badira irakasleak, etab.

        Mobimendu hunek bere fruitu umoak eman ditu. Lan hori ez da baztertzekoa eta are gutiago gaitzestekoa. Hau aitortu beharrezkoa da, zeren askotan botatzen baitigute aurpegira eskertxarrekoak garela lan guzti hori burutu zutenekin. Ez da hori horrela. Egin den lanaren balioa aitortuz, urrats bat gehiago egin dadin nahi genuke: hori da guztia. Orduan gure artean —Hego Euskal Herrian, alegia— sortu zen mobimenduan halako muga eta hertsikeria batzuk nabari baitira, eta hoientzat osatze batzuk bilatzen ditugu. Ez da besterik. Horrekin ez dugu jaun hoien lana madarikatzen; aitzitik, haintzat hartzen eta aurrera eraman nahi dugula iruditzen zaigu.

        Literatur mobimendu huni ezagun zaizkion mugen iturburua zein den salatu nahi izatez gerotan, izen hunekin egingo nuke: apartekotasunaren konplejoa. Bai. Apartekotasun konplejo batek hartua ageri zaigu euskalduna azken mendeotan. Berriz ere diot: Hego Euskal Herriaz ari naiz, zeren garai hortan bertan Ipar Euskal Herria ez baitoa bide beretik.

        Garai hortako euskaltzaleek, bada, ondoraino sartua dakarte euskara zerbait apartekoa dela, berezia, arras diferentea eta beste hizkuntzak ez bezalakoa. Beraz, aldameneko hizkuntzekin ez du eta ez du izan behar deus ikustekorik.

        Eta hortik etorri da lehenagoko euskal literatur tradizioaz —eta bai neurri batean herriko euskaraz ere— etena egitea, lokarriak haustea. Bai herriko euskara eta bai literatura zaharra ere kutsaturik zegoen. Ezin har zitekeen zimendutzat. Dena behar zen berri, dena berezi eta besteen bideetarik aldendua. Baina jokaera hau laster ikusi zen gehiegizkoa zela eta hizkuntza bera inorarik gabe, besoz eta zangoz katigatua, uzten zuela. Batez ere literatura zaharra bazterturik uztea geuron buruon eta hizkuntzaren kaltetan gertatu da.

        Gizonak, lehen esan dudan bezala, ezkerrera begiratzean eskuinean dagoena ez du ikusten, eta hauzi baten aitzingibel guztiak presente edukitzea kosta egiten zaio. Hunelako zerbait gertatu zaigu huntan ere. Euskara hizkuntza berezia eta etorkiz aldamenekoekin senidetasunik gabea dela bat ere ukatu gabe, hor da oraino hauzi hunen beste alderdia: Europako hizkuntzak mendez-mende elkarrekiko har-emanetan bizi izan direla; ekarri duten bidea eta ezagutu duten eboluzioa guztiz antzekoa izan dela. Beraz, bai hiztegian, bai joskeran, esaldiak muntatzeko maneran eta abar gauza batzuetan euskara beste hoiekin bat etortzea ez da mirestekoa [7]. Eta XX. mende huntan, euskarak mendez-mende ekarri duen bide hori, eginik daukan altxorra, ezin du bertan behera utz. Europako bazter huntan kokaturik gaudela, ezin dugu hemen ez bagina bezalako jokorik egin.

        Huntan gure idazle klasikoek bat ere konplejorik gabe, naturaltasun osoz idatzi zuten, eta hargatik, hain zuzen, mesede ederra egin diezagukete. Euskararen errepide zabala zein den erakustera ematen digute. Herri euskeraren bidetik ere oso hurbil daude gainera (zorioneko herribidea, alajaina!).

        Guri mesede ederra egiten digutelakoan ari gara geure idazle zaharrak berpiztu nahiz. Ez noski haiei itsu-itsuan eta materialki lotuak gelditzeko.

 

* * *

 

        Idazle zahar klasiko hoien artean toki hautatua zor zaio Axular-i. XVI. mendeko bigarren erdian Urdazubi-n (Nafarroan) jaioa, Espaini aldean egin zituen bere estudioak. Kultur aldetik hemen ditu sustraiak. Gauza jakina denez, gaztelaniak orduantxe, hain zuzen, izan zuen bere Urrezko Mendea eta Lorealdia. Gizon egina eta adinetara heldua zelarik, Axular Ipar Euskal Herrira dihoa. Donibane Lohitzunen bizi da eta euskal predikari bezala ospe handia bereganatzen du. Handik urte guttira Sara-ko erretorgoa eman zioten. Eta bere azken urteetan bere liburua, Gero, argitaratu zuen (1643).

        Badakigu Donibane-n Axular-en denboran bazela euskaltzale eta euskal idazleen taldetxo bat eta hoiekin har-emanean zela Axular.

        Inoiz esan du Mitxelenak gure literatura zaharrean liburu «burjes»ik edo burjesentzat egina denik baldin bada, Axular-en Gero dela hori.

        «Burjes» hitz hunek badu gaur halako sunda edo kutsu txarra. Nolanahi den, gizarte erdi mailako jende diruduna eta zerbait eskolatua dena: berez hori esan nahi duela uste dut. Eta horrelako zentrurik orduan Euskal Herrian inon baldin bazen, Donibane eta inguruetan zen. Eta horrelakoentzat eginik dago Gero-a.

        Donibanek orduan lorealdi edo jasoaldi polit bat ezagutu zuen. Marinel jende hark dirua naharo irabazten zuen. Hori Aita Gamarrak idatzi zuen Arantzazuko kondairatik ere badakigu. Lapurditik Arantzazura erromes etorri ohi zen jendeagatik, hara zer dioen: «Vienen... trayendo muchas limosnas a esta santa casa, de plata y oro..., con que viene este convento a tener gran socorro de la nación francesa» [8].

        Garai hartan edonork ez zekien irakurtzen. Eta irakurtzen ez dakitenentzat liburuek jai daukate, bistan da. Gero bezalako liburua, erosteko —luze-laburrez handi edo behintzat dexente xamarra den liburua— sosa ere behar zen, eta hori ere ez zeukan nornahik. Bai ekonomiaz eta bai eskolaz ere zerbait jantzirik zebilen euskal jendea eskatzen du, bada, liburu hunek. Eta horrelakoa, beste inon baino gehiago, Lapurdiko itsas hegian zegoen orduan.

        Gero liburua, erlijio liburu bat da. Azaltzen duen gaia kristau fedearen ikuspegitik hartua da: hots, salbamendua, gizonaren salbamendua. Ez seaskatik hilobira bitarteko epe labur horretan kokaturik legokeen salbamendua, baizik eta akabatzerik izango ez duen bizitze horrena. Hori erdiestea du gizonak bere egitekorik nagusiena. Baina gizonak, nahiz eta giristino izan, maiz, bere jaidura eta irritsa gaiztoek bultza eginik, perilean jartzen du bere salbamendu hori eta bekatutan bizi ohi da. Geroko uzten du ontzea, Jainkoagana bihurtzea. Hala bere burua engainatu eta betiko galtzeko zorian jartzen du.

        Beren konbersioa geroko uzten dutenei zuzendurik dago, bada, liburua. Zer-nolako erokeria egiten duten erakutsi nahi die, eta bekatuzko bizitzea uzteko erremedioak eta bideak eskeintzen dizkie. Gero titulu horrek berorek ederki baino ederkiago liburuaren gaia aditzera ematen digu. Bai, titulutik beretik hasiaz, liburu hau kausitze zoriontsu bat dela esan behar da.

        Liburua bere gai edo sujet hunen gainean trinko eta borobilki taxutua dago. Gai nagusi horren barnean huna hemen xeheki tratatzen dituen puntu konkretuak: Sarbide gisako bi atarikoen ondoan (Bertrand d'Etxauzi eskeintza eta Irakurleari zuzendutako hitzaurrea, alegia), hauk dira puntuok: Alferkeria, eta gerotik gerora luzatzearen kalteak (XVI. kapitulura artio). XVI. kapitulutik aitzina, berriz, hunako puntu konkretuok azaltzen ditu, bata bestearen ondotik: Limosna egitea (XVI-XVII); Justiziazko obrak egin beharra (XVIII); Juramentuak egiteko usantza gaiztoa (XIX); Haserre eta Etsaigoak (XX-XXVII); Etsaiari barkatzea (XXVIII-XXX); Haragizko bekatua (XXXI-XLIV); Kontzientzia duela gizonak bere argi gidaria (XLV-XLVI); Perseberantziaz edo bertutean irauteaz (XLVII). Gero erabakikizun hau jartzen dio irakurleari: Ea zein bide den ibiltzen errazago, zeruko bidea ala ifernukoa? (XLVIII-L). Ondoren kofesioaz ari da (LI-LII). Bekatariak bekatu eginez munduko izaki guztiei bidegabe egiten diela (LII-LV). Eta azkenik, ifernuaz (LVI-LX).

        Horra laburkzi adierazirik Axular-ek harrotzen dituen puntuak. Luze eta hedatsuki tratatzen ditu gauza guzti hoik.

        Interesgarri da gai bat, bukatzean eta besteakin hasi behar duenean loturak eta lokarriak nola egiten dituen ikustea. Gai bat bukatzerakoan dotrina guztia laburpen trinko batean emango dizu eta hurrengo kapituluan hastera doanaren berri emango du, bien artean den erlazioa eta zer-ikusia adieraziaz. Eta inoiz liburugintza guztiari agintzen eta batasuna ematen dion xedea ere gogoratuko dizu. Ikus, adibidez, XX. kapituluaren hasieran nola egiten duen «lehenbizitik hartu dugun» xede horren aipua (Ax. 181). Liburu guztia xede horri buruz dago abiatua eta zuzendua.

        Arrazoiketa egiteko grina eta eztabaida-zaletasuna nabarmenkiro azaltzen dira liburuan. Axular beti dago prest irakurleari arrazoiak emateko, bekatariak asmatzen dituen arrazoibide eta aitzakia faltsoak desegiteko, eta abar. Eskolastiko on gisa, badirudi munduan eta are fedearen barrutian diren ilungune guztiak ere argitu, barnatu eta zulatu nahi dituela. «Lógico-discursivo» deitzen den idaztankera edo jeneroa du, bada, gure idazleak. Estilo huntan eratutako liburu umoa, arras konplitua utzi digu. Bere haria beti zuzen eta artez eramaten daki. Bere estilo horretan prosagintza lana maisuki eta konplituki egiten daki.

        Irakurlearen gogoa eta interesa beti erne mantentzeko, erudizio zabal-harrigarri batek eman ditzakeen baliamenduez baliatzen da. Autore zahar eta berri, jentil eta kristauak aipatzen ditu ugaritasun handiz. Antikitateko pasadizoak, piztien eta animalien ohituretarik ateratako etsenpluak, denak datozkio ongi, eta denetara joko du, baino beti bere irakaspuntua argitzeko on diren neurrian, eta ez bestela.

        Eskritura Saindutik hartutako pasarteek dute lehen tokia Gero-ren aipamenetan. Eta hoik azaltzerakoan bere garaiko exegesi modua erabiltzen du, noski. Autore zahar haien exegesia frankotan bitxi eta irrigarri iruditzen zaigu gaur, baino exegesia hala-holakoa izanik ere, fedearen zentzua gidari dutelako eta fedearen zentruari gogotik atxikiak direlako, ez dira errebelatzen, egiazko helburura heltzen dira beti ere —funtsean behintzat, eta axola gutiko ttipikeria batzuk kenduz—. Gure egunotan, aldiz, sarritan beste aldera gertatzen dira gauzak: exegesia aurreratuagoa izanik, helburu makurretara lerratzea. Izan ere, fede zentzuak du hemen exegesi soilak baino munta gehiago.

        Gainerakoan, kristau fedea beti bat eta bera izanik ere, herri bakoitzean eta mende bakoitzean orduko kulturaz elkartzen, txertatzen, haragitzen eta ezkontzen bezala da. Hargatik herri bakoitzeko eta mende bakoitzeko kristau idazleek beren giroko eta sasoiko gozoa eta zaporea hartzen dute. Teologo batek esan duenez, mende bakoitzean kristau fedea zertan berri batera aldatua bezala izaten da [9]. Eta hortik heldu da, mende eta eskualdeen arabera, idazle hoik beren alde eta aldiko kutsua izatea. Axular-ekin ere hori bera gertatzen dela esan beharrik ez dago.

        Bere garaiko haurra da Axular, eta hori ezagun da haren liburuan. Beharbada esan behar da, haatik, pixka bat atzeratua zebilela. Berak bere estudioak egin zitueneko aldia gogoratzen digu; XVI. mendeko kultur giroa gogoarazten digu alegia, XVII.ekoa baino gehiago. Europako Humanismoa maite du. Antikitateko jakinduriaren iturrietara jotzen du eta hoietarik gogotik edaten du. Axular-en garaiko idazleek, nork bere herriko hizkuntza lantzeko egiten zutena —hau da, Grezia eta Erromako ereduak ispilutzat hartu—, hori bera egingo du berak ere euskara lantzeko. Zoritxarrez beste herrietako semeek beren idazle hoien jokaera eta obrak eskertu eta txalotu dituzten bitartean, guk aldiz txartzat jo eta gaitzetsi egin dugu geure hoiena. Baina garaia heldu da, nik uste, ikuste labur hori gainditzeko, eta haiek gure hizkuntza trebatzen eta oro-mintzo bihurtzen egin zuten lan ederra aitortzeko.

        Eta idazle hoien artean Axular dugu lehena. Begi bata Europara itzulia zuen, hots, orduan Europan modan zeuden ereduetara; bestea, berriz, badakigu non duen kokatua: bere herriko gizon euskaldunetan. Haientzat egiten du liburua eta haik ditu gogoan. Diren bezalakoak hartzen ditu. Axular ez da lainoetan galtzen diren hoietako gizakia. Hezur-haragizko gizaki konkretuak ditu begien aitzinean, haientzat ari da lanean. Hoik ezagutzen ditu, maite ditu eta Jainkoagana eraman nahi ditu. Euskal lurrean ernea eta euskaraz pentsatu eta mamitutako liburua da Gero. Euskal giro hartan arrunt ziren irudi, ikuskizun eta ohituren oiartzun gozoa dakarkigu. Euskal esaera, erran komun eta errefrauak. Hiria, oiana eta itsasoa, giza ofizioak, animaliak, piztiak, egaztiak, xomorro-mamutxak, landareak, zuhaitzak. Alferrak, pobreak, mundu ttipi hura bere argi eta ilunguneekin. Eta azkenik, betiereko gizona bere jaidura, grina eta irritsekin: horra zer ageri zaigun liburuan.

        Gure lurraren fruitu jatorra da, beraz, liburu hau, eta era berean kristau fedeak, euskal herrian txertaturik, eman duen fruitua.

        Horrek ez du esan nahi beste tokietarik hartu ez duenik. Gizon jakintsua zen Axular. Handik eta hemendik gaiak garraiatzen ditu, hartzen eta beretakotzen ditu, alegia. Zenbait puska Fr. Luis de Granadagandik hartuak dituela frogatu da [10]; baino ekarri guzti hoietaz bere xederako on den neurrian eta mailan baliatzen da, eta denari halako euskal aire bat ematen daki.

        Behin baino gehiagotan esan da lur arras dabilela beti Axular, ez dela teilatu zale. Kristau bizitzearen saiets edo alderdi negatiboak azaltzen dituela positiboak baino areago. Baina kontuan eduki behar da bi partetan partitua pentsatu zuela hark bere obra. Lehenbizikoa bekataria bekatutik atera arazi eta konbersiora eramateko. Bigarrena konbertitu den gizon hori kristau bizitzean barna aitzinatzeko, gidatzeko eta bultza arazteko. Bi parte hoietarik lehena berez ere aski negatiboa da (edo hala har daiteke, behintzat); bigarrenak, berriz, kristau bizitzearen alderdi arrai eta positiboak agertu beharko lituzke. Zoritxarrez, eta itxuren arabera, Axular-ek lehen partea bakarrik eman zigun. Prometatzen duen bigarren partea egin izan balu, agian beste irudi argiago eta osoago bat geldituko zitzaigun. Baina lehen partean gizonaren bekatuak aipatzen eta hoietarik irteteko bideak erakusten ematen du denborarik gehiena. Aukeratutako planak berak hartaraturik, noski [11].

        Nolanahi den, Axular ez da gizon hitsa. Utzi dizkigun kontakizun, irudi eta ateraldietan irrifarre gozo baten aierua somatzen da. Umore txipristinak ere han-hemen liburuan barrena barreiaturik daude, eta hori, segur baino segurago, izpirituzko osasun onaren seinale da.

        Hunelako liburu bat, hizkuntzaren dohainak eta mamiaren giharra dohatsuki elkarturik dauzkana, balio trinko eta iraunkor baten jabe da. Etorri gozo etengabekoa eta ezin agortuzkoa du. Berez mara-mara, sekula ahitu gabe, ura darion iturri baten pare da.

        Euskara sustraitik ikasteko hunelako liburu baten adiskide izatetik datorkeen mesedea, nik esan nezakeen baino handiagoa da. Zer harrobi joria, bai hitzetan, esaldietan, itzuliketan, bai izen eta adltz jokoetan! Aditz bakoitzaren errejimena eta erabilkera ikasteko, zer maisu paregabea! Idatz zereginetarako behar den prosa, subordinazio sistima osoa eta abar, guztiz egina eta hazia ematen digu. Zoritxarrez, eta geure kaltetan, geure aurreiritzi makur batzuengatik, haren emaitz oparoa ez dugula behar adina estimatzen jakin. Noizbait zentzatuko eta euskararen errepide zabalean sartuko ahal gara!

        Axular ez da, inondik ere, estekatuko gaituen katea. Ez du izan behar. Baina bai, bada idatz hizkuntzari hildoa zabaltzeko behar dugun maisuetarik bat. Eta horrek ez digu urrats bat aitzina emateko, den gutiena ere, katigatzen. Gorago aipatu ditudan bi indar hoik —estatikoa eta dinamikoa— elkarrekin tirabiran egotetik eta borrokatzetik heldu da hizkuntzaren osasuna eta aurrerapena.

 

* * *

 

        XVII. mendeko euskal literaturak —eta bereziki Axular-ek— nik esango nuke aparteko balioa eta esanahia izan dezakeela guretzat. Toki hertsian dagoenari haize freskoak dakarkion mesedea egin diezagukeela, alegia.

        Izan ere, literatura hori, guri sortu eta sartu zaizkigun konplejoak baino lehenagokoa baita.

        Larramendirekin (XVIII. mende erdia pasatuz gero) ereiten eta zabaltzen da gure konplejoen hazia: erderatiko hitzak direla, euskal hitz garbiak direla eta ez direla, gero erreakzioz beste muturrera joatea, eta abar. Handik harat geure konplejo hoietarik nola irten ez dakigula gabiltza. Eta hitzen arloan gertatu zaiguna, orobat edo areago gertatu zaigu joskeraren hesparruan.

        Orai bada, geurok geure buruari jarri dizkiogun sare-lakioetarik ilkitzeko, lehenagoko idazleetara jotzea bezalakorik ez dago. Hori izango dugu sendabide. Idazle hoik konplejorik ez duenaren naturaltasunaz ari dira. Ez dugu ahantzi behar Ipar Euskal Herrian Hego aldekoan baino bi mendez goizago iratzarri eta euskara lantzen hasi zirela. Guri hain bornera sartu zaizkigun kezka eta katramilak, artean azaldu gabe zeuden.

        Krisi hau piztu baino lehenagokoa dugu, bada, Axular. Prosista jator, zabal, paregabekoaren dohainak eta markak ezagun dira, ezin ukatuzko eran, haren liburuan. Etxea beteko idazlea. Guzti horrengatik, hain zuzen, aparteko modu batean on eta osasungarri izan daiteke guretzat. Gure haize mehe-kirastuari berritu bat emateko propio eta berariaz sortua.

        Ez ote da horrelako zerbait amonatxo hark usnatu eta bere erara esan zuena? Iparralde-k —Aita Justo Mokoroa-k— kontatzen digu pasadizo hau [12].

        Zilegi izan bekit Iparralde-ren hitzok hemen jasotzea:

        «Motel —esaten zidan gutxi gora bera— alperrik ari aiz; oraingo liburu berri oik izketan bildurrez ari donen batek egiñak ziruditek, batzuk beintzat: motelak dituk, gaitzik (sic) gabeak, txakilak. Beste batzuk, berriz, geienak, indarraren indarrez itzak elkarri malluka bezela josita moldatuak. Ire garbizale oien artetik ez didak bakartxo bat aukeratuko Geroko Gero-ren parean jartzeko gayik... Geroko Gero bezelako libururik egundaño!»

        Ez zuen arrazoi faltarik gure herriko amonatxo hark. Naturaltasuna, berezkotasuna, euskal sena, ugaritasuna, etorria, jario gozoa: eskas zaizkigun dohain hoietan apartekoa dugu Axular.

        Nahiko ahal du Urdazubiko semeak gurekin itsu-aurreko ofizioa egin! Galdua dugun errepidea berriz edireiteko lanean lagunduko ahal digu! Halabiz.

(...)

 

        [1] AZTIRI «Atarrabi apeza», Aránzazu 1975, 70. Lan hau Euskaltzaindiko batzarrean irakurri zen.

        [2] Doctoris Fundati Petri de Atarrabia sive de Navarra, OFM In Primum Sententiarum Scriptum, quod ad fidem codicum manuscriptorum critice edidit Dr. Pius Sagües Azcona; 2 Vol., Consejo Superior de Investigaciones Científicas, Madrid 1974.

        [3] Axular: Mendea, Gizona, Liburua; Jakin 1972; 105 orrialdean.

        [4] URQUIJO (JULIO DE) Obras vascongadas del doctor labortano Joannes d'Etcheberri (1712), Paris 1907; 59 orrialdean.

        [5] W. VON WARTBURG Evolution et Structure de la langue française, Berne 1950; 180 eta 292 orrialdeak.

        [6] LAPESA (RAFAEL) Historia de la Lengua Española, 5' ed., Madrid, 1962.

        [7] PERUZZI (EMILIO) Saggi di Linguistica Europea; Consejo Superior de Investigaciones Científicas, Salamanca 1958.

        [8] GAMARRA (GASPAR DE). Historia de Aránzazu, 1648 urtean idatzia; Vitoria 1966. Scriptorium Victoriense aldizkarian agertu zen eta liburuska bezala ere bai. Aldizkarian 1965. urtean agertu zen.

        [9] RAHNER (KARL) «El problema de la evolución de los dogmas», Mysterium Salutis 1, 868.

        [10] Ikus Axular: Mendea, Gizona, Liburua, 132 orriald.

        [11] Haatik, bi parteok liburuan sartuak eta nahas-mahas emanak daudela uste duenik ere bada; hala Intxauspe, Lafitte, etab.

        [12] Ikus «Begira oni!», Argia, 1925, otsailak 15.

 

Bilaketa