Irakurleari
(Barrensoro aurkeztuz)
Geu
«Gazigozoak»
Agirre'tar Toma (Barrensoro)
Geu Argitaldaria, 1984
Urte bi joan dira: 1982ko abendu illaren ogeta seian euskalzale eta euskal-arloetako langille jator bik alde egin euskuen bizien artetik: Elbira Zipitria andrea eta Tomas Agirre jauna, Barrensoro ezizenez ezagunagoa genduana, ziran.
Zipitriaren izena zabal eta durunduka ibilli da eta alan dabil oindio. «Barrensoro» genduan orrenik ia aitamenik be ezta. Zergaitik gizon au, euskal-idazlerik andienetako au, orren bazterturik, orren aizturik, ainbesteko ixilpean? Esker gaiztoz? Ezagutu ezaz, ez jakiñez? Gure ustez, azkenengo pekatua izan da gurea, ez jakiñezkoa: gizon au eztogu ezagutzen, eztogu ezagutzen idazle onen lana. Ez jakiñezko pekatua da, baiña ez orraitio, parkagarriagoa, dana dakigulakoan ain arro gabiltzen egunotan.
Orain dala berrogeta amalau bat urte agertu zan Barrensoro plazara, euskerea lantzen, bai itz-lauz eta bai bertsoz. Arlo asko jorratu ditu: gazetalari, kritikalari, olerkari, euskal-irakasle eta eleberrigille agertuko jaku. Luzaro barik, euskal-idazleen artean gorengo maillak joko ditu: 193ln Tolosan ospatutako olerki: jaietan olerkari andien artean agertuko da, eta, Kirikiño Saria, gazetalarientzat jarritako sari ori berak eroango dau. Bilbon dau lan-lekua eta Euzkadi egunerokoan Barrensoro izenpeko idazlanak sarritxotan datoz, sakon, zorrotz eta apain idatzita. Orrez gaiñera, liburugintzari be ekin deutso. Lenengokoa 1933n atera dau, eta Uztaro 1937n, orduko gerrate zitalaren egunik baltzenetan argitara emona. Opari eder mardula eskintzen eutsan Barrensorok orduan indartsu etorren euskal pizkundeari. Baiña ia alperrik. Zeinbat ale jausi ete ziran arerio amorratuen eskuetan eta surtan erreta gelditu? Zeinbatek euki ete eben egun larri areitan liburu ori irakurteko zoriona?
Idazleak Bilbo itxi eta erbesterako bidea artu bear izan dau. Erbestealdi luzea, ia bere bizi guztikoa, azkenengo urteetaraiñokoa. Sevilla aldera jo dau. Baiña Uztaro nobelarekin egiñiko amesak ez jakoz alan be joan. Eta 1950n, orra non emoten deuskun eleberri ori berori bigarrenez. Aldaketatxo txiki bi egin deutsoz: Euskadi izena, orduan ain madarikatua, kendu 74eta 177garren orridaldeetan, orren ordez gure erri eta gure ipinteko, eta bigarren orrialdean azpi-titulu au ezarri: «Gure erriaren bizierari buruz, edesti jakingarria».
Amalau urteko bitartea 1937tik 1950ra. Amalau urteko ixilaldia euskal-literaturan; eta bitarte orretan Barrensororen Uztaro eleberria, zubi egiten dauala. Barrensororenak izan dira aurreko aldian gure literaturak entzunazo dituen azkenengo oiartzunak, eta andik amalau urtera egunsenti barria susmetan danean, Barrensoro beraren Uztaro dator, bazterrak iratzartu eta egun barriak iragarten.
Ez ete zan, ba, guzti au ondo gogoan artu eta esker lez gogoratzekoa? Alan be, ez jako errezildar andi oni zor jakon omenik ez autormenik egiten. Ona gure literaturaren aztertzaille batek esan dauan guztia: Barrensoro apaiza dala (guzur biribilla), eta baserri-usaiñeko nobela baten egillea dala, gure arteko beste idazle askok egindako pekatuduna, ain zuzen.
Egia esan, Auñamendi argitaletxeak eta Santi Onaindiak, eurok euskal-literaturaz idatziriko liburuetan Zaitegik Euzko Gogoan idatziai leku emon deutse; baiña Amerika urrunetik etorritako autormen onek, Euskalerriratzean, bere indarra eta balioa galdu ete dauan dirudi. Nok egin deutse jaramonik? Azken aldi onetan Barrensororen andi esle bi agertu dira, bakotxa bere aldetik, laster ikusiko dogun lez. Baiña gure idazle au il zanean, iñork ez eban gomutaratu ilbarriaren idazle alderdia. Illeta-mezan, an dira Lendakari jauna ta beronen ingurukoak. Xabier Agirre, Eusko-Jaurlaritzako Osasunketa sailburua, seme dauanez, gauza egoki ta zuzena da. Baiña Euskalerriak galdu barri dauan idazle andiaren aitamenik be ez. Ilbarri danaren idazle alderdia ixilpean gelditu da. Esker txarra izan, ez jakiña izan, edozelan be, ulergatxa eta lotsagarria.
Eta Uztaro bere azkenengo euskal-lana izan ete da? Orixe sinisgatx egiten jaku. Euskerearentzat zapalketa egunak zireala eleberri ori bigarren aldiz atera ebanean, ez ete etorren bera euskal-literaturari bideak zabaldu gurez, euskal-giroa biztu eta berotu bearrez? Eta bera, ain zuzen, orduantxe ixildu betiko? Ez zan ixilik egotekoa. Berak autortua da: txikitarik sartu ei jakon olerkigintzarako arra edo garra, eta arrezkero beti bizi izan da bere barruko irakiñari urtenbidea emoten. Alan diño berak 1968n Sevillan atera eban erderazko olerki-liburu baten. Auxe be ez dogu uste gure artean zabaldu danik. Bertan emon deutse Sevillarrai berak euskeraz egindako lanen barri. Antza, euskaldunak gorrarena edo ezikusiarena egin eutsen ezkero, andaluziarrai esan bear. Andik Afrikara, Canarias eta Portugalera tresnasaltzaille ibili dan aldi guztian, idazlangintza ez ei dau iñoz itxi. Bere bakarrean sartuta, poesigintzari ekin ei deutso, batez be. Eta idatzi ala, kutxara sartzen izan ei ditu. Eta orain batzuk argitara emoten baditu, beste asko ei daukoz kutxan gordeta. Zer dau kantagai? Ez da au dana esateko ordua, baiña ona gai batzuk: Algortako itxasoa, Errezilgo mendiak, Askatasun-kantak Euskalerriaren omenez, Existenzialisten erostak, Existenzialisten erostai erantzuna, eta abar. Liburu au Sevillako 1968ko Feria del Libro-ri eskiñi deutso.
Eta orain gure itauna: bere kutxan ainbeste idazlan gordeta eukazan onek, ez ete eukan an euskerazkorik? Nekez siñistuko geunke ezetza. Edo ta, lengo lanai euskaldunok emoniko erantzun otz eta motela ikusteak gogoa kendu ete eutsen, atzera eragin, egoak moztu? Izan leitekena da. Zetako oiuka ekin gorrarena egiten ebenai, zetako idatzi irakurten ez ebenentzat? Leitekena da, baiña ez dogu siñisten.
Zorionez, bat edo beste asi jakuz begiak zabaltzen eta gure idazle oni zor jakon autormena egiten: Gotzon Garate eta Luis Baraiazarra.
Iñork ez dau esango Gotzon Garate eleberri-kontuan oso aitua ez danik; eleberri idazlea bera be, baiña gaiñera eleberrien aztertzaille eta kritikalari zorrotza. Lenengo ta bein, Gotzonek autormen au egin dau: Euskalerrian gitxik ezagutzen dabela idazle au. Ez dau au arritzekoa aurkitzen; etxeko ona ikusi ez eta kanpokoari ederrago erizteko erreztasun andia ei daukagu euskaldunok. Gero, lanaren bikaintasunari dagokionez, Uztaro euskeraz idatzi da nobelarik onenetakotzat dauka, Txomin Agirreren Garoa nobelaren aurrean lotsatu barik agertzekoa, euskeraren aldetik gaur bere imitagarria, itzetan aberatsa, joskeran oso jator eta dotorea. Konparaketen ugaritasunean eta izadia eta bazterrak iruditaratzean aparteko maisutasuna aurkitzen deutso. Iñork ez ei dau euskeraz izadia «horren apain, horren ikusgarri eta indartsu azaldu». Benetako olerkariaren sena agiri ei dau orretan Barrensorok. Olerkari-sena eta eskola ona, gaiñera. Comillas-en ikastaldi luzetxoak egiña da Barrensoro. An ikusi ei zituen latin, greko, erretorika eta filosofia. Aldi aretan ez zan euskal-eskola txarra be Comillaskoa. Orixez gero, an eskolatuak izan dira ainbat euskal-idazle bikain: Oiarzabal, Ibiñagabeitia, Aitzol, Etxaniz eta abar. Andik urten eban Barrensorok be, eta bertatik asi zan idazlangintzan. Berak Sevillako olerki-liburuaren itzaurrean diñoanez, «fui traductor de latín, griego y vasco; profesor de lenguas, bibliotecario, periodista y escritor» Gotzonek esana eta Barrensororen autormena onetan biak bat datoz (Ikusi DEIA, 28-X-82, Gotzonen artikulua: Tomas Agirre «Barrensoro»).
Urte bi geroagokoa da, gure idazle au ilda gerokoa, Luis Baraiazarrak KARMEL aldizkarian (1983-I), argitaratutako idazlana, Barrensororen «Uztaro» aztertuz. Markiñako Karmeldegian bizi dan praille idazle au be arriturik dago, ain gitxik ezagutzen daben idazle onen lana irakurrita. Berak be, antza, liburutegiko apalen baten autsez betetan aizturik euki dau irakurri barri dauan bitxi ederra. Bera berandutxo, ez orduz ei dator idazle bikaiñaren «ondretara». Eta Gotzon Garatek aurkitu deutsazan bikaintasun guztiak aurkitzen deutsoz: euskeraren ederra, izadia, eguraldia eta bazterrak irudierazoteko maisutasuna ta indarra (ia larregizkoa), eta nobelen teknikaren aldetik, «back-flash» erabilteko trebetasuna. Garatek orretan gure nobelagillea euskal idazleen artean lenengo eta aurrelaritzat dauka.
Oraindik salgei dagoz Uztaro gitxi batzuk liburu-dendetan, eta goreslerik eta irakurlerik geiago sortuko al jakoz, Gotzon Garate-ren eta Baraiazarraren autormenak irakurrita. Agortuago dago «Gazi-Gozoak», Barrensorok 1933n euskaldunoi opatu eta eskiñi euskun oparia, orain barriro argitara datorrena. Orain bere alaba Begoñaren eskutik eta GEU argitaletxearen bitartez jatorku.
Zer den agirian dago: Barrensorok bere kutxatik atera nai izan dituen idazlan aukeratuen sortatxoa. Batzuk berak asmau eta idatziak, beste batzuk, atzerrietako izkuntzetatik euskeratuak. Emen oker-aituen bat batzuen burutik kendu bearra dagoalakoan gagoz. Tomas Agirrek lendik argitaratuta eukazan lanen bilduma, sorta dala esan eben. Baiña ez dogu uste egia danik. Lendik idatziak, bai, baiña ez dira lendik argitaratuak, bat izan ezik, Kirikiño Saria izabazi eban artikulua. Beste guztiak bere kutxatik atera ditu zuzen zuzenean, Sevillan egoala eukanaren antzeko kutxatik.
Barrensorok sarritxotan idatzi eban «Euzkadi» egunerokoan, liburu au atera aurretik eta ostean be bai: lan, gizarte-gaiez, politika-gaiez, euskal-literaturazko gaiez egiñiko lan mamitsu, dotore idatziak. Ez legoke txarto, Barrensororen gogoa eta aldi aretako gogo-giroa jakiteko edo ari antz emoteko, lan arek, beste idazle batzuenakaz egin izan den lez, sorta bat eginda argitaratzea; baiña Barrensorok Gazi-Gozoak ateratzean, ez eban olango asmorik erabilli. Kirikiño sarikoa izan ezik, beste lanak bere barruko ederzaletasuna ustuteko egin eta kutxan gordeak zituen. Liburu oni berak ezarritako itzaurreak be ez deusku besterik erakusten. Adiskideen eragitez, beretzako eukazan lan batzuk emon nai izan ditu, berak maite eban euskerarik jator, argi, errez eta apaiñenean emon be, euskerea edozein gai eder erabilli eta adierazoteko gai egiten laguntzearren.
Ez dakigu nondik nork ezarri nai izan deutsan Barrensororen idazlanei baserri usaiñik. Onen idazkerak ez dau baserritarkeririk ez txokokeririk. Iñongo usaiñik izatekotan, idazle klasikoena eta atzerriko literaturarek txukunenarena dario. Gure errietako giroan murgiltzen gaituela? Egia; baiña gizon landuaren begiaz eta ondo eskolatuaren idazkeraz. Eta gero badaki, liburu onetan erakutsi dauan lez, kanpo-errietako literaturaren baratzetan sartzen eta andik landararik txukunenak artu eta gure euskera zarrean mentetan eta txertatzen. Askok ete dauke eskubiderik iñori txokokeririk edo baserri-usaiñik salatzeko? Esaterako, nobelatxo baten aria Alemanian jarri, eta an bide-lagun bat trenean alboko bidelagunari zigarroa biztuteko su eske asi eta lagun orren txiskeroaren ederrez tutuluturik ia non erosi dauan itaunka aurkestea, ori baserritarkeri eta txokokerietatik alde ibiltea ete da? Askotan baserritarkerietatik iges egin bearrez dabillanak berak erakutsi lei baserri-usaiñik barregarriena.
Beste alde batetik be, Berrensororen barruan iñongo baserritarkerientzat leku gitxi dagoala esango genduke. Zaitegi zanak ez eban abasberuan eta geiagoko barik esan bein gure gipuzkoar au jeiotzez errezildar genduala, eta biotzez bilbotar. Ain zuzen, giputza dala, bizkaierea maite izan eta lantzean erakutsi deu ori. Bilbon bizi dala, Bilboko egunkari baten idazten dau. eta Bilboko euskaldun asko ditu adiskide. Zergaitik euron euskerea iguin izan eta baztertu bear? Barrensororen jokabidea ez da «nik neure ta nik neureaka» edo «nirea onenaka» astea. Olan, Euzkadi egunkarian bein gipuzkeraz eta bein bizkaieraz idazten dau, eta olantxe diardu «Gazi-Gozoak» liburu onetan, bizkaieraz eta gipuzkeraz, bata bestearen aberasgarri egiten aleginduz. Tokian tokiko izaten, edozein lekukoai lotsa ona izaten badakiela nonai erakutsi dau Barrensorok, Sevillan erakutsi eban lez, angoai bere erderazko olerki-liburua opatu eutsenean.
«Gazi-Gozoak» agertu zanean euskalzaleak ez ziran gitxi poztu. Gure literaturaren onerako eta aberasgarri, idazle on bat, idazlan obe ta andiagoak sortzeko gai zanik agertu zalako ustea biztu zan askoren gogoetan, eta mami sakonagoko eta arnasa luzeagoko nobela bat idaztera bultzatzen eben. Uste ori ez zan ustel gelditu. Uztaro birritan etorri zan bere egilleagan jarritako uste ta itxaropenak oparo betetan, 1937n eta 1950n. Erantzun ederra Barrensorok itxaropen orrei emondakoa. Euskaldunok Barrensororen lanari erantzun oberik emon ez badeutsagu, gurea da errua, ez Barrensororena.
Gaur, idazle jator onek Sevillan beteriko kutxatik euskerazko opari barririk agertzen ez jakun bitartean, ez al gara esker txarreko agertuko oraingo opari onen aldera. Gazi-Gozoak barriro argitara datorrenean, autormen obea egingo al deutsagu opari barri oni eta esker obea erakutsi egillearen eskuari.