literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Michel Elissamburu

 

Gabriel Fraile

 

«Frantziako hirur errepubliken istoria labuzki»

Michel Elissanburu

EEE, 1988

 

        1. Elissambururen bizia eta lanak [1]

        Nafarroa Behereko Heletan jaio zen 1826an. Mugazain buruzagi baten semea zen eta Jean Baptiste Elissamburu olerkari famatuaren lehengusua. Baionako salletarrenean ikasketak egin ondoan, ordena honetan sartzeko erabakia hartu zuen; Tolosan prestatu eta Akizera bidali zuten, non irakaskuntzan hasi baitzen. Hazparneko ikastetxeko zuzendaria erdalduna zelarik, haren tokian euskaldun bat ezartzeko beharra nabaritu, eta frère Innocentius (izen hau hartu zuen erlijioan sartzean), artean oso gazte izan arren, izendatu zuten. Ikastetxean jardun zuen irakaskuntzan eta zuzendaritzan, 1895ean hil zen arte.

        Hango haur ikasleek ematen zizkioten buruhausteak pairatzea aski gogor egiten omen zitzaion, eta atseginago zuen bakardadean irakurri eta ikastea. Irakurtzeko ez ezik, idazteko grina ere bazuen, batez ere bere azken urteetan; izan ere, 1889tik hasi eta 1892rainoko epean argitaratu zituen (eta antza denez, idatzi) bere lan guztiak. Hauen artean, bi erlijiozko liburu daude: Joannes Batista Dohatsuaren bizia (Baiona 1891), 1888an Erroman dohatsu egin zuten Anaia Salletarren fundatzailearen gainean, eta deboziozko esku-liburu bat, Sakelako liburuchka edo giristino guzientzat on den esku liburu ttipia (Baiona 1892). Bere haurtzaroan ezagutu zuen Euskal Herria, bere ustez galtzen ari ziren lehengo kristautasuna, apaltasuna eta ohitura garbiak deskribatu zituen beste liburu batean, Lehenagoco eskualdunak zer ziren (Baiona 1889).

        Eskualduna aldizkarian argitaraturiko artikulu batzuk Zer izan diren eta zer diren oraino framazonak munduan [2] liburuan bildu zituen. Hau koka dezakegu Europan, eta batez ere Frantzian, XIX mendeko bigarren zatian zabaldu zen iritzi-joera batean, zeinak hasieratzat izan baitzuen Barruel apezaren liburu bat, Mémoire pour servir à l'histoire du Jacobinisme (1797), 1789ko Iraultzaren errua masoiei egozten ziena. XIX mendean zehar haziz joan zen ideia hau, eta Erlijioa apurtzeko, gobernuak aurtikitzeko eta munduaz jabetzeko prestatzen ari zen masoien ezkutuko elkar-hartzeaz hitz egiten zuten liburuak ugaritu ziren. Honi astiro astiro lotu zitzaion juduen auzia; hasiera batean hauek masoien laguntzaile gisa bakarrik agertzen baziren ere, bere garrantzia gero eta handiago egin zen. XX mendearen hasieran Sion-go Jakintsuen Protokoloak liburu famatu bezain sasikoa frantsesezko eskuizkribu batetik hizkuntza askotara itzuli zenean, esan daiteke juduek ametsezko konspirazioaren buruzagitza irabazi zutela [3]. Funtsean esan daiteke XIX mendean gertatu ziren era guztietako aldaketek sorturiko beldurraren ondorio direla iritzi hauek. Ez zituen irabazitako erlijio, adierazte eta ohituren askatasunak bakarrik izutzen jende hauek; industriaren eta zientziaren aurrerapenak ere susmagarritzat hartzen zituzten maiz. Honez gainera, juduak, ia Europa guztian lortutako askatasunaz baliatuz, gizartean parte hartzen hasi eta, haietatik zenbait leku gorenetara iritsi ziren. Altxatze honek aspaldian bizirik zegoen juduen kontrako aiherkundea areagotu zuen, Israelgo semeek mundu guztiaz jabetu nahi zutela askori pentsarazterainokoan.

        Aspaldidaniko ordena eta bizimodua, Erlijioaren oinarri guztiak barne, hain laster suntsitzen ikustean, askok eta askok aldez aurretiko egitarau bat zegoela uste zuten. Nahaste honen eragileak masoiak ziren, Satanen beraren laguntzaileak, Antikristoaren erresuma prestatzen zihardutenak [4].

        Euskal Herrian ere eskuindarrek, «xuriek», ideia hauetatik asko hartu zituzten [5]. Michel Elissamburu agertzen zaigu, haatik, guztietan atxikiena: ez bide zen masoien gaineko ustekeriarik hark sinetsi ez zuenik [6].

        1890ean, Baionan, beste liburu bat argitaratu zuen, Framazonak (bigarren edizionea) eta Frantziako birur Errepubliken ixtorioa laburzki izenburuaz. Lehen zatia, Zer izan diren...en aldaketarik gabeko birrargitalpena da; bigarrena, guk argitaratzeko hautatu duguna.

        Hasteko, liburuak batasunik ez duela esan behar. 1789ko Iraultzari dagokiona ohi den bezalako laburpen bat baldin bada, orrialde gutitan ahalik eta argibide gehien ematen saiatzen dena, bigarren Errepublikari buruzkoan ez dizkigu honen goraberak azaltzen, ez du aipatzen izenik ez datarik; honen historiaren berri emateko aski da, bere ustez, Euskal Herrian ikusitako gertaera batzuk adieraztea. Hirugarren Errepublikaz mintzo denean, egunero ikusten duen egoeraz ari da: ez du Errepublikaren historia egiten, baizik eta —batez ere 1880etik aurrera— gobernu aurrerazaleek hartzen dituzten neurrien salaketa.

        Egilearen Iraultza Handiaren gaineko ikuspuntuaren aldetik ohargarri den zerbait aipatu behar dugu. Bere erregezaletasun sutsuak eraginik (iragan mendean gazteleraz ohizko zen servil adjetibo eta izena ongi legokioke), Luis XVI eta Jesukristo elkarren antzekotzat ezartzen ditu: «Errege inozent batek behar zituen beraz pagatu haren aitzinekoek egin hutsak eta krimak. Yainkoak bere yustiziaren apazegatzeko, biktima nota gabeak ditu hautatzen; hala nahi izan du haren Seme dibinoak, saindutasuna bera zenak, salba zezan mundu hobenez bethe hau; Frantzia bera ere Yainkoaren nazione hautetsia behar zen izan gaztigatua, guziz bere inpietatea zela kausa, gero, bere odolean garbiturik, sekula baino ederrago ager zadin Elizaren begietan». Berdinkatze honen ondorioz, Erregek jasan atsekabeek Ebanjelio kutsu bat dute. Horrela, adibidez, epaiketa, eta heriotzea («Errege, uzten baduzu zure burua estekatzerat, Salbatzaile dibinoa hortan ere imitatuko duzu bertze gauzetan bezala»). Honen arabera ere, erregezaleen heriotzeak Kristautasunaren hasierako martiriena irudi du.

        Bigarren Errepublikaz mintzo denean, idaz-tankera erabat aldatzen da. «Orai duela ehun urtheko Erreboluzionea eta Errepublika mila eta mila itsuskeriaz betheak izan baitziren, orduko ixtorioa, bortxaz ere, seriosa da, ez erraiteko ikharagarria. 1848ko Errepublika, erhoska bat zen, hortakotz da haren ixtorioa bitxia, edo irri egingarria» [7]. Lehen Errepublikaren historia tragedia bezala aurkeztu badu, bere ustez zoro eta ergel zen bigarrenarena farre eragiteko moduan nahiago du adierazi. Ezin uka bizitasunez betea dela kontaera, eta ipuin umoretsu bat moldatzeko trebetasuna erakusten duela egileak.

        Hirugarren Errepublikaren historian, esan dugun bezala, irakurleei ezkerreko gobernuen asmoak jakinarazten dizkie. Hemen «framazonez» (lato sensu: hargin beltz edo masoiekin nahastean, liberalak, arrazoizaleak, sozialistak, eta, laburbilduz, ordena zaharra maite ez duten guztiak) astiroki ihardukitzen du, eta kapitulu oso bat eskeintzen die juduei. Interes berezia du, bestalde, Gambetta eta Boulanger «idoloak» apurtzeko idazten duenak; Elissambururekin ados zeudenek dasta zitzaketen bere eztenkadak, ez baitira hauek errepublikazale baten iritziak kolokan jartzeko modukoak.

        Ez dago esan beharrik Elissamburu ez dela lehen mailako historiagilea (ez eta bigarren mailakoa ere; egia esan, ez dugu uste hark bere burua historiagiletzat hartzen zuenik). Agerian dago, bestalde, bere pentsamoldea zaharkiturik gelditu dela, ordurako ere zaharkiturik ez bazen. Egia da irri eragin nahiez askotan errezkerian —bai eta behin baino gehiagotan zatarkerian— erortzen dela. Hala ere (edo hain zuzen horregatik), uste dugu liburua interesgarria izan daitekeela gaur egun ere. Ez bakarrik garai bateko iritziak eta aurriritziak aditzera ematen dizkigulako, hauek euskal kulturan garrantzi handia izan duten jende askorenak direlarik ere. Bere gehiegikeria, bere neurririk eza bera liburuaren erakargarririk handienetako bat izan daitekeelakoan gaude. Mitxelenak esan duen bezala: «y a quien el estado de permanente indignación en que vivía prestó a veces tonos de auténtica elocuencia» [8].

 

        [1] Zati honetarako, I. Olabeagaren «Michel Elizanburu, Anaia Inozenzio, Salletarra. Bere bizitza eta lanak» (in Egan 1959 (56), 142-154 orr.) artikulua erabili dugu batez ere.

        [2] Ez da aipatzen lekurik, ez datarik, ez (salletarrei ezarria zaien debekua begiratuz) egilearen izenik. Vinsonen iritziz (Essai d'une Bibliographie de la Langue Basque, Paris 1891, 408 orr.), 1890ekoa da; hala ere, Baionako Musée Basque-tik eskuratu dugun ale batean honako hau irakur daiteke: «E. S. Dodgson, 9 March 1889». Beherago, beste tinta mota batez: «The author of this book is the Père Innocentius (Michel Elissamburu) superior of the Ecoles Chrétiennes at Hasparren. In Vinsons Bibliographie (1891) it is number 672a, page 410».

        [3] Masoien eta juduen kontrako baga honi buruz, ik. Norman Cohn (gaztelerazko itzulpena: El mito de la conspiración judía mundial, Madrid 1983).

        [4] Ikus dezagun zer dioen Elissamburuk honi buruz: «Hala nola Ante-Krist bakhar-bakharra izanen da azkenean nagusi munduan. Hola dituzte esplikatu liburu sainduak, guziz, azkena (l'Apocalypse), Holzhauser deitzen den autor errespetagarri batek, bai eta bertze batzuek» (Zer izan diren..., 49 orr.).

        [5] Honen frogagarri izan daitezke Jean Hiriart-Urruty apezak Eskualduna aldizkarian idatzi zituen artikuluak (hauen antologia bat Piarres Lafittek argitaratu zuen bi liburutan, Mintzaira, aurpegia: Gizon!, Oñati 1971, eta Zezenak Errepublikan, Oñati 1972).

        [6] «L'auteur y répète toutes les niaiseries qui traînent dans certains journaux, et montre une singulière ignorance de son sujet» dio Vinsonek (op. cit., 408 orr.). Laffiteren ustez (Le Basque et la littérature d expresion basque en Labourd, Basse-Navarre et Soule, Baiona 1942, 67 orr.), «Il est dommage que le sens critique lui ait fait parfois défaut».

        [7] Harrigarria bada ere, honelako zerbait esan zuen Elissambururen mundutik aski urrun bizi zen K. Marxek, Luis Napoleonen estatu-kolpeari buruzko liburu famatu batean.

        [8] Historia de la Literatura Vasca, Madrid 1960, 141 orr.

 

Bilaketa