Aurkezpena
Juan San Martin
Euskaltzaina
«Ezti-tantak, Olerkiak»
Satarka
Elkar, 1996
Oraindik gazte eta euskaltzale berria nintzen Eibarren Peli gernikarraren eskutik Txinpartak zeritzan olerki liburua ezagutu nuenean. Peli hura, ofizioz zurgintzan ebanista ona zen, gerraren galtzaileetarikoa eta abertzale sutsua zelako Gernikatik deserriratua. Gizajoak, dotrina liburuaren gisa, kontsolagarri erabiltzen zuen patrikan Satarkaren Txinpartak, 1922. urtean Donostian argitaratua.
Peli, bere sentipenetan, Klaudio Sagartzazu «Satarka»-ren olerki aberkoiekin burua bat eginik ibiltzen zen Eibarko kaleetan. Gerraosteko garai hartan askorentzat arriskugarria zen harekiko harremana eta maiz aurkitzen nuen ilunabarretan, bakarti, ahopean Satarkaren olerkiak kantatuz.
Gerraondoak zoritxarreko bizitzara eraman zituen gizon horietakoa genuen Peli, frankistek begitan hartua eta abertzaleek baztertua, konprometagarria zen ustetan. Bakarti, soil-soilik, baina oroimenak zituen lagun eta Txinpartak liburu bihotzekoa kontsolagarri.
Bere liburu hori ez zion nornahiri uzten, ez horixe, zeren hain gogominezko aldi sentiberetan laguntzen baitzion. Ni ordea, Gernikaren erreketa izugarriaren lekukoetariko bat eta bide batez euskal literatura ahalik ondoen ezagutzeko egarriz. Bere egoerak pena ematen zidan eta noizbehinka ahalegintzen nintzen Peli aurkitzen eta, aski ausarti, paseatzen laguntzen nion, elkarrekiko jardunetan haren bakardade hura samurtuz. Besterik inor ez zen ausartzen, amaren aldetik senide nuen Jon Larrinaga bermeoar txistularia edo izan ezik. Eta, behin, niri utzi zidan bere bihotzeko Txinpartak, niregan euskaraz irakurtzeko zaletasun bizia nabari zuelako.
Liburu hartan, olerki aberkoiak ezezik, lirika berezia, naturazaletasuna eta humanismo-sena aurkitu nituen, aberkoiak eurak baino hunkigarriago noski, joan zen mendeko erromantikoengandik bereizgarri iruditu zitzaizkidanak. Liburu horretan, besteak beste, 1918 eta 1920. urteetan Donostian sarituak izan ziren olerkiak aurkitu nituen. Horiek eman zioten Satarkari ospea. Baina baita ere ordurako maiz entzuna nuen «Aurtxoa seaskan» zeritzan kanta polita ere, liburua eskuratu nuen arte norena zen ez nekiena. Hura ustekabeko poza.
Oraindik ez nuen ezagutzen Luis Jauregi «Jautarkol» errenteriarraren Biozkadak (1929). Egilea bera ezagutu nuen Zarauzko Itxaropenan Ipuiak berrargitaratzeko prestaketan ari zelarik. Gizon atsegina iruditu zitzaidan. Zer ikasirik banuen holakoengandik. Gero, zenbait aldiz, hondartza ertzetik elkarrizketazko paseoak ere eduki nituen Jauregirekin.
Biozkadak lortu eta irakurri nuenean, neurri handi batean nolabaiteko kidetasuna aurkitzen nion Satarkaren Txinpartak olerki-liburuaren edukiarekin eta hortik piztu zitzaidan Satarka bera ere pertsonalki ezagutzeko gogoa.
Hondarribiko Artolatarrak lagun nituen, don Rafael Eibarren euskal gramatikaren maisu izan baikenuen. Haiek denborak! Sinestea ere... Gurasoen hizkuntzarik eskolan irakatsi ez eta, horretarako barne-gogoa itzartu zitzaigunok norberaren kontura zerbait jakin nahian isilpeko maisuaren beharrez. Ondoren bere anaia Fernando «Bordari» ezagutu nuen. Honekin izan nituen Txinpartak liburuko olerkiei buruzko elkarrizketak eta berak gonbidatu ninduen Hondarribira Satarka ezagutu nezan. Hirurok otordu ederra egin genuen hemen, San Pedro kaleko ez dakit non. Olerkari humanista eta naturazale bikain baten aurrean, hura bai egun oparoa. Nire gogoa aldi baterako ase nuen hiruron arteko elkarrizketaz. Satarkaren gogoa ere, uste dut, biziki piztu zela, garai ilunak izan arren, belaunaldi berriko bat bere olerkigintzaz kezkaturik ikustean.
Orain hemen ez ditut berriz errepikatuko mendeurrenezko oroitzapenez Hondarribia aldizkarian (61. zenb., 30. or.) esanak.
Oroitzen naiz, Fernandok eta biok nola animatzen genuen prestaturik zeuzkan olerkiak plazaratzeko. Ez dakit norainoko eragina izango zuen gure gomendioak, baina hara: 1957. urtean A. Valverde «Ayalde» zenak bere irudi edergarriz eta Manuel Lekuonaren hitzaurre gisako aurkezpenez argitaratu zuen Intza begietan, bere bigarren olerki liburua, hizlauzko erdal itzulpenez.
Koldo Mitxelena ez zen edonolako liburuei aipamenak egiten zizkionetakoa eta hara Egan aldizkarian (XII. urtea, 1958, 1-2 zenb., 105. or.) Intza begietan zeritzanari nola egin zion. Aipamenetik ohartu nintzen hari ere, bere garaian, niri bezalako zirrara eragin ziola Satarkaren lehen olerki liburuak. Ikus dezagun zer zioen: «Eztakit zer esan bear duen poesi-mota onezaz egun edo biarko kritikak. Nik beintzat ezin dezaket gai onetan kritikarik egin. Au baita aurretan, besterik bazen ere enekienean, ezagutu nuena; au, euskaldun guztiok, baita zekenenak ere, biotzean gorderik daukagun xoko minbera orretaraiño sartu zitzaidana. Geroztik irakurri dut oberik eta goragokorik, baiña eztut bestetan sumatu ustekabean artu ninduen aurtzaroko ikara berri aren bizia».
Baina Intza begietan-i zuzenean zegozkion hitzetan, orduko olerkarien inguruari kokaturik, beste honako esaldi hauek agertzen zituen: «Poesia txukun-apaiña, baiña errikoia eta errax-antzekoa; barrenkoia eta goibel-ixurikoa, Intza begietan eta malkoa biotzean. Sugarra, arrimena edo poz ajolakabea baiño naiago zuten, izan ere, negar xamur ixilla». Bukaeran ordea, beste honako hau erantsiko zion: «Zuzen jokatu du Satarka-k ondo zaarraren muskil berriak argitaratzean. Nork bere buruari dio zor leialtasuna, beste iñori baiño leenago. Moduak eta joerak eztira goiz bateko loreak besterik: biotzetik darion itzak, berriz, eztu aldakuntzarik ikusiko».
Ezti-tantak deritzan hirugarren olerki liburu honentzat ere baliagarriak deritzet K. Mitxelena zenaren hitzei. Liburua bera aspaldi idatzia eta haurtzarotik heziz zekarrena eta gaztaroan landuz burutu zuen modu liriko haren jarraipen zintzoa dugu. Barne-gogoan, olerkariaren bihotz minduak hor jarraitzen du, zintzo asko, leialtasunez izatearen baitan sentipen orokorrak hausnartuz. Gaia, aurrekoen inguru beretik aldakuntzarik gabe, baina ikuspegi desberdinetatik hizkuntzari soinu berriak eskainiz.
Denboraren buruan, honekin eta horrela heltzen zaigu Klaudio Sagartzazu «Satarka» zenaren oroitaro, lehengo emaitzak ahantzi gabe, gaur egun ohorez aurkezten dudan Ezti-tantak xurgatzeko aukera egokia eskainiz.
Literatur artista joan zitzaigun, baina bere obraren itzala gelditzen zaigu. Eta itzal horrek iraungo du gure hizkuntzaren ondarean. Gainerakoan, zer da herria bere literaturaren oroitzapenik gabe?
Hitzak jolaskor zituelarik, liburu honetan erakusten du olerkigintzarako hizkuntzaren aldetiko gailurrak taiuz hartuak zituela. Bertso egituraren legezko neurri, eten eta puntuak hain txukun eta biribil erabiltzeaz, zer esanik ere ez, bere olerkiak kantatzeko eran osatzen zituela.
Jadanik, esan beharra dut, gizona bere gizarteko ingurugiroarekin zordun izaten dela. Eta guk berarekin zintzo jokatzeko, ongi deritzadala idatzi zuen eran errespetatuz argitaratze honi, lehen argitalpen batean behinik behin.
R eta L letra gangardunak idazmakinak eta inprimategiak berez baztertu zituen eta ezinezkoa zaigu orain hori gordetzea. Horrek ordea, ez du ezertarako aldatzen hizkuntza bera.
Idazkeraren ortografia bera ere, 1968an Euskaltzaindiak gomendatu zuenaren aurretikoa du. Egia esan, ordurako seguruenik prestatua zuen liburu hau eta, gainera, bere adinean normalena zen gaztaroan hartu zuen bideari tinko jarraitzea. Horregatik, ez du ia inoiz H-rik erabiltzen. Gainerako arauetan, gehienbat, Azkueren Gipuzkera osotua du oinarritzat; baina beti ez dio jarraitzen, zeren Hondarribiko hizkera mendebaldeko goi-nafarrera izaki eta euskalki honi lotua egon arren, gipuzkerak tiratzen zion nonbait eta dut-en ordez det erabiltzen zuen. Bestalde, hitz eta izen bereziei atzizkiak kakotxez bereizten zizkien.
Hitzei dagokienez, beste edonoiz eta edonongo olerkariek ohi duten eran ziharduen. Batzuetan neurriak eskatzen zionaren arabera sinalefaz baliatuko zen: barna alaiturik, barnalaiturik edo etxe-enarak, etxenarak. Hurrengo bestelako bereizkuntzarik ere erabiltzen zuen, adibidez, batzuetan bizkaierako Uri, (H)iri-ren ordez. Olerkariek hartzen dituzten lizentziak direla esango nuke. Irakurleek jakin bezate legezko direla. Bestalde, txikikeriok ez diete trabarik egingo gaurko irakurleei, zeren huskeriok, bere hizkera jator eta lumaren bizkortasunean itzalirik gelditzen baitira.
Berez izaki bihozbera, maitasun kantak azal-azaleraino zeramatzan olerkaria. Gizakiarenganako maitasuna, bihotz barnetik sentipenez azaleratzen zitzaion zerbait zen, asko baderitzagu ere, hiperestesiaraino eramaten zuela esango nuke. Ez men inor etsai, anaiarteko gerrate hartan larrialdiren bat edo beste izan bazuen, beste norbait zen bere etsai, ez bera. Izan ere, natura eta txoria horrenbeste maite zituenak, nekez egin zezakeen kalterik gizonari.
Olerkari gogotik maitasunaren abiadura opariz hartzen zuenean, ez zion inongo mugarik jartzen, egiazko errealitatetik ametsezkora arte. Ama du maizenik erabilia, sortzetik guztiok daramagun lehen maitasun eztia. Ediporen mitoan erori gabea, noski. «Ama maitea, alaitu zaite» delakoan, haurraren heriotza eta amaren samina agertzean, barnean zeraman humanismo sakon hunkikorraren eragina argi nabari zuen.
Baina idealei goiak eman nahi zizkienean Amabirjinarekin parekatzeraino doa. Bada ametsean lauso agertzen denik ere, «Nere maitaria», «Aingeru bat zan» eta beste batzuetan agertzen duena, une bakoitzean bertsoen egokiera aldatuz eta, hori bai, natura giroarekin inguratuz:
Udaran goizian-goiz
Alaia mendia.
An bizi da neretzat
Usaidun lilia.
Asko maitatzen dut nik
Neskatil argia.
Gorputza ederra du
Biotza obia.
Ames horien haria maiz jarraitu zuen bilduma honetako olerkietan; baina, gogoz hurbiltzean, zer? «Ikusi nuan, bai, bañan... / Ez zan neskatxa, /A ingeru bat zan,... Zeruan nai zuan bizi!!!».
Zorioneko, amets egiten duen olerkaria. Gizonaren negua iristean ordea, amets sentikorra azaldu zuen, bere garaian maiterik ez aurkitzeaz. Olerkari bihotzean ordea, tamalez, itxaropen galera adierazten zigun «Maiteño ta izarra» delakoan. Amesetik itzartzean:
Nere
Gaztetasun...
Joan
Zan ait urrun...
Orain
Nik gogo-illun!!!
Bere erritmo, esaldi eta soinuek, batzuetan herri-kanten oroitza xumea dakarte. Bere gogoaren baitara itzulikatuz, aipatu dudan «Maiteño ta izarra» delakoan elurra mara-mara hastea ez da ustekabekoa, negu giroa baizik. Alderantziz, «Atoz, maite»n, beharrezko maitasun naturala zuen gogoan, arrainak ura hainbat, edo «Negua ta udara», goiko mendian... negu egoera udaberri itxaropenerantz aldarrikatuz.
Egituraz, herri-kanten era horien arteko dugu «Sutegian», tiriki-tauki-tauki hotsa dakarkiguna. Bestalde, hain antzerakoa ez bada ere, asmoetan bazebilen Lizardik «Asaba zaarren baratza»-ren bukaeran agertu zigun dei hura: «...leenaren muinak aldatu beza baratz zaarra baratz berri!». Satarkaren buruan ideia kementsu haren antzerako zerbait zebilela, ezin uka.
Lehenagoko «Aurtxo txikia» eta «Seaskatxoan» olerki haien oroitzak nabari zaizkio oraindik «Aurra, lo...» eta «Lo dago» deritzenetan.
Barnekoiak izaki, baina ez beti goibel eta malkoa bihotzean. Adibidez, olerki alaiak ere baditu, «Gaztea» bezalakoak, pandero-jotzaile edo trikitilari neurriz eta eraz osatuak. Alaiak bezain jolaskorrak, «Ardo gorri nafarra» kanta zaharraren erara osatutakoak. Hauen artean, exenplu gisa, ikasbide ederra agertzen zigun «San Martzial'ko jaia» deritzanarekin, auzokide diren hirien anaitasunerako behintzat, eta hain ongi ekarria zenez 1950. urtean Irunen ospatu zen olerki sariketan irabazle izan zen. Egitura berean osatua da «Irri dantza ta kantua», bazkalondoko eskertza, 1954.ean Baionako Herria astekariak antolaturiko olerki saria eraman zuena.
Baina, ezinaren exenplu egokiak azaltzean, zein poliki ekarriak diren, errefrau zaharren gisara, «Ezin du...» deritzen pentsakizunezkoak. Hor bai nabarmen agertzen zaigula bere izaerako etika zuzena.
Esan bezala, maiz, hitzak zituen jolaskor eta txorien txorrotxioekin ere baliatzen zekien, olerkiak doinuz janzteko. Kolorea eta usaina ere nabari zaizkio sorterri zuen Hondarribiari eskaintzen zizkionetan: «Nere herri eder». Aldiz, mindura eta bihotz saminduaren eraginak zituen negu beltz hotzean bertako arrantzaleei buruzkoak, «Arrantzale gaxoa!...», hamalaukoan (sonetoan) ongi moldatutako bertsoak.
Baita ere, koloretsu da «Udaberri-ko goiza» delakoa, non agertzen zituen naturaren edertasunak margolari inpresionistek bezalatsu.
Udaberriari eskaintzen dio «Illabete ederrena». Argi izpi bat pizten zion Gabon gauak neguaren bihotzean, hortik «Zorioneko gaba» alaigarri. Bestela, neguak izutzen men gure olerkaria. Bizikeraren adierazgarri agertzen baitzuen une giroetan hain maite men udalena (udaberria), «Alaitu gaitezen» eguraldiaren hobekuntzaz eta berak dakarren txorien doinuaz. Hala ere, mingarri zitzaizkion pertsonen sufrimenduan txorien txorrotxio alaiak, eta une horietan isilarazteko eskaria du «Ixil-ixillik». Gainerakoan, kanturako une egokia uda baketsuan natura biziaren aurrean hobe zitzaion.
Holakoa zen gure olerkari honen bihozbera. Eta egun batean «Ama, gure ama»-rekin hasia, beste batean, «Ama maiteari aintza!» goraipen bikainarekin, olerki sail honi bukaera emango zion.