Itz-aurrea
Yoseba Ariztimuño
«Eusko Olerkiak 1934»
Euskaltzaleak, 1935
Olerkari berriak
Urteoro, oraindañokoan beintzat, ospatu ditugun Olerti gudu oiek alako doai berezia ba-dute, olerkari berriren bat agertarazitzekoa. Olerkari ez ezagunek, edo gure artean trebeenetakoak irizten etziranak, bizkorrenetakoak dirala adierazi digute.
Aurten ere, ori bera gertatu zaigu. Etziran sasi-olerkariak saritutako bi gazteok alaz guztiz ere ez genituen, gaurdaiño, orrenbesteko olerkaritzat yotzen. Bertso txukun eta politik egiñak ziran Zaitegi'tar Yokin eta Loidi'tar Paben, baina ain gazterik gorengo maillara iritxiko ziranik ez genuen uste.
Epailleak, ordea, oien «Tori nire edontzia» eta «Orio'ko Umezurtza» Zaitegi eta Loidi'renak alegia, V'garren Eusko-Olerti guduan txapeldun aukeratu dituzten ezkeroz, olerki mallan gorendu zaizkigula aitortu bearrean gera.
«Lizardi» eta «Loramendi» ziranak ildakoan (G. B.) olerti baratzan landare berriak laister agertuko zirela genion. Orduantxe esana orain ere diogu: olerkari berri bezin bikaiñik sortu zaizkigula eta erain-eraiñean besterik ere ernaituko dala.
Gaurkoz, labur bederik, «Tori nire edontzia» eta «Orio'ko Umezurtza»z mintza gaitean.
Omero eta Mistral ditu irakasle
Euskalerriko artzai eta arrantzaleak ditu kantagai Zaitegi yaunak bere «Tori nire edontzia»n. Artzaia eta arrantzalea izaki euskaldunetan gizonik yatorrenak gure odolaren bikaintasuna adierazteko. Bi oien arteko, bertsolaria aitatzen digu.
Laburkiro oso, artzaiaren bizitz menditarra eta arrantzalearen lan kementsua bertso bikaiñetan iraun arazi nai izan du. Onela bai-deritzaio olerkariari euskaldunaren bizitz berezia egokiena ezagutu-arazi leikela.
Bertso oien mamia orixe degu; gure-guretarren izakera kantatzea. Olerkiaren jantziari ere euskal-kutsua erantsi nai izan dio. Artzaiak mendi-tontor batean exerita, noizik beinka aiztoz ezpel-makillaren azalean egin dituan marrazkiak erakutsi nai dizkigu olerkariak. Oneri eskaiñi bai-zion artzaiak ainbeste denboran landutako ezpel-makillaz egindako edontzi uraxe.
Edontzi ortan zer ikusi, orixe adierazten digu olerkariak. Irakasbide polita egitan:
«Tori artzai-ontzi au, olerkaria!
txatxarra izan arren, abenda-odolez
igortzi eta aren gogoaren atsez
lurrindu baitizut nire oparia!
Aitonaren aitak asi zun arloa;
oianean ezpel-makilla ebaki
ta pitxi bai-litzan landu du poliki..,
Azaltzera noa gure lan-asmoa»
Zaitegi'ren olermenetik sortutako irakasbide berezia ote degu bide sotil eta apain auxe edo besteengatik ikasia?
«Tori nire edontzia»ren asierak Mistral'en Mireio'ko zatiren batekin zer ikusirik ba-dula esan leike.
Mireio'ko IV'garren Kantan, Ilari artzaiak Mari'ri esku-ikusia eskaintzen dio, ez urre-bitxirik ezpel edontzi ikutu-gabeko berria baizik. Ara artzaiak zuzentzen dizkion itzak: «Au esan da maiteki atera zuan kolkotik ezpelezko edontzia. Atseden-orduetan olakoak egiten astia ematen zuen arri baten gaiñean. Aizto bat, beste gabe, bikainki lantzen zitun artaldea zuzentzeko kriskitiñak eta lepo ustaiak eta ezurrezko yoale-miian txori ta lore ta nai bezenbat edergaillu egiten zitun. Edontzi au ikusi bazendute, etzenuten sinistuko artzai-aiztoz egiña zenik. Inguruan larre ugari loretsua zedukan, eta bi basauntz larrea yaten, edontziaren belarritako. Beerago iru nexka zoragarri eta artzai bat zugazpean etzanda. Nexka xaxtrakak artzaiarengana urbiltzen ziren ixilka, ta saskian zeraman maats-mordoetatik bat aboratzen zioten. Ametsetan ari zan mutilla, parrez esnatu, ta nexketako bat ikaratu. Erroaren kolorea izan ez ba (...) aiek bizirik ziruditen edontzi artan. Berria zen, oraino uki-gabea» [1].
Proventza'ko iturri onetara Zaitegi'ren irudimena urbildu danik, esan bearrik ez dago. Au irakurtzekoan, nunbait, gure olerkariari bere olermena ernaitu zitzaion.
Ba-ditu, noski, zerbaitzuk Mistral'engandik yasoak Zaitegi gazteak: ori begi itxuan nabaitu leikena degu. Ongi yasoak, ordea, gizontasunak agintzen duan legera.
Olerkariari artzaiaren eskaintza: ezpel-azalean, ain egoki, gure gizonen bizikera agertzea bere-bereak ditu Zaitegi'k. Mistral'ek edontzian nexkatx batzuen yolas zoragarria erakutsi zigun: Zaitegi'k ordea, artzaiaren edontzian mamitsuago eta giarrago ornitu digu ezpel azala.
Erriaren bizitza onela adieraztea egokiagoa bai-da jolasketatxoa kantatzea baiño.
Hefestos'ek, bere sutegian, egindako eskudo apaiñaren berri eman zigunean, Grezi'ko bizitz errikoia era onetara edestu zigun Omero'k. Yainkotzaz bezela yotzen zuten grezitarrak, olagizonen buruzagi zen, Hefestos arek bakarrik egin zezazken Akiles'eri eskeiñi zioten eskudo ura.
Bai aldakit nik zenbat gai errikoiak urrea, zillarra eta burnia galdatu ondoren eskudo aretan azaltzen ziran. Etzan makala, txantxetan ere, Hefestos'en trebetasuna orrelakoxe gauzak egin zezazken ezkeroz.
Omero'k, beintzat, ikusten zituan aberastasun aiek banan-banan Iliada'ko XVIII'garren kantan bertso bikaiñetan parra parra esaten dizkigu.
Bateko, gazteen tobera taldeak kalez-kale; besteko, erri-auzitegian asarrea; emen, bi gudamutil-aldra guda bizian; an, soroan, itzaiak itzulian; urrutixeago igitariak garia moztutzen; aizkenean, maasbiltzailleak mordoak karraitzen eta Grezia'n, beste gisa onetako lanbide errikoiak urre, zillar eta burni tartean ikusi zeizkien Omero'ri sinistekotan.
Ez digu nai izan Zaitegi'k Omero'n antzera Euskalerriko lanbide eta oitura gauzak ezpel-edontzi orretan irauli. Orrelako mirarik egiteko gure artzaiak, Hefestos bezela, yainkotxikia izan bearko zuan-ta.
Artzaien kutxarroa
Edontzi, murko eta beste ontzi azaletan erriaren bizitz eta ipuiak marrazkitzeko oitura ori zarra da. Grezia'n batez ere, zaleak ziran ontziak era orretara ornitzen eta apaintzen. Omero'ren Iliada eta Odisea'ko zati yaioenak gaurdaiño ontzietan, kolorearen bidez biziturik, iraun dute. [2]
Ez da atzerritarren oitura bakarrik, izan auxe. Gure artzaiak ere antziñetik dituzu «kutxarro» apaiñak egiten trebeak. Kutxarroa, zer dan diozu? Eusko artzaiak ezur adarretatik ezpel eta beste zuaitzetatik egiten dituzten edontziak. Gure gizonok, aizto utsez Mireio'ko Ilari artzai mutillak bezela, edontzi azalak ornitzen dituzte. Batean, abere izugarrien edo arkume otzanen itxura; bestetan, gizonen edo gauza baten irudi baldartxamarrak ari-arian, zur biguiñean edo ezur gogorrean irartzen dituzte.
Edontzi oiek bada, bere izen berezia dute artzai ezpaiñetan: «kutxarroa». Zergatik, Zaitegi olerkariak itz polit auxe bere olerkian erabilli ez ote du? Bertsoei, ain egoki, euskal kutsu ederra erantsiko zion itz zar onetxek![3]
Dana dala, gure olerkari onek aukeratutako olertibide au gure-gurea dala esan geinke, egitan. Ez da auntzaren gauerdiko estula orrelako bidea aurkitu eta zalantzarik gabe bide orretatik irtenge zuzen yotzea.
Artzaintza eta arrantzaleak
Euskalerriaren bizitza erakusteko artzaiaren nekebide menditarra eta arrantzaleen lan garratza azaltzea bezelakorik ez da noski.
Ola-gizonak baiño zeatzago eusko gogoaren izate berezia gorde izan dute basoko txabola soillean bizitako artzaiak edo itxaso zabalean burrukalari iraunkor ibilli diran arrantzaleak.
Gizonok, ba, ongi aukeratuak dira. «Tori nire edontzia»n artzaintza atsegintsuago landua agertzen da arrantzaren aldean. Euskal kutsu geixeago ote duan artzaiak arrantzaleak baiño olerkariari iruditu zaio edo.
Artzaintza-gaiak ondo ikasiak edo ikusiak ditu Zaitegi yaunak, ain biziki adierazi dizkigunerako. Artzaiaren berri nun yakin ba-dago euskal elertian. Yoanes artzaia zala bide «Garoa»n artzaintza goraberak edestu zizkigun yaioki Agirre'tar Txomin zanak.
Orain ere, ba-ditugu orrelako gaietan trebe asko diran zenbaitzuk. Ez da nornai Larrekoetxea'tar B.J. idazlea, «Gorbaie'ko gaztagintzea»ren berri ematekoan. Orrialdetxo oietan Zaitegi yauna ikasia ote dan edo gera. Ala ez balitz, senideak dira bi lantxo oiek.
Lerrotxo oiengandik ikusi zenezazke, artzaintzako mamitsuena eta gozoena Zaitegi'ren olerkian irakasten dala: «Udan illuntzan dio Larrekoetxea yaunak eguzkia sarkalderantza yausten danean Gorbaie'ko artzaiña gauerako iturriko ura ekarrita, ala eraz ba-datorkio ura bide batez ekarteko ontzia esku batean eta urruitx-makilla sendoa bestean artuta, ba-doa mendi gora bere artalderantza txistuka, ala artzai-lagunekaz autuan, mendiari goiak artzen dautsoz, eta ardien atzetik yarritakoan, txistu zorrotz batzuk egiten dauz, eta ardi uxoak aringa mendi bera erreskadaka bide-zidorrak-zear txabola alderako bide artzen daue.
»Ardiak illunabarregaz bat eltzen dira txabola aldera Aldaminpe'ko sakonera, ta emen, onaiño artzai guztienak batera etorriarren, errez-errez bereztuten dira ta bakoitxa bere artesira doa, aitxarrizko ormadun artesira, batzuek artesi batera eta umedunak etzalekua deritxon beste artesi legor-nasaiego batera.
»Bein ardiak artesian, artzaiñak isten dau arantzamota bategaz artesi-atakea, artzen dau lenago kaikuen ordezko kantin deritzaion zinkezko ontzia, ta ardiak batzen asten da, aurretik bere yaungoikozaletasuna agertzen daun "aitaren" eginda. Ontzia iztar-artean dauela kukurumio yarten da, urren daukon ardiari iztarretik oratzen dautso, errapea ontzi-ganeratuteraiño ardia berantza dakar atzeraka, ta orduen esku biekaz erro banetatik elduta zirri-zarra beingo baten batzen dau ardia, naiz ta uxuena ta urduriena izan. Batze-orduan ardi otzana geldi, ausnarka, samea okertuta, atzealdea makurtuta egoten da, ta batzuk berez etorten dira artzaiñaren ondora». [4]
Ipiñi ditugunagatik ikasi genezazke artzaintzako-lantxo oiek. Zaitegi'ren bertsoetan, ordea, atsegiñago artzaiaren egin bear auxe adierazten zaigu; atsegiñago, laburrago eta argirogo ere olerki bikaiñari dagokion bezela.
Arrantzaleei eskeiñitako bertsoak gutxigo dira. Aukeran, urriegi arrantzaleen kemena agertzeko. Olerkiaren bi zatitxoak berdintasun gabekoak ditugu, bat oparotsu, bear dan neurrian; bestea, motxegi, agian. Arrantzalea batez ere lemazaia, biziki aurkeztu ondoren, ezkutatu egiten digu bereala.
«Tori nire edontzia»ren edertasuna
Nundik datorkio olerki oneri bere sotiltasuna? Izan leike, Zaitegi olerkariak an edo emen gaiak aurkitu izatea; baita bere olermena ere, au edo ura irakurriaz arrotu izatea. Olerki alorrean zilegi da, orrelakoxe laguntzaren bidez, lurrak lantzea. Bere neurrian izan ezkero, noski. Era orretara yokatu dulakoan gaituzu, irakurle.
Gai oiek, ordea, sakabanatuak zeuden. Irudimen labean edergaiak galdatu ditu, olermen biziari eskarrak gure idazle onek. Irudi, eredu, amets eta gogaiak, goritu ondoren, bere-bereganatu ditu olerkariak eta bertsoetara irauli dizkigu.
Bere puntuan galdatutako meatza berdinduaz, salda biurtzen dan bezela, Zaitegi'k ere edergaillu guziei batasuna erantsi die, olermena bide. Batasuna, berdintasuna, edertasuna dakarkigu gure gazte onen olerkiak. Bertso egokietan yantzia, alare. Aukeran gogortxoak, agian illuntxoak. Yo beza bertso leun, gozo, errezetara Zaitegi'k, orretarako gai dan ezkero.
Mamia sakona, goi indarrez betea izan bedi, azala, ordea, adi-erreza, leuna, irakurri utsakin irakurleak ulertu lezakena. Orduantxe gogoa poztutzen zaigu, edertasuna, nekerik gabe, atxitzeak lilluratzen baigaitu.
Zaitegi'ren olermenak sortu lezazke edertasun ugaririk bertso eta apaldi gozoetan bere irudimen arro eta oparotsuaren emaitzak irauliaz.
Ikasle ta olerkari
Loidi'tar Paben degu, saritutako olerkarietan, gazteena. Artean, bere lkasgaiak amaitu gabea.
Gaztetxoagoa zala, oraindikan, 1930'garren urtean «Arraunketa» olerki bikaiñarekin zoraturik utzi gindun. Ordu ezkeroztik gaurko loraketa onetxen zai geunden. Ez dira izan alperrikakoak gure uste oiek.
«Orio'ko Umezurtza»n Loidi'k dakarkiguna bere-berea du; azal eta mamiz dana, sormenean yaio zaio. Gazte bezin irudipen aberatsekoa Añorga'ko apaizgai auxe.
Saritutako poematxoaren aria biotz-ikutzeko gai da noski eta malkoak sortarazteko ere bai. Alako biozkor eragitea «Orio'ko Umezurtza»ri erantsi bai-dio!
Poemaren asieratik umezurtz agertzen digun gaztea olerkiaren aizkenerako birritan umezurtz aurkezten digu; umezurtz, guraso gabea dalako, umezurtz eguzkiaren argirik gabekoa dalako.
«Orio'ko Umezurtza» oneko onek beste alako Solferino'ko itxuaren bertsoak abestu zeikien:
«Ene amaren begi samurrak, betiko zaizkit estali,
Maiteñoaren begi tartea bein betiko itzali...
Bein betiko itzali.
Erriko festan, gazte lagunak kantuz plazara doazi,
Eta ni beltzik, etxe zokoan, irri egiten aantzi,
Irri egiten aantzi.
Ez dira nolanaikoak ere zurtzaren leloa ezagutu arazteagatik Loidi berak apaldi yaioetan ipiñi dizkigun bertso eta asmoak. Aren zorigaiztoaren belztasuna erakustearren dizkionak gogoaren muñetaraiño dijoaztenak dira, barrena bigunduaz.
Arrantzan, umezurtzak aita galdu ezkerotik ordutik ordura, gazte gixaixoaren zerua goibeltzen du olerkariak zoritxarraren ezten latza zorroztearren... eztenaren ertzak irakurlearen biotza zauritu dezan.
Oietxek ditugu «Orio'ko Umezurtza»ren emaitzik mardulenak; olerki mamiaren asmo bikainen edertasuna, eta onek dakarkin biotz-ikutze bizia; biak iturri gardenetik bezela olerkariari bere sormen utsetik sortutakoak.
«Orio'ko Umezurtza»ren apaintasuna
Olerki onen gaia aratz eta polita ba-da, yantzia ere neurrikoa darama. Asmoak arinka-arinka, adierazten dizkigu Loidi'k irakurlea aspertzeko bildurrez edo. Gogai beltz-illunen gozagarri, ordea, mara-mara irudi yaukal eta eredu yaioz estaliak laga dizkigu apaldi geienak.
Ez bai-da asmo sotillak sortzea naiko, olerki bikaiña egiteko; bear bai-dira edergarritzat beste alako edergailu batzuk ere.
Edergaillu oiek euskal-olerki kerari dagozkionak dituzu:
«Tolarea blai, ardatza trinko
gorri-gorri pats-kondarra
dariola azken negarra;
mendian bera karraxiz dator
yauzika gurdi-sagarra».
Eta beste onelako zenbaitzuk ere. Onelaxe gure ederti kera olerkiei erantsitzen zaie [5].
Beraz, gaiez bikaiña eta irudipen aratzez aberatsa bada mamiz borobildua degu «Orio'ko Umezurtza».
Badu ere beste edergarrik olerkai onetxek bertsoen yolaskera biurri eta arrigarria alegia.
«Arraunketa'ko» bertso aiek atsegin izan zitzaizkien irakurleei, zeramaten doñu egokiagatik. «Txanpan» arraunlariak arrauna zeramatela-ta bertsoak ere era berekoak dituzu, motzak, biziak, indartsuak, baretsuago zegitela arraunlariak, bertsuak ere paketsuagoak eta lasaiagoak.
Era ortara tajututako bertsoak badakusgu gaurko olerkian. Bultziaren ibilketak, ez irakurtzez baizik entzutez ere bikain belarrietatik sarrerazten dizkigu Loidi gazteak. Bertso yolaskera zoragarriak egitan, neurtizlari onen trebetasun bereziak sortzen dizkigunak.
«Tori nire edontzia» eta «Orio'ko Umezurtza»ren edertsunak ez ezik, beste gogo atsegingarririk ere aurkitu lezazke liburu onen barna begiak itzultzen dituanak.
ARIZTIMUÑO'TAR YOSEBA
[1] Mistral'en Mireio, euskeraz Ormaetxea'tar Nikola (Orixe). Bilbao, 1930 44'garren orrialdean.
[2] «La poesía homérica» deritzaion liburuak dakarzkin irudiak ikusi zenezazke. «Colección Labor», Barcelona. 1925.
[3] «Algunos casos de arte rudimentario en la etnografía actual del Pueblo Vasco. Jose Miguel de Barandiaran. V Congreso de Estudios Vascos. Arte Popular. Bergara. 1930. 38'g. orr.
[4] «Gorbaie'ko gaztagintza». Larrekoetxea'tar B. J. Itzaldiak Bosgarren salla. 1928. Donostia. 142'g. orr.
[5] Igaz IV'g. «Eusko-olerkiak» liburuan geniona, ikus