Itz-aurrrea
Joseba Ariztimuño
«Eusko Olerkiak 1933»
Euskaltzaleak, 1933
Urrutitik datorkigun kantorea degu oraingoan txapeldun agertu zaigun olerkaria. Euskalerriko baratz esitik aruntz dabillen txoria. Euskelduna, bai noski, atzerrian abesten ari dana ordea.
Egalaria da, berez, olerkaria; idurimena eta olermena oi ditu ego. Gaurko olerkari au, ez amets-egoaldiz, gorputzez ere egalari azkarra zaigu. Igaz Euskelerritik urrundu zitzaigun Belgika aldera yoaz; arestian berriz, nora eta Txina'raiño aldendua degu.
Etxeberria'tar Pantzeska, Urretxua'ko olerti-guduan saritutakoa, gure artean euskeltzale kementsu agertu zana gaur Txina'n mixiolari dabil. Ezkioga auzoan, Santa Luzia baselizako apaiz zala, aspalditik euskeraganako zabilkian zaletasun gar bizia agertu zuan. Apaiz-gai zanetik, gori-gori biotz labetik ezpaiñetara maixamar zetorkion euskelmin ori aisa nabarbentzen zitzaion, noiz-nai.
Euskera indartzearren, apaiz bezela zezaken lanaz asegabe, irakasle izateari lotu zitzaion. Baseleizaren gibelean auzo eskola eratu ondoren aurtxoei euskelgaiak, irakurtzen eta idazten, irakastera bere burua beartu zuan.
Urte gutxi buru Ezkioga'ko auzo-irakasle izatetik Donostira «Argia» asterokoaren zuzendaritzara. Idazle trebea, txukuna, luma errezekoa asteroko orretan agertu zitzaigun. Zuzendari bezela, ordea, zuzena, zorrotza. Yaungoikoa, siñismena eta euskera zaintzeko arazoetan ez bai-zuan iñolako epelkeri eta nagikeririk ezagutu nai izaten.
Etzitzaion illea zuritu lanbide onetan. Mundutarren artean bizitzeko zuzenegia izaki nunbait eta, eragozpenak bidebaztertuaz, Yaungoikotasunari osoro emanaz, Loiola'ko yauregian eskutatu zitzaigun.
Erkaldarrak Espaiñi eta Euzkadi osoaz yabetu ondoren, Yosulaguntarrak arrotz bidetik yoaz Belgika atzerriratu ziran. Oiekin, gure gaurko olerkaria ere. Ez aldi luzerako nunbait. Xabier deunak antzo biotz muiñean zerutar dei berezia entzun ezkeroz Txina'ra bere oiñak zuzenduaz Euzkadi'tik urrundurik, Yesus'en berri ona zabaltzen dabil leiatsu.
Bat-bateko olerkari
Uste ez genuela Etxeberria'tar Pantzeska olerkari agertu zaigu. Ez genekin olerkaria zanik. Bai euskel idazle yaio zala. Bertso lanetan ez bai genduan beiñere sumatu.
Alaz ere, bat batean «Bost Lore»ren egillea zala yakiñik, nai ta nai ez olerkaritzat ezagutu bearrean gera. Epailleak olerki auxe aukeratu bai-dute aipagarriena bezela. Beraz, IV'garren Olerti Eguneko guduan txapeldun uste ez genuena garaille. Iparragirre bertsolariaren gorazarre egunean, 1933'ngo uztailaren 16'an, «Bost Lore» goreneko olerkitzat aukeratua izan zala yakin arazi ziguten.
«Bost Lore» ez da, orraitio berdin iritzia izan. Ba ditu aldekoak eta baita etsaiak ere. Epai maiekoen iritziko naiz, ni beintzat. Ezin arin yoka genezake eder-arazoa eskuartean darabilgunean. Eder-gaia alde onetik eta alderantzetik begira bearrean gera. So-egiogun zorrozki gure epaia irauli baiño len.
«Bost Lore» azaletik irakurri izateak guri ere alako ezbearren bat egin ote zan iduritu zitzaigun. Beintzat, igazi ziran beste urteetako olerkien maillakoa ez zeritzaigula edo. Baiña zeatz eta astiro aztertu ondoren amaika gauz sotil eta aratz arkitu ditugu. Baita, oraindaiño izan diran olerkariei ere irakaspen ederrik erakutsi lezaieke «Bost Lore» onetxek. Alegia, gorengo ertilariak gaurdaiño taiutu ez duten erara eder-gaiak, antz-iduriak, eta amets ereduak, eusko kutsu yatorraz asma eta sor lezaztekela, euskeldunen begiak ikusi eta beroien irudipenak arasi diztuzten lege antzera eta ez atzerritar ertilariak erakutsi diguten gisara.
Eusko elerti-kera berezia (estetika)
Euskel erriak edergaietan eta antz-gauzetan yokatzeko bere kera berezia ba-du. Ez beste errien kidekoa, ez berdiña baizik. Areago oraindik olerti eta bertso gaietan.
Ez deritzaigu eusko olerkari litekenik euskeraz bere bertsoak neurtzeagatik bakarrik. Baliteke orrela idazten duanak euskel yantzi dotoreaz gun arrotza estaltzea: baliteke gure edertasuna ez dagokion erara oartzea: baliteke edertasun ori adierazi naiaz eusko adimenak ulertu eta irudipenak sortzen oi ez duten gisara erakutsi nai izatea.
Euskalerriak olerti gaietan badu bere eder-kera, badu bere estetika. Olerkari izan baitzaigu euskelduna: yatorriz bai-datorkio gure sorterriari olerkari izatea. Beraz, olerkari yatorra izanik, eder-zale ez ezik edertasunari soegiten eta edertasuna erakusten ba-lezake.
Eder ikuste eta erakuste onek berekin darama eder-oitura eta eder-legea sortzea. Nor bakoitzak bezela, erri osoaren atsemenak ere bere kerara yasotzen du edertasuna.
Erri-atsemen tankera berezi auxe bere-berekoi estetikaren iturburu da. Beraz, euskeldun erria ederzale izanik edertasun ori berari dagokion eran ikusi, eta bere irudimenak agintzen dion eran, iduri moltsoaz apainduta, agertzen du.
Erri guziak dira asko-gutxi ederzale: orok nolabait, dagokioten eran, ere agertzen dute gureak ere bai.
Edergaien agerketa bertsoen bidez geienetan adierazi digu. Ez gaurtik, antziñetik baiño.
Bertsoak olerti arazoan azal yantzia besterik ez dira. Olerti giarra oldozkuna, asmoa dezu. Gun orren bizitasuna dakarkiten mamia irudiak, amets-ereduak izaten dira. Oietxek oldozkun eta asmoei alako edertasun berezia erasten diote: oietxek bertsoei ere apaitasuna ematen diete.
Euskalerriari dagokioten olerti-errikoiak sabelean daramaten edertasun orreri begira zaiogun. Ez yakitunen olerkiei: oiek, oraindaiñokoan, argalegi eta kaskarregiak izan zaizkigu. Geienetan, gaiñera, erdel kutsuak ikutuak dira. Eusko gogoari dagokion edertasun gutxi sortu digute sasi-yakitun izan diran sasi-olerkari oiek. Ez diot, noski, gaurko olerkari yaioengatik, dasadana.
Errikoi olerkiak beste dira. Oiek, sakonkiro euskeldun begiak ikusi eta biotz errikoiak maita izan dituzten gaiak, edertasunez aberastuta erakutsi dizkigute. Maiteminduen antziak, guraso-senideen ar-eman etxekoiak, eztai-yaiak, ezkontza arazoak, aurren azitzea, adizketasuna, gorrotoa, maitasuna, bertsoetan erriak kanta-gai artu dituanean alako dotoretasun bikain batekin yantzita aurkeztu dizkigu.
Eusko irudien gaiak
Edertasun yantzi ori; irudi, eredu eta amets-asmoen gai zerzuk ote ziran olerkari errikoientzat ?
Izadiko gauz guziak bertso irudien-gai. Baiña, olerkariak sorterrian ikusi zezazkean gauzak; artzaiak artzaingoan, nekazariak soro-basoetan, eiztaria zalai mendi-malkarretan, arrantzaleak legor-ertz eta itxasoan, egunero, orduero ikusi eta eskuartean ibil zezazteken gauzak olerkari errikoiak poesietarako eder-gai zerabilzkiten. Gure bertsolari errikoiak ez dute beiñere ez irudi eta ereduen-gai, ez edertasuna sortzeko erabilli arteko etzitzaien gauzik.
Eunka olerki errikoiak aztertu ondoren ara sailletan banatuta nabaitu ditudanen irudi eta ereduen gaiak:
1'ngo. Lore-landaretan: briona, illarra, zitroina, martxika, mahatsa, otea, sasia, arrosa, sagarra, baba, udare...
2'garren. Zuaitzetan: aritza, ametza, pagoa, lizarra, saratsa...
3'garren. Txori-egaztietan: eperra, kaila, erretxiñola, papogorria, usoa, belea, arranoa, oillarra, erbia, erlea, zagua, katua...
4'garren. Abereetan: oreina, antxumea, zaldia, txakurra, beorra, beia, zirikoa...
5'garren. Nekazari gaietan: goldea, arto yorratzea, ogi loratzea, itzulketa, itzaiketa, artzaintza, eiza...
6'garren. Izadi-gaietan: bortietako elur, errekako izotz, artizarra, illargi-laiñu, eguzki itzal, baso, oian, zelai, aran, ibar, muño-egi...
Oiekin, edo oien kideko diran beste gauzeekin, olerkari errikoiak naiko du bere olerkiak apaintzeko. Ez darabilkio irudipena Asia'ko bitxi, Ganges ibaiko ertzen, edo Arabi'ko basamortuen igesi. Gure lur eta izadi puska onetxen aberastasuna aski du olerkariak asmaketa aratzak, goi-argi atsak erainda, adierazteko.
Eusko kutsu duten irudiak
Aitatutako gauz oiek irudi eta eredu sotil-ederrak asmatzeko gai exexak dirala diritzaioke noski norbaiteri.
Bai ote? Besteren bearrik ez dute izan ba gure olerkariak olerki zoragarriak sortzeko. Giza biotzak naiko lukeen poztasun edo naigabea agertzeko; naimenak gura leukena adierazteko eta atsemenak edozein mailletako edertasuna irizteko gaitxo oiekin pranko izan dute eusko olerti baratzan.
Erriak abesten ditun kanta zarretatik yasoteko apaldietan ikus genezake nolako gaiak zarabilzkiten antziñako olerkariak irudiz, ereduz eta amets-asmaketaz beren bertsoak edertzeko.
Len aitatutako gauzak, edo aien kidekoak, apaldietako lenengo bertsoetan arkituko ditugu, irudi antzo: aizken bertsoetan, berriz, olerkariak adierazi nai lukeen asmo edo oldozkuna.
Ementxe ipintzen ditudan apaldietan oar zenezake, irakurle, irudi-oldozkunen zer ikusi ori, bertso talde batzuen barren-muiñetan. Ura, irudia, iragarle bezela beti lenen; beste oneko au, oldozkuna, oiu-egilleak adierazten duan zalduna lez, aizkena. Eredu eta amets-asmaketak irudipenaren seme arroen antzera; oldozpena, berriz, adimenak sortutako ondorengo nagusi balitzaiguke bezelaxe.
Eder-irizle zaitugun ezkero edo, dasadana egia ote dan epai zenezake bertso oiek aztertuaz. Erriaren biotz-ezpaiñetatik yasoak dira:
Irudi-kera maite kantetan
Irudia:
«Otea lilia danean,
txoria aren gainean;
ura yuaten airean berak plazer duenian:
Oldozkuna:
zure ta nere amodio ala dabila munduian [1]».
Irudia:
«Bortiak txuri dira elur dienian,
sasiak ere ulun osto dienian;
Oldozkuna:
Ala ni malerusa! zeren an sartu nintzan?
Yun banintz aitzina
eskapatzen nintzan [2]».
Irudia:
«Goizetan eder dizu ekiak leiñuru,
mundi argitzen dizu inguru-inguru;
Oldozkuna:
Ni-re zure onduan ala nabilazu
Eta maite nauzunez, otoi, erradazu [3]».
Irudia:
«Txori papogorria eijerki kantatzen,
gauazko alojia kanpuan xerkatzen;
Oldozkuna:
Ni ere gisa berian nuzu edireiten,
maitiak ezpadereit borta idekitzen [4]»
Irudia:
«Mendian zoin den eder eper xango gorri
Oldozkuna:
Ene maitiak ere bertziak iduri;
Eni itz eman eta gibelez itzuli [5]».
Irudia:
«Oreina laster dua horen aitzinian,
urian sartzen duzu ahal dianian;
Oldozkuna:
ez amorioz bena ala zabiltza arauez [6]»
Irudia:
«Altzak ez du biotzik,
ez gaztanberak ezurrik:
Oldozkuna:
Enian uste erraiten ziela aitonen semek gezurrik [7]».
Irudia:
«Neguaren ondotik jiten duzu uda:
Oldozkuna:
zertako egiten'duzu orrenbeste duda [8]».
Irudia:
«Atarratze jauregian bi zitroen doratu;
Oldozkuna:
Ongria'ko erregiak bato du galdatu... [9]»
Irudia:
«Mariñelak juaiten dira itxasorat untziko:
Oldozkuna:
Zure neganako amodioa sekulan ez det utziko [10]».
Irudia:
«Mertxikaren loriaren ederra!
barnian duzu exurra gogorra:
Oldozkuna:
gaztia naiz bai eta loriusa,
ez dizut galtzen zure esperantza [11]».
Irudia:
«Mahatsak eder du osto
lurrian barrena errua
Oldozkuna:
neskatillak ezetz errainagatik
baliteke amorioa:
yarraikiok mutil zoroa [12]».
Irudi-kera eskale-talde kantetan
Era guzietako olerkiak ala maite kantak bakarrik daramazkite bertsomuiñetan eusko kutsu yatorraz ikutuak diran irudiak? Maitemindutako gazteak, bakarrik, beren kantetako eder-gai txori, lore, baso, elurraren apaintasuna aukeratzen ote dituzte?
Eder-irizle, Apraiz'tar Odon yakintsuak dionez maite-kantetan bereziki irudi-oldozkunen yoskera auxe arkitzen ornen da: «Ikusten danez dio Apraiz yaunak Euskelerki guzietako eta mailla askotako olerkietan aurkitzen da nik aipatu dodan bikotasuna. Baiña batez be biotzeko alaitasuna ta maitasuna agertzeko diran olerkietan artzen dira izadiaren irudi ta margotasunak(a)».
Bere iritzia sendotzearren geroxeago dasa: «Maitasuna eta mintasuna eta olako gaiak, bigunak eta guperak dira. Gure gizonak berriz, lotsatiak; bere barrukoa azaltzeko gaitzak. Orregatik barreneko gauzak esan baiño lenago asten dira beste arinagoetzaz mintzaten; arnasa artu bear edo, gogoak irudi ederraz gertau bear edo, bide ziorretatik yoan bear edo toki zaillenetara eltzeko(g)».
Gure aburua, ordea, ez da Apraiz'enaren kidekoa. Berak dion bikotasun ori, alegia irudi-oldozkunaren alkar bear ori, batez ere maite bertsoetan ageri zaigula. Ala bear noski erriko kanta geienak maite-kantak, beste edozein eretakoak baiño ugarigoak maiteminduenak diran ezkeroz.
Eskale-taldeen olerkietan, urtezar, gabon, Santa Ageda sasoikoetan, seaska eta dantza-bertsoetan ere ugari aukeratu genezazke izaditik yasotako irudi oiek bikotasun orren edertasuna erakutsiaz.
Eskale-taldeen bertsoak:
Irudia:
«Ametzak eder azala
aritz gazteak bezala;
Oldozkuna:
zu etxeko andre zarra,
etxe untan bada zure bearra [13]».
Irudia:
«Landan eder ilarra
aren azpian belarra;
Oldozkuna:
etxe untako etxeko alaba
bular artia zillarra [14]».
Irudia:
«Zeruan eder izarra
errekaldian lizarra;
Oldozkuna:
itxe untako nagusi yaunak,
urre gorrizdo bizarra [15]».
Irudia:
«Or goian errota
irina leun yota:
Oldozkuna:
Itxi untako andria
Ama Birgiña debota [16]».
Irudia:
«Armaioan zagua;
aren guardia katua.
Oldozkuna:
Itxe untako limosnarekin
ez degu beteko zakua [17]».
Bertso oien kidekoak diran amaika apaldikin luzetu genezake lantxo au. Ain oparotsuak zaizkigu eskale-kantak irudi berezi oiek bertso bakoitzetik naro-naro darioten ezkero. Nork entzun ez ote ditu gazteen oiu aldiak gabonetan edo urte zaarretan «eder eleizan aldare; arri landuaz pilare; «usua diyoa otara; nere begiak lotara», «eder soruan goldia; soñian yantzi moria», eta beste onelako ainbat bertso zar kantari baserritik-baserrira, auzotik-auzora lastargien gar gorriaz, gau beltzeko suzko begi aldakorra balira bezela, illunaren sabela urratuaz eta abesti leunaz gozotuaz?
Gure irudiok dantza-kantetan
Gutxitan abesten dute euskeldunak doiñuari letra erantsi gabe. Abesti errikoiak argalxamarrak deritzaizkigu, noski, beren erraietan bertso pillak ez badaramazkite.
Ezta dantzatzeko diran kantetan ere. Dantza-abestiak soillik, neurtitzik gabe, arkitzea zailtxoa ez zaigu izango. Orrelako dantz-olerkiak aztu egin dira makiñabat tokitan; baiña antziñan bere bertso-mordoak bazituzten.
Olerki dantza oietan ere, berdintsu irudi-oldozkunen bikotasun ori nabaitu genezake. Ale batzuk gogoa alaitzeko bidez ementxe diyoazkizu:
Irudia:
«Ziriko beltza ona dut bainan
obea bustan zuria.
Oldozkuna:
Dantzan ikasi nai duen orrek
nere zangoari begira [18]».
Irudia:
«Eperrak kantazen du
goizean intzetan
Oldozkuna:
ez daiteke fidatu
mutilen itzetan [19]».
Irudia:
«Sagarra lore-lore
denbora danean;
Oldozkuna:
gazteak ankak arin
soñua danean [20]».
Irudia:
«Pikuaren ostoa itzala egiteko;
Oldozkuna:
ederregia zara nekerazitzeko [21]».
Irudia:
«Baratzeko pikuak iru txurten ditu;
Oldozkuna:
mutil andre-zaleak ankak arin ditu [22]».
Irudia:
«Atzo Bilbon negoan
ta gaur Bitorian;
sarri ura agortu
gure iturrian.
Oldozkuna:
O neska farandona... [23]».
Ogibide-kanta-irudiak. Lanean ari zirala ere...
Ezin luzaroko arritu genizke olerki-dantza oiek kantatzen. Dantzak berakin dakarki batera eta bestera ari bear izatea; eta zankoak nagitu, besoak auldu eta batez ere birikak itobearrean yartzen dira geitxoegi bira-bira yardun ezkero. Bai-ta, ustekabean, barea altxa ere.
Atseden gaitean bada. Andre berritsuaren yarduna baiño amaigabekoagoa genduke bertso dantzen apaldiak erakutsi bearra.
Euskelduna, ordea, kantatzez ezin ase. Ari dala naiz dagoala beti abesteari lotua. Abenda gutxi gerea bezin abeslari.
Gauden bada. Zeudela ere, arbasoak mara-mara kantuz aritzen ziran. Artazuriketa zala, liñuaren lana zala, euleak oiala euntzen ari zirala, olagizonak burnia guritzen, gorulariak ardatza dantzatzen, itzai-mutiltxoa itzulketan... nor ez Euskalerrian? oparotsu, naro abestiak itur gardenetik antzo eztarrietatik iges ziyoazkioten. Kanta oiei, ba, gure erriak ogibide, lanbide abestiak deitu izan die.
Ogibide kanta oietan, lanbide eta abesti oietan beste era guzietako bertsoetan bezela irudi-oldozkun, eta ereduasmo ezkontza ez da austen. Alkar-adizkidetasuna urratu gabe doa.
Irudia:
«Arrosa-lilia lore;
Oldozkuna:
nork bear du senarrik?
bat ere, bat ere ez dut,
bat bear nuke nik [24]».
Irudia:
«Aza gazte landare
Oldozkuna:
konpañian dugu-logale
barda ere, gaur ere [25]».
Irudia:
«Or, goiti ortan zugatz bat
deitzen zaiona lizarra;
Oldozkuna:
Orra Gloria lagun arteko
papar guzia zilarra [26]».
Irudia:
«Or, goiti ortan zugatz bat
deitzen zaiona gaztaina;
Oldozkuna:
Orra Fermina lagun arteko
amalau libra ezpaina [27]».
Ez dira, beraz, maite-abesti gorrietan utsik, errikoi diran olerki geienetan baizik irudi-asmoen bikotasun oiek sumatzen ditugu: bertso erraietan dantza, eskale-talde eta ogibide olerkiok dirdiz ederreko pitxiak bezela altzoan gordetzen dituzte, eta aberaski ala ere.
Egia ote da, Apraiz yaunak dionez, maitasun arazoetan euskeldunak motzak, beldurtiak dirala eta arnas artzearen izadi ikutuzko-irudi oiek, bide antzo, kantatzen dituztela?
Ez gaude orretan. Maiteminduak Euskalerrian, eta edonun, ditugu lotsatiak. Asieran, batez ere. Ez aldi guzietan, ordea. Maitasuna gai duten amaika bertso, lotsati ez ezik ausartiegiak ere, entzun eta irakur izan ditugu arnas ori bide ar gabe.
Eta olerkariak maiteari zuzentzen ez dizkan bertsoetan zertarako ote orrelako neurri artu bearrik, naiz maite-kantak asmatu? Eta dantza-abestietan zertarako ote beldurtasun ori? Eskale mutil-taldeak maitasunik agertu bear-ote diete etxeko yaun-andrei, irudi bidez, aurkezpena egiteko? Eta ogibide-billera berritsuetan, itzen ausarkeria ezten zorrotza baiño areago eta bildurgarriago dan garaian, apaltasun orrrek bai ote du leku?
Zergatik ote ain izadi-irudi-zale olerkari-errikoia?
Arlo zalla, korapilloa errezki lasatzeko, agian. Deritzaidana, argira dezadan, ordea.
Euskelduna izadi-zale purrukatua zaigu. Berez dioazkiote guretarrei, ez uritarrei noski bai mendikoei ordea, buru-belarri-begiak izadi gaien ondoren. Inguruko txori, abere, mendi, zelaiak dituzte maite. Goiz-txintako egaztien kanta guziak ezagunak zaizkate; zugaitzen itzal, lerdentasun, gogortasun eta sotiltasunez begiak aserik bizi dira; abere eta piztien aztarna, urratsak eta marruak nekerik gabe nabaitzen dituzte. Oien orroen margo-bizitasunekin, otsen leuntasunakin, izate-tinkotasunakin, ibiltze-arintasunakin, ikutze-gozotasunakin, ikuste-sotiltasunakin naiko ba-dute, beroiek gogoz maitatzeko.
Gure olerkariok, eder-ikusle oiek, ez ikusi bakarrik, zorrozkiro so-egiñik ere, izadi-gai oien gun-muiñetan araztasun pranko nabaituaz arriturik gelditzen dira. Ikusi, entzun ikutu dituzten gai-ederren antza betirako itsatsiak gelditzen zaizkiote irudipen-sakon barnean.
Onela, usterik gabe, olerkari-errikoiei aurretik bizikiro so-egiñik bereganatu dituzten makinabat eder-gaiez, aberastutzen zaiote irudipena. Barruak agintzen diotenean olermena arrotzen zaiote, bat batean, irudipen-labea goriturik bertso eder mordoak, apaldietan borobilduta, an dioazkiote oartu gabe.
Otzean ez burnirik lantzen; ez da ere goi-arnasik gabe olerkirik sortzen. Garbi asko olerkari errikoiok diote. Ara, oetako batek zer dion:
«Bertso bida bear ditut kantatu
izarrei: zer zaidan gertatu;
naiz ez nadin deusikan baliatu,
ala ere bear ditut kantatu
korputzak ar dezan deskantsu(k)»
Olerkari onetxek bere kanta-zaarreko apaldi batean 12'garren zenbaki damakinian olermena biziki zarabalkin nunbait: irudi-yaioaren bidez eztenkada zorrotza sartzen bait-du alajaiña.
Irudi-oldozkunak alkar zer ikusirik bai ote?
Ezezkoan dago Apraiz yauna. «Baiña zati biok bereziak dira, alkarregaz nastau barik, euren artean nastau barik, bakoitza azke eta aldebateratuta(y)».
Ez da bi zatitxo oiek nasi bearrik; bakoitzak berari dagokion berekoitasuna beukate; irudiak irudiari dagokiona, oldozkuna oldozkunarena. Ez dira azkatasun oso duten aurrak, ordea.
Irudi-oldozkuna alkar inguratzen dituan lokarria meea degu oso; ederti-arazoak eskatzen duan bezelako ariña. Askotan lenen begiratuaz alkarganako ar-emanik ez da ikusten, sakonkiro so-egindakoan, bai-ordea.
Bestetan, egia, nolainai aztertu arren ez zaigu agertzen anaitasun ori. Zergatik ote? Olerkaen batasuna autsi dalako, batzuetan: bestetan, berriz, apaldiak zakabanatuaz irudi bateri, urtearen buruz ziurtasuna galdurik abestean abeslari errikoiak, edozein oldozkun erantsitzen diotelako. Onelako abeslariak irudi-oldozkun ezkontza parregarriak egin arazten dituzte.
Ots! ea astiro aztertu itzazu len aitatutako apaldiak bikotasun orren anaitasuna oartzen ote dezun. Azalean, agian ez, izan leike baiña mami eskutuan arkitzea.
Lenengo apaldian [1], ez ote dio txoriaren arintasunak olerkariari gogora ekartzen maitaleen maitasun-aldakorra? Bigarrenean [2] elur gordiña eta sasiostoen ulun tristeak bere maitasunaren atsekabea ez ote dio bururatzen? Txori papogorria laugarrenean [4] gaua igarotzeko estalpe-billa ibiltzen dan bezela, maitaleak maiteagandi atea idekitzea lortu nai luke.
Ausnar zerorrek, irakurle, 7, 8, 11, 12,... garren apaldiak eta ikusi dezakezu alako eskutu kate zoragarriak irudi eta oldozkunak estutzen dituan ala ez. Beste batzuetan gaitzago oar zenezake, orretarako olerki osoa edo apaldi batzuk irakurri bear zenituzke-ta.
Bikotasun orretako oldozkuna, noski, edozein gisetako asmoa izan leiteke; maiteminduaren atsekabea edo maitaleen zoriontasuna agertzen dutenak; irri-yolasetakoak; bizitz arazoa erakusten digutenak; gizadiaren zintzotasun edo griñak azaltzen dizkigutenak eta beste ainbat eratakoak.
Apaldien taiukera
Irudi-asmo bikotasuna erraietan daramaten apaldiak bere kera berekoia dute. Beste bertso taldeak bezela taiutuak ez dira izaten.
Apaldi oiek bi zati ezagunak dituzte, dakigunez. Lenengo neurritzetan, beti ia, irudia azaltzen zaigu. Aizkenekoetan, berriz, oldozkuna. Noizik bein, oso soil eta bakanka, ordea, irudia aizken tokian dagerkigu.
Apaldia laukoa bada, lenengo bi bertsoak irudi-ereduarentzako dira; zortziko bada, asierako lau neurtitzak. Iruko apaldietan bat, edo geienean bi bertso, bear izaten ditu irudiak bere izakeraren eder erakusteko.
Bertso talde oiek ez dute ordea olerkian toki yakiñik; asieran, amaian edo olerki muiñetan berdin dioazte irudi berezi oiek sabelean dituzten apaldiak. Olerkariaren goi arnasak iraultzen ditun tokian, bertan gozo egiten dute apaldi oiek.
Ez dira olerki zarrak oparotsuegik eredu-asmodun apaldiak zakabanatzen. Bikotasun ori olerki geienetan bein edo bi, goiti yota geienen bizpairuren bat aldiz agertzen zaigu.
Ezin uka ala ere ba-dirala «Amorraina ñimiño» antzekoak lauretaiño ere dakaizkitenak. Onelako mailla irizten dutenak, egiz, dira gai-ederrez, irudi aratzez eta eredu sotillez aberatsenak. Oetan olerkariak buruan darabilzkin asmoak eten gabe arrigarrizko irudiz yantzitako bidetik amaiara daramazki.
«Bost Lore»n eusko-irudiak
Gure olerkaritzaz degu oraingo aldia. Bide luzea onera irizteko ibilli deguna. Bearrezkoa genduana baiño, «Bost ]ore»n lausaro gozoenak, erleak antzo, miztu nai izanik.
Bidebaztertu ditzagun, oraingoz beintzat, olerki onek eduki lezazken edertasun, biotzikutu eta asmo yaioak, gure alako iduri tankera bereziaren yardunera etorri gaitean.
«Bost lore»k etzuan goiko maillik iritziko, nere aburuz derizkiot, ez bost zatien olduzkun-batasunarengatik, ez gai-araztasunagatik, ez-ta ere olermenaren eraite biziagatik, gure olerkariak, goi-arnasak ats-egiñik, ain egoki bere bertsoetan eusko-kutsua daramaten irudiok irauli ez bazituan.
«Bost lore»ko bost asmoak bereziak dituzu, ez dute alkarrenganako zer ikusi aundirik; olerkiaren batasuna aultxoa zaigu. Zati bakoitzaren asmoa txukuna, polita da, ez ordea berez apaldi taldeak arrotzeko aiña, ez gorengo maillara olerkia yaso zezakena.
Beste edertasunik badu «Bost lore»k, enetxoa. Edertasun auxe asmo txukunari erantsita, olerkiaren sotiltasuna argiro agertzen zaigu.
Edertasun orren iturburu, ainbat aldiz aitatutako, irudiok. Errezkaran dioazkizu, or-emen, apaldietan banatuta arkizenezakenak:
Irudia:
«..........Ez al dek ikus
Sagartxo mardulen ordez
Oldozkuna:
Galarragako egia dela
Osoro bete arantzez? [28]».
Irudia:
«Erbeste-kutsuz lausotu zaigu
ain lerden zegon lizarra [29]».
Irudia:
«Belar-zelaian esiak asko,
maillak ugari langetan;
Oldozkuna:
gure buruak nola ez zaitu
izanik askoz obea?... [30]».
Irudia:
«Zure ingurutxo alaian
eder dirudi zelaian;
Oldozkuna:
Sendi ugariak maian... [31]».
Irudia:
«Gora doa orman untza:
oni dagio laguntza
sasi eta ote zorrotza... [32]».
Irudia:
«Amargarrenez loratua zait
etxe aurreko sagarra.
Oldozkuna:
Udara artantxe zerura da igo
nere amona xaarra... [33]».
Irudia:
«Naiz ittulian ta larrañian
oiek naukate bizirik;
Oldozkuna:
Lo bakoitzean bien muxuak
laztantzen ditut poz-pozik:
biotzok gañez egiñik [34]».
Irudia:
«Lengo sagarrak orain arantza...
ingurun ez da lizarrik
Oldozkuna:
Apaldi ontan gora-bera asko
ikusi ditu Belabi'k...
Arekin ere baita nik [35]».
Bide zarrak berrituaz
Ara, Etxeberriak bere olerkiak edertzeko irudien gai antziñako bertsolariak zarabilzkiten gauz berberak apaldietan sotilgarri nola itsasi dituan. Gaurko olerkari onek kanta zarrak zorrotz ausnartu dituala agertzen digu.
Ez ditu irudi-oldozkun bikotasunak ertilari arbasoak taiutzen zituzten era ber-berara gertatzen «Bost lore» aren egilleak, baiña aien eta onen eredu-oldozkunen senidetasuna garbiro edozeiñek, irakurri utsik, oar dezake.
Aiek, antziñakoak noski, kera berezi oneri iraunkorrago eutsitzen zioten ez beste gaurko olerkari onek. Bertsolari zarrak euskel-gun biziagoa txertatzen zien iduriai eta bertso giarragoak taiutzen zituzten.
Ez giartasun ori, ez eusko-kutsu yatorrena duten irudiak ezin beti eska genezazkie gure olerkariei. Olermen eta irudimen-egoari eder zeru utsi detzaioguten. Zelai zabaletan ibilli ditezela; ez ditzagula mendi ateetan ito.
Alaz ere, adizkide zaizkidan Lauaxeta, Jauregi, Tapia-Perurena, Jakakortajarena, Iturralde, Oxobi, Loidi, Zaitegi, Enbeita anaiak, Erkiaga'tar Eusebi, Gaztelu kaputxinoa, eta Onaindia karmeldarrai iztxo bat bederen zuzendu nai diotet.
Idatzi dedana idatziaz zuek biotz-barruan izan zaituztet. Zuentzako bide berririk idiketzeko asmorik ez det izan. Ausarkeria litzake. Zuek guzia dezazuteke eusko olertia goi-gorengo maillara egazteko. Eusko-elertiaren itxaropenak zeok zerate.
Olerti errikoia igartzera dator. Zuaitz zar ori eusko-edertasunaren gordeillu izan da. Idazleak eta olerkari apainduak erakutsi ez digutena erriko kanta zarrak, irakasten digute eusko gogoaren edertiari buruz yakin dezakeguna.
Irakaspen ori biltzea besterik ez det egin. Arbasoen apaldi txorta zuei eskeintzen dizutet. Lore-kanta zaar oien lausaro auxe miaztu zazute. Antziñako bertsolarien esakun, irudi eta asmoak ausnartu itzazute. Orrela zuen irudimena aberastu eta olermena eusko kutsuz igurtzitzea lortuko dezute.
Goi-atsak irudimena irakin-azi eta olermena arrotzen dizutenean mara-mara, naroki oso, sortzen dituzuten edozein oldozkun, iñungo asmo, eta asmaketa arrigarrienek ere eusko gogoari dagokion edertasunez yantzi araziko dizkizute gure ederkera berezi onek.
Olerkari-berriak
Urteoro bezela, aurten ere, eusko olerti zuaitzari kima berriak ernaitu zaizka. Oietxek dira Eusko Olerti Egunaren emaitzak. Olerkari berriak sortaraztea gure elburua.
Taldetxo bat, bederen, dagerkigu. Zaitegi lenen. Azala gogortxoa dakarki; mamia gozoa alare. Leundu beza, esakera. Erreztu beza kera, estiloa. Gaiñantzekoan bete-beteko olerkaria degu Zaitegi. Ikus astiro, irakurle, liburutxo onetan bere bertsoak. Etzaigu olerkari motela izango gazte auxe, etorkizunak erakutsiko digunez.
«Loramendi», maitagarria il zitzaigun. Berak eraindako azia, nunbait, senide tartean ernaitu egin da. Gaztelu, kaputxino gaztea, «Loramendi»ren kidekoa zaigu. Aren irudimenaren aberastasuna, aren berso naroen ots betegarriak, aren garra Gaztelu olerkariak dakarzkigu. Beyundaiola. «Loramendi» k, beretzat «Maite-garra»'ren apaldiak yasoaz etzuan bere burua gutxigoaz etsiko. Aren ondoren, laster zera, Gaztelu olerkaria, ura eldu zitzaigun goimaillara.
Ez degu, batere apalago «Bere ereskin epaiak», apaldi bikaiñetan borobilduta, abesten karmeldar Onaindia'tar Yakoba. Biotz-barnetik datorzkion ekai oiek gizonkiro kantatzen ditu, bertso ederrez apainduta. Onek ere Gaztelu olerkariarekin senidetasuna dula esan leike, eta oek biok «Loramendi»ren goi-atsak aizemanaz olerti zelaira datozela.
Arin'dar Gotzon'en olerkitxoa yostaillua degu. Bertso-yoku zoragarria. Gure euske1 neurtitzari bizkortasuna erantsi nai dio, noski. Neurketa zarren eredua autsiaz apaldi berrietan biurritasun arrigaria dakarkigu. Asmoz eta irudiz txukun eta polita zaigu olerkia, bertso yantziz areago ordea.
Aizkenez Urkiaga'tar Eusebi aipatu dezadan. Olerkari gazteenetakoetan auxen degu lerdenena. Amaikatxo bertso sotil Erkiaga'ri irakurri dizkiogu. Emengo auxe ez degu lekeitiar olerkari onen yaioenetakoa. Ez dio, alare, itxuskerik egiten; seme arroena ez-bazaio ere bere apaltasunean edertasunik badu «Txintak».
Pagadizabal, Urkidi, Ametzaga, Arrizubieta, Sagartzazu eta Muxika andereñoen olerkiak oniritziak, epai-maiekoagandik izan zaizkigu, liburu onetan argitaratzeko. Ez dira nolanaiko olerkiak, goiko maillara eltzen ez badira ere. Amaika kaskarragoak erdel izkeretan poesi bezela yotzen dituzte. Orixe'renak aitatu bearrik ez. Naiko bai-da norenak diran yakitea, aren olerkiak eder etsitzeko.
Eusko-Poematxoak
Olerti-gudarako iru poematxo eskuratu zitzaizkigun. Tamalez, ordea, epaiak, sarirako, etzituen gai-arkitu. Alaz guztiz ere «Orreaga» eta «Erdoitzatik Ziortzara» rentzako ohorezko aipa eta eun laurleko saritzat eskeintzea erabaki zan, olerkarien kementasun eta garra nolabait ordaintzearren.
«Orreaga» poematxoa, ementxe irakur dezakezu. «Erdoitzatik Ziortzara» ezin argitaratu izan degu, orretarako beste 130 orrialde bearko genduzen-ta. Luzetxoa eta, agian, illuntxoa. Baditu poema onek edertasun ugari, zatika. Aukeran motzagoa eta argigoa izan balitz, poema bikaiña sortuko zuan Urkidi yaunak. Gaia, berez, kementsua, yakingarria eta noizik bein irudi bizi eta sotiltasunez apaindutakoa da.
«Orixe»rena ere emen dagerkigu, irakurri dezazun. Olerkari gorengo orren asmaketak beti dira atsegin.
ARIZTIMUÑO'TAR JOSEBA
[1] Cfr. Chants Populaires du Pays Basque par J. D. J. Sallaberry. Bayonne. 1870. «Argia dela diozu» 8 orrialdea.
[2] Cfr. Chants Populaires du Pays Basque par J. D. J. Sallaberry. Bayonne. 1870. «Txori erresiñola» 13 orr.
[3] Cfr. Ibid. «Bortian auzki» 22 orr.
[4] Cfr. Ibid. «Txarmangarri bat badit» 67 orr.
[5] Cfr. Ibid. «Mendian Zoinen eder» 76 orr.
[6] Cfr. Ibid. «Mendian Zoinen eder» 77 orr.
[7] Cfr. Ibid. «Berterretxen kantoria» 108 orr.
[8] Cfr. Chants Populaires du Pays Basque par J.D.J. Sallaberry. Bayonne. 1870. «Aitarik ez dut» 141 orr.
[9] Cfr. Ibid. «Atarratze Jauregian» 143 orr.
[10] Cfr. Ibid. «Lurraren pian» 148 orr.
[11] Cfr. Ibid. «Sorterako alaba dendaria» 198 orr.
[12] Idazleak Fagoaga'tar Josebari yasoa. Errazu
[a] Cfr. Homenaje a D. Carmelo Echegaray. San Sebastián. 1928. 607 orr.
[g] Cfr. Ibid. 609 orr.
[13] Idazleari Sara'ko Mdme. Arestik bidalia.
[14] Idem.
[15] Idem.
[16] Idem.
[17] Idem.
[18] Cfr. Cancionero Popular Vasco de D. Resurrección Maria de Azkue Tomo III. Danzas. «Ziriko beltza» 108 orr.
[19] Cfr. Cancionero Popular Vasco de D. Resurrección Maria de Azkue. Tomo III. Danzas. «Oraingo mutil txurrak» 91 orr.
[20] Cfr. Ibid.
[21] Cfr. Ibid. «Orain kantatuko det» 89 orr.
[22] Cfr. Ibid.
[23] Cfr. Ibid. «Atzo Bilbon» 46 orr.
[24] Cfr. Cancionero Popular Vasco de D. Resurrección Maria de Azkue. Tomo IX. Canciones de oficio. «Arrosa-lilia» 9 orr.
[25] Cfr. Cancionero Popular Vasco de D. Resurrección Maria de Azkue. Tomo IX. Canciones de oficio. «Aza gazte» l0 orr.
[26] Cfr. Ibid. «Irairon» 17 orr.
[27] Cfr. Ibid.
[k] Idazleak, Fagoaga'tar joseba'ri yasoa. Errazu (Baztan'en).
[y] Cfr. Homenaje a D. Carmelo Echegaray. San Sebastián. 607 orr.
[28] Cfr. Eusko Olerkiak. 1933. 8 orr.
[29] Cfr. Ibid.
[30] Cfr. Ibid. 9 orr.
[31] Cfr. Ibid. 15 orr.
[32] Cfr. Ibid. 17 orr.
[33] Cfr. Eusko Olerkiak. 1933. 21 orr.
[34] Cfr. Ibid.
[35] Cfr. Ibid. 22 orr.