literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Aurre-itza

J. Aitzol

«Eusko Olerkiak 1932»

Euskaltzaleak, 1932

 

        ARANA' TAR YON BEDOÑA' TAR YOKIN

        «LORAMENDI» OLERKARIA

        Yoan zitzaigun, «Lizardi» Agire'tar Yoseba Mirena; ta bestek bete eziñeko utsunea utzi zigun Eusko-Elertian olerkari bikain gurenak. Beste bat eraman digu orain berriz Yaungoikoak, bikaiña au ere ta gazterik, munduan Arana'tar Yon, lekaidetzan Bedoña'tar Yokin eta eusko-olerti-saillean «Loramendi» izen ederrez ezagun genuen buruñurdun ikaslea.

        «Lizardi» zanaren eriotzak euskal poesi-elertiarentzako zekartzen ondoren beltzak ez al genituen ongi neurtu oraindio, ona orain berriz, andik egun gutxira, gauerdian, dakarkiguten berri samiña.. Beste lagun aundi bat il, euskal-olertiko izar berri bat itzali. Epailaren 24'an, «Lizardi» il eta amabigarren egunean, il Donostia'n, apaiz egiteko egun-egunetan «Loramendi» gure olerkaria.

        Bi zorigaitz auek gogoratzean, biak ere gure pizkunderako ez bait-dira galera makalak, «Loramendi»k bere lagun kutun baten eriotzaz idaztitako neurtitz xamurrak datortzkit burura:

 

                «Il intzan, il i ere ...! Eraman induten...

                Ire itzalak, ordea, ni baitan dik lurmen...

                                Eta abia bai intzan

                                laño ta eurite...

                                Beste alde ortan

                                ba-al duk aterpe?...».

 

                «Ta aingeru batek itaz bai zidak gaur esan

                nigandik aldatzean noruntza yo uan...

                                Otoi, adiskide,

                                otoi, nere alde...!».

 

        Il zan «Lizardi»; bere lagun «Loramendi» ere il; ta Donostiako illerrian eortzi dute ixil-ixilik. Baña aren izena ez da ilko; euskaldun eleeder-zaleak maiteki gordeko ditue beti aren olermen argiak eusko-olertian sortu dituan lore goiztar pinpinak.

        Euskel-pizkunde-bideetan abia ta beste gabe il zaigu; bizitza-arloa berak landu ta zaitu-bearreko lorebaratza zabal bezela begiz yo ta beste gabe. «Loramendi» yarri zion bere buruari olerkariak izena. Nonbait eder-loreak emateko lur gizena nabaitzen barnean; eta izkuntza maitea an bizimin biotz-irudimenen ernarazle.

        Aingeru-antzo il zaigu, bare, irriparrez, ia iñolako miñikan gabe. Aita senide, lekaideak inguruan. Iltamu gozoan biotzetiko zerura-nai bizia besterik ez du aitatzen: «Zerura nijoa; zerutik lagunduko dizutet; zuei, euskerari, aberriari...

        Azkenengoz aita besarkatzean, amarentzat esaten dio, arren, ez egiteko negarrik, zerura diola-ta. Zeruko Amaz ditu azken-itzak: «Ama Maria'tzaz itz egin nekerik gabe». «Lizardi» bezela, mingañean siñismen-itzak dituala il da euskeraz mintzatzen, ain maite izan zuten euskera kutunez.

 

        Nekazari, lekaide ta olerkari

        Leintz-ibarreko Bedoña errixkan yaioa zan 1907'gnko ilbeltzaren 27an Mendibitsu baserrian. «Loramendi» ren yaiotetxe-ondoan antxe da «Artazubiaga»: ango yatorrikoa zan A. Bañez Artazubiaga'tarra, tomista urtiztilari ospatsua, Santa Teresa'ren zuzentzale izana.

        Baserritar txikiak bizi oi diran bezela bizi izan zan mendigain aietan gure olerkaritzako mutikoa. Etxeko beiak zaitu, urutiko basora garapaitara yoan diran gizonai bazkaria eraman, goizean goiz Arrasate'ra, astotxoa aurrean-ta, esnea eratsi, ta... etxean beste lanik ez zanean, Don Permin erriko apaiz yaunaren ikastolara irakurtzen-eta ikastera.

        Bazioan bein batean pitxarra artuta iturrira. Ontzia betetzen ari zala, praile bizar-luze bat bidean gora. Mutiko-billa zebillen berakin Altsatsu'ra praile eramateko. Bi laguntxo bazijoazen.

        Mendibitsu'ko mutiko pizkorrari biotzera itz egin bear izan zion Aita bizarluzeak; beintzat bertatik erabaki zuan: praile bear zuan Juan'txok. Eta dei xalo ori, Yosu Yaunak bere ikasleai egindakoaren kideko dei orri zintzo erantzun izan zion beti, zintzotasunik zeatzenaz.

        Gogorrak eta latzak izan bear nai-ta-nai-ez arentzat Altsatsu'ko ikasketak lenen-aldian. Ez zekian erderaz eta eragozpen izugarri zuan ori asierarako. Buru argikoa zan ordea ta bereala erdera ikasi al izan zuan eta aren bitartez ederki egin zan latera ta gerkeraen yabe. Eta erdel-izkuntzetan buruz-buru sarturik, euskera utzi ta azkenerako aztu ere egin zitzaion. Bein batean anaia etorri zitzaion komentura. Erderarik ez zekian eta «Loramendi»k iñondik ere erderaz itz egin bear tutik ez zekian anaiarekin. Ainbesteraño zegoen aldi artan erdaldundua.

        Bereala zuan ordea bidea zuzendu, ta ekin zuan oldartsu aberri-elea ikasten eta bai sakonki ikasi ere. Bere naitara menderatzen eta biurtzen zuan eta irudimen bizi-beroak sortzen zizkion-burubiderik bikaiñenak naiz amets irudirik apain ugasienak antxe erabiltzen ete bere gogara ederki yazten.

        1924'gnean asi zan olerki-lanetan. Olerkiak, buruñurdunen euskal aldizkingi aipagarri «Zeruko Argia» delakora bialtzen zituan eta antxe argitaratzen Euskaltzaindi'ko Intza'r Damas Aitak, aldizkingiaren sortzalle ta zuzentzaille zegoen idazle ta iztun ospatsuak; andixek poztu ta adoretu izan zuan berberak beste olerkari ezagun bat ere; Yauregi'tar Koldobika.

        Sankoza'ko lekaidetxean ikasle zala «Stabat Mater» itzuli zuan. Aiexek zituan bere lenengo neurtitzak. Gerokoan, 1927'n Ondarribi'n philosophi-ikasketa-aroan, an ari izan zan neurtizketan eta neurtizketan. Lenbiziko olerkiak, asiberriarenak izaki, ezagun date: utxak dira. Neurtizketa-saio aietatik ez ondorengo olerkietatik ez dezake iñork usnatu ainbateko olerkaria aterako zanik.

        «Loramendi»ren olermena, olertirako gaitasuna ez deritzat bat-batera agertu zanik; bere lantxoai yarraituz baldin ba goaz beintzat, ala dakusagu. Izkera ta neurtizkera orraztuago ta apainduagotuz, olerkari-argia ere piztutzen eta indartzen zioakiola dirudi.

        Aren neurtizketan nabari dezun yareitasun eta etorri erraza bera dago esaten neurtizketan luzaro yarduna zana, ekiñaren ekiñaz izan ezik ez bait-da olako erreztasunik irixten. Eta izan ere, aldi batez itz-neurketan egunero aritzen omen zan, eta, yakiña, saiaketa orren bidez idazteko erreztasun aundia iritxi ba zuan ere, gaiak aukeratzeari ez bait-zion ia begiratzen, ez zuen aldi artan aoa olerki gurenetarako bat ere xuritu.

        «Zeruko Argia»n argitara emandako olerkiak irakurtzen ba-ditugu, ta onentxoenak an argitaratzen bide zituan, ez degu esango geientsuenatatik beintzat olerkari-izen aundirik yaso zezakenik. Geienak, neurtitzetan ongi ebakiak bai, baño aultxeak, aukeragabeak, mami moteldunak dira, ez olerkari eldu arenak. Ba ditu orratik bizpairu ederrak; oietan bai azaltzen du «Loramendi»k olerkari gogoa.

        Gaztaroan, beti ere ikasleetan eta neke-bideetan bizi izan bait-zan, erligio-egiak eta gaiak zituan olerkigai. Erpin goitia ta garaia izan ordea ego motxeko olerkari asiberri bildurtiarentzat. Olerti mistiko delakoa bera da izkuturik izkutuena, bera eldugaitzena, aren barnera banan-banango gizon aukeratu batzu besterik ez dira eldu.

        Oker legoke orratio «Loramendi» badaezpadako olerkaritzat yoko lukena. lenengotan, asiberria izaki, odei gaiñetaraño igotzeko lain ez-ba-zan ere, ba zekian bere olerkiak ederki apaindu ta borobiltzen. Eta batzuek ala ere eta Eusko-Olerti-egunean, Ernani'koan, sarituak bereziki, argi erakusten digu ez zala gure olerkaria mistiko-edertasun-dirdarak nabaitu, ikusi ta azaltzen nolanaikoa.

        Ez zituan, egia esan, bide-erakusle geiegi izan elertigaietan eta batez ere eusko-olertian nondik yo erakusteko. Euskaldunetan Arrese'tar Emeteri, Jauregi ta Lizardi ezagutzen zituan. Gutxi-geiago irurak eragin zioten zerbait aren gogoari, ta, alako nabarmenak ez ba dira ere, irurenak arkitu ditezke «Loramendi»ren olerkietan aztarnak.

        Orratio, Lizardi ta Arrese'rena baño Jauregi'ren antz aundiago du neurtitz askotan ta baita bere olerkari izaera osoan ere. Coppe, Selgas ta Gabriel y Galan izan ziran berriz erdaldunetan geien erabili izan zituanak. Eta Salamanca'ko olerkari arenganako zalea ezagun dala dirudi gure buruñurdunaren olerkietan. Gabriel y Galan'en neurtitzak bezelakoxe naroak, biribilak, mintzo gozoak dira «Loramendi»k oraintsuen idatzitako neurtitzak.

        Bidezko izango da, ikutuz baizik ez-bada ere, «Zeruko Argia»n agertutako olerkirik bikaiñenak aitatzea; bi txiki, oraintsu argitara emanak, txoragarriak dituzu. «Onatx erletxoak» ta «Antzekia» deritzaie. Irudi ezagunak izan arren, ain daude ederki egiñak, urretxindor ta ilargiarenak Ama Birgiñarekiko artueman ta maiteixilen berri yakinarazten digu; ta besteak berriz iñongo ameskairik xoragarriena sortarazten dio Yosu Aurtxoaren ezpaina erleak zizta zuala-ta.

        Oso gogai polita du «Landaretxo Ameslari»k, lenen zatian egoki adierazia, landaretxo loratuak bere ederrez arroturik onako au dionean batez ere:

 

                «Zama yoriaz landaretxoak

                landaretxoak amets dagi

                —Edertasunak yabetzat naute,

                lorategiko nagusi ni».

 

        Bigarren zatia lenengoa aiñako ba-lu ta argixeagoa, oso-osokoa ta akatsikan gabea litzake olerki au.

        Goxoa ta yatorra «Noletan Gero?» Artzai Onarena. Baña xaloa ta tolesgabeko yatorra; oso da atsegiña.

        San Prantzisko'ren Loratxoetako gertakari bat artu du «Maitasuna ez da maitatua» olerkiaren gai. Aipagarria da; xoxoak bere kabian sugea sartzen eta xoxokumeak ito-bearrean ikusita duan atsekabea bizi-bizi du idatzia.

        «Guztiz Ederra» deritzaion olerkian asten da «Loramendi»ren irudimen-arnasa azten. Biotz-olerkia ta amets-olerkia da. «Tota Pulchra» dakar bukaeran bere erara itzulirik. Nolako gogai bikaiñak ateratzen dituan ortik arima ta aingeru zaitzariaren alkarrizketan eta aurreko itz apain aoxurizko amets-irudiz yantzietan!

        «Ilargitara» atera zaigu olerkaria ilargiak itsas uiñetan eraikitzen dituan argi-dantzak ikustera, ta aren argitara, an dakus itsasoa «garden azala, diztiz ondarra, garbi azpia, gaiña leiarra». Miren, errugearen Ama ta Birjintasuna dakarkio onek olerkariari gogora ta «pulchra ut luna» aitortzen du... ilargia bezin edertzat. Ez irudiantza ez abes-neurtitzok ez ditu agian zearo olerkariak berak asmatuak; ain berri-xaloki esanak bait-ditu ordea, auxe da gurekiko «Loramendi»ren olerkirik bikaiñenetakoa.

        Enada adiskideak buruñurdun gaztearen gelako leiopean egin du kabia. Maite dute alkar ta abesten du, ederki asko abestu ere, olerkariak maitasun ori. Neguaren biotzean ere ez du alde-egiten. Gau beltz batek ordea kabia izoztu. Kabi-ondoan antxe dago enada geldi-geldi... ura ere izoztua gaixoa. Biotz-ikara xamurrak «Enada beltza» koak... neurriz ta bigunki emanak.

        «Zeruko Argia»n agertutako ogeien bat olerkietatik bixi-ederrenak auek dirala dirudi lekaide gaztearen olermen-argiaren ezaugarri.

 

        Barruntza olerti-leioan

        «Euskaltzaleak» urteoro eratzen dituzten olerki gudaketak berebiziko eragiña eman zioten «Loramendi»ri olerkaritzan. Olerkirik bikaiñen-bikaiñenak 1931'gnean Tolosa'n eta 1932'gnean Ernani'n guduketara eraman zituanak ditu.

        Lenengoa, «Arrantzaleen arrats-otoitza» izenekoa «Eusko-Olerkiak»etako bigarren idaztian sartzeko gai izan zan; eta bestea «Barruntza leioan» izenekoa Ernani'ko Eusko-Olerki-Eguneko sari nagusia irabazi zuan emen, irakurle, lendabizi aurkituko dezuna.

        Bi auek bai egiten dute bete-batean «Loramendi» olerkari-izenaren yabe.

        «Arrantzaleen arrats-otoitza» euskal-arrantzalearentzako eupazko abesti bulartsua da. Aren besoaren indarra, aren bular ta kemena ditu kantagai, aren elizkoitasuna batez ere. Poema txiki biotz-oldarkoia dala esan diteke. Olerkariak antxe ixuri zituan amets-irudimen-etorriak bere gogara. Ez dakit euskeraz irudimen yoriagodun olerkirik ote dan. Norbaitek agian olerkari gaxte asiberriarena dala esango du itzaren mintzo-ots, durundi gozoko neurtitz, irudiz yosiak oldarka egin bear au. Gogora beza ogei urte beteberriak zituala idazleak ori egitean eta ez bedi arritu.

        Zenbait zatitan banatua du delako poema txikia, alkar zuurki yosirik batasuna galtzeke. Sarreran dakarren gotargi-eske-otoitza xartxoa agian tankeraz. Itsas gizonaren biziera du, ikutuz beste gabe, guzia ari batez lotu ta osatzeko lokarri, ta ikuskizun bitxi argiak margozteko bide geienbat.

        Ona emen bat, aukeratzen bat ere ibilli gabe, bizitasun orren irudi polita.

 

                «Mendi txuntxurrak baño arago,

                zeinbat yeixten dan, ainbat gorago

                        belarte biak

                        zorrotz yosiak

                euzki zarraren aizken izpiak

                arago beltza edari dago».

 

        Ondarribi'ko lekaidetxean ikasle zaneko olerkia da nonbait au; itsasoak eta itsas-gizonen bizitzak «Loramendi»ri eragindako biotz-zarrazta. Or agertzen bait zaigu olerkari itsasoa ola ikusten zekian gaztea, baita arrantzale euskalduna maite zuan eusko-abertzale zintzoa, aien tresna ta izkuntzaren berri ongi ikasia baitda. Euskaltzaletasunak eraginda amaitu ere egin zuan poema txiki au Ama Birjiñari otoizka, arren, Euskalerria zaitzeko. Euskalerriaren aldeko kezka oiexek berak nabari zazkio beste olerki bioztun batean: Yesus Yaunak gurutzetik, Euzkadik utzi bear ote-duan bildurrez maitezko arrenak zuzentzen dizkio asaba zarren siñismenean iraun dezan. «Espak» du izena olerki onek.

        Arantzaleen aupazko abestiaren aldean goitiarra degu «Barruntza leioan» III Eusko-Olerki-Egunean lenengo saria irabazi zuan olerkia.

        Ernani'n sariztu-olerki au goi-maitezko da oso-osoan, lenengoa zearoko biotz olerki bezela. «Arrantzaleen arrats-otoitza» «Loramendi»ren biotzean itsasoaren izkutapen eta ikuskizunaren aurrean sortua da, itsaso orrekin beti ere buru ta beso burrukan bizi bait-da euskaldun arrantzalea. «Barruntza leioan» berriz Maitea ezagutzean arimatik ateratako barru-intziria. Olerki ontan dana da barrukoi, biotz-barreneko txokorik izkutuenean gordea. Dana da yainkotiar. Olerkariaren arima-barnean bildua da dana, bere Maiteak maite duala ikustean barnera biltzen bait-da olerkaria.

        Yainkoaz gartsuki txoraturiko gazteari dagokion olerkia da egitan au. Lekaide abesleak maitemiñezko intziriz itz egiten dio Yainkoaki. Asis'tar Donearen adurra dario non-nai olerki onek, baño irudiz ta antzekiz ornitua, ez bait-dute auek olerki giarra bat ere aultzen ez illuntzen, bai ordea arimak Yainkoarekin dituan maitezko artuemanak bizikiago adierazten; eta Yainkoak barneko illunpeak bere argiz dianak ditu argitzen, len auts zana, gero dana argi-ixpi ta lore ta kanta biurtzen bait-du biotz ezurretarañoko guzia.

 

                «Oro det ixpi, oro det lore, oro det kanta

                ene gogosk ikusi bait-du aldaketa...

                Gela ontara ene maitea sar ezkerotik

                biotz ezurrak bai dute naiko loraketa».

 

        Baño goimaitezko ler-zartada ontara baño len, ertilariak an agintzen du olerki-asieran, gudu-zantzu oro, ots oro ixiltzeko, barnera bil dedin.

        Ez goaz olerki ontako goaiak banan-banan aukeratzera; Yainko-maitezko gañezka ontan aapaldi guzietan ditugu ainbat gogai ta antzeki, ainbat edertasun eta antz-irudi, ezin izango genuke zeatz olerkiaren berri eman. Maitearekiko biozketa zoragarriak berriz, ainbeste ta ain sarri ta usu, norbaitek uste izan dezake ez duketela alkarrekin bear besteko batasunik; aundia dute ordea ta arnasa gero ta aziagotuz, biotz-ixuri ederrak abesten yartzen dute azkenerako olerkari maitemindua.

        Barne-ateak itxirik, ez entzuten arimak Maitearen barne-mintzo gogoa ta Maitea ez ezagutzen; baño ez al ditu zabaldu, orra, besartean dakus txunditurik. Orain ez da lekoreko ezeren yakinmin. Alkar-maitasuna abestu ta abestu ari da; ez du bear besterik. Abesti luzea; bere aapaldi ugari ta guzi ere, ez da bat ere aultzen ez makaltzen asierako kemen bizia ta irudimen-oldarra.

        Auxe da «Loramendi»ren olerkilanik gurenena. Bikaiñagoak egin al izango zituan noski, Yainkoak gure artean luzaroagoan utzi izan ba-ligu. Aren olermena, azken aldiko idazlanatan, asiberriko bildur-mildur ta lañoak utzita, sutsu, oldartsu, diztikor azaltzen da ta arnari eldu eder-bikaiñik asko eman bear zizkigun. Izugarrizko aurreratekoak zegizkian «Loramendi»k olerkaritzan.

        «Lizardi»tzaz itz egin genuen oraintsuen. «Lizardi»ren besterakoa genuen «Loramendi». Aren eta onen bideak alkarren aurkakoak ez ba dira ere, oso dira banakoak. «Lizardi» zaintsua, gogai sakonak soil yalkitzen zituana, irudi bakan-bakan aukeratuak gorri-yator ematen zekiana, esan diteke irudimena buruaren mendean lotzen zuan gizona zala. «Loramendi»k ostera yarei darabil irudimena ta bere gazte-iturburuko etorria ibaika dioakio neurtitz oparo ozenetan.

        «Loramendi»k ere ordea nagusiro erabiltzen zuan euskera. Ez noski «Lizardi»k bezin buruz ta sakonki, euskeraren erri-erraietan murgildua bait-zan «Lizardi», baño bai errez ta naro, gurasoen izkera ederki ikasi ta landua izaki. Aditz irabiazale bait-zan, orren bidez apainki tinkotzen zituan neurtitzak, itz ugari aberatsez yantziz-eta. Bere olerti-udaberri-udaberrian igartu zaigu «Loramendi» itxedopen-lore bipila. Olerki-bideak urra ta beste gabe. Aren izena, ala ere, beti-betiko idatzia da euskal-elerti-orrietan.

 

* * *

 

        Lerrotxo oiek zanaren omenez idatzia ditugu. Ez baizaigu berriro aren izena goratzeko sasoi egokiagorik gertatuko. Ara, «Loramendi», olerkari adizkideari gure maite agurra egin. Bere «Barruntza-leyoan», 1932'garrengo urtean Ernani'ko olerti guduan saritutako olerkiaz liburutxo onerik asiera ematen diogu.

        Iturriaga alegilariaren gorasarreari buruz Ernani'ko olerti jaya ospatu genuan. Olerti gudua eraberriatuaz, ordea. Alegia, olertitasuna zabaltzearren sariak ugaritu zirala.

        Eusko kutsusko poematxo errikoiak sortarazi nayaz olerkariai ots egin zitzaien. Bik erantzun. Jakakortajarena'k eta Tapia Perurena'k. Oien poematxoak orrialde onetxetan irakurri zenezazke.

        Jakakortajarena txapeldun. Bere poematxoa, saritutakoa. Ez goaz olerkari onen berri ematera. Ezagutua zaigu. Bego, oraingoz, luma geldi bazi zaigunaren olermena aizera gabe. Jakakortajarena'ren etorkizunak bere izena goratzera makurtuko gaitu-ta. Gaurkoa, osoro, «Loramendi»rentza bedi.

 

AITZOL'DAR J.

 

Bilaketa