literaturaren zubitegia

982 idazle / 4.691 idazlan
7.240 esteka / 5.728 kritika / 1.828 aipamen / 5.235 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Luis Jauregi, Jautarkol

 

Urte-giroak olerti-kimak dakarzkite...

 

J. Aitzol

 

«Eusko Olerkiak 1931»

Euskaltzaleak 1931

 

        ¡Itzal! Baso-ren ume yaukal...

        Giro kiskalgarriaz aulduak itzala osasun. Goiargiz zaurituak basoa atseden. Malda gora biotza larri, barea altxa ta muñak odoldu zaizkio gure olerkariari. Muño-oianean biotza bare, muñak arin. Itzal otxanak, bereala atsedendu.

        Olerkaria mendiruntz, oi duan bezela, bijoa. Marrubi lore, irusta salla, masusta sasiak goi-bide-ertzetako apaingarri. Basotik, Txindoki, Aralar, Uzturre bai-dakuzki. Leen, lore-sagar zuri, orain igali-emaitz eralduak dauzkaten zuaitz kerizpean bego. Ertilari urduritsuari basoa otzepel bai-zaio.

        Negu, uda berri, uda, udazken, beti giro olerkariari, egi onetara urreratzeko. Urte sasoi guziak egoki, Izadiari so-egiñik, gauz apalenak ere edergai nabaitzeko. Malda bide ortan, ta muñoko sagasti basotxotik ikusitakoak, txapeldun olerkariak kantatzen dizkigu.

        Ustegabean, itzal atsegiñetik igesi Lizardi uriratu zitzaigun. Basoak olerkaria maiteki balakatu arren urrundu zitzaion, begiak, usu, itzultzen bazizkion ere. Oianean eratutako bersoak Tolosako Eusko-Olerti gudura zekarz-kin. ¡Oietxek sarituak izan, alajaña! Basotik, auzira. Epai-maiaren iritziz iaioenak.

        Basoan jaio, basoan azi, auzira jo eta olerti guduan nagusi ager. Pindaro olerkari bikañari alderantzira gerta, antziñean. Olerti auzian, nork eta Korina emakumeak oinperatu grezitarren abeslari trebeena. Alako batean, iñork uste ezleikiala, Olinpiada joku aberkoi ospatsuenetan, erriak Korina, olerkari gorenaz aukeratu, beti gallur zan Pindaro zokora irauliaz. Or dijoa, zapustuta baso beltzean lotsa eskutatzera. Bakartasuna aurki zezalakoan, oian-barnean gorde. Urania maitagarria agerturik, ordea, zoriona eskeñi zion:

 

                «...Del sacro monte

                Hay en lo más repuesto un bosque umbrío.

                ...A aquel secreto

                Le condujo la diosa. Al acercarse

                A aspirar el sacro ambiente, el frío

                Del temor religioso por sus venas

                Sintió correr el vate, y por la frente

                Pasar, como una llama, que el genio

                Con su calor le enardecía. Cuando

                Con paso inadvertido a la espesura

                De la selva llegó. La excelsa silla

                Del solitario trono dejó Urania

                Para acercase, en el secreto asilo,

                Al vate generoso.

                Se sentaron sobre

                La blanda hierba. El plectro Urania

                Tomó y cantó un himno...».

 

        Urania'k bekoki illuna Pindaro'ri argi arazi ziola Manzoni olerarkiak dio. Baita, oldargi zorrotzaz irudimena berpiztu ziola ere. Basotik, eraberrituta, Olinpiada jokuetara Pindaro doa. Arrezkeroztik, beti, garaille.

        Urania-lako maitagarriren bat aurkitua izan bear du, gure olerkariak, berak dionez. «Itzal», andereño otxana, Basoaren ume yaukala, oian ertzean ikusi zuala edo. Onek beintzat maiteki agurtu eta oial leunaz aurpegia legortu ziola bertsoak dagerte. Eseritakoan, aopeko gozoz erakutsitako olerkia ote da saritutakoa?

 

                «Atsedenaren eliz, zutoiz bete,

                osto-pillo ta izar izunak abe:

                ta i bertan oianeko yaupaleme...

                Gure inguru lurra lurrun-yario,

                urre urtuzko yasak baitaragio.

                Euri gori ortaz basoa ateri.

                Guaden, bada, maite, basoan geldi».

 

        «Itzal», jaupalemea, Lizardi'ren bertsoari ats-goitarra erantzi diona ote degu? Oianeko ume gardenak irudimena arrotu ote dio? «Urte giroak» barnetik dixurkiten eder-izpiak, aopeko ixillian ikasiak ote ditu?

        Gureak bezela, beste ainbat olerkarik ere, alako olerti-mamuak lekuszkiten. ¡Zeruak ertilari oie!, bereziki, damaioten doaia izaki noski! Bembo italiarrak, ere, amets-agerpena olerkitxoan adierazten digu:

 

                «Una liggiadra e candida angioletta

                Seder all'ombra in grembo dell'erbetta

                Vid'io pien di spavento,

                Perch'esser mi parea pur su nel cielo;

                Tal di dolcezza velo

                Avvolse il bel piacere agli occhi miei».

 

        «Itzalpeko belar gañean zerua bezin garbia zeritzaian aingerutxo arin-zuria eseritzen ikusi nuan; ene begiak pozez lansotu ziran».

        Urte giroak, udaberri eta uda-gaiak batez ere, olerti mamitzat aukeratu dituzten poesilariak amaika maitagarrien onurak jaso omen dituzte. Oek sormena ernaitu, irudimena zirika, amets-eredu-jantziak eskeñi omen dizkate.

        Arrotz olertiaren kutsurik, Lizardi'ren neurtitzetan aurki ezin lezazuke, ordea. Barneko iturburutik jaio zaizkio mami-azalak. Ederrak ba-dira ere, eusko-olerkarienak dira. Ez irakurriz ikasiak, adi-muñetik sortutakoak baizik.

        Bertsoak eusko-guna erraiyetan daramate. Euskerari dagokion gisa tajutuak dira. Gaurko olerki au irakurriaz antziñeko poesi bateren-baten oroipena datorkit burura. Alako bertso errikoien doñua edo:

 

                Iduzki danean, zoin eder itzala,

                Maitia, mintzo zira, plazer duzun bezela».

 

        Euskera onela, olerti bidez eraberritzea, antziñeko guna gaurko izkerari txertatzea dala deritzait. Jantziz oraingoa ba-dirudi, barnez aspaldikoa izan dedila.

Ala, Lizardi'ren «Urte giroak ene begian».

        Mamiz onelakoa. Negu gordiñeko bizitzaren loa, eriotz antzo, ertilariak dakus; zuaitzak ostoz bakanduak, zelai-egiak belarrez soil. Izadi-kemena agortuta dager. Sagar-lore zuriak, izoztutako elur-gilbo alaiak, aidean zintzilika, dirudite: ara nola udaberriaren agerkundea iritxi dan. Ego kiskalgarriaren altzoan, eguzkiak irakin arazitako aizea biriken itogarri. Basoaren ume ongille «Itzalari» agur dagio olerkariak. Udazkenean, ingumari egoak argaldu zaizkio, edertasuna zirpildu zaio. Zuaitzei emaitzak eldutakoan, igaliak erori. Egunari aurpegia zurbil, begiak motel ager zaizkio. Udazken sabelean negu beltza jaio naiaz darabilgu.

        Gun yaukal berezi onek neurtitzak aberasten ditu. Bertsoak esakeraz labur, itzez zurrak dira. Ez gai, ez jantzi alperrikakorik aurkitu lezakegu. Laburtasunak eta mami-azal ezkontza egoki onetxek Lizardi'ren olerkiari kutsu jatorra erantsitzen diote.

        Gaiez bezin bikain, jantziz ere. Alako eusko-gun-bereziak onelako soñeko etxekoia bear. Ez etxekoia dalako beartsuen jantzia daramala uste. Irudiz, amets-ereduz, asmoz aberatsa oso. Eta ez eskutartean darabilzkigunak, berriak, gure belarriak oraindañokoan entzun gabekoak baizik.

        Akatsik gabekoa ote degu ba? Ez, bereak baditu., Be-reak eta, agian, gureak ere bai. Euskera lizundu xamarra eskuratu zaigu. Jatorriz, gure izkera asmoak labur erakusten zituenetakoa zan. Adi-gaietarako itz gutxi eta aiek egokiak. Aldiz-aldi zabartu, eten egin zaigu eusko minzoa. Txalogarria, beraz, antziñako itz-asmoen izorraldi ori berritzea. Buru belarri, auxe iritxi nairik, dabil olerkaria.

        Elburu onek, ordea, utsak ba-ditu. Bertsoan doñua gogortxoa izatea, bat: ulerkaitza, aditzez zailxamarra izatea, bestea. Ez da nolanaiko lana izkerari erdoia kentzea. Ez deritzait, ordea, bat-batean egin leikena danik.

        Itzen laburtasunak eta asmo-betetasun onek alako adiluntasuna berekin daramate. Labur bai, baño argi idatzi dezagun. Euskera ondo ez ikasiak ere zailtasuna berekin dakakiala esan leike.

        Euskera aberastu eta eraberritzeak dakarzkien akatsak dira. Ala ere «Urte giroak ene begian» olerkiak, akatsak-akats, gure izkera, bai mamiz, bai azalez edertu digu. ¡Zorioneko eraberritze onek geroko onuragarriak ekarriko al dikigu!

 

        Olerkari errikoia

        Erri-erraietatik dagerkigun olerkaria degu Jakakortajarena. Jende xeeak darabilzkin gaiak bere olerki gunatzat aukera, erri erara asma eta erritarei dagozkioten bezela tajutzen dizkiguna.

        Ijitoen asto tratua ez ote da gai errikoi berezia? A zer nolako bertso iaioetan adierazten digun salketa oiek dakarkiten galera! «Gure Astoak» bai asto makalak. Zorrotz eta biziki, irria darioten neurtitzetan ijito-astoen ajiak abesten dizkigu. Eztenkada parragarria ahapaldi bakoitza.

        Olerki zarren antzera tajutuak dira «Gure Astoak»-en bersoak. Gaia, bera ere, jatorriz antziñako olerkariei atsegin zitzaiena. Onela zion beste errikoi ertilariak: «Senarrak, Iruñako perian, behorra erosi. Goizaldera etxeratzekoan, ateburuan krisalluz argi egiñaz zegoan emazteak bere gixontxuari onela diotso:

 

                «Horixen da behor txarra

                Eta beralde zaharra

                Hortan gastatu dautazu pameliko beharra...

                Sal nintzake sos batera

                Zaldi eta senarra».

 

        Olerti-guduko epailari norbaitek Jakakortajarena'ren «Gure Astoak» poesi gorenaz bezelaxe autu zigun. «Gure Astoak» eta «Amandrearen Olloak» kidekoak dira eta guraso baten aurrak. Biak nekazarien bizitzari dagozkiotenetakoak, parrerantzean asmatuak, irri-jolasean sortuak. Astoaren akatsak bein; ollo zekenen antzutasuna bestean gai pozgarriaz olerkari gazteak darabilzki.

        Abere trakets-elbarrituen zoritxarra, bertso irrikoietan bikain adierazteko ez dira makalak izan eusko olerkariak. Ez dira ere gaurkoak oietako olerki batzuek. Ara ezagutuenak.

        Errikoi kutsua daramate «Iruñako behorrak» eta «Ixtkerraren zamariak»; aberatsagoak «Ikhasketako mandoa», eta Zaldubi'ren «Meetegiko Txakurra»; ariñagoa, baño polita oso, Zerbitzari'ren, «Azkaingo Zakurra». Xenpelar'en

«Betroiaren bertso berri» entzunak, mordolloak ba-dira ere, irri-asmoz biziak: eta Bilintx'en «Zaldi baten bizitza» jaio neurtua eta gai-parregarriz ederki tajutua.

 

        Gure olerkariak

        Irudipenaz ugari, olde-asmoz apain jantziak Tapia-Perurena eta Jauregi bai-dagerzkigu. Minkuntz zintzoaz aberatsagoak dira ordea: liriko bikañenetakoak baizaizkigu biak. Irudipena eta minkuntza naasi, biotz-muñ iturri barnetik ahapaldietara oparotsu, arro, nabarmen datorzkiote. Erromantiko ospatsuek izpiak ikututakoak ditugu bi olerkari oiek. Lizardi, labur, legor, adi-gaiez izorra: Jakakortajarena, asmoz eta eraz errikoi: Jauregi eta Tapia-Perurena irudiz ugariminkuntzez bigun.

        Oetakoxea, erdizka bada ere, Agirre'tar Toma, oraingoz lendabizi, olerkari antzo datorkiguna. Edermenaz orritsu: orritsuegi, agian, adi-izpi zolien kaltegarri ia. Goiargiak sututakoa, benetan, gipuzkoar ertilari au.

        Olerkari leun-mee, zorrotz so-dagiana Lekuona jauna. Poesi azal-mamiak errex dijoazkio sormenetik: ez nolanai tajutuak, eraberri egokiaz baizik.

        Asiberria Bedoña gaztea: itxaso, aitz, eguzki, itxas-txori arrantzalien bizitz gogorrak eta oien ziñismen sustraitzuak olerkari kementzuari irudimena zamitzen diote izpi aratzak ixuri araziaz. Goiargi diztikorraren semea degu olerkian. Zubimendi'k semetxoari samurki, bertso bigunetan, erantzun biotzdunak dasazkio.

        Euskeraien zori larriak Mujika'ri bere olerkitxoa sor arazi dio.

        Tolosa'n Arrese'ri zor zitzaion gorasarrea egin genion. Ainbat urtez abeslari soil bakar-min zorrotzez naigabetua gendukan. Gaur adizkide taldea, berari jarraiturik, badatorkio.

        Barneko goiargi lagun zarrari eskertuaz, irakurri zigun olerki mee-bizia ementxe, poesi-txorta onetan dijoakizu, irakurle.

        Biotza poztu eta adimena josta dezazun ona olerkitxo ontxuenak aukeratuta.

 

AITZOL'DAR J.

 

Bilaketa