literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.378 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Elerti-pizkunde kimatxoak

 

J. Aitzol

 

«Eusko Olerkiak 1930»

Euskaltzaleak, 1930

 

        Garai egokia

        Oraingoan, euskaldunak gure izkera apaindu eta aberastu bearrean gera. Eusko-elertia oparotsuenetakoa ez bada ere, ez da askok uste lezateken bezin argal eta makala. Euskalzaleak alaz guztiz, gure elertiari mendu gazteak txertatuaz sendotu nai luteke.

        Ortarako biderik egokiena ordea, olerti gaiari eragitea zaigu. Goitar indar meea, almen-biotzetan, darabilkiten gazte azkarrak bai bai-ditigu.

        Gure sorterrian olerkariak, eta ugaritsu, ale mardulak bezela, sortzen ez ba-dira, euskera loretsu, kemen-biziz indartua eta euskaldunen espaiñetan irribar antzera ikusi bearrean, oraindik argal eta beartsu luzaroan aurkituko degu. Olerki opari-ugaritsu gabe euskera ez da ernaituko, iñungo izkerarik poesi-neurtitzik gabe garatu eta sendotu ez dan bezela.

        Ele apain, bigun, biurri, irudiz errez, adiz sakona, idazle lumetatik arin, aizetsu eta leun ixurtzeko euskerari beste biderik ez dagokio. Izkera-langille bearrenekoak, olerkariak dira. Oiek ele gogor eta gordiña, olaetan burni goria meetzen dute eran, bizkortu eta gozotzen dute; oiek irudi biziz, asmaketa zorrotzaz, eta amets-ereduz aberastutzen dute; oiek itz joskera berri-arrigarriak sumatzen dituzte. Idazleak aisago eta errezago ibilli ditezen, olerkariak, erdikaldi nekeak igarota, buru-auste gorriak ikusita, izkeraren bide zabalak idikitzen dituzte.

 

        Arrotz elertiari begiratu

        Izkera guzien lurraldeetan sasi eta larrak garbitu dituztenak, soroetan azia lendabizi erain dutenak olerkariak izan dira.

        Rapsodak zeritzaioten bertsolariak, aspaldiko greziera edertu zuten Homero olerkari ospetsuenari argi egiñaz. Onen Odisea latinera Livio Andronimo'k biurtuta gero, Erroma'n lenengo olerkaria Kinto Ennio sortu zan, beste edozein idazleen aurre zala. Sizilia eta Toskana'ko bertsolariak italiera iñork baño len orraztu zuten, Dante'ri bidea erreztuaz. Prantzi eta Probentza aldietan, batez ere, trobadore bertsolariak gerozko olerkarien guraso bezela ezagutu bear lirake. Españeraz asieran agertutako arrigariena «El Mío Cid», eresia dakusgu. Alemanin Hartman von Aue'k egindako zaldun olerkia antzin-antziñako doixtar idazkitzat aitortzen dute, eta lendabiziko idazle bikañentzat Klopstock olerkaria.

        ¿Zeintzuk inglandera apaindu eta ugaritu ote zuten minstrele zeritzaioten koplakariak ez izanik? ¿Shakespeare eta Milton, antziñako ill idazle aurreetakoenak, ez ote ziran olerkariak?

        ¿Eskotziera bastertu eta ezetsia, Burns olerkariak bezin egoki nork goratu ote du? ¿Nork Eskandinabia'ko izkera, antziñan, der Vondelk aña landu, eta oraingoan Ibsen olerkariak bezela Europa guziaren aurrean, ain sotil eta zoragarri azaldu?

        Ez, orra or bide bakarra. Euskera piztutzea nai izanik, eusko-olertia zabaldu. Olerkariak goratu, txalotu eta indartu bear, euskera eder-sendoa nai ba-degu.

        Orretara, datorkizu liburutxo au irakurle.

 

        Eusko-olerti-guduak

        Olerkariak ernaitu eta zirikatzeagatik Errenderiko olerti gudua asmatu zan. Gure olerkari ospetsuenetako baten-batek erantzun zigun. Oldargi bizisutsuaz berotuta azaldun ziran gazteak biotza poztu ziguten, ordea. Kima jatorrak lore sotil biurtzen diran bezela, olerkari gazte oiek ere eusko olertia lilituko dutelakoan egon giñezke.

        Oraindañokoan, bakan-bakan, olerki ederrak sortzen ba-ziran, sarriago eta ugaritsuago, neurtitz egokiz apainduta, asmatzen dira gaur. ¡Bai aurrerapen arrigaria atzo ezkeroztik egin dana!

        Errenderiko olerti batzaldia iaioenetakoa izan ba-da, ez da lelengoa ordea. Iruñako gotzain izan zan Venegas de Figueroa Andonik, 1609'garren urtean Eukaristiaren omenaz olerti-gudua eratu zuan. Moteltxoak saritutako olerkiak, iraunkor izateko. Irakurri ondoren, aintzakotzat ez dauzkagu [1].

        Sara erri zoragarriko Eleiz jaietan, 1865'garren urtean «Bertsuetako guduan», ohorezko sariaz aututako olerkiak, egiz, atsegin zaizkigu [2].

        Olerti batzaldi oiek ordea, ale bakarrak bezela sortutakoak, bakan-bakanak izaki, onurakorrak izan bazaizkigu ere.

        «Asociación Euskara de Navarra» zeritzaion bazkunak, lendabiziko, gure olertia sendotu eta goratzearren poesi-guduak iraun bidean jartzea erabaki zuan. Elizondo'ko aran politean 1879'garren urtean, olerkari gartsu eta kementsua jaio zitzaion Euskalerriari Arrese eta Beitiatar Pillipa'k, bere goitar indarrez aberastutato olerki saritua esan zuanean.

        Donostia'n euskaldun zintzo batzuek 1887'an eratu zuten «Consistorio de los juegos Forales»'en bidez Gipuzkoa'n poesi-neurtuen zaletasuna zabaldu zan.

        Goi mallako olerkaririk ezitzaigun agertu, ¡ain zegoan eusko-olertia lurrak joa! baño txukun eta egoki azaldu zitzaizkigun batzu-batzuk: Berjas, Larralde, Oxalde, Gilbo, Etxegarai, Otaegi ta abar.

        Abbadie, laburditar jaun jakintsuak eusko olertia piztutzearren, urre eta zillar eskumuturrez aberastutako amaika makil banatu zituan, Euskalerriko jaietan olerkarieri saritzat eskeñiaz.

        Geroztik ere «Euskal-Erriaren Alde» aldizkariak, 1921 ezkeroztik edo, olerki-guduak urte buru guzietan eratzen ditu gazteen doaitasuna, egoki eta txalogarri zirikatuaz.

        Eusko-elertia, ordea, guztion laguntz leial-bearrean dagoala ta, «Euskaltzaleak» bazkunak ere, urte oro olerti-batzaldia egitea erabaki du, zillarrezko aritz abartxoa saritzat ordainduaz.

        Ona, orain, aurtengo gure lendabiziko olerki gudura, Errenderiko jaietara, etorritako ontxuenak txorta eran bilduta, argitaratuak.

 

        Olerkari saritua

        Urkiaga jauna, izenordez, Lauaxeta, gerenak Errenderi'ko olerti-egimaren bibez ezagutu dute. Ez guk ordea. An eta emen argitaratutako bere neurtitz bigun eta leunak, irakurtzen bai giñuzen, orain dala bi edo iru urte ezkeroztik.

        Berez olerkari jaio ba-da, erdereetakoak irakurri ta ikasteakin aurrerapen galantak itsasi zaizka. Batez ere, Prantzia'n aizkeneko gizaldietan agertu diran olerkarienganako zaletasun bizia nabaitzen diogu. Francis Jammes biotz-bigun, gauz txikitxoen ertilari trebearenetik, Baudelaire elerti iraulari, «parnasisme» taldea irasi zuan olerkari arenetarañoko bertso arrigarrienak euskeratu dizkigu.

        Biotz biguñekoa bera, barru-barrundik irtendako leuntasun miña eta apaltasun meea daramazkiten olerkiak sortzea, atsegin zaio, noski, Lauaxeta'ri.

        Verlaine, Sully-Prudhome, Guido Mazzoni, Coppée eta Heredia'ren minkuntasun eta leuntasunak Urkiaga'ren oldargiari eragin diote.

        Lamartine, Musset eta Victor Hugo, romantizismo-gurasoen asmo eta irudipen illun beltz eta alegeak baño egokiagoak deritzaizkio, nunbait, eusko olerkari onei, aiek ixuri zituen ainbat malko antzu eta gezur txukaturik «naitasun mee, gozo, atsegin eta aundikietara jotzea», Lamaitre epaille eraz, idatziaz.

        «Maitale Kutuna», saritutako olerkia, olakoxea deritzaigu. Alako naitasun mee, gozo, atsegin eta aundikia, asmaketan eta irudietan alako batasun egokia, antz eta itxuraz alako aberaztasuna, amets-ereduz alako indar bizitasuna; ahapaldi bakoitza pitxia, neurtitz bakoitza dirdiz argikorra.

        Biotz maitekorrak ezagutu ezarren, nolabait nabaitzen duan maitalearen edertasuna, ahantziz, goratzen du. Era garbi-gardenaz eta apain oso, neskatx onen itxura adierazten digu. Egoak eragindako aizeak, liliak igurtzitzen dituan bezela, oartzen dira neurtitzetan zerutar egokada leunak.

        Gauzak zuhur neurtuak daude olerki onetan; maitalearenganako naia, berekoitz bizitz ezaugarriak, Urtzi-ardura erabiltzea, ain garaiz eta egoki azaltzen zaizkigu. Coppée eta Heredia ezik parnasotarrak loitsu eta ziñisgabeak dagerzkigu; oiek irakaslaritzat euki arren, Urkiaga garden, txukun eta ziñiskoi, ordea.

        Parnasotar olerkariak iñork baño geiago bertsoera txukundu eta zaindu dute. Aietzaz zaleturik dagoan gure olerkiariak ere, ikasle zintzoa izanik, neurtitzak egoki asmatu bear. Esatez leun eta abalitsu, bukaera-berdintasunez aberatsak, Lauaxeta'ren neurtitzak.

        Lauaxetak olerki gai darabilkin asmoa, beste olerkari prantzez eta españarrak neurtu dute. Arvers Pelik amalauko «Mon âme a son secret» olerki polit txukunean, Lauaxetaren ahapaldi baterenbaten oroigarria edo ba-dakarkigu.

 

                «Hélas! j'aurais passé près d'elle inaperçu,

                Toujours à ses cotés, et pourtant solitaire.

                Et j'aurai jusqu'au bout fait mon temps sur la terre,

                N'osant rien demander et n'ayant rien reçu»,

 

        Verlaine'k «Mon reve familier» deritzaion olerkian agertzen diguna, motz oso ordea, Lauaxetak ere bikain azaltzen digu.

 

                «Je fais souvent ce rêve étrange et pénétrant

                D'une femme inconnue, et que j'aime...».

 

        Arvers eta Verlainek gai au ikutu bakarrik egiten dute, laburki, bertsoak politak ba-dira ere. Lauaxetaren asmoa, berriz, borobillagoa, asegarrigoa eta mardulagoa, oldozkun egokiaz osogoa, gardenagoa, gogo usaiaz kutsutugoa. Janzkeraz aberatzagoa, nola nai ere. Irudi meeaz, antz eraz apaiñagoa, ez ahapaldi guzietan, baita neurtitz askotan ere.

        España'n izan dan olerkari ospetsuenetako Gabriel eta Galán, gizon apal eta biguñak, maitale ezangungeari, garden oso, abesten zion;

 

                «Donde quiera que estés mujer hermosa,

                predestinada esposa,

                que merezcas aquí posar tu planta...

                Ven, casta virgen, al reclamo amigo

                de un alma de hombre que te espera ansiosa,

                porque presiente que vendrá contigo

                el pudor de la virgen candorosa,

                el casto amor de la leal esposa,

                la gravedad de la mujer cristiana».

 

        «Maitale kutuna» dasadanak argaldu bearrean iaiotasuna eranzten dio. Besteak erabili duten gaia, Lauaxetak era berrira tajututa dagerkigu eta mami eta azalez egokiago, gañera. Gure olerti pizkunderako, bai zoriona, erdel poesi jatorrekin batera aintzakotzat artu aal izatea, Lauxetarena bezela.

 

        Ohorezko aipa

        Mamiz sakona, oldozkun zorrotzduna, goi-jakitez josia «jainkoagan bat» olerkia, ohorezko aipa iritxi duana. Urte batzuetan olerti-mugatik aruntz Ormaetxea jauna egon bazaigu, berriro eta kementsu alare, olerkari bikaiña bezela datorkigu.

        Olerkiaren muin-azalak berekoiak ager zaizkigu. Sendiko gertaera gai artuaz, noizik bein zerutar Irutasuna, ain egoki aitatuaz darabilkiala, bertsoak uzkol jantziaz edo estaliak deritzaizkigu.

        Ormaetxearen goiargia uberka batetik dijoana ez da noski. Eusko oiturak kutsututako ain olerki politak eta biziak sortu aal-ditzakela «Itzai zekenak» argi erakusten digu. Iturritik ura, errex oso, datorren eran, Orixe'ri ere, bat-batean, olerki alai-jolaslariok, margo biziz edertutakoak datorzkio.

 

        Erzatz oparitsuak

        Euskerari bide berriak idikitzearren, bide xiurrak utzita zabaleera jo dezan, almen bikañeko olerkariak agertu zaizkigu, Agirre jauna, Lizardi izenordez, eta Tapia'tar Alexander, Iruña'koa.

        Ez dituzte era zarrera olerkiak tajutu nai, gisa berrira baizik.

        Lizardi «Txolarre»n olerkari berrizale au sartzen zaigu, «Otar utsa»'n xamur, guri eta minberatua; sakon eta aztun «Agur»'en, ordea.

        Atzerrian Tapiak asmatutako «Txori mindua» irudi-kementsuaz indartua arkitzen degu: ekaitz zatarra biziki lenengo zatian, erri-miña zorrozki bigarrenean gure irudimenari adierazten dizkio.

        Euskeraren malda gora erkatzen dijoazten olerkari oien lan zallak, elertiarentzako onurakorrak zaizkigu egitan.

 

        Olerkari gaztetxoak

        Neurtitz arin eta lirain-errexetan estropada jokubizia, «Arraunketa» olerkian, bikain adierazten digu Loidi gaztetxoak; zintzo eta mee iru olerki politetan bere giotar lenengo opariak, Jakakortajerena'k, dakarzki; apal eta goxo bertso leunetan gai egokiak ikutzen ditu Zugazti apaizak; minkun eta xamur Arozena euskaltzale zintzoa, esaridun neurtitz laburetan.

        Ernaitzen ari diran elerti-landare oiek itxaropen ugaritsuak ez ote dizkigute eskaintzen? Olerki arin eta alaia, egiz, Enbeita'tar Imanol'ek egin diguna.

 

        Betegarriz edo

        Nai izan ditugu beste bi olerkitxo ere txorta onetan bildu. Bata Jauregitar Koldobika, gure olerkari bikain-bikaiñenetakoak, bere omenaz egin zan Errenderiko Olerki Egunean, irakurri zuan olerki iaio ta arrigarria. Bestea Euskerari Emakumeen maite-agurrean, orain egun gutxi egin dan jai zoragarri orretan, abestu zan olerkia, Labayen'dar Andoni'k erri-erara egindakoa, antziñako ahapaldi bat ereduz artuaz. Guk ere erritar-poesi-antzera argitaratzen degu, ain egoki tajutua deritzaigu eta.

        Ez uste, irakurle, goi-goi mallako olerkiak edo argitaraltzen ditugulakoan gaudela. Ain itxuak ez gera, lauso pizka bat begietan ba-daukagu ere. Baña gauz eder, sotil eta politak aurkituko dituzulakoan gaude. Dana-dala gure elerti pizkundean aurerapen txalogarria egin degula deritzaigu.

 

        [1] Gramática Bascongada, ingoskia 28. Arturo Campión, 1888. Revista Eúskara, 1879, ingoskia 199.

        [2] Revista Eúskara, 1870, ingoskia 91.

 

Bilaketa