Irakurtzeko gomendioa
Paulo Iztueta Armendariz
«Euskal Literaturaren historia laburra»
Orixe
Utriusque Vasconiae, 2002
Orixeren liburutxo hau aspaldikoa da, Euskal Esnalea aldizkariak bere XVIII. zenbakian (1927) argitaratutakoa. Orain, berrargitaratzean, gerta liteke batzuek azken belaunaldikoek, bereziki zerbait berrirekin topo egitea, horrelako lanik bazenik ere ez zekitelako, edo bazela bazekitenek, aintzakotzat hartu ez eta, aparteko garrantzirik eman izan ez ziotelako.
Noski, euskal literaturaren historiaz jardutean, hasierako erreferentzia ezagunenak eta, seguru asko, aipatuenak, izan, Luis Mitxelena eta Luis Villasanterenak ditugu. Gaztelaniaz idatziak daude eta biek izenburu bera daramate: Historia de la literatura vasca. Harena, liburu gisa, 1960an argitaratu zen, baina bi urte lehenago, 1958an, emanik zuen izen bereko laburpen gisako beste lan bat ere, Guillermo Díaz Plajaren zuzendaritzapean, Bartzelonan argitaratutako Historia general de las literaturas hispánicas bildumaren barruan, IV tomoan. Bestearena hurrengo urtean agertuko da, 1961ean.
Baziren aurretik egindako beste lan batzuk ere gai honen inguruan, baina ez era sistematiko batez burutuak, ezta ere osoak. Karmelo Etxegaraik Pablo Gorosabel tolosarraren Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa bildumari egiten dion Eranskinean (1901), adibidez, Gipuzkoako euskal idazleen berri bakarrik dakar. Lehenago, 1895ean argitaratutako P. Henaoren Antigüedades de Cantabria lanean, VI. tomoko Complementos y Apéndices atalean, «Reseña histórica de la literatura cántabra o vascongada» izenekoa dator, aita Jose Ignazio Arana jesuitak idatzia. Iparraldeari dagokionez, iturri oinarrizkoena Pierre Lafitteren Le Basque et la littérature d'expression basque en Labourd, Basse-Navarre et Soule izan da, Baionan 1941 ean argitaratua, Hegoaldeko beste bien antzera, hau ere erdaraz. Eta hor tartean, erdi-galduta bezala, Orixeren Euskal literaturaren atze edo edesti laburra (1927) daukagu, bere laburrean, euskal literatura bere osotasunean hartzen duena, ahozkoa bezala idatzizkoa, nola Iparraldekoa hala Hegoaldekoa. Zentzu honetan, bakoitzari berea zor baitzaio, osotasunaren ikuspegia berekin du, baina ez lanari ezarri zizkion mugengatik, batez ere, lehenengo biek duten luzera. Ez da ahaztu behar sariketa baten deiari erantzunez idatzi zuela Orixek. Besteen argitalpenak, ordea, beste garai batean eta beste euskarri bibliografiko batez egindakoak dira. Hemen ere bakoitzari berea eman behar zaio.
Baina jakin, bazekiten Orixeren lana kontuan hartzekoa zela. Aita Villasantek haren ekarpenari «una historia compendiosa y sintética» eta «excelente trabajo» deritzo bere lanaren sarreran.
Luis Mitxelenak ez dakar ez haren eta ez inoren aipamenik. Baina errenteriarrak hurbil-hurbiletik segitzen ditu Orexako basurdearen pausoak, atzerrian bezala etxean. Orixe Amerikatik itzuli orduko, Euskaltzaindiaren izenean, 1954ko abenduaren 20an gutun bat igortzen dio Tolosara, hil horren 30ean egitekoa den bilerara deituz. Hurrengo urteko urtarrilaren l0ean, beste gutun batekin datorkio, oraingoan Egan-en atgitaratzekoa den galdera-sorta bati erantzun diezaion eskatuz. Handik hamalau hilabetera, 1956ko apirilaren 26an, Urkijo mintegiaren izenean idatziz, euskal literaturaren historia egiteko proposamena egiten dio, bi hizkuntzatan gaztelaniaz eta euskaraz egina izan beharko lukeena. Duen garrantziagatik, bere osotasunean transkribatua doakizu gutuna:
«Mintegi onetako buruzagien izenean idazten dizut. Asmo bat darabilgu aspaldian: lotsagarria dela euskal literaturaren kondaira liburutxo batean ez izatea, ez euskaldunontzat bakarrik, baita ere erdaldunei bagerala behintzat adierazteko, eta olakoren bat behar gendukeela aalik eta lasterren.
Asmo ori onela tajutu dugu, gutxi gora-beera: liburuak bi izkuntzetan agertu bear luke, euskaldunentzat eta batez ere euskaltzaleentzat euskeraz, eta gazteleraz gaiñerako guztientzat. Bi izkuntzak parez-pare joan ditezke.
Eztaukagu aazturik ba ote dago esan bearrik? zerorrek ondu zenduena. Oso gogoko dugu, eta orrexegatik jo dugu zugana. Atsegin duguna artan auxe da, besteak beste: idazle zaarrei, euskaldun gutxik bezala ezagutzen dituzulako, zor zaiena ematen diezula, eta etzerala, maizegi gertatzen dan gisa gure artean, arto bero-usai-zalea.
Gure naia 150 bat orrialdeko liburua izkuntza batean litzake: bitara, beraz, 300 ingurukoa. Ortara eltzeko, oker ezpagaude, leengo lana apurren bat ornitu bearko litzake, zenbait idazle, besterik ezpada ere aipatuaz. Horrela dituzun utsuneak elirake agian diren bezain lotsagarri agertuko, eta ori gezurrik esan gabe. Gero, jakiña, berriagoak erantsi bearko litzaizkioke, zerorri artean zerala. Etzaizu noski atsegin izango zerorren buruaz mintzatzea, baiña naikoa zenduke egin dituzun lanak aipatzea, eta izan dituzun asmoak agertzea.
Lan ori zere gain artu nai bazendu eta eztakigu nork ar lezakean, zuk izan ezik, esaiguzu mesedez zenbat derizkiozun lan-saritzat, eta zer epe bear zendukean ontzeko gutxi gora-beera. Naikoa zenduke izkuntza batean, nai duzunean, egitea. Orduan, jakiña, bestera egindako itzulpena elitzake argitaratuko zerorrek ontzat eman gabe. Baiezkoan, eskabide bat egingo genizuke. Gai oriek zoritxarrez jendea batetik edo bestetik min dezaketen alakoak diren ezkero, lana zearo ondu baiño leen, gerok ikusi eta iritzia emango genizuke, zer edo zer geitu ala aldatu bear litzakeela irudituko balitzaigu. Eluke iñork ezer aginduko, bego ori garbi: elkarrekin izketatzeko gaia izango litzake, nork bere arrazoibideak azaltzen dituelarik.
Badakigu eginkizun onek gogokoago dituzunetarik baztertuko zindukeala. Ez genduke nai, alaz ere, ongi aztertu gabe ezezkoa ematerik. Ain gaude guztiok orrelako liburu baten bearrean! Gure asmoak eta usteak garbi-garbiro azaldu dizkizugu. Batean edo bestean aldatu bear lirakeala uste bazendu, emaiguzu zure eritzia batere kupidarik gabe.
Elkarrengandik urruti xamar lurrez ezpada ere bizi geran arren, gogoan zauzkagu beti, hainbeste euskaldunek bezala. Eta esanera gauzkazu beti».
Gutun honetan gauza asko datoz ezin zehatzago azalduta: hasteko, haren Euskal literaturaren atze edo edesti laburra, 29 urte pasatu diren arren, oso gogoan daukala eta hor, guztien gainetik, euskal idazle klasikoez erakusten duen ezagutza eta aitortzen dien zorra miresten dituela. Hori esan eta gero, lehen egindakoa oinarritzat hartu eta osatuz, liburuaren plangintza zehatza egiten zaio, horrelako lan bat burutzeko bera litzatekeela egokiena esanez. Luis Mitxelenak gutun horretantxe agertzen du garbienik Orixeren saio horretaz duen iritzia, ezin positiboagoa dena. Noski, Luis Mitxelenak Urkijo mintegiaren izenean idazten du, baina, inolako zalantzarik gabe, bere iritzi pertsonalak dira bertan azaltzen dituenak.
Proposamena ongi aztertu gabe, ezezko erantzunik ez dezala eman eskatzen dion arren, handik astebetera, maiatzaren 5eko gutunean, hain zuzen, egiteko hori beste baten esku uzten duela diotso:
«Lenik, eskerrik asko nitaz oroitu zeratelako. Gero, "Urkixo" mintegiak merezi du ori ta gehiago ere nik egin dezaiodan; baiñan ez dut berriro eltze ortan burruntzailia sartu nai. Len ere zentzaturik nago gure iendearekin. Asko ta asko daude nere iritziaren begira, batez ere poeta bezala, ta nik iritzirik eman nai ez. Naiago dut pakea.
»Lan ori Aita Onaindia'k egin dezake laister eta ederki. Nor-nai dala lan ori bere gain artzen duna, iakin dezala, nere lanez baliatzeko baimena ematen diodala, nai dun eran erabilteko, eta nik ez dudala ezeren eskubiderik aipatuko.
»Ni osasunez beiñere baiño okerrago. Aste ontan izan ditut bi eroriko aundi, biak zauriekin. Oraindik ere ez dut etsi, baiñan etsitzeko ere ba-da oinbeste kolperekin».
Ezezkoaren arrazoia ez da, noski, osasun txarrarena, bere iritziak agertzeagatik etorri izan zaizkion erasoek eragindako eskarmentuarena baizik. Horregatik ez du burruntzalirik sartu nahi irakiten pil-pilean dagoen euskaltzale eta euskal idazleen eltze horretan. Eta enbarazua ahalik eta lasterren kentzeko, aita Onaindiaren izena ematen du, baina Luis Mitxelenak, 1956ko maiatzaren 18ko gutunean jakinarazten dioenez, haren izena ez da interesatzen: «Aita Onaindiaren izena gogoratu zitzaigun leen ere. Badakigu orrelako lan baterako bear diren doaiez ornitua dagoela, baiña zertxo batek atzeratzen gaitu. Bigunegia izango litzakeala alegia, eta naiago genduke irizle zorrotza xamurra baiño». Luis Mitxelenak ere nolabaiteko arrazoiak bilatzen ditu Orixeren proposamenari ezezkoarekin erantzuteko.
Kontua da eta orain berriro hasierara gatoz, Orixeren ezezkoa jaso ondoren, enkargu hori beste inori eman nahi ez eta, azkenean Errenteriako hizkuntzalariak berak hartuko duela bere gain egiteko hori eta orduko erabaki horren emaitza izango dela handik lau urtera argitaratuko den bere Historia de la literatura vasca. Geroztik, bakoitzak bere bidea eginez, euskarazkoak etorriko dira: lehenik 1971n Ibon Sarasolaren Euskal literaturaren historia eta hurrengo urtean aita Santiago Onaindiaren Euskal literatura, bost tomotan argitaratuko dena. Luis Mitxelenak bi hizkuntzatan emana izan zedin nahi zuen. Hara hor, bada, hizkuntza bakoitzean bina lan burutuak, geroztik etorritakoak aparte utzita, noski.
Orixek ezezkoarekin erantzun baitzuen, haren saio labur baino trinko honek isilpean egingo ditu urte luzeak, Euskal-Esnalea-ko sei emanalditan sakabanatuta, 1991n haren Idazlan guztiak bildumako III. tomoan osorik jasoa izango den arte. Baina hor ere lehen bezain itzalean eta hilik segitzen baitu, hara zergatik bururatu zaigun argitalpen autonomo batean argitaratzea. Merezi duelako. Eta, batez ere, euskal literaturaren gainean egindako lehen historia delako. Eta, gainera, euskaraz egina.
Zalantzak izan ditut Orixeren originala ortografiaten aldetik eguneratua eman, ala bete hartan utzi. Testuak ulertzeko batere zailtasunik ez baitu, bere hartan uztea erabaki dut, gehienbat arrazoi linguistiko hutsarengatik, Orixek garai hartan nola idazten zuen jakin dezagun.
Honaino Orixeren saio hau argitaratzera zerk bultzatu gaituen azaltzen aritu natzaizu. Bidean Mitxelena eta Orixeren arteko gutunetan euskal literaturaren barne-historiarako informazio interesgarririk aurkitu ahal izan dugu, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian artoski gordetzen dena.
Saio saritu hau 1927an argitaratu baino lehen, ordea, 1924ko maiatzean hasi eta 1925eko abuztuaren 3a arte, hainbat artikulu eman zituen argitara Euzkadi-n hauek gaztelaniaz, Primo de Riveta diktadorearen garaian, euskal klasiko batzuen gainean, zein baino zein jakingarriagoak, garbizalekeriak gora egiten zuen garai hartan. Horietatik adierazgarrienak «Artikulu solteak euskal klasikoen gainean» izeneko Eranskinen atalean aurkituko dituzu. Honela, bi testu-multzoak euskarazkoak eta gaztelaniazkoak bateratuz, elkarren osagarri eta, bidenabar, argigarri izango zaizkizu. Bukaeran, «Hondar Hitzak» izeneko atalean ematen ditut Euskal literaturaren atze edo edesti laburra saioari zein artikulu bilduma hautatuari dagozkien xehetasunak, Orixeren gai honi buruzko ekarpena bere osotasunean eta testuinguruan ulertzeko lagungarri izan dakizun. Nire aipuen iturriak ere Eranskinetan dauzkazu.