Maitale zoroa, zoro maitagarria
Xabier Mendiguren Elizegi
Beasainen, 2002ko otsailaren 25ean
«Errua eta maitasuna»
Markos Zapiain
Elkar, 2002
Orain arte ez dut inoiz egin eta kontatu egin nahi dut noiz eta nola ezagutu nuen Markos Zapiain. Dozena erdi bat urte izango dira honezkero. Egun batean, gutun-ontzia zabaltzean, gero eta ugariago jasotzen dugun posta ofizial-komertzial-parainstituzional parrastaren erdian, eskuz idatzitako eskutitz bat ikusi nuen; letra harrigarri handiz idatzita nire izen-helbideak, eta guztiz ezezaguna igorlearen deitura. Harridurarekin batean gogoeta etsi bat egin behar izan nuen denboraren joanaz: urte batzuk lehenago kilikaz beterik irekiko nuen gutuna, urtebetetzeko oparia zabaltzen duen haurraren poz berberaz; une hartan, ordea, nire iritziek mindutako norbaiten purrustadaren beldur edo halako susmo zehazgabe batek harturik nengoen (garai batetik aurrera, gure bizitzan gertaturiko edozein aldaketa ia beti txarrerako izango dela hasten gara sentitzen: gainbeheraren eta kontserbadurismoaren zantzu ezin argiagoak). «Ea ze zorok idazten didan orain...» esan nuen neure artean sobrea urratzearekin batean. Zoro hura, tontoenak ere antzemango zion, Markos Zapiain zen; barrukoa, berriz, idazlerik harroena lotsatzeko moduko lore piloa, gutuna galdu ez banu ere errepikatuko ez nukeena. Neure lasaitasunerako erants dezadan jainko-txiki asko duela Zapiainen aldareak, denoi pizten digula aldian-aldian kandelatxo bana, eta lagunarte onean bizi garela Parnaso politeista horretan.
Artean komunikabideetan estreinatu gabea zen Zapiain. Handik une batzuetara hasiko zen idazleekiko mirespen pribatu hori jendaurrean azaltzen, liburu-kritiken bitartez. Zapiainen kritika-bidea liburu honen irakurleak berehala ohartuko diren moduan ez da, ia guztiok hobetoxeago edo okerxeago egiten dugun legez, liburu jakin baten merituen aipamena edo akatsen abisua. Baina ezta laudorio akritikoa ere. Zapiain hitz zehatz batez difinitzekotan kritiko «enpatikoa» da. Berba zantarra ulertu ez duenarentzat, egilearen hitzetan bila genezake azalpena: «liburuarekin erotu arte bat egitea, arimaren abentura arriskutsu batean amiltzea, liburuaren gakoa atzeman eta nabaritzekotan».
Bera nortasun ahulekoa dela esan ohi du Zapiainek idazlearekiko identifikazio hau azaltzeko, eta idazleek, baieztapen horren atzean izan litekeen ironia apurra zalantzan jarri gabe, gogo onez onartu ohi dute egolatria-punttu hori (egolatria eta guzti, ahulak baikara gu ere, Markos). Idazleen uste-musteak alde batera utzita, baina, irakurlearentzat da interesgarriena, nik uste, Zapiainen kritika-modu hau. Izan ere, hemen ez duzu aurkituko entomologo baten deskribapen xeherik (salbuespen batekin: Choderlos de Laclosen Harreman arriskutsuak goitik behera kontatzen digu, baina, filma ere lehendik ezagutzen genuenez, gaitz erdi), ez aholku-emaile zuhurraren balorazio ongi neurturik. Hortaz, prentsako erreseinen funtzio duin baina txepela gainditu egiten du, eta literaturaren larreetara hegaldatu: liburu honetako artikulu bakoitza saiakera labur bat da bere horretan, artelan txiki bezain kilikagarria, abiapuntu eta aitzakia liburu batean duena betiere, baina hortik aurrera politikaz, filosofiaz nahiz psikologiaz ere ari daitekeena: bizitzaz, azken batean.
Zapiainentzat literatura ezagutza-bide gorenetako bat da, plazera eta argitasuna erdiesten ditu oheko bere jarrera pasibo horretan, eta irakurleoi transmititu nahi digu gero esperientzia hordigarri eta ameslari hori. Saio hauek irakurtzean Zapiainek eskuetan daukan liburua irensteko gogoa pizten dizu, zu ere sentipen berezi horien jabe bihurtzeko; delako liburua lehendik ere ezaguna eta irakurria baldin bazenuen, berriz, atsegina berritzen dizu, eta zeu ohartu ez zinen hainbat alderdi sujeritzen.
Ispilu-joko bat osatzen ari naizelako irudipena sortu zait oraintxe bertan: hainbat idazlek beren lanak kaleratu zituzten noizbaiten; Zapiainek, haiek komentatuz, artikulu bana plazaratu gero; ondotik, artikulu horiek bildu eta liburu bat osatu dugu; eta, azkenik, liburu honixe buruzko artikulua ari naiz idazten une honetan. Zirkulua ez da itxi, ordea: lerrook irakurtzen dituzun horrek liburua irakurtzea nahi nuke hurrena, eta hala eginez gero seguru ez zarela geratuko bertan iruzkintzen diren obretako bat edo beste dastatu gabe...
Erru-sentimendu petral bat geratu zait, halere, eta hauxe aitortuz amaituko dut: irakurle peto gutxi daukagula kexatu ohi gara sarritan, liburugintzarekin aldez edo moldez loturik daudela txuri gaineko beltxa miatzen ibiltzen diren gehienak; Markos Zapiain, oraintsu arte, istorioen amodioa beste interesik gabeko literaturazale huts bakan horietako bat zen, baina aurrerantzean idazleen tribuan sartu beharko dugu bera ere. Bekatu horren barkagarri, ailedi liburu eder hau beste dozenerdi irakurle zororen mintegi.