literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Hitzaurrea

 

Luis Berrizbeitia

 

«Eremu karroinduak»

Elkar, 1992

 

        Aspaldi luzea da poema hauek enekin daramatzadala, gainetik kentzeko parada baten zain. Ez konpainia txarra direlako ordea, baizik eta, zerbait gisaz, lagun berriak egitea eragozten didatelako. Poemak izaki biziak baitira, eta jeloskorrak. Nahi dute beti arta ditzazun, laztan ditzazun, eta diren baino ederragoak egin ditzazun. Baina zure denbora lagun zaharrak balakatzen igaro ezkero, nola edo nondik atera astirik aski adixkide berriak egiteko? Horregatik pozten naiz behin edo behin liburu han kalera agerturik.

        Liburu hau irakurtzera jartzen dena laster ohartuko da poema hauek hiruzpalau ardatz edo kezka nagusiren inguruan mugitzen direla. Herria, Artea, Denbora... Bakoitza bere garaiaren semea da, eta gu, euskaldun garenok eta izkribuetan denborapasa baino zerbaixka gehiago bilatzen saiatzen garenok, inguruan ikusten ditugun argi eta itzalen islada baizik ezin izan gaitezke. Euskaldun izateak, gauza ageria da, poz baino atsekabe gehiago ematen dio edozeini, izate hori gaur egun funtsean borondatezko ekintza neke eta sofritu bat delako. Garai batean, sinistu nahi dut, euskaldunok oihanetako haritzak bezalakoak ginen. Haiek bezala, lur naharo bati erroturik ixiltasun eta lasaitasunaren gordagian sortu, hazi eta bizi ginen, kasik ezaxolaz, mendeak gure enborren gainetik astiro ixurtzen ziren bitartean. Gaur egun oihan horretara aizkora agertu da, eta haren dirdirak haritzok oro izu dardaretan ezarri gaitu. Ez baitugu nahi egotz gaitzaten arrotzaren etxeentzako ohol mutu bihurtuak izateko. Haritzaren izu dardara aizkoraren bixtan: horixe da liburu honetako poema batzuen bitartez dastarazi nahi nizukeena.

        Poesiari buruzko teorietan ez dut sartu nahi. Nork ezarri diezaioke hesirik haizeari, edo izarbelen ibiliari? Poesia haizea edo izarbelak bezain libreki mugitzen den pentsamendu eta musikazko korronte bat da. Libreki diot, ez ordua anarkikoki. Izarbelik txoroenak bere ibilia aurrez xedatua du, eta poemarik espontaneoena, ez iruditurik ere, erregela zenbaiten arabera moldatua da. Ondoan irakurriko dituzunei buruz esan dezakedan gauza bakarra da ahalaz sinpleak eta zuzenak egitera entseatu naizela. Gauza konplikatu eta bihurriez engoitik badugu asea, eta ustea harturik nago gauza inportanteenak, edo behintzat enetzat inportanteenak direnek, ez dutela edergailurik behar beren garrantzia argiago erakusteko. Gizon bertutetsu batek bere bertutea zarparik itsusienaren azpian ere agertarazten duen bezala, poema batek bere balioa esamolde eta egitura xaloenen artetik ere iragaztera utzi behar luke. Sinpletasuna mespretxatzen irakatsi diguten aro honetan, nik nire burua bere zerbitzura ezarri nahi dut, apur bat badere, hura gutiesten duten guztien despit eta hura ontzat harturik ere oraino aski maitatzen ikasi ez dutenen alde. Bertutea delako ene xedea, eta ez —salbuespenak eta ezintasunak salbu— girgileria.

        Euskaraz badago hitz polit bat: «sorgin sagarra». Sagarrondotik urrunxe agertzen diren sagar eroriei esaten omen zaie, ustez-eta sorgin batek eraman dituela dauden lekura. Gure arbasoek ulertzen ez zituzten gauza guztiak magia eta mitoaren soineko distirantez jazten zituzten, gaur egun lumeroz eta izen luzez jazten ditugun bitartean. Guk haiek baino gehiago dakigu, baina ez gara haiek baino jakintsuagoak, informazio gehiago daukagu, baina jakituria gutxiago, tradizio biziarekin eten egin dugulako, eta tradizioa da informazio puxketa guztiak elkarretara armonian josten dakien joslea, gero puxketa guztiekin bizitzaren une eta tenore guztietan erabiltzeko soineko bat prestatzen dakiena. Gure mende honetan, zorionez ala zoritxarrez, soineko hori geronek geure eskuz eta geure gostuz josi behar dugu, eta egia baizik ez da gutarik gutxi baizik ez direla arribatzen lan hori egoki burutzera, hots, gure gorputz-bihotzak ganoraz estaltzera. Gutarik gehienok erdi biluzik goaz, gure beldur eta antsiak ematuko dituzten ulermenezko adabakien bila. Funtsean, nik idazten ditudan poemak adabaki puxketa hoiek berak baizik ez dira, ziztatzen nauten haize eta kixkaltzen nauten bero bafadetarik neure burua gerizatu beharrez neketan eraikitzen ditudan ulertze parzialezko atal edo ipingi barreatuak. Badakit sekula ez naizela geldituko hoiek biltzetik, baina ene gorputzari sekula geriza perfet bat ematera iritsiko ote diren, hortaz nik ere beste edonork adina zalantza egiten dut.

        Hara, argi eta doia egin nahi nuen hitzaurrea iluntzen eta bihurritzen hasi zait. Bridak tinkatzeko ordua heldu da. Luzeago jardunez ez dut argi gehiago emango, eta bai agian ez zuk eta ez poemek ere merezi ez dituzuen nahasbide galgarri batzuk sortuko. Beraz, hementxe bertan ematen diot azkena.

        Ontzia nola belara, halaxe dira poema hauek prest argitara. Nahi duena betor ontzira eta has bedi trabesia.

 

Bilaketa