literaturaren zubitegia

998 idazle / 4.763 idazlan
7.297 esteka / 5.810 kritika / 1.828 aipamen / 5.239 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Robustiana Mujika, Tene Mujika

 

Emakumeak euskal literaturan

 

Juan San Martin

 

«Gogoz, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978

 

        Euskal literaturagintzan, zoritxarrez, emakumezkorik gutti izan dugu. Bai lehen eta bai orain, emakume idazleak oso gutti aurkitzen dira gure literaturan. Urritasun hau nabarmen agertu zuen Mari Carmen Garmendiak Hegatsez izeneko hitz-lauzko bilduman. Bilduma honetan bertan ere, hirurogei idazletatik hiru bakarrik dira emakumezkoak.

        Aurten, ONU-k nazioarteko emakume urtea izendatu duanez, gure lagunkide emakumezko idazleak gehituko balira, ez legoke gaizki.

        Emakume euskal idazleak, beren urritasunean ere, aspalditik aurkitzen zaizkigu. Hasteko, XV. mendeko hiru ezagutzen ditugu eresigintzan. Andra Milia Lasturko, Peru Garzia de Ororen emaztea haurgintzan hil zelarik eta senarrak une berean lehendik adiskide zuen Marina Arrazolakin ezkontzea pentsatu, andre Miliaren aizpak Mondragoeko hiletetan bedonek jarritako eresiak kantatu omen zituen. Eresi hoietatik lau bertsuko koplak ezagutzen ditugu, poesiaz ederki jantziak. Aski hedatuak daude «Zer ete da andra erdiaren zauria? / Sagar errea eta ardao gorria...» hasten direnak. Hirugarren bertsotik ikus genezake beren egitura:

 

                Iausi da zerurean arria,

                Aurkitu dau Lastur-en torre barria,

                Edegi dio almeneari erdia.

                Lastur-era bear dozu, Milia.

 

        Miliaren aizparen bertso hauek ez ziren gelditu ihardespenik gabe. Gainera, erantzun ere, emakumezkoak erantzun zion. Andra Santxa Hortiz, Peru Garzia de Ororen arrebak. Bere lehenengo bertsoa, honela da:

 

                Ez dauko Peru Garziak bearrik

                Ain gatx andia apukaduagatik,

                Zeruetako mandatua izanik,

                Andrariok ala kunpli jasorik.

 

        Beste bat gehiago ezagutzen da, Milia bizi zen artean ohorez kunplitua izan zela agerraraziz. Miliaren aizparenak ere gehiago ezagutzen dira, guregana heldu ziren zatiak baino ez badira ere. Azken bertsoan beste bi andra ere aipatzen ditu, Mondragoen gaizki hartuak izan zirenak, eta jakingarria dugu emakumezkoaren berdintasuna XX. mende hontan oraindik lortu ezinik gabiltzanean:

 

                Mondragoeri artu deutsat gorroto,

                Giputz andraok artu ditu gaxtoto.

                Iturriotz kalean andra Maria Balda-ko,

                Arte kalean andra Oxanda Gabiola-ko,

                errebalean andra Milia Lastur-ko.

 

        Eta ez da hau garai hartako kasu bakarra. 1464an, Ibarretan Martin Bañez Artazubietako hil zutenean, bere emazte zen andra Santxa Otxoa Ozaetakoak, kronika zaharrak diotenez, honako eresi hau kantatu omen zuen:

 

                Oñetako lurrau jabilt ikara,

                Lau aragiok berean berala,

                Martin Bañez Ibarretan il dala.

                Artuko dot esku batean gezia,

                Bestean zuzi iraxegia,

                Erreko dot Aramayo guztia.

 

        Bere indarrean bertso biribila benetan. Poesiagintza ongi menderatzen zuten adiarazgarriak ditugu hamagosgarren mendeko hiru andra horienak.

        Ondoko urteetan, herri kanta batzuetan emakumezkoak egindakoak nabari badira ere, batez ere haurrak lotaratzeko sehaska kantetan, hutsune handia dugu. Azkoitiko Gabon sariak-ren egiletzat genuen Luisa Miserikordiakoa ere (batzuk Sor Luisa-tzat erabili dutena) baztertu beharra dugu, Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondearena dala zihur jakitera heldu garanez.

        Hau hola delarik, Azkoitian bertan sortu zen Bizenta Antonia Mogel dugu lehen emakumezko idazlea euskal literatura. B. A. Mogel, Juan Antonio apaizaren iloba eta ikaslea, 1782ean jaio zen eta 1854an hil. Esopo-ren ipuiak itzuli zituen eta Ipui onak izenez argitaratu, 1804an. Azken urteetan, Bilbon bizi zalarik (Abandon, hobeto esateko), Paulo Ullibarriren adiskide izan zen eta honen eskariz nonbait, Gabon-kantak idatzi zituan, Julio de Urkixok RIEV aldizkariaren lehenengo eta hirugarrengo tomoetan argitaratu zituenak. Bizentak, Juan Jose izeneko anaia bat ere euskal idazlea zuen. Bere bizitza ta laneri buruzko zertzeladak Ipui onak-ren hirugarren argitalpenari egin nion hitzaurrean. ematen nituen. Ikus, Auspoa (28), 1963an argitaratua. Ipuiak gipuzkeraz daude —joskeretan zenbait huts baditu ere, badu zer irakatsi—, eta kantak zein alegiak, bere gisara bertsoz osatuta, bizkaieraz.

        Beste mende bateko isil-unea gorde zuten (edo gordearazi zitzaien) Euskal Herriko emakumeak. XIX. mendearen azken partean Rosario Artola, Ramonen alaba eta Peperen arreba, hasi zen poesiagintzan, 1889an «Euskal-Erria» aldizkarian, eta 1918an hil zan arte jarraituaz.

        Beste idazle baten iloba eta ikasle zen Rosa Bustintza (Kirikiño-ren iloba eta ikasle) mende honen partetik ipui eta alegiak idazten hasi zen.

        Gaur bizi direnen arteko zaharrenetakoak ditugu Julene Azpeitia zumaiarra hainbeste artikulu, ipui, irrati-saio eta abar idatzia. Bere bizitzarik gehiena Bizkaian irakasle pasatu du, 1920an gastronomiazko liburutxo saritu bat argitaratu zuen, gero haurrentzako irakurgaiak. Amandriaren altzoan eta Zuentzat izenekoak ditu argitaratu dituen liburuetan garrantzitsuenak. Aspaldiko urteetan Euskaltzaindiko laguntzailea dugu.

        Eta Tene Mujika debaarra, adin berekoa Miren Itziar'i idazkiak eta olerkiak lan saritua 1923an argitaratu zuena, Gogo-oñazeak eta Gabon antzerkiak ere sarituak izan zituen, 1935ean argitaratuak; eta Joan Joxe bakarrizketak ere saria jaso zuen.

        Oraindik hoiek baino urtebete zaharragoa dugu Marie Ariztia

saratarra, 1887an sortua, mugazandiko aldizkarietan maíz izkribatzen duena, Amattoren uzta (1934) liburuaren egilea eta herri-ipuien biltzaile eta argitaratzailea, Laburditar ipuñak (Anuario de Eusko-Folklore, XIV, 1934).

        Gazteagoak aipatzeaz bide lerragarrietan erori gindezke. Gaur egun, idazle gazteagoetarik, nahi haina ez bada ere, anitz bada. M. K. Garmendiak Hegatsez liburuan jartzen du zerrenda labur bat. (Bertako M. Hegiaphal ez da emakumezkoa, gizonezkoa baizik.) Baina literaturagintzan lanik sakonena egiten ari direnak aipamen berezia merezi dute: M. J. Minaberry, antzerkiak eta haurren ipui eztitsuak izkribatu dituena; M. L. Iriondo ere bide beretik arituz antzerki eta ipuin egilea; A. Lasa eta A. Urretavizcaya poesiaren arloetan hain naro ari direnak.

        Euskal literaturaren alorrak langintzarako hain dira zabalak, oraindik lan asko dugu aurrerantz eramateko, ikastoletan andereñoak bezala, idazle arloak ere gehituaz bete beharrak ditugu, eta urte honetan emakumezkoaren integrazio aldera egiten diren lanak beste asko langintza honetara behartzeaz poztuko ginake.

Juan San Martin

1975-II-24

 

Bilaketa