literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Ataria

 

Luis Villasante

Euskaltzaindikoa

Arantzazun, 1962-ko Maiatzaren 31-an, Asensioko egunean

 

«Elorri»

Bitoriano Gandiaga

EFA, 1962

 

        Gutxitan ikusi izan dut nere burua onelako istillu edo estuasunetan sartua. Oraindik asko eztala, ara zer zion baten batek nigatik: «Prosa-zalea agertzen zait neri Villasante, eta are irakas-prosaren zale, olerkarien kaltetan bear bada iñoiz edo bein» (Egan, 1961, 253-254). Eta orain ez naute ba jarri poema aundi baten arrazoi ematen? Ortarako gai ez izanik ere, nola eman nezaioken ezetza, orain lagun, ta iñoiz dizipulu ta beti anai dudan egilleari? Batek baiño geiagok esan dio oni bere lanak asko irabaziko lukela ataurre bat balu. Poemaren nondik-norakoa, ari gidaria, eta zenbait adibide edo xehetasun jakingarri dakarzkian ataurre bat balu, alegia. Eta adiskide-antzo eskatu zaidan ataurre ori egitera jarri naiz borondaterik onenakin. Eztakit asmatuko dudan. Parkatu nere ausardikeria.

        Nere eginbearra alik ondoen betetzeko, izan ditugu bion artean —egilleak eta biok— itz-aspertu batzuk, poema guztia irauliaz, eta ala egillearen beraren aotik argitasun asko jaso izan ditut. Ala ere ba-dakit nolako istillu txarrean sartzen naizen.

 

        LIBURUA

        ELORRI jarri dio izena. Emen, Aloña-maldan, eta inguru auetan, elorria ugari ikusten da. Arantzazuko Ama ere elorri baten gaiñean azaldu zan. Zuaitz kaxkarra da, biurria, txalkorra, zarpilla, aitzartean sortzen dana, ezertarako balio eztuana; baiña ala ere, udaberrian, lore txuri txatxarrez josia ta estalia agertzen da, elurrez betea bailitzan, begien pozgarri. Egilleak elorria artu digu, bada, giza-bizitzaren irudia bezala. Bai, giza-bizitza ere alakoxea omen da: txalkor, zarpil, arantzez josia, miña ta samiña alde guztietatik dariola; ala ere, iñoiz ba-daki lore txuri txatxarrak ematen.

        Arantzazuri buruz beste poema bat?, esango du irakurleak. Duela amabi-amairu urte, agertu zigun Aita Salbatore Mitxelenak «Arantzazu, euskal poema», Arantzazuko kondaira oiñarritzat arturik. Oraingo au, ordea, oso bestelakoa da, guztiz beste bat. Au ere emen bizitu izana, eta ala, emengo kutsua ta jantzia darama, nai ta ez: egilleak, or barruan, arima-barruan, daraman Arantzazu kantatzen du, noski; baiña Arantzazurekin batean eta Arantzazu baiño geiago, beste zerbait kantatu edo azaldu nai da poema ontan: giza-bizitzaren auzia, edo egillearen beraren bizitzaren drama, gai orokor eta betierekoa, agi danez. Giza-bizitza bere yoranekin, bere samiñekin, ezin erremediatuzko bere auleriakin, eta gizon on-gose oni fedeak dakarkion erantzuna.

        Gaur oso zabaldua dago bazterretan literatur-mota bat: gizonaren zoritxarraz, bizitzaren ulerteziñaz eta eriotzaren tajugabeaz mintzo zaiguna, alegia. Gure olerkariak eztu joera ori begien bistatik galdu, baiña bizitzaren aitzinean berak artzen duen jokabidea oso da ezberdiña. Ez al da bera kristaua, praillea, apaiza, ta San Frantziskoren semea, gainera? Fedeak erakutsirik, ba-daki bizitzaren misterioari erantzupen arraia ematen. Fedeak, ordea, eztu gizonaren izatea ukatzen edo ez ikusi iduri egiten. Gizona, den bezalakoa, aintzat artzen du, bere jaidura eta griñekin: ots, lurtarra, aragikorra, baiña baita ere yoran azkengabeen jabe. Eta fedearen argitan aurkitzen du olerkariak giza-bizitzaren misterioa zabaltzeko giltza.

        Orregatik-edo, liburuak bere gain-estalkian iru kolore daramazki. Beltz: bizitzako oiñaze eta miñen adierazle. Urdin: bizitza, bizitza danez eta beste gabe, pozgarri baita. Eta zuri: graziazko izaeran bizi dan gizasemeak Jainko berbera duelako bere batean. Biar zeruan izango dugun zorion orren beraren ataria ta asiera bat bezala ematen zaigu orai bereon.

        Liburuaren arantzazutasuna oartzean, pentsa lezake norbaitek: Praille auek iñusentetu edo lelotu dira nunbait beren txoko orrekin, munduan besterik ezpalego bezala... Eztakit nik geiegitxo maitemindurik ote gabiltzan gure Arantzazu onekin. Toki malkartsu onek ba-ditu, bai, bere zoragarritasunak. Edozein modutan ere, bakoitza bere etxean oi da bizi, eta au izan gure etxea. Eta norbera bizi dan etxeari, bertan luzaro bizi danean, ez al zaio jasotzen alako lurrun eta maitagarri-kutsua, besteak alakorik nabari ezpadiote ere? Gaiñerakoan, gorago dierazi dudan bezala, ezta, nere ustez, Arantzazu, olerki auen gai nagusia. Ba-du gai zabalagorik, orokorragorik, eta giza-biotzarentzat ukigarriagorik. Giza-bizitzaren problema, bere galdekizun larriekin, bere burruka latzekin, bere kezka ta miñekin, bere yoranekin, aragiaren eta izpirituaren arteko konpondu eziñakin, eta giza-bizitzako misterio onentzat dagoen erantzun aundi bakarra: fedetik eldu dan erantzuna, alegia. Au da, noski, olerki bilduma onen muiña, azken ondoa, zola ta giarra. Orain, jakiña, egilleak bere giza-bizi ori emen, Arantzazu ontan bizitu izandu du, eta ortik erantsi zaio liburuari bere ementasuna, edo Arantzazu-kutsu zoragarria.

        Frantziskotar-kutsu gozo-jatorra ere bai, noski. Or dabiltza jakintsu kopetillun batzuek eztabaida zaratatsuak eren artean ateratzen: ea Eliza Katolikoaren barrenean izpiritualidade bereziak ote diran ala ez; batzuek baietz eta beste batzuek ezetz diotelarik. Kristoren eta Elizaren dotriña, bat eta bakarra izanik, ez omen dago, batzuen iritzian, izpiritualidade ezberdiñak sortzeko aukerarik. Besteak, berriz, baitezpadako gauzetan batasun ori aitortuaz, nabari dirala —diote— Elizabarrenean alako ildo bereziak. Ebanjelioaren arrobitik Santu bakoitzak, eta guztiz ere familia beraren sortzaille izan diran Santu aundiak, bakoitzak bere arri berezia landu balu bezala, bere ondasun propioa edo partea beretzat artu balu bezala. Ala Asisko Done Franziskok ere ba-du, noski, bere nortasun agiria, Santuen artean, bere izpiritua, eta izpiritu ortatik asko edo gutxi erantsi oi zaie aren seme diranei.

        San Franziskogan agiri diran doaietan, onako au da, ezpairik gabe, oso ezaguna: izaki eta sorkari danen ederra ikusteko eta dastatzeko zuan begi zoli-garbia. Gauzen poza, izadiaren garbitasun errugabea zekian sumatzen. Izadiaren liburu aundian zekian gogoz irakurtzen. Bai, gaur analfabetismuari gerra egiten zaion garaian, ez al gera egundaiño baiño analfabeto gorriago biurtu jakinduri ontan? Ba-du gure mende onek San Franziskoren bearra, gauzetan ezkutaturik dagoen Jainkoagana gure gogoa jasotzen erakusteko. Aita Gandiagak gutxik bezala egiten dizu ori. Gutxik bezala daki gauzetan datzan edertasun errugabeko ori zurrupatzen, eta Jainkoaren presentzia adoragarria nunai nabaritzen. Gauzen alderakotzat duen ikuste-moldean eta oietara urbiltzen dan izpirituan, frantziskotar-kutsu jatorra ikusten diot nik gure olerkariari.

        Baiña ba-da emen beste zerbait ere, isildu bear eztana: prantziskotar eskola eta Arantzazuko giroa, bi-biak etorri dira aurtzaroko munduari osagarri zoriontsua ematera. Nik eztakit zer duten aurtzaroko oroitzapenak, baiña lillurazko mundu bat sorrarazten dute gu baitan. Bizitzako goiberak noranai bultza gaitzatela ere, oroitzapen oiek an geldituko zaizkitzu aparteko bazter sakratuan betiko tinkaturik, ametsezko lurraldea bailitzan. Gure olerkaria, Gernika-inguruko baserri batean jaioa da. Baserri ori, Orbelaun, menditsua da oso. Erriz Mendatakoa, elizaz Arratzukoa, edozein etxetik eta erritik urrundua; beraz, bakartade izugarri baten erdian dagoen etxe bateko seme. Mendiko bizia, ardi-bildots-txori kontuak ta abar txiki-txikitatik zaizkio ezagun. Eta Orbelaundik Arantzazura aldatu zanean, etzuen, alde ontatik, giro-aldatze aundirik jasan bear. Toki menditsua au ere, ardi-tokia, pagadiz, belardiz ta mota askotako landarez ta egaztiz josia. Txikitatik atsegin zaion giroan murgildurik bizitzeko aukerakoa.

        Baiño bizi... bizi... besteok ere bizi gera toki berberean, eta eztugu, noski, poetek sumatzen duten goi-mundu antzaldatu ori nabaritzen. Ortarako begi berriak —azti-begiak— izan bear, nunbait, edo sen apartekoa, susmo berezia, intuizioa, edo musek igorritako doai sotil ori. «Alanbretako ule-malutak»... Zenbat aldiz eztitugu ikusi artille-moltso oiek itxituretatik zintzilika!... Baiña guri eztigute ezer esan. Gure olerkariaren begientzat, berriz, zer eta zenbat eztute adierazten! Eta onen antzera, zenbat gauza ezlirake aipatu bear!...

 

* * *

 

        Zer da, beraz, ELORRI? Poema bat? Gaia gutxi gorabera, ondo edo gaizki, adierazi dizut. Baiña ba al dute erabateko batasunik emengo olerki guztiak? eta zein ote da denak alkarrekin josten dituan aria? Ba al ditu poema edo dalako onek parte berezi batzuk? Galdera auei erantzuten ezta errez, neretzat beintzat. Gauzak ondo kateatuak eta erreskadatuak maite ditugunok, Aristotelesen logikaren araura ondozkatuak; eta eskuen artean erabilli, ikutu, eskuztatu eta aztatu ditezken izakietara oiturik gaudenok, gure mundutik lekora aurkitzen gera, onelako lan baten arrazoia eman bear dugunean. Olerkariak berak esaten digu zer moduko itzak nai lituzken: itz meak, ariñak, gizentasunik ez gorputzik ez astuntasunik eztutenak, lurrunaren pare-edo diranak. Itz batzuk kolorerik eztutenak, formagabeak, giro bat sorrarazteko edo adieraztera emateko aproposak, baiño gauza konkreturik azaltzen eztutenak. Gertaerak, kondairak, anekdotak... oiek erabat gelditzen dira kanpoan.

        Mistikoek, contemplación infusa dalako ori zer moduzkoa dan adierazi nai digutenean, onako doai auek ezartzen dizkiote: argi bat argirik eztuena, argi ala illunpe dan eztakizuna, loditasunik gabea, ariña, mea, gorputzik eztuena, jakingarri konkreturik ematen eztuena, kolore-gabea, forma-gabea... Ots, gure olerkariak ere alako itzak nai lituzke. Gauza konkretuak, gertaera ospetsuak, materiaren astuntasuna duten anekdotak: orrelakorik eztuzu emen aurkituko. Itz ariña, itz mea, egalaria, alkoolaren izpiritua bezala gora dijoana, arimen alako giro edo paisaje batzuk sorrarazteko gai ditekena, sujerentzi edo antzemate batzuk gu baitan piztutzeko modukoa...

        Liburuaren azken orrian datorren olerkia, poema osoari egilleak gaillurra bezala jarri diona, gogoratu besterik eztuzu. Beronek salatzen baitigu ederkienik zer-nolakoa dan liburu ontako olerki-tankera:

 

                Begian jaio zan.

                Nire eskuak ez eutsan

                ikutu sekulan.

                Iruntz-tanto bat zan

                okaran baltzean.

                Begian jaio zan...

 

        Bai, poema au begian jaioa da, antxen ernea ta sortua. Begia baita intuizioaren eta susmoaren almena, fakultatea. «Nire eskuak ez eutsan ikutu sekulan»: eskua, berriz, materizko lanetan ari dan langillearen tresna duzu, homo faber deritzaion orrek erabiltzen duen lanabesa. Eskuak, bada, poema oni etzion ikutu sekula: tan au ezpaita eremu ortakoa. «Iruntz-tanto bat zan okaran baltzean»: begitik irtendako negar-malkoa: orra zer dan gure poema. Susmo, intuizio ta antzemate sakonen errian gaude, beraz.

        Ba al dira parte agiriak gure poema ontan? Arimako giro bereziak agertzen dituen lan batean, gauzak eztaude alako logika edo ordena zorrotz batekin kateatuak. Baiña dana dala, egillek berak zortzi parte edo atal nagusitan berezi ta partitu du bere liburua. Ikus dezagun, bada, bana-banaka eta oso gaingiroki, parte bakoitzean kantatzen dana. Era ortara irakurleak obetoxeago konprenituko du poema onen eitea edo tankera, eta bertan datozten gai nagusien berri zerbait aldez aurretik jakin ere bai.

        I.— Elorria kantatzen da giza-bizitzaren irudi bezala. Elorriaren ederra loretan dagoenean. Baiña beti eztago loretan. Zarpil ta ezurrutsean ere nabari da franko aldiz. Ala da giza-bizitza ere. Zarpilla, arantzez josia, baiña ala ere maitagarri. Elorria bezelaxe.

        II.— Elorriko loren kantua. Bere bizitzaren poza kantatzen digu olerkariak. Beti lurrezko eta beti izpirituzko: bi alderdiak bear dira aintzat artu, bat ere ukatu gabe. —Bizitzak ba-ditu bere pozak. —Izakien ederra. Jainkoak egindako sorkariak ikustetik eldu oi dan poz garbia. —Arantzazuk ba-du mendia eta ba-du zelaia; ba-ditu Kolejioko umeak ere (oien irakasle duzu gure olerkaria). —Txoko onetan, Ama Birjiñaren ondoan bizitzeak ematen duen poza. Etzuen gustu txarra adierazi Ama Birjinak, toki au bere bizilekutzat autatzean. —Eliza berria egiterakoan bizi izan ditugun dardarazko urteak. —Eliza berri onek ere elorri eta izarren itxura du. —Olerkariak ikusten duen ametsezko Arantzazu. —Arantzazu-aldeko bizitzaren ezaugarri batzuk: elurra, euria, sirimiria, txoriak, prailleak, kanpaia, mendiko iturriak. —Or dago Urbia ere, kamamilla-usaia darion amantala, euskal Arkadia...

        III.— Elorriak, lur gizena autatu bearrean, arkaitza autatu zuan bizitzeko. Ortik datorkio samiña. Olerkariak ere komentua autatu zuan, eta orregatik eztago neke gabe. Berak ere ba-ditu bere jaidura eta griñak, lurrerantza bultza egiten dutenak. Izan zituan bere tentazio eta ezbaiak, apaiz izatera eldu zan arte. Jainkoaren isla, gauza danetan nabari dana. Komentuko bizitza. Klaustroak, baratza.

        Praille etorri nai duen anaiari gaztiatzen zaiona: ez pentsatu larrosa-artean biziko aizenik. —Praille gazte batzuk kantuz ari dira Aitzabalen. Euskeraz kantatzen dute. Orokar izateko, ez al da lehenik norbere lurra maitatu bear? —Arimak jainko-bidean irentsi oi dituen gorabera eta samiñak. Praille-bizitzak eskatzen duen uko egitea. Maitasun bati uko egin, maitasun aundiago baten amoriarren. —Akelarrea (pekatuaren irudia). —Jesus, gurutzean josia. —Jainko-billa dabillen arimaren larriuneak: dena Zugatik utzi, eta gero Zu iñundik ez ageri. —Arantzazuko elizan, mutiko garaian, meza laguntzen zuaneko oroigarriak. Meza ematen ikasten zebillenekoak. —Apaizgintza. Apaiz izatea zer dan. —Meza berria.

        IV.— Ama Birjiña dator elorrira. Menturaz zarpilla dalako. Edo, agian, gure antzeko izan nai duelako. Ama Birjiñaren imajiñak irriparre bat dauka. Ezta arri soilla; arri orrek erantsita dauka gizaldi askoren maitetasuna. Arrizko Andre Mari ortan dugu gure bizitzaren irudia. Arri biurtu zan, aragizko egin zan, gure antza artzearren.

        Izar bat dago Arantzazun. Izar ortara datoz erromesak. Ardi eta elurren erreinu ortara. Arantzazuko ume kantariak, Benedikta deritzaion elizkizunean (elizkizun ontan izaten zan momentu bat zer aundikoa: zapia altxatu, argiak piztu eta ume kantariak aldarera ateratzen ziran momentua).-Kaltzada zaarretik etorri oi ziran erromesen oiartzuna. Zeruan dagoen Ama Birjiñari otoitza. Amaren aurrean beti izan oi gera aur. Arrizkoa zera, baiña ba-da zugan irriparre bat: gu ere lurrezko gera, baiña bada gugan fedearen dirdira. —Sortzez Garbiari olerki saritua. —Eskeintza: zer eman nezaizuke? Zu ere ba-zera nere bearrean. Laguntzen didazu, zeruan zurekin nai nazulako. —Zure imajiña elorri batean dago: orra gu geranaren irudia. —Arri otzezkoa zera, ta elorri batean zaude. Arrizko illargi bat zera, gurari bat, izan nai zenuken orren antzemate bat; eziña ibilli zan zu landu naiez. Zergatik jetxi ziñan elorrira? Griñak utzi eta gure ona goi-aldean dagoela erakusteagatik. —Ama Birjiña agertu aurreko legortea. Iruntzaren Ama, barruko pozaren Ama.

        V.— Arimako giroak, arimako paisajeak kontatzen eta adierazten dira. —Oiñazeak inguratzen gaitu, nai genduke iges egin beragandik, baiña obe dugu artaz baliatzea. —Angelus-aren garaia. Zoriontsu naizen galdetzen didazu? Bai. Nere praille-bizitzaren zoriona. Ume txiroak ere izan oi dituzte beren pozak; nik ene alatsu. Miñak ere bai, noski, baiña ba-da itxaropena. Bizitzako loreak, txikarrak dira; baiña gure penen erdian ba-da argi bat. —Bi gurari dabiltza gizona baitan, elkarrekin burrukan. Arima munduko gauzekin ezta asetzen. Ba-da gezurrezko tristura bat ere. Eguzkirik ezpalitz, tira, baiña ba-dago, ta ala ere beti negarti; mozolo bear luteke izan alakoek. Eguzkiari eztiote leiorik zabaldu nai. —Alanbretako ule-malutak. —Sasiartetik uxatuta jasotzen diran txorien antzera, ala dijoaz igesi nere yoranak, miñak uxaturik...; baiña txoriak berriz ere datoz sasira, eta yoranak ere bai nigana. Izadiko gauzetan poza nabari da; gizona, berriz, beti kopetillun, beti goibel, eta ala ere Zuk, jainko, gauzak baiño maiteago gaituzu. Eriotza. Udazkeneko paisajeari bere laruan igartzen zaio norantza dijoan: eriotzara-bidean. Ni ere ilko naiz. —Uarkan (Gernika-ondoan, Arratzuko bidean) ba-da zerra bat erreka-ertzean. Andik igarotzean, ol-usaia entzuten da. Olak serbitzeko egiñak dira, nik ere aen antzera mesede egille izan nai dut.-Neguko lenengo otz-ikara. Ostroak lurrera erortzen dira. Biotzari ere ori gertatuko zaio. Igande-arratsalde bateko pakea Arantzazun, kanpotarrak alde dutenean. —Adan-i: Zergatik zikindu zenduan lurra belar gaiztoz? —Munduak beti ere engañatzen gaitu. Eskeini, bai, baiña eman, larrosa ustelak besterik ez. Nik billatzen dudana, lore eta izarren gaiñetik dago: egunen batean aurkituko dudalakoan nago. —Otsailleko arratsalde bat, mendian zear. Mendi-tontorren atsegiña. Gorago oraindik dago nere guraria. —Keari begira. —Prailleak piñudian. Arantzazuk gora begiratzera beartzen gaitu, emen ezpaitago beste urruntasunik. Ta abar, ta abar...

        VI.— Udazkenaren tristura. Elorriari loreak eta frutuak joan zaizkio. Oroipenak bakarrik gelditzen dira, ostro igarrak. —Dena da igarokor. —Ardiak beerantza datoz. Illunabarra. Eguzkia Kurtzeberri-aldean etzatera dijoa. Begiak zein itsu diran bageneki, ez genuke beti oiekin begiratuko. —Erroiak (beleak) artotzan izugarrizko triskantzak egiten (aurtzaroko oroipenak omen dira auek). Iparrak kendu dizkio zuaitzari bere orriak. Mamu-antzo gelditu zaio enbor billostua. —Bideak lokatzez beteak daude; masustak elduegiak. —Udazkenak uzten didan gazigozoa. Bideak: zein maite ditudan... —Udaberrian ernetzen ikusi nituan orri aiek, orain igar ikusteak, alako samin gozoa ematen dit...

        VII.— Ez gera bidazti, bide baizik. —Oroipen zaarrak. Geroago ta maiteago ditut. Zozoak, ni ume nintzanean bezelaxe, ari dira kantuz. —Amari: umetan nola janzten ginduzun. Gure erropai usai ona emateko, ereiñotz-abarrak sutara bota eta erropatxuok zabaldu egiten zenituan, usai ura ar zezaten. Aloñako ardiak. Alaxe ikusten nituan umetan, Nabarniz-aldean. Kolejioko umeen karrasiak, illuntzean jolas-tokira dijoaztenean. Kolejioko umeak: Zeuk ekarriak dira, esnea beste janaririk izan ez dezaten. Oparirako bildotsak baitira. Arantzazuko torre zaarra; eliza berria egin zanean, erreka-arruan beera joandakoa. Etzaitut bein ere aaztuko. —Emendik kanpora irtetzen naizenean, ene barruan eramaten zaitut, Arantzazu... —Kolejio zaarra. Nere irakasleei. Nunc dimittis: lur samiña, baiña oroipen gozoz gantzutua. —Nere begiak eldu dira nere itxaropenaren ondartzara: elorri zaarraren ondasuna berekin dakartelarik.

        VIII.— Begian jaio zan (gorago aipatu dugun olerkia).

        Laburpen murritz onek, alde batetik, poemaren eitea eta gaiak ezagutzeko, zerbait laguntzen badu, bestetik itxuragabetu egiten duela ba-dakit. Sar zaitez bada, liburuan barrena, ataurreok utzirik. Egilleak bere bizitzako drama —barruko drama, alegia—, bere pozak, miñak eta samiñak, yoranak, itxaropenak eta joerak utzi ditu bertan mamiturik; eta guzti ori, emen, Arantzazuko toki ontantxe, bizi izan duen eran.

        Atal bakoitzaren sarrera edo aurkezpenak, Jose Azurmendi ikaslearenak dira. Erdal itzulpena, berriz, Aita Pedro Anasagasti, erdal idazle ta olerkari prestuak egiña, egilleak berak lagundurik. Izan leike iñoiz edo bein bi testuak —euskerazkoa ta esderazkoa— bat ez etortzea, baiña ori ezta arritzekoa, egillea gaur artio bere lanean ikutuak eta aldatuak egiten ari da-ta.

 

        EGILLEA

        Esanik dago onezkero nongotarra dan gure olerkaria. Jaiotzako urtea, berriz, 1928. —1940 gnean. etorri zan Arantzazuko Kolejiora. Ordura arte menditar utsa izanik, izan zituen bere lanak latiña menderatzen. Arantzazutik Forura, Forutik Zarautzera, Zarauztik Naparroako Olitera eta emendik berriz ere Arantzazura: oiek izan ziran aren karrerako estudio-tokiak. 1954 gnean. mezako ordenatu zan. Orduan Kolejioko umeen irakasle sartu zuten, eta bertan jarraitzen du, euskera ta abar irakasten. Meza eman-berrian, nagusiek izan zuten gure olerkaria Napolesera bialtzeko asmoa, an Humanidadesko estudio berezi batzuk egin zitzan; baiño —askotan gertatzen dan bezala— ark ara joatearekin utziko zuan zuloa norekin bete etzutela-ta, azkenean joan gabe getditu zan. Orregatik esaten du berak irriz: Nik Barrepolesko Unibersidadean egin ditut goimaillako estudioak...

        Arantzazuko Kolejioan —umetan, beraz— asi zan bertsogintzan, baiña orduan erderaz egiten zituan. Arantzazuri buruz poema bat egiteko gogoa ere ordukoxea omen du. Gero, Foruan asi zan euskerarekin. Oliten, berriz, jarraitu zion bere griñari, eta azkenik, Arantzazun, artarako giro egokia aurkiturik, erabat sartu zan bide ontan. Gaur ateratzen dan liburua Teologiako urteetan asia da. Egintza luzekoa, beraz.

        Irakurtzeak: Quijotea izan omen du beti oso gogoko: arimarentzat oxigenorik onena omen da. Gaztelaniazko ta latiñezko olerkari asko irakurri du karreran-zear. Biblia (batez ere Salmuak), Horazio, San Juan de la Cruz, Fr. Luis de León, Antonio Machado, Dámaso Alonso, Juan Ramón Jiménez, Rabindranat Tagore, ta abar.

        Euskaldunetatik ere irakurri izan ditu, noski, Jauregi, Gabirel Manterola, Lauaxeta, gure Mitxelena, Arrese biak, Orixe, Lizardi ta abar.

        Baiña irakurtzeaz gaiñera, asko pentsatzen dakiana da. Biotzean gauzak astiro ausnartzen dakiana. Bakardade-zalea. Batez ere, mendiko ibillaldiak bakarrik egitea gustatzen zaizkio. Seguru asko, bere begiak —azti-begiak— izakien eder jatorrizko ortan beren gogara murgil ditezen.

        Erabiltzen duen euskeraz, eztago zer Esanik. Bizkaikoa dala bere muiñean, beste lekuetatik aberastutako gaiekin zerbait osatua ta zabaldua bearbada. Bein baiño geiagotan erabiltzen ditu, liburuetan gutxi edo bein ere ikusten eztiran euskal berbak. Oien kontu eskatzen badiozu, auxe erantzungo dizu berak: «Ama guriek ala esaten eban»...

        Olerkion balioaz edo goibeaz ezer esatea, eztagokit neri, baiña, oker ezpanago, Gandiagaren tankera, berezi-berezia ta are berria ere dala gure artean iruditzen zait. Lizardirekin badu antz pixka bat, baiña era berean zein ezberdiña! Orixe-ren Barne-Muiñetan-kin ere guztiz beste gauza bat da. Goratasun edo mailla ontako gauzarik eztala egundaiño egin gure izkuntzan esango nuke nik, baiña ortan sartzeko ez naiz nor. Geroak esan beza...

 

Bilaketa