Nobela moderno batetarantz
Ibon Sarasola
«Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza»
Lur, 1975
«Egunero hasten delako», Ramon Saizarbitoriaren lehen nobela, Txillardegiren obrak bezala euskal-nobelaren texto-inguruan juzgatu behar da. Txillardegiren egintza aurreko egoerari buruzko erreakzio bat bezala ikusten genuen, aurreko nobelagintzaren baserritartasunaren, herstutasun ideolojikoaren, mamiari buruzko axolagabekeriaren, garaiari eta giroari buruzko desegokitasun eta atzerakotasunaren aurkako erantzun bat bezala. Txillardegiren lehen nobelak izan zuen garrantzia batez ere hortan zegoen: etorkizunari buruz irekitzen zituen posibilitateetan. Bigarrenaren «frakaso»a eta hirugarrenari buruz egin daitezkeen oharrak hildo beretik doaz: lehen nobelak espero-arazten zuena oso partzialki soilik gauzatu zen hurrengo bietan. Txillardegiren lanaren ondoren, gauza asko gelditzen zen oraino konplitzeko euskal-nobelagintzaren eguneratzean.
Texto-inguru honetan ezarri behar da, hain zuzen, «Egunero hasten delako»: aurreko nobelagintzaren (Txillardegirena barne) kontrako erreakzio bat bezala, nobelari eta nobelagileari buruzko iritzi berri eta arras diferente baten adierazpen bezala. Hor datza Saizarbitoriaren obraren garrantzia euskal-nobelagintzaren etorkizunerako. Ondorengo obrak hori kontuan harturik (onartuz nahiz ukatuz) gauzatuko dira halabeharrez, «tradizio» (hots, texto-inguru) berri baten barnean artikulatuko dira.
Saizarbitoriaren lehen nobela honek aportatzen duena, nobelagintzaren kontzepto berri bat da. «Egunero hasten delako»rekin, euskal-nobelagintza posibilitate zeharo berri batzuen aurrean gertatzen da. Nobela hau Txillardegiren «Elsa Scheelen»ekin bateratsu argitaratzen bada ere, argi dago batak eta besteak adierazten eta suposatzen duten nobela-kontzeptuek ez dutela elkarrekin ia zer-ikusirik. Eta diferentzia ez dagokio soilik formaren hauziari. Desberdintasuna maila guztietara hedatzen da. Mamiaren mailan ere nobelagintzaren bi ikusmolde zeharo bestelakoen aurrean aurkitzen gara. Hau egiaztatzeko aski da adibide bat jartzea: nola tratatzen duten ezkontza batak eta besteak.
Txillardegiren lehen nobelan hau irakur daiteke ezkon-berri biri buruz:
«Bidea aurkitu al dute bi oriek? Arkitu... aukeratu bai, beintzat. Azkatasuna galdu dute, alegia, baña gaurgero maite-kezkabiderik ez dute izango.
Orretzaz gañera alkar maite ba dute, zerua ez al da ideki aientzat?
[...]
Bi egi, bi alderdi, bi aro izan ditu orientzat bizialdiak: txikizitutik orain artekoa bata, ta gaurdanikoa bestea. Lenengoari utzi diote.
Alez ere, azken-kutsuren bat ez al du ezkontzak? Ordurarte, alde batetik, goruntz ez al doa gizona, andik aurrera beruntz eta illunpe beltzaren aldera abiatzen dela? Txikitzen ez al da gizona ezkonduz? Ezkongaietan zerbait ba nintzan, ezkondu-eta...
[...]
Eztai-eguna igaro dute oriek. Gaztetasun betearen billa abiaturik, gaztaroa il dute. Sari garestia, egia esan, aukeramenean bai-datza gizonaren izana. Eta ni beldur aukeratzeko. Gogorra da ori. Aukeratzeko larri-miñik ez dute aurrerakoan izango; bere ordez, aukeraketa egiña izatekoa izango dute lagun betirako. Damurik ote?
Egun gogoangarria, bada, orientzat, maiatzeko au, muga, bide ta joera eman bai-diote gaur beren biziari. Ez dute berriz ezer ere ikusiko orain arte bezela, ezkontzak aientzat mundua aldatu du-ta. Arrosa xamurrak aien biotzai atzo itzegiten zienean, beste batera zuen elea. Illunabarrak, berriz, ez du sekulan izango atzo arte iraun zuen lillura-mota. Gaztango mintzoa, mututu egin zaie betirako. Atzo ere zituzten ametsak etzaizkie berriz otuko.
[...]
Nolakoa ote da ezkonduekiko loreen izkuntza?
Jaiotzatik ezkondu artekoa, ta ezkontzatik eriotzarakoa; orra bizitzaren bi zatiak: autatu ondokoa». (27-29. o.)
Saizarbitoriaren obran, aldiz, honela ematen zaigu gai berbera:
«... Ezin ukatu ezkondu ez geranok raroak geranik, bainan ezkondutakoek ere badituzute zuen gauzak... Nire iritziz bai emakumezkoek eta gizonezkoek berdin, galdu egiten duzute ezkontzean... Utzi, utzi konplementatzeak eta historiak. Ez da ez zuek uste duzuten bezala "libertatea galtzeagatik" diodala hau. Ez ez ez, gizona ez da libre ez estadu batean edo bestean... gainera, loturarik handiena, beste pertsona bat izanean ahal balitz... libertatea galtze hori, hala izanik ere, oso da txikia beste guzien artean. Pertsonak kentzen dizkiguten libertadeak dire gutxienekoak adiskide... Gizona ezkontzen danean dogmatiko bihurtzen da. Ezagutzen al duzu dogmatiko bat baino abere parregarriagorik mundu relatibu huntan? Nik asko soportatu behar izan diet nire lagun ezkondutakoeri... [...] Ara! ikusten duzu horko neska hori? Ez. Bestea... Gabardina beltza duena... Ba, nire dentistaren amorantea da... Diruarekin erosi ditezken gauzak... C'est la vie! Ba nik ba dut lagun bat, Martin, ezkondu zan egunetik bihotz-bihotzez gorrotatzen dutana. Begira... kalean ikusten nuen bakoitzean eskuekin bere masaila potoloak egurtziz hau esan ohi zidan: "Egunean bi aldiz kentzen diat bizarra, badakik esijentziak..." Nik ezin esan dut emakumeak ezagutzen ditudanik... Ez dut emakume bat ere ezagutzen hobekiago esateko... Sentidu biblikoan?... Ja ja ja... zuk egiten dituzu txisteak. Aizu eta... beste tragoxka bat botako bagenuke? Zuk ere ez dituzu ezagutzen... ? Ba, harritzen naiz benetan. Ezkondutako gehienak trebeak zerate emakumeak ezagutzen. Galdetu bestela Martineri... Kasu batekin bakarrik "método de inducción completa" egiten du... Martinek ez dizu esango, "nik nire Maria ezagutzen diat". Ez, ez. "Emakumeak nik ezagutzen dizkiat" edo "emakumeak ezagutzeko ezkondu egin behar" esanen dizu. Nik esanen diodana, guziekin edo askorekin behintzat ezkondu behar... Ba ez, denak bere Maria bezalakoak omen dira. A! eta beste gauza bat, Martinek ez du maitasuna ezkontzatik kanpo konprenitzen eta ezta admetitzen ere noski. Horregatik konprenitzen du solteruen zera... solteruen beharra... Bai, pozik erreko dut rubio bat... Bainan hori ez da okerrena... eskerrikasko... Orain badirudi ezkontza kontua aldatzen ari delà, hobekiago jartzen noski... Lehen ordea... gizon bat ezkondu eta bukatu egiten zan... Zuek mutil-zahar geratzea, gauza penagarri bat bezala ikusiko duzute, bainan... ez, ez egia da, baliteke penagarria izatea mutil zahar geratze hori. Eta ezkondutakoen anbizioak nun geratzen dira? Nik esanen dizut: semeen etorkizunean. Akabo politika, akabo literatura, akabo... dena! Solteroak berriz gorde dezake beti amets bat patrikan. Badakit situazio hori faltsoa dela... Zer nahi duzu ordea? Itxoitea bain da ordea... nota esan? Konprenitzen nauzu ezta? Ilusio bat gordetzea... itxarotea, ederra da, itxaro duguna inoiz ere ez dela iritxiko, arrats goibel batzuetan. sumatzen ba dugu ere... Zuek berriz, lehendabizio haurraren kukurruku eztularekin... ametsa ibaira botatzen duzute. Le Gràseko direktoa... Zer ote du horrek Le Gras-en? Dentistarekin week-end-a pasatzera joanen da... Ez dago gaizki, e?» (29-31. o.)
Lehen zatian Txillardegiren nobela kontzeptoaren tasun guztiak aurkitzen dituzu. Gafaren desarroiloa saiakeraren teknikarik ortodoxoenaren arauera egiten da, ez dugu beste erako erreferentziarik atzematen. Pentsamendu lojikoak gidaturik, desarroiloak ez du inolako goi-beherik bere maila abstraktoan.
Bigarren zatian (eta zati honen tonika nobela osoarena da) besterik da. Desarroiloa askozaz ere banalagoa da, nahikunde intelektualik gabe. Ez dago sakontasunik, baina ezta ere sakontasun-desirarik. Are gehiago, obran anti-intelektualismo giro bat nabari da, honako pasarteotan adibidez:
«Estiloa izateko edukazioa behar da izan. Eskoletan edukazioa ematen ez delarik, ezin ba estilorik eman. Hau sijolismo bat dela uste dut...». (16. o.)
«... Zer gertatzen da izakerakin? Ikus diteke? Hutsa, ezereza, izakera, izaera, izatea, zera ta... Merde! Martin, Martintxo Heidegger. Merde». (88. o.)
«Frogantzak» anekdotikoak dira («ba dut nik lagun bat...»; «Ni... ni esistenzialista nintzen. Zu ere bai? Ba ni gaur ez naiz iadanik, modatik pasia dagoelako...», 33-34. o.). Nabari da hitzegiten ari dena azken finean denbora-pasa bezela ari dela dirudiela. Haren iritziak irudiz azalezkoak dira eta eragozpenak ditu esan nahi duena adierazteko («horregatik konprenitzen dut solteruen zera... solteruen beharra...»; «Itxoitea hain da ordea... nola esan? Konprenitzen nauzu ezta? Ilusio bat gordetzea... itxarotea...»). Gorago eman dugun zatian, haren jarduna gutienez hirutan hausten da («Aizu eta... beste tragoxka bat botako bagenuke?»; «Bai, pozik erreko dut rubio bat...»; «Le Gras-eko direktoa...»).
Baina ezin da esan Saizarbitoriaren nobelak ez duela mamirik. Diferentzia ez dago hor, baizik mami horri buruz autoreak hartzen duen jokaeran, mami horren zentzuan. Nobelan zerbait kontatzen zaigu eta. gauza askotaz hitzegiten [1]. Are gehiago, obrak dituen bi planoetatik bat historia-profesore berritsu baten ihardukiaz osatzen da. Bestalde, nobelak tesis bat du. Ez da, nobela ulertu ez duten zenbaitek dioten bezala abortoaren denfentsa eta gorazarre bat, baina bai konpondu gabe aurkitzen den problema baten salaketa, geure gizartean deliberatuki baztertzen eta aipatzen ez den arazo baten adierazpena. Nobelan salaketa bat aurkitzen dugu, baina ez maila didaktikoan edo fiskal baten akten arauerakoa, baizik maila literario batetan, nobela baten bidez, hain zuzen.
Mamiaren zentzuari buruzko ikuspegi horri honek ondorioz dakarren eraberritze formala da Saizarbitoriaren obrak duen alderik garrantzitsuena, lan honetan hartu dugun ikusmoldetik, noski.
Eraberritze hau narradorearen aurrean hartzen den joeran nabari daiteke lehenik. «Egunero hasten delako»k euskal-nobelak orduraino erabili zuen narradore orojakilearen krisia nabarmentzen du. Saizarbitoriaren obran narradoreak ez daki inoiz pertsonaiek baino gehiago. Egia da pertsonaien barrean sartzen dela, hauen pentsamenduak eta sentimenduak ezagutzen dituela:
«... Maurice-k ez dagoela forman sentitzen du». (42. o.)
«Hala guztiz ere urrengo bi egunak hortan pentsatzen ditu... Ez daki egin duena ondo ala geizki egin duen. Bere bizitzan lehendabiziko aldiz ez da gauza bere egitate bat juzgatzeko». (46. o.)
«Orain ridikulua sentitzen da, nerbioak eztarrian konzentratuak». (94. o.)
«... Nigar malkoak masailetan zear, mikatzak, ezpainetarino erortzen zaizkio». (96. o) [1 bis].
Baina askotan narradorea objetiboa da, zine-kamara batek adieraz dezakeena azaltzera mugatzen da:
«Bainan burua jasotzen duanean, begi urdinak malkoetan estaliak ikusten zaizkio...». (38. o.)
«... Besteak paperakin jarraitzen dute. Gisèle bueltatu egiten da. Ez du aserre itxurarik bainan ez die irriparik egiten ere». (41. o.)
«Boltsan dituen gauza erdiak lurrera erortzen zaizka boligrafoa atera nahiean. Telefonua matraila eta bizkar tartean sujetatzen du. Fontanaz, Riemmes.
Telefonuaren bestaldetik Miller-en abotsa legorra dirudi». (117. o.). [2]
Hildo berean, zenbaitetan narrazioa «nouveau roman» aren teknikara huribiltzen da:
«... Kaleak ezkerreko aldetik eskailera batzuek ioaz enparantza batera ematen du. Eskaparate baten aurrean orrazkera konpontzen du.
Barkatu bainan isteko ordua da.
Burnizko persiana bat jeisten dute. Dendako gizonak aurpegira begiratzen dio lehendabizi eta gero zangoetara. Jolasean dabiltzen haur batzuen pelota bere oin parean geratzen da. Ezker aldera jotzen du eta eskailera ioaz enparantza ikusten du. Txikia da. Erdian burnizko irudi bat dago, gizon bat belauneetan liburu bat duelarik, harri baten eseria. RIEMMES-KO HIRIAK JEAN BOUVET HISTORIADORE OSPETSUARI 1881». (125. o.)
Narradore orojakilearen desagertzeak dakarren hutsunea betetzeko gure mendeko nobelagintzak teknika berriak desarroilatu ditu. Hauen artean inportanteenetako bat «kontzientzia-korronte»a (stream of consciousness) deritzana izan da.
Kontzientzia-korrontea, Locke, Jung eta Freudek postulatu zituzten kontzientziaren asoziazio librearen printzipio psikolojikoetan oinarritzen den literatur-teknika da. Teknika hontaz baliatzen den ikuspegi bati, «barne-bakarrizketa» deritza.
Barne-bakarrizketan pertsonaiaren baita, haren pentsamenduak eta barne-ihardukiak zuzenki adierazten zaizkio irakurleari, narradorearen bitartekotasunik eta interpretaziorik gabe. Honen bidez gertatzen den pertsonaiaren eta irakurlearen arteko hurbiltzea gaurko nobelagintzaren tasunetatik bat da.
Barne-bakarrizketa ez da gaurko nobelagintzaren aurkikunde bat. XIX. mendean ezagutzen zen eta Tolstoik «Sebastopoleko historiak» (1855) eta Dovstoievskik «Lurpeko memoriaoak» (1864) obretan erabiltzen dute. Barne-bakarrizketa honen eta ohizko dramatikaren bakarrizketaren artean funtsezko diferentzia bat agertzen da: ohizko bakarrizketa pentsaera lojikoak gidatuta eta kontzientziak zeharo kontrolatuta gertatzen da. Barne-bakarrizketa, aldiz, pronuntziatzen ez den eta entzulerik ez duen iharduki bat da berez. Pertsonaiak, lehen pertsonan, inkonszienteari hurbiltzen zaizkion pentsamendu-moldeak jalgitzen ditu, oraino lojikaren bidez ongi taxutu gabe aurkitzen direlarik. Teknika hori Joyeek desarroilatu zuen bere «Ulysses»ean, batez ere azken partean Moliy Bloomen bakerrizketaren pasartean eta oso erabilia da gaurko nobelarien artean.
Kontzientzia-korrontean, endelguaren mailla guztietatik (prekonsziente, subkonsziente, inkonsziente eta are suprakonszientetik) sortzen da kontatzen dena. Kontzientziaren aktibitatea, irudi batek beste bati eragiteko duen boterean oinarritzen da. Irudi-elkartze hau, kidetasunez nahiz kontrastasunez lor daiteke, memorioaren, zentzuen eta irudimenaren bitartez. Memorioak eta irudimenak, ohizko nobelaren preterito beharrezkoa baztertzera uzten du, zer-nahi giro eta denbora-joku permitituz.
Teknika hontaz erruz baliatzen da Saizarbitoria narradore orojakilearen desagertzearen hutsunea betetzeko:
«... Ile luzea aurpegi aurretik paper gainean erortzen zaio eta profesoreari begiratu behar dion bakoitzean, burua oso atzera botatzen du bi eskuekin ilea belarri atzean sujetatuz...
Lekuen-lekua... Eta zer esan nahi du horrek? Berdin da beste bateri galdetuko diot klasea bukatzean... Lekuen lekua. Espazioa eta denbora. Tempus est numerus motus... San Tomas Napolesko kaleetan "trivium"eko liburu bat besapean daramala.
«"Ni naiz ongiaren eta gaizkiaren jakitearen berri dakidan mutikoa"
... ez Aristoteles-entzat espazioa ez da sustantzi bat, gorputzen propietate bat baizik... Goiko leihotetatik eguzkiak zuzenik eta gogor jotzen du klasean». (39-40. o.)
Zatiaren erdiko lerroak «kontzientzia-korronte» teknikaz taxutu dira. Gisèleri «Lekuen lekua» irudiak sor-arazitzen dion pentsamendu herrenkada ez du lojikak gidatzen. «Lekuen-lekua»tik, Aristotelesen filosofiaren bi gontzeptutara iragaiten da: ezpazioa eta denbora. Honek aristotelismoaren denboraren definizioa erakartzen dio gogora, San Tomas filisofo aristotelekoaren hitzez: tempus est numerus motus... Ondoren, San Tomas imajinatzen du Napolesko kaleetan paseatzen, estudiante-garaietan, «trivium»eko liburua besapean zeramalarik... [3]
Gehienetan, narradorearen ihardukia parrafo berberean kontzientzi korrontearekin nahasten da [4], baina, aurreko zatian bezala, pentsamendu ez-lojiko batez.
«Ez niñan uste horren erreza izanen zenik. Ez din esaten duten hainako mina egiten. Gorputza abandonatua bezala sentitzen du... Bainan nola? Etzaio axolik. Hamasei urtekin, nola ilea moztu zuen akordatzen da. Eskolako neska guzien inbidia zen... eta egun batean ispillu aurrean bere burua "garçon" estilora ikusi zuen. Ez zuen nigarrik egin...
Sensorio, sensorio... Seminarista antiojodun hori zein mundutan bizi ote den. Ez zidan beinere hitzegin... Zein mundutan bizi ote den? Ostiraleroko zilizioa... haragia ahula baina... Deabrua, mundua eta haragia. Maurice haragizkoa edo hobe Maurice-ren haragia. Giaha-ra... Kanpaiak isildu egin dira... Txikitan kanpai hotsa entzutean nigar egiten zuen. Beti norbait hila zela uste izaten zuen; bere amonaren herrian norbait hildakoan jotzen zituzten... Txikitan asko gustatzen zitzaizkion mutikoak, beti izaten zituen bi eta hiru «nobio» batera...
Euri lanbroak leihoko kristaletan jotzen du...». (44. o.)
«Zirko musika antzeko bat entzuten da. Atzetik txistu egiten diote. Viens ici. Etorri kuttuna gauzatxo bat erakutsiko dizut eta. Harnasa estutu egiten zaio, ezin du gehiago. Etorri bihotza. Mozkorraren abotsa urruti entzuten da. Udaberria bai, udaberria. Rue de la Fontaine Riemmes-en abortatzea libre den. Bainan zein kondiziotan? Nekatua negon oso nekatua. Abortiboey. Nori galdetu? Galderak buruan dantzatzen diote». (99. o.)
Nobelaren plano oso bat kontzientzi-korrontearen teknikaren beste molde batez ematen da. Pertsonaia baten bakarrizketa da, baina A. Camusen «La Chutte»n bezala, bakarrizketa hau elkarrizketa batetik sortzen da, beste pertsonaiak mututasunera behartuz. Pertsonaia hauk ere parte hartzen dute nobelan eta zenbaitetan zer egiten, zer galdetzen edo nola pentsatzen duten ere badakigu, baina bakarrizketa daraman pertsonaiaren bitartez, kasu honetan historia-profesore baten bitartez:
«... Beste kafe bat? E, hi gazte! Eta kopatxo bat? Hi gazte bi kafe eta bi kopa. Bai edozein marka. Ba estazioak ez zaizkit laket, bainan estaziotan gutxien atsegin zaidana... Ez, ez beltza, erretzen dut. Zuk ere ikusi izanen zenuen edozein estaziotan...». (13. o.)
Ikusten dugunez, irakaslearekin hizketan ari denak bi aldiz erantzuten dio baietz, hark bi kafe eta bi kopa eskatzen baititu. Gainera, ondoren tabako gorria eskaintzen dio. Bestalde, kamerariak ea zein marka nahi duen galdetzen dio, hark «Bai edozein marka» erantzuten baitio. Prozedura hau nobelaren plano honen hedadura osoan erabiltzen da, estazioan nahiz telefono-zentralean. Lortzen diren ondorioak aipagarriak dira: lehenik, berez oso aspergarri gertatuko litzakeen sermoi bat eramangarria egiten da [5], monotoniaren eta ritmo-gabeziaren arriskutik begiratzen baitu bakarrizketa. Bestalde mamiaren dentsitatea apaldu egiten da kontatzen denarekiko funtzional ez diren mozketa eta tarteratze hauen bitartez.
Teknika beraren zenbait alde hobeki desarroilatzen dira pasarte elkarrizketatuetan. Adibidez:
«... Bereala deitzen zeoat Jacques-eri. Hi, Gisèle ikusi al duk?
Ez.
Nik atzo ikusi nian, ikaragarri ona zegok. Hor nunbaiten sardina lata bat zeukeat, gosez derrepente hiltzeko zorian natxiok. Irekiko dut? Nik hire lekuan, gorde eginen nikek, neskak merezi dik. Jacques Favre mesedez? Jaean Louisen partetik. Bai. Ohean zegok oraindik alu hau, nik ere hala behar nian. Zergatik hautsi behar duk behin oheratzen haizekan neska guziekin? Ajendan bat baino gehiago gordetzen ikasi behar duk gazte! Jacques? Ni nauk, Jean Louis...
Ba nik ez diat sardina lata hori ikusten.
Ezkerreko kajoian. Zera... espainiar harietako batek deitu zidak. Begiratu zak armario gainean... ezin omen ditek... nik etzekiat zergatik. Iriki zak bestela gureizekin. Eta nik zer nahi duk egitea? Neri izeba baten etzekiat zer kontatu zidatek, beste planen bat izanen ditek... Ze, Iriki duk? Ez Maurice-kin ari nauk». (61-62. o.)
Pasarte honetan Maurice sardina-lata baten bila ari da, bitartean jean Louisek Jacquesi deitzen dio telefonoz eta berarekin hitzegiten du eta, batera, Mauricerekin, Jacquesez, Gisèlez eta sardina-lataz. Narradorearen desagertzeak ritmo eta arintasun berezi bat ematen dio zatiari, egintza elkarrizketaren bitartez aintzinatzen baita soilik. [6]
Beharbada, elkarrizketaren erabilketa da Saizarbitoriaren obrak euskal-nobelagintzara ekartzen duen elemento interesgarrienetako bat. Doinu leklamatorioa baztertu egiten da eta elkarrizketaren hizkuntzari oso egoki zaion neutrotasun eta naturaltasun bat lortzen da jeneralean:
«Beno hi... honek ez zeukak motorrik.
...
Zer, ematen diok ala ez?... Hoztutzen ari nauk.
Txumazera izorratu zitzaidak...
Jean Louis-ek Maurice-n txumazerari begiratzen dio.
Txumazera ondo daukak, hik geizki ditukanak zerak dituk, giltzurrinak.
Ez zeukeat arraunean egitéko gogorik...». (55. o.)
«Dutxetan sartzen dira...
Emanidak jaboia.
Gisèle-gatik duk? Baietz!
...
Juez jauna, defensaren ixiltzea baino prueba bortitzagoa behar duzu? Maurice gizajoa... Kalabazak, e? Izorrai! (57. o.)
«Haurdun nago.
Haurdun.
Bai, haurdun». (104-105. o.)
Naturaltasun hau lortzen (pentsamendu ez-lojikoan ikusi zen bezala) tema-nahasketez maisuki baliatzen da zenbait mementutan:
«... Zertarako etorri aiz?
Ez zekiat.
Koño! Ba nik ere ez. Preparatu idak Nescoré bat eta sartu esne botilla Bigarren kajoian.
Zenbat?
Zenbat ze.
Nescoré.
Nahi dekekana. Bainan ezitzean etxeratu behar?
Bai, zenbat esne?
Nahi dekekana. Eta orduan?
Ez zekiat, behar edo etzi joanen nauk». (60. o.)
Nahasketa hau, pasarte batetan, kanta baten hitzez korapilatzen da:
«... Zer egin behar duk Gisèle-rekin?
Joan den egunean uzteko esan idaken. Jean-ek diska bat jartzen du.
Zer egin behar dekan, ez nik zer esan niaken.
"J'arriverai le soir".
...
Nire iritzian, hik oso taktika zikinak erabiltzen dituk. Maite zaitut, hau, hori eta bestea esan ta gero, gero geizki geratu behar.
Ez duk behintzat moralizatzen hasteko barrabilik izanen.
"J'arriverai le soir dans une chambre..."
Ez moteil... Hik, nire iritziz, e? Gauzak normalago egin behar itukek. Alegia, hik ba... pospoloak ikusi dituk? Maurice-k sua ematen dio. Begira nik garbi jokatzen diat hortan, "dans une chambre et toi", ez idak esan ezetzik». (62-63. o.)
Eraberritze formal hau beste alde askotara hedatzen da. Horrela, letrero eta anuntzioez egiten den erabilkuntze:
«Jendea bulegotik ateratzen den ordua da. Abenida, kafeterien argi dirdiratsuak animatzen dute,
LE DON JUAN... LAS VEGAS... BOITE... BUVEZ COCA-COLA... CHEZ MONIQUE... Burugabe bat naun. Inkosziente bat. Lepoan Maurice-n musuak sentitzen ditu. Erreaz bezala... Maitalearen gorputza oraindik gainean, besarkatzen balu bezala... Ahoko gusto hura, Maurice-ren sorbaldaren azala...
REX... MON CHEZ MOI-SNACK BAR.. RIVOLI DANCING...
... bai, bai, berak esan zidan...». (49. o.)
Halaber, «Zortzi» partearen azken aldean erloju batek adierazten digu hirutan orduaren berri. «Hamabi» partearen kontsultazioko pasartean egilea zuzenki baliatzen da Gisèle irakurtzen ari den errebistaren berriez eta zai dauden, beste pertsonaien bizketez.
Asmo berberaren barnean ezar daitezke galdera-erantzun teknikaz idatzi diren pasarteak («Hamasei» eta «Hemezortzi» parteetan), «Hamasei» partearen hirugarren zatia, aldizkari-artikulo baten gisa emana, eta «Hemezortzi» partean irakurtzen dugun afixea.
«Egunero hasten delako»k izan dituen kritika negatiboak formari buruzko ardura honegatik izan dira batez ere, zenbait sektoretan behintzat: ez omen dago giroa euskal-nobelagintza azalezko luxo horietatik abiatzeko. Inporta duena gaia omen da, nobelan kontatzen dena, gainerakoak teknikeriak omen dira. Kritika hau Saizarbitoriaren nobelari egokitzen zaion ala ez eztabaidatzen hasi gabe, [7] komenigarri dateke honi buruz zerbait esatea. Egia da temak nobela egiten ez duen bezala, ez duela ere egiten teknika soilak. Nobela ez da argumentoa, baina ezta ere argumento hori adierazteko erabiltzen den teknika. Hain zuzen, gaur egun lantzen diren teknika berrien abantaila funtzionaltasunean datza. Teknika hauk ez dira berez zilegiztatzen: nobelatzen den errealitateak zilegi ditzazke soilak. Bestela, teknikarian erortzen de egilea ezinbestean.
Baina nabelagilearen egiteko bazter-ezina gai eta egoera bakoitzari ongien dagokion teknika eta tratamoldea aurkitzea da. Gaur Mozartzen gisara konposa ezin daitekeen bezala, ezin daiteke Balzac edo Tolstoiren modura nobela [8]. Garai bakoitzak problema, gusto eta sensibilitate bereziak ditu. Hauk errespetatzen ez dituen nobelaria alfer-lan batetan ariko da nahi-ta-ez.
Ez da hemendik segitzen ezin daitekeela nobelagintzan inguratzen gaituen errealitateari buruz konpromiso bat har. Literatura «bide bat» da, baina baita ere «helburu bat»: estetikari buruz zilegiztatzen ez den nobela bat ezin baitaiteke errealitatearen lekuko eta salatari efikaz bat izan. Intentzio onek ez dute ezertarako balio kontzientzia literario egiazko batekin elka?tzen ez badira. Literaturak, «util» izateko, leheneik literatura izan !behar du, literatura bezala justifikatu behar da. Zeren militante on izateak ez baitu, besterik gabe, idazle on izatea ekartzen.
[1] Mafia honetan Saizarbitoriaren nobelak hauste bat suposatzen du euskal nobelagintzan, tratatzen dituen gaiakgatik eta, batez ere, gai horiei buruz hartzen den jarreragatik.
[1 bis] Azken zati hau kanpotik ikusita dagoela badirudi ere, «mikatzak» hitzak kontrakoa adierazten du.
[2] «Dirudi» hau narradorearen inpresio bat da, ez pertsonaiarena. Bestela, «iruditzen zaio» edo horrelako zerbait beharko litzake.
[3] Argi dagoenez, zati honek irakurlearen kolaborazioa eskatzen du, ez zaio hari dena egina ematen, aurreko parrafoan eman dugun argibidea irakurle bakoitzak egin behar duen lan bat da. Gainera, zatia bere zentzu osoan ulertzeko filosofia aristotelikoaren ezaguera bederen oinarrizko bat behar du irakurleak. Baina irakurlearen arazo hau ez dugu hemen ikuitzen, ez garrantzitsu ez delako, arrazoi metodolojikoakgatik baizik.
[4] Saizarbitoriaren obran, barne-bakarrizketa gehienetan hikaz ematen da, baina ez beti, batzutan zuka ematen baita. Badirudi hau azken orrazketa baten faltaren ondorio dela, nobelan nabari diren beste zenbait idazte-huts bezala. Bestalde, nobelak erredakzio bat baino gehiago izan bide zuen: obraren bukaera-eguntzat 1968ko apirilaren 25a ematen da, baina 107. orrialdean «Humanae vitae» entziklika aipatzen da, zeina 1968ko udaran publikatu baitzen.
[5] Ez honegatik bakarrik; baina ezin daiteke uka alde formal honek ere laguntzen duela narrazioaren eramangarritasunera.
[6] Zenbaitetan narradore orojakile nahiz ez-orojakile batez baliatzen da efekto berberak lortzeko. Horrela, 69. orrialdeko pasartean Maurice hibaira harriak botatzen ari denean.
[7] Aipatu dugu gorago, nahiz bidenabar, Saizarbitoriaren obraren inportantzia mamiaren aldetik. Ez bagara gehiago hedatu puntu honetan, arrazoi meodolojikoakgatik izan da.
[8] Honek ez du esan nahi ezin daitekeela haienganik irakaskintza balios bat har, eta are gutiago ezin daitezkeela haien nobelak atseginez irakur.