literaturaren zubitegia

974 idazle / 4.657 idazlan
7.227 esteka / 5.586 kritika / 1.828 aipamen / 5.228 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Ebaristo Bustintza, Kirikiņo

 

Sarrera

 

Jesus Mari Agirre

 

«Egunekoa»

Kirikiño

Labayru, 1981

 

        Ebaristo Bustintza «Kirikiño» ezaguna dogu euskal literaturaren alorrean «Abarrak» (1918) ipuin eta pasadizu lanaren eskutik. Idazle honek, orraitio, kazetaritzari eskeini eutson astirik gehiena eta lanik oparoena. Jakina danez, gure idazlea EAJ alderdiaren «Euzkadi» egunerokoan euskal atalaren arduradun izan zan 1913-1929 urtekadan, «Egunekoa» sailean gehienbat idatzirik. Eguneroko lan honetan arrakasta handia eta irakurlego zabala lortu zituen eta bere literatur frutua ere lan honen ondorengo da zati baten.

        Esku artean daukazun liburuzkan Kirikiñoren kazetaritza lana eskeintzen jatzu, bilduma hautatu modura hain zuzen. Sarrera honetan haren kazetaritza modua urratu eta aztertu gura geunke, irakurlearentzat lagungarri izango dalakoan. Arrazoi bik bultzatzen gaitu horretan ahalegintzen: idazle honen zereginik handiena izanez, gaurko belaunaldi barrientzat ezezagun dalako, eta gure hizkuntza komunikabideetara heldu dan garai honetan sasoi hartako egitearen barri ere euki dagigun.

 

        1. Bizitza eta lanak

        Mañarin jaio zan 1866ko Urriaren 26an «Etxanoa» baserrian. Lehen ikasketak herrian bertan eta Durangon egin zituen. Almansa-ra joanik aurkitzen ditugu 1878 urte inguruan bizitzen. Bideetako Injenieritza ikasketak Madrilen 1883an hasi zituen arren, honeik alboratu eta Fisika-Matematiketako lizentziatura eskuratzen dau 1891ean. Irakasle lanetan dihardu Siguienza-n 1899an Bilbora etorri arte. Bulego lanetan ekin eban hemen zenbait urtez, baina beti ere euskera lanei gogotsu emonik. Zentzu honetan, Azkueren laguntzaille izan zan honen hiztegi lanean. 1899an agertzen da bere lehenengo lantxoa «Zerutar bat» «Euskaltzale» aldizkarian «Mañari» izenpenaz. 1902-1903 epean «Ibaizabal» aldizkariaren zuzendari izendatu eben; hemen «Bloa» ezizenez erakusten dau burua. Hogetalau urte luzez Bizkaiko Aldundiaren euskal ikastolan jardun eban, ikasle artean harrera txeratsua lorturik. Basili Bustintza Ozerin-ekin ezkondu zan 1909ko Irailaren 25ean. «Euzkadi» egunerokoaren euskerazko atalean irakurleen arreta eta osperik nagusiena irabazi eban; 1913tik aurrera bertako arduradun eta idazle kementsua izan zan, «Kirikiño» izenordea ezagutuazorik. Mañariko «Murelaga» baserrian hil zan 1929ko Urtarrilaren 31an.

        Literatur lanik ezagunena «Abarrak» (Bilbo 1918) ipuin liburua dau. Beste hiru argitalpen ere izan ditu oraintsu (Zornotza 1966, Bilbo 1980, Donostia 1980 euskera batura moldaturik). «Bigarrengo abarrak» (Zornotza 1930) egilea hil ondoren agertu zan, Santi Onaindiaren 1966ko «Abarrak»en argitalpenean ere barriro inprimatuz. «Ibaizabal» aldizkariko bere lantxoak gorago aitatu dogun liburuan argia ikusi eben «Eta abar» izenburuarekin. Honez gainera, olerkigintzan ere aritu zan gure idazlea, gaur kantutegietan haren zenbait bertso aurkitu daikegularik.

        Bere bizitza eta lanetazko jakingarriok Santi Onaindiaren argitalpeneko hitzaurretik jasoak ditugu gehienean.

 

        2. Kazetalan mota

        Lerrootan eskeintzen deutsugun lantxoa liburuzka honetako bilduma hautatuan oinarritzen eta mugatzen da. Ba dakigu egilearen kazeta lana zabalagoa dala eta sakonago aztertu behar litzatekela. Hala ere, gure arloa zelanbait zehaztu beharrez aurkitu gara eta bego ohar hau gure ikuspegiaren atxakigarri.

        Kazetaritza arloan hartu eban barrutia mugatu orduan, eguneroko sail bat, izenpetua, osotzen ebala iragarri behar dogu. Bere zeregin nagusia irakurleari barriak eskeintzea da («Izparringian izparrak», «Onan zela izparrak batuko joadaz?»). Bere lanei begiratzen badeutsegu, era ezbardinetako gaiak aurkitzen ditugu, lau sailetan banagarriak:

        a) Egunekotasunezkoak eztabaidagai eginik (politika, euskera, I nazioarteko guda, bizitzaren gorakada, etab.).

        b) Jaien ingurukoak (San Antonio, San Martin, Donibaneak, Gabonak, etab.).

        d) Gure historiako pasadizuak, batez ere karlista gerrateen ingurukoak.

        e) Arlorik nagusiena jazoerak eta kontakizunak betetzen dabe, berari gertatuak edo han-hemen, oraintsu-aspaldi entzunak. Ohitura eta jokaeretazkoak dira gehientsuak, honako baloreak iragarriz (zuhurtasuna, adorea, zintzotasuna, koitaukeria, bortxakeria, etab.). Heurotan agertzen diran pertsonaiei bagagokiez, honeixek daukaguz sarrien: agurea, mutikoa, gudaria, abadea, morroia, dendari-errotariak, etab.

        Bere helburua ez da, beraz, egunekotasuna dauken barriak eskeintzea soilik. Iragartzen dituen gehienak aspaldikoak dira («antziña», «urteak dira», «aspaldi jazorikoa», etab.) eta gitxi egunekoak («arañegun», «bidean aurkitu ot», etab.). Zer dala ta eskeintzen ditu, bada, albisteok?

        Batzutan bere esanen adibide legez («esanen dabe mundua asko ikusten dauanak...», «aitatu dogun ezkero euskera lakorik...», «mutikoak beti lotsabako jazokuna biok...»), nahiz ta atxakia hutsa antzemon. Bestetan ondorio eredugarriak eskeintzeko («ba dakizue atzean zer dakarren», «oso-osokoa zan Errezilgo agurea», «gudateko aintzak olakoxeak dira geienak», etab.). Askotan katean datoz, zerbaitek gogoratuazoak («Jazoera onek gogoratzen daust», «eta idazkai onek gure gaztetako...», etab.). Sarri baino sarriago jakingarriak edo politak diralako bakarrik («etxaukoat izparrik eta otu jatak...», «uste izanik arrera ona egingo dautsola irakurleak», etab.).

        Dirudienez, egunekotasuna bere lanaren kilikatzaile dau, barrien arrobi barik. Kontatzea, edestea egin dau bere zeregin nagusi, kontakizunok jokera eta pentsaeren argazki eta adibide bihurturik. Ahoz-aho jasoriko barriak dira gehienbat, iturririk oparoena entzumena eta oroimena dituala. Zentzu honetan, Kirikiño ahoz-ahozko kontakizunen letrazko bitartekoa da, irakurlegoarentzat eta honen munduaz idazten dauana; bitartekoa ez ezik mundu horretako bizitza-ohituren defendatzaile eta miresle ere bai, partaide sentitzen dan neurrian.

        Irakurlego hori da, beraz, hartzaile eta protagonista; kanpoko barriak ere haren ikuspegitik aztertzen dira. Egia esan, mugaturik aurkitzen dau bere lana hizkuntzaz (euskaldunak), giza mailaz (urietako erdi-klasea eta herritxoetakoak), kulturaz (gitxi alfabetatuak), politikaz («geutarrak»).

        Baina mundu horren bitarteko izateaz gainera, komentatzaile ere ba dogu Kirikiño, eritziak argi emonaz («ori basatikeria da», «astakeri galantak dira gero esanok», «ori etxagok ondo», «eta amar bosti jokatuko neuke», etab.). Zenbaitetan pentsalari ere bai («ara zelako pilosopiak atera deuskuzan», «orra or gabon gabako pilosopokeriak», etab.).

        Labur esanik, gaiei, jazoera motei, iturriei, egunekotasunari begiratuz «ohituretazko kronikak» egiten ditu Kirikiñok, baina «kolumnista» erara azterlari, eredu defendatzaile eta ospedun lumaren jabe danetik.

 

        3. Irakurlearen garrantzia kazetariarengan

        Bere kazetalan egikerari bagagokioz, nabarmen agertzen jaku laneko ingurumaria, hots, non-nork eta nori idazten dan. Alde batetik tokia («gu emen gagoz», «lerro onek idazten diñardugunean») eta kazetaria («nire eretxia», «orain esango dodana», «nik ez diñot»); bestetik irakurlea («irakurle maiteak», «orra or irakurle»). Honela konkretatzen dau erlazioa, familiartasunez jantziko dituan lotuneak. Kazetariak argi dauka bere zereginaren zentzua.

        Irakurlea erakartzeko eta hurreratzeko, alkarrizketa hartzen dau egitura nagusi legez, irakurlea ere sarritan «hiztun» eginik («Abarrak», «Begiak legor») eta noizbait ames itxura ere emonaz gaiari («Kukuagaz interview»); bapateko arkikundeetaz ere baliatzen da honetarako («eta izketan asi garan ezkero»). Ahoz-ahozko komunikabide hau oso maite dau tresna nagusitzat, irakurlea ere protagonista bihurtzeko.

        Kazetaria, bestalde, lana pertsonaltzen ahalegintzen da, irakurleak albisteak ez eze norbait aurkitu dagian, harekin bat egiteko. Indartsu azaleratzen da kazetariaren «ni»a. Ezin zitekean bestetara alkarrizketa tresna nagusi hartu ezkero. Bere nortasuna iturrietan («auxe gogoratu jaku», «gogora datorkigu», «jazoera onek gogoratzen daust»), eretxietan («gure eretxirako ez da», «neure artean oldozten asi nintzan»), jokaeretan («ni erri txiki baten banengo», «ni epaikaria banintz»). Dana irakurlearen bateratasuna lortu gurarik. Hau hizkuntzaz ere agertzen da zenbaitetan («geutarrak dira», «eta gu enparauok astakirtenak»). Zentzu honetan zabal eta luze jotzen dau hizkuntzaren funtzio espresibora («bai joan!», «a zelako ardura!», «ze gauza polita dan!», «zer egingo jako ba!»). Mamidun kazetaria da, irakurleengana aurkeztu ez ezik erakarri egiten dituana, bere sailari bizitasuna emoten deutsona. Hain argi bere burua agertuz, albistari ez eze irakuslearen jarraigarri eta gidari legez aurkezten da.

        Era berean, eta lokarria behin eta behin mantendu gurarik, irakurleagana era askotara zuzentzen da. Batzutan kilikatuz («atzera nagiok!», «entzun ondo!», «zain bai», «geldi miñok!»), haren galderetara aurreratuz («ba dakit askok esango dabela», «zer dala ta esango dozue»), eretxia eskatuz («ez da jazoera itzela?», «ori da gizona?», «ondo deritxozue?»), azkenotan erantzuna ere ia emoten daualarik. Asko darabil hizkuntzaren dei funtzioa («ara zelan», «ara zelako», «orra or»). Ba dirudi irakurlearen hurtasuna eta berotasuna beharrezko dituela, haren esanak entzuteko, jendearen ahotan ibiltzeko ziran, ez erakurtzeko batez ere. Irakurlea beraganatu egiten dau osoan, hari askotazko sare maltzur mehea harengana luzaturik. Kilikatzailez gainera, irakurlegoaren katebegi aitzindaria ere izan nahi dau idazleak.

        Goazen haren artikuluen egituraz zerbait aitatzera. Komentario lanetan, baliabideok nabari dira:

        a) Eztabaida alternatiba modura eskeintzen dau («gizaguren ala gaikille», «gu gazbakoak zuek kirtenak»).

        b) Galdera errepikatuak asko darabiltz eritzia sendotzeko irakurlearen aurrean («ori da gizona? ori da gizon azarrea?», «zer orregaitik? astoak garala?»).

        d) Arazoa lekutu ere egiten dau uste dauanean («onetantxe dago untzea», «orra laburto esana», «alantxe da izan be»).

        e) «Leif motiv» ugari darabil («mundua beti mundu», «bakean dagoana bakean itxi», «ibilli dabillenak beaztopo egiten dau, ez geldi dagoanak», «jauregian libertade geiago zelai zabalean baiño».

        f) Eztabaidan oso sutsua izanik, askotan karikaturaz baliatzen da arerioak eta aurkezteko («gazbako onek», «euren mamarrokeriak», «au astokraziakoa da»).

        g) Argudio mailan inkoerentzia salatzen deutse irakurleei («Gaizkille ala gizaguren», «Gizon zibilizadu bat», «Gurataez»).

        Eztabaida kontuan, ba ditu ezkerreko begiz joriko norbait-zerbaitzuk: handikiak («gure elea be eurek galdu dabe»), etorkinak, erderazaleak, etab. Ikuspegi orokor legez, gure idazleak ihes egiten dau gogoeta luzeetatik, eztabaidak aukeraketa bihurtzen ditu eta tonu aldetik oso sutsua da.

        Naturazko deskribaketetan agertzen da sentibesaen, barrukoien, nahiz eta era honetako lanak gitxi izan («Edurra», «Basoaren edertasuna»). Heurotan sentiera samurrez eta giza berotasunez beteriko koadru irudiztatuak eskeintzen deuskuz.

        Eta zer esan kontakizunetaz? Askotxok egitura hau dauke: sarrera/«ara»/alkarrizketazko kontakizuna/ondorioa. Aitatu dogun legez, kontakizun asko eritzien adierazpide legez aurkezten dira («dirudunei begikotasuna izaten jake», «euskera lakorik ez motzak uxatzeko»). Hasieretan beti zehazten da nor-non-noiz hirukotea, batzutan hala ese argudioan betean sartuz («baserri txiki baten da», «gudea da»). Narrazioa begitara ekartzen ahalegintzen da, protagonista hurreratuz («gure gizon au», «gure mutil au») edo ekintza bera («or doa», «ez da zaratarik», «eldu da», «asten da») orain aldia erabiliz. Gehienak umoretsuak direlarik, kolpea azkeneratu egiten deusku, ekintxari itxura dramatikoa emonaz eta forma ponderatiboak erabiliz («an zan usobillu»). Luzeraz laburrak eta egiruaz arinak iruditzen jakuz. Askotan sinbolo balorea emoten jake, eredugarri legez eskeinirik.

 

        4. Umorea baliakizun nagusi legez

        Idazleak irakurlearekin sortu dauan familiartasun horretako giro eragile nagusia eta loturarik sorginena umorea da. Eta hau sortzeko modu askotaz baliatzen da. Ikusi daiguzan batzuk:

        1. Batzuren zuhurtasuna eta zenbaiten koitadutasuna nabarmenaraziz («Lapurrari ederrak», «Errezilgo agurea», «Berarizko gudari bat», «Iru estudianteak»).

        2. Jokaera neurrizkanpokoetara joaz («Zein zuzen», «Abadearen erbia»).

        3. Jokaera arruntak ezusteko ondorioak ateratzen dituela («Motzak uxatuta»).

        4. Erantzunen pratikotasuna eskeiniz («idazteko? nagia kentzea», «zetarako? irakurtzeko»).

        5. Beneta/olgetasen nahasteaz («Sakristauena»).

        6. Moduaren bitxitasunaz («Kukuagaz interview»).

        7. Jokaeren parekaketaz, usteak jasanazoz («Zaintzailleak zainduta», «Ostuteko erak»).

        8. Hitzen konnotapen/denotapenarekin jokatuz («eskua ezarri/ostikoa», «baiña/ez dot bañarik artzen»).

        9. Karikatura ironikoak eginaz («nire erriko sostorreria», «gu astakirtenak», «astokraziakoa da», «ankajokoa eragin»). Baina gehien darabilen baliabidea kontrastearena da, kontrastea ekintza-jokaeretan, koadro-egoeretan, neurrietan. Adibide asko eskura daiteke honetan, baina horra zenbaitzu: prozesioan algara, lapurretako otoitzez, heriotz giroko jaiak, erderazalea erdaldunei euskeraz, indargeak indartsua azpiratu, golpeka isilean, alkatea ume jokoetan, etab.

        Baliabiderik nagusiena dalarik, errez ulertzen da hain era askotara jotzea bariotasuna lortzeko eta irakuslea ez aspertzeko. Arlo honetan maisu dogu gure idazlea. Hizkuntza adierazkor eta irudiztatua erabiltzeak ese asko laguntzen dau honetan. Hau gerotxoago ikusiko dogun arren, beioaz zertzelada batzuk: adjetibo zenbaiten erabilera aproposa («jenioz erre-erreak», «gizontxo zimela», «min labana», etab.), dei funtzioaren ugaritasuna («Eup!», «Ola!», «Ixi», etab.).

 

        5. Hizkuntzaren adierazkortasuna

        Kirikiñok lortu eban itzalaren arrazoi nagusi bat bere hizkuntzaren erabileran dago. Irakurlearen espresamoduetara joaz hagana hurreratzen eta abegi ona irabazten jakin eban. Berak darabilen euskera «erriarena, ez akademikoena» dala dinosku. Hiztegiari bagagokioz, hainbat berba barri aurkitzen dogu erdal hitzen euskal ordezkoak sortzen zaletasuna erakutsiz. Honetan sabindarren eraginari ez eze hizkuntza beraz baliatu gurari erantzuten deutso. Ba eukan herriko hizkera garbiagotzeko eta jasoagotzeko nahiak, baina hartara makurtuz gero, irakurlearen ulergarritasuna eta gozatasuna lortu ondoren. Zentzu honetan, hitz barria emotean «edo»ren ondoren jartzen dau arrunta; bardintsu, herriko hizkerazko laburketak eta oguzkerak idatzitara jasotzen ditu.

        Baina ulergarritasun edo arruntasunaz gain, irakuslea beraganatzeko idazkeraren plastizitateaz, adierazkortasunaz baliatzen da. Adimena ez eze batez ere irudimena eztenkatzen dituen erak hartuz, begi-belarriei dantza eragin punturaino. Alde batetik hizkuntzaren ozentasunaz baliatuz: hotsitzetan («txutxu-putxu», «txor-txor-txor barriketan», «tiara-txara ibili», «par-par jarraitu», «dili-dale debalde») eta hitz jokoetan («lelo tentel asto-pistolo ori», «ordi-ipurdi batzuk»).

        Beste alde batetik, ponderaziora jotzen dau pertsonaiek eta koadroak betetasunean aurkezteko: a) ekintzaren goiunea izendatzeko («ha izan dok zartadea!», «an zan negarra!», «gizonak, zer jazo zan an?»), b) ekintzan ere esku hartuz («bai hein!», «esan bear!», «bai joan!», «ori da urteerea!»), d) pertsonaien egoera indartuz («ze denganiño», «zetan arrano sartu zara», «non Jainkoren bendeziño sartu ete da»).

        Belarriak kilikatuz gainera, irudiak sortuz, begiak eztenkatzera, gertaerak erakustera jokatzen dau batez ere. Ikusi daigun zenbait joera: a) Barne egoerak kanpoa izendatuz adierazoten ditu, irudi bizi-biziak lorturik («uleak astindu jakozan», «egunik bape etxake igarten eurei», «'ez daitela iñor asi artaziak zorrotz-zorrotzik», «ostikada asko botako dabe», «eperdia suak artuta lez»); b) Perifrasia ironikoak eginaz («egurrezko bere soineko ta guzti», «sorbalda ganeko ori») eta sinekdokea («atsoa bere narruan egoan ondiño»). Baina irudiztatze lanean konparazioak dagoz agerien. Honeitan irakurlearen natur mundua hartzen dau konparaki legez. Ironia kutsua igarten da abereetara jotzen dauanean («idiak lez jaurt egin», «ariek egiten dabena lakoa», «katuaren ulea baiño leunago», «astoak eurak baizen ederto», «'artza lakoxe aurpegiaz», basakatuak lakoxe bior zaillak dozak», ''kakanarru batzuk baiño ez dira», «txakur ariñeketa»). Zenbaitetan irudi bortitzak sortzen ditu («basapiztiak lez mendirik mendi», «otsorik gogorrena baino ankerrago», «iñurria lez lanean»).

        Landareetara jotzen dauanean irudiak leunagoak dira («loran-loran dagoana», «agertuko da gaztaiñak elduko diraneko»). Gauzetara lotzen danean indarra dario («abea lakoxe gizon-mutil sendokoteak», «anka zail galtzairuzko lakoak», «'iketza lakoxe baltza»). Umeak begikotasunez hartzen ditu erreferentzia-gai («nire erriko sostorreria», «gaiztotasunik lau urteko umea baiño geiago ez»).

        Inoiz gehiegitasunera («ez dago Salomon izan bearrik») edo bitxitasunera («eperdikerea baiño dotoreago») ailegatzen da. Ez da zetan esan irudiokin irakurleak lortzen dauan sujerikortasuna eta zentzu gozamenaz batera ingurumariarekiko batasuna.

        Egileak leku-denboran gertaerak kokatzen ere arduratzen da («egin-egiñean», «begira-begira», «hasiera-hasieran»); kalifikatzaile beteak era ba darabilz («apatz-apatza», «oso-osokoa»); koadroen intentsitatea orokortasunean («an izan zan negarra») edo elemenduak lerrokatuz betetzen dau («asi zan txistuka, txistadaka, ujuka, arrika ta beso urtika», «aize, tximista, trumoi, txingor, euri», «il, erre, apurtu, kixkaldu, birrindu, ezereztu», «ukabilka, ostikoka, atzamarka, aginka»).

        Irakurleak ezagun dituen espresabideak ere badarabilz. Honela esaera arruntak («etxe utsa arramuskada utsa», «eragiñago txarrago», «on egiñaren pagua atostean pagua», «edurra zuria da baiña baltza») heurek dauken eredugarritasun balioarekin. Giro herrikoiak ere bardin agertzen dira («geureak eta lau ikusi», «guzurra ta abarra baiño ez dira», «durduri egin», «txirikillan asmatu», «olako atxurrik!»).

 

        6. Ikuspegi orokorra

        Kazetaritza behin-behineko komunikabide dalarik, Kirikiño irakurlearekin erlazio estu eta bizia sortzen eta betetzen ahalegindu zan. Bere lana irakurleagazko eguneroko deia eta topaketa bihurtu eban, paperarekin edo albiste biluziarekin baino pertsona zuhur bategazko eguneroko barriketa. Albistari baino gehiago irakurlearena eta berea dan bizi-munduaren bitarteko izanik, kazeta lana irrati lan bihurtu eban, irakurlearen azalketa eta alkarrizketa modua usu dagoz eta. Eta erlazio horretako giro eragile nagusi umorea harturik,. honekin irabazten dau jendearen arrera.

        Sasoi hartako irakurlea begiztatzen ahaleginduz, errez ulertzen da batez ere ahoz-ahozko formetara jotzea. Aitatu dogu dei funtzioaren eta funtzio espresiboaren erabilera ugaria. Bardintsu aitatu behar dira egituraketan, eztabaida bideratzean, hizkuntzaren moduan eta umorearen erabileran erakusten dituen teknikak. Joerotan urruti gelditzen jakun kazetagintza era susmatu daikegu, gaur ere aprobetxagarri direlarik.

        Egite honek idazkera modu bat ere itxi dau, arina, bizia, sujerikorra, arrunta, jauzikakoa. Alkarrizketa laburrez beterik eta esaldi bakunez ugari eta adjetibo gitxirekin, aditzak eta izenak irabazle ateratzen diran itxura hartu dau Bere hizkuntzak.

        Haren helburua ez zan izan barriaren bapatekotasuna adieraztea, ohiturazko kronikak dira gehienak. Gaurko ikuspegitik hau bariatasunaren kaltetan dator askotan, orduko gizartea laiñotzen jakun neurrian. Bestalde, komentario lanetan, aurrez-aurreko erantzunak bilaturik, entsegu modua baztertzen dau, gaien garapen matizatua mugatu. Irakurle eta ideologiarekin bat egiten dan neurrian, distantzia galduazoten dautso, objetibotasunean makaltzen da. Gitxitan agertzen da bulegoko bakartasunean, gitxitan agertzen ditu bere sentierak, kazetariak irabazi egiten deutso pertsonari.

        Hizkuntz aldetik, gehiegi zaztatzen ditu begi-belarriak, adimena pixkat itoz. Baina guzti hau aukeraketa kontua eta sasoi hartako irakurlegoa aintzat hartzea da, eragozpen eta muga guztien gainetik. Era berean, irakurlegoa zerbitzatuz eta gidatuz at, ez da ageri honen kultur-politik aurrerakuntzan asko ekin ebanik. Baina, dinogunez, irakurlegoak egiten dau zati handi baten idazlea eta kazetaria. Hala ere harek lortu eban erlazio irakunkorra, eskuraturiko tekniken ugaritasuna eta hizkuntz estiloa kontutan eukitzekoak eta eredugarriak ditugu, irakurlegoa aldatu dan arren.

 

Bilaketa