literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Sarrera

 

Xabier Hiriart

Donostian 2004ko Udaberria

 

«Claudio Otaegiren olerki hautatuak»

Hiria, 2004

 

        1990. urtean Patri Urkizu eta Xabier Azurmendik Klaudio Otaegi olerkaria (1836-1890), liburua argitaratu arte, poeta zegamarraren izena Bonaparte Printzeari atxikirik aipatu ohi zen euskal letren munduan. Ahantziak zeuden Klaudio Otaegiren lanak eta bereziki bere poemagintzaren fruituak. Merezimendu propioaz, ordea, Klaudio Otaegiri ohorezko tokia dagokio euskal parnasoaren baratzean.

        XVIII. gizaldian loraldi polita ezagutu zuen euskal literaturak Gipuzkoako lurraldean eta denok ditugu gogoan Larramendi, Cardaberaz eta Mendibururen izenak, baina Larramendiren eragina ez zen Josu Lagundiko bere lagunetara mugatu eta XIX gizaldian idazle andana garrantzitsua plazaratu zen euskal letren mundura. Dagoneko muga iragana zuen euskal literaturaren uhinak eta idazle lapurtarrak oraindik ere beren abantaila mantentzen badute ere, mugaz hemendiko hainbat idazleren lanak berebiziko susperraldia ematen diote euskarari eta bere literaturari. XIX. bigarren partean eginen da nabarmenago susperraldia eta horretan badu zer ikusirik Lehen Gerla Karlistaren ondoren euskaltzaleen kontzientziak jasan zuen egoera lazgarriak.

        Iparragirre, Bilintx, S. Baroja, R. Artola, Xenpelar denbora berrien lekuko eta eragile ditugu. Gipuzkoarrak dira guztiak eta laikoak gainera. Apaizen esku zegoen ordurarte euskalgintza eta bakanak baino bakanago genituen elizgizon ez ziren euskal idazleak. Gauzak, ordea, aldatzen hasiak dira eta apaizak beren betiko testu elizkoiak egiten jarraitzen badute ere, lirikaren arloan izen berriak plazaratu bide dira. Bertsolariek, beti egon dira gure herrian baina apenas zuten literatur osperik Etchaun eta beste kasu apartaren bat salbu. XIX. gizaldiko bertsolariek, gerrate karlisten testuinguruan, eragile politiko bilakatu dira Iparragirreren adibideak adierazten digun bezala eta sasoi honetan bertso-paperen eragina nabaria da karlista eta liberalen arteko liskarretan. Nolabait ere, euskararen balioa kontutan hartua dute bando batekoak eta bestekoak beren proklamak egiterakoan. Bestalde, euskara ikerketa gai bilakatu da eta G. Humboltetik hasi eta L.L. Bonaparte Printzeraino Euskal Herrian zehar ibiliko dira euskarari buruzko inkesta eta ikerketa lanak burutzen.

        Bete betean, Klaudio Otaegi bere denboraren semea dugu eta euskarak bizi duen susperraldiaren eragile finko eta garrantzitsu bilakatuko da.

 

        Klaudio Otaegi, gizona

        Klaudio Otaegi Zegaman jaio zen 1836ko urtean, Bergarako Besarkadaren une berean hain zuzen. Familia xumeko semea zen nonbait baina bere buru argiak berehala nabarmendu zuen bere herriko beste mutikoen artean. Ahots ederra omen zuen eta musikarako dohain berezien jabe nabarmendu zen azkar. Hamalau urterekin organista lanak egin ohi zituen Zegamako parrokian.

        Hemezortzi urte betetzean eta jadanik bere balioagatik nabarmendurik Gasteizera joan zen magisteritza ikasketak egitea. Ez zen guztiz ohizkoa familia xumeko semeak halako ikasketak egitea, baina, Klaudio gaztearen kasuan bazen nonbait balio apartarik ikasketarako bidea erraztu zionik. Garai hartako estadistikek diotenez 100dik 10 baino ez ziren, Gipuzkoan, irakurtzen zekitenak.

        Oposizioak irabazi ondoren Klaudio Otaegi Hondarribiko maisu bezala ageri zaigu, 22 urterekin. Hartaz gero Hondarribin bizituko zen bere bizi guztian eta bertako haurrak eskolatzen hasi zen hil arterainoko ahaleginean. 1858ko urte honetan ezkondu zen Luzia Richard Grandmontagne Atharratzeko familia noble bateko alabarekin. Garrantzia du Otaegiren emaztearen nortasunak, zeren bera izanen da bidea Bonaparte Printzearekin harreman estuan jarriko duena. Izan ere L.L. Bonaparte Otaegiren emaztearen ahizparekin ezkondu zen bera alarguntzean. Koinatuak izanen dira, beraz, Otaegi eta Bonaparte Printzea eta harreman ezin hobeagoak eduki zituzten beren biziaren zehar.

        Hain zuzen ere Bonaparterekiko harremanak bultzatuko du euskalgintzara eta ezkondu eta handik bost urtera hasi zen Kristau Dotriñearen lehen itzulpen dialektalak burutzen. Aurrerantzean etengabeko lanean jardungo da Bonaparteren aginduz lanak egiten eta beronen ikerketa-bidaietan Euskal Herriaren zehar printzeari lagunduz. Nafarroako lurretan hainbat ibilaldi eginen ditu euskalkien arteko aldarteak ikertzen eta euskalkien kartografia eraikitzeko lanak burutzen.

        Eskola emateak eta Bonaparteren lanetan partaidetzak ez zuen nonbait Otaegiren lanerazko sena agortzen eta 1879 urtean Lore Jokoetan parte hartzen hasten da bai lehiakide bezala eta bai antolatzaile lanetan. J. Manterolaren ezagutza eginen du jardunaldi haietan eta honen eskutik, agian, hasten da bere lehen lan poetikoak burutzen. 1880 urtean Justiz deritzon baserriaren jatorria izeneko poemarekin lortzen du Ohorezko Aipamena urte hartako Lore Jokoetan. Hemendik aurrera behin eta berriz izanen da bere poemengatik saritua. Bertsolarien epaimahietan ere hartzen du parte Manterola eta Campionekin batera.

        1880-1890 bitarteko hamarkadan burutuko du Klaudio Otaegik bere poemagintza osoa. Guztira 94 poema idatzi zituen.

        Bada Klaudio Otaegiren bizitzan atentzioa deitzen digun beste gauza bat, eta bere pentsaera politikoarena da hain zuzen. Nabarmen egiten bazaigu euskaltzaleen artean bere joera ohizkoa ez delako da. Izan ere XIX, salbuespen garrantzitsu zenbaitez kanpo, euskalgintzan mugitzen ziren gehienek karlistak ziren edo eta gutxienez karlisten aldekoak. Salbuespenen artean Serafin Baroja, Indalenzio Bizkarrondo eta Ramón Artola aipatu beharrezkoak dira eta nolabait ere guzti hauen lekukotzak auzitan jartzen du osoro euskaltzaleen nominan karlistak bakarrik zeudenik. Klaudio Otaegi ere liberala zen pentsaeraz eta egitez.

        Noski, hemen aipatu ditugun euskal idazle liberalak ez ziren hargatik euskaltzale eskasagoak zeren beraiei zor diegu neurri handi batean euskarak, Gipuzkoako gizartean ukan zuen prestijioa, eta gizarte zibilean lortu zuen erabilera. Bestalde, aipaturiko idazleak, eta Otaegi tarteko, izanen dira Muñagorrik jaso zuen aukera politikoari zilegitasuna ematen diotenak, izan ere beren liberal izaera, foruen defentsarekin orobat koherente eta zuzen egiten zuten. Euskaltzale, liberal eta foruzale ziren, beraz, Otaegi eta bere lagunak; neurri handi batean, gerora, beraien izena isilpean eduki bada beren izaera liberalari zor die, jakina bait da abertzaleen artean, XIX euskal liberalek izan duten harrera setatia eta ezkorra. Otaegiren sentipen politikoen adierazgarri dira ondorengo bertsoak Maria Cristina erreginari jarriak:

 

                Galaz jantzirik arkitzen dira

                Euskal-erriko mendiak.

                apaindurikan erri, etxe ta

                emengo bazter guztiak.

                Diradelako leialtadezko

                lur ontara etorriak.

                Gure erregiña maitea eta

                bere aur zoragarriak.

 

        Baina Maria Cristinari zion atxikimendua ez zuen eragozpena Euskal herriaren foruak eta libertadeak ere kantzatzeko, hona hemen Gernikako Arbolaz egindako poemaren zenbait bertso:

 

                Zure semeak, Ama euskara,

                danak berdinak ziraden:

                etzuan inork kazike jaunik

                ezagutu izan emen:

                libertadezko jaioterritzat

                mendi oek zeukazkiten;

                eta, libreak diran erriak

                nekez dira menderatzen.

 

        Gauzak oso garbi zituen, nonbait, Zegamako poetak eta bere pentsaera libreari eutsi zion fermuki, eliztar zintzo bezala beti agertu zen modura. Otaegik bazekien gerorako ari zela lanean eta bazuen itxaropena euskararen osasunak egun hobeak izango zuenik. Etorkizunak fidatzen ziolako utzi zigun bere euskal langintza osoaren «curriculum» moduko bat gaur egun KMko artxiboan aurkitzen dena eta Xabier Azurmendiri esker ezagutzen duguna. Klaudio Otaegi beraren hitzekin emango dugu bere lanaren berri.

 

        Klaudio Otaegiren lanak

        «...Nik euskal-izkuntzaren onean egin ditudan lanik larrienaen berria emango duan kondaira:

        »1863-garren urtean asi nintzan euskararen onean zerbait egiten. Urte artan itzuli nuan euskarara Luis Luciano Bonaparte, Pricipe Jaunaren agintzaz, Cristauaren Dotriña, Zegamako, Hernaniko, Azpeitiako eta Irungo izkeran, eta biraldu nizkion, euskararen onean edin ditudan lanik geienak biraldu izandu dizkiodan bezela.

        »1864-garrenean euskeratu nuan Guipuzkoako izkera ederrera, San Juanen Evangelioa, Aita Scioren irizpen guziakin, Diputazio jeneralak moldatu zuan jostagudarako.

        »1865-an juan nintzan Villafrankara eta eskribatu nuan Dotriña ango izkera moduan eta biraldu nion Principe Jaunari, beste erri askotako izkeraren berriak emanaz.

        »1866 garrengo urtean lagundu nion Principe jaun oni berai, Aezkoa, Salazar, Ronkal eta Nafarroako beste ibar askotara, aetako euskara ikastera: an egin ziran lan aundiak geroztik publikatuak izandu dira batzuek bere kostura. Bidaje artan bildu ziran liburu eta eskuzkribuak asko, eta utzi giñuzen enkargatuak beste lan asko. Ala oek egin bear zituztenakin, nola paraje aetako beste askorekin egin giñuzen ezagueraen medioz, izandu nintzan denbora askoren buruan oen eta Principe jaunaren bitartekoa, izandu ziran duda guziak erabakitzeko, guziai eskribatuaz. Urte onetan bertan eskribatu nuan Dotriña Tolosan, ango izkeran, eta urte onetan bertan juan nintzan Nafarrora, Basaburua chikiko ibarrera, eta ikasi nuan zortzi erri aetako izkera Principe jaunak esanda, oni jakinarazteko mua artan zuten diferentzia Guipuzkoako euskerak eta Nafarroakoak; eta onezaz gañera biraldu nizkion erri batzuetan arkitu nituan Dotriñak.

        »1867-garrenean eskribatu nituan Principe jaunarentzat Zegamako izkeran, San Marcosen Evangelioa, Salomonen Kantuen Kanta, eta geroztik au bera Guipuzkoako izkiriazkoan; Ruthen liburua, Jonas-ena eta Juanen Apokalipsis. Urte onetan eman nion eskatu ziran laguntza guzia D. Juan maria Eguren jaunari, euskal-erdarazko iztegui edo Diccionarioa deritzaion liburuchoa eskribatzeko.

        »1868-an eskribatu nituan karta edo eskutitz asko alde guzietara...

        »1869-garrengo urtean egon nintzen Done Juanen Principe Jaunaren ondoan...

        »1870-garrengo urtean egon giñan San Pierre D'Yruben, inguru aetako euskara ikasten eta an egin nion eraskitza edo berboa Zegamako izkeran. Urte ar tan biraldu nizkion Nafarroan enkargatuta utzi giñuzen lanak, eta batez ere Aezkoako, Salazarko eta Ronkalgo euskaran eskribatuta, San Marcosen vangelioa.

        »1871-garrenean izandu nintzan Nafarroan...

        »......Eskola-Maisu bezela dedan eginbidea, ezin liteke egiñ gauza aundirik euskararen onean, zeren mundu guziak daki obligatuak gaudela erdaraz erakustea eskola aurrari; baña ala ere, aldekoi oni faltatu gabe erakusten dizkiet dotriña euskaraz, baserritarren semeai eta beñere itzik erdaraz bere echeetan aditzen ez dutenai.... eta modu onetan erdaraz ikasten duten denbora bereaz obetandutzen dira euskerazko izkuntz ederrean, eskola-maisuak dituan agintzai ezertan ere faltatu gabe».

        Hil aurreko azken urtean utzi zuen idatzirik «curriculum» moduko kronika zehatz honetan Klaudio Otaegiri antzematen zaio euskarak ematen dio nekea, eta era berean, beraren berpizteak erakartzen dion atsegina. Ez digu txosten zehatz horretan bere sorketa lanaren berri ematen baina zorionez jakin zuen itzulpen eta lan teknikoetatik haratago joaten eta bere sormenezko lana osatu eta ematen.

        Manterolak esan ohi zuenez, Otaegik erraztasun handia zuen itzulpenak egokitzeko eta sorketarako lanak prestatzeko, baina Otaegik badu sorketarako ere sena eta zentzua. Euskaraz eta Euskal Herriaz osaturiko poemetan maisuki ageri zaigu formaz eta edukiaz; irri eta zirizko bertsoetan, berriz, ironiaz eta jostalari dakusagu; ipuin eta alegietan bertsoaren neurria ederki darabil; oroimenezkoetan, ezin zuhurrago egokitzen du doinua eta zentzu zantzu historikoa.

        Otaegiren poemagintzan kasik herena itzulpena da eta ez diogu gure antologia honetan aparteko tokirik egin, hala ere esan beharrean gara bere aukerak nabarmenki ageri dituela bere gustuak eta bidenabar bere ardura estetikoak: Campoamor, Mistral, Humbolt, Hartzembusch, Calderon de la Barca eta Navarro Vilosladaren poemak Otaegiren sena poetikoaren nondik norakoa agertzen digute.

        Antologia hau prestatzerakoan jomuga bakarra genuen gogoan: Klaudio Otaegiren tokia gure parnasoko baratzatxoan dagokion tokia eskeintzea. Ez dago gure esku ordea historikoki zor zaion lekua ematea. Irakurleari dagokio hain berea duen ohorea, bere bertsoak ahoskatuz luzatzea.

 

Bilaketa