literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Bitor Garitaonandiaren ehungarren urteburuan

 

Juan San Martin

 

«Gogoz, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978

 

        Datorren larunbatean, martxoaren 6an, beteko dira ehun urte Bitor Garitaonandia zena Zaldibarren sortu zenetik, eta egun hori hautatu du Euskaltzaindiak bere laguntzaile edo urgazle zen euskal idazle eta euskaltzale burrukatuari zor zaion omenaldia egiteko.

        Bitor Garitaonandia Argia astekariaren sortzaile eta zuzendaria izan zen eta horrez gainera antzerki eta ipuin idazle trebea. Bizkai partean Durangaldeko Zaldibarren jaio zen 1876ko martxoaren 6an, eta Donostian hil zen 1929ko irailaren 3an. Bere bizitzan bete zuen lana handia zelarik ere askoz gehiago espero zitekean hain gazte hil ez balitz.

        Bere aita herriko maisu zen. Bitorrek txikitatik erakutsi zuen musikarako zaletasuna, tiple-abots ona omen zuen eta bere aitak zortzi une zituenerako Ermura bidalia zuen musika ikastera eta handik laster Durangora Kruz Gabiolaren irakaskintzak hartzera.

        Orduñako Jesu-Lagunak tiple on baten bila zabiltzatenez, harako hautatu omen zuten, hamahiru urte zituelarik. Orduñan batxilerra estudiatzeko aukera izan zuen eta handik Salamanca-ko Jesu-Lagunen etxera jo zuen Apaiz egiteko asmoz. Apaiz egin ondorean Zamora-ko katedraleko kantaria izatea irabazi zuen. Lau urte ondorenean Donostiako Jesuitetara kantari etortzeko aukera izan zuen eta hemen hasi zituen bere euskarazko lanak. Intzagarai zenak zionez, aldi hartan ez omen zen elizkizun nagusirik Bitor gabe, musikaz ezer goratu behar bazen bera omen zen aurrenengo. Euskal Herri guzikoak Lourdes-era erromes joan zirenean ere musika zuzendari bera izan omen zen.

        Jose Maria Irure jaunak aztertu zuen B. Garitaonandia zenaren bizitza, hau hil ondorean eman zuen hitzaldi batean (hitzaldi hau Euskal-Esnalea aldizkarian argitaratu zen, XX, 1930, 318. zenbakian). Bertan aitortzen duenez, Bitor Donostiaratu zen garai hartan, euskaraz ba omen ziren aldizkari politak eta euskararen alde lanean gogor ari zirenak, baina batzuk jakitunentzako zirala-ta, besteak euskara aditu-ezinezkoa zebiltela-ta, edo banaka banakak baizik ez zitzaizkion herriari eskuetaratzen. Bitartean, zerbait irakurtzekotan nahi ta nahi ez erdaraz egin behar. Berak zionez, errua ez zen herriarena bakarrik; jakin nahia beheko mailetara ere sartzea ez zen harritzekoa, eta jakin nahi hori asetzeko euskaraz ez zela ezer aurkitzen eta bide berriren bat hartu beharra zegoela. Euskara gordetzeko herriari euskaraz irakurtzen eta idazten erakustea zela bide bakarra, eta bere adiskideekin asteroko berria sortzea pentsatu zuen.

        Garitaonandia zenak markatu dituen asmoetako astekariaren helburuak: Euskal Herria euskal-elertiaz zaletuarazteko, jakin nahia asetzeko, euskaraz zer irakurri eskaini, herri irakaskuntza era guztietan eragitzeko: Euskal Herriko ohiturak azaldu eta maitarazi. Leopoldo Elio Gasteizko apezpikuaren baimena lortu zuten, 1921ean, eta urte berean sortu zuten Argia izeneko asterokoa, Bitor zuzendaritzarako aukeratuaz. Hil arteraino bere zuzendari izan zen. Zazpi urtean. Eta, zazpi une hoien buruan zazpimila ale ateratzen ziren. Beraz, euskarazko kazetaritzarentzat abantaila handia izan zen.

        Horrez gainera, 1922tik Argiaren Egutegia argitaratzen hasi zen, alrnanaka gisa. Bai asterokoak eta bai egutegiak arrakasta handia izan zuten 1936ra artean. Gudarekin suntsitu ziren.

        Argia hasi zen une berean, 1921ean, Bitor Garitaonandiak bi eliz-liburu argitaratu zituen, Argi-Donea eta Argi-Done laburra.

        Baina beste idazlanik ere eskaini zigun. 1919an Euskal-Esnaleak bere babespean eratzen zituen hitzaldietarik bi eman zituen, Usandizaga, bere bizitza ta eres-egikuntza gaiez, gero 1920an «Itzaldiak» izeneko liburuxkan argitaratuko zirenak. Lan jakingarria benetan, musika alorreko jakintzaz rnamiturik.

        1922an Euskaltzaindiak argitaratu zion Ipuin laburrak umetxoentzat deitu liburua, eta 1925ean, Euskaltzaindi berak bere urgazle edo laguntzaile izendatu zuen.

        Baina, literaturaz, Argia astekarian agertu zuen lan kementsu eta burutsuaz aparte, antzerkigintzan eman zituen here lanik ederrenetakoak. Hiru lan argitaratu zituen, zein baino zein politagoak: Iziartxo, 1917an Donostiako Udaletxeak saritua eta une berean errepresentatua izan zena, 1918an lehen aldiz argitaratua; Aitona ta billoba 1920an argitaratua; eta Ongillearen saria, 1922koa. Antzerkiok oraintsura arte errepresentatuak izan dira.

        Bere adinik helduenean, jakintza mailak igaro ondorean eta lanean kementsu ari zela hil zitzaigun berrogetahamahiru urtekin.

Juan San Martin

1976-III-1

 

Bilaketa